AZKEN 10 SARRERAK

2013/05/30

TUTURRE (1282 m.) ALBITIK 2013/05/26

1989 urteko Aste Santua zen. Garai hau izaten zen Ordiziako Balakataklin atseden aldiko taldeak aukeratzen zuena egun batzuetan zehar mendi ibilbideak egiteko. Orain ez naiz ongi gogoratzen zein zen urte hartako ibilbide zehatza baina Baraibar herritik abiatu ginen Aralarko San Miguel Santutegian zegoen aterpean lo egiteko asmoarekin.

Bertara zuzen ailegatu ordez, begiraleek ohikoa zuten bezela, ibilbide "interesgarriago" bat egin genuen, Unagako putzua, Igaratza eta Guardaetxetik pasatuz. Kuriosoa da baina ibilbide hortatik buruan argi eta garbi, Prantses erreka dagoen parean eskuinera begiratu eta piramide itsurako mendi hura ikusi nuenekoa daukat. Bere itsura ikusgarriak erabat erakarri ninduen eta ondoan nuen begiraleari "ze mendi da hoi?" Galdetu nion. Begiraleak mendia begiratu eta "Tuturre" erantzun zidan.

Ordurarte nire osaba Miguel Angelekin Euskal Herriko mendi esanguratsu asko igota nituen, eta mendi ikusgarri hura oraindik igo gabe ez edukitzeak harritu ninduen. "Nola da posible mendi hau oaindik igobe izatea?" Pentsatzen nuen behin eta berriz.

Urteak pasa ziren eta nire mendi igoeren jomugan beste mendi batzuk azaldu ziren, baina 16 urterekin ikusi nuen piramide hura askotan etortzen zen nire burura. "Egunen baten igo beharkoet ba" sarritan pentsatzen nuen.

Maiatzaren 26an mendi korrikalariek Zegama Aizkorri mendi maratoiarekin hitzordua zuten. Normalean, nahiz eta ezagun asko bertan aurkeztu, ez gara Aizkorrira hurbiltzen, eta jendetzatik ihesi mendi lasaiagoetara joaten gara mendiak ematen digun pakearen bila. Honetarako etxe ondoan dugun Aralar izaten dugu aukera errepikatuena.

Astean zehar Ikerrekin hizketan aritu nintzen gure plana zehaztu asmoz. Honelako batean piramide itsuradun mendi hura nire burura etorri eta "Eta Tuturrera juten bagea?" galdetu nion. "Tuturre?" Ikerrek, "Bai, Tuturre, Aralako Malloatan dau ta kriston espektakularra da" erantzun nion. Ikerrek baiezkoa esan ondoren, interneten nondik igo ziteken begiratu eta iganderako plana egin genuen.

GURE BIDEA

Tuturre edo Ttutturrera egingo genuen lehen bisitarako aukeratu genuen ibilbidea beharbada ibiliena dena izan zen, hau da, Aralarko Albitik abiatzen dena.

Albira ailegatzeko Lekunberritik San Migueleko Santutegira doan NA-7510 errepidea jarraitu behar da. Bidean Baraibar herria zeharkatuko dugu eta herri honen ondoren pagadi eder baten erditik igoko gara. Momentu batean pagadia atzean utzi eta gure aurrean zabalune bat azalduko da. Errepidearen 11garren kilometroa markatzen duen seinalea atzean utzi  eta 500 metro ingurura errepidearen bi aldeetara kotxeak utzi ahal izateko aparkalekuak eta berriro basora sartu aurretik gure eskuinean langa bat ikusiko dugu. Kotxea uzten den leku eta zabalune hau da Albi, gure ibilbidearen irteera.

Ibilbideak orokorrean galtzeko arrisku gutxi dauka eta 300 metro eskaseko altuera igoko dugu. Zailtasun bakarra gailurrera ailegatzean dago, ipar aldera orma handia dauka eta. Dena den bideak ez dauka pausu teknikorik eta kontu pixkat izatea besterik ez du eskatzen.

DESKRIBAPENA

08:45, Albi, 980 metro. "Joer!! Kotxek -1ºC markatzeo!!!" Esan nion Ikerri, "Uff!! Gogoa emateit hemen gelditu ta lo pixkat itteko" erantzun zidan. Egia esan ez genuen uste horrenbesteko hotzik izango genuenik eta Ikerrek aitortu bezela, kotxetik pereza handiarekin atera ginen.

Albi. Parean ikusten den langa hura da ibilbidearen irteera.


"Joer ba nik polar fin bat besteik eztet ekarri" esan nion. "Guantek?" Ikerrek, "Eztare" erantzun nion. "Beno ondo etorriko zait udari begira gogortzen juteko" bota nion irrifar batekin.

Bizkarrak indartzen joateko generamatzan motxila astunak hartu eta martxan jarri ginen.

Hasieran esan bezela bideak ez dauka galtzeko arrisku handirik eta erdi-pista erdi-galtzada antzeko bat jarraitzen du denbora luzean, ipar norantzarekin.

Iker ibilbidearen lehen metroetan. Belar eta putzuak erabat izoztuta topatu genituen.


Ez dakit hotzagatik edo, baina arin-arin abiatu ginen eta minutu pare bat ingurura bidearen eskuinean gelditzen den eraikin zuri batekin topo egin genuen.


"Eskuk erabat minduta dauzket" esan nion anaiari "baña tira ea aguantatzen deten". "Aiiii!!! Txapela, eskularruk ta eguzkitako betaurrekok beti eraman behar dielaaa" bota zidan.

Bidean gora goazela, pista pixkanaka galtzada itsurako eta harriz beteriko bide zabal bat bihurtzen da.


Kotxetik atera eta ordulaurden eskasera maldatxo motz bat topatu genuen. Maldatxo hau hankak eta hauspoa berotzeko ederki berotzeko primeran etorri zitzaigun.

Iker maldatxoren hasieran.


Maldatxo honen ondoren eskuetako min eta gorputz osoko hotz guztiak ziztu bizian aldendu ziren eta bideaz gozatzen hasi ginen inongo minik gabe.

Maldaren ondoren bidea berriro ere laua bihurtzen da goz-gozo eginez.


Ibilbidea hasi eta 20-25 minutuetara pagadia momentu batez atzean utzi eta zabalune batera atera ginen gure eskuinean pinudi bat utziz. Puntu hau izan zen bide osoan ikusi genuen galtzeko arriskua duen puntu bakarra bertan bide nagusiena zuzen eta ezkerreruntz baitoa. Hemen bide nagusia utzi egin behar da zuzen eta eskuineruntz ipar norantzan doan bidexka bat jarraituz.

Iker zuzen eta eskuineruntz jarraitu behar den bidexka hartu ondoren. Eskuinean pinudi bat utziko dugu.



09:10, Aita kaputxinuaren estela. Zabalunearen amaieran, elorri batzuen azpian, estela hau topatuko dugu. Bidetik ondo goazen hala ez jakiteko erreferentzi aparta da.

Aita kaputxinuaren estela.


Estela atzean utzi ondoren bidea arkaitz bloke handi batzuen artean pasatzen da. "Bulderren aritzeko tokia emateo" esan zidan Ikerrek "pena hainbesteko goroldioa egotea, baña eztauke pinta txarrik" erantzun nion.

Arkaitz blokeen arteko pasabidean. Oraindik ez dut ezer esan baina bidea gezi gorri batzuek markatzen dute (argazkian gezietako bat markatu dut).


Behin bloke hauen arteko pasabidetik atera ondoren dagoeneko pagadia atzean utzi genuen zelai batera ateraz. Leku hau majikoa dirudi, eta bertan errekatxo bat eta eguzkitan dagoen borda edo etxola bat topatu genuen. 

Iker etxolara hurbiltzen, atzean lehen aldiz Beriain mendia ikusi daiteke.


Etxola atzean utzi ondoren bertatik pasatzen den errekatxoa bi aldiz zeharkatu genuen, lehen aldiz bere eskuinaldera eta bigarrenez ezkerraldera.

Errekatxoa lehen aldiz zeharkatzen.


Errekatxoa bigarren aldiz zeharkatu ondoren gure eskuinean utzi genuen denbora osoan. Hurrengo helburua? Gure parean agertu zen lepo bat.

Iker eta igo genuen lepoaren arteko bidea.


09:30, lepoa, 1193 metro. Izoztutako lokatz eta putzuen artean "marabarismo" pixkat egin ondoren lepora ailegatu ginen. Lepo hau gure eskuinean utziko dugun Beloki mendiaren magalean dago eta bertan ur tragoxka bat hartzeko une labur bat hartzeko aprobetsatu genuen. Lepo hontan iparralderuntz begiratu ezkero, lehen aldiz Tuturre mendiaren gailurra ikusiko dugu.

Ni lepoan. Tuturreren gailurra ikusi daiteke baita ere Malloetako gailur nagusienak.


Iker lepo berean atzean Beriain duela.


Lepo hontatik aurrera, Tuturre mendia ia denbora osoan ikusten denez, internet-en aukera ezberdinak jarraitu daitezkela irakurriko duzue, gailurreraino zuzen jarraitzetik ez dakit nora arteko bira egin arte. Guk lepoa atzean utzi eta Unagako putzura doan pistarekin topo egin genuenean berau jarraitu genuen ekialderuntz.

Iker pistara hurbiltzen.


Pista jarraitzen.


Pista 6-7 minututan jarraitu ondoren gure parean indikazio poste bat dagoen lepo bat ikusiko dugu. Guk indikazio postera ailegatu aurretik ezkerreruntz ateratzen den bidegurutzea jarraitu genuen.

Iker pista utzi genuen puntuan, aurrean indikazio postea duen lepoa ikusi daiteke.


09:38, indikazio postea, 1200 metro inguru. Nahiz eta Ikerrek lehenago ezkerreruntz hartu, ni indikazio posteraino hurbildu nintzen bertatik zer ikusten zen kuxkuxeatzeko. "Ostia!!! Pirinioak zuri-zuri ikustedie!!" Oihukatu nion. "Joer, hoi da elur pila oaindik dauna" erantzun zidan "aurten bertan ea gauza asko itten ditteun".

Indikazio postea, urrun Pirinioak ikusi daitezke.


Hemendik aurrera berriro ere iparralderuntz jo genuen larrean erdi izkutuan dagoen bidexka bat jarraituz. Denbora osoan Tuturre mendian bistan dagoenez, galtzeko arrisku eskaseko lekua da. Dena den, behe lainoa sartu ezkero, galtzeko arrisku handiko lekua bihurtu daiteke.

Iker indikazio postea atzean utzi ondoren eta hemendik aurrera gutxi gora behera jarraitutako bidea.


"Ostia, hoi da Tuturre?" Galdetu zidan makuluarekin parean genuen piramidea seinalatuz. "Hoixe, esan nizun lehen aldiz ikusi nunen kriston inpresioa ein zitela" erantzun nion. "Joer ba hemendik kriston itxura dauke" erantzun zidan.

Tuturreko gailurra. Irudi hau izan zen orain dela hogeitalau urte txunditu ninduena.


Zelaian behera ari ginela ezin genion begirik kendu eta nondik igoko ginen baloratzen aritu ginen. "Ta ezkerreko arista hortatio igotzen bagea?" Galdetu nion "Eztakit ba, ez da "kañeroa"izango?" Erantzun zidan "igual lehen aldie izateko hobe bide normaletik igotzen bagea".

Zelaiaren amaieran, orain arte eta argazkian ikusten den bezela, iparreruntz doan bidexka jarraitu genuen. Kasu hontan bidexkak pagadi batera eraman gintuen.


Bidexkak zeharkatzen duen pagadia atzean utzi ondoren berriro zelai batera atera ginen eta puntu honetan Tuturrek hasiera batean zuen itsura bildurgarria galdu zuen itsura goxoago bat hartuz.


09:55, Urdanetako tumulua eta Abateko lepoa, 1150 metro. Pagadia atzean utzi ondoren metro batzuk egin eta Tuturreren azpian dagoen tumulu honetara ailegatu ginen. Bertan beste ur tragoxka bat hartu eta nondik igoko ginen eztabaidatzen aritu ginen. "Bide normala nundik dijo?" Galdetu nion anaiari "Ezkerretik, ta geo eskubira jotzeo" erantzun zidan. "Ta eskubira jun beharren zuzen bagoaz?" Proposatu nion. "Ba igual paren dugun zelaitik igo ta aristara atea gaitezke hemendik puntara ailatzeko" erantzun zidan. Gailurrera eramango gintuen bide hau zuzenagoa zela ikusita parean genuen malda gogorra igotzeari ekin genion.

Argazki honetan igotzeko (gorriz) eta jaisteko (urdinez) jarraitutako bideak ikusi daitezke.


Lehen metroetan malda gogor bat jarraituz abiatu ginen, gure hanka eta bizkarren kalterako.

Maldaren lehen metroetan makur-makur eginda motxilaren pisuagatik.


Iker zelaiaren amaieran.


Zelaiaren amaieran eta mendiaren ertz-lerrora eramango gintuen bidea nahiko erraza zela ikusita ezkerreruntz begiratu eta "Eta gailurrera zuzen ateratzen saiatzen bagea?" galdetu nion anaiari. Ikerrek buelta hartu eta asko konplikatu gabe zuzen ateratzeko aukera handiak genituela ikusita "Benga!!!" batekin ezkerreruntz (igoerako norantzan) igarobide bat egiten hasi zen.

Ni igarobidearen amaierara ailegatzen.


50 metro inguruko igarobidearen amaieran 3-4 metroetako ormatxo bat topatu genuen. Bertan nola-hala arkaitzei heldu eta motxilan genuen hamar kilotik gorako pisua irabaziz pixkanaka ormatxoari metroak irabazten joan ginen. Ormatxoa teknikoki ez da oso zaila, II-III gradukoa gutxi gora behera, baina pisuak egoera zaildu zigun.

Iker ormatxoaren azpian.


"Hemen kriston irteera ederra dau" oihukatu zidan Ikerrek "Belar-tximinia antzeko bat dau ta ziur gailurrera eramango du".

Nire parean azaldu zen tximinia beste 5-6 metro inguru izango zituen eta itsuraz aurreko ormatxoa baino errazagoa zirudien. Tximinia igotzen ari ginela pare bat arkaitz solte topatu genituen eta bietako bat, azpitik inor ez zetorrela ziurtatu ondoren, mendian behera bota genuen tximinia "garbitu" asmoz.

Tximiniaren azken metroetan.


Tximiniatik atera ondoren. Buf!! Deserosoa da oso pisu handiarekin honelako lekuetan ibiltzea.


Behin tximinia gainditu ondoren, oinez, inongo eragozpenik gabe, Tuturreko gailurrera ailegatu ginen.

Iker gailurrera ailegatzen.


10:05, Tuturre, 1282 metro. "Ederra mendie bai jauna!!!" Esan zidan Ikerrek "gañea nahiko elegante igo deu". "Ba, bai" erantzun nion "gutxiñez aspaldiko amets hoitako bat bete det".

Iker Malloak osatzen duten beste gailurrak atzean dituela.


Balerdi, hemendik ikusita Malloetako azken gailurra, bere hegoaldeko ertz-lerro ederra parean dugula.


Baso erdian dagoen etxola.


Tuturre, 1282 metro. Lekuren oroimenez "Alberto Zenbatzailearena" egiten.


Zebilen haize fina zela eta hamaiketakoa Urdanetako tumuluan egitea pentsatu genuen. "Nundik jatsiko gea, bide normaletik?" Galdetu zidan Ikerrek "Ta mendebaldeko aristatik jeisten bagea?" Proposatu nion. Metro batzuetan ertz-lerrora hurbildu eta erraza zirudiela ikusi ondoren bertatik jaistea erabaki genuen.

Iker ertz-lerroaren lehen metroetan.


Ertz-lerroa oso erraza da eta kontutan izan beharreko bakarra oina inongo zuloan ez sartzea da. Kuriosoa da nola aldatu daiteken mendi baten zailtasunaren pertzepzioa begiratzen den lekuaren arabera, hasiera batean ertz-lerro zaila izan zitekeena oinez lasai asko jaitsi genuen ertz-lerroa bihurtuz.

Ertz-lerroaren erdialdean. Ikusi daitekenez ez dauka inongo zailtasunik.


Ertz-lerroa azken metroetan pagadi batean sartzen da...


...Eta behin pagadian, bertaraino ailegatzen bidexka erdi izkutu bat hartu genuen...


... Berriro ere Urdaneta tumulura eramango gintuen zelairaino. Ikerren atzean ertz-lerro osoa ikusi daiteke.


10:30, Urdanetako tumulua. Berriro ere puntu honetara ailegatu, gure bizkarren mesederako motxilak lurrera bota eta Ikerrek prestatutako hamaiketakoari egurra emateko prestatu ginen. Egia esan behar bada, barritak eta honelako produktuen gainetik askoz hobe sartzen da anaiak eginiko urdaiazpiko tortilla ogitartekoa. Gainera, Ikerrek esaten duen bezela, bere tortilletan urdaiazpikoa aurkitu ordez arraultza aurkitu behar izaten gara je,je,je.

Hogei minutuz hamaiketakoa egin ondoren itzulerako bideari ekin genion.

Iker Urdanetako tumuluaren atzean (nahiz eta ongi ez ikusi) irteteko prest.


Jaisteko igoeran jarraitu genuen bide berbera jarraitu genuen.

Tuturre mendiari azken begirada. Argazkian jaisteko jarraitu genuen ertz-lerroa parez-pare ikusi daiteke.


11:45, Albi, 980 metro. Hiru ordu eskaseko ibilbidearen ondoren berriro ere kotxera itzuli ginen. Ikusten den bezela ibilbidea motza da, baina nire ustez mendi honek benetan merezi du. Bertaraino hurbiltzen bazarete ederki gozatuko duzue.

Albira ailegatzen.



PROFILA




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina