AZKEN 10 SARRERAK

2013/09/11

AIZKORRIKO ERTZ-LERROA, UDAKO EROKERI BAT, 2013/08/22

Ez dakit udako berotasunagatik, hego haizeagatik edo beste arrazoiengatik, baina mendian ibiltzen garenok batzuetan erokeriak egiten ditugu.

Aizkorrira joaten garen gehienetan (kanaletara ez bagoaz behintzat) San Adrian ingurutik irteten gara, eta hemendik irteten garen bakoitzean, momenturen batean edo bestean "ta Otzaurtetik zenbaten igotzea Aizkorriko gurutzeaño?" Galdetzen dugu, "nik ustet ..." hasten den esaldi batekin erantzuna hasiz.

Itziar eta biok Araiako igerilekura egun pasa joan behar ginela aprobetsatuz, nire buruari erronkatxo bat proposatu nion: Otzaurtetik atera, Aizkorriko ertz-lerroaren zeharkaldia egin, Urbiatik pasa, Petroleretara (Zumarraundi) jaitsi eta Araiako igerilekuan amaitu. Modu honetan goiz pasa eder bat ez ezik, beti egiten dugun galderari ere erantzungo nion.

"Bale, eta non dago erokeria?" Pentsatuko duzue. Ba, nire mendian ibiltzeko ohituren kontra, eta hemen dago erokeria, ibilbide osoa erdi korrika egin nuela. Zergatik? Ba ez dakit, eromenek askotan ez dute azalpen logiko bat, baina Alpeetatik etorri ondoren nire egoera fisikoa zer nolakoa zen frogatu nahi nuen, eta honetarako ez zitzaidan froga "logikoago" bat bururatu.

Aizkorriko ertz-lerroaren nondik norakoa jakiteko, nahiz eta negu giroan eginiko irteera izan, errepor honetan azalpen zehatzago bat irakurtzeko aukera izango duzue.

Mapa honetan gutxi gora behera jarraitutako bidea eta denbora hartutako lekuak markatu ditut.


Erreportaitxo honen helburua ez da eginiko denborak harrotasunez erakustea, ikusiko duzuenez, denborak ez baitira beste munduko gauza eta mendian edo korrikan aritzen zaretenak denbora guztiak arazo handirik gabe jaitsiko dituzue. Erreportaitxoaren helburua batzuetan buruan ditugun erronka txikiak betezen saiatu behar garela besterik ez da, kasu honetan niri gertatu zaidan bezela.

DESKRIBAPENA

08:10, Otzaurteko benta, 670 metro. Kotxetik atera eta Beunderuntz doan pistan gora bizi-bizi abiatu nintzen GR-121 ibilbidea jarraituz. Erabat emozionatuta irteten zarenean gertatzen den bezela, Beundera ailegatu nintzenerako hauspoa bero-bero nuela ailegatu nintzen. "Smithy, hola jarraitzebazu Aizkorrira denbora eske allauko zea" pentsatu nuen.

Otzaurteko bentatik ateratzeko prest.


Beundetik gora, oraindik GR-121 ibilbidea jarraituz, bazpaere indarrak dosifikatzen jarraitzea erabaki nuen.

08:55, San Adriango aterpea, 900 metro inguru. Indarrak ongi neurtzen joan ondoren hauspoa lasaiago nuela leku majiko honetara ailegatunintzen. Hemendik aurrera Sancti Espiritu baselizatik gora doan bidea hartu nuen, Zegamako Maratoian korrikalariek jarraitzen duten bide bera.

San Adrian aterpearen parean.


Kuriosoa da baina elurrik gabe hemendik aspaldi igo gabe nengoen eta pagoen itzalpean ttirri-ttarra igo nintzen.

09:42, Aizkorriko gurutzea, 1538 metro. Gailurrera ailegatu ur tragoxka bat hartu, argazkia atera eta aurreruntz jarraitu nuen, ibilbidean egingo nuen zailtasun handienari ekiteko prest: Aitzabal mendiaren hegomendebaldetik gora doan eskaladatxoa, II mailako zailtasunekoa gutxi gora behera.

Aizkorriko gurutzea, 1538 metro.



09:48, Aitxuri, 1518 metro. Eskaladatxoa errazenetik igo ondoren, uste baino azkarrago gailurrera ailegatu, argazkia atera eta Aketegira jarraitu nuen.

Aitxuri, 1518 metro. Nahiz eta buzoian Aitzabal izena azaldu, benetazko izena Aitxuri da, hala argitaratu zen 2017ko Zegamako mapa toponimikoan.


Aketegira igotzeko ez nuen ertz-lerroa bere osotasunean jarraitu. Aitxuritik jaitsi, Urbiatik datorren bidera ailegatu eta hemendik marra zuzen bat egin nuen Aketegi Erpinara ertz-lerroaren lehen metroak ekidinez.

09:57, Aketegi Erpina, 1545 metro. Erlojuari argazkia atera eta ia gelditu gabe aurreruntz jarraitu nuen, oraingoan bai, ertz-lerrotik.

Aketegi Erpina, 1545 metro. Nahiz eta buzoian Aketegi izena azaldu, benetazko izena Aketegi Erpina da, hala argitaratu zen 2017ko Zegamako mapa toponimikoan.


10:00, Aketegi, 1551 metro. Hemen ere argazkia ateratzeko denbora bakarrik hartu eta aurreruntz jarraitu nuen harri artean saltoka.

Aketegi, 1551 metro. Nahiz eta buzoian Aitxuri izena azaldu, benetazko izena Aketei da, hala argitaratu zen 2017ko Zegamako mapa toponimikoan.


10:06, Iraule, 1505 metro. "Bueno, oraindik nahiko ongi nijo" pentsatu nuen. Erlojuari argazkia atera eta Arbelaitz mendira, gaurko azkenekoa zuzendu nintzen.

Iraule, 1505 metro.


Aketegi arte ia denbora osoan Zegamako Maratoiak jarraitzen zuen bidetik gertu nindoala ikusita, Irauletik Arbelaitzera Maratoiaren bidea hemendik doala ziur nengoela, ertz lerroa utzi eta Urbiatik Iraulera doan ohiko bidetik jarraitzea pentsatu nuen, Maratoiaren bidearen bila. Berrehun metro inguru beheruntz egin ondoren "baña maratoia ez da hemendio pasatzen" burura etorri eta eginiko hanka sartzeaz konturatu ondoren harri solteen artean zeharkaldi bat egiten hasi nintzen Arbelaitz mendiaren gailurretik ahalik eta gertuen ateratzeko asmoarekin.

10:16, Arbelaitz, 1513 metro. Hauspoa bero-bero nuela, eta eginiko hanka sartzearekin amorratuta eguneko azken mendira ailegatu nintzen. Bertan, ura edan, barrita bat jan eta Urbiaruntz zuzendu nintzen hemendik igotzen den ohiko bidea jarraituz.

Arbelaitz, 1513 metro.


10:31, Urbia, 1135 metro. Hemendik aurrera hego aldeko norantza hartu nuen, pistatik hasieran eta bidexka batetik gero, berriro ere GR-121 ibilbidearekin topo egiteko. Ibilbide hau Leizarrateraino jarraitu nuen. Puntu honetan ezkerreruntz (ipar-ekialderuntz) hartu ezkero San Adrianera goaz. Oraingoan hego-hegoekialderuntz doan bidea hartu nuen, PR-A 12 ibilbidea jarraituz.

Urbia, 1135 metro.



11:11, Zumarraundi edo Petrolerak, 940 metro. "Bueno gaurko mendie bukau da" pentsatu nuen. Hemendik Araiako igerilekura jaisteko mendiko biderik ezagutzen ez nuenez, errepidea jarraitzea erabaki nuen.

Petrolerak, 940 metro.


11:37, Araiako igerilekua, 640 metro inguru. Amaigabea iruditu zitzaidan errepidearen ondoren (portzierto, errepidearen zati askotan zulo handiak daude), igerilekura erabat nekatuta eta oinak erdi egosita nituela ailegatu nintzen.

Araiako igerilekua, 640 metro.


Igerilekuko sarrera ordaindu, barrura pasa eta gel bat jan eta ur guztia edan ondoren belarretan etzan (etzan baino gehiago, nire burua belarretara bota nuen jejeje) nintzen Itziarren zai. Itziar ailegatu zenean merezitako dutxa hartu eta eguna lasai-lasai, giro ederrean, pasa genuen.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina