Larrunarriko "Plaka gorriak" sektorean eskalatzeko asmotan, Iker eta biok Larraitz goizeko 8:30tan utzi genuen. Gure asmoa bertan ekipatutako lau bideak eskalatzea zen, bide errazenetik hasi eta zailenean amaituz, beti ere eguzkiak eta indarrek uzten baziguten. Bideak orden hau jarraituz eskalatzeko asmoa genuen: "Eskualido karnero" (105 m, IV+), "Gora Euskadi aunque llueva" (105 m, V), "Peter Punk" (105 m, V+) eta "El Eskolarizadero del Kukutan" (105 m, V+). Bide hauek guztiak paraboltekin birrekipatu dituzte eta bilguneak uztaidun bi paraboltekin muntatuta daude. Birrekipatzerakoan ekipazio zaharraren izpiritua mantendu da, honegatik, leku batean baino gehiagoan "buruz" ongi joatea komeni da parabolten arteko tartea nahi baino luzeagoa izan daitekelako.
"Plaka gorriak" sektorea eta bertako eskalada bideak. Argazkia "Gipuzkoan Eskalatzen" blogetik jaitsia dago, hemendik hain zuzen ere. Ekipatutako eskalada bideak gorriz margotutakoak dira.
"Eskualido karnero" bidea ordu betean eskalatu eta denboraz ongi gindoazela ikusita, motxiletara hurbildu hidratatu eta bata besteari "ze, bigarrenaren bila?" bota ondoren, Plakak inguratzen hasi eta "Gora Euskadi aunque llueva" bidearen oinera iritsi ginen.
BIDEAREN DATU BATZUK
Luzera: 105 metro.
Luzeak: 3.
Nork irekia: Gerardo Telletxea eta Jorge Malles, 1983ko urtarrilaren 23an.
Zailtasuna: V. Luzez-luze: 1ºL: V (40 m), 2ºL: IV (35 m) eta 3ºL: III (30 m).
Orientazioa: Hego-mendebaldea, udan bero handia pasa daiteke. Honegatik ura eramatea gomendatzen dut. Goizean-goiz joanez gero denbora batean itzala izango dugu.
Ura: Ura Larraitzen eta Oria iturrian hartu daitekeen arren, uda aurrera doan heinean Oria iturriko isuria dexente murrizten da, tarteka lehortzera iritsi arte.
Hurbilketa: Larraitzetik ordu bete pasatxo lasai joanez gero.
Jaitsiera: "Eskualido karnero" bidea errapelatzea da aukerarik azkarrena. Lehenengo errapelarekin bidearen lehen bilgunera iristen da.
Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka (bi errapeletan hormaren oinera iristeko), luzera ezberdinetako 10 express zinta eta zinta luze batzuk bilguneetarako. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko. Bidea errapelatzen bada, errapelatzeko "Shunt" aparatu modukoa eramatea gomendagarria izan daiteke, momenturen batean eskuak sokatik askatzea beharko bagenu lasai ibiltzeko.
Bidea eskalatzeko pasatako denbora: Ordu bete.
BIDEAREN KROKISA
"Plaka gorriak" sektorearen kokalekua (karratuan) eta bertara iristeko jarraitu daitezken bideak.
Sektorea eta bidea gertuago.
Krokis zehatza. Urdinez bidetik jaisteko egin daitezkeen bi errapelak.
BIDEAREN OINERA IRISTEKO
Bidearen oinera nola iritsi hemen zehaztuta daukat. Bidearen hasiera identifikatzeko erreferentzi ezberdinak hartu daitezke: alde batetik, bigarren luzean eskalatzen den tximinia, bidearen hasiera tximiniaren bertikalean dago eta. Bestaldetik, hasieraren azpian elorri berezi eta bakartia dago eta bidearen eskuinean, eta beharbada hau izan daiteke erreferentziarik garbiena, hormaren oinatik jaio eta metro batzuetan gora doan harlauz edo bloke berezia.
Argazki honetan bidearen hasiera kontutan izan daitezken hiru erreferentziak adierazi ditut, baita lehen luzearen lehen metroak ere.
Elorri bakartia bidearen oinetik ikusita.
DESKRIBAPENA
Goian azaldutako hiru erreferentziak identifikatu genituenean, horma bertikalari begiratu eta lehen parabolta oso goian zegoela iruditu zitzaigun: "joer, hemen ere lehen parabolta kristoetxen dau" esan zidan anaiak. Express eta mosketoi guztiak behar ziren lekuan zintzilik zituela egiaztatu ondoren pixkanaka eskalatzen hasi zen.
Bidearen oinean, lehen hiru parabolten kokalekua adierazi ditut. Eskuinean harlauz edo bloke berezia ikusi daiteke.
Lehen luzea, 40 metro, V. Hasiera batean lehen asegurura iristeko zalantzak izan zituen: plaka zuzen eskalatu edo eskuineko harlauz edo blokea eskalatu? Pentsatzen dut blokea eskalatuz gero lehen metro "sikologikoak" modu handi batean ekidingo direla, nahiz eta gero ezkerrera zeharkaldi motza egin beharko den. Dena den, zeharkaldi motz hau gutxienez soka gainetik izanda egingo da.
Azkenean hormaren oineraino iristen den organo-hodi bertikaleetatik zuzen eskalatzen hasi zen. Lehen metroak poliki baina gelditu gabe eskalatu zituen lehen paraboltera iritsiz: "bufffff!!!" bota zidan "a ze estualdi pasa deten".
Bigarren paraboltaren parean.
Argazki bera zabalago eginda, eskuinean harlauz edo plaka berezia ikusi daiteke. Beharbada harlauzaren gainetik lehen paraboltera errazago iritsi daiteke.
Lehen eta bigarren parabolten arteko tartea ere ez zuen azkarrago egin eta, metroak jaten baino, zentimetroak janez joan zen, fin eskalatu behar zenaren seinale. Nolabait eroso jarri eta argazki bat egin nionean "hasierak bere gauza dauke, eh?" bota eta ohartarazi zidan.
Organo hodiak eskalatu ondoren.
Hirugarren paraboltetik gora pixkanaka bistatik galduz joan nintzen. Soka arinago zihoala nabaritu zuen, zailtasun handienak amaitu zirenaren ondorioa.
Argazki honetan organo hodiak babesten dituzten hiru paraboltak ikusi daitezke.
Bilgunea muntatu eta "nahizunen!!!!" oihukatu zidanean arnasa sakon hartu eta, hatz-mamiekin harkaitza laztandu ondoren, eskalatzen hasi nintzen.
Bigarren paraboltera arteko tartea, luzearen zatirik bertikaleena, eskalatzeko oso fina iruditu zitzaidan, burua lasai mantendu eta heldulekuak pazientziak aurkitu behar diren horietakoa. "Eskualido karnero" bidearen lehen luzean bezala, oinak organo-hodietan sartuz, horma hotz eta bertikalari metroak pixkanaka irabazten joan nintzen, tarteren batean nahi baino gehiago estutuz. Bigarren paraboltatik aurrera horma pixkanaka etzaten joan eta helduleku gehiago azaltzen joan ziren eskaladaz erabat gozatuz. Zati hau ederra iruditu zitzaidan eta metroak, Ikerren moduan, erraz irabazi nituen.
Organo hodien amaieratik lehenengo bilgunera egindako argazkia.
Metroak eskalatuz nindoan heinean horma geroz eta gehiago etzaten joan zen bilgunera iritsi nintzen arte. Deigarria iruditu zitzaidan azken paraboltak eta bilgunearen arteko tarte luzea, baina tarte oso erraza izanda, ez dut uste asegururik jartzeko tentaziorik izango den, batez ere lehenengo metroetan pasatakoak eta gero, jejeje.
Lehenengo bilgunea gertuago, atzean bigarren luzean eskalatzen den tximinia ikusi daiteke.
Lehenengo bilgunea.
"Ostia lehen metroak!!! Meritu haundiko eskalada indezu" esan nion anaiari bilgunera iritsi bezain pronto. "Ba earki estutu behar izan det" erantzun zidan. "Baita nik ere" erantzun nion irrifartsu "ta hoi de segundo nijola, jejeje".
Ikerrek soberan zuen materiala jaso eta bigarren luzea eskalatzen hasi nintzen.
Bigarren luzea, 35 metro, IV. Bilgunetik gora doan horma etzanatik zuzen eskalatzen hasi nintzen, oso erraz, belarrez estalitako erlaitz horizontal batera iritsi nintzen arte. Belar zatia katu oinak ez zikintzeko kontu handiz zeharkatu eta bilgunetik ikusten den plakadun tximiniaren azpira iritsi nintzen.
Belardun erlaitzatik lehen bilgunera egindako argazkia.
Tximinia azpitik ikusgarria da. Lehehengo 6-8 metroak pixkanaka tentetuz doan plaka leun batez osatuta dago. Tximiniaren irteera eskala ezina dirudien bloke handi batek isten du. Blokea bertikalean gelditzen da eta edozein momentuan goitik behera amilduko den sentsazioa ematen du.
Tximinia erlaitzatik ikusita. Argazkian tximinia babesten duten lau parabolten kokalekuak adierazi ditut.
Tximiniaren lehen metroetako plaka leunean paraboltak non dauden jarrita ikusita, plaka erditik eskalatu behar ote zen pentsatu eta heldulekuen bila hasi nintzen: "zemuzkoa?" Oihukatu zidan Ikerrek bilgunetik. "Ba hemen eztau ezer fundamentuz eusteko, errexena eskubiko paretakin laguntzea dela emateu" erantzun nion. "Zuk ikusi baña kuartoko luzea bada, ezta oso konplikatue izango" erantzun zidan.
Hau entzunda, plaka zuzen eskalatzearen ideia baztertu eta, eskuin horman dagoen pitzaduraz baliatuz metroak irabazten nituen heinean, ezker eskuarekin plaka leunaren erdian dauden paraboltetatik express zinta eta sokak pasatuz joan nintzen.
Tximiniko plakaren amaierara iristen.
Metroak irabazi ahala tximinia tentetuz joan zen tximinia isten duen harkaitz blokearen azpira iritsi nintzen arte. Blokearen ezkerrean dagoen horman parabolt bat ikusi nuenenan (tximiniako laugarrena), gorputza ahal izan nuen guztia luzatu eta, bertatik express zinta eta sokak pasa ondoren, gorputza atzeraka nuela, blokea eskalatzeko prestatu nintzen: "kontuz oain, eh?" oihukatu nion Ikerri.
Blokeak atzeraka bota arren harritu ninduen bertan topatutako helduleku onak. Bi eskuekin primerako heldulekuetan helduta, oinak altsatu eta, bestoetatik tiratuz, blokea uste baino errazago eskalatu eta tximiniatik atera nintzen: "ostia, ze onaaa!!" Bota nion goitik anaiari, "emateuna baño errexagoa da".
Tximinia eskalatu ondoren.
Tximiniaren kanpotik lehen bilgunea honela ikusten da.
Tximiniatik atera eta, bonsai itsurako hagin txiki baten eskuinean dagoen plaka bertikalean sartutako paraboltean express zinta pasatu nuen. Hemendik gora ere zalantzan izan nintzen plaka zuzen eskalatu ala ez. Azkenean plakaren ezkerrean haginak izkutatzen duen pitzadura nabarmena eskalatu eta, plakaren gainetik, pitzadura handi baten gaineko bilgunera iritsi nintzen.
"Ze luze ona, ez?" Bota zidan Ikerrek bilgunera iritsi zenean. Bera azken plaka bertikala zuzen eskalatzen saiatu arren, azkenean nik eskalatutako pitzadura bera eskalatu zuen. "Ya te digo" erantzun nion, "nere ustez gaur eskalatu deun luzeik polittena".
Iker bigarren bilgunean.
Gainean nuen materiala eman eta kontu handiz arnesean zintzilikatu ondoren Ikerrek eskalatzen jarraitu zuen.
Bi anaiak bigarren bilgunean, parajea ikusgarria benetan.
Hirugarren luzea, 30 metro, III. Lehenengo parabolta ikusi genuen arte Iker zalantzan aritu zen nondik igo, alde batera eta bestera mugitu eta begiratuz. Lehen parabolt hau bilgunetik zuzen eskalatuz 8 metro ingurura dago, bloke handi bat babestuz.
Iker lehen parabolta dagoen lekuan.
Ni bigarren bilgunean.
Bloke handia eskalatu ondoren, bigarren bloke bat eskalatu eta, bigarren parabolt batetik sokak pasa zituen plaka bertikal baten oinera iristeko. Plaka bertikal honetan dago luzearen zailtasunik handiena baina ongi babestua dago eta gainera helduleku ederrak ditu. Ikerrek di-da batean eskalatu eta bilgunera arazorik gabe iritsi zen.
Plaka bertikalean.
Gertuago... Plaka bertikalera iritsi arte dauden hiru paraboltak ikusi daitezke.
Luzea erraza zela jakinda eskuekin ahalik eta gutxien tiratzea pentsatu nuen, ondoren eskalatuko genituen eskalada-bideei begira indarrak gordetzeko. Blokeen arteko zatian arazorik izan ez arren, plaka bertikalean oinekin baino besoekin gehiago eskalatu behar izan nuen bilgunera iristeko.
Tximista bidearen azken zatia hirugarren bilgunetik ikusita. Oso garbi ikusten ez bada ere mendizalez beteta zegoen.
"Aurreko bidea baño gehio gustau zait" esan nion anaiari. "Neire bai" erantzun zidan. Eguzkiak bazterrak ederki berotzen hasita zegoen eta, nahiz eta indar handiz ez jo, lepoak gorritzen hasita genituen: "ze ordu da?" galdetu nion. "hamabik eta laurden pasata". Eguzkiaen indarra eta hartzen ari ginen otarrainxka errearen kolore gorrixka ikusita, eskalatzen jarraitzea merezi zuen hala ez baloratzen aritu ginen. Azkenean, nahiz eta haurren moduan gozatzen aritu, gure azalaren osasuna lehenetsiz, gaurkoz nahiko genuela erabaki genuen: "eguzkitako krema ekarri izan bagenu". Sokak lotu eta errapela prestatzen hasi ginen.
Lehen errapelean.
"Eskualido karnero" bidearen bigarren bilgunera iristen.
"Eskualido karnero" bidetik bi errapeletan lurrera itzuli ondoren, Tximista bidean gora zebiltzan mendizale pilaren artean, bat gora eta behera zebilela ikusi genuen: "hoi Pedro ez al da?" galdetu zidan Ikerrek, "hala emateo, Pedroooooo!!!!" Oihukatu nion.
Bigarren errapelaren lehen metroetan.
Bigarren errapela bere osotasunean.
Kasurik egin ez zuela ikusita oihua aldatu eta "Messnerrrrrrr!!!" Oihukatu nion. Gelditu, gora begiratu eta besoarekin keinu egin zigun: "manda narices Pedrokin kasoik ez ta Messnerrekin kaso ittea, jejeje" esan zidan Ikerrek. "Nik beti Messner deitzeiot baña Jurek esanda ere seguru kaso ingozula" erantzun nion Jerzy Kukuczkaren zale amorratua dela jakinda.
Trasteak jaso eta Pedrorekin elkartu ginen. Pisu astuna bizkarrean, sei orduen ondoren bost aldietan Tximista bidea igota nahiko zuela esan zigun, baita Tximista bidean sekula ikusitako jendetzarik handiena ikusi zuela ere. Larraitz arteko bidea elkarrekin egin genuen, udaren amaieran Manaslura egingo duen espedizioaz eta urtarrilean Aconcaguara guk egindakoaz hitzegiten. Ongi ezagutzen ez duen jendeak duen azaleko ideiatik urrun, oso mendizale zentzuduna iruditzen zait eta Batanes mendira elkarrekin egindako irteeran esan nuen bezala, berarengandik asko eta ondo ikasten da.
Jaitsieran ez ziren txantxa eta txisteak falta izan noski, Pedrorekin ohikoa den bezala. Hala ere, alpinismoan arauak mendik jartzen dituenaz hizketan hasi ginenean, buelta hartu, serio jarri eta, egunen batean blogean idatziko nuela agindu nion esaldia bota zigun: "mendiaren handitasunean mendizaleak orratz batzuk besterik ez gara". Segundu batzuk iraun zuen ixiltasunaren ondoren serio aurpegia aldatu eta "jajajajaja!!!!" batekin berriro ere txantxetan hasi ginen. Mendizale bezain pertsona handia Pedro, bai jauna!!!!!
Pedro Larraitzen agurtu, kotxean trasteak jaso eta, egun pasa zeuden ezagun batzuei kasu egin ondoren, martxan jarri ginen: "pena beste bik ez eskalatzea" esan zidan Ikerrek "bai, baña kixkalduta bukauko genun" erantzun nion, "ta hola baukeu itzultzeko aitzakie, jejeje".
AZKEN 10 SARRERAK
2017/04/21
LARRUNARRI (TXINDOKI), "PLAKA GORRIAK" SEKTOREA, GORA EUSKADI AUNQUE LLUEVA, 110 metro, V. 2017/04/13
Nork argitaratua:
Xabi "Smithy" Mujika
ordua:
19:27
Etiketak:
aunque,
eskalada,
euskadi,
gora,
gora euskadi aunque llueva,
gorriak,
llueva,
plaka,
plaka gorriak,
smithy,
smithyrenbloga,
txindoki
Harpidetu honetara:
Argitaratu iruzkinak (Atom)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina