AZKEN 10 SARRERAK

2017/03/14

ACONCAGUA 2016-2017: 9. AMAIERA: AMETSAK DARRAI.

"...Momentu horiek guztiak denboran galduko dira, euripean galtzen diren malkoen moduan" Blade Runner filmetik.





Mendozan bost egunez izan ginen. Anaia eta biok, Coleratik behera pasatako hotzen ondorioz, zenbait hatz eta behatz lokartu eta txingurrituta genituen, baina egunak aurrera joan ahala pixkanaka bere onera itzuli ziren, nahiz eta Ikerren behatzak hilabete beranduago hozberak jarraitu.

Mendozan itzulera ospatzen.


Lehenengo egunak agendan genituen ekitaldi eta topaketa sozialak kitatzeko izan ziren. Topaketa hauek guztiak Aristides Villanueva kalean hasi eta amaitzen ziren, Antares garagardotegian hain zuzen ere. Garagardotegian afaltzen ez genuenean "Patio de Jesús Maria" erretegiko haragi eta txorixo goxoa dastatzen genuen. Egun horietan Silvio Mondinelli, Xavi Llongueras, Luis "Manzanita" Lugones, Heber Orona eta Mendozako mendi-gidari eta bezero askorekin mahai, garagardo eta helbideak elkarbanatzeko aukera izan genuen. Momentu ederrak izan ziren garagardo eta barren inguruko pasatako hauek. Egunak pasa ahala bakarrik geldituz joan ginen: Luis, Heber eta beste mendi-gidariak Aconcaguara itzultzen ziren bitartean, Xavi, Silvio eta Argentinaz kanpoko mendi-gidari eta bezeroak etxera itzuli ziren.

Plaza Italian Silvio Mondinellirekin.


Antares garagardotegian Silvio, Luis eta Xaviren taldearekin.


Lagunak joanda, jendeaz inguratuta izan arren, Mendozan bakarrik sentitzen hasi eta azkeneko egunak oso luzeak egin zitzaizkigun. Goizean hoteletik atera eta, jaberik gabeko zakurren moduan, alde batera eta bestera mugitzen ginen norabide jakinik gabe, nonbaiten bazkaltzen genuen arte. Bazkalostean Itzikin hitzegin eta, Arkaitz eta Ibon hoteleko igerilekura joaten ziren bitartean, anaiaok siesta egiten genuen. Siestaren ondoren goizeko errutina bera hasi eta Mendozan noraezean ibiltzen ginen Antares garagardotegian amaitu arte. Egunari azken orduak bertan erre eta, afaldu ondoren, hotelera itzultzen ginen egutegiari beste egun bat kenduz.

Silvio eta Luis "Manzanita".


Luis, Xavi eta Carlesekin afaltzen.


Azken egun horiek ez ziren atseginak izan eta, Iker, Arkaitz eta hiruok ahal genuen umoretsuen eramaten saiatu arren, Ibonek isilik pasa zituen, gorputzez Mendozan baina arima eta bihotzez Ibarran egongo balitz bezala. Txisteek grazia egiteari utzi zioten, solasaldiak murriztuz joan ziren eta isiltasun momentuak deserosoak bihurtzen hasi ziren. Nekatuta geundela nabaria zen, hoteletik nekatuta, Mendozatik nekatuta, espediziotik nekatuta, gure arteko harremanatik nekatuta. Inork adierazten ez zuen arren, modu batean nahiz bestean etxera itzultzeko gogoa genuen. Urtarrilak 15ean etxera itzultzeko Mendozan hartutako hegazkina nolabaiteko liberazioa izan zela ere esango nuke.

Egun horietan bodega batera egindako bisitan.


Paristik bueltan hodeien gainetik.


Euskal Herriak ongietorria egun ilun eta euritsuarekin egin zigun. Azken hilabetean euria ikusten nuen lehen eguna zen eta, tristea izanda ere, egun ederra iruditu zitzaidan, Itzi berriro ere ikusi eta etxean lo egingo nuelako. Petate eta motxilak gurditxo batean, aireportuan zain zeudenen artean Itziren bila hasi eta, ikusi nuenean, muxu eta besarkada batean elkartu ginen, gu biotatik aparte aireportuan beste inor izango ez balitz bezala. Arkaitz eta Ibonen familiak ere ongietorria egitera etorriak ziren eta, bereaiekin izandako solasalditxo motzaren ondoren, argazki batzuk egin eta azkar-azkar etxera ihes egin genuen, espedizioari amaiera emanez.

Ongietorriak Euskal Herrira.


Lauon argazkia, Arkaitz eta Ibon seme-alabekin.




Aconcaguatik itzuli ginenetik bi hilabete pasa dira. Denbora honetan, ezer idatzi aurretik, bihotz, arima eta buruko leihoak ireki eta, etxeko sutondoan Txindokiri begira, espedizioari buruzko hausnarketa luzeak egin ditut. Hausnarketa isilak izan dira, isiltasunean errebelazio baten zain izango banintz bezala. Hausnarketa eta errebelazio hauen guztien ondorioa bederatzi kapituluetako istorioa izan da, bizitako momentu eta emozioen ikuspegitik azaltzen saiatu naizen istorioa. Momentu gehienak denbora osoan gainean nuen koadernotxoan idatziak nituen, beste batzuk aldiz, Ikerrekin izandako solasaldi eta egindako argazki eta bideoek gogora ekarri dizkidate. Emozioak ardatz, ez da istorio erreala noski, modu batean edo bestean bidaia honetan zehar nirekin harremana izandakoen istorioa falta delako; Iker, Arkaitz eta Ibonen istorioak behinik behin.

Emozio eta momentu hauek ordenadorearen pantailan islatzen aritu naizen denboran, espedizioaz disfrutatu ez dudala ohartu naiz, nahiz eta hasiera batean nire burua kontrakoaz engainatzen saiatu. Hare gehiago, espedizioan zoriontsu izan ez naizela deskubritzeak ikaratu nau eta dezepzio sentsazio bat pixkanaka zabaltzen joan da, udaberriko goiz fresko eta euritsuetan behe-lainoa pagoen artean zabaltzen den moduan. Sentsazio honek gailurra ez lortzearekin erlaziorik ba ote zuen pentsatu arren, orain ziur naiz urtarrilaren 7an gailurra lortu izan bagenu ere ez nuela bestelako sentimendurik izango. Nola liteke honelako mendi esperientzia batetik zoriontsu ez etortzea? Galdera honi ezin izan diot erantzunik eman eta, zeinek daki, erantzunik gabe gelditzen den horietakoa izan daiteke, bizitzan egin ditudan beste hainbat galderen moduan.

Bizitza momentu eta emozioez osatutako kontaketa delakoan nago eta Aconcaguan bizitako momentu on eta txarrek ere nire kontaketaren parte izango dira dudarik gabe. Dezepzio sentimentuaren gainetik momentu bakoitzean bizi eta ikasitakoa ikaragarria izan da eta momentu bakoitzari ahal izan dudan zukurik handiena ateratzen saiatu naiz. Paperera eramaten zailak izan diren momentuak ere izan dira: Aconcaguaren atzean eguzkia izkutatu eta zeru eta gailurrak su kolorea hartu zuenekoa, gailur egunean gorputzak bai baina arimak ez esaten zuenekoa, Itzikin izandako solasaldiak... Bizitako momentu hauen guztien gainetik anaia eta biok gailurrari uko egin ondoren emandako besarkadarekin gelditzen naiz zalantza zipitzik gabe. Momentu horregatik bakarrik merezi izan zuen Aconcaguara joatea. Ziur naiz ama oso harro sentitzen dela gurekin.

Bi anai.


Nire ustez zineak eman duen pelikularik onenetakoa "Blade Runner" da. Pelikularen eszenarik ezagunenean, Vangelisek egindako soinu-bandaren noten artean, hiltzear dagoen "erreplikanteak" bizitako momentuekin erlazionatutako esaldi famatua botatzen du: "Sinetsiko ez zenituzketen gauzak ikusi ditut. Orion gerrikotik haratago guda ontziak sutan. Tannhäuser atetik gertu, iluntasunean, C izpiak distira egiten ikusi ditut. Momentu horiek guztiak denboran galduko dira, euripean galtzen diren malkoen moduan. Hiltzeko unea iritsi da". Esaldi honen ondoren ez daukat gehiago esaterik.

Eszena osorik ikusi nahi baduzue:



Kanpoan euria ari du. Etxeko tximinia piztuta dago eta, erretzen ari diren enborren artetik, sugarrek forma arraroak egiten dituzten bitartean leihotik begira ari naiz, hodeien artean Txindoki ikusteko itxaropenarekin. Duela gutxi, ez dakit non, ez dakit noiz, mendiek lo dauden ametsak esnatzen laguntzen digutela irakurritako esaldia buruan daukat. Mendizaleon kasuan horrela izan daitekeela pentsatzen ari naiz, partxis-partida batean fitxa bat jan eta hogei zenbatzen den moduan, mendian ere amets bat betetzerakoan beste hogei amets esnatzen dira eta. Momentu eta emozioek bizitza begiratzeko modua moldatzeko indarra badute, ametsek, handiak nahiz txikiak izan, momentu eta emozio berriak bizitzeko ilusioaren garra piztuta mantentzen digute, egurrak sua bizirik mantentzen duen bezala. Ametsak ditugun bitartean bizitza ilusioz bizitzen da eta bizitako momentuak biziagoak izaten dira. Pertsonak, bizitzen ditugun ametsak ote garen hasi naiz orain pentsatzen. Zein amets bete? Hor dago bizitzaren gakoetako bat, gure esku baitago. Amets berriak ditut eta amets berriak etorriko dira. Horietakoen artean Aconcagua egongo al da?

Hodeien artean Txindokiko gailurra azaldu eta eguzkiaren azken izpiek Erlabeltzeko gurutzea piztu dute distira egongelako leihoan islatuz, egunaren amaierak mezu misteriotsu bat bidali nahiko balu bezala. Leihotik begira, txingarren zirt eta zartek momentu majiko honetatik esnatu naute errealitatera itzuliz. Sua baju dago, egur gehiagoren bila noa.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina