AZKEN 10 SARRERAK

2013/11/26

ARGORRI EDO GATZARRI (1301 m), ELURZULOAK (1431 m) ETA ARATZ (1443 m) SAN ADRIANDIK 2013-11-24

Ez dakit elurrak zer daukan baina mendian botatzen duen bakoitzean mendira joateko kristoneko gogoa sartzen zaigu, elurra sekula ikusi izan ez bagenu bezela. Kaiolatik atera nahian dabiltzan lehoiak bezela ibiltzen gara asteburua noiz ailatuko den zai.

Aurtengo udazkeneko elurrak berandu iritsi dira, mendira joateko irrika hori beste urtebetez piztuz. Aspalditik mendi eta elur gosez dagoen Lekurekin hainbat Whatsapp elkartrukatu eta hainbat ibilaldi aztertu ondoren iganderako Aratz mendira igotzeko plana egin genuen.

Goizeko zazpiretan gelditu, Ikerrekin kotxea aldatu (ez genekien Otzaurtetik gora kotxez igotzerik izango zen hala ez) eta Otzaurteko bidea hartu genuen.

GURE BIDEA

Aratzera igotzeko San Adriandik doan ohiko bidea aukeratu genuen. Honetarako kotxea Aldaola baino goraxeago dagoen aparkalekuan utzi eta San Adrian kobatik pasa ondoren erromatar galtzada Lizarrateren ondoren dagoen iturriraino jarraitu genuen. Hemen galtzada utzi tea PR-A 12 ibilbidea erreferentzi bezela jarraitu genuen Aratzeraino bidean beste bi gailur igoz: Argorri edo Gatzarri eta Elurzuloak (Aratzen aurretik dagoen bigarren mailako gailurra). Jaisteko bide bera jarraitu genuen.

Gorriz jarraitutako bidea margotu eta bidean pasatako leku esanguratsuak ere adierazi ditut.


DESKRIBAPENA

08:10, Aldaolatik gora dagoen aparkalekua, 835 metro. Aparkalekuraino behe-lainoaren erdian ia bost metroetara ikusi gabe ailegatu ginen. Kotxetik atera (aparkalekuan kotxe bakarra zegoen), langarra zegoela ikusi ondoren euritarako txamarrak jantzi eta martxan jarri ginen.

Leku irteteko prest, bidea atzean dagoen panelaren ondotik doa.


Aparkalekutik gora doan bidea berritu zenetik ibilbidea izugarri hobetu da eta ez dauka galtzeko inongo arriskurik.

Hamar minutu eskasean San Adriango mendi aterpe zaharrera iritsi ginen.


Mendi aterpea gure eskuinean utzi eta bideak hegomendebaldeko norantza jarraitzen du. Bertan GR-121, PR-A 12 eta Donejakue bideen arrastoak ikusiko ditugu.

Aterpea atzean utzi ondoren.


Kotxetik atera eta 25 minutu eskasean San Adriango kobara iritsi ginen.

08:33, San Adriango koba, 1020 metro. "Hemen beti haizea zebilek" esan zidan Lekuk, "haizea ta udan animalik" erantzun nion.

Leku kobara iristen.


Ni atzetik...


... Eta Leku bertatik ateratzen. Honelako lekuak majikoak dira.


Kobatik gora erromatar galtzada jarraitu genuen Lizarrate deitzen den zelai zabaleraino. Bertan Aizkorrira Kalbariotik (Mandobide mapa batzuetan) doan bidea hartzeko bidegurutzea topatuko dugu.  Guk bidegurutzea beste baterako utzi eta galtzada jarraitu genuen.

Leku Aizkorrira joateko bidegurutzean. Bideak parean ikusten diren zuhaitzen azpitik doa, hau da eskuineruntz hartu beharko genuke.


Guk bidegurutzea alde batera utzi eta, posteak esaten duen bezela, galtzadatik doan Donejakue bidea jarraitu genuen.


"Joer hau da elur pila" esan nion Lekuri "kaltzadatio jun beharren hobe errekatio juten bagaittuk" erantzun zidan.

Galtzadaren erdian zeuden eski arrastoak utzi eta, argazkian ikusten den bezela, galtzadaren ondotik jaisten den errekatxotik jarraitzea erabaki genuen.


Lizarratetik zortzi minutu eskasera Aratz mendira nondik joan adierazten duen poste bat atzean utzi eta errekatxoaren iturburura iritsi ginen. Garai batean hemen burnizko poto bat zegoen bertatik ateratzen den ur frexkoa edateko baina urteak dira ezer ez dagoela. 

Leku iturburua parean duela. Indikazio postea ikusi daiteke.


Ni galtzada utzi ondoren.


Iturburutik gora hasten den bidea elurrik ez dagoenean oso ondo jarraitzen da eta galtzeko arriskurik ez dauka, PR markak eta bertako bidexka jarraitzea besterik ez da. Neguan, elurrarekin bidea zaildu egiten da (batez ere arrastoa irekita ez badago) eta gainera behe-lainoa badago zer esanik ez.

Gure kasuan, nahiz eta behe-lainoa izan, galtzadatik zetozen eski arrastoak jarraitu genituen denbora luzean. Bideak pagadi bat zeharkatzen du, bertan bi zabalune zeharkatuz: lehenengoan linia elektriko baten azpitik pasako gara eta bigarrenean gure ezkerrean etxola pare bat utziko ditugu. Bigarren zabalune honetatik gora Zemaga Aizkorri maratoiaren bidearekin bat egin eta PR marketatik aparte maratoiaren bidea adierazten duten puntu horiak jarraitzeko aukera ere izango dugu.

Leku lehen zabalunea zeharkatzen. Jarraitutako eski arrastoak ikusi daitezke.


Ni bigarren zabalunearen amaieran. Nire aurreko zuhaixkan PR nahiz Zegama Aizkorriko maratoiaren arrastoak ikusi daitezke.



Leku bigarren zabalunean.


Bigarren zabalunetik gora pagoetan zegoen elur kantitatea pixkanaka handituz joan eta eski arrastoak estali egin ziren. Hemendik aurrera arrasto berri bat irekitzea besterik ez genuen izan.

Pagadian, dagoeneko eski arrastoak estali dira.



Esan bezela, pagoetako elur kantitatea pixkanaka handituz joan zen.


Pagadian hamar minutu eskas ibili ondoren bertatik atera ginen.

Pagadiaren azken metroetan.



"Haizea aitzealdek?" Galdetu zidan Lekuk. Txamarraren kapela kendu eta goian zegoen haizearen zurrunbiloa entzun nuen. "Ba hemendio aurrera okerrena hastea" erantzun nion "haizegatio esatet".

Pagaditik ateratzen.


Pagaditik atera eta pagadian entzuten genuen zurrunbiloak erabat bildu gintuen. "Hau da hau abentura" esan nion Lekuri "elurre, belañoa, haizetea, arrastoa irikitzen... ze gehio eskau dezakegu?"

Pagadia atzean utzi ondoren. Hemendik aurrera haizeak ederki astindu gintuen.


Pixkanaka, hamar metroro erreferentzi bat finkatuz, bidea egiten joan ginen eskuinean gelditzen den pagadia erreferentzi bezela hartuz. Momentu batean haizeagatik babestuta zeharkatzen ari ginen aurpegian izugarrizko elur mordoa topatu genuen: "Hemendio ezgoatzek oso ondo" esan zidan Lekuk ia belaunetaraino sartuta "haizek jotzeon lekutio gertu juten bagaittuk hobe, hola ez gaittuk galduko ta".

Honela, gure eskuinean erreferentzi bezela genuen pagadiaren ondotik hamabost minutu pasatxo ibili ondoren ezkerreruntz (hego ekialderuntz) zeharkalditxo bat egin genuen.

Leku zeharkalditxoan.


Haizeak banatzen zituen bi aurpegien artean jarraituz (ertz lerro batean joango baginen moduan), zeharkaldia egin genuenetik zortzi minutu eskasera ordurarte igo gabeko Argorri mendira iritsi ginen.

Ni Argorrira iristen.


09:35, Argorri edo Gatzarri, 1301 metro. "Ze mendi dek hau?" Galdetu nion Lekuri, "Etzekiat baña Aratzera dijon azkeneko maldan aurretio zeokena dek" erantzun zidan "Hoi bazekiat" erantzun nion "izeganatik galdetzen nian". "Ba izenare etzekiat, baña etxea allatzen gaittukenean esangoiat" erantzun zidan.

Ni Argorriren buzoitik izotza kendu nahian, baina ezin izan nuen. Gailurrean dagoen postean argi ikusi daiteke haizeak nondik jotzen aritu zen.


Argorri mendia atzean utzi eta, gure ertz-lerro imajinarioa jarraituz, Argorri eta Aratz mendien arteko lepora jaitsi ginen. "Hemen nunbaitten bazeok indikazio poste bat" esan nion Lekuri. Baina behe-lainogatik ez genuen posterik ikusi ez igoeran ezta jaitsieran ere.

Lepoa atzean utzi eta Aratzera eramango gintuen malda igotzen hasi ginen.

Maldaren lehen metroetan.


Argorrira iristeko egin genuen bezela, haizeak jotzen zuen aurpegiaren ertzetik joan ginen, modu honetan gailurrera iritsiko ginela baikenekien. Dena den, argazkian ikusten den bezela, noizik eta behin beste aurpegira pasatzen ginen, bi helbururekin batez ere: haizegatik babestu eta aurpegi honetan elur gehiago zegoenez, itzultzeko erreferentzi bezela hartuko genuen arrasto sakon bat egin.


Honela, ttirri-ttarra, batez ere lurrera eta noizik eta behin erreferentzi bat hartzeko aurreruntz begiratuz, Elurzuloak gailurrera ailegatu ginen.

09:57, Elurzuloak, 1431 metro. Gailurreko argazkia atera eta aurreruntz jarraitu genuen. Hemendik Aratzera doan bidea erraza egin zitzaigun, bi mendien artean dagoen ertz-lerroa jarraitzera besterik ez zen eta. Dena den, batzuetan ertz-lerroa gure eskuinean eta beste batzuetan ertz-lerroa gure ezkerrean utziz jarraitu genuen.

Leku Elurzuloak gailurrean. Dagoeneko arropa ere izozten hasita zegoen.



Haizearen indarra eta topatu genuen giroaren ideia bat egiteko, Elurzuloak menditik behera egindako bideo hau ikusi dezakezue.


Elurzuloak menditik zortzi minutu eskasean Aratzera iritsi ginen.

10:05, Aratz, 1443 metro. "Ostia, ederra motel" esan nion Lekuri "Bai, hau dek kondiziones infernales-etan igotzea" erantzun zidan. Bertan zegoen haizetetik ihesi, argazki azkar batzuk atera eta beheruntz abiatu ginen.

Bideo hau Lekuk egin zuen gailurrean.



Leku Aratz mendiaren gailurrean...


... Baita ni ere.


Hemendik behera igoeran jarraitutako bidea jarraitu genuen, oraingoan gure arrastoak jarraituz.

Leku Aratz eta Elurzuloak mendien arteko ertz-lerroan.


Momentu batean gure arrastoa dagoeneko haizegatik estalia zegoela ikusi genuen. Kuriosoa da arrasto bat jarraitzen duzunean nola gorputza lasaitu eta orientazioa galtzen den. Segundu batzuetako tentsio txikiaren ondoren, haizea berriro ere erreferentzi bezela hartu eta gure arrastoa oraindik estali gabeko leku batera iritsi ginen.

Arrastoa aurkitu ondoren.


Hemendik behera tarteka estali gabeko arrastoa jarraituz eta tarteka gure orientazioagatik mugituta, bide zuzenagatik jaitsi ginen. "GPS-a ekarri izan bagenian igoera guztie pantallari begira ingo genian besteik ikusi gabe" esan zidan Lekuk. "Arrazoia daukek, aparatu hoikin gure burue orientatzeko ohitura galtzen ari gaittuk" erantzun nion.

Argazki honetan "ikusten" denez, ikuspegia ez zen oso luzea.


Azkenean berriro ere pagadira itzuli ginen.


"Bueno, hemendio aurrera etzeok galtzeko arriskurik" esan zidan Lekuk. "Hemen haizeik etzeok, ta arrastoa earki ein diau" erantzun nion.

Hemendik behera di-da batean jaitsi ginen tartean mendizale ezberdinak agurtuz.

Hamaikak aldera, gutxi gora behera, berriro ere San Adrian kobara iritsi ginen.



Eta San Adrian kobatik ordu laurden eskasean berriro ere aparkalekuan ginen, aurtengo lehenengo elurretan disfrutatzen izan eta gero zorionez beteak.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina