AZKEN 10 SARRERAK

2015/08/10

PALAS (2974 metro), LEDORMEUR TXIMINIATIK 2015/08/02

Palas mendia lehen aldiz 2005eko irailaren 24an ikusi nuen. "Hori da memoria!!!!!" Pentsatuko duzue jejeje. Egun hartan Josu eta biok Balaitus mendiaren gailurra lehen aldiz zapaldu genuen. Udan ohikoena den "Diagonal Handiaren" bidea jarraituta egin genuen, eta igoeran, baina batez ere jaitsieran, Palasi begirik kendu gabe egon nintzen. Balaitusen parean dagoen piramide itsurako mendi horrek izugarri erakarri ninduen, ahalik eta gehiago Josuk "horrea igotzeko ustet, Midin bezela, eskalatu beharra daula" esan zidanean. Orduan nondik igotzen zen ez genekienez, arratsalde pasa lau haizeetara dituen gandorretatik nola igo zitekeen amesten aritu ginen.

Josu Balaituseko Diagonal Handian eta atzean Palas mendia. 2005eko irailak 24.


Egun hartan Balaitus igo ondoren Michaud leze-aterpean lo egiteko asmoa genuen. Lo egiteko traste guztiak atera, txukun jarri eta afaltzearekin batera, eguzkia, egun hartako lanak amaituta, Arriel eta Midi D'Ossau mendien atzetik nola izkutatzen zen gozatzen hasi ginen. Dena den, egun hura tamalez, eta hona hemen nire memoriaren zergatia, ez daukat gogoan Balaitusen gailurra lehen aldiz zapaldu, Palasen ikusmirak txunditu, ezta eguzkiaren azken izpiek eskeini ziguten ikuskizunaz gozatzeagatik, minutu batzuk beranduago Ferminek (orduan ezagutu eta orduz geroztik lagun garenak) izango zuen istripu larria eta pasako genuen abenturagatik baizik.

Orduz geroztik behin baino gehiagotan begiratu eta errepasatu izan ditut egun gazi-gozo hartan egin nituen paperezko argazki zaharrak, eta Palasi egin nizkionak ikusitakoan, halako zirrara berezi bat sentitzen dut. Dena den, gauza batengatik edota bestarengatik "egiteke" dauden projektuen karpetan projektu berriak sartzen joan eta Palasen igoera geroz eta beherago geldituz joan zen, armairuan gordetzen dugun arropa zaharra moduan.

SARRERA

Palasek ez ditu hirumila metro eta gainera Balaitus handiaren itzalpean dago. Osagai hauekin nahiz eta Palas mendia oso erakargarria ez iruditu, baditu erakargarri bihurtzen dituen beste ezaugarri batzuk: Piramide itsurako mendia, haurrek margotzen duten horietakoa (niri K2 mendia gogorazten dit), edozein lekutik igotzen garela eskalatzea eskatuko digu, bertatik dugun ikusmira ikusgarria da, batez ere Balaitus eta Frondiellak mendietara, eta gainera, egunean igo eta jaitsi nahi ez bada, Frantzian bi aterpeetan (Arremolit eta Larribet) eta mugatik hona Arriel aintziretan lo egiteko aukera dago. Zer gehiago eskatu daiteke?

Historia pixkat eginez, 1825eko uztailaren 16an, Pierre Peytier eta Paul Hossard geodestek Artoustetik igo zuten lehen aldiz, ziurrenik geodesikoen gandorratik. Balaitus mendia igo nahi zuten, baina, lanbroak behartuta, Palasen gailurrean amaitu zuten.

1900 urtetik aurrera hasi ziren zailtasuneko bideak irekitzen: 1913 urtean, Von Martin, Schmidt eta Riebeling alemaniarrek hegomendebaldeko gandorra eskalatu eta orduz geroztik Piton Von Martin izena eramango zuen bidea ireki zuten. Hau gutxi ez bada, hiru eskalatzaile hauek hegoekialdeko gandorra destrepatuz jaitsi ziren.

Ledormeur tximiniari dagokionez, 1920 urtean Soubiron mendizaleak tximinia honetatik igotzea gomendatzen zuen, baina Ledormeur gidak berak tximinia honi izena eman zion 1928 urtean.

Hegoekialdeko gandorra, Piton Von Martin eta geodesikoen gandorrarekin batera ezagunena izan daitekeena, Julian Arruyer, Armand Petijean eta Robert Ollivierrek (Ollivier gida famatuen egilea) 1937ko uztailaren 30ean eskalatu zuten lehen aldiz.

Kordada bat Palasen hegoekialdeko gandorraren lehen luzean.


Pirinioetara itzuli, korrika egiteko zapatila eta trasteak armairuan utzi, eta behingoz oinez eta bizkarrean motxila "normal" bat eramanez mendira itzultzeko gogoz geunden. Etxean koaderno batean apuntatuta ditudan "egiteke" ditugun projektuen zerrenda hartu eta Palas mendira iritsi nintzenean ez nuen besterik begiratu. Ikerri deitu eta egun berean igoera eta jaitsiera egitea proposatu nion, "G2Ha inda geo hoi ittekomun eongo gea ba" esan nion.

Baina, nondik igo? Hasiera batean zalantzan izan ginen. Bagenekien urte eta erdi eskalatu gabe izan ondoren Piton Von Martinera doan bidea gure mailatik urrun zegoela, baina Ledormeur tximinia edota Geodesikoen nahiz hegoekialdeko gandorren artean zalantzak izan genituen. Azkenean "lehen aldie izateko hobe bide errexenetik igotzen bagea, ezta?" Proposatu zuen Ikerrek zentzu handiz eta Ledormeur tximiniatik igotzea adostu genuen. Gainera ongi etorriko zitzaigun "entrenamentu" gisa, bidearen zailtasun eskasa nahiz eskaladako materialik ez eramateagatik arinago ibiliko ginen eta.

Gauza kuriosoa da baina bigarren aldia da Pirinioetako mendi batera Ledormeur tximinia batetik igotzen garela. Lehen aldia Castillo de Acher mendia izan zen 2013 urtean.

JARRAITUTAKO IBILBIDEA

Jarraitu genuen ibilbidea La Sarra urtegitik doan ohiko bidea izan zen, Ledormeur tximiniatik doana. Kotxea Sallent de Gallego herriaren ondoko urtegi honetan utzi eta hemendik Respomuso aterpera doan GR-11 ibilbidea ordu betez jarraitu genuen, Arriel aintziretara doan bidegurutzera iritsi arte (bidegurutzean indikazio poste bat dago). Hemen GR-11 bidea utzi eta Arriel aintziretara doan bidea hartu genuen. Goiko Arriel aintzira atzean utzi ondoren Lavedan mendatera doan bidea jarraitu eta bertara iritsi aurretik ezkerrera (ekialdera) hartu genuen tximiniaren sarreraraino (bertan, harkaitz batean tximiniaren sarrera adierazten duen kartel hori bat dago).

Tximiniak zailtasun handirik ez dauka eta II edota II+ inguruan dabil, baina kontuz ibili beharra dago azpitik datozen mendizaleei harririk ez botatzeko, honegatik, nire ustez behintzat, igoera hau egitekotan kaskoa eramatea ezinbestekoa da.

Tximinia igo ondoren Palasen gailurreraino oinez iristen da, tarteka, leku isolaturen batean, eskuak erabilita. Dena den, tximiniaren irteeratik gora harri aske pila dago, honegatik hemen ere kontuz izan behar da harririk ez botatzearekin, batez ere egiten den lehen zeharkaldian botatzen ditugun harri guztiak tximiniaren gainera erortzen dira eta.

Jaitsiera bide beretik egin genuen. Duela urte batzuk tximiniaren jaitsiera errazteko hiru rapel puntu jarrita zeuden, parabolt, uztai, kate eta guzti, baina orain kenduta daude. Hau kontutan izan behar da jaitsieran ezustekorik ez izateko, sokarik eraman behar baduzue, rapelak zuek muntatu beharko dituzue eta.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 18,75 kilometro.
- Punturik baxuena: La Sarra, 1440 metro.
- Punturik altuena: Palas, 2974 metro.
- Desnibel positiboa osora: 1600 metro inguru.
- Igotako mendiak: Palas.
- Ura: Ibilbide osoan ura hartzeko leku asko daude Arriel aintziretaraino. Hemendik gora ez dago urik hartzeko lekurik.
- Zailtasuna: Tximinia ez da II edo II+ zailtasunetik igotzen baina hala ere honelako lekuetan ibilia izatea komeni da. Kontuz harriekin, leku batean baino gehiagoan harri askeak daude eta.

Bidea deskargatu nahi baduzue.


Powered by Wikiloc


ERAMANDAKO MATERIALA

Guk ez genuen aparteko materialik eraman, hori bai, kaskoa eramatea ezinbestekoa da. Tximiniak igotzeko zailtasun handirik ez dauka (II edota II+), baina jaitsiera errazteko sokarik eramaten bada, gogoratu rapel puntuak kenduta daudela, beraz, kordino nahiz zinta batzuk eraman beharko dira rapel-ak muntatu nahiz destrepatzen ari denari aseguratzeko. Kaskotik aparte, badaezpada kranpoiak eraman genituen, baina ez genituen erabili.

DESKRIBAPENA

La Sarra urtegira nola iritsi. Goierritarron kasuan A-1 errepidea hartu beharko dugu, Altsasu parean utzi eta Iruñara doan A-10 autobia hartzeko. Irurtzun parean AP-15a lehenik eta A-15a ondoren Iruñaraino jarraituko ditugu (Irurtzunen Andoainen AP-15 autobidea hartu duten mendizaleekin bat egingo dugu). Noain parean gaudenean A-15 autopista utzi eta 82garren irteera hartuko dugu, "Zangotza/Huesca"-ra doana, eta errepide hau jarraituz Jacara iritsiko gara. Zati honetan A-21 eta N-240 errepideak tartekatuko ditugu, oraindik A-21 errepidea ez baita Jacaraino iristen.

Jacan Sabiñanigora doan N-330a, N-330 eta E-7 errepideak jarraituko ditugu, "N-260, Biescas" irteeraino. Irteera hau hartu eta Frantziara doan A-136 errepidea jarraituko dugu Sallent de Gallegoren lehenenengo bidegurutzearekin topo egin arte. Herrira sartu bezain pronto, herrigunera sartu aurretik, errepideak ezkerrera bihurgune itxi bat egiten du. Bihurgune hau egin, zuzen jarraitu eta errepideak bigarren bihurgune itxi bat egiten du, oraingoan eskuinera. Bigarren bihurgune hau ere egin eta errepidea jarraitu ezkerrera doan hirugarren bihurgune itxi batera iritsi arte. Hemen, bihurgunea egin beharrean zuzen jarraituko dugu (bidegurutzean La Sarrara joateko seinale bat dago). Bidea tarteka hestua da eta minutu gutxiren barruan La Sarrara iritsiko gara. Bertan kotxea uzteko aparkalekua dago. Gure kasuan, Ordiziatik urtegiraino hiru ordu inguru pasa genituen.

08:30, La Sarra, 1440 metro. "Ostia, hau da kotxe pilla!!!!" Esan zuen anaiak begiak parez pare irekita aparkalekura iritsi bezain pronto. Nahiz eta eguraldiaren iragarpena oskarbi eta beroa izan, kotxearen 21 graduetatik kanpoko 8 graduetara irtetzerakoan hotza sentitu genuen. Berriro gosaldu (kotxean hiru ordu pasa ondoren urdailean zuloa genuen eta jejeje), forro polar fina jantzi eta argazki batzuk egin ondoren martxan jarri ginen.

Irtetzeko prest.


Urtegian dagoen izen bereko erretegiaren ondotik pasa eta aparkalekuaren amaieran, Aguas Limpias erreka zeharkatu ondoren, Respomuso aterpera doan GR-11 bidea arin-arin hartu genuen, gorputza berotu nahian.

Aparkalekuaren amaieran jarraitu beharreko bidea.


Zubia zeharkatu ondoren dagoen indikazio postea, guk Respomusora doan bidea hartu genuen.


La Sarratik gora bidea nabaria eta erosoa da. Argazkian Arriel mendia ikusi daiteke.


Argazkian ikusten den metalezko langa pasa ondoren pagadi ilun batean sartu ginen.


Ur jauzien musika bidelagun genuela, pixkanaka altuera irabazi eta Aguas Limpias erreka azpian uzten joan ginen, tarteka errekatxoren bat edo beste zeharkatuz.


Egia esan behar bada, parajea benetan ederra da.


40 minutu inguruan, elur edota lur-jausiek txikitutako magal bat zeharkatu ondoren, Arriel mendira doan bidegurutzera iritsi ginen.


"Haure beste baten igo beharkodeu" esan nion anaiari. Argazki pare bat egiteko denbora hartuz, bidegurutzea atzean utzi, berriro ere pagadian sartu eta bideak duen pasabide ikusgarrienera iritsi ginen: Paso del Onso pasabidea.

Arriel mendira doan bidegurutzea atzean utzi ondoren.


Paso del Onsok "pasabide iluna" esan nahi du eta ez, batzuet pentsatzen duten (genuen, jejeje) moduan, hartzaren pasabidea. Bidea zertxobait hestutu eta erreka oso beheran uzten duen pasabide amildegitsu honetan argazki eta bideo batzuk egin eta aurrera jarraitu genuen.

Paso del Onso pasabidea.


Pasabideak ez dauka inongo zailtasunik (hori bai, benetan ikusgarria da), gainera, mendizaleen segurtasunerako, bidearen hertzean kableak eta ohar seinale batzuk jarri dira.

Ohar seinaletako bat.


Pasabidea atzean utzi eta gero, ibilbideak duen edertasunez gozatzen jarraitu genuen.


Eta pasabidetik denbora gutxira Arriel aintziretara doan bidegurutzera iritsi ginen. Argazkian hemendik gora jarraitu genuen bidea margotu dut.


09:30, Arriel aintziretara doan bidegurutzea, 1800 metro inguru. "Bizkarra blai inda dauket" esan zidan anaiak. "Nik ebai" erantzun nion, "azkartxo igo gea, hobe deu arropa pixkat kentzea goien eguzkik jotzeu ta". Arropa kentzearen aitzakiarekin 5-10 minutuetako atsedentxoa hartu genuen, zerbait jan eta edateko ere aprobetsatuz.

Bidegurutzean atseden hartzen.


Bidegurutze hontatik gora bidea hestutu eta tentetzen joaten da. Tarteka eroritako pinu eta pagoren bat gainetik nahiz azpitik pasa genuen, eta egia esan, gainetik pasa genuen pinu bat arriskutsu xamar iruditu zitzaidan, dituen adar finetara igo behar da eta: "egunen baten bakarren bati adarra hautsi ta kriston ostie hartukou" esan zidan anaiak.

Zuhaitzak amaitzearekin batera maldak atseden bat eman eta Arriel sakanaren azpira iritsi ginen. Argazkian gorriz jarraitu genuen bidea eta urdinez aintziretara doan ohiko bidea, jaitsieran jarraitu genuena.


Arriel aintziretatik datorren errekatxoa harrien gainetik zeharkatu eta goooooora begiratu genuen. Aurretik malda handiko aldapa duela bagenekien, horregatik abiadura moteldu eta igoera lasai hartu genuen. Bidea errekatxoaren ezkerrean dagoen harrikaran gora doa, eta poliki hartu beharreko aldapa horietakoa da, gainera, ordu honetarako eguzkiak bazterrak berotzen hasita zegoenez, ahalik eta gehiago.

Aldaparen lehen metroetan.


Poliki-poliki, abiadura eta hauspoa kontrolpean eramanez, metroak irabazten joan ginen. Atzean Peña Foratata ikusi daiteke.


Peña Foratata gertuago. Mendi ikusgarria benetan.


Bideak marra gorri eta hitoak jarraitzen ditu eta momentu batean eskuinera (igoeraren norabidean) jotzen du, pinu txiki batzuen gainetik zeharkaldi bat eginez. Dena den, bide hau hartu gabe hitoak goruntz zihoazela ikusita, aukera berri hau jarraitzea adostu genuen: "igual hemendio Beheko Arriel ibonetik gorago ta azkarrago ateako gea" pentsatu genuen.

Harrikararen amaieran dagoen hormaren azpira iristear geundela, eskuinera (igoeraren norabidean), harkaitz blokeen gainetik, zeharkaldi bat egiten hasi ginen. Ordurako hitoen kopurua ere dexente jaitsita zegoen eta tarteka bakarren bat ikusten genuen: "hemendio gora mendizale asko igotzen ez denaren señale" pentsatu nuen. Gainean ikusten genuen lepo bat erreferentzi bezala hartuta, pixkanaka gora egin genuen.

Hormaren azpian egin genuen zeharkaldian, dagoeneko Balaitus eta Frondiellak bistan ditugu.


Lepora iritsi eta hito bakarti bat ikusi genuen. Hemen dagoeneko aldapa bukatuta zegoen eta belar artean aurrera jarraitu genuen gure azpian Beheko Arriel aintzira azaldu zen arte.

Belar artean egindako tartean eta Arriel beheko aintzirara iritsi baino lehen. Ikusgarria Frondiellen artean mendebaldekoak (eskuinean dagoena) duen punta.


Harkaitz bloke handi batzuetatik jaitsi eta aintziraren ezker ertzara (ibilbidearen norabidean) iritsi ginen. Argazkian urdinez Arriel aintziretara doan ohiko bidea margotu dut, jaitsieran jarraituko genuena.


Igoera honen ondoren eta nahiz eta bide hau zuzenagoa iruditu, ez dut uste aintziretara doan ohiko bidearekin alderatuta denbora asko irabaziko denik. Gainera tarte batzuetan ez da bide erosoa, honegatik ohiko bidea (marka gorriak dituena eta guk jaitsieran jarraitu genuena) jarraitzea gomendatzen dut.

10:30, Beheko Arriel aintzira, 2200 metro inguru. "Ostia, hoik die amorraiek!!!" oihukatu zuen Ikerrek aintzira seinalatuz. Begiratu eta bi amuarrain handi ikusi genituen lasai-lasai aintziraren ertzatik gertu. Amuarrainekin denbora batean jolasean (harri txikiak bota eta ziztu bizian joaten ziren harriak "jatera") eta begira izan ondoren aurrera jarraitu genuen.

Beheko Arriel aintziran. Gorriz jarraitutako bidea margotu dut. Margotutako bidearen lehen metroetan aintzirara iristeko jaitsi genituen harkaitz bloke handiak ikusi daitezke.


Aintzira ezker ertzatik (igoerako norabidean) inguratu eta, jarritako denda pare baten ondotik pasa eta gero, aintziraren muturrean ohiko bidearekin bat egin genuen.

Ohiko bidearekin bat egin ondoren.


Hemendik aurrera, inongo eragozpenik gabe, Goiko Arriel aintzirara iritsi ginen, gure parean Palas mendia bere osotasunean azalduz.

Goiko Arriel aintzirara iristear, atzean Palas eta honen leku adierazgarriak.


10:45, Goiko Arriel aintzira, 2250 metro. "Ostia, flipantea da!!!!" Esan nion anaiari Palas seinalatuz. Bitan pentsatu gabe argazki kamera atera eta mendia goitik behera "metrailatzen" hasi nintzen, batez ere Piton Von Martin eta hegoekialdeko gandorrak. Argazkiak egin eta egin ari nintzela ikusita Ikerrek "bigarren atsedenaldie itten badeu?" Galdetu zidan. "Benga, hola eguzkitako kremare emangodeu" erantzun nion. Motxilak lurrean utzi eta eguneko bigarren atsedenaldia egin genuen, eguzkitarako krema emateaz aparte, zerbait jan eta edateko ere aprobetsatuz.

20-25 minutuetako atsedenaldi luzearen ondoren, Balaitusera "Diagonal Handitik" igo behar zuten mendizale batzuk agurtu eta berriro ere martxan jarri ginen.


Goiko Arriel aintziratik gora Lavedan portura doan bidea jarraitu genuen. Bidea aintzira eskuin nahiz ezkerretik (igoerako norantzan) inguratuz egin daiteke. Guk, intereneten topatu genituen erreporren gehiengoari kasu eginez, aintzira bere eskuinetik inguratu genuen, eta uste dut hau dela bietatik biderik erosoena.

Goiko Arriel aintziratik Palasen gailurrera gutxi gora behera jarraitutako bidea.


Aintziraren inguraketa hasieran harkaitz bloke handiren artean egin genuen Ibon Chelau aintziratik jaisten den errekatxoraino. Hemen bideak pixkanaka malda irabazten hasi eta konturatzerako malda handiko harrikara baten erdian izan ginen.

Harrikararen erdian.


Arriel Sakanan egin genuen bezala, abiadura moteldu eta, zetak eginez, lasai-lasai maldan gora hasi ginen, noizik eta behin, argazkiak egitearen aitzakiarekin, atsedentxo bat hartuz jejeje. Ordu horretarako dagoeneko biguna zegoen elurtegi bat zeharkatu (ez genituen kranpoirik jarri ere egin) eta berriro ere gora egin genuen aldapak malda galtzen duen lekuraino.

Elurtegira iristen eta hemendik gora jarraitu genuen bidea.


Elurtegia zeharkatu ondoren, Piton Von Martinen azpian.


Atzera begirada, Arriel aintzirak denbora gutxian oso behean gelditzen dira. Eskuinean Arriel mendia ere ikusgai.


Azken esfortzua.


Malda amaitzearekin batera, lautada antzeko batera iritsi eta gure parean Lavedan mendatea ikusi genuen. Argazkian gutxi gora behera Tximiniaren plaka dagoen lekuraino jarraitu genuen bidea margotu dut.


Hemendik aurrera, nire kalterako, orain arteko bidexka erosoa desagertu eta bidea harkaitz blokeen gainetik egin genuen, blokeen gainetik ibiltzea ez baitut batere gogoko.

Tximinia nondik doan erreferentzi bezala hartuta, igoera lasai hartu genuen. Argazkian Balaitus eta dagoeneko azpian gelditzen den Lavedan mendatea ikusi daitezke.


Metroak irabazten genituen heinean, tximiniaren hasiera adierazten duen plaka horia ikusi eta, plaka erreferentzi bezala hartuta, inongo eragozpenik gabe zuzen igo ginen.


Atzera begirada.


Balaitus handia.


12:15, Tximiniaren sarrera, 2675 metro inguru. Tximiniaren sarreran bikote bat eta bi mendizale tolosar topatu genituen. Bikotea goraka hasi eta tolosarrekin hizketan aritu ginen. Dirudienez, gaurko egunez, urtero joaten dira bertan hil zen lagun baten oroimenez jarritako plakari bisita egin eta mendia igotzea. Ohitura polita benetan!!! Tolosarrak izan ziren rapel puntuak kenduta daudela esan zigutenak: "edo gutxiñez guk ez ditteu ikusi" esan ziguten.

Tximiniaren sarrera adierazten duen plaka.


Aurretik zihoan bikoteari tartea eman asmoz, tximiniarako prestaketak lasai hartu genituen, batez ere gure atzetik inor ez zetorrela ikusita. Makuluak gorde, kaskoa jarri, eta atseden baten ondoren, tolosarrak agurtu eta goraka hasi ginen poliki-poliki.

Kartelatik (argazkian borobilduta) gora jarraitu beharreko lehen metroak.


Lehenengo 15-20 metroak tximiniaren sarrera adierazten duen kartel horitik eskuinera horizontalean egin genituen. Metro hauek ez dute aparteko zailtasunik baina kontuz ibili beharreko lekua da, batez ere harkaitza bustia badago.

Iker zeharkaldiaren amaieran.


Zeharkaldi horizontal honen ondoren bideak gora zuzen jo (II zailtasuna eta helduleko oso onak) eta ageriko tximini itxi, ilun eta bertikal bat duen horma baten azpira iritsi ginen. Hemen, argazkian ikusten den bezala, ezkerrera hartu genuen.


Ezkerrera hartu eta 30-40 metro oinez egin ondoren, dagoeneko bistan genuen Ledormeur tximiniaren azpira iritsi ginen.


Balaitus, honen "Diagonal Handia", Cadier orratza eta Frondiellak tximiniaren sarreratik...


...Baita Peña Foratata eta honen atzeko Partacua mendilerroko mendiak ere.


Tximinia bi zatitan banatuko nuke: Lehenengo zatia, bietatik bertikalena, harkaitz onean igo genuen eta helduleko ederrak ditu. Hemen topatu genituen tximiniaren zailtasunik handienak (II+). Lehenengo 8-10 metro hauen ondoren bertikaltasuna galtzen doa eta azken metroak zailtasunik gabe egin genituen (II).

Aurretik genuen bikotea tximinia poliki igotzen ari zela eta bietako bat urduritasun apur batekin zihoala ikusita, argazkian ikusten den bezala, beraiek lehen zati hau atzean utzi arte ez ginen eskalatzen hasi.


Tximiniaren lehen metroetan.


Lehen metro hauek nahiz eta tenteak izan helduleko onak ditu.


Tximiniaren bigarren zatia II mailako zailtasuneko pausuren bat edo beste dauka, eta eskuak oreka ez galtzeko erabili genituen batez ere. Dena den bertan harri aske dexente topatu genuen, honegatik, eskaladan baino harriak ez botatzean jarri genuen arretarik handiena.

Tximiniaren bigarren zatian.


Tximiniaren irteerara iristear geundela aurretik genuen bikotea aurreratu, Piton Von Martinetik datorren gandorrera iritsi (bertan hito bat dago) eta Midi D'Ossau eta Lurien mendiak parez-pare topatu genituen.


"Ostia Midie!!!" Esan nion anaiari "hemendio bide normala goitio behera ikustea". Anaia iritsi eta "ba nei etzait ba Midie hemendio asko gustatzen" esan zidan, "nahiagoet bi Midiak ikusten dieneko bista". Anaiari arrazoia emanez, argazki batzuk egin eta aurrera jarraitu genuen.

Midi D'Ossau mendiaren ohiko bidea ikusi daiteke, Jean Santé orratza, Pombie aterpea, baita Petite Midira doan Peyreget gandorra ere.


Tximiniaren irteeratik gora bideak eskuinera hartzen du hegomendebaldeko gandorra ezkerrean (igoeraren norabidean) utzita doan bidexka bat jarraituz.

Tximiniatik atera ondoren, atzean eskuinean Arriel mendia.


Zeharkaldi honetako lehen metro hauek, nahiz eta oinez egin, kontuz ibili beharrekoak dira, harri aske pila izanik, botatzen ditugun harriak tximiniara erortzen direlako, zeharkaldi hau tximiniaren gainetik egiten da eta, jaitsieran baieztatu genuen bezala.

Aurretik dugun zeharkaldia. Zeharkaldi honetan kontuz harriak botatzearekin.


Kontu ibili beharreko zeharkalditxo honen ondoren bidea gandorraren bestaldera pasa eta hemendik gora, noizik eta behin eskuak harkaitzean jarriz, gora egin genuen.


Zailtasun guztiak gaindituta, gailurrera inongo zailtasunik gabe iritsi ginen: "Ostia, nola notatzea aspaldi alturan ibili gabe naula" esan nion anaiari arnasots artean, "hauspoa juxtu-juxtu damakit". Kuriosoa da, baina Pirinioetara joaten naizen lehen aldietan gauza bera gertatzen zait, ez dakit aklimatazio faltagatik edota oraindik altuera hauetan eraman beharreko abiadura barneratuta ez izateagatik.

Gailurra bistan.


12:45, Palas mendiaren gailurra, 2974 metro. Gailurrak haize hotz batekin agurtu gintuen: "Ostia ze onaaaa!!!!" Oihukatu genuen gailurrean haizeagatik izkutuan zegoen mendizale frantses bat ikusi gabe.

Iker Palasen gailurrean.


Mendizale frantseari argazki pare bat egiteko eskatu eta gailurrean bideo eta argazkiak egiten hasi ginen, paisaia bat-batean desagertuko balitz bezala.

Palas, 2974 metro.


Balaitus eta Frondiellak Palasen gailurretik.


Hegomendebaldera egindako argazki panoramikoa.


Artouste aintzira, Lurien, Midi D'Ossau...


Balaitus, Cadier Orratza eta Frondiellak gertuago. Argazkian Balaitusen leku adierazgarri batzuk ere identifikatu ditut, hala nola, Lamathe orratza, ipar mendebaldeko gandorra, Batcrábere zirkoa eta "Diagonal Handia".


Inguruak argazkietan lapurtu ondoren gailurretik metro batzuk jaitsi ginen haize hotzagatik babestuz. Hala ere bat-batean haizea leku guztietatik sartzen hasi zen eta hoztu aurretik, azkar-azkar zertxobait jan eta, haizeagatik ihesi, beherako bidea hartu genuen.

Jaitsi aurretik egindako argazkia.


Bidean topatuko ditugun hainbat hitoetako bat, atzean Arriel mendia.


Jaitsieran Ikerrek egindako argazkia, eskerrak hemen haizeagatik babesean geunden jejeje.


Tximiniara iritsi aurreko zeharkaldian.


Jaitsiera errazteko, tximiniaren irteera identifikatzeko harkaitz batean gezi gorri bat margotua dago.


Gertuago...


Igoeran bezala, edo are egehiago, harriak ez botatzean jarri genuen arretarik handiena. Tximiniaren tarte batzuk paretari begira jaitsi genituen baina ia gehiena paretari bizkarra emanez destrepatu genuen. Jaitsieran, mendizale tolosarrek esan ziguten bezala, rapel puntuak kenduta daudela baieztatu genuen.

Tximiniaren bigarren zatia jaitsi ondoren, lehen zatia iritsi aurretik gure eskuinean "X" batek hartu behar ez den tximinia adierazten du. Eta eskerrak, "X"a dagoen tximinia jaisteko tximiniarik nabariena dirudi eta.


Tximiniaren lehen zatia destrepatzear geundela eguneko arduragabekeriarekin topo egin genuen. Tximiniaren goian amaitu ondoren dagoen zeharkalditik behera zetorren bikotea pare bat aldiz harri batzuk bota (nahi gabe noski) eta harri hauek tximiniaren gainetik erori ziren. Behetik lau mendizale zetozen, laurak kaskorik gabe, eta lauetako bi aita eta 10-11 urte inguruko semea, amiltzen ziren harriek sortzen zuten zarata zela eta gora begira. Aita-semeak, harriak erortzen ari zirela ikusita, beherako bidea hartu zuten, baina beste bi mendizale gazteek gorako bidearekin jarraitzea erabaki zuten.

Tximiniaren lehen zatia destrepatzen. Argazkian eguneko lau arduragabeak borobildu ditut.


Tximinia destrepatu eta beraien parera iritsi ginenean Ikerrek "¿No tenéis casco?" Galdetu zien, berak jantzita zuenari seinalatuz. Atzerritarrak zirela ikusita (dirudienez ez zuten mezua ulertu nahiz eta anaiak bere kaskoari keinuak egin), anaiak "Helmet?" Galdetu zien ingelesez. "No" erantzun zioten. "Be careful, stones are down a lot" esan zien Cambridge-ko ingeles dotorean keinuak egiten jejeje. "Ggggazzziass" erantzun zioten frantses doinuko espaineran. Anaiak buelta hartu eta "Noa ostia jungo die sunormal hauek kaskoik gabe, gero istripuk izateiela" bota zuen arrazoi handiz.

Aurrera jarraitu zuten kaskorik gabeko bi frantsesak.


Lehenengo bi hauek atzean utzi eta aita-semearengana iritsi ginen. Aitak, bidea galduta, tximiniaren sarrera adierazten duen kartelera doan zeharkaldi horizontala egin beharrean, behera zuzenean destrepete delikatu bat egiten ari zen beldurrez begira zuen semearen begiradapean.

Aita-semea, aita destrepean "enmarronatu" aurretik.


Aita ez atzera ez aurrera gelditu zen. Iker ondotik pasatu eta zeharkaldi horizontala egin ondoren, semeari begiratu eta guri jarraitzeko keinua egin nion "zure aita arduragabea bada zuk ez daukezu kulpaik" esanez. Haur gajoa gure atzetik etorri zen zuzen-zuzen eta aitak ikusi zuenean bidera berriro ere hala nola itzuli eta gure atzetik etorri zen, oraingoan semeak zuen amorruzko begiradapean.

Tximiniaren abiapuntura iristen, atzetik semea nuen.


Norberak erabakitzen du mendira nora joan eta zein arrisku hartu nahi dituen, baina ziur naiz mendira joaten garen guztiok etxera osorik iritsi nahi izaten dugula, eta honetarako, segurtasun neurri minimo batzuk hartzea komeni da. Momentu batean edo bestean gehienok egin dugu arduragabekeriren bat (honen salbu dagoenak bota dezala lehen harria jejeje) eta ziurrenik denetatik osorik atera garela, baina ezin dugu ahaztu mendian istripu bat gutxien espero dugun lekuan gerta litekeela eta gure esku dagoela istripu bat izatearen arriskuaren erantzunkizun handi bat edo handiena. Prestaketa fisiko eta teknikoa eta informazio minimo bat (mendiaren zailtasuna, eguraldia, bete beharreko denborak, etab) izatea ezinbestekoa da material egoki batekin batera. Eztabaidagarria izan daiteke, baina nire ustez Palas bezalako mendi batera kaskorik gabe igotzea arduragabekeri bat da.

Frantsesekin izandako topaketaren ondoren tximiniatik ahalik eta azkarren urruntzea erabaki genuen. Jaitsieran igoeran jarraitutako bide bera jarraitu genuen, baina oraingoan Beheko Arriel aintziratik behera ohiko bidea jarraitzea adostu genuen.

Beheko Arriel aintziran, gorriz igoeran jarraitu genuen bidea eta urdinez jaitsieran jarraitutakoa.


Beheko Arriel aintziratik behera, gorriz jarraitu beharreko bidea eta urdinez hemendik Respomuso aterpera doana.


Jaitsiera arin-arin egin eta 16:00etarako zazpi ordu eta erdietako ibilbidearen ondoren La Sarra urtegira itzuli ginen, kriston sentsazio onekin eta kriston mendi puska igotako sentimentuarekin.

La Sarran.



Amaitzeko irteeraren bideoa uzten dizuet, espero dut gustuko izatea.



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina