Buruak izan dezakeen ahalmen eta boterean sinisten dut, baina baita ere, beharbada nire erizain ikasketeengatik "kutsatuta", gorputzaren ahalmen fisiologikoaren muga zeharkatzen dugunean arrisku bizian izaten garela. Horrenbesterako muturreko kasura iritsi gabe izan zen mendi irteera honetan Ikerri gertatu zitzaiona, gorputzak "Ez" esaten zuen bitartean buruak "Bai" esaten zuen. Zazpi orduetako borrokaren ondoren oraingoan buruak irabazi eta etxera zoriontsu itzuli ginen, ez pentsatuta genuena betetzeagatik, egindako borrokagatik baizik.
Néouvielle Erreserba Naturala, 1936 urtean eratu zen eta frantziar Pirinioetako Erreserba zaharrenetakoa da. Oso ezaguna da dituen laku eta urtegi kopuruarengatik (80tik gora) eta kotxez hurbiltzeko duen erraztasuna eta berezko edertasunagatik oso bisitatuta da. Piriniotako hirumilakoak igotzea gustuko duzuenentzat hemen 16 hirumilako igotzeko aukera dute, horietatik ezagunenak beharbada Néouvielle eta Pic Long, azken hau Erreserba Naturaleko mendirik altuena.
Néouvielle Erreserba Naturalean sekula izan gabe geunden. Nahiz eta behin baino gehiagotan Bielsako tunela zeharkatu, Frantziako Fabian herrian dagoen bidegurutzeari kasurik egin gabe aurreruntz jarraitzen genuen, Cap de Long eta Néouvielle Erreserba Naturalera joateko bidea adierazten duen kartela existituko ez balitz bezela. Bertatik ezagutzen genuen gauza bakarra Néouvielle mendira doan Trois Conseillers edo Hiru Kontseilariak hertza zen, aspaldi egiteke ditugun proiektuen karpetan dagoena. Baina hertza honetatik aparte gauza zeharo interesgarriak zeudela irakurtzen hasi eta egunen batean bisitatxo bat egingo geniola adostu genuen.
Eta lehen bisitarako eguna 2014ko abuztuaren 15a ezarri genuen. Etxean dugun dokumentazio eta liburuak aztertzen hasi eta lehen bisitatxo honetarako zailtasun gutxiko ibilbide bat prestatu nuen: Pic D'Estaragne, Pic de Campbieil eta Hego-hegomendebaldeko Campbieil edo Lentilla mendiak igotzea. Indarrez ongi sentituko bagina, jaitsieran Pic Maubic eta Tourrat orratza ere igotzeko aukera adostu genuen, modu honetan ibiltze hutsetik haratago joango zen ibilbidea borobilduz.
Hasieran ireera osoa egun berean egiteko aukera egiteko asmoz izan ginen, baina zazpi orduetako kotxe bidaia eta 8-9 orduetako ibilbidea gehiegitxo iruditu zitzaigun.
Honela, irteera bi egunetan banatu genuen: lehen egunean, abuztuaren 14ean, lanetik atera ondoren, Oredon lakuaren alboan dagoen izen bereko aterpera joan ginen bertan afaldu, lo eta gosaltzeko.
Aterpe honetara iristeko, behin Biriatouko muga pasatzerakoan A-63 eta A-64 autopistak jarraitu genituen. A-64 autopistaren 16garren irteeran ("Lannemezan/Arreau"), autopista utzi eta hemendik aurrera Saint-Lary Soulan herrira doazen bidegurutze eta biribilgune guztiak jarraitu genituen. Saint-Lary Soulan herritik D-929 errepidea jarraitu genuen Bielsako tunelaren norantzan, Fabian herriraino. Herri honetan errepidea ezkerreruntz doan bihurgune handi batean eskuineruntz hartu genuen, D-929 errepidea jarraituz eta "Reserve Naturelle du Néouvielle", "Lac de Cap de Long" eta "Lac d'Oredon" kartelak dituen posteari kasu eginez. Hemendik gora bidea hestutu egiten da eta denbora gutxian altuera handia irabazi ondoren (eta jaisten datozen hainbat kotxe hala nola ekidin ondoren), 1900 metro altuera inguran eskuineruntz hartu genuen "Lac d'Oredon" kartela jarraituz. Hemendik 10 minutu eskasera, hesi baten ondoan ticket bat hartu ondoren, aterpera iritsi ginen. Ordiziatik guztira aterperaino hiru ordu t'erdi inguru pasa genuen.
Aterpeak kotxea uzteko leku eskasa dauka, baina lakuaren inguruan leku asko dago kotxea uzteko. Dirudienez, behin ticket-a hartuta ordaindu beharra dago baina gu goizeko seirak aldera pasa ginenean, hesira hurbildu eta automatikoki, ezer ordaindu gabe, ireki egin zen gure zoriontasunerako.
Aterpea 1800 urtearen inguruan ireki zen eta bertan aintzinako eraikinek duten kutsu hori arnastu daiteke. Denetarik dauka: komunak, dutxak, pertsona altuak eroso lo egiteko literak eta, nire gustuz, janari ederra, nahiz eta anaiak Frantzian edozein janariari botatzen dioten espeziak gustuko ez izan. Neguan, 8-10 mendizaleentzako lekua uzten dute. Pentsio erdirako 37 euro ordaindu genuen bakoitzak.
Gosariak goizeko zapiretan ematen hasten dira, baina lehenago gosaldu nahi ezkero, gosaria termoetan uzten dituzte lasai asko gosaldu ahal izateko. Gure kasuan, gozieko bost t'erdietan gosaldu genuen eta ez genuen inongo arazorik izan.
Aterpea Lac de Cap de Long lakura doan errepidetik ikusita. Honen ezkerrean Lac d'Oredon ikusi daiteke.
Aterpea, aparkaleku txikia ikusi daiteke. Azpian dagoen eraikin txiki batean beste aparkaleku txiki bat dago.
Azpiko eraikinean dagoen aparkaleku txikia. Guztira 8-9 kotxe sartuko dira aparkaleku txiki honetan.
Bigarren egunean, ibilbidea egin genuen.
EGINDAKO IBILBIDEA
Kotxea Vall D'Estaragne haranaren sarreran dagoen aparkaleku txikian utzi genuen, Lac de Cap de Long lakua baino kilometro pare bat beherago, Estaragne erreka zeharkatzen duen zubixkaren ondoren.
Estaragne mendira igotzeko Estaragne harana zeharkatzen duen ohiko bidea jarraitu genuen, Col D'Estaragne lepora doan bidea gure eskuinean (mendebaldean) utziz. Pic D'Estaragne eta Pic de Campbieil mendien arteko ohiko bideak bi mendien arteko hertzaren ipar mendebaldetik doa eta zailtasun handirik ez dauka Campbieil mendiaren gailurraren aurretik dagoen harkaitz plaka leuna izan ezik. Puntu honetan kontu handiz ibili behar da, batez ere bustita badago. Amaitzeko, bi Campbieil mendien arteko bideak ez dauka inongo zailtasunik eta bi mendien arteko hertza jarraitzea besterik ez da.
Jaisteko, hego-hegomendebaldeko Campbieil edo Lentila menditik Hourquette de Cap de Long lepora jaitsi eta hemendik Cap de Long lakura jaitsi ginen ibilbide borobil bat eginez.
Argazki honetan jarraitutako bidea ikusi daiteke.
Ibilbidearen track-a jaitsi nahi izanez gero.
Powered by Wikiloc
ERAMANDAKO MATERIALA
Irteera honetarako ez genuen aparteko materialarik eraman, kranpoiak eta pioleta bakarrik, baina ez genituen jantzi ere egin.
IBILBIDEAREN DATU BATZUK
- Ibilbidearen luzera: 15 km.
- Abiapuntua: Vall D'Estaragne-ren sarreran dagoen aparkalekua, 2080 metro.
- Amaiera: Vall D'Estaragne-ren sarreran dagoen aparkalekua, 2080 metro.
- Altuera minimoa: Vall D'Estaragne-ren sarreran dagoen aparkalekua, 2080 metro.
- Altuera maximoa: Pic de Campbieil, 3173 metro.
- Desnibel positiboa osora: 1240 metro.
- Zailtasuna: Erraza, baina Campbieil mendiaren aurretik dauden harkaitz leuneko plakak bustiak badaude bidea arriskutsu bihurtu daiteke.
- Igotako mendiak: 3.
- Guk egindako denbora: zazpi ordu eta laurden atsedenaldiak barne.
- Ura: Igoeran Estaragne haranean non-nahi topatu daiteke. Jaitsieran, Gourg de Cap de Long ibonetik behera ere edozein lekuetan topatu dezakegu.
DESKRIBAPENA
Aterpean gosaltzen ari ginela Iker komunera joan eta aurpegi txarrarekin itzuli zen. "Dena ondo?" Galdetu nion "Buf, beherakoa ta botaka indet" erantzun zidan. "Ta oain hobeto zare?", "Ba ez pentsa, hotzikarak ta tripak erabat aztorautaittut" erantzun zidan.
Ikerrek ezer gosaldu gabe kotxean sartu eta martxan jarri ginen. Aparkalekura iritsi eta kanpoan bi gradu besterik ez zeudela ikusi genuen. "Zemuz?" Galdetu nion, "gaizki" erantzun zidan hotz. "Etxera jun nahizu?" Galdetu nion ezezko baten esperantzan. "Ez, ateako gea eta ea zemuz nijon" erantzun zidan kotxearen atea irekiz.
6:15, aparkalekua, 2080 metro. Bidean zehar Ikerren gorputza berotu eta zuen egoerari buelta emango zionaren esperantzan martxan hasi ginen iluntasun hotzean murgilduz.
Trasteak prestatzen.
Errepidearen ondoan dagoen kartela.
Argazki bera itzuli ginenean, hemen kartela argi ikusten da.
Ibilbidea hasten den lekua.
Kotxea utzi genuen lekutik, errepidea zeharkatu eta hegoalderuntz hartu genuen Estaragne haranean sartuz. Lehen metro eta minutuak erdi ilunpetan bete genituen, gure frontalen argien gainetik mendien soslaiak zerra baten hortzak bailiran ikusiz. Abuztuaren amaieran somatzen da eguzkiari gehiago kostatzen zaiola ohetik jaikitzea eta egunsentiaren lehen argiak mendi goietan jotzerako ia zazpirak izan ziren.
Ibilbidearen hasieran. Argazkia jaitsieran egina dago. Ibilbidearean hasieratik lehen hirumilakoa ikusteko aukera izango dugu.
Estaragne haranaren barnean doan ibilbidea gozoa egin genuen, gure ezkerrean Estaragne errekaren soinu liluragarria bidelagun genuela. Ibilbidea hegoaldeko norantzarekin doa belar gozoaren artean. Ur jauzi txiki batzuetara iristear geundela zelai batean gora doan malda bat aurrez-aurre topatu genuen. Ordurako Iker pare bat alditan barrenak hustutzera joanda zegoen eta batzuetan aurretik eta besteetan atzetik ixilik eta hotzak akatzen zihoan, nahiz eta mugimenduaren eraginez, kotxetik atera ondoren sentitzen genuen hotza aspaldi atzean utzi. Nik badaezpada ez nion ezer galdetu, honelakoetan erantzun zakar bat jasotzeko arriskua izaten baita.
Estaragne haranaren zeharkaldia. Argazkian ikusten den bezela bidea gozo-gozoa da, gure ezkerrean erreka utziz. Argazkian ere zelaian gora doan malda ikusi daiteke.
Malda igotzen hasi eta konturatzerako atzera begiratu eta anaia atzean gelditzen ari zela ikusi nuen: “malo“ pentsatu nuen. Maldaren amaieran bere zain egon ondoren, anaiak berriro ere libratzeko beharra zuela esan zidan, azkar-azkar harkaitz handi baten atzean izkutatuz. Ez dakit zenbagarren aldiz libratu eta botaka egin ondoren berriro ere hurbildu zenean “zemuz ?“ galdetu nion. “Gaizki“ erantzun zidan amorrazio eta etsipen malkoen artean. “Notizi on eta txar bat dauket zutzako“, komentatu nion, “ona, botikiñen baukatela botika bat botagurea ta tripetako ondo jungo zaizuna“. “Ta txarra suposatzet izangoela ipurdin jarri beharko diazula, ezta?“. “Ba bai“ erantzun nion. “Naun bezela edozein lekutiore hartuko nuke“.
Botikinetik “Primperan“ anpulu bat atera eta kontu handiz ipur-masailean jarri nion. “Oain 10-15 minutu itxoin beharkoittuzu efektue itteko“.
Malda igo ondoren atzeruntz dagoen ikusmira.
Eta ia aurreko argazkia egindako puntu beretik aurretik dugun bidea.
Ibilbidea hasi eta ia ordubetera belarrak harkaitz eta harriari txanda eman zion. Hemen, negu gogorrek eta elurrek okertutako Parke Nazionalaren arautegia adierazten duen kartel batekin topo egin genuen.
Kartela dagoen lekura iristen.
Kartela.
Kartela atzean utzi eta, haranaren amaieran dagoen hormaren azpira iristear geundela, harkaitz eta harri txikiz estalitako zabalune batera iritsi ginen. Hemen bideak hego-mendebaldeko norantza hartu eta Cylindre D’Estaragne menditik erortzen den hormaren ondotik doan zelai batetik gora hasi ginen, poliki-poliki, bakoitzak bere prozesioa barruan zuela.
Harriz estalitako zabalunean. Hemendik gora doan bidea ikusi daiteke.
Atzera begirada, itzal eta mendien gainetik Arbizon mendia nagusi ikusi daiteke.
Malda honetan ura hartzeko azken aukera izan genuen, hemendik gora ez baikenuen ur gehiagorik izango.
Maldaren lehen metroetan eta ura hartu daiteken azken lekuetako batean.
Maldaren amaieratik beheruntz egindako argazkia.
Malda gogor honen amaieran Estaragne mendiek osatzen duten zirko antzeko batera iritsi ginen. Anaiak topatu zuen lehen harkaitz handi baten gainean bere gorputza bota eta errenditu egin zen: “Ezin det gehio, segi zuk bakarrik” esan zidan. “Ni por el forro” erantzun nion “edo biok jarraitzen deu edo biok itzultzen gea”. “Gutxiñez botagureik eztauket baña urdailalden miñe bai”, “hoi botaka ittetik izanleike”, “kotxetio atera garenetio helburu txikik jartzen aittu naiz: benga, horko harriraño, hauzkaldeko hitoraino, malda igo arte…“, “gañea atzotio baraurik zare, zeatio eztezu zeozer jaten?”. Hirutan pentsatu ondoren, bere burua barrita eta gel bat jatera behartu eta ur tragoxka bat hartu zuen. Ordu erdiz gutxi gora behera ez aurrera ez atzera egon ondoren, Estaragne gailurra eta haranari begiratu eta, bien arteko distantzia eta aldekoak eta kontrakoak kalkulatzen aritu izan balitz bezela aurrera jarraituko zuela esan zidan. Honelako egoeratan norberaren berekoikeria eta gailur gosea irteten da eta onartu beharra daukat neronek ere, gailur goseaz kutsatuta, anaia erabaki hau hartzera nolabait “behartu” nuela buruak gorputzaren gain duen indarraren apologia eginez.
Zirkoaren azpian dagoen bailaratxotik aurrera jarraitzeko bi aukera genuen: Lehenengoa, hego-mendebalderuntz doan bidea jarraitu Col D’Estaragne leporaino eta hemendik Estaragne mendiraino doan hertza jarraitu. Bigarren aukera hegoaldeko norantzarekin jarraitzea zen Estaragne mendiaren ipar aurpegia orbain baten moduan zeharkatzen duen harkaitz lerro bateraino. Harkaitz lerroa jarraituz, Pic Mechant eta Estaragne mendiak lotzen dituen Crête des Cintes Blanques hertzaraino igo, eta hemendik, gailurraren iparretik mendebalderuntz zeharkaldi bat eginez, Estaragne mendiaren gailurrera igoko ginen. Guk, kresteatzen aritzeko gogo eta indar gutxiarekin izango ginela ikusita, bigarren aukera hartu genuen.
Iker martxan hasteko prest. Argazkian igotzeko bi aukerak ikusi daitezke, gorriz guk jarraitutakoa.
Argazki honetan guk jarraitu genuen bidea ikusi daiteke.
Aurreko argazkia egindako hito beretik Col D'Estaragne leporaino doan bidea ikusi daiteke.
Hito bateraino iritsi eta bide “ofiziala” gu geunden lekutik 50 metro inguru gorago zihoala ikusita, zeharkaldi diagonal bat egin genuen, bi harkaitz handien artetik pasatu eta hitoz ondo adierazitako bide "ofizialarekin" bat egin arte.
Zeharkaldi diagonalaren hasieran. Bidea bi harkaitz handien arteko pasabidea igaro arte margotuta dago.
Bi harkaitz handien arteko pasabidea zeharkatu ondoren jarraitutako bidea.
Pic Mechant eta Pic de Bugatet mendietara egindako argazkia.
Behin bidean, eguzkiaren indarraren ondorioz biguntzen hasita zeuden bi elurtegi kontu handiz zeharkatu eta harri aske eta harez beteriko malda bat igo ondoren harkaitz lerroaren azpira iritsi ginen.
Elurtegia zeharkatzen, atzean Cylindre D'Estaragne mendi ikusgarria.
Hasiera batean hemendik gora bide nondik zihoan ez genuen garbi ikusi eta eskaladatxoren bat egiten ere saiatu ginen. Azkenean, gure eskuinean elurtegi batek erdi izkutuan zituen hitoak jarraituz bidea ekialderuntz jarraitu genuen, kontu handiz, arraultzak zapaltzen ari bagina bezala, oraindik 2 milimetro inguruko izotz geruza fin bat zuten harkaitz batzuen gainetik. “Hestuasun” honen ondoren harkaitz lerroaren gainera inongo arazorik gabe igo ginen.
Harkaitz lerroak osatzen duen hormaren azpian eta hemendik aurrera, elurtegiaren ondoan zeuden harkaitz izoztuen gainetik jarraitu genuen bidea.
Atzera begirada, ikusmira ederra denbora osoan.
Pic de Bugatet, Pic Mechant eta hemendik gora doan Crête des Cintes Blanques hertza.
Hemendik aurrera, ongi zapaldutako bide batetik, Hansel eta Gretel ogi apurren atzetik bezela, hitoak jarraituz Crête de Cintes Blanques hertzara igo ginen, bestaldean lehen aldiz Pic De Campbieil mendiaren ekialdeko horma ikaragarria azalduz. Ordurako Iker nire aurretik 30 metro ingurura zihoan, ixilik eta buru-makur, bizkarrean zeraman motxilatik aparte buruan zeramanaren pisuarekin. Eguneroko bizitzan gertatzen den bezela, zu ongi zaudenean edo zugan eragin zuzenik ez duenean erraza izaten da besteen ahuldadea ikustea edo besteek egin edo esaten dutena kritikatzea. Nire berekoikerian, noizik eta behin pentsatzen nuen: “ez al da ba azkarxeago jungo? Pausu honetan ezkea sekula allauko”.
Harkaitz lerroaren amaieran ongi zapaldutako bidean. Argazkian hito bat ikusi daiteke.
Crête des Cintes Blanques hertzara egin behar den igoeraren azpian.
Iker hertzan eta hemendik aurrera jarraitu genuen bidea. Gainean ikusten den gailurra Estaragne mendiarena da.
Pic de Campbieil mendiaren ekialdeko horma ikusgarria hertzatik ikusita.
Crête de Cintes Blanques hertzan argazki batzuk egin eta berriro ere mendebalderuntz hartu genuen, Estaragne mendiaren gailurraren azpian zeharkaldi horizontal bat eginez, bere ipar-ekialdetik datorren hertzaren ingururaino. Hemen bideak berriro ere ekialderuntz hartu eta pentsatutakoa baino ordu bete beranduago, gure bizkarrean Néouvielle mendiaren inguruko hirumilakoak hodeiengatik erdi estalita zeudela, gailurrera iritsi ginen.
Zeharkaldiaren erdialdean.
Ipar ekialdeko hertzara iristen, parean Cylindre D'Estaragne eta, erdi estalita, Néouvielle inguruko hirumilakoak.
Iker Pic D'Estaragne mendiaren gailurrean iritsi zenean.
09:30, Pic D’Estaragne, 3006 metro. “Zemuz?” Galdetu nion beste behin anaiari. “Hobeto baña tripak oaindik eztauzket ondo ta gañea buruko miñe jarri zait”. “Besteraño jarraitTuko deu?”, “Behin honea allauta hauntzaño iritsiko naiz” erantzun zidan. Argazki batzuk egin eta gailurrean dagoen hitoaren harri artean gordetako kaxa metalikoko kuadernotxoa topatu ondoren aurreruntz jarraitu genuen.
Pic D'Estaragne mendian, 3006 metro.
Cylindre D'Estaragne menditik datorren hertzaruntz egindako argazkia. Col D'Estaragne lepotik igo ezkero, hertza honetatik etorri behar da.
Campbieil mendia Estaragne mendiaren hegomendebaldean dago eta biderik zuzenena bien arteko hertzaren eskuinetik zihoan bidexka jarraitzea zela ikusi genuen. Estaragne mendiaren hegomendebaldeko aurpegian dagoen bidea hartu eta bere ezkerretik inguratu genuen elurtegi batera jaitsi ginen, hertzara hurbilduz. Bi mendi hauen arteko bidea oso zapaldua dago eta nire ustez galtzeko harriskurik ez dauka (ikusi beharko litzateke behe lainoko egun batean).
Campbieil mendia Estaragne menditik. Gorriz, bi mendien arteko biderik zuzenena eta urdinez, Campbieil mendira igotzeko bide errazagoa dena esaten dutena.
Campbieil mendiaren gailurra eta honen azpian dagoen harkaitz plaka leunen pasaleku famatua.
Estaragne mendiaren azpian zegoen elurtegia inguratzen.
Momentu batean Estaragne gailurretik ikusten genuen bidegurutze bateraino iritsi ginen. Bidegurutze honetan bi aukera genituen: lehenengoa, aurreruntz jarraitzea altuera handirik irabazi gabe, gero maldan gora hasi eta Campbieil mendiaren azpian dauden harkaitz leunetara iristeko. Bigarrena, guk aukeratu genuena, ezkerreruntz diagonalean doan bidea jarraitzea zen, gure ustez zuzenagoa, baina, geroago ikusiko genuen bezela, esposizio handiagokoa ere.
Iker bidegurutzera iristen. Gorriz, guk jarraitu genuen bidea.
Bidegurutzea pasa ondoren atzeruntz egindako argazkia. Bertan Estaragne menditik honaino jarraitutako bidea ikusi daiteke.
Iker aurretik zihoala aprobetsatuz bideari ez nion harreta handirik jarri, honela, bapatean bidea desagertu eta harkaitz gris eta hauskorretan ageriko zeharkaldiak egiten hasi ginenean ezin izan nuen “baña bidetik goaz?” bat botatzea ekidin. “GPS-ren arabera biden gañetik goaz” erantzun zidan. Leku guztietaik hausten zen harkaitzean zeharkaldiak eta trepadatxoak egin eta hainbat harri eta harkaitz maldan behera bota ondoren, hito baten parera iritsi ginen: “ba bai” pentsatu nuen “sobrare biden gañetik juten aittugea”. Espero ez genuen ageriko zeharkaldi honen ondoren ongi zapaldutako bidera itzuli ginen, oraingoan, hertzaren ingururaino marroi koloredun harkaitz eta harriak jarraituz. Ez dakit amorrazioa, bukatzeko gogoa edo hobekuntzak jota baina Iker martxa arintzen hasi zen egunean lehen aldiz hauspoa protestan hasiz.
Ageriko lekua atzean utzi eta zapaldutako bidera iritsi ondoren.
Marroi koloreduneko harkaitzetan.
Marroi koloredun tartearen ondoren, deskribapen gehienek arriskutsuen jotzen duten puntura iritsi ginen: gailurraren aurretik dauden harkaitz plaka leunak. Plaka hauek 45 gradu inguru eta 15-20 metro inguruko zeharkaldia eginez pasatzen dira. Harkaitza ez da erabat leuna eta oinak eta eskuak (beharrez gero) non-nahi jarri daitezke, batez ere hertzatik gertu mantentzen bagara. Gure kasuan, lehorrak zeudela aprobetsatuz, bitan pentsatu gabe, hertzatik gertu erraz igo genituen, eskuak makuluetatik askatu gabe. Pentsatzen dut zeharkaldi hau bustia edota izotzarekin kontu handiz ibili beharreko puntu arriskutsua izango dela.
Harkaitz plaka leuneko zeharkaldia azpitik ikusita.
Argazki honetan zeharkaldi bera goitik ikusita.
Atzera begirada. Azkenean Néouvielle aldeko mendiak bere osotasunean agertu zitzaizkigun.
Argazki honetan inguru honetan egin daitezken konpromezu txikiko bi hertz ikusi daitezke: Hiru Kontseilariak mendira doan "Ferbos" hertza eta Néouvielle mendira doan "Hiru Kontseilariak" hertza.
Zeharkaldiaren ondoren, erdi zapaldutako bide bat jarraituz, Campbieil mendiaren gailur-aurreko batera igo ginen, metro batzuen ondoren, “benetako” gailurrera igoz.
Zeharkaldiaren ondorengo bidean.
Iker gailurrera iristen. Argazkia aurreko gailurretik egina dago.
10:20, Pic de Campbieil, 3173 metro. Mendi honetan ere ez ginen denbora luzean izan Iker izoztuta zegoen eta. Bertako hitoan, Estaragne mendian bezela, harkaitzen artean zegoen metalezko kaxa barruko koadernotxoa topatu, bertako ikusmiraz gozatu, argazkiak egin eta ibilbidearekin jarraitu genuen.
Pic de Campbieil mendian, 3173 metro. Iker zuen arropa guztia jantzita duela ageri da.
Campbieil mendiak hegoalderuntz duen ikusmira honek ez du aurkezpenik behar.
Eta iparreruntz duen hau ere zer esanik ez.
Mendebalderuntz beste ikusmira zoragarri honetaz gozatzeko aukera dugu.
Hego-hegomendebaldeko Campbieil edo Lentilla mendira igotzeko bi Campbieil mendien arteko hertza jarraitzera besterik ez zela ikusi genuen, tartean menditxo bat igoz.
Bidean nindoala burdin zaporea somatu nuen ahoan. Bapatean eskularrua sudurretik pasa eta odoletan ari nintzela konturatu nintzen. "Hoixe behar gendun!!!!" pentsatu nuen, "Ze gehio einbehar diguzu gaur?" esan nuen zerurantz begira norbaitek kasu egingo zidala itxarongo banu bezela.
Poltsikotik mukizapia atera eta sudurraren hezurrean behatzekin presioa eginez, hala nola odola gelditzen joan zen, Lentilla mendira iristerakoan isuria ia erabat moztuz.
Hego-hegomendebaldeko Campbieil edo Lentilla mendiraino jarraitutako bidea.
Lehen gailurtxotik ateratako argazkia.
Atzera begirada, denbora gutxian Campbieil mendia oso atzean gelditu zen.
10:35, Hego-hegomendebaldeko Campbieil edo Lentilla, 3165 metro. Nahiz eta hirumilako izateko erizpide guztiak bete, Lentilla mendia ez duzue hirumilakoen zerrenda ofizialean topatuko. Dena den merezi du honaino igotzea bertatik dagoen ikusmiraz gozatzeko besterik ez bada.
Hego-hegomendebaldeko Campbieil edo Lentillan, 3165 metro.
Esan bezela, mendi honetatik dugun ikusmira ederra da benetan eta merezi du bertan denbora bat egotea ikusmira honetaz gozatu ahal izateko.
Panoramika honetan ezagunak diren hirumilako asko ikusi daitezke: Tromouse-eko zirkoaren ingurukoak (Troumouse, Sierra Morena eta La Munia besteak-beste), Monte Perdido eta Zilindroa, Gavarnie zirkoaren inguruko hirumilakoak, Taillon eta Gabietoak....
Monte Perdidoren ipar aurpegi ikusgarria.
Vignemale inguruko hirumilakoak: Milieu, Tapou, Montferrat, Cerbillona, Erdiko gailurra, Clot de La Hount eta Pique Longue besteak-beste.
Néouvielle aldeko hirumilakoak: Reboul-Vidal punta, honen atzean Turon de Néouvielle, Hiru Kontseilariak, Néouvielle eta Ramougn.
Hamar minutuetako atsedenaldiaren ondoren beherunzko bidea hartu genuen, Iker buru eta tripako minez eta ni sudurretik odola isuriz. Jaisteko, Lentilla mendiaren ekialdeko hertzetik gertu doan bide zapaldua jarraitu genuen Hourquette de Cap de Long edo Hourquette de Badet leporaino. Jaitsiera gozoa eta erraza zela ikusita, poliki eta pazientziaz hartu genuen, alde batera eta bestera argazkiak eginez.
Jaitsieraren lehen metroetan.
Argazki honetan Cap de Long lepoa eta gero inguratuko genuen Gourg de Cap de Long ibona ere ikusi daitezke. Parean Pic Maou, Pic Badet, Pic Long, Pic Maubic eta Tourrat orratza besteak-beste.
Hegoalderuntz nekaezina den paisaia.
Bideak ez dauka inongo zailtasunik eta eroso jaitsi genuen.
Parean ditugun hirumilakoak.
Troumouse-ko zirkoaren gaineko hirumilakoei egindako argazkia, Aurten, gauden garaiarako elur dexente dagoela ikusi daieke.
"Zemuz dijo asuntoa?" Galdetu nion anaiari. "Ba pixkanaka gorputzari buelta eman diot ta oain askoz hobeto nijo" erantzun zidan "baña oaindio buruko miñe dauket". "Zu zemuz?" Galdetu zidan, "bueno ia geldittu zait" erantzun nion. "A ze parea!!!", "ba bai joder".
Iker jaitsieran. Nabaria da beste aurpegi bat zuela.
11:05, Cap de Long edo Badet lepoa, 2902 metro. Jaitsieran, Ikerren egoera eta sudurretik isuritako odola zela eta, ezer jan gabe nengoela konturatu nintzen nire urdailaren protesten artean. Gainean neramatzan bi pasteltxo atera eta konturatzerako biak irentsi egin nituen txakalaldi bat izango nuenaren beldurrez. Ikerrek gel bat hartzea nahiago zuela esan zidan "badaezpada".
Iker Cap de Long edo Badet lepoan, 2902 metro.
Lepotik behera jaisten hasi eta Ikerrek arropa kentzeko geldialdi bat egiteko eskatu zidan. "Bueno, señale ona" pentsatu nuen. Luma sintetikodun txamarra kendu eta beheruntz jarraitu genuen, Gourg de Cap de Long ibona bere ekialdetik inguratuz.
Lepotik behera jarraitutako bidea. Argazkian Gour de Cap de Long ibona ikusi daiteke.
Ibona inguratzen.
Behin ibona inguratu ondoren bideak iparralderuntz eraman gintuen. Leku honetan bideak eta ez dauka galtzeko inongo arriskurik eta ongi zapaldutako arrastoa eta hitoak jarraitu besterik ez genituen egin GPS-ari kasurik egin gabe.
Gourg de Cap de Long ibona atzean utzi ondoren zeharkatu genuen elurtegi bakarrean.
Mendebalderuntz begirada.
Anaia animatuago zegoela ikusita "zemuz ikustezea Maubic eta Tourrat igotzeko?" galdetu nion. "Ondo nijo, baña ez nau hoik igotzeko modun" erantzun zidan mendietara begiratu gabe. Erakusleihoan erosi gabe utzitako opariari begiratzen zaion bezela, tristura puntu batekin bi mendiei zeharka begiratu eta aurreruntz jarraitu nuen anaiaren atzetik.
Beherunzko bidean, parean Cylindre D'Estaragne mendi ikusgarria.
Gaur igotako mendiak pixkanaka atzean geldituz.
Badet lepotik 25 minutu inguruko jaitsieraren ondoren gure azpian Cap de Long lakua azaldu zen: "Bueno bertan gare!!!" Esan zuen Ikerrek zoriontsu. "Eztakit ba" erantzun nion momentuan izan nuen positibotasun handienarekin, "irakurri ditudan deskribapenetan jatxiera luzea itteala esaten due".
Cap de Long lakua ikusi genuen lekutik egindako argazkia.
Ferbos eta Hiru Kontseilariak hertzak. Egunen batean itzuliko gara hauek egitera.
Bidean topatu genuen milaka hitoetako bat.
Argazki honetan bidean dauden hitoen kopurua zenbatekoa den ikusi daiteke. Esan bezela, zaila da bidea galtzea.
Deskribapenetan irakurri nuen bezela, gauza misteriogarri bat gertatu zitzaigun: nahiz eta etengabe jaisten izan, lakuaren tamaina handitzen ez zela iruditzen zitzaigun, gure atsekaberako. Egia esan, azkenean lakura arteko jaitsiera gogor eta luzea egin zitzaigun.
Lakura iritsi aurretik, bertan hiltzen den erreka zeharkatu eta malda bat igo genuen pinu batzuen artera iritsiz.
Jaitsieran. Argazkian gurutzatu genuen erreka eta malda ikusi daitezke.
Erreka zeharkatzen.
Bideak lakuaren gainetik 30-40 metro ingu gorago doa eta oso zapaldua dago galtzeko inongo arriskurik gabe. Lakua hegoaldetik inguratu genuen.
Iker lakuaren amaierara "iritsi" ginenean.
Lakua inguratzen.
Gutxienez iparralderuntz dugun ikusmira ikusgarria zen eta jaitsiera nolabait malgotu zigun.
Desesperatzen hasiak ginenean lakuari eusten dion horma ikusi genuen.
50 minutu inguruko gora eta beherako zeharkaldiaren ondoren lakuaren 2 kilometro inguruko zeharkaldia amaitu eta dagoen atseden eta aparkalekura iritsi ginen.
Lakuan zeharkaldiaren amaieran dagoen kartela.
Jatetxe eta tabernak dauden gunera iristen.
13:10, Lac de Cap de Long, 2161 metro. Garagardo hotzaren tentaldian ez erortzeko taberna eta jatetxeen gunea lurreari begira pasa genuen, kalean lotsatuta ibiltzen direnak bezela.
Cap de Long lakutik Oredon lakura egindako argazkia. Argazkian txiki-txiki aterpea ikusi daiteke.
Aterpea gertuago. Kokatuta dagoen lekua ikusgarria da benetan.
Cap de Long Lakutik hegoaldera dugun ikusmira.
"Ta oain bukatzeko bi kilometrotako errepidea" esan nion anaiari. "Ea nunbaitten mozteik deun" erantzun zidan.
Cap de Long lakutik behera egindako argazki honetan bertatik kilometro eskas batera dagoen aterpe askea ikusi daiteke.
Iker aterpe aske ingurura iristen.
Aterpe askea dagoen bihurgune itxiaren ondoren datorren bigarren bihurgune itxia menditik moztu genuen, zazpi ordu eta laurdeneko ibilbidearen ondoren kotxera itzuliz.
13:27, aparkalekua, 2080 metro. Motxilak lurrean utzi eta, Ikerrek arropa aldatzen zuen bitartean nik goizean ilunpetan pasatako lekuetara itzuli nintzen argazkiak egitera.
Argazki honetan aparkalekuaren ondoko zubia ikusi daiteke.
Kotxera itzuli, anaia nahiko osatuta zegoela ikusi, kotxean genuen likido guztia edan eta etxerako bidea hartu genuen, paraje izugarri eta ikusgarri honetara noiz itzuliko ginen amestuz.
Ezin dut imajinatu ere egin Ikerrek egun honetan pasa zuena, baina zuen aurpegia eta botatako malkoak ikusi ondoren, izan zuen gurutze-bidea makala izan ez zela sinesten dut. Oraingoan, ultra-trailetan murgilduta izaten diren korrikalarien teoriak arrazoi izan zuen, buruak gorputzari irabaziz.
Neouvielle mendiak eta Cap de Long lakurantz azken begirada.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina