AZKEN 10 SARRERAK

2012/04/01

LARRUNARRI (TXINDOKI): "TXEMA" BIDEA, 120 m. V+ 2012/03/31

"Txema ein beharra zeok, Txindokiko bideik mitikona dek eta" esaten zigun behin eta berriz gure adiskidea den Zeberio eskalatzaile beasaindarrak. Aspalditik bide hau egiteko gogoz ginen baina errespetu handiko bidea zen niretzat: duela berrogei urte irekitakoa, txapak urrun eta garai hartako graduazioarekin. Josuk bitan saiatua zen bidea egiten eta bietan jaitsi egin zen eguraldia dela eta. Martxoaren 29an, greba orokor eguna zela aprobetsatuz, Josuk eta bixkietako batek azkenik Txema bidea egin zuten.

Josurekin bidearen nondik norakoak hitzegin ondoren, eta asteburua okupatua zuela ikusita, Ikerri Txema bidea egiteko proposatu nion. "Ez al da gehiegi izango?" esan zidan. "Ez dakit ba, nik errespetu haundie diot, gutxinez saiau eingo gea, ta ezin badeu malloi bat jarri eta behera" erantzun nion.

Honela ba, larunbaterako bi anaiak gelditu ginen Txema bidea egiteko asmoarekin.

DATU BATZUK

Erabilitako materiala: 12 express zinta, zinta luze batzuk bilguneetarako, zinta-uztai batzuk (txapen arteko tarteren bat edo beste babesteko), lincam gorria eta Alien berdea (dena den badaezpada fisurero joku erdia, alien semaforoa -gorria, berdea eta gorrai- eta lincam hori eta gorria eraman genuen). Bi talkie ere eraman genituen.
Bidearen ireki zutenak: Angel Fernandez eta Valentin Muñoz 1971ko urriaren 10ean.
Orientazioa: Hegoa, komeni da goiz joatea eguzkia jotzen hasten denean bero handia egiten du eta, gainera ura Larraitzetik igo behar da bertan iturririk ez dago eta.

BIDEAREN KROKISA

Gorka Obeso eta Txingu Arrietak eginiko "Gipuzkoako Eskalada Gida" liburua (ISBN:84-607-5561-4) erreferentziatzat hartzen badugu, bertan ikusiko dugu bidea bost luzeetan banatzen dela eta hainbat alternatiba dituela, bi irteera posible barne.

Beheko argazkian "Gipuzkoako Eskalada Gida" liburuaren krokisa jarri dut bertan azaltzen den bezela eta honen gainean guk jarraitutako bidea eta jarritako bilguneak urdinez marraztu ditut.


Guk jarraitutako bidea V+ bezela sailkatuta dago eta 120 metro inguru dauzka. Guk hiru luzetan egin genuen: lehenengoan gidan azaltzen diren lehenengo biak batean egin genuen, bigarrenean hurrengo biak eta hirugarrenean bidea amaitu genuen. Bidearen zailtasun nagusia azken luzean dagoen diedroan dago V+ zailtasunarekin izendatua dagoelarik. Dena den A0-n egin daiteke txapak ongi jarriak ditu eta.

Bide osoa paraboltez babestua dago (iltzeren bat edo beste ere ikusi daiteke), baina tarte batzuetan parabolten arteko distantzia handia da, momentu oro bidea nondik doan begiratu behar delarik ez galtzeko. Bilgune guztiak argoilekin eta leku erosoetan jarriak daude. Dena den, guk bigarren bilgunea arkaitz zubi batean jarri genuen.

Ausa Gaztelu ingurutik ateratako argazki honetan bidea gutxi gora behera nondik nora doan markatu dut. Argazki berean, Larrunarriko gailurrera igo nahi ez bada jaitsierako dauden bi aukera jarri ditut: Bidearen irteeraren ezkerrean gelditzen diren bi rapel (Larrunarriko gandorra eskalatzen denean erabiltzen direnak) edo rapelik egin nahi ez bada jaisteko erabiltzen den bide normala. Azken aukera honek ez dauka zailtasun handirik baina kontuz ibili beharreko lekua da batez ere belarra bustia badago.


DESKRIBAPENA

Goizeko zortziretan gelditu ondoren, Larraitzera ailegatu eta 8:30ak pasatxo paretaruntz abiatu ginen. Larraitzera ailegatu eta gauzak prestatzen ari ginela... "Ostia, kaskoa ahaztu zait" Ikerrek. "Bakarrekin hala nola moldauko gea" nik. Intzidentzitxo honen eta materiala bion artean banatu ondoren, goruntz abiatu ginen.

Bidera hurbiltzeko: Aukera ezberdinak daude: batzuk aristara doan bide berbera jarraitzen dute gero paretara zeharka hurbiltzeko. Guk nahiago izaten dugu aristara doan bidea hartzen den langa pasa, Larrunarriko bide normala jarraitu eta eskuinera dugun pinudia amaitzen den puntutik 50 metro ingurura paretara zuzen-zuzen igo. Paretaruntz zuzen hartzen dugun lekuan hesirik ez dagoenez, leku hau topatzea erraza da.

Iker Larrunarriko bidean.


Pareta honela ikusten da Larrunarrira doan bidetik.


Gertuago, Txema bidea argazkiaren ezkerrean dagoen paretan gora doa...


...argazki honetan gutxi gora behera adierazi dudan bezela.


Hurbilketa gogorra egiten da 700 metro inguruko desnibela irabazi behar delarik. Gure hankek gaineran generaman pisua eta aspaldi Larrunarrira igo ez izana ederki somatu zuten. Dena den igoera oso lasai hartu genuen ordu eta laurden inguruan bidearen hasierara ailegatu ginelarik.

Bidearen hasiera non dagoen jakiteko hiru erreferentzi hartu beharko ditugu: alde batetik paretaren azpian dagoen gurutze oker bat. Gero, gurutze honen ezkerrean (paretari begira bagaude) dagoen arkaitz bloke handi bat), eta azkenik blokearen gainean dagoen plaka bat.

Argazki honetan gurutzea eta plaka non diren markatu ditut. Plakaren azpian arkaitz blokea ikusi daiteke.


Hemen gurutzea, plaka eta honen azpiko blokea hobe ikusi daitezke.


...gertuago...


Bidea berez blokearen gainean hasten da, bertan bi parabolt daudelarik. Bloke gainera igotzeko trepadatxo erraz bat egin behar da honen eskuinetik. Dena den, badago lehen luzea blokearen azpitik hasten duena ere.

Guk gauzak lasai hartu genituen: arnesa jantzi atseden pixkat hartu zerbait jan eta edan eta argazkiren bat edo beste atera.

Iker 0 bilgunean.


Lehen luzea, 50 metro, V. Hau da hiru luzeetatik errazena. Bidea plaka batetik gora doa. Lehenengo 10 metroetan dagoen zailtasunik handiena adherentziko plaka batetik gora igo behar da eta. Gainera metro hauek hotz harrapatzen zaitu. Dena den arkaitza (bide osoan zehar bezela) oso latza da eta katu-oinek uste baino hobe heusten dute. Adherentziko lehen metro hauen ondoren heldulekuak hasten dira. Josuk esango luke bezela "oinekin igo beharreko luze bat da". Bilgunea bi paraboltez babestua dago. Gogoratu guk lehen bilera bat (kate bat duena) atzean utzi genuela.

Lehen luzea.


Mundua "reverso"-ren ikuspegitik.


Luzeari emateko prest.


Bidearen hasieran dagoen plaka. Bertan hau dio: "Via Txema. Abierta por Ángel Fernández y Valentín Muñoz el 10-10-1971 en Memoria del compañero Txema Riezu". Plakaren krokisean ikusten denez, bide originalak ez du guk lehenengo luzean jarraitutako bidea jarraitzen (bideak berez plakaren eskuinean doan belar pitzadura bat jarraitzen du) eta bigarren luzean V+ pausua ekiditen du. Diedroa ere A0 bezela sailkatua dago.


Dena pronto genuenean goruntz abiatu nintzen. Lehen luze honi emateko gogo bizia nuen eta gogotsu ekin nion. Baina lehen metroen ondoren erdi ataskatuta gelditu nintzen. Oraindik hotz eta adherentziara ohitu gabe, nahi baino hestuasun gehiago pasa nuen atzean utziko genuen lehen bilgunera ailegatzeko. "Zemuz?" Ikerrek, "beeeeno, fedezko pausu bat baino gehiago eman behar izan det, baña arkaitzak earki heusten du" nik. Atzean utzi genuen lehen bilgune hontatik gora, pixkar lasaitu eta eskaladaz nolabait gozatzen hasi nintzen nahiz eta tentsioarekin joan.

Zailtasunak amaituta.


Lehen bilgunea.


Lehen bilgunetik beherako bistak...


...eta behetik lehen bilgunerainoko bistak.


Iker aseguratzeko prest.


Iker lehen luzearen hasieran.


Zati zailaren amaieran. Ikusten denez adherentziko pausuak dira nagusi.


Ikerrek luzea di-da batean egin zuen. "Zemuz Mitz?" nik, "beno, de segundo ondo baña bauke pausuren bat edo beste hestutzeko mukoa" Ikerrek.

Bigarren luzea, 50 metro, V+. Hasieran metro erraz batzuk egin ondoren helduleko oneko pausu extraplomo bat topatuko dugu. Pausu hau gainditu ondoren bideak bertikal eta ia heldulekurik gabeko plaka bat jarraitzen du (V+) 8-10 metro inguruan, plaka hau pasa ondoren zailtasuna zertxobait jeitsi eta ñapitaz jositako plaka batetik gora bilgunera ailegatuko garelarik. Luzeak zertxobait eskuin aldera joateko joera dauka denbora osoan. Luzearen berezko bilgunea erdi babaresan igotzen den laja baten ondoren dago baina guk bilgunea lajaren hasieran dagoen arkaitz zubi batean jarri genuen, soka amaituko zen bildurretan.

Iker bigarren bilgunera ailegatzen.


Luze honek beste bi irtenbide dauzka: extraplomora ailegatzerakoan eskuin aldera 6a zailtasuneko luze bat doa bilgune berera. Extraplomoa igo ondoren (igo aurretik ere gauza bera egin daiteke) ezkerrera pasatzen bagara, IV+ zailtasuneko belar pitzadura batetik gora irtengo gara.

Argazkian luze hau egiteko dauden hiru aukerak markatu ditut. Ikusten denez, Ikerrek txapa bat ez zuen ikusi eta plakan gora jo zuen nahi baino hestuasun gehiago pasatuz.


Ikerrek eman zion luze honi. Extraplomoa erraz gainditu ondoren (hasieran gure ustez hori zen pausurik zailena), honen ondoren dagoen plakan ederki hestutu behar izan zuen. "Zemuz mitz?" nik, "larri oso larri, Ikerrek". Hestuasuna hainbestekoa izan zen ezen plakan zegoen txapa bat ez zuen ikusi eta goruntz zuzen jarraitu zuen. Hontaz konturatu zenean, pitzadura batean Alien berde bat sartu eta berriro ere bidera itzuli zen goiko argazkian ikusten den bezela.

Bidea berriro topatu zuenean goruntz jarraitu zuen parean topatzen zituen txapak jarraituz, baina bide egokia jarraitzen ari zenaren zalantza sartu zitzaion ez baitzuen bilgunerik topatzen eta soka amaitzen ari baitzen. Honela, laja baten azpian, arkaitz zubi bat aprobetsatuz bilgune bat jarri zuen. Bilgunea jarri eta ni igotzen hasi nintzenean, lajaren gainean eta eskuinean (gure bilgunetik 5 metro ingurura) bi paraboltez babestutako bilgunea ikusi zuen.

Zailtasunak pasa ondoren ñapitak dituen plaka hau topatuko dugu.


Iker bigarren bilgunean.


Hirugarren luzea, 20-25 metro, V+. Bilgunea lajaren gainean dagoen bi paraboltdun bilgunean jarriz gero (lajaren eskuinean), ezkerreruntz jor beharko dugu. Bilgunea guk jarri genuen lekuan jarriz gero, laja igo eta zuzen jarraituko dugu ezkerreko joerarerkin. Lehenengo aukera hartuz gero hirugarren bilgunetik soka jasotzea asko kostako zaigu bihurgune handia egiten baita.

Babaresa teknikan laja igo ondoren ezkerreruntz hartuko dugu helduleku onak dituen 2-3 metrotako paretatxo bertikal bat igoz. Paretatxoa igo ondoren luzeak itsura leuna duen plaka bat jarraitzen du ezkerreruntz desplome baten azpitik. Zeharkaldi honetan eskuetako helduleko gutxi dago, baina oinak jartzeko leku asko daude nahiz eta plaka irristakorra iruditu. Honela, 15 metro ingururen ondoren diedroaren sarrerara ailegatuko gara. Diedroa oso ongi dago txapatua eta indarrez baino, konfidantzaz juxtu ibiliz gero (nire kasuan bezela) A0-n atera daiteke. Dena den, diedroak teknika eta indarra eskatuko digu. Behin diedroa igo ondoren bilgunea oso leku erosoan dago.

Bilgunetik irten eta egin nuen lehen gauza paraboltak zeuden bilgunera joan eta bertan express bat jartzea izan zen, hemendik gora jarraitzeko. Hurrengo txapa txapatu nuenena eta Zeta handi bat egiten zela ikusirik, berriro ere paraboltdun bilerara joan eta bertako expressa askatu nuen soka lasago emateko asmoz.

Diedroaren sarrerara ailegatu nintzenean, bertan dagoen lehen txapa txapatu eta ahal izan nuen moduan atsedentxo bat hartu nuen. Behin diedroari emateko prest nengoelak lehen pausua eman eta Ikerrek "eroso zare?" galdetu zidan. "Eroso? ni por el forro, zeba?" Nik. "Eske korapilo bat egin da eta ezin dizut metro bat baño gehio eman" Ikerrek, "Metro bat? Ba al dakizu nola nagoen?" nik, "ahal detena egiten ari naiz" Ikerrek. Ahal izan zuen bezain azkar soka ematen hasi zen. Ordurako ni oso urduri jarri eta indarrak galtzen hasi nintzen, batez ere indar mentalak eta expresari lotsagabe heutsi nion. Pixkanaka, soka gutxieneka jasotzen (Ikerrek ematen zidan ehinean) eta bigarren express bati heusten, nolabait pausu zailena atera nuen, azkenik bilgunera erdi dardarka ailegatu nintzelarik. Ikerrek, lehen luzean pasa zen bezela, ni baino errazago atera zuen diedroa.

Iker bigarren bilgunean lajaren gainetik ikusita.


Eskuin-ezker zeharkatu behar den plakaren erdialdean. Diedroaren sarrera aseguratzen duen lehen expressa ikusi daiteke.


Zeharkaldia egin ondoren behera begirada. Bidearen hasieran eskalatzaile batzuk ikusi daitezke.


Iker zeharkaldiaren amaieran...


...eta diedroaren hasieran.


Diedroa azpitik ikusita.


Beste argazki bat.


Aristaruntz begirada...


...baita Auza Gaztelu eta Aizkorriruntz ere.


Diedroaren irteera hirugarren bilgunetik.


Iker diedroaren zailtasun eta hestuasun handienak pasa ondoren...


...eta diedrotik irteten, bidea gurea da!!!!


Hirugarren bilgunean.


Nahiz eta aurpegian ez nabaritu (oraindik tentsioa nuen gorputzean), bidea oso emozionatuta bukatu nuen.


Azken bilgunetik atera nintzenean besarkada handi bat eman eta tentsio guztiak bota genituen. "Tomaaaa!!!!!!"

Tentsioak pasa ondoren, gurea da!!!!!!!!!!!!!!!!


Eguerdiko hamabiak zirela ikusita Larrunarriko gailurrera joatea erabaki genuen, aspaldian igo gabe genuen eta.

Trasteak jaso ondoren gailurrerako bidean.


Erlabeltzeko puntara ailegatzen...


Erlabeltzeko puntan.


Larrunarritik beherako bidetik.


Txema bideari azken begirada, ziur itzuliko garela.



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina