AZKEN 10 SARRERAK

2013/09/20

MIDI D'OSSAU, PETIT PIC (2807 m), PEYREGET ERTZ-LERROTIK (800m/IV) ETA BI MIDIEN ARTEKO ZEHARKALDIA 2013/09/14

Izugarri gustuko dut Midi mendia.  Oso mendi entretenigarria da eta igotzen zaren lekutik igotzen zarela beti dago bere arkaitz paregabean eskaladatxo bat egiteko aukera.

Nahiz eta mila aldiz joan, beti bueltatzeko gogoarekin  itzultzen naiz, igoera guztiek, nahiz eta bide beretik egin, ezberdinak dira eta. Midi-ra igo naizen bakoitzean mendi ezberdin batera igo naizen sentimentua izan dut beti, eta Portalet mendatetik azken begirada botatzen diodanean "badakizu itzuliko naizela" esaten diot.

Aspaldian genbiltzan Peyreget ertz-lerrotik Petit Pic mendira igotzeko gogoz. Aurtengo neguan punttu-punttuan izan ginen baina elurraren egoerak atzera bota gintuen. Igoera honen inguruan beste hainbat web orri, blog eta liburuetan irakurritakoak erabat erakartzen gintuen: "IV zailtasuneko helduleko gabeko plakak", "galtzeko arriskua", "Grand Pic mendirako bidean dagoen plaka gris arriskutsuen zeharkaldia"... Benetako abentura baten aurrean geunden.

Honelako abenturetarako soka-lagunak erraz aurkitzen dira eta erraza izan zen Iker, Asier eta hiruok elkartzea. Gure plana? Ostiralean irten, Pombie edota Casa de Piedra aterpeetan lo egin eta larunbatean irteera egin. Irteerak eramango gintuen denbora zehatza ez genekien, deskribapen ezberdinetan denbora oso ezberdinak zeuden eta, honegatik, irakurritako deskribapen guztien media bat egin eta gero, 12 ordu baino gehiago ez genuela pasako pentsatu genuen.

Pombie eta Casa de Piedra aterpeetara lekua hartzeko deitu eta beteta zeudela erantzun ondoren, "B" plan baten bila hasi ginen. Hainbat lekuetan lo egiteko leku baten bila ibili ondoren, azkenean Sallent de Gállego herrian dagoen Sarrato aparthotelak zuen eskeintza bat aprobetsatuz, egonaldia aterpeetan ordainduko genuena baina merkeagoa atera zitzaigun. "Definitiboki aburgesatzen ai gea" esan nien Iker eta Asierri gure apartamentutxoan sartu ginenean.

GURE BIDEA

Gure helburua bikoitza zen: Peyreget ertz-lerrotik Petit Pic-era igo eta bi Midien arteko zeharkaldia egin ondoren Grand Pic-era doan ohiko bidetik itzuli.

Peyreget ertz-lerroak 800 metroetako luzera dauka eta III+/IVko zailtasuna (begiratutako iturri ezberdinen arabera) dauka. Ertz-lerro hau lehen aldiz Jean Bireben, Bergé eta M. Smith-ek (nire osaba ote, jejeje) 1858 urtean igo zuten. Hauek bai gizon gogorrak, orduan zuten materiala ez baitzen guk eramandakoaren antzekoa.

Orokorrean igoera dibertigarria da, I-II zailtasunean murgiltzen dena, nahiz eta IIIko pausu isolaturik izan. Zailtasunik handiena Petit Pic-eren gailurrera eramango gaituen tximinia bertikal batean dago (III+/ IV).

Bi Midien arteko zeharkaldia ere oso dibertigarria da. Ibilbidea errapel batekin hasiko dugu, eta La Fourche lepotik pasa ondoren, zeharkaldiaren pausorik zailenera ailegatuko gara: plaka grisen zeharkaldia eta honen ondoren dagoen tximinia bertikala (III+/IV). Tximinia bertikalaren ondoren, Grand Pic mendiaren gailurreraino I-II zailtasuneko eskaladatxoak egingo ditugu, IIIko tximinia bat ere eskalatuz.

Jaitsiera, Grand Pic-era doan ohiko bidetik egingo dugu, bertan dauden hiru tximiniak destrepatu edo errapelatuz (bakoitzaren aukeran edota gainean dugun nekearen arabera).

ERAMANDAKO MATERIALA

60 metroetako bi soka, Alien semaforoa (horia, orlegia eta gorria), Link Cam gorri eta horia, fisurero jokoa, dozena bat zinta eta baga, segurtasun mosketoiak eta 6 express zinta. KASKOA derigorrezkoa da. Eramandako material honetatik guztiagatik errapelatzeko bi sokak, plaka grisen zeharkaldirako hiru expres zinta eta honen ondoren jarri genuen bilgunerako bi zinta, Link Cam eta Alien gorria erabili genituen. Plaka grisen ondoren dagoeneko jarrita dagoen bilgunean bilgunea egin ezkero azken hauek ez genituen erabili ere egingo. Dena den, honelako lekuetan materiala soberan falta eramatea baino hobea izaten dela uste dut.

DESKRIBAPENAREN AURREKO OHARRA

Deskribapenarekin hasi aurretik esan beharra daukat irteera hau orain arte egin ditudanen artean deskribatzeko zailtasun handienak eman dizkidanak izan dela. Honegatik, bertan azaldutako deskribapen, distantzia, metro eta argazkietan marraztutako bideak gutxi gora beherako erreferentzi eta ez deskribapen zehatz bat bezela hartzea gomendatzen dizuet. Eskalatutako metroak, distantziak etab ez ditugu zehatz neurtu eta etxean, memoriatik tiraka, eginiko estimazioak besterik ez dira.

DESKRIBAPENA

06:05, kotxea uzten den aparkalekua, 1700 metro. Goizeko bost t'erdiak aldera aparthotelean motxilak prestatu ondoren, kotxea hartu eta Portalet mendatea pasa ondoren dagoen aparkalekura ailegatu ginen. Kotxetik atera eta ia esnatu gabe oinez hasi ginen. Eguna hotz esnatu zen, 6,5ºC, "ibiltzeko earra!!!!" Esan zigun Asierrek animoz betea.

Kotxetik trasteak ateratzen.


Soum de Pombie leporaino doan ibilbidearen deskribapena hemen idatzita dudanez, ez dut honen inguruko gauza handirik idatziko, gainera, oraindik gaua zenez, argazkietan ez zen ezer ikusiko je,je,je.

07:00, Soum de Pombie, 2115 metro. Goizeko frexkura, eta iluntasuaren eraginez aurretik zer genuen ikusten ez genuela, gelditu gabe honaino nahiko frexko igo ginen.

Soum de Pombie lepoan, oraindik ilun.


Soum de Pombie lepotik Pombie aterperuntz doan bidea jarraitu genuen. Aterpera ailegatu baino 50 metro inguru lehenago ezkerreruntz doan bidexka bat hartu  eta bidexka honek Peyreget lepora eraman gintuen, eguneko gure lehen helburutxoa.

Peyreget lepora eramaten duen bidegurutzean: gorriz Peyreget lepora doan  bidea eta horiz Pombie aterpera doana. Pombie aterpea erdi ilunpean ikusi daiteke. Argazkian ere ordu batzuetara zeharkatuko genuen Suzon lepoa ere ikusi daiteke.


Bidegurutzea hartu ondoren, bideak mendebalderuntz eraman gintuen hasieran zelai batetik eta gero arkaitz bloke handi batzuen gainetik.

Blokeen artetik atzera ateratako argazkia.


Blokeak atzean utzi ondoren atzeruntz ateratako argazkia, Palas, Balaitus eta Frondiellak ikusi daitezke.



Blokeak atzean utzi ondoren zelai batetik gora igo ginen laku txiki batera ailegatu arte.

Zelaian gora.


Lakuan, gorriz Peyreget leporaino jarraitutako bidea margotu dut. Argazkian bi Midiak eta La Fourche korridorea ere ikusi daitezke.


Lakua bere eskuin ertzetik (igoeraren norantzan) zeharkatu eta zelaian doan malda handi bat igo ondoren Peyreget lepora ailegatu ginen.

Lakua atzean utzi ondoren.


Peyreget lepora eraman gintuen azken maldan.


07:55, Peyreget lepoa, 2310 metro. Lepora ailegatzerakoan gure ezkerrean (hegoaldea) Peyreget mendira doan igoera ikusi genuen. "Zemuz?" Galdetu nien "Ba ni ez nijo tripekin bate ondo" esan zuen Ikerrek "baña lehen okerro neon ta pasatzen ai zaitela emateo".

Peyreget lepoan.



Iparralderuntz begiratu eta hormatxo batera doan lehen zelai maldatsu bat ikusi genuen eta hormatxo honen gainean bigarren zelai bat erlaitz zabal moduan. Ibilbidea mendebalderuntz jarraitu genuen, hasieran lepoaren ertzetik eta lehenengo zelaian gora ondoren. Zelaiaren igoera ez da zuzena eta “S” antzeko bat egin genuen hormatxoa inguratzeko.

Argazki honetan Peyreget lepotik ertz-lerroko leporaino jarraitu genuen bidea margotu dut.


Igoeraren lehen metroetan.


Lehen 50 metroak igo eta gure eskuinean ertz-lerro bat utzi ondoren, hormatxoaren oinarrira ailegatzear geundela ezkerreruntz diagonalean hartu genuen.

Diagonalean hartu genuen lekuan, azpian igoeran eskuinean utzi dugun ertz-lerroa.


Beste 30 metro inguru ibili ondoren mendiaren mendebaldeko aurpegira pasa ginen.

Mendebaldeko aurpegira pasa genuen lekua.


Behin mendebaldeko aurpegian, amaieran eskuak jartzea eskatu gintuen igoera baten ondoren, lepotxo batera ailegatu ginen. Bertan hito handi bat topatu genuen.

Lepotxora eramango gaituen igoeran, Peureget lepoa dagoeneko behean gelditzen da.


Lepotxoan dagoen hitoa.



Lepotxo honetan berriro ere eskuineruntz hartu genuen eta, zeharkaldi horizontal bat eginez, inguratu genuen hormatxoaren gainetik doan bigarren zelai maldatsua alderik alde zeharkatu genuen ertz-lerrora ailegatu arte.

Bigarren zelaiaren zeharkaldian.


Behin ertz-lerroan, eskaladatxo erraz baten ondoren (I) ertz-lerroan bertan dagoen lepo batera ailegatu ginen. Bertan beste hito handi bat topatu genuen.

08:20, ertz-lerroko lepoa, 2460 metro inguru. Lepo honetara, bigarren zelaiaren zeharkaldiaren ondoren ertz-lerroraino ailegatu gabe ere igo daiteke (errazago). Orain arteko ibilbidean hitoren bat edo beste topatu genuen baina argi ibili behar izan genuen bidea ez galtzeko, igoera osoan gertatu zen bezela.

Asier eta biok ertz-lerroko lepoan eta honaino jarraitutako bidearen azken metroak.


Ertz-lerroko lepotik ipar-mendebalderuntz orratz batera doan izugarrizko horma bertikala ikusi genuen, eta lepoaren ekialdean Emmanuelle punta (bertatik Les Flammes bidea igotzen da).

Hemendik aurrera begiak erabat irekita eraman behar dira hitoak ikusi ahal izateko.

Bidea jarraitzeko lepoaren bestaldera 20-25 metro inguru jaitsi eta iparralderuntz zeharkalditxo bat egin ondoren erlaitz txiki batera ailegatu ginen. Hemendik gora eskalatxoak hasiko zirela ikusita atsedentxo bat hartu eta kaskoa eta arnesa jarri genituen.

Argazki honetan ertz-lerroko lepotik gora jarraitutako bidea nolabait margotu dut, bidean zehar topatu genituen puntu adierazgarriekin.


Erlaitz txikian arnesa eta kaskoa jarri ondoren eskaladatxoekin hasteko prest. Atzean, ertz-lerroko lepoan, mendizale batzuk ikusi daitezke.


Erlaiztxo honetatik gora azti ibili beharrean gaude hitorik ez galtzeko. Hemendik gora beste S zabal bat egin genuen. Hasteko, eskuineruntz diagonalean 20-25 bat metro ipar norantzarekin eskalatu genituen (I-II).

Iparraldeko norantzan egin genuen lehenengo eskaladatxoan. Borobil gorrian gure atzetik zetorren mendizale bat iksui daiteke.


Metro hauen ondoren gure ezkerrean, metro batzuetara, hito bat ikusi genuen. Hitoraino mendebalde, hego-mendebalde norantzan zeharkaldia egin eta norantza berean eskaladatxoekin jarraitu genuen pixkanaka iparraldeko norantza hartuz.

Ezkerrean ikusi genuen hitoa. Azti hito honekin ez ikustea erraza da.


Ipar norantza hartu genuenean  belar eta lur zatiak eskaladatxo errazekin tartekatzen diren kanal antzeko batetik igo ginen.

Iparralderuntz doan kanalean, argazkian hito bat non dagoen borobildu dut.


Honaino eginiko tarte guztian kontu handiz ibili behar izan genuen azpitik datozen mendizaleei harriak botatzeko arrisku handia zegoen eta.

Iparralderuntz doan kanala igotzen.


Behin kanal hau igo ondoren eskuineruntz (ipar-ekialderuntz) hartu genuen. Hemendik aurrera  ertz-lerroaren azpitik joan ginen (gure ezkerrean utziz) eta berriro ere ekialderunzko norantza hartu genuenean harri txiki eta lur askez osatutako kanal antzeko batera ailegatu ginen.

Kanalera ailegatzen, borobilduta hito bat ikusi daiteke.


Kanal hau ahalik eta goien alderik alde zeharkatu genuen harri "hobea" topatuz.

Iker kanalaren zeharkaldian eta orain arte jarraitutako bidea. Borobilean, beste hito bat.


Zeharkaldiaren amaieran, atzean Pic du Midi d'Ossau.


Behin kanal hau zeharkatu ondoren arkaitzaren kalitatea dexente hobetu zen eta eskaladatxo errazak (I-II) eta oinezko zatiak tartekatuz (hasieran ipar-ekialdeko norantzan, geroago iparreko norantzan eta amaieran ipar mendebaldeko norantzan), orain arte gure ezkerrean gelditu den ertz-lerroan dagoen pitzadura zabal batera igo ginen.

Kanalaren zeharkaldiaren amaieratik gora jarraitu genuen bidea. Argazkian arkaitz zuridun horma non dagoen adierazi dut (erreferentzi bezela hartzea komeni da).


Ertz-lerroaren pitzadura zabaleraino eramango gaituen igoeraren azpian eta jarraitu genuen bidea.


Iker ertz-lerroaren pitzadura zabalera ailegatzen, atzean Main de Peyreget.


09:10, ertz-lerroko pitzadura zabala, 2580 metro inguru. "Zemuz?" Galdetu nion Ikerri. "Oain hobeto baña momentu baten kotxera bueltatzekotan eon naiz" erantzun zidan. Pitzadura honetan parez-pare Main de Peyreget izeneko esku legenardun itsurako arkaitz ezaguna ikusi genuen.

Main de Peyreget pitzaduratik ikusita.


Pitzadura honetatik aurrera Asierrek ertz-lerroaren ertzetik gora jarraitu zuen. Guk ordea, paperean genuen azalpenari jarraituz, pitzadura zeharkatu (ipar-mendebalderuntz) eta 10-15 metro horizontal ibili ondoren, beste aldean itzalpean zegoen zelai batean oinez zetak eginez berriro ere ertz-lerrora itzuli ginen.

Pitzadura zeharkatu ondoren eta hemendik gora ertz-lerroraino jarraitu genuen bidea.


Behin ertz-lerrora itzuli ondoren atzeruntz ateratako argazkia.


Berriro ertz-lerroan (2650 metro inguru) gure parean arkaitz zuri handi eta berezi bat duen horma bertikal bat ikusi genuen. Guk horma honen ezkerretik doan ertz-lerrotik metro batzuetara eskalatzen jarraitu genuen. Eskaladatxo hau ez genuen ertzetik egiten, bere eskuinetik (ekialdetik) baizik. Eskaladatxo hau bertikalagoa eta zertxobait zailagoa iruditu zitzaigun (II-III) baina helduleko paregabekoa. Eskaladatxo honen erdialdean bi parabolt eta sokaz jarritako bilgune bat topatu genuen (suposatzen dut jaitsieran errapelatzeko erabiliko dela).

Arkaitz zuridun horma eta guk jarraitu genuen igoera.


Hemen eskaladatxoa tenteagoa egiten da.


Argazkian ikusten denez, ertz-lerrotik metro batzuetara eskalatzen joan ginen, gure eskuinean La Fourche korridorea genuela. Hemen ere hitoak topatu genituen.


Bi parabolt eta sokaz jarritako bilgunera iristen.


Ederki gozatu genuen eskaladatxo honen ondoren, erdi-oinez berriro ere ertz-lerroaren gainera igo ginen. Ipar mendebalderuntz 20 metro inguruko zeharkaldiatxo bat egin ondoren, gure aurrean (iparraldean) alderantziz jarritako inbutu baten itsura duen kanal antzeko bat ikusi genuen, eta honen gainean, Petit Pic-en gailurretik erortzen den horma bertikala.

Ipar mendebalderuntz egiten den zeharkaldiatxoan, hemen ere hitoak ikusiko ditugu.


Zeharkaldiatxoaren ondoren alderantziz jarritako inbutu itsura duen kanalean, honen igoerarako jarraitutako bidea eta bertan topatu genituen puntu adierazgarriak.


Bidea Kanal-inbutu hau igoz jarraitu genuen. Igoeraren lehen metroak oinez egin genituen, malda pixkana tentetzen zen ehinean eskuak ere erabiliz (I-II).

Kanala igotzen.



Bideak inbutuaren ezkerralderuntz eraman gintuen trabatutako friend zahar bat dagoen arkaitz bateraino.


Trabatutako friend-a.


Trabatutako friend-a atzean utzi ondoren IIIko zailtasuna eta metro pare bat duen pausu bertikal bat eskalatu genuen. Pausu hau ez da zaila baina bai oso bertikala, zertxobait atzera ere bota gintuena.

Ni pausuan eta Iker pausua igo ondoren.


Pausuaren ondoren 10-15 metro zuzen igo eta erlaitz batean sokaz jarritako bilgune bat topatu genuen. Guk eskuineruntz (ekialderuntz) 20 metro inguruan zeharkaldi bat egin genuen ertz-lerroak egiten duen lepo baterarte.

Iker bilgunea dagoen erlaitzean.


Bilgunea edota errapel tokia gertuago.


Ertz-lerroraino egin behar den zeharkalditik beheruntz ateratako argazkia. Kanalaren igoera ikusi daiteke.


09:30, Ertz-lerroak egiten duen lepoa, 2690 metro inguru. "Zemuz dijo asuntoa?" Galdetu nien, "Oiangoz nahiko errez ezta?" Ikerrek. "Ba paren deun hoi da pasuik zallena" esan nien parean genuen hormari begira.

Bueno, Petit Pic mendiaren igoeraren giltza duen pausura ailegatu ginen. Hemendik gora jarraitzeko bi aukera ditugu:

- Lehenengo aukera: Ertz lerrotik gora, parean dugun hormatik zuzen jarraitzea. Igoera hasi eta 3 metro ingurura iltze berri bat dago eta honen gainetik, beste 3-4 metro ingurura, harkaitz batetik pasatako zinta bat. Aukera honen zailtasuna III+ edo IVkoa (deskribapenen arabera aldatzen da) da.

Ertz lerrotik jarraitu ezkero dugun igoeraren lehen metroak. Iltzea eta zinta non dauden markatu ditut.


Iltzea gertuago, oraindik etiketa dauka.


Zintatik gora doan zatia.


Zinta gertuago.


- Bigarren aukera: Lepoaren bestaldera pasa eta 3-4 metroetako kanal erraz bat destrepatu ondoren, kanal-diedro bertikal baten azpian dagoen erlaitz eroso batera ailegatuko gara. Igoera, ertz-lerroaren lepotik ikusten ez den kanal-diedro honetatik doa. Zailtasuna? Honi ere III+ edo IV ematen diote.

Ni erlaitzean, nire atzean kanal-diedroa dago, baina lepotik (argazkia aterata dagoen lekutik) ez da ikusten.


Iker lepoan...


... Eta hemendik behera destrepatzen.


Iker eta kanal-diedroa.


Bi aukerak aztertu ondoren, errazagoa izango zelakoan bigarrena aukeratu genuen. Kanal diedroaren lehen 2-3 metroetan ezkerreruntz diagonalean eskalatu genituen gero kanalaren eskuinera pasatzeko. Hemendik gora zuzen jarraitu genuen. Guk ez genuen sokarik atera baina ateratzea ez legoke gaizki etorriko, eskalada bertikal eta oso agerikoa baita, azpitik dirudiena baina bertikalagoa. Dena den, helduleko ederrak ditu esku eta oinentzat. Nahiz eta deskribapen batzuetan hala jarri, kanalean ez genuen iltzerik ikusi.

Iker ezkerreruntz egiten diren lehen 2-3 metroak eskalatu ondoren.


Ni erlaitzean eta azpian Pombie aterpea eta izen bereko lakua.


Iker zuzen hartuko dugun zatira igotzen eta Asier zatirik bertikaleena amaitzear.


Zati bertikalenetik ateratzen.


Kanalaren zatirik bertikalena amaitzen den lekuan (azpitik hasita 15-20 metro ingurura) gure ezkerrean bilgune bat topatu genuen. Nik hauei guztiei bilgunea deitzen diet baina bilgune baino errapel-lekuak izango dira.

Kanalean dagoen bilgunea.


Bilgunea atzean utzi ondoren ezkerreruntz jo genuen ertz-lerroaren bila eta eskalada erraz bat eginez (II-III) ertz hormaren amaierara ailegatu ginen.

Iker eta biok ertz-lerroaren bila.


Hormaren amaieratik, oinez 7-10 metro ibili ondoren lurrean bi parabolt eta sokaz jarritako bilgune bat topatu genuen.

Zailtasunak amaitu ondoren oinez egingo dugun zatiaren hasieran.


Lurrean dagoen bilgunearen ondoan.


Lurrean jarritako bilgunetik gora 20-30 metro inguru oinez jarraitu genuen, gure  eskuinean La Fourche-tik datorren kanal harritsuaren amaierarekin topo eginez (bertan hito bat topatu genuen). Ikerrek eta biok hemen motxilak utzi eta goruntz jarraitu genuen.

Lurrean jarritako bilgunetik gorako zatian.


Motxilak utzitako lekua. Bertan dagoen hitoa ikusi daiteke. La Fourche lepora doan kanala nondik doan eta Grand Pic-eko bidean zeharkatu behar diren plaka grisak markatu ditut.


Pitzadura eta arkaitz batzuetatik eginiko eskaladatxo erraz pare baten ondoren (I-II), Petit Pic d’Ossau mendiaren gailurrera igo ginen.

Motxilak utzi ondoren lehen eskaladatxoan...


... Eta gailurrera eramango gaituen azken pausutik ateratzen, borobilduta motxilak utzitako lekuan dagoen hitoa.


09:50, Petit Pic d'Ossau, 2807 metro. Gailurrean argazki batzuk eta bideo bat grabatu ondoren motxilak utzitako lekura itzuli ginen.

Bi Midi-en itzala.


Bideo hau Petit Pic mendiaren gailurretik grabatu genuen.



Petit Pic d'Ossau, 2807 metro.


Motxilak utzitako lekura itzuli ginenean, trago bat ur hartu eta destrepetxo erraz baten ondoren (II) kanalera sartu ginen.

Asier kanalean. Argazkian guk errapela egiteko erabili genuen instalazioa non dagoen adierazi dut.


Kanalaren ia hasieran gure eskuinean (jaitsierako norantzan) soka eta zintaz jarritako errapela egiteko bilgune bat ikusi genuen.

Lehenengo errapela.



Lehenengo 10 metroak ezkerretik doan plakatik (jaitsierako norantzan) jaistea hobe da kanalatik jaitsi ezkero harri pila bat botatzen da eta.


Guk, La Fourche korridoretik igo ginenean egin genuen bezela, ia kanalaren amaieran eskuinean (jaitsierako norantzan) dagoen bigarren errapelerako lekuan (sokak, zintak eta malloi bat) errapela egin genuen. Bigarren errapel honetatik 6-8 metro inguru beherago eta ezkerraldean (jaitsierako norantzan) hirugarren errapel bat ikusi genuen (bi iltzekin jarrita).

Bigarren errapelara ailegatzen.


Errapela jartzen.


Bigarren errapel honetatik behera, 60 metroetako sokak izanda errapela ederra ateratzen da, hormaren zatirik bertikaleena jaitsi, oinez egiten den zati bat zeharkatu eta goitik erortzen diren harri eta arkaitzen babesean dagoen arkaitz baterarte.

"Bazpare bi soken bukaeran korapilok eingo ditteu" esan nien, "soka bukau eta porkulo hartzea ez juteko".

Errapela hasten...


... Eta amaierara ailegatzen.


Bideo hontan errapela nolakoa den ideia bat egiteko aukera izango duzue.


Hiruok errapelatu ondoren sokak jasotzen hasi ginen. Sokaren azken muturra bistatik galdu genuenean bapatean soka katiatuta gelditu zen. "Ostia a ze putada!!!!" Esan zuen Ikerrek. Asier sokari tiraka hasi zen baina soka ez zen zentimetro bat ere mugitzen. "Ta oain?" Ikerrek, "ba oain beize igo beharko gea" erantzun nion. Bitan pentsatu gabe, Asier goruntz abiatu eta lasai baina oso seguru, horma eskalatu eta errapel puntura ailegatu zen.

"Gogoratze altzea sokan puntan egin deun korapiloa?" Esan zidan Asierrek jaitsieran ikusi genuen hirugarren errapel puntutik. "Ba ez deu askau eta errapeleko malloian ataskauta zeon". "Joer, vaya cagada!!!!" Oihukatu nion. "Bai, hasiberrien falloa" erantzun zidan.

Asier sokaren bila igotzen.


Berriro ere errapelatzen,, oraingoan jaitsieran ikusi genuen hirugarren puntutik.


Asier berriro ere errapelatu ondoren, soka bildu eta hemendik behera, La Fourche leporaino kontu handiz oinez jaitsi ginen.

10:45, La Fourche lepoa, 2705 metro. Bertan ur pixkat edan ondoren, galdutako denbora berreskuratu nahian edo, ia atsedenik gabe goruntz jarraitu genuen.

La Fourche lepotik gora jarraitu genuen bidea.


Lepotik gora Gran Pic-en ipar mendebaldeko aurpegiaren azpian dagoen harritza eskuinean genuen hormatik gertu igo genuen, pixkanaka ezkerreruntz (iparralderuntz) hartuz eta bi Midien arteko zeharkaldiko gakoa duen pausuaren hasierara ailegatuz: plaka grisen zeharkaldia.

Ipar mendebaldeko hormatik gertu zeharkaldira hurbiltzen


Plaka grisetatik gertuago


Atzera begirada, argazkian Petit Pic mendiaren gailurretik La Fourche lepora eginiko jaitsiera ikusi daiteke.


Plaka grisen zeharkaldiaren argazkia.


"Bueno Asier, errapelen eindakoa ta geo, luze honi hasieratik itteko ohorea irabazizu" esan nion. Jarraitu baino lehen esan beharra daukat pausu ospetsu honen ingurukoak irakurri ondoren nahiko akojonatuta ailegatu ginela bertaraino.

Nonbaiten irakurrita nuen bilgune bat jarri ahal izateko bi iltze daudela baina guk ez genituen iltzerik aurkitu. Zeharkaldiak 12-15 metro izango ditu eta 35-40 graduetako inklinazioa izango du (nonbaiten 60 gradu dituela irakurrita genuen baina guri inklinazio hori gehiegizkoa iruditu zitzaigun). Zeharkaldiaren hasieran iltze bat topatuko dugu eta amaieran beste bat.

Zeharkaldiaren hasieran dagoen iltzea.


Oinentzat zulo ederrak dituenez zeharkaldia ez zitzaigun zaila iruditu (guk lehorra topatu genuen, suposatzen dut bustita edo elurrarekin gauza asko aldatuko dela).

Bideo honetan Asierren zeharkaldia ikusteko aukera izango duzue.



Eta beste honetan Ikerren zeharkaldia zeharkaldiaren beste ertzetik.


Zeharkaldia amaitu eta bigarren iltzea txapatu ondoren, plaken bestaldean orain arte izkutuan egondako diedro-tximinia bertikal bat dago. Tximiniaren igoera ez da zaila (III edo III+), helduleko ederrak ditu eta gainera erdi partean arkaitz batetik pasatako zinta bat topatu genuen bertan expressa jartzeko.

Tximiniaren azpitik grabatutako bideo honetan, ni igotzen ikusteko aukera izango duzue.


Tximiniaren gainetik grabatutako bideo honetan aldiz, Iker ikusiko duzue.


15 metro inguruko eskalada bertikalaren ondoren erlaitz zabal batera ailegatuko gara eta bertan, hormaren azpikaldean, soka eta zintaz jarritako bilgune bat dago. Asierrek ez zuen bilgune hau ikusi eta berak bilgunea zinta bat eta bi friend-ekin jarri zuen. Luzeak "L" itsura duenez komeni da expressak luzeak jartzea sokari marruskadura kentzeko.

Erlaitz zabalean dagoen eta Asierrek ikusi ez zuen bilgunea.


Gure bilgunea.


"Bueno gaurko zallena bukau deu" esan nien. "Ba bai, baña luze hau gogorragoa zela uste nun" erantzun zidan Asierrek. "Ea hemendio gora zer dagoen" bukatu zuen Ikerrek.

Nahiz eta bilgunea jarri genuen erlaitz zabalaren ezkerrean (ipar-mendebaldean) hito bat egon guk erlaitza ezker eskuin norantza jarraituz zeharkatu genuen (hegoekialderuntz) kanal zabal batera ailegatu arte.

Zeharkaldiaren amaieran. Argazkian, jarrita dagoen bilgunea ikusi daiteke baita guk jarraitutako bidea ere.


Kanalaren ezkerretik doan plaka antzeko batetik kontu handiz zuzen igo ginen (II), hemendik behera botatzen genituen harriak plaka grisetara doazen mendizaleen gainera erortzeko arrisku handia zegoen eta.

Asier kanala igotzen.


Kanala igo ondoren tarteta azalduko diren hitoen atzetik joan behar da ipar edo  ipar-ekialdeko norantzan eta diagonalean, I-II zailasuneko eskaladatxoak eta oinezko pasabide motzak tartekatuz.

Iker kanalaren amaieran dagoen hitoaren ondoan, atzean Petit Pic mendia.


Ipar-ipar ekialderuntz egin genuen zeharkaldian eta jarraitutako bidea. Argazkian ere hito bat borobildu dut.


Hitoek pixkanaka ekialderuntz eraman gintuzten IIIko zailtasuna duen 20-25 metroetako tximinia bertikal bateraino. Tximinia honetan helduleko ederrak topatu genituen, baita iltze zahar bat ere.

Asier III-ko tximinia hasten den lekuan.


Tximiniaren lehen metroetan...


...Bertan topatu genuen iltze zaharra...


...Tximiniaren erdialdean...


... Eta tximinia amaitzen.


Tximinia igo ondoren, erdi-oinez, erdi-eskaladatxoak egiten, Grand Pic-etik hegomendebalderuntz doan ertz-lerrora atera ginen.

Ertz-lerrora hurbiltzen, Grand Pic-en gailurrean mendizaleak ikusi daitezke.


Ertz-lerrora atera ginenean.


Behin ertz-lerroan, denbora gutxian oinez Gran Pic d’Ossauren gailurrera erraz ailegatu ginen.

Iker azken metroetan eta Asier gailurrean.


11:45, Pic du Midi d'Ossau, 2884 metro. Kriston zoriontsu iritsi ginen. Motxilak utzi, zerbait jan eta ondoan genuen mendizal balentziar batzuekin hizketan aritu ginen, hauek bai meritua handik honaino etortzearekin!!!

Bideo hau gailurretik grabatu nuen.


Pic du Midi d'Ossau, 2884 metro.


Jaitsiera Grand Pic-en ohiko bidetik egin genuen hiru tximiniak destrepatuz.

Jaitsieraren lehen metroetan gailurraren ikusmira ikusgarria da.


12:25, hirugarren tximiniaren hasieran (guretzat jaitsierako lehenengoa) dagoen gurutzearen ondoan.


Jaitsieran, Midi-ra igo naizen beste batzuetan gertatu zaidan bezela, mendizale bat baino gehiago kaskorik gabe ikusi genuen. "Zertan ai die hok?" Esan zuen Ikerrek. "Eztakit baña Midi bezelako mendira, dagoen harri solteekin, mendizale mordokin ta kaskoik gabe..." erantzun nion "askotan eztie istripu gehio izaten eztakit zeatio".

Mendizale talde handi baten atzetik, Pombie aterperaino jaitsi ginen.

13:40, Pombie aterpera iristen.


Hortik ibili gea!!!!


13:55, Soum de Pombie, 2115 metro.


Azkenean, bi ordu t'erdiko jaitsieraren ondoren, 14:30tan aparkalekura ailegatu ginen, nekatuta, baina oso zoriontsu.

Iker zoriontsu aparkalekura ailegatzen.


Trasteak jaso zerbait jan eta edan, erropa aldatu eta etxerako bidea hartu genuen.

Portalet-eko mendatera iritsi ginenean, Midi-ari azken begirada botatzearekin batera, "badakizu itzuliko naizela" esan nion.

PROFILA

Hemen duzue eguneko profiltxoa, ez al dauka Midiren itsurik?