AZKEN 10 SARRERAK
elurzuloak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
elurzuloak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2016/09/05

ETXEGARATETIK ARAIARA, ARATZ ETA ELURZULOAK MENDIETATIK PASATUZ. (2016/08/23)

Gustuko ditugu Araiako igerilekuak. Mendi irteera baten edota Eginoko hormetan eskalatu ondoren, bertako ur “freskoak” indarberritu eta eguna lasai eta erlaxatua amaitzeko aukera ematen du. Gainera, eta hori izugarri baloratzen dugu, igerileku lasaia da, jendetzarik izaten ez duena, eta bertan bazkaltzeko aukera ere badago.

Igerileku honekin dugun istorioa luzetik dator: Ordizian bazen Balakataklin deitutako Atsedenaldiko Taldea. Itzi eta biok talde honetan hamabi urteetan parte hartu genuen, nerabe bezala lehenik eta begirale bezala ondoren. Uda bakoitzero Zalduondo herritik gertu dagoen zelaiune batean bi kanpaleku antolatzen genituen. Kanpaleku hauen zati nagusi bat Araiako igerilekuek betetzen zuten, ekintza eta joku asko bertan egin eta aldi berean ur beroarekin dutxatzeko erabiltzen genituelako. Igerileku hauek lehen aldiz 1.987an zapaldu nituen (bufffff!!! Zahartzen hasita nago, jejeje) eta orduz geroztik urtero bertako ur freskoan bainu bat hartzeko ahalegina egin dut. Ia hogeita hamar urte hauetan aldaketak izan ditu noski, baina oraindik ere 13 urte genitueneko kutsua gordetzen du.

Duela hiru urte igerilekura iristeko burutazio bat izan nuen, orduan "udako erokeri bat" bezala deitu niona: Otzaurtetik atera, Aizkorritik Arbelaitzera doan ertz-lerroa egin, Urbiara jaitsi eta, Zumarraunditik pasatuz, igerilekura (honen inguruko erreporra irakurri nahi baduzue hemen klik egin dezakezue). Erronka polita izan zen baina Aratz igo ez izanak ibilbidea umezurtz gelditu zela sentitu nuen.

Honegatik, duela hiru urte baino sasoi hobean nagoela aprobetsatuz, 2013an egindako ibilbideari Aratz, Elurzuloak eta Aiztontor altua batu nahi nizkion ibilbidea borobiltzeko. Honetaz aparte, ibilbideari hasiera Etxegaraten eman nahi nion kotxea utzi eta jasotzeko prozesua erraztu eta ibilbidea luzatzeko. Ikerrekin hitz egin eta, kontutan izanda bi egun lehenago 33 kilometroetako mendi-ibilbidea egin genuela, gehiegitxo izango ez ote zen esan zidan. Hau ikusita, ibilbidearen aukera motzagoa proposatu nion: Etxegaratetik atera, Aratz eta Elurzuloak mendiak Zegama-Aizkorri maratoiaren ibilbidetik igo eta hemendik zuzenean Araiaraino.

JARRAITUTAKO IBILBIDEA

Etxegaratetik atera eta GR-121 ibilbidea jarraituz Otzaurteraino iritsi ginen, hemendik aurrera Zegama-Aizkorri maratoiak jarraitzen duen ibilbidetik Aratzera iristeko. Aratzetik Elurzuloak mendira igo eta honen iparraldean dagoen lepoan pagadian sartu ginen (hego-mendebaldera) Azkosaroira jaitsi eta hemendik, GR-120 eta PR-A 3012 ibilbideak jarraituz, Araiara iristeko.

IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 20,5 kilometro.
- Punturik baxuena: Araia, 605 metro.
- Punturik altuena: Aratz, 1.443 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 1.200 metro inguru.
- Igotako mendiak: 2.
- Ura: Ibilbidean bi iturri topatu genituen: Otzaurtekoa eta Araiara iritsi baino 4 km lehenago (16,5 kilometroan) dagoen Iturriotz iturria.
- Zailtasuna: Bideak ez dauka inongo zailtasunik, baina behe-laino edota elurrarekin maratoiaren markak jarritzea zaila izan daiteke.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: 3 ordu eta erdi "lasai" joanda. Tarte asko korrika txikian egin genituenez, ibilbidea oinez egin nahi bada, denborari dagokionez komeni da kontutan izatea.

OHARRA: Bidea udan egiteko aproposa izan daiteke ia bere osotasunean itzalpean joango gara eta.

Bidea deskargatu nahi baduzue.


Powered by Wikiloc


KOTXEA UZTEN DEN LEKURA IRISTEKO

Hasieran esan bezala, kotxea Etxegarateko mendatean utzi genuen. Etxegarate, N-1 errepidea jarraituz Gipuzkoa eta Nafarroa artean (Gipuzkoan dago baina Nafarroako mugatik gertu) dagoen mendatea da eta bertan dagoen jatetxe nahiz gasolindegian kotxea uzteko lekuak topatu daitezke.

DESKRIBAPENA

Elurzuloak eta Argorri mendien arteko leporaino doan ibilbidea bi erreporretan zehatzago deskribatuta ditut, beraz saiatuko naiz ahalik eta azalpen gutxien ematen.

- Etxegaratetik Otzaurtera joateko bidearen deskribapen zehatzagoa irakurtzeko hemen klik egin dezakezue.

- Otzaurtetik Elurzuloak eta Argorri mendien arteko lepora iristeko jarraitutako ibilbidearen deskribapen zehatzarako hemen klik egin dezakezue. Dena den, 2016ean Zegama-Aizkorri maratoiaren ibilbidean, Ultzama eta Anarri errekaren arteko jaitsieran aldaketak egin ziren: ordurarte, Ultzamatik behera zuzen egiten zen (hego-mendebaldeko norabidea jarraituz). 2016ean aldiz, Ultzaman ibilbideak ipar-ekialdeko norabidea hartu, Unamuno mendia hegoaldetik inguratu eta ia Beundera iristear gaudela bideak hegoaldera jotzen du errekaraino. Erreka egurrezko zubi batetik zeharkatu ondoren, Urdalur urtegitik datorren pistara iritsi eta 2016 urtera arte jarraitu den ibilbidearekin bat egiten da.

07:30, Etxegarate, 640 metro, 0 km. Eguna oso beroa zetorrenez goiz gelditu ginen. Ibilbidea betetzeko lau ordu eta erdi inguru beharko genuela aurrikusita nuen, honela eguzkiak gogor jotzen hasten zuenerako igerilekuan izateko. Kotxea Etxegaraten utzi, eguzkitarako krema eman eta hego-haizearen eraginpean martxan jarri ginen: "Hemen haizea badabil eztet imajinatu nahi Aratzen nola ibilikoen" esan nion Ikerri. Aratzen haizerik gabeko eguna topatzea zaila izaten da eta gainera haizeak askotan gogor jotzen du. Hau kontutan hartzea garrantzitsua izaten da batez ere neguan egiten diren igoeretarako, pasatu daitekeen hotza izugarria izan daiteke eta.

Irtetzeko prest.


"kotxek zenbat gradu markatze zittun?" Galdetu zidan Ikerrek atera bezain pronto. "Hogei ustet", erantzun nion. Hego-haizeak gutxienez bero sentsazioa nolabait uxatzen zuen eta Nagirizperaino (guk beti "Maizpe" bezala ezagutu duguna) nahiko arin joan ginen. Hego-haize egunek izaten duten gauza ederra mendiek egunsentian hartzen duten kolore gorria izaten da. Nagarizpera iristear geundela Aizkorri gorri-gorri jarri eta egunsenti ederraz gozatzeko aukera izan genuen, pena leku altuagoa ez izatea Aizkorriri argazkiak egiteko.

Nagirizpera iristen, atzean, erdi izkutuan, Aratz eta Aizkorriko mendi ezagun batzuk. Gorriz, jarraitu genuen bidea.


Haizeagatik babestutako tokietan beroa somatzen zen, maldan gora batez ere, ezinbestean izerdituz: "gaur bazpare hobe poliki juten bagea ur beharrak gutxitzeko, Otzaurtetio aurrea eztet uste iturrik daunik eta" esan nion anaiari.

Aizkorri Otzaurtera iritsi aurretik, egunsentiko kolore gorria dagoeneko joana zegoen.


08:05, Otzaurte, 671 metro, 4,2 km. Bentaren ezkerreko (ibilbidearen norabidean) iturrian gelditu eta gogoz hidratatzeko aprobetsatu genuen.

Otzaurteko iturrian, zuhaitzan Zegama-Aizkorri maratoiaren puntu hori adierazgarria ikusi daiteke.


GI-2637 errepidea gurutzatu, maratoiaren bidea hartu eta Otzaurtetik gora doan lariztian sartuta geundela, bapatean geunden lekutik metro gutxira orkatz famili bat lasai-lasai pasa zen. Orkatzak segurtasun metro batzuen ondoren gelditu eta elkarri begira gelditu ginen behar ez zen lekuan zein egongo ote zen pentsatzen arituko bagina bezala.

Kontu handiz argazki kamara atera eta ahalik eta zarata gutxien eginez argazki pare bat egitea lortu nuen. Hala ere, basoaren iluntasunak ez zidan fundamentuzko argazki bat egiten utzi eta orkatzek azkenean, argazkiak egiteko denbora luzeegi jarrita egon zirela erabaki zutenean, agertu bezala desagertu ziren.

Orkatzen kontua ahotan, ibilbidea eragozpenik gabe joan zen Ultzamara iritsi ginen arte.

08:25, Ultzama, 821 metro, 6 km. Ultzamara iritsi eta pilotu automatikoari jarraituz Anarri errekara zuzen jaisten hasi nintzen: "Ehhh!!! Markak hemen goien dareee!!!" Oihukatu zidan Ikerrek atzetik. "Hor? Bidea hemendio behera dijota" erantzun nion. Lurrera begiratu eta, ezabatzeko helburuarekin edo, harkaitz batean gainetik grisez margotutako maratoiko marka zaharra ikusi nuen. Atzera begiratu eta Ikerri berehala esan nion: "ez altzuten ba aurten bidea aldauko?". Atzera buelta egin eta Ikerrek topatu zuen markara iritsi nintzen: "gañea gezie eta dena dauketa, jejeje".

Ultzaman dagoen marka. Geziak adierazten duen bezala eskuinera jo beharko dugu.


Geziari kasu eginez ipar mendebaldeko norabidea hartu genuen, mendiaren belarrezko ertza jarraituz.

Ertzan, argazkian Unamuno mendia ikusi daiteke.


Gain bat igo ondoren, Unamuno mendira igo aurretik bideak ertza eskuinean utzi eta, Unamuno mendia hegoaldetik inguratuz, zeharkako bide bat hartzen du, baina zati honetan markak galdu genituen. Topatutako azken markara itzuli eta minutu batzuetan mendian gora eta behera aritu ginen hurrengo markaren bila. Azkenean momentu horretan logikoena iruditu zitzaiguna egin genuen: Beundetik datorren pistara zuzen jaitsi (azpian ikusten genuen eta) eta Beunderako norabidea hartu: "total, punturen baten bideak pista pasako du". Ibilbidea deskargatzen baduzue hau kontutan izatea komeni da, zati honetan guk jarraitu genuen ibilbidea maratoiak jarraitzen duena ez da eta.
 
Pistan 150 metro pasatxo egin eta ia Beundera iristear geundela markak berriro topatu genituen: "joer ba animalin batek eo markak botako zitun, zeatio ez da normala bide hau hain tarte luzen markaik gabe egotea" komentatu genuen. Pista utzi, bazkaltzeko mahai eta erretegien artean hego-mendebaldeko norabidean jarraitu eta ibilbideak lotsagabe behera jotzen du, hegoaldera, Anarri errekaraino. Egurrezko zubi batetik pasa, eta Urdalur urtegitik datorren pistara iristearekin batera, aurreko urteetako maratoiaren ibilbidearekin bat egin genuen.

Egurrezko zubia zeharkatzen, aurrean pista nondik doan antzeman daiteke.


Dagoeneko "terreno ezagunean" (jejeje) bidea beste lasaitasun batekin hartu genuen eta ahal izan genuen ur eta indar gehienak gordez Aratzeko gailurrera iritsi ginen. Bidean, Jordik Txindokiko ertza eskalatu genuenean esan ziguna gogora ekarri genuen: "Bide hau hain ederra izanda zein mendizale gutxi ibiltzen den. Galdutako bide horietako bat dirudi". Gutxienez mendi lasterkari batzuk noizik eta behin bide honetan ikusten dira. Gure kasuan, neska gazte korrikan bizi-bizi ikusi genuen.

Bidean ikusi daitekeen mugarrietako bat.


Aratzera iritsi aurretik dagoen pasabide eder eta ikusgarrietako batean. Hemendik pasatzen garen bakoitzean hormetara begira gelditzen gara eskalada-bideak irudikatuz.


Pagadia atzean utzi eta gailurrera iritsi aurretik, mendi honetan ohikoak diren haize boladek agurtu gintuzten: "gutxiñez oiangoz ezteu beroik pasa" esan zidan Ikerrek. "Gañea hemen haizea fiñe dabil" erantzun nion.

10:10, Aratz, 1.443 metro, 13,9 km. Gailurrera haize artean iritsi eta bertan atsendentxo bat hartzeko denbora hartu genuen.

Aratzeko gailurrean. Argazkian Elurzuloak mendiraino doan bidea margotu dut.


Mendi-zuloetan beroa pasatu arren, gailurrean haizearen eraginez gustura egoten zen, bero handirik pasa gabe; izan ere, gailurrean denbora luzean egon gabe martxan jarri behar izan genuen haizearen eraginez hozten hasita geunden eta: "Hemendio Araia zenbatea eongo da?" Galdetu zidan Ikerrek. "Joer, ba nik uste nun honea hiru ordu ingurun iritsiko ginela, ta hemendio behera ordu t'erdin, baña oain eztakit ba" erantzun nion.

Aratzen maratoiaren bidea utzi eta Elurzuloak arteko zatia di-da batean bete genuen. Tartean Elurzuloak mendiari jaramonik egin ez zion mendizale bat gurutzatu genuen: "Hau, Gaztelu mun, ahaztutako mendi hoitakoa izangoa, ta deskuidauezkeo jende asko honea ezta igoko" esan nion Ikerri.

10:18, Elurzuloak, 1.431 metro, 14,1 km. Denbora asko "galdu" gabe, argazki batzuk egin eta beherako bidea hartu genuen.

Elurzuloak.


Elurzuloak menditik behera jarraitu genuen bidea, Argorri eta Aizkorri mendiak ikusi daitezke.


Bideak ipar-mendebaldeko norabidean jarraitu genuen eta bost minutu eskasean Argorri eta Elurzuloak mendiek osatzen duten lepora iritsi ginen. Hemen maratoiaren bidearekin berriro ere topo egiten da, baina oraingoan, San Adrianera doan bidea hartu beharrean (ipar-mendebaldera maldan gora doan bidea, maratoiak jarraitzen duena), ezkerrera bihurgunea egin eta, pagadian sartuz, hego-mendebaldeko norabidean doan bidea hartu genuen.

Argorri eta Elurzuloak mendien arteko lepoan. Gorriz jarraitutako bidea.


Pagadian egiten diren lehen metroetan.


Ondo zapaldutako bideari jarraituz, lepotik hiru minutu eskasera pagaditik atera eta Azkosaroi saroira iritsi ginen (10:26).

Azkosaroi saroian.


Bertako indikazio postera hurbildu eta, Araiara iristeko GR-120 eta PR-A 3012 ibilbideak jarraitu behar zirela ikusi ondoren, GR eta PR marken atzetik hasi ginen saroia luzean zeharkatu eta berriro ere pagadian sartzeko.

Indikazio postea eta jarraitu genuen bidea.


Bidea pagadian sartzen den lekuan.


Hemendik aurrerako bideak galtzeko arriskurik ez dauka oso nabaria da eta. Gainera, bideak malda handirik ez duenez, korrika egiteko aproposa da.

GR markak jarraitzen.


Azkosaroi atzean utzi eta minutu gutxietara espero ez genuen Iturriotz iturrira iritsi ginen.

10:35, Iturriotz iturria, 990 metro, 16,5 km. "Ostia ze ona, iturri bat!!!!" Esan nion anaiari, basamortuan oasi bat topatu izan bagenu bezala. Ur-botilatxoetan genuen ur guztia edan eta iturria erruz hidratatzeko aprobetsatu genuen, bertan zeuden behien begiradapean. Ura genuenez barratxo bat jan (ur eskasarekin zaila izaten baita barratxoa irenstea, jejeje) eta atseden laburra egiteko ere aprobetsatu genuen.

Iturriotz iturrian, atzean bertako indikazio postea ikusi daiteke.


Indikazio postea gertuago.


"Oaingoz bide earra, eh?" Esan nion anaiari. "Joer, ba bai, ta gañea ia denbora guztin itzaletan". Argaki batzuk egin eta bideari ekin genion, orain arte bezala, GR-120 eta PR-A 3012 ibilbideen markak korrika txikian jarraituz.

Bidea oso ondo adierazita dago eta bidegurutzeetan indikazio posteak daude.


Argazkian ikusten den bidegurutzera iritsi ginenean bide beretik ere PR-A 3011 bidea doala ikusi genuen, beraz, baliteke Iturriotz iturritik behera GR-120, PR-A 3011 eta 3012 bideak batera Araiara iristea.


Pagoak pixkanaka haritzari paso eman eta beheraka gindoazen heinean beroa ere handituz joan zen nahiz eta itzalpean jarraitu. Azpilletatik pasa ondoren Zirauntza errekaren iturburura doan bidegurutzera iritsi ginen.

Azpilletan.


Zirauntza iturburura doan bidegurutzean, bertan indikazio poste bat dago. Gorriz, jarraitutako bidea.


Zirauntzaren iturburura joateko bidegurutzeko indikazio poste "erdi-izkutua".


"Jungo al gea nazederoa ikustea?" Galdetu nion anaiari. "Nahiagoet zuzenen piszinara jutea, bero dauta" erantzun zidan. Iturubururako bisita beste baterako utzi, pista bat pare bat alditan gurutzatu eta, porlanezko pista batera iritsi ginenean, gure ezkerrean Ajuria lantegi zaharra eta Araiako lehen etxebizitzak azaldu ziren.

Pista gurutzatu genuen lehen aldia...


... Bigarren aldia...


... Eta pistara iritsi ginen hirugarren aldia. Argazkian ikusten den edozein bide jarraituz leku berera azalduko gara.


Araiako lehen etxebizitzetan.


11:00, Araia, 605 metro, 20 km. Araiara iristearekin batera haize eta itzalaren babesetik atera eta ibilaldi osoan pasatako berorik handiena sentitzen hasi ginen. Salsamendi, Askazubizar eta Goikoetxe kaleak pasatu, igerilekuetara doan errepidera (Araia eta Zalduondo herriak lotzen dituena) iritsi eta, bost minutuetan, igerilekuen sarrerara iritsi ginen ibilaldiari amaiera emanez. Erlojua begiratu eta 11:05 zirela ikusi nuen: "Joer, uste baño ordubete leno iritsi geata" esan nion anaiari.

Araiako kaleetan eta jarraitutako bidea.


Igerilekuetara joateko errepidean, herrian dagoen indikazio postea atzean utzi ondoren.


Igerilekuetan. Sarreraino egin behar den bidea margotu dut.


"Zemuz?" Galdetu zigun Itzik. "Ondo" Ikerrek "gañea ia bide guztin itzala dau ta Araia arte ezteu beroik pasatu". Merezitako dutxa eta igerilekuan hankak freskatu ondoren (adituek korrika saioen ondoren hankak ur hotzetan sartu behar direla aholkatzen dute), ibilbidea garagardo hotz batekin ospatu genuen (hau ez dute adituek gomendatzen baina hankak ur hotzetan sartzea baino atseginagoa da, jejeje).

Eguna, pasta entsalada bat bazkaldu, merezitako siesta egin eta igerilekuan plisti-plastan amaitu genuen. Orain, igerilekuetara iristeko Aratz eta Aizkorriko ertz-lerroa elkartzea bakarrik falta zaigu, baina hori igerilekuetara joaten garen hurrengoan izan beharko da, jejeje.


2014/08/13

ARATZ MENDITIK BURNIKURUTZERA, AIZKORRIKO ERTZA JARRAITUZ 2014/08/10

Joan den astean, Ama Zuriaren festak zirela aprobetsatuz, Gasteizen izan ginen gure lehengusuei eta osabari bisita egiten. Manchester-en bizi den lehengusina bat daukat eta urtean behin edo gehienez bitan ikusteko aukera izaten dugu. “Zuen abenturen jarraitzaile sutsuak gara” esan zidan irrifartsu, betiko moduan. Hizketan ari ginela zehaztu ez zidan apaiz baten istorioa kontatu zidan. Bazen apaiz bat mendiak igo eta eskalatzea ikaragarri gustuko zituena. Baina apaiz honek bazuen berezitasun bat: gailurrera iristen zen bakoitzean bertan meza ematen zuen. Bakarrik edo beste eskalatzaile batzuekin, eguzkia, elurra edota laino artean, berak meza ematen zuen. “Mendiaren gailurra baina aldare hobeagorik” erantzun nion. Kuriosoa da bakoitzari mendira joateak eramaten gaituena: apaizaren kasuan, meza emateak ez dut uste irteeraren helburua zenik, momentuan zituen sentimenduen ondorioa baizik. Eta zentzu honetan apaizarekin bat egiten dut. Edozein eskalada edo mendi irteeran sentitu ditzakedan sentimendu eta sentsazioen aldakortasuna anitza da: haserrea, beldurra, tristura, maitasuna, zoriontasuna, hotza, beroa, mina, etab, baina gehienetan, mendi irteera edota zailtasunak amaitu direnean, sekulako bakea sentitzen dut. Zer naizen, zein arazo ditudan eta denboraren ideia ere galdu egiten dut eta bake sentsazio sakon batek nire arima biltzen du. Honegatik bakarrik merezi dit etxetik atera eta edozein mendi igo edota eskalatzea. Dena den, momentu “mistiko” honi emozioa kendu eta lurrera itzuli nahian, fisiologo batek esango luke, bake sentsazio hau endorfinen efektuak jota egotearen sentsazioa dela, jejeje.

Aizkorrik badu xarma berezi bat: neguan, soineko zuria jazten duenean, piolet eta kranpoiekin jolasean aritzeko leku paregabea da, zailtasun ezberdinetako bideak egiteko aukera emanez. Udan berriz, Araia nahiz eta Zegama aldean dituen pagadietako itzalen frexkotasunak igoera nolabait gozatuko digu.

Aizkorriko mendi "nagusiak" bata bestearekin lotuak daude mendi-lerro bat osatuz. Mendi “nagusi” hauetatik aparte gelditzen dena Aratz da, Gorbeiaren atzetik Arabako mendirik altuena.

Mendi nagusi hauek guztiak bata bestearen atzetik lotzea behin baino gehiagotan eginak gara, ibilbidea San Adrianen azpian dagoen aparkalekuan hasi eta amaituz. Mendiak lotzeko aukera ezberdinak jarraitu daitezke, baina azkenean Aratzen hasi eta Arbelaitzen amaitu edo Arbelaitzen hasi eta Aratzen amaituko dugu.

Oraingoan mendi hauek lotzeko beste ibilbide bat aurkezten dizuet, ohikoa baino luzeagoa, baina behin egin ondoren, izugarrizko zapore ona utziko dizuena. Ibilbide hau guretzat aurkikuntza ederra izan da, neguan hainbestetan jarraitzen dugun bideak elurraren azpian gordetzen duen edertasunaz gozatzeko aukera izan dugu eta.

Ibilbidea honi aurre egiteko anaiak eta biok bi baldintza jarri genituen: ibilbidea 25 kilometroetatik gorakoa izatea, eta gure bihotz taupadak 145-tik gora ez igotzea. Harrigarria da zein zaila den bigarren baldintza betetzea, eskerrak anaiaren erlojuari, bestela.

IBILBIDEA

Ibilbidea Zegama-Aizkorri maratoia, Aizkorriko gurutzea-Burnikurutz mendien arteko ertzaren bidea, PR-GI 135 eta PR-GI 70 ibilbideen nahasketa bat da, besteak-beste. Irteera puntua Otzaurten jarri genuen. Otzaurtetik gora, Zegama-Aizkorri maratoiaren ibilbidea jarraituz (bidea puntu horiz adierazita dago), Aratz mendira igo ginen. Aratz mendira doan ibilbide hau ezagutzen ez baduzue, merezi du jarraitzea, Aizkorrin dagoen biderik polit eta ederrenetako bat izan daiteke eta.

Aratz menditik behera ere maratoiaren bidea jarraitu genuen, San Adriango kobara iritsi aurretik alde batera utziz, Aiztontor altua eta Aizkorriko gurutzera “Kalbario” edo Mandobide bidetik igotzeko. Aizkorriko gurutzetik Iraulera, tarteka maratoiaren bidea eta tarteka ertza jarraitzeko marra horiz margotuta dagoen bidea jarraituz joan ginen, tartean Aitxuri, Aketegi Erpina eta Aketegi igoz.

Iraulera igo aurretik, maratoiaren bideak Urbiaruntz jotzen du. Hemen bide hau utzi eta ertza jarraitzeko margotua dagoen bidea Burnikurutz mendiraino jarraitu genuen, tartean Iraule, Arbelaitz, eta Kantuzulueta mendiak igoz.

Burnikurutz atzean utzi ondoren, Andraitz lepora jaitsi eta berriro ere maratoiaren bidearekin bat egin genuen hemendik behera denbora dexentean jarraituz. Ia Zegamaraino jaitsi behar ginela uste genuenean maratoiaren bideak bidegurutze batean mendebalderuntz hartzen zuela ikusi genuen. Puntu honetan bide hau utzi eta PR-GI135 ibilbidea jarraitu genuen berriro ere Otzaurteraino itzultzeko.

IBILBIDEAREAN DATU BATZUK

- Ibilbidearen luzera: 29,5 km.
- Abiapuntua: Otzaurte, 671 metro.
- Amaiera: Otzaurte, 671 metro.
- Altuera minimoa: Otzaurte, 671 metro.
- Altuera maximoa: Aketegi, 1551 metro.
- Desnibel positiboa osora: 1965 metro.
- Zailtasuna: Erraza. Aizkorri eta Burnikurutz mendien arteko ertzak (margo horiaz margotutako bidea jarraitzen badugu behitnzat) ia zailtasunik ez dauka. Aizkorri eta Aitxuri mendien artean bakarrik eskatuko digu eskuak erabiltzea, baina II zailtasunetik ez da igotzen.
- Igotako mendiak: 11.
- Guk egindako denbora: 7 ordu.
- Ura: ibilbide osoan hiru iturri topatuko ditugu: Aratz azpian, galtzadaren ondoan dagoen Eskaratza iturria, Itzubiagako bordaren ondoan dagoena eta Aldaola eta Collado mendien artean dagoena. Iturri hauek guztiak udan ez dute ur handirik izaten, honegatik komeni da ura eramatea. Guk hiru litro ur eraman eta azkenean lau litro ur edan genituen.

Ibilbidea.



Ibilbidearen track-a jaitsi nahi izanez gero.

Powered by Wikiloc



DESKRIBAPENA

Otzaurtera kotxez iristerakoan hemendik gora Beundera doan zementuzko pista hartuko dugu. 50 metro jarraitu ondoren, pasabide bat zeharkatu eta ezkerrean, pinudi baten ondoan, kotxea uzteko zabalune bat topatuko dugu.

08:05, Otzaurte, 671 metro. Trasteak prestatu, eguzkitako krema barra-barra eman eta ibilbidearekin hasi ginen. Hasieran komentatu bezela, Aratz mendiraino Zegama-Aizkorri maratoiaren ibilbide bera jarraitu genuen. Ibilbide osoa puntu horiekin adierazita dago eta harreta pixkat jarriz gero ez dago galtzeko inongo arazorik.

Irteteko prest.


Otzaurtetik gora ibilbidea kotxea utzitako pinudira sartzen da oin eta hauspoa berotu zigun malda bat igoz. “Pipipipi!!!!”, “zer da hoi?” Galdetu nion anaiari, “pultsometroa” erantzun zidan “145etik gora goaz eta”. Hasieran gutxietan entzun genuen “pipipi” hura, kilometroak aurrera eta desnibela batzen ginen ehinean, maizago bihurtu zen, azkenean ia ibilbidearen soinu banda bihurtuz, jejeje.

Ibilbidearen lehen metroetan.



Pinudia atzean utzi ondoren zelai zabal batera iritsi ginen, hemendik zeharka, metro gutxi batzuk irabaziz, Ultzamako ehiza postuak jarraitzen dituen pistara iritsiz.

Pinuditik atera ondoren gure eskuinera dugun ikusmira zoragarria da.



Bidea gozoa egiten da ia denbora osoan belarra zapalduz goaz eta.


Ehiza postuak dauden pistaraino eramango gaituen zeharkaldian.


Ultzamako ehiza postuak (argazkian bat ikusi daiteke) jarraitzen dituen pistara jaisten eta hemendik aurrera egin genuen bidea.



Beundetik datorren pista hau zeharkatu eta ibilbideak borda bateraino garoaz beterik dagoen zelai batetik behera eraman gintuen.

Pista zeharkatu ondoren jaitsi genuen maldan.



Aldaparen amaieran dagoen bordaren parean.


Borda gure eskuinean (ibilbidearen norantzan) utzi ondoren, jaisten jarraitu genuen Urdalur urtegira doan erreka eta pistara iritsiz.

Urdalur urtegitik datorren pistara iristen.




Behin pista honetara iristerakoan eskuineruntz (ibilbidearen norantzan) hartu genuen pista jarraituz.

Pistan korrika txikian.



Pista 10 minutu inguru jarraitu ondoren, ezkerreruntz doan bihurgunetxo baten ondoan, ezkerreruntz hartu genuen zelai batean metro batzuk egin ondoren pagadi batean sartuz.

Pista uzten den lekuan. Lurrean maratoiaren marka bat ikusi daiteke.



Pagadira sartu aurretik...



Pagadian. Argazkian ikusi daitekenez, maratoiaren markak edozein lekuetan daude.




Hemendik Aratz mendiaren gailurreraino metroak igotzen joan ginen, tarteka pista batzuk zeharkatuz.

Zeharkatzen den pistetako batean.



Pagadiaren amaieran, borda batzuk dauden zelai batera iritsi ginen. Hemen eskuineruntz (ibilbidearen norantzan) hartu genuen berriro ere pagadian sartuz.

Iker zelaian.



Pagadira sartzeko jarraitutako bidea.



Pagadian sartu ondoren, Apota eta Larribil mendietan dauden ehiza postuen lerroa jarraitu genuen, tarteka pista batzuk zeharkatuz.

Ehiza postu baten ondoan.



Ehiza postuek osatzen duten lerroan. Ikusmira ederra da.


Ehiza postu guztiak atzean utzi ondoren galtzada baten arrastoetara iritsi ginen. Galtzada hau 50 metro eskas jarraitu ondoren eskuineruntz hartu eta bidexka hestu batetik gora hasi ginen, pixkanaka, igoerak eskainiko zigun alde eder eta basatienean sartzeko.

Iker galtzadan.


Ibilbidearen alde basatienean. Leku hau ezagutzeko bakarrik merezi du ibilbide hau jarraitzea.


Bidean gora eta behera ibili ondoren, pagadia atzean utzi eta Aratz mendiaren azpian dagoen zelai zabalera atera ginen.



Azken esfortzu txiki bat eta erlojuaren “pipipi”-en artean Aratz mendiaren gailurrera igo ginen.




10:20, Aratz, 1443 metro. Gailurrean argazki pare bat egiteko denbora hartu, barrita bat jan eta ibilbidearekin jarraitu genuen.

Aratz mendian, 1443 metro. Atzean Elurzuloak eta Aizkorriko gurutzea ikusi daitezke.


Maratoiaren bidea utzi eta Aratz eta Elurzuloak mendien arteko ertzaren eskuinetik doan bidexka jarraituz Elurzuloak mendira igo ginen.

Aratz menditik Elurzuloak mendiraino jarraitu genuen bidea.



10:25, Elurzuloak 1431 metro. Hemendik behera, Aratz mendira San Adrian-dik igotzeko jarraitzen den bidea jarraitu genuen, Aratz mendiaren ipar-mendebaldean dagoen lepotik aurrera berriro ere maratoiaren bidearekin bat eginez.

Elurzuloak mendian, 1431 metro.


Elurzuloak menditik behera, ipar-mendebalderuntz, jarraitu genuen bidea.




Bideak San Adriandik datorren galtzadarekin bat egiten duen lekuan, gure eskuinean (ibilbidearen norantzan) Eskaratza iturria topatuko dugu. Berez, errekatxo baten iturburua da, baina bertako ura edangarria da.

Galtzada jarraitu eta, zelai zabal baten parean, galtzadak eskuineruntz hartzen duen bihurgunean, ezkerreruntz (ibilbidearen norantzan) lizar batzuen gerizpean doan bidexka 50 metro inguru jarraitu genuen. Galtzada uzten den lekuan indikazio poste bat topatuko dugu.

Eguneko maldarik gogorrenetakoaren azpira iritsi ginen: Kalbarioa edo mandobide.

Iker Kalbarioa hasten den lekuan.



Aizkorriko gurutzera Kalbariotik sekula igo ez bazarete hobe duzue igoera pazientziaz hartzea, oso gogorra izan gabe luzea egiten baita. Guk, erlojuaren “pipipi”-a ixildu nahian, oso poliki igo ginen, hauspoa eta oinak bere lekuan eramanez.

Ordu erdi eskaseko igoeraren ondoren pagaditik atera eta gure atzean Aratz mendia ikusteko aukera izan genuen. Lepo batera igo eta Aizkorrik gurutzera doan bide honek duen lekurik ikusgarrienera iritsi ginen: Aiztontor altua mendiaren hegoaldetik, amildegitxo baten ondoan doan igoera.

Pagadia atzean utzi ondoren iristen den lepoan. Argazkian Aiztontor mendiaren ondotik doan igoera ikusgarria ikusi daiteke.



Malda hau igo ondoren Aizkorriko gurutzea parez-pare azaldu zitzaigun. Puntu honetan, momentu batez bidea utzi eta Aiztontor Altua mendira igo ginen.

11:30 Aiztontor altua 1453 metro. Argazki pare bat egin eta berriro ere utzitako bidera itzuli ginen.

Aizkorriko gurutzera doan bidea Aiztontor altua mendiaren gailurretik.



Aiztontor altua menditik Aizkorriko gurutzera doan bideak misterio handirik ez du eta pixkanaka bertara doazen bideekin bat egiten joango ginen, Arabatik datorrenarekin lehenik eta Sancti Espiritu baselizatik datorrrenarekin ondoren. Azken bide hau da maratoiak Aizkorriko gurutzera igotzeko jarraitzen duena.

Aterpea eta baseliza alde batera utzi ondoren, mendizaleen artean Aizkorriko gurutzera igo ginen.

11:40, Aizkorri, 1538 metro. Aizkorriko gurutzean argazki azkarra egin eta, jendetzatik ihesi, gure ibilbidearekin jarraitu genuen.

Aizkorriko gurutzean, 1538 metro.



Aizkorriko gurutzetik aurrera neguan edota udan behin baino gehiagotan jarraitutako bidea jarraitu genuen, oraingoan marra horiaz adierazita dagoena (ez nahastu maratoiaren puntu horiekin). Bide hau jarraituz, di-da batean, trepadatxo erraz baten ondoren, Aitxuri mendira igo ginen.

Argazki honetan Aizkorritik Aitxurira jarraitutako bidea margotu dut. Argazkian Aketegi, Aketegi Erpina eta Iraule ere ikusi daitezke.



11:50, Aitxuri, 1480 metro. Argazki pare bat egiteko gelditu eta aurreruntz jarraitu genuen.

Aitxurin, 1480 metro.




Ipar ekialdetik, bide errazena bilatuz eta ertza alde batera utziz, Aizkorrira Urbiatik igotzen den bidearekin bat egin genuen, hemendik aurrera, berriro ere, maratoiaren bidea jarraituz. Modu honetan, ertzaren-ertzatik joan gabe, mendiak bata bestearen atzetik errazago lotzen dira, eta konturatzerako (bueno konturatzerako ez, erlojuak “pipipi” zihoan eta) Aketegi Erpinera igo ginen.

12:05, Aketegi Erpina, 1545 metro. Gailurrean argazkia atera, inguruko kanalei bistadizo azkarra bota (noiz iritsiko da negua berriro ere? jejeje) eta Aitxurirantz abiatu ginen maratoiaren bidetik.

Aketegi Erpinera iristen, atzean Aketegi.




12:10, Aketegi, 1551 metro. Gailurrean duen danborra jo eta argazkia juxtu-juxtu egin ondoren aurreruntz jarraitu genuen.

Aketegin, 1551 metro, Gipuzkoako punturik altuena.




Nardasakon kanalaren irteeratik gertu gaudenean, maratoiaren bideak beheruntz jotzen du, Urbiaruntz. Puntu honetan, bide hau utzi eta ertza egiteko bidea adierazten duten marra horiei jarraika hasi ginen, lehenik Iraule mendira igoz. Baina gailurrera iritsi aurretik, guretzat berezia den leku batean argazkia egitea nahi izan genuen: Irauleko orratzeko kanaletako irteeran dagoen gurutzea.

Iker gurutzean. Uste dut hau dela leku hontan elurrik gabe atera dugun lehen argazkia.




12:20, Iraule, 1511 metro. Bertan argazkia egin eta aurreruntz jarraitu genuen, hemendik aurrera ertzatik gehiegi ez aldenduz.

Iraulen, 1511 metro.



Iraule eta Arbelaitz mendien arteko ertza zatian ibilbide osoko zatirik hestuenak ditu, beti ere ertzaren gainean mantentzen bagara, baina zailtasunik gabe egiten da. Margotutako marra horiei jarraituz, ertza utzi eta Arbelaitz mendira bere hego-ekialde aurpegitik bidexka bat jarraituz iritsi ginen.

12:30, Arbelaitz, 1528 metro. Orain arte “kresteatzen” urrutien iritsitako lekura iritsi ginen.

Arbelaitzen, 1528 metro.


Normalean hemendik Urbiara jaitsi, eta Urbiatik San Adrianera doan ohiko bidea jarraituz itzultzen gara. Baina oraingoan Burnikurutzeko leporaino joatea nahi genuenez, gailurretik aurrera doazen marra horien atzetik jarraitu genuen.

Arbelaitz menditik behera. Oraindik urruti xamar Burnikurutz ikusi daiteke.




Lehenik Lugaitzeko lepora jaitsi eta hemendik, gure eskuinean Arbelaitz iparreko pinakulua utziz, marra horiak jarraituz Katabera ingurune karstikoan sartu ginen.

Baina Kataberan sartu aurretik gure eskuinean (ibilbidearen norantzan) buzoia duen mendi bat ikusi genuen. Bidetik gertu zegoela ikusita, zein mendi zen jakin gabe, bertaraino igo ginen.

12:45, Kantuzulueta, 1427 metro. Argazkia egin eta bideari ekin genion. Bideak hemendik Burnikurutzera itzulinguru bat egiten zuela ikusita, bariante “zuzenago” bat egitea pentsatu genuen ingurune karstikoan bete-betean sartuz.

Kantuzuluetan, 1427 metro. Atzean Burnikurutz ikusi daiteke.




Bide hau errepikatu nahi baduzue, marra horiak jarraitu eta ez egin guk egin genuena, honelako lekuetan ibiltzen ohituak ez bazaudete behintzat, istripuren bat izateko aukerak txikiak ez dira eta.

Ahuntzak baikinan, harkaitzetik harkaitzera salto eginez berriro ere hasiera batetik jarraitu beharreko bidearekin bat egin genuen, Burnikurutz mendira igoz. Gero etxean ikusiko genuen bezela, Kantuzulueta eta Burnikurutz mendien artean Lekunberri emendia igo gabe utzi genuen. Beste batean izan beharko du.

Burnikurutz mendira iristen.



12:55, Burnikurutz, 1435 metro. Mendi honetara igotzen nintzen bigarren aldia da. Lehen aldia Josurekin bere iparreko horma eskalatuz igo nuen. Oraindik mendi honetan negurako baditugu gauza asko egiteke.


Burnikurutzen, 1435 metro.


Burnikurutzetik behera, nahiz eta aldrebesa iruditu, marra horidun bidea jarraitu genuen, denbora osoan bide errazenetik ibiliz. 5 minutu eskasean Burnikurutzeko lepora iritsi ginen, beste behin maratoiaren bidearekin bat eginez.


Burnikurutzeko lepora iristen eta hemendik behera jarraitutako bidea.




13:00, Andraitzeko lepoa, 1548751 metro. Gel bat hartu, ura ederki edan eta hegoalderuntz maldan behera hasi ginen maratoiaren bidea jarraituz. Jaitsiera primerakoa da, eta izeidi baten erditik pasa ondoren (“Alpek emateue” esan zuen Ikerrek), pagadi batean sartu ginen.

Burnikurutzeko lepotik behera. Jaitsiera ederra da benetan.


Bat-batean pagadia amaitu, larizti batean sartu eta Itzubiagako bordara iritsi ginen. “Bufff!!! Ustet lehenaldie dela honea elurrikpe etortzen garela” esan zidan Ikerrek. “Usteikpe” erantzun nion “netzako behintzat lehenaldie da”.

Itzubiagako bordara iristen.


Itzubiagako bordaren ondoan dagoen iturrian ura edan eta, puntu horiak jarraituz, negutik hain ezaguna dugun bidea egiten hasi ginen, pixkanaka Nardagaizto eta Aketegi Erpineko Ezkerreko kanalen azpitik pasatuz.

Neguan hainbestetan zeharkatzen dugun lariztia zeharkatzen.


Momentu batean bidea lotsagabe hasi zen beheruntz eta Zegamaraino iritsiko ote ginen beldurra ere izan genuen, jejeje. Dena den, bagenekien gorago edo beherago Emendatz (eta bide batez, Aldaolatik) datorren pistarekin topo egingo genuela. Eta azkenean hala izan zen. Pistara iritsi eta azkenekoz maratoiaren bidea utzi eta eskuineruntz (ibilbidearen norantzan) bidea jarraitzeari eman genion PR-GI135 bidea jarraituz eta 15 minutuetan Emendatz inguruneko bordetara iritsiz.

Bidean, neguan Iralarrainardeatik igotzeko Hiruetxeta baserritik datorren bidea zeharkatuko dugu.

Maratoiaren bidea azkenekoz utzi genuen bidegurutzean.


Emendatzera iristen.




14:05, Emendatz, 850 metro. Hemendik aurrera, Aldaola arte eramaten gaituen pista jarraitzea besterik ez genuen egin.

Emendatz eta Aldaola arteko pistan.



Aldaolan dagoen aparkaleku txikira iritsi aurretik, Sancti Espiritutik jaisten den errekatxoko zubia zeharkatu eta ezkerreruntz (ibilbidearen norantzan) hartu genuen pinudi baten ertzetik pista antzeko bat jarraituz. Hemendik aurrera, Otzaurtera itzultzeko PR eta GR arrastoak jarraitu besterik ez genuen egin.

Aldaola iritsi aurreko zubia zeharkatzen eta hemendik aurrera jarraitu genuen bidea.


100 metro inguru ibili ondoren, bihurgune bat egiten duen pista batekin topo egin genuen. Pista hau larizti bat zeharkatzen du eta maldatxo baten ondoren, gure ezkerrean, laritzen artean, harrizko eraikin bat ikusiko dugu. Beste maldatxo txiki bat eta, ezkerrean utzi genuen langa baten ondoan, ibilbideko azken iturrira iritsi ginen.

Iturri honetan ibilbideko azken atsedena hartzea erabaki genuen. Botilatxoak ur frexkoarekin bete, ahal izan genuen guztia hidratatu eta maldan gora doan pista igotzen hasi ginen.

Motza baina, bildutako nekearen ondorioz gogor xamarra egiten den maldaren ondoren, Collado deitzen den mendi zabalera iritsi ginen. Hemendik aurrera bi pagadien artean doan pista jarraitu genuen, gure ezkerrean arantzadun hesi bat utziz.

Mendian behera hasi ginenean, GR eta PR markak arantzadun hesitik eskuineruntz desbideratzen joaten direla ikusi genuen, pareko Añabaso mendia inguratuz. Nire ustez bidea politagoa da arantzadun hesitik gertu mantenduz Añabaso mendiaren gailurrera igotzen bagara.

14:50, Añabaso mendia, 964 metro. Tontortxo hau Aizkorri eta Aratz mendietako atalaia paregabea da. Bertako puntu geodesikoari argazkia egin eta aurreruntz jarraitu genuen. Añabaso guretzat mendi hunkigarria da, bertan, 1980 urteko urriaren 4ean gure aitona bihotzekoak jota zendu zen eta. Nik orduan zazpi urte nituen eta momentuan zer gertatzen ari zen ez nuen ulertzen, baina aitak aitona lurrean zegoela bizi izan zuen ezintasun eta mina barruraino sartu zitzaidan. Aitona ikaragarri maite nuen, bera izan baitzen, modu handi batean, mendizaletasunaren arantza sartu zidana, inguruko hegazti eta zuhaitzak erakutsiz, mendien izenak irakatsiz eta perretxiku onak eta txarrak ezberdinduz, besteak-beste. Añabasotik pasatatzen naizen bakoitzean, ezinbestean aitonarekin gogoratu eta hunkitu egiten naiz.

Añabaso mendiaren gailurra.


Añabasotik jaitsi (arantzadun hesitik gertu doan bidexka jarraituz) eta berriro ere GR eta PR markekin topo egin genuen. Hemendik aurrera Otzaurteraino marka hauek jarraitu genituen, lehenik Beundera igoz, eta ondoren hemendik Otzaurtera doan zementuzko pista pare bat aldiz moztuz.

Honela, zazpi orduetako ibilbide lasai baten ondoren, irteera lekura itzuli ginen.

Kotxera iristen.



Kotxera iritsi eta Iker datuak ematen hasi zen: “Bihotz taupaden media 144koa izan da”, “bueno, ondo ezta?” Galdetu nion. “Bai, baña maximoa 170ekoa izan da” erantzun zidan. “Ahhh” bota nion “ordun urrengoako hoi zaindu beharren gare”.

Fisikoki, ibilbidearen helburu nagusia bihotz taupada maximoen %80tik behera ibiltzea zen, eta bihotz taupaden media muga horren barruan atera zitzaigun. Dena den, kuriosoa da %80 horretatik gora ez igotzea zenbat kostatu zitzaigun. Lehen orduetan nahiko eramangarria izan zen, baina, orduak aurrera zihoazen ehinean, edozein maldatxo edota korrika saiotxo egiterakoan han hasten zen erlojuaren “pipipi”-a. Pultsometrorik gabe joan izan bagina, ibilbidea azkarrago egingo genuela zalantzarik ez daukat, baina ziur nago kotxera iristerakoan genuen “frexkotasuna” (kakotx handien artean) ere ez genuela izango. Mendian ibiltzeko modu berria dugu, eta konturatu gabe, normalean ibiltzen garen baino polikiago joatera behartzen gaitu ibilbideak luzeagoak eginez.