AZKEN 10 SARRERAK

2013/06/28

ANIE (2504 m.) ETA ARLAS (2044 m.) LA PIERRE DE SAN MARTIN-ETIK (2013/06/22)

Haurrak ginela Ordiziako mendizaleekin irteerak egiten zituzten ikatolako gelakideek Piriniotako abenturak kontatzen zizkiguten, eta behin eta berriz, kontaera horien atzean Hiru Erregen Mahaia eta Anie mendiak azalzen ziren. Mendi hauek ezagutzen ez genituenez, Txindokirekin zerikusirik ote zuten galdetzen genien: "Ke va!!! Mendi hoik Txindoki bi aldiz igotzea bezelakok die ta ia eskalatzen igo behar die gañea!!" erantzuten ziguten. Horrenbeste istorio eta abenturen ondoren, bi mendi hauen inguruan nolabaiteko mitologia bat sortu zen eta beraien tamaina eta formekin ezin genuenez ideia bat egin, mendi eskalaezin bezela genituen zortzimilakoak bailiran.

Onartu beharra daukat osaba Miguel Angelekin laurogeitamarreko hamarkadaren hasieran Hiru Erregen Mahaiara igo nintzen lehen aldian esnatu zela nire benetazko mendizaletasuna. Gailurrean dagoen Xabierko gazteluaren ondoan eseri eta nire parean horrenbeste gailur ikusteak erabat txunditu ninduen eta egun ere honelako ikusmirak biziki txunditzen nau.

Baina nire buruko eskeman Anie mendia igotzea beste koxka bat igotzea bezela nuen, Hiru Erregen Mahaia baino altuagoa baita. Hiru Errege Mahaia igo nuen urte berean, osabarekin berriro ere, udako egun garbi batean, Anie igotzeko asmoarekin Pierre de San Martin-etik irten ginen, baina bidearen erdia baino gehiago egin eta gero buelta hartu behar izan genuen osabaren belaunak "nahikoa da" esan baitzuen. Etxera pena handiz itzuli ginen, baina piramide itsurako mendi ikusgarri hark modu berezi batean erakarri ninduen eta "Egun baten itzuli ta igotzen utziko nazu" batekin kotxean sartu nintzen.

Urte batzuk pasa ziren Anie-ra igo nintzen lehen aldirarte. 1997ko udaberria zen, eta Itziar Otsagabian lanean ari zela aprobetsatuz, egun pare bat pasatzera joan eta Anie-ren gailurra zapaldu nuen. Egun berezia izan zen niretzat, negu giroan bakarrik igo nuen Piriniotako lehen mendia izan zelako... Eta gainera Anie famatua!! Baina "atrebentzia" honek ere bere ordainak izan zituen hilabeteetan ingurukoen kritika eta "marmarrak" jasan behar izan nituelako: "Zeñi okurritzen zaio bakarrik jutea?", "zerbait pasazkeo zer?", "Hori da txoriburue izatea", "gero periodikotan istripu izandako guztik expertok diela azaltzea"... Orduz geroztik, Piriniotan bakarrik igo dudan mendi bakarra Hiru Erregen Mahaia izan zen, negu giroan baita ere, bi urte beranduago.

SARRERA

Anie edo Auñamendi (Erronkarin ezaguna den bezela), euskaldunon mendi sakratu bezela ere ezaguna da, nahiz eta, batzuentzat harrigarri izan, Bearnen egon, Euskal Herriko mugetatik kanpo.

Mendi hau Ainhie, Ahunemendi edo Aña bezela ere ezaguna izan da eta hitz hauek guztiak "Auña" hitzan dute beraien jatorria. Auña hitzarekin antxumea ezagutzen da, beraz, Auñamendi antxumearen mendiarekin erlazioa izango luke.

Bere gailurra lehen aldiz Henry Reboul kartografoak zapaldu zuen 1786 urtean.

Igoerarik ezagun eta jaraituenak bi dira: La Pierre de San Martin edo Ernaz lepotik eta Lescun-etik gora dagoen Laberouat aterpetik abiatzen dena. Egia esan eta harrigarria bada ere, mendi honetara neguan errazago igotzen da udan baino, udan agerian izaten diren pitzadura eta arkaitz guztiak elurrarekin estalita izaten dira eta, bidea gozo eta zuzenagoa eginez.

GURE BIDEA

Guk Anie-ra igotzeko goian azaldutako lehen bidea hartu genuen, hau da, La Pierre de San Martin edo Ernaz lepotik abiatzen dena. Bertara ailegatzeko Isaba herritik Frantziara doan errepidea jarraitu behar da portuaren gainera ailegatu arte. Bertan aparkaleku bat topatuko dugu. Frantziatik etortzen bagara, Arette eski pistatik gora jo beharko dugu puntu berera ailegatzeko. Dena den, Arette eski-pistatik gertu beste bide bat irteten da bide honekin Pescamou lepoan bat egiten duena.

Guk eginiko ibilbidean Anie-ra bere bide normala ahalik eta zintzoen jarraitzen saiatu ginen, nahiz eta, elurraren eraginez, zati asko zuzenago egin. Honegatik, eginiko deskribapena jarraitzeko garaian kontuz izan behar da, udan beharbada guk pasatako leku askotatik ezin izango da igaro eta. Itzultzeko bidean, oraindik indarrez geundenez, Arlas mendia ere igo genuen, modu honetan irteera polit bat eginez. Bidean zeha arrasto gorriak eta hitoak topatuko ditugu, baina hala ere, udan batez ere, ez galtzeko kontu handiz ibili beharreko lekua da.

Gorriz eginiko ibilbidea. Ikusten denez, ohiko bidetik joaten saiatu ginen ahalik eta denbora gehienean.



DESKRIBAPENA

Irteera hontarako Iker, Asier eta hiruok animatu ginen. Auñamendi mendizalearen gomendioak aintzakotzat hartuz, Isaba herriko Ezkaurrre hotelean ostiralean afaldu eta lo egin genuen, larunbatean goizean-goiz Ernaz leporuntz abiatuz.

08:10, La Pierre de San Martin, 1760 metro. Mugarri honek Frantzia eta Espainiaren arteko mugaren 262. zenbakia dauka. Uztailak 13ro, 1375 urtetik urtero Hiru Behien Zerga deituriko festa ospatzen da. Zenbaitzuk festa honen jatorria k.a. 125 urtean kokatzen dute. Dirudienez,  mendeetan zehar Bearneko biztanleek ordainketa bat egiten zuten Erronkariko larrak erabiltzearen truke. XIV. mendetik atzera ordainketa hau egiteari utzi egin zioten eta honek hainbat liskar (hildakoak tarteko) ekarri zituen. 1375 urtean izandako epaiketa baten ondoren, Bearneko biztanleak Erronkariko larrak erabiltzeagatik hiru behietako zerga ordaintzera epaituak izan ziren. Orduz geroztik, epai hau gogoratu asmoz, urtero festa hau ospatzen da.

Iker eta Asier La Pierre de San Martin mugarriaren ondoan.


La Pierre de San Martin eta hemendik gora jarraitu genuen bidea.


Bidea metro askotan pinuen artean dagoen zelai gozo batetik jarraitu genuen eta hasieratik Arlas eta Anie mendiak bistan izanez.


Iker eta Asier Anie mendia tartean dutela. Mendi honek hemendik duen ikusmira benetan ikusgarria da.


Hasieran mendizale eta animaliek eginiko hainbat bidexka topatu genituen bide zuzena zein ote zen zalantzan jarriz. Dena den, Arlas mendia erreferentziatzat hartuta pixkanaka bertaruntz hurbildu ginen.

Bideak, argazkian ikusten den bezela, Arlas mendiaren hego, hego-mendebaldeko aurpegia zeharkatzen du.



Arlas mendiaren azpitik egiten den igarobideak aipamen bat merezi du, elurra dagoenean bertan izotz plakak sortzen baitira, trabesi arriskutsu batean bihurtuz. Guk bi elurtegi topatu genituen igarobide osoan eta biek elurra oso gogorra zuten.

Lehenengo elurtegira hurbiltzen.


Bigarren elurtegian. Esan bezela, elurra oso gogor topatu genuen, baina nola-halako arrastoa zegoenez, kontu handiz nahiko erraz igaro genuen.


Arlas azpiko igarobide hau igaro ondoren Pescamou lepora ailegatu ginen.

08:45, Pescamou lepoa, 1918 metro.  Lehen esan bezela, puntu honetan jarraitzen ari garen bidea eta Arette eski-estaziotik datorrena bat egiten dute.

Pescamou lepoan.



Pescamou lepotik Frantzia aldera ateratako argazkia.


Pescamou lepoan. Hemendik Arlas mendia erabat ikusgarria ageri da.


Lepoan argazki batzuk atera ondoren, gure hurrengo helbururantz abiatu ginen: Batikotxe (frantsesez Boticotch) lepoa.

Lepo hontara ailegatzeko bidea nahiko ondo adierazita eta zapaldua dago eta denbora osoan hego, hego-ekialdeko norantza jarraitu genuen. Batikotxe lepoan frantziar espeologoek erabiltzen duten etxola-aterpe pribatu bat dago.

Batikotxe leporaino jarraitutako bidea. Hemendik aurrera ia denbora osoan Anie mendia bistan izango dugu.


08:55, Batikotxe lepoa, 1939 metro. Lepo hontan ur pixkat edateko denbora hartu ondoren, aurreruntz jarraitu genuen. Hemendik aurrera Frantzian murgilduko gara denbora osoan. Nola dakigu hau? BEste gauza batzuen artean, hemendik aurrea gure mugikorretara Frantzian geundela adieraziz mezuak eta mezuak ailegatu ziren eta jejeje.

Asier Batikotxe lepoan, azpian espeologoen etxola metalikoa ikusi daiteke. Hemendik aurrera jarraitutako bidea adierazi dut.



Etxolaren ondotik pasa ondoren aldapatxo bat igo genuen. Bideak, orain arte bezela, hego-ekialdeko norantzarekin jarraitu genuen.

Asier etxolaren ondotik pasa ondoren.


Espeologoen etxolatik gora doan maldan.


Maldatxo honen ondoren lepo antzeko batera ailegatu ginen. Hemendik aurrera bidea berriro ere malgutzen da eta tarte batzuetan maldan behera ere ibili ginen.

Atzera begirada eta jarraitutako bidea. Bidearen hasiera espeologoen etxolatik gora ailegatzen den lepotik adierazita dago.


Guk aurreruntz Anie handia bistan dugula. Udan ibilbide hau guztia arkaitz artean egiten da.


Elurra gogorra zegoela aprobetsatuz, ahal zen neurrian behintzat, elurretik joan ginen arkaitzetara gutxi hurbilduz.



"Ostras, bastoi baten "rosetoilla" galduet" esan zigun Asierrek bapatean "ta gañea oaindela gutxi jarrita zegoenta". Erreakzionatzeko denborarik gabe, buelta hartu eta makuluaren zati honen bila hasi zen, 200 bat metro beheruntz eginez. MInutu batzuetan bila aritu ondoren amore eman, berriro ere buelta hartu eta gorunzko bidea hartu zuen. "Buletako biden igual topaukodeu" esan zigun. Oraindik ez genekien baina ibilbidearen amaieran ez genuen "rosetoillik" aurkituko.

Asier bilaketan amore eman ondoren eta gutxi gora behera orain arte jarraitutako bidea. Atzean Arlas ikusi daiteke.


Pixkanaka Anie-ren magaleruntz hurbiltzen joan ginen...


... Baina lehen esan bezela, ahalik eta denbora gehien elurra zapaltzen.


Malda eta lepo batzuetan gora eta behera ibili ondoren, 2200 metro inguruko gain batera ailegatu ginen, hemendik dagoeneko Anie bere osotasunean ikusiz. Ordua? Goizeko 9:45ak.


Asier eta biok 2200 metrto inguruko gainetik behera.


Anie mendira doan ohiko bidea nola-hala jarraitzen saiatu ginen, argazkian ikusten den bezela.


Pixkanaka hurbiltzen ari ginela, ohiko bidetik igo beharrean beste bide "interesgarri" batetik igotzeko aukera pentsatzen aritu ginen: "Pioloa eta kranpoiak ekarri ditteunez, ongi aprobetsau beharko ditteu" jeje.

Asier eta Iker eta kranpoiak jarri genituen arkatzeraino jarraitu genuen bidea.


09:55, kranpoiak jarritako arkaitza, 2180 metro inguru. Hemendik aurrea gailurrera eramaten duen malda gogorra hasten zenez,  kranpoiak jantzi, atsedentxo bat hartu eta zerbait jan eta edateko aprobetsatu genuen. Hamar minutuetako atsedena hartu eta eskiatzaile talde bat zetorrela ikusiz, goiko bidea hartu genuen.

Azkeneko maldari ekiteko prestatzen.


Anie-ren gailurrera ailegatzeko, hasiera batean ohiko bidetik 50-75 metro inguru ezkerrerago (igoerako norantzan) hartu genuen elurra jarraituz.

Maldaren lehen metroetan eta jarraitutako bidea.


Elurraren kalitatea primerakoa topatu genuen eta kranpoiak krast-krast zihoazen maldan gora. Okerrena? Malda hauetara ohitu gabeko hanketako bikien kexak.


Asier eta Iker maldaren lehen metro gogorren ondoren.


Atzetik "aitona" ttirri-ttarra, jejeje.


Metroak irabazi ahala gure ondoan inguruko beste mendi ezagunak azaltzen joan ziren, kasu honetan, Hiru Erregen Mahaia.


Lehen 75 metro inguruko malda gogorraren ondoren malda zertxobait malgutu zen gure bikien lasaitasunerako. Baina metro gozo hauen ondoren 30 metro inguruko beste maldatxo bat igo genuen, bertan muturreko kranpoien puntak bakarrik sartuz. Maldaren inklinazioa? 50 gradu inguru.

Asier maldaren punturik gogorrenean kranpoien muturreko puntak bakarrik sartuz.


Elurretan eginiko lehen metro hauen ondoren ohiko bidearekin topo egin genuen, berau metro batzuetan jarraituz. Baina beste elurtegi zabal batera atera ginela eta kranpoiak oraindik jarrita genituela ikusita, elurretik ahalik eta goien jarraitzea erabaki genuen.

Asier elurtegi zabalaren sarreran eta hemendik gora jarraitutako bidea. Ohiko bideak elurtegia zuzen zeharkatzen duela nabaritu daiteke.


Azken elur arrastoa aprobetsatu ondoren arkaitzetara ailegatu ginen. Hemendik aurrera, argazkian ikusten den bezela, kranpoi eta pioleta gorde eta berriro ere makuluak atera genituen.


Asier eta biok harrikaran gora. Atzeko ikusmira ikusgarria da.


Harrien artean metro batzuk zuzen egin ondoren, berriro ere ohiko bidearekin bat egin genuen.

Argazki hau aprobetsatuko dut ohiko bidea arrasto gorriz eta horiz adierazita dagoela esateko..


Honela, xuabe-xuabe eta uste baino lehenago, Anie-ren gailurrera ailegatu ginen.

10:45, Anie, 2504 metro. Esan bezela, ia konturatu gabe, gailurra adierazten duen metalezko zutabetxoan azaldu ginen. Zutabetxo hau ongi etortzen da neguan, behar dena baina aurrerago ez hurbiltzeko.

Anie-ren gailurrean dagoen zutabetxoa. Atzean Midi d'Ossau handia ikusi daiteke.


Anie, 2504 metro. Dagoeneko ohikoa bihurtu denez, eta Lekuren oroimenez, anaia eta biok Alberto "Zenbatzailearena" egiten.


Asier atzean Contende mendia duela.


Gailurretik ateratako panoramika zabala. Bertan mendi ezagun ugari ikusi daitezke...


... Midi d´Ossau mendiaren Grand Pic eta Petit Pic...


...Bisaurin eta bere ipar aurpegia...


...Ezkaurre...


... Eta segidan igoko genuen Arlas mendia besteak-beste.



Gailurrean hamar minutu egon eta etxera dena ondo zihoala abisatzeko deitu ondoren beheruntz abiatu ginen.

Jaitsieran gauzak lasai hartu genituen. Kasu hontan, igoeran ez bezela, ahalik eta zatirik handiena arkaitzetatik jaitsi ginen.

Iker kranpoiak berriro ere jantzi genituen lekuan atzean Hiru Erregen Mahaia mendia duela.


Ohiko bideak jarraitzen duen elurtegian sartuta eta jarraitutako bidea. Igoerarako eskuinago (beheranzko norantzan) dagoen elurtegi batetik igo ginen.


Ni elurtegian atzean Hiru Erregen Mahaia zelatari dudala.



Igoeran kranpoiak jantzi genituen arkaitzera itzuli ginenean beste atsedentxo bat hartu, ongi hidratatu eta beherunzko bideari ekin genion. Eta hemen noizik eta behin mendian ikusten diren egoera horietako bat ikusi genuen: Kranpoi eta pioletik gabe elurtegia igotzen saiatzen ari zen mendizale bikote bat. Ez dakit zertan bukatuko zen, gailurrera igo, amore eman edo kriston zartakoa hartuko zuten, baina honelakoetan mendira ongi prestatuta ez joateak dituen arriskuaz jabetzen zara.

Benetan ikusgarria da mendi hau.


Oraindik Arlas mendiraino duguna.


Elurra oraindik nolabaiteko gogortasun bat mantentzen zuela ikusi ondoren kranpoiekin ahalik eta tarterik handiena egin genuen kranpoirik gabe baino erosoago ibiltzen baitzen.


Itzuleran mendizale talde asko gurutzatu genituen eta material gabe zihoazen mendizaleekin egin genuen bezela, elurra duen mendi batera hain berandu joateak izan ditzaken arriskuez ez jabetzeak arritu gintuen. Goizean gogor dagoen elur zubia eguerdian eror daiteke, elurjausiren bat izan daiteke, etab.

12:10, Pescamou lepoa, 1918 metro. Gure artean beste mendizaleen "ausardiaz" hizketan ari ginela, ia konturatu gabe Pescamou lepora ailegatu ginen. "Zemuz zoazte?" Galdetu nien, "de puta madre" erantzun zidan Ikerrek. "Ze, Arlas igokoeu?" Proposatu nien "ya que hemen gare..." erantzun zidaten.

Pescamou lepotik Arlas mendira honen mendebaldeko ertzatik igotzen da. Igoerak ez dauka zailtasun teknikorik baina lasai hartu beharrekoa da, malda handia dauka eta.

Pescamou lepora ailegatzen eta hemendik Arlas-era doan igoera.


Pescamou lepoan, hemendik malda nolakoa den hobe ikusi daiteke.


Arlas-en gailurreraino doan bidexkak mendebaldeko ertza jarraitzen du, hasiera batean nahiko zuzen, baina zatirik gogorrenean, argazkian ikusten den bezela, "Z" batzuk egiten ditu.


Asier zatirik gogorrena pasa ondoren atzean Anie duela.



12:28, Arlas, 2044 metro. Uste baino azkarrago eta uste baino frexkoago ia konturatu gabe Arlas mendiaren gailurrera ailegatu ginen, genekarren inertziaren ondorioz izango zen, jejeje.

Arlas mendiaren gailurrean dagoen buzoia, atzean Anie mendia.


Arlas, 2044 metro.


Mendizalez betetako Arlas mendiaren gailurrean argazki batzuk atera ondoren beherunzko bidea hartu genuen.

Jaitsiera kontrako ertzetik, hau da, ekialdekotik egin genuen ongi zapaldutako bidexka bat jarraituz.

Iker eta Asier ertzaren amaierara ailegatzen.


Ertzaren amaieran metro batzuk beheruntz eginez igoerako bidearekin topo egin daiteke, baina guk, argazkian ikusten den bezela bidea gorago jarraitu genuen.


Dena den, jarraitzen dugun bidea jarraitzen dugula, azkenean ohiko bidearekin bat egingo dugu eta berriro ere, zelai eta pinuen artean, La Pierre de San Martin mugarrira ailegatu ginen.

Iker eta Asier Arlas eta Anie-ri azken agurra eginez.



12:58 La Pierre de San Martin, 1760 metro. Azkenean, ibilbidea uste baino lehen egin ondoren, kotxera zoriontsu ailegatu ginen. Erreporraren hasieran esan dudan bezelan, elurrik ez dagoenean ibilbide hau gogorragoa da, pitzadura eta arkaitz zorrotzez josia eta luzeagoa egiten da.

Iker eta Asier kotxera ailegatzerakoan.




IBILBIDEAREN PROFILA





iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina