Ipar-mendebaldeko gandorra alde batera utzita, Larrunarrin eskalatzeak definitzen duen hitza "lasaitasuna" izan daiteke. Gandorraren mendebaldea zeharkatzen duten eskalada sektoreetara iristeko ordudeteko bidea (lasai joanez gero) izateak eskalatzaile asko atzera botatzen ditu, leku lasai eta bakartia bihurtuz. Egun osoa bertan eskalatzen aritu zaitezke zure arnasketa, haizearen zurrumurru eta belatxingen oihuen gainetik beste ezer entzun gabe. Ipar-mendebaldeko gandorraren ondoren, duen ospeagatik, horma honetan gehien eskalatutako bidea "Txema" dela esango nuke.
Eskalada sektore hauek guztietatik Larraitzetik urrunen gelditzen dena "Plaka gorriak" sektorea da. Bertan, ekipatutako lau bide daude, denak hiru luzeetakoak: "Gora Euskadi aunque llueva" (110 m, V), "Peter Punk" (105 m, V+), "Eskualido karnero" (105 m, IV+) eta "El Eskolarizadero del Kukutan" (105 m, V+) Azkeneko honen lehen luzea "Eskualido karnero" bidearen lehen luzearen berbera da. Bide guztiak paraboltekin birrekipatu dituzte eta bilguneak uztaidun bi paraboltez osatuta daude. Birrekipatzerakoan ekipazio zaharraren izpiritua mantendu da, honegatik, leku batean baino gehiagoan "buruz" ongi joatea komeni da parabolten arteko tartea nahi baino luzeagoa izan daiteke eta.
"Plaka gorriak" sektorea eta bertako eskalada bideak. Argazkia "Gipuzkoan Eskalatzen" blogetik jaitsia dago, hemendik hain zuzen ere. Ekipatutako eskalada bideak gorriz margotutakoak dira.
Iker eta biok aspalditik genbiltzan sektore honetara hurbildu eta bertako bideak eskalatzeko gogoz, baita bitan hurbildu ere, baina lehenengoan harkaitza bustia topatu genuen eta bigarrenean zaparrada batek atzera bota gintuen. Aste Santuan eguraldia eguzkitsu eta gozoa iragarrita eta Pirinioetako ipar hormetan hotza pasatzeko gogorik ez, sektore honi hirugarren bisita egiteko gelditu ginen, ea hirugarrenean asmatzen genuen. Gure asmoa bide errazenetik hasi eta zailenean amaitzea zen, egun berean ekipatutako lau bideak eskalatuz, beti ere eguraldi eta indarrek uzten baziguten.
BIDEAREN DATU BATZUK
Luzera: 105 metro.
Luze kopurua: 3.
Nork irekia: Manu Sesma eta Ra Gaztañaga, 1983an.
Zailtasuna: IV+. Luzez-luze: 1ºL: IV+ (45 m), 2ºL: IV (35 m) eta 3ºL: IV+ (25 m).
Orientazioa: Hego-mendebaldea, udan bero handia pasa daiteke, honegatik ura eramatea gomendagarria da. Goizean-goiz joanez gero denbora batean itzala izango dugu.
Ura: Ura Larraitzen eta Oria iturrian hartu daitekeen arren, uda aurrera doan heinean Oria iturriko isuria dexente murrizten da, tarteka lehortzera iritsi arte.
Hurbilketa: Larraitzetik ordu bete pasatxo lasai joanez gero.
Jaitsiera: Bide beretik bi errapel egitea da aukerarik azkarrena. 60 metroetako sokekin, lehenengo errapelarekin bidearen lehen bilgunera ongi iristen da.
Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka, luzera ezberdinetako 10 express zinta eta zinta luze batzuk bilguneetarako. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko. Bidea errapelatzen bada, errapelatzeko "Shunt" aparatu modukoa eramatea gomendagarria izan daiteke, momenturen batean eskuak sokatik askatzea beharko bagenu lasai ibiltzeko. Autobabeserako materiala ere eramaterik badago, batez ere lehen luzean lau eta bosgarren parabolten arteko tarterako, asegururik gabeko tarte luzea baita. Nahiz eta eraman, guk ez genuen autobabeserako materialik erabili.
Bidea eskalatzeko pasatako denbora: Ordu bat.
BIDEAREN KROKISA
"Plaka gorriak" sektorearen kokalekua (karratuan) eta bertara iristeko jarraitu daitezken bideak.
Sektorea eta bidea gertuago.
Krokis zehatza.
BIDEAREN OINERA IRISTEKO
Kotxea Larraitzeko aparkalekuan uzten da. Hurbilketarako bi aukera daude: lehenengo eta errazena Larrunarrira doan Tximista bidea igo eta, Txindokiko hego-mendebaldeko hormetara hurbildu eta bideak eskuinera nabarmen hartzen duen lekuan, ezkerrera hartuko dugu zeharkaldi horizontal baten ondoren sektorera iritsiz. Aukera honek Oria iturrira arte uraren pisurik ez eramatea ahalbideratzen du eta Tximista igoera bide nabarmen eta erosoa da. Bietatik hau izan daiteke hurbilketarik gomendagarriena.
Bigarren aukera jarraitu nahi badugu, Larrunarriko bideak zeharkatzen duen pinudi bakarra (hasieran metalezko ataka duena) atzean utzi eta bidearen ezkerrean dagoen alanbre arantzadun hesia amaitzen den lekuan gora jarraitzea da. Metroak irabazi ahala komeni da eskuinean dugun ertzatik gertu mantentzea belarrik motzena bertan baitago. Bide honen gauzik txarrena belarra hezetuta badago oinak blai amaitzen dutela da.
DESKRIBAPENA
Iker goizeko zortziretan jaso ondoren Larraitzeko bidea hartu genuen. Zerua urdin eta garbi zegoen, egun ederraren seinale, baina, apirilean izanda, Larraitzeko sei gradu eta erdietara ateratzea kosta zitzaigun: "Ostiaaa, frexko itteulaaaa!!" esan nion Ikerri motxila bizkarrean jartzen nuen bitartean.
Hotzagatik ihesi, Larraitzeko ataka metalikoa zeharkatu eta pistan egiten diren lehen metroak bizi bete genituen gorputza berotzeko asmoz. Hala ere, igoera lasai hartzea erabaki genuen, bidearen oinera ahalik eta izerdi gutxiena botaz iristeko. Eskalatzen motxilarik eramango ez genuenez, izerdituta eskalatzen hasteak beldurra ematen zigun, egiten zuen hotzagatik izoztuta ez amaitzeko.
Larraitzeko ataka metalikoan.
Mendian poliki igotzeak ere bere xarma badu eta argazkiak egiteko denbora lasai hartu genuen: "urtek die ez naizela Txindokira hain poliki igo" esan zidan Ikerrek eskuak galtzetako poltsikoetan sartuak zituela.
Maldan gora lehen pausuak emanez, urrun Aizkorri.
Plaka gorrietan ekipatutako lau bideak eskalatzea genuen helburu, "Eskualido karnero" bidean hasi eta "El Eskoralizadero del Kukutan" bidean amaitzeko, tartean "Gora Euskadi aunque llueva" eta "Peter Punk" bideak eskalatuz. Aurretik, laurehun metroetatik gorako eskalada, eskalada egun oso-osoa, bideak eskalatu heinean zailtasuna ere koxkatxo bat igoz: "ea eguzkik eztun gogor jotzen" esan zidan Ikerrek, "hala esperoet, eguzkitako krema etxen utziet eta" erantzun nion.
Udaberria puri-purian zegoen, loreak bizi-bizi eta kukua atsedenik hartu gabe kantari, mendiari nolabaiteko melodia eskeiniz: "diruik baukezu?" galdetu zidan Ikerrek kukua entzun genuenean. "Txanponik ez" erantzun nion, "baña siglo beintiunon visa gañen eamatek balioko du, ezta? Jejeje" Bota nion irrifartsu.
Udaberria puri-purian.
Mendizale talde bat atzetik genuela pinudiko ataka metalikoa gurutzatu eta pinudia atzean utzi genuenean gora hasi ginen, alanbre arantzadun hesia amaitzen den lekuan. Hasiera batean zalantzan izan ginen hemendik edo Tximista bidetik igotzeko, baina, gainean nahiko ur genuenez, hemendik gora igotzea erabaki genuen bidea zertxobait murriztuz.
Pinudian dagoen ataka metalikora iristen, gainean Larrunarriko Ipar-mendebaldeko gandorra.
Alanbre arantzadun hesia amaizen den lekuan, goian Plaka Gorrien kokalekua adierazi dut.
"Joer, belarra bustie dau!!" Esan zidan anaiak lehen metroak igoak genituela, "ea pareta sikiera sekoa daun". Metroak pixkanaka irabaziz joan ginen, lurrera begira, ahal genuenean belar luzeak ekidin eta parean topatzen genituen harkaitz plaketatik igoz. Larrunarriko ohiko bidea behean gelditzen zen heinean Ausa Gazteluren gailurra parean ikusten hasi ginen, atzean Aratz eta Aizkorriren babesa zituela. Larrunarriko itzalak ere ez zuen ikuskizun hau galdu nahi eta, Larrunarri berberaren kopia beltza izango balitz bezala, haranak estaltzen zituen.
Ausa Gaztelu eta Txindokiren itzala. Atzean Aratz eta Aizkorri.
Malda gogorrari metroak irabazten.
Metroak irabazi ahala pixkanaka eskuineko ertzara hurbilduz joan ginen, belarrik motzena bertan zegoen eta: "ertza azpitio igotzen hasi beharra genun" esan zidan Ikerrek "hola integrala eskalatuko genun, jejeje".
Iker ertzatik gertu.
Ertzaren amaierara iristearekin batera, harri askez estalitako kanaltxoa igo, eskuinera jo eta plaka gorrietara iritsi ginen: "zenbat denbora pasa deu Larraitzetik honea?" Galdetu nion anaiari. Erlojua begiratu eta "ordu eta laurden inguru" erantzun zidan.
Plaka Gorrietan.
"Gora Euskadi aunque llueva" eta "Peter Punk" bideen oinetik pasatu eta, plaka gorriak eskuinetik inguratzen hasi ginenean, "Eskualido karnero" bidearen oinera iritsi ginen. Bidea zein den identifikatzea ez da zaila, bidearen eskuinean horman dauden bi zulo bereziak identifikatzea besterik ez dago.
"Eskualido Karnero" bidearen lehenengo hiru paraboltak eta identifikatu behar diren zulo bereziak.
Materiala motxiletatik atera eta arnesaren inguruan zintzilik jarri ondoren, zapatilak eta galtzerdiak harkaitz baten gainean lehortzeko utzi eta eskalatzen hasteko hormara hurbildu nintzen. Badaezpada hiru friend handi hartu nituen, baita harkaitz-zubietatik pasatzeko zinta pare bat, baina eskalada osoan ez genituen erabiliko.
Lehen luzea, 45 metro, IV+. "Joer, lehenengo parabolta urruti dau" esan nion anaiari gora begiratuz, "Ya te digo..." erantzun zidan. "Bazpare, al loro ibili". "Lasai, lehengo asegurua txapatu aurretio eroitzen bazeare igualtzaio al loro eon edo ez" erantzun zidan arrazoi osoz.
Luzearen lehenengo metroak bertikalak dira eta organo hodien itsurako kanaltxoak jarraitzen dituzte. Plaka bertikal hau hiru paraboltez babestua izan arren, lehenengoa urrun gelditzen da. Arnasa sakon hartu, organo hodietan oinak sartu eta, eskuentzat dauden helduleku txiki eta eskasak oreka mantentzeko erabiliz, metroak poliki-poliki irabazten joan nintzen. Oinak kanaletan ongi sartzean dago lehen metro hauetako eskaladaren gakoa eta, konturatzerako, lehen asegurua eskura nuen: "Zemuzkoa?" galdetu zidan Ikerrek "buenooo" erantzun nion "oinak, oinak eta oinak".
Lehen parabolta atzean utzi ondoren.
Lehen paraboltetik sokak pasa nituenean lasaitasun ederra hartu nuen. Gora begiratu eta, oinak hodien barruan sartuta mantenduz, eskalatzen jarraitu nuen.
Oinak hodietan sartuta eramateagatik hirugarren asegurura oin eta behatzetako minez iritsi eta izugarrizko gozamena sentitu nuen horma etzaten hasi eta oinak hodietatik "askatu" nituenean.
Hirugarren paraboltetik gora, oinak organo hodietatik ateratzear.
Laugarren parboltean aseguratu eta horma etzaten doa eskuinera nabarmen hartuz, plakaren erdian ikusten diren harkaitz bloke itsurako batzuetara zuzenduz. Bilgunera arteko tarte hau luzea da eta bi paraboltez "bakarrik" babestua dago. Niri ez zitzaidan tarte zaila iruditu eta ez nuen parabolten artean asegururik jartzeko beharrik sentitu baina nahi izanez gero honetarako aukerarik badago.
Harkaitz bloke itsurakoak eskalatuta, bilgunea aurreko paraboltetik pasatu eta, itsasgarritasun handiko plaka etzana eskalatuz, horma bertikalaren oinean kokatutako bilgune erosora iritsi nintzen. Bilgunea zinta luze batekin muntatu eta Iker aseguratzen hasi nintzen.
Lehenengo bilgunea, uztaidun bi paraboltez osatua.
Iker zati bertikaletik ateratzen.
"Zemuzkoa iruittu zaizu?" Galdetu nion bilgunera iristear zegoela. "Buenooo, burue itteko ez da txarra" erantzunn zidan, "gañea mota hontako eskaladara ez gare ohittuta".
Ni lehen bilgunean eta bigarren luzeko nondik-norakoak.
Bilgunera iritsi aurreko blokeak eskalatzen.
Bilgunera iritsi, soberan nuen materiala pasa eta, dagoeneko eguzkiak jotzen hasita zegoen bigarren luzea eskalatzen hasi zen: "ea zemuz nabilen" esan zidan bilgunetik atera aurretik. "Teorikoki hau aurrekoa baño errexagoa da" esan nion animatu nahian.
Bigarren luzea, 35 metro, IV. Luzearen hasieran kontuz ibili behar da bilgunearen eskuinetik zuzen gora doan luzea "El Eskolarizadero de Kukutan" bidearen bigarren luzea (V+) baita. Bidea eskalatzen hasi baino lehen kontutan izango dugun bigarren gauza goian hormatik ateratzen den harkaitz bat identifikatzea da, koxka baten itsura duena, bigarren bilgunea honen ezkerrean kokatzen baita.
Bigarren luzearen hasiera, itzalpean organo hodiak eta eguzkitan babaresa.
Ikerrek bilgunearen ezkerrera metro pare bat egin eta hemendik gora doazen organo-hodi bertikalak eskalatzen hasi zen, bertikaltasuna zertxobait galtzearekin batera ezkerrean pitzadura duen harlauzara iritsi zen arte.
Lehen metro bertikalak eskalatu ondoren, beharbada organo hodien zatirik zailena.
Organo hodien bigarren zatian. Argazkian abaria da babaresa moduan eskalatzen den harlauza, baita bilgunea muntatzeko erreferentzi bezala izan behar den koxka itsurako harkaitza ere.
Harlauza bere ezkerretik inguratuz babaresa moduan eskalatu eta, bilgunetik izkutuan gelditzen den tximinia sakonean sartu zen, horma berriro ere zertxobait tentetuz, batez ere tximiniaren barrutik eskalatzen bada.
Harlauza eskalatu ondoren, tximiniaren azpian dagoen erlaitz erosoan.
Tximiniaren amaierara iristear zegoela ezkerrera hartu eta, ur-tantadun hormatxo bat ezkerrean utzita, eskalatzen den helduleku oneko zeharkaldi horizontalaren ondoren, bilgunetik ikusten den koxka itsurako harkaitzaren atzeko bilgunera iritsi zen. Bilgune hau "Peter Punk" bidearekin elkarbanatzen da.
Azken metroak tximiniaren kanpotik eskalatzen.
Bilgunean, koxka itsurako harkaitza Ikerren aurrean ikusi daiteke.
"Nahizunen!!" oihukatu zidanean eskalatzen hasi nintzen. Luzearen lehen metroak (organo hodi bertikaletatik gora doazenak) lasai eskalatu eta "pentsatu beharrekoak" iruditu zitzaizkidan, nahiz eta helduleku onak izan.
Harlauzara iritsi eta, lehenengo metroak pitzadura eskuekin alderantziz helduta eskalatu nituen. Metroak irabazi ahala (oinentzat helduleku onak daude) harlauza eskalatu eta tximiniaren azpiko erlaitz erosora iritsi nintzen.
Tximiniaren azpiko erlaitz erosotik behera egindako argazkia. Argazkiaren ezkerrean (itzala hasten den lekuan) babaresan eskalatzen den harlauza ikusi daiteke.
Tximiniaren sarrera.
Barrutik edo kanpotik eskalatzeko zalantzarekin tximiniaren barrura sartu eta nahi baino zailtasun handiagoak pasa nituen, tximinia batean "gehiegi" sartzen denean mugimenduak dexente zailtzen baitira. Azkenean eskuin beso eta oina tximiniatik atera eta metroak errazago eskalatu nituen amaierara iritsiz: "lasai ur-tantak eztie eskalatzen eta!!!" animatu ninduen anaiak, tximiniaren amaieran ur-tantak ikusi ondoren keinu arraroa egin nionean.
Ur tanten eskuinetik metro bat eskalatu eta, ezkerraldera egindako 2-3 metroetako zeharkaldiaren ondoren bilgunera iritsi nintzen.
Bigarren bilgunea, hau ere uztaidun bi paraboltez osatua.
"Joer tximinia" esan nion, "gehiegi enkajau ta ateatzea kosta zait". "Nik ia denbora guztin kanpotio eskalau det" esan zidan Ikerrek.Ikerrek emandako materiala jaso eta, gora begiratu ondoren, azkeneko luzea eskalatzeko prestatu nintzen.
Hirugarren eta azken luzea bilgunetik gora zuzen doa, eskuin aldera diagonalean doan luzea "Peter Punk" bidearen hirugarren luzea (V+) baita.
Hirugarren luzeko lehen hiru paraboltak. Eskalatzen den sabaian dagoen harlauzaren kokalekua ere adierazi dut.
Hirugarren luzea, 25 metro, IV+. "Hemen ere ur-tantak?" Bota nion anaiari "juten naizen leku guztitara jarraitzen naute, jejeje". Bilgunetik atera eta ur-tanten mundura sartu nintzen. Nire harridurarako zati hau ez zitzaidan horrenbeste kostatu eta, ur-tantak osatutako horma izateko, helduleku oso onak dituela iruditu zitzaidan.
Lehen paraboltean aseguratu ondoren.
Iker bigarren bilgunean. Ikusten denez koxka itsurako harkaitzaren gainean dago.
Ur tanten amaieran kanaltxo bat eskalatu eta sabai baten azpira iritsi nintzen. Hasieran sabaia zuzen eskalatzeko tentazioa izan arren, ezkerrean dagoen harlauza ikusi nuenean, bertako helduleku paregabeetatik tiraka sabaia erraz eskalatu nuen.
Sabaia eskalatu ondoren. Sabaiaren azpian (sokaren eskuinean) ur-tanten amaieran eskalatzen den kanaltxoa ikusi daiteke, baita sabaia gainditzeko eskalatu behar den harlauza (sabaian, sokatik ezkerrera diagonalean doana) ere.
Sabaia eskalatu ondoren behera egindako argazkia.
Sabaia eskalatu ondoren horma etzan eta arazorik gabe lurrean jarritako uztaidun bi paraboltez osatutako bilgunera iritsi nintzen.
Hirugarren eta azken blgunea.
Eguzkiaren epeltasun goxoa bizkarrean sentitzearekin batera Iker aseguratzen hasi nintzen.
Ikerrek, bertan dauden helduleku txikiak aprobetsatuz, sabaitxoa zuzen eskalatu zuen, nik eskalatutako harlauza bere ezkerrean utziz: "zemuzkoa?" Galdetu nion. "Buenooo, behatzetatio zertxobait tiratu beharra izan det" erantzun zidan, "baina ondo, uste baño hobeto".
Sabaiatik ateratzen.
Hirugarren bilgunean, atzean Txindokiko gailurra osatzen duen horma.
Bilgunera iritsi eta, argazki batzuk egin ondoren, errapela prestatu genuen. 60 metroetako sokak izanda, errapel bakarrez lehenengo bilgunera arte zuzen jaitsi ginen (errapelak 55 metro inguru izango ditu). Bigarren errapelarekin soberan iritsi ginen lurrera, sektore honen lehen eskalada bideari amaiera emanez.
Bi anaiak hirugarren bilgunean.
Lehenengo errapelean.
Motxiletara hurbildu hidratatu eta "Ze, bigarrenaren bila?" bota ondoren Plakak inguratzen hasi eta "Gora Euskadi aunque llueva" bidearen oinera iritsi ginen.
"Gora Euskadi aunque llueva" bidearen deskribapena hemen irakurri dezakezue.
AZKEN 10 SARRERAK
2017/04/19
LARRUNARRI (TXINDOKI), "PLAKA GORRIAK" SEKTOREA, ESKUALIDO KARNERO, 105 metro, 4c 2017/04/13
Nork argitaratua:
Xabi "Smithy" Mujika
ordua:
19:20
Etiketak:
aralar,
eskalada,
eskualido,
eskualido karnero,
gorriak,
karnero,
mendia,
plaka,
plaka gorriak,
smithy,
smithyrenbloga,
txindoki
Harpidetu honetara:
Argitaratu iruzkinak (Atom)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina