AZKEN 10 SARRERAK

2014/04/17

BERIAIN (SAN DONATO), 1493 m: MOTEAUNDIKO KANALETIK 2014/03/30

Duela urte batzuk, mendiko gida edota liburuetatik kanpoko tokietara eskalatzera joateko, zorte handia izan behar zen. Beno, zortea edota lekua ezagutzen zuen baten ezagunaren lagunaren bidez eskuz egindako krokis bat lortzea. Prozesu hau guztia sekretupean egiten zen noski, norberak ustez berea zuena babestu beharra zuen eta.

Zorionez gizartea aldatzen ari da eta berarekin batera pertsonen arteko harreman eta informazio trukaketa ere. Internetek hontan guztian zeresan handia izan du, harreman "birtualak" sortuz eta informazioa denon eskuragarrri izanez. Egun, ireki berria den eskalada bide baten informazioa ia irekitako egun berean ikusteko aukera dugu, eta gainera, zalantzarik izanez gero, bidea ireki duenarekin zuzenean harremanetan jarri eta bidearen inguruko solasalditxo "birtuala" ere izan genezake. Hala ere, nire ustez, harreman pertsonala birtualaren gainetik egon beharko luke eta harreman hau ez genuke sekula galdu behar.

Duela urte batzuetatik Gotzon "birtualki" ezagutzen nuen. Berak kudeatzen duen "Mendiak Bat" bloga, durango aldeko mendiak ezagutzeko erreferente bat bihurtu da eta mendiak.net web orriko ohiko kolaboratzailea da. Nik hemendik "ezagutzen" nuen eta aspalditik genbiltzan elkarrekin mendi irteera bat egiteko asmotan, baina gauza bat edo bestearengatik gure agendak bateratzea ezinezkoa zitzaigun.

2014ko azken elurtea medio, martxoaren azken astean bion arteko Whatsapp eta mezu elektronikoa sutan jarri genuen igandean elkarrekin mendi irteera bat egiteko. Gotzonek Berianen (San Donato bezela ere ezagutua) ipar aurpegian dagoen Moteaundiko kanala igotzea proposatu zidan, ia gailur bertara doan kanal zuzen bat. Honelakoetan, ez da asko falta izaten ni konbentzintzeko, honegatik, anaiari plana zein zen komentatu eta martxoaren 30ean goizeko zazpiretan Uharte Arakil herrian gelditu ginen.

Edozein gertaeren aurrean bertsio guztiak entzun behar direla esaten da, bizipen berari bakoitzak bizitakoaren arabera bere ukitu pertsonala ematen dio eta. Azken finean, bakoitzak mundua bere betaurreko pertsonalekin ikusi eta ulertzen du. Gotzonen kronika gomendagarria irakurtzeko hemen klik egin dezakezue.

Irteeraen ondoren Gotzonek eta biok argazkiak elkarbanatu genituenez, bai kronika hontan baita bere kronikan ere bion argazkiak ikusteko aukera izango duzue. 

EGINDAKO BIDEA

Sarreran esan bezela, Beriaingo ipar aurpegian dagoen Moteaundiko kanala igo genuen. Uharte Arakiletik Beriainera doan ohiko bidea jarraitu eta mila metroetako altuerara gutxi gora behera, hito baten ondoan, ohiko bidea utzi eta ekialderuntz desbideratu ginen kanalaren hasieraren bila. Behin kanalean, zuzen jo genuen Beriainen gailurra babesten duen hormatzarraren azpiraino. Hormaren azpian berriro ere ekialderuntz hartu eta Beriainen goi-lautadara irten ginen gailurrera iritsiz.

Guztira sei erresaltetxo igo genituen igoerari bere xarma emanez. Erresaltetxo guztiak ekidin daitezke eta zailtasun handirik ez dute baina kontuz ibili beharko dugu bertara hurbiltzen bagara, zenbait lekuetan, erorketa bat larria izan daiteke eta.

Jaisteko, Uhartetik igotzen den ohiko bidea jarraitu genuen. 

Igoerarako ez genuen aparteko materialarik eraman: kranpoiak, pioletak eta kaskoa bakarrik.

Gotzonek egindako krokis honetan igoera ikusi daiteke. Argazkia Albontzak utzitakoa da.



Gotzonek egindako beste krokis bat. Argazki hau eresfea blog-eko administradoreak utzitakoa da.



DESKRIBAPENA

7:00, Uharte Arakileko igerilekuak. "Pertsonalki" elkar ezagutu ondoren (lehen hartu-eman ederra izan zen), trasteak prestatu eta martxan jarri ginen.

Goian esan bezela, Uhartetik Beriainera doan ohiko bidea jarraitu genuen. Haur-parke bat zeharkatu ondoren ur depositu batera iritsi ginen, hemendik gora pista zabal bat jarraituz. Denbora gutxira zabortegi batera iritsi ginen. Igoeran zabortegia bere ezkerretik (igoerako norantzan) pista jarraituz inguratu genuen, jaitsieran aldiz, zabortegia erditik zuzen-zuzen zeharkatu genuen.

Iker eta Gotzon zabortegiaren sarreran. Igoeran ezkerreko pista eta jaitsieran eskuinekoa jarraitu genuen. Argazkian, karratu baten barruan, Moteaundiko kanala ikusi daiteke.


Zabortegia atzean utzi ondoren bideak pixkanaka goruntz jotzen du gure hauspo eta oinen kalterako. Eskerrak lasai-lasai, solasalditxo bat izanez igo ginela.



Eta zertaz hitzegiten da honelakoetan? Ba batzen gaituenaz, mendiaz alegia. Gotzonek Marokon izandako esperientziaz hitzegin zigun (hemen irakurri dezakezue): "Toubkalera joan behar duzue" esaten zigun behin eta berriz. Ikerrek aldiz, ihaz Chile eta Perun izandako esperientziaz aritu zen.

07:45, Beriaingo bidea utzitako lekua, 1000 metro inguru. Mila metro ingurura, ezkerreruntz doan bihurgune baten ondoan dagoen hito batean, Beriaingo ohiko bidea utzi eta ekialderuntz hartu genuen.

Argazki honetan ohiko bidea utzitako puntua ikusi daiteke.


Hamar minutu inguruko zeharkaldi horizontalaren ondoren, kanalaren hasierara iritsi ginen.

07:55, Kanalaren hasiera, 1000 metro. Kanala, beroak eramandako elurra dela eta, elurrez erdi estalitako harrikara moduan topatu genuen. Atsedentxo bat hartu, ur pixkat edan eta argazki batzuk egin ondoren martxan jarri ginen. Hasieran zalantzak izan nituen zein punturaino erraz igoko ginen, baina lehen pausuen ondoren, elur gehien zuten lekuak jarraituz, uste baino errazago igotzen hasi ginen.

Kanalaren hasiera.


Kanala, Beriainen gailurra babesten duen hormatzarreraino doan sei mailetako eskilara luze bat da, argazkian lau bakarrik ikusten diren harren.


Gotzon kanalaren hasieran.


Anaia eta biok elur gehien zegoen lekuen bila.


Goruntz gindoazen ehinean, gure lasaitasurerako, elurraren kantitatea handituz joan zen, kalitatea tamalez, erdipurdi mantenduz.

Igotzen hasi eta ordulaurdenera gutxi gora behera lehen erresaltera iritsi ginen.

08:20, lehen erresaltea. Erresaltek 2-3 metro inguru izango ditu eta nahi den lekutik igo daiteke, zailtasuna gustura eginez.

Gotzonek eta biok erresaltearen eskuinetik igo ginen, argazkian ikusten den bezela. Gu igo ginen lekutik zailtasuna II inguruan ibiliko da.


Ikerrek aldiz, zuzen igo zuen.


Ni erresaltea igo ondoren. Zuhaixken adarrak ederki etorri zitzaizkidan errazago igotzeko.



Lehen erresaltetik gora gauzak dexente aldatu ziren. Elur jausi batek egindako bidearen gainetik igotzen hasi eta bertan elurra gogorragoa zegoela aprobetsatuz, arinago igotzen hasi ginen.

Gotzon igoeraz disfrutatzen.


Iker eta biok aurretik. Aurrean hurrengo hiru erresalteak ikusi daitezke.


Elurraren kalitatea hobea bai, baina malda handiagoa ere topatu genuen. Honelakoetan hobe izaten da lurrera begira igotzea.



08:30, bigarren erresaltea. Bigarren erresaltea zuzen igo genuen erresaltearen erdian dagoen harkaitzaren heldulekuak aprobetsatuz. Zailtasun handirik ez genuen topatu, baina lehen erresaltea baina zailtasun apur bat gehiago zuela iruditu zitzaigun. Erresalte honek ere 3 metro inguru izango ditu.

Iker erresaltearen hasieran...



... Eta bertatik irteten, behean Gotzon dator.



08:35, hirugarren erresaltea. Bigarren eta hirugarren erresalteen artean 30 metro eskas izango dira. "Eta pioloak ateratzen baditugu?" Bota zigun Ikerrek. "Erresaltea tentegoa emateo, piolokin errexau igoko gea". Bitan pentsatu gabe, pioletak eta kaskoa atera, makuluak gorde eta erresaltea igo genuen. Ikerrek aurrikusi bezela, pioleten laguntzaz erresaltea nahiko erraz igo genuen. Erresaltearen luzera? Aurrekoen antzera, 3 metro inguru.

Hirugarren erresaltea.



Ikerrek eta biok erresaltea zuzen igo genuen, Gotzonek aldiz, erresaltearen eskuinetik igo zen. Batetik edo bestetik igota ere zailtasuna antzekoa da, II+ inguru.

Gotzon eta biok erresaltetik ateratzen.



Erresalte honen ondoren, eta beste 30 metro inguru igo ondoren, laugarren erresaltearekin topo egin genuen.

08:45, laugarren erresaltea. Erresalte hau izan zen bide osoan zailena iruditu zitzaiguna. Honen luzera ere hiru metro ingurukoa izango da eta zailtasuna III inguruan kokatu daiteke. Bertan dagoen harkaitza oso labainkorra da eta pioletekin trakzionatzeko toki askorik ez dago. Eskuineko botaren punta jarri beharreko leku txiki batean oina jarri, eta fede pixkat batekin altsatu ondoren erresaltea igo genuen.

Iker erresaltearen sarreran


Erresaltearekin borrokan.


Bideo honetan Ikerren igoera ikusteko aukera duzue.



Gotzon eta biok erresaltetik ateratzen.


Irteeran, esan bezela erresalte honetan uste baino zailtasun gehiago topatu genuen.


Gotzon erresaltearen irteeran.


Erresalte honen ondoren 70 metro inguruko malda igo behar izan genuen bosgarren erresalteraino.

Iker bosgarren erresaltearen azpian.



09:00, bosgarren erresaltea. Erresaltearen luzera (5-6 metro inguru) eta bertikalitatea ikusita, badaezpada kranpoiak ateratzea erabaki genuen, "modu honetan hobe igoko gea" esan zuen Ikerrek.

Bosgarren erresaltera hurbiltzen.


Erresaltearen azpian bi iltze eta kordino batez osatutako bilgune bat topatu genuen: "Ze itteo kordino batek hemen?" Galdetu nuen "Joer, ba beko erresaltea hau baño zallagua huen" esan zuen Gotzonek. Ez dakit elurraren kantitateagatik edo, baina bilgune bat topatzea erabat harritu gintuen.

Argazki honetan bi iltzen kokalekua adierazi dut. Ni kordinoa heusten ari naiz.


Ikerrek eta biok bilgunetik goruntz zuzen jo genuen, Gotzonek aldiz, erresaltearen ezkerrekik (igoerako norantzan) igo zuen. Zailtasuna II+ inguruan egongo da.

Bideo honetan Gotzon eta bion igoera ikusteko aukera duzue.




Erresaltea igo ondoren.


Hemendik gora lainoak erabat estali gintuen. Gutxi gora beherako erreferentzi bat hartuz, goruntz zuzen jarraitzea erabaki genuen kanal hestu bateraino iritsi ginen arte.

Gotzon eta biok kanalaren hasierara iristen.


Kanalaren sarreraren eskuinean erdi estalita dagoen lezetxoa.


09:10, kanal hestua. Hasieran kanal hontatik gora jarraitu hala ez zalantzan izan ginen, goian zer zegoen ez zen ikusten eta. "Hemen eonda, guazen probatzea" bota nien "goien ez du ematen kriston pareta daunik, eta hala badau, kanal hau errez jatxiko deu". Honela ba, zalantza pixkatekin kanala igotzen hasi ginen.

Kanalaren lehen metroetan.


Gotzon eta Iker igotzeko prest.


Lehen metroetan...


...Gotzon kanalaren erdialdean...


... Eta Iker kanalaren irteeran.


Egia esan, 50 metro inguruko kanal hestu hau eguneko sorpresa atseginena izan zen eta haurren moduan gozatu genuen. Kanalaren irteeran seigarren erresaltea, eta gaurko azkenekoa, topatu genuen.

09:15, seigarren erresaltea. Seigarren erresaltea, belarrez josita zegoenez, piolet eta kranpoiekin erraz igo genuen. 2-3 metro inguru izango ditu eta zailtasuna II inguruan egongo da.

Iker erresaltearen azpian.


Erresaltetik atera eta gure ezkerrean goruntz kanal hestu bat zihoala ikusi genuen. Nora zeraman ikusten ez zenez, bazpare eskuineruntz (ekialderuntz) jo genuen zer zegoen ikustera. "Hemendik beste kanal bat dator!!" Oihukatu nien. Iker eta Gotzon hurbildu eta Beriain mendiak sortzen duen goi-lautadaraino zuzen doan kanala ote zen pentsatu zuten. Dena den, Iker eta bioi ezkerrean (mendebaldean) zegoen kanal hestu eta bertikalera begiak joan zitzaizkigun eta "Ya ke hemen garen probau beharko deu" batekin goruntz hasi ginen.

Iker eta biok kanala igotzen.


40 metro inguruko igoeraren ondoren gure ezkerrean orratz bat eta parean horma bertikal bat agertu zen. "Ufffff!!! Hemendik ezin gea gora igo" esan nion anaiari. Gure eskuinean belarrez estalitako 65 gradu ingurko horma ikusi genuen. "Ta hemendio saiatzen bagea?" Galdetu nion. "Ez al gea enmarronatuko?" Esan zigun Gotzonek. "Nahi bazue ni aurretio igoko naiz eta irteerarik badu abixatukoizuet" erantzun nien.

Honela ba, goruntz eskalatzen hasi nintzen.

Ni aurretik horma eskalatzen eta Iker azpian zain.


30 metro inguruko eskaladatxoaren ondoren (bertan piolet eta kranpoiak ongi sartzeko aukerak topatu genituen), Beriaingo gailurraren azpian dagoen erlaitz zabalera iritsi nintzen. Ekialderuntz metro batzuk egin ondoren, goi-lautadara zihoan irteera ikusi nuen. Atzera itzuli eta "hemendio irteera bat dau!!!!" Oihukatu nien.

Iker lehenik eta Gotzon ondoren erlaitzean azaldu ziren.

Iker erlaitzean, horma eskalatu ondoren.



Bideo hontan Gotzonen igoera ikusteko aukera duzue.


Erlaitzean ekialderuntz 40 metro inguru ibili ondoren, Beriaingo ipar aurpegian dagoen kobara iritsi ginen.

Iker eta Gotzon erlaitz zabalean.


09:40, koba. "Joer, hau da lekue" esan nion Gotzoni, "Ba bai, hemen kriston bibak akojonantea egin leike" erantzun zidan. "Dudaik ez izan" bota zuen Ikerrek. Koba ez da oso sakona baina 15 bat metro inguruko altuera izango du.

Kobaren barruan.


"Hamaiketakoa hemen ingodeu?" Galdetu zigun Gotzonek. "Ba igual bai" erantzun zion Ikerrek, "goien kriston haizea ibilikoa ta". Bitan pentsatu gabe motxilak kendu jan eta edateko gauzak atera eta merezitako atsedena egin genuen.

Ordulaurden inguruko atsedentxoaren ondoren goruntz jarraitu genuen.

Iker eta biok koban eta hemendik gora jarraitu genuen bidea.



Zeharkalditxo erraz baten ondoren, Beriaingo goi-lautadara igo ginen.

Iker eta Gotzon goi-lautadara iristen.


Eta behin goi-lautadan, bost minutu eskasean Beriainen gailurrera iritsi ginen.

10:10, Beriain, ,1493 metro. Gailurrean zeuden mendizale batzuei gailurreko argazkia egiteko eskatu eta, haizeagatik ihesi, bertan dagoen baselizara sartu ginen.

Berian, 1493 metro.



Baselizan berriro ere atsedentxoa hartu, kranpoi, kaskoak eta pioletak jaso, eta Uhartetik igotzen den ohiko bidetik kotxera itzuli ginen haizearekin borroka handiak egin ondoren. Jaitsieran topatu genuen behe-laino eta elurra zela eta, eskerrak Ikerrek GPS-a eraman zuen ez baitzen oso urrutira ikusten.


Zabortegitik Berianen ipar hormara eginiko azken argazkia, ziur datorren neguan berriro ere itzuliko garela.


Orokorrean esan dezaketa bide ederra egin genuela, zailtasun atseginekoa eta Berianeko gailurrera iristeko aukera ederra eskeintzen duena. Guretzat, bide eder bat ezagutzetik aparte, tipo jator bat ezagutzeko aukera ere izan zen.

Ziur nago Gotzonekin irteera gehiago egingo ditugula!!!!


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina