AZKEN 10 SARRERAK

2013/09/15

GAZTELUBERRIKO (860 m) ERTZ-LERROA, 2013-08-31

Haurrak ginenean, Etxegarate mendatea jaisten genuen bakoitzean gure eskuinean, pagoen gainetik, buru bikoitzeko mendi hau azaltzen zen. Guk zeharka begiratu eta aitari "zein da mendi hoi?" Galdetzen genion. Izenik ezagutzen ez genuenez, gure artean "bi titiak" bezela ezagutzen genuen.

Gure "bi titiak". Orduan ez genekien Gazteluberri izena zutenik.



Haurtzaroa aspaldi joan zitzaigun, baina mendi honetara igotzeko gogoa ez. Eta horrela, gauza bategatik edo bestegatik, oraindik kotxetik zeharka ikusten jarraitzen genuen.

Denborarekin, "bi titiek" Gazteluberri izena zutela jakin genuen baita tontor bakoitzak ere izen propioa zuela: iparraldekoa, bietatik altuena, Ojaolaitze, 860 metroekin, eta hego-ekialdekoa Naparaitze, 854 metroekin.

Urteetan zehar kotxetik zeharka begiratu ondoren, azkenean, abuztuaren 31rako Izagirre eta Mujika anaiak Gazteluberriko ertz-lerroaren zeharkaldia egiteko gelditu ginen.

Ertz-lerroa egin ahal izateko, erreferentzi bezela SUA edizioak argitaraturiko Javier Iturritxaren "Aristas y crestas de Euskal Herria" liburua erabili genuen. Internet-en honen inguruko informazio handirik ez genuen topatu.

GURE BIDEA

Gure ibilaldiak Etxegarate eta Otzaurte mendateak batzen dituen GI-2637 errepidetik (NA-1001 errepidea Nafarroako zatian) Gazteluberrira doan ohiko bidea jarraitzen du. Behin Ojaolaitze mendiaren hormara ailegatzerakoan ertz-lerroaren zeharkaldia hasi genuen.

Zeharkaldia hasi arte jarraitutako bidea.



Zeharkaldia Ojaolaitze mendiaren mendebaldean dauden arkaitz bloke batzuetan hasi genuen. Lau bloke igo ondoren Ojaolaitze mendia bere mendebaldeko aurpegitik igo genuen. Bi mendiak zeharkatu ondoren (hego-ekialdeko norantza jarraituz), Naparraitze mendira doan hego-mendebaldeko ertz-lerroa amaierarte jarraitu eta hego-ekialdeko norantza hartu genuen, Naparraitzeren hegoaldean dagoen behatz formako orratzararte. Bertan, pixkat eskalatu ondoren berriro itzulerako bidea hartu genuen.

Argazki honetan kolore ezberdinetan bide ezberdinak markatu ditut: Gorriz, eginiko zeharkaldia, orlegiz, orratzetik jaisteko jarraitu beharreko destrepea eta urdinez Gazteluberrira doan ohiko bidea (igoeran jarraitu genuena).



ERAMANDAKO MATERIALA

8,5 milimitroetako 30 metroetako bi soka (randoneé motako horiek), Alien semaforoa (gorria, horia eta orlegia), Link Cam hori eta gorria, fisurero jokua, baga luze eta motza batzuk, segurtasun mosketoiak eta hamar bat express zinta.

DESKRIBAPENA

09:15, Kotxea utzitako lekua, iturria. Bertara ailegatzeko, Gipuzkoatik etorri ezkero, Etxegarate mendatea igo behar da. Mendatea jaisterakoan Zegamara doan bidegurutzea hartu beharko dugu. Behin A-1 errepidea utzi ondoren NA-1001 errepidea lehenik eta GI-2637 errepidea ondoren (Nafarroa atzean uzterakoan) jarraituko dugu. Bidegurutzetik 1,5-2 kilometro inguruan, gure eskuinean harrizko iturri bat topatuko dugu eta honen parean kotxea uzteko leku bat.

Kotxetik irteteko prest. Argazkian iturria eta hemendik aurrera jarraitu behar den bidea markatu ditut.


Kotxea uzten den lekutik, Otzaurteko norantzan 20-25 metro inguru ibili genituen eskuinerantz ateratzen den pista bat hartzeko.

Josu pistara hurbiltzen.


Pista hartu eta berehala ganadua ez pasatzeko pasabide bat zeharkatu genuen.



Hamar minutu ibili ondoren, pistaren eskuinean bi pago berezi topatu genituen.


Pistan kilometro eskas bat egin ondoren, gure eskuinean beste pista nabarmen bat hasten dela ikusiko dugu. Guk pista berri hau bere amaieraraino (2 kilometro eskas) jarraitu genuen.

Pista berria hartu genuen bidegurutzean.


Pista berri honek larizti baten erditik gora doa "S" zabal bat eginez. Aldapa ez da gogorra eta ttirri-ttarra egin genuen.

"S"-aren lehen bihurgunean...


... Eta bigarrenean.


Malda amaitzearekin batera pinudi batean sartu ginen...


... Eta pinudiaren amaieran gure gaurko helburua garbi ikusi genuen.


Kotxetik atera eta ordu erdi ingurura zabalune bat topatu genuen.


Zabalunea zeharkatu eta pistak pagadi bat zeharkatzen du, maldatxoren bat edo beste igo ondoren bertan amaituz.

09:55, pistaren amaiera, 740 metro inguru. Kotxetik pistaren amaierarte 40 minutu inguru pasa genuen. Pista amaitzen den lekutik, GPS-an begiratu ondoren, eskuineruntz (hegoalderuntz) hartu genuen.

Pistaren amaieratik aurrera jarraitutako bidea.


Pista bertatik, pago artean, Ojaolaitze mendiaren ipar aurpegiko horma ikusten da.


Bost minutuetan aldapa bat igo ondoren ipar hormara ailegatu ginen.


"Hemendio zuzen igotzeik eongo al da?" Galdetu genuen denok ia denbora berean. Ipar horma alde batetik eta bestetik aztertu eta "pareta hau profesionalentzako da" baten ondoren, gure ezkerrean utzi eta aurreruntz (mendebalderuntz) jarraitu genuen.

Ipar aurpegiko hormaren azpiko zeharkaldian.


Zeharkaldia amaitu ondoren, gure parean Ojaolaitze mendiaren mendebaldeko aurpegia azaldu zen.


"Ta nun dare igo beharreko blokek?" Pentsatu nuen. Javier Iturritxak eginiko krokisa begiratu eta lehen arkaitz blokeak gure eskuinean (mendebaldean) eta gure azpian zeudela ikusi nuen. "Beheruntz jun beharra deu" esan nien, "no jodas!!" Ikerrek "Broma izangoa". Bazpare mendebalderuntz joan, beheruntz begiratu eta gure azpian arkaitz blokeak azaldu ziren.

Meldebalderuntz egin genuen ibilalditxoaren hasieran.


Laugarren blokea (eskaladako norantzan) ezkerretik eta hirugarrena eskuinetik pasa genituen. Bigarrena aldiz eskuinetik eta lehena ezkerretik. Iker eta Josu bigarrenean gelditu ziren: "Ze in behar dezue, beraño jatsi?" Ikerrek, "Sikiera lehenengorarte bai" erantzun nion.

Blokeetara jaisten.


Gure lehenengo blokearean azpian, basoaren erdian, beste bloke bat ikusi genuen, baina bidea sasiz betea zegoenez, nahiko jaitsi ginela erabaki eta gaurko ibilaldia hemen hasiko genuela adostu genuen.

10:20, lehenengo blokea, 10 metro, II. Lehenengo blokearen azpian eskaladarako traste guztiak motxiletatik atera, jantzi eta eskalatzeko prestatu ginen.

Asier trasteak prestatzen, "bazpare" katu oinak jantzi zituen.


Lehenengo bloke hau ez da luzea eta erraz egiten da. Gauzik txarrena harriaren kalitatea, nahiz eta helduleku onak izan ez baita oso ona. 10 metro inguruko eskaladatxoaren ondoren blokea etzan egiten da.

Asier eskaladatxoa amaitu ondoren.


Biok blokearen amaieran.


Hogei metro inguru ibili ondoren bigarren blokera ailegatu ginen.

10:20, bigarren blokea, 20 metro, II. Bigarren blokea plaka etzan batetik gora doa. Zailtasun handirik ez dauka eta arkaitzaren kalitatea ere ona da.

Bigarren blokeko plaka etzanean.


Bigarren blokearen ondoren, jaitsieran jarraitutako bidexka igo genuen hirugarren blokeraino.

Argazkian hirugarren blokeraino doan bidea (gorriz), hirugarren blokearen eskaladatxoa (urdinez) eta eskaladatxoaren ondoren oinez dagoen oinezko pasabidea (gorriz berriro ere) ikusi daiteke.


10:25, Hirugarren blokea 15 metro, III. Hirugarren blokea zuzen eskalatu genuen, bertan dagoen heldulekurik gabeko plaka bertikal baten eskuinetik.

Iker zati "zailena" hasteko prest. atzetik Asier eta Josu.



Asier eta biok blokearen eskaladatxoa amaitzen.


Eskaladatxoaren ondoren beste 10 metro inguru oinez egin genituen blokearen amaierarte. Bloketik jaitsi eta 40 metro inguru ibili ondoren laugarren blokera ailegatu ginen.

Josu hirugarren blokearen gainean. Hirugarren eta laugarren blokeen arteko zatia eta laugarren blokera igotzeko eginiko luzea (urdinez). Bi bilguneak non jarri genituen ere adierazi dut.


10:30, laugarren blokea, 20 metro, IV. Hau izan zen igo genuen blokerik zailena. Orain arte ez dut esan, baina blokeen zailtasuna gure gustura moldatu dezakegu zailtasun guztiak ekidinez.

Laugarren blokera hurbiltzen, parean dugun pitzaduratik igo ginen.


Pitzaduratik gora igoko ginela erabakita bilgune bat jarri genuen. Asier eta biok eskaladako trasteak gainean genituenez, gu hasi ginen. Ezkerreruntz diagonalean doan hamar metroetako trabesiatxo baten ondoren, Asier luzeari gradua ematen dion pitzadurara ailegatu zen. Pitzadura ez da oso luzea, 5 metro inguru, baina bai bertikala, momentu batean atzeraka ere botaz.

Asier pitzadurarekin "borrokan".


Zailtasunak amaitzen eta 0 bilgunea jarri genuen lekua.


Asierren atzetik nire txanda ailegatu zen.


Pitzaduraren azpitik ateratako argazkia. Asierrek pitzadura babesteko bi friend jarri zituen: Link Cam horia (azpian) eta Alien gorria (gorago).


Pitzaduraren hasieran...


... Zatirik zailenean, paretak atzeraka botatzen duen lekuan...


... Eta pitzaduratik ateratzen.


Eskaladatxo honen ondoren, beste 5 metro inguru oinez ibili ondoren, Asierrek bagan bidez jarritako bilgunera ailegatu nintzen.


Bideo honetan Ikerren igoera ikusteko aukera izango duzue. Igoeran istripu txiki bat izan zuen oin bateko heldulekua apurtu ondoren.

 
Minberatuta eta ezker hanka odoletan zuela, Iker nire parera ailegatu zen. "Zemuz?" Galdetu nion, "Kriston ostie hartu det, baña pasako da" erantzun zidan.

Josu pitzaduratik atera ondoren, atzean bigarren eta hirugarren blokeak dagoeneko atzean gelditu dira.


Josu ailegatu zenean bilgunea kendu eta 35-40 metro ibili ondoren berriro ere Ojaolaitze mendiaren mendebaldeko hormaren azpira ailegatu ginen.

"Ta oain nundik?" Josuk. "Ba eztakit, liburun ez baita oso argi azaltzen" erantzun nion. Javier Iturritxaren deskribapena ez genuen oso argi eta egia esan, ez genekien ziur nondik jo. Denborta batean hormari begira egon ondoren, "paretan azpin daun orratz hortatio saiau behar naiz" erabaki zuen Josuk, hormaren azpian dagoen orratz txiki batera hurbilduz.

Eskaladako trasteak gainean jarri eta orratzari eman zion.

Orratzak 8 metro inguru izango ditu eta III+ gradua emango genioke. Josu oso seguru igo zen eta ez zuen igoera osoan asegururik jarri. Orratzera igo zenean bertatik baga eta express bat pasa zituen.

Josu orratzaren eskalada amaitzen Ikerren begiradapean.


Igoeran jarri zuen aseguru bakarra jartzen.


Orratzera igota, honen ezkerrean dagoen hormara pasa zen hemendik gora eskalatzen jarraitzeko. Bi-hiru metro eskalatu ondoren bapatean gelditu egin zen. "Ze Josu?" Galdetu nion. "Buf, harrie ez da bate ona ta gañea eztet lekuik ikusten ezer sartzeko". Alde batera eta bestera ibili eta harriskua handiegia izan zitekela ikusi ondoren, amore eman eta beherako bidea hartu zuen.

Eskalatzen jarraitzeko bidearen bila.


Hurrengo argazkian kolore ezberdinekin ibilbide ezberdinak adierazi ditut:

- Gorriz: igoerarako jarraitu genuen ibilbidea.
- Urdinez: Josuren saiakera.
- Orlegiz: Josuren jaitsiera.
- Beltzez: Mendikat web gunean topatu dudan erreseña, ez dakit Javier Iturritxarena ere hemendik doan hala ez. Beste batean hemendik saiatu beharko dugu, baina arkaitzaren kalitatea ez zitzaigun  batere ona iruditu, oso hauskorra eta aseguruak sartzeko aukera gutxiarekin.


Josu "lurrera" itzuli ondoren, gauzak jaso eta orratzatik 15-20 metro eskuinago eskalatzen hasi ginen. Igoerak 25 metro inguru izango ditu eta helduleko ederreko plaka batetik doa. Igoeraren erraztasuna ikusita, lekurik zailenetik igotzen saiatu ginen. Hala ere, ez dut uste zailtasuna II gradutik igoko zenik.

Ni eta Asier plaka eskalatzen.



Iker atzetik.



Plakaren amaieran. Ibilbidea atzean dugun ertz-lerrotik gora jarraitu genuen. Ertz-lerroaren hasierara ailegatzeko, ezkerreruntz (iparralderuntz) 30 metro inguruko trabesiatxo bat egin genuen, argazkian margotu dudan bezela.


Trabesiatxoaren ondoren Ojaolaitze mendiaren gailurrera eramango gintuen ertz-lerrora ailegatu ginen. Ertz-lerroak 30-35 metro inguru izango ditu gailurerarte. Ertzetik egiten diren lehen 10 metroen ondoren (III), inklinazioa jaitsi egin zen (II) beste 10-15 metro inguruan. Azken 20 metroak gailurreraino oinez egin genituen.

Ertz-lerroaren lehen metroetan.



Josu eta Iker ertz-lerroaren eskaladatxoa hasten.


Zailtasun guztiak amaituta oinezko zatian. Azpian igotako blokeetako batzuk ikusi daitezke (lehenengoa bigarrenak estaltzen du).



Iker Ojaolaitzeren gailurrean dagoen eraikinera ailegatzen.


11:20, Ojaolaitze, 860 metro. Bi ordu pasatxo eta izandako abenturen ondoren gailurrera ailegatu ginen. "Joer frexko itteo" esan nien. "Frexko ez, hotza" Josuk. Gailurrean argazki batzuk atera, atsedentxo bat hartu eta aurrera jarraitu genuen.

Ojaolaitze, 860 metro. Gailurrean dagoen eraikina erdi botata dago, hiru pareta besterik ez ditu.


Josu eta Naparaitzeraino jarraitutako bidea.


Ojaolaitze eta Naparaitze mendien arteko lepora nahiko arin jaitsi ginen gure eskuinean tximinia bat utziz (Javier Iturritxaren deskribapena tximiniatik behera doa). Lepoan dagoen eraikina eta antenaren artetik pasatu ondoren, zelai batetik gora Naparaitzera azkar-azkar ailegatu ginen.

11:30, Naparaitze, 854 metro. Bertan argazki pare bat atera ondoren, aurreruntz jarraitu genuen.

Naparaitze, 854 metro.


Hemendik aurrera hego-ekialderuntz doan ertz-lerro zabala jarraitu genuen bertikal bihurtu zen arte.

Iker ertz-lerroaren lehen metroetan.


Ertz-lerroa bertikal jartzen den lekuan ertz-lerroa utzi, eskuinera (jaitsierako norantzan - hegoalderuntz -) metro batzuk jaitsi, zuhaixka baten ondotik pasa, eta pixkanaka altuera galduz, hegomendebalderuntz trabesia bat egin genuen Naparaitz mendiaren hegoaldean dagoen behatz formako orratza erreferentzi bezela hartuta.

Orratzerarte eginiko trabesiaren bidea nolabait marraztu dut. Orratzaren ezkerreko pareta hegoaldekoa da eta eskuinekoa (bertikalena) iparraldekoa.


Naparaitzeren gailurretik ordu laurden inguru pasa ondoren orratzaren azpira ailegatu ginen. Duen itsura eta inklinazioagatik, orratzak bere hegoaldetik 20-25 metro inguru izango ditu, iparraldetik aldiz, gutxiago. "Honea igotze bagea?" Galdetu zuen Josuk, "materialik eztaulako ezta izango" esan nion. Orratzaren ipar, mendebalde eta ekialdeko aurpegiak aztertu ondoren, Josu ekialdeko aurpegitik goraino igo zen. Igoera honek II-IIIko zailtasuna izango du, baina nahiz eta zaila ez izan, arkaitza ez da munduko onena.

Josu orratzatik jaisten ari zen bitartean Asier eta biok hegoaldeko aurpegia aztertzera joan ginen. "Beida, iltze bat!!" Esan nion "ta gañen beste bat". "Arritzen ziten orratz hontan iltzeik ez egotea" erantzun zidan Asierrek.

Bigarren iltzetik gora beste asegururik ez zegoela ikusi genuen. "Edo errazagoa da edo bakarren batek bigarren iltzea jaixteko jarrio" esan zuen Ikerrek ormaren azpira ailegatu zenean."Emango diou?" Esan zuen Josuk. "Utziazue, ni saiauko naiz" erantzun nien.

Trasteak gainean jarri eta pixkanaka goruntz abiatu nintzen. Bigarren iltzeraino ondo ailegatu nintzen, hemendik aurrera aldiz, gauzak serioago jarri ziren.

Bigarren iltzea atzean utzita fisurero bat arkaitz zubi hestu batetik pasatzen.


Pixkanaka, kontu handiz, hormari zentrimetroak irabazten joan nintzen. Denbora osoan nire gainetik aseguruak jartzen nituen. Erabilitako teknika? Oso erraza: asegururaino ailegatu, Asierrek soka jaso, asegurutik zintzilikatu eta hurrengo asegurua non jarri pentsatu ondoren bertaraino eskalatzen nuen berriro ere prozesua hasiz.

Orratzaren amaierara ailegatu nintzenean kriston zoriontasun eta, batez ere, lasaitasuna sentitu nuen.

Luzearen amaieran.


Argazki honetan luzean jarritako guztia ikusi daiteke.


Orratzaren gainean kriston zoriontsu.


Gailurrean soka askatu, behera bota eta orratzaren ekialdeko aurpegitik destrepatu egin nuen. "Oso ona" esan zidan Asierrek hormaren azpira itzuli nintzenean. "Meritu handirik ez dauke, aseguru guztietara heldu naiz eta" erantzun nion. "Dena den gradue jakin gabe hor sartzea, ta gañea zapatillekin, meritue dauke" erantzun zidan. "Zenbat izango du?" Galdetu zidan Josuk. "Eztakit baña IV+etik ezta pasako"  erantzun nion.

Josuk katu oinak jantzi eta bidea "askatzeari" ekin zion je,je,je.

Josu luzeari egurra ematen.


Konturatzerako gora ailegatu zen. "Joer, errez asko igou" esan nion Ikerri. Josuk, nik bezela, soka askatu eta bota egin zuen ekialdetik destrepatzeko. "Ze iruittu zaizu Josu?" Galdetu nion, "politte, disfrutatzeko" erantzun zuen.

Eta Josuren atzetik Asierren txanda izan zen.

Asier luzearen erdialdean.


Orratza ikusgarria da benetan


Azken zatia hasteko prest...


... Eta gailurrera ailegatu ondoren.


Aseguruak kentzeko orratza berriro igo nuen baina oraingoan Asierrengatik goitik babestua. Alien horia ateratzeko borrokan aritu ondoren (ederki sartuta zegoen), oraingoan lasai eta errazago, Asierrek jarritako bilgunera ailegatu nintzen. Bertan soka jaso eta biok orratza destrepatu genuen.

Iker eta Josurekin elkartu, eskaladarako traste guztiak motxiletan jaso eta, batez ere bazkaltzeko berandu egingo zenaren beldurrez, beherunzko bidea hartu genuen.

Orratzari azken begirada, destrepatu genuen ekialdeko aurpegiaren bidea nolabait margotu dut.


Kotxera jaisteko igoeran jarraitu genuen bide bera jarraitu genuen. Kuriosoa da baina eskalatzen ari zarela denborak hegan egiten du eta gauza bat eta bestearengatik kotxera ordu biak aldera ailegatu ginen.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina