AZKEN 10 SARRERAK

2015/07/05

AUSA GAZTELU ( 904 m.) LARRAITZETIK, 2015/07/04

Ausa Gazteluk ("Gaztelu" Goierrin esaten dugun bezala), mendi ederra da, bakartia, estetikoa eta izugarrizko bistak dituena. Baina badauka gauza "txar" bat: ondoan Txindoki duela. Anai zaharra ondoan izateak ospea kendu dio eta Larraitzera hurbiltzen diren mendizale gehienek Txindokiko bidea hartzen dute Gaztelu zeharka begiratuz.

Haurrak ginela, Txindokirako pausua eman aurretik Gaztelura igo beharra genuen, eboluzio natural moduan. Gailurrean XIII mendean Nafarroako Erreinuko bastioi izandakoaren harrien artean hamaiketakoa egin eta etxera harro itzultzen ginen, mendi handi bat igotako sentsazioarekin. Larruzko zorroa eta botak, txandal galtza eta koadroetako alkandora, hurritz-makila, ogitarteko eta zatoen garaia zen.

Duela urte batzuk gailurrean indusketa lanak egin ziren eta dorre edo bastioia XIII-XIV mendeen artean kokatu zuten. Dirudienez bi funtzio zituen: alde batetik Aralarko larrak eta ganadua Gaztelako Erreinuko erasoetatik babestea eta bestetik Eniriotik Irurtzunera zihoan galtzada zaintzea. 1512 urtean, Gaztelak Nafarroa Garaia indarrez hartu zuenean, dorrea suntsitu egin zuten.

Euskal mitologiak ere hemen bere lekua du eta kondairak dioenez Gaztelun jentilak bizi ziren. Gailurra jentil-zulo edo jentil-labe izenaz ere ezaguna izan da.

Mendiak duen historiatik aparte, mendiak dituen bistak ikusgarriak dira. Bertatik Txindoki benetan ederra ikusten da eta bertako eskalada bide nahiz mendebaldeko aristaren primerako argazkiak egiteko aukera izango dugu. Aizkorrira dituen bistak ere ikusgarriak dira eta Goierrira dituenak zer esanik ez.


Osagai hauek guztiak kontutan izanda, Gaztelu bisitatu beharreko menditzat hartu genezake, igotzen den lekutik igota ere sentsazio onekin utziko gaituena.

JARRAITUTAKO IBILBIDEA

Gaztelura igotzeko ohiko bideak bi dira, Olakosaitik eta Larraitzetik irteten direnak. Artikulu honetan Larraitzetik irteten dena azalduko dizuet.

Larraitzetik abiatzen den bideak galtzeko arriskurik ez dauka eta kontu bakarra ibilbidearen hasieran Gaztelura doan bidegurutzea ongi hartzean izan beharko dugu. Hemendik aurrera bideak udan eskertzen den pagadi bat zeharkatzen du, pare bat errekatxo zeharkatuz. Hirugarren errekatxo batera iristerakoan, basoa amaitzearekin batera, gailurrera eramango gaituen azken maldaren hasieran izango gara: malda gogorra da, honegatik hobe pazientziaz hartzen badugu.

Gailurreraino iristeko, ireki berria den Trail estazioaren 1. ibilbidea jarraitu beharko dugu.

Ibilbidearen argazkia.


Ibilbidea deskargatu nahi baduzue.


Powered by Wikiloc


IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Irteera eta helmuga: Larraitz, 404 metro.
- Luzera: 8,5 km.
- Punturik baxuena: Larraitz, 404 metro.
- Punturik altuena: Ausa Gaztelu, 904 metro.
- Desnibel positiboa osora: 500 metro.
- Zailtasuna: Bideak ez dauka inongo zailtasunik eta haurrekin igotzeko primerakoa da. Gailurrera iristeko azken metroetan kontu pixkat izan behar da, harri askeak izaten dira eta.
- Ura: Bidean hiru iturri topatuko ditugu: Larraitzen, Narrastegiko iturria eta Errekonta lepoaren azpiko iturria, azken honetan uda aurrera doan heinean uraren jarioa ere gutxitzen joaten dena.
- Egindako denbora: Guk ordu t'erdi pasatxo egin genuen atsedenak barne, baina kontutan izan behar da nahiz eta oinez igo jaitsiera korrika txikian egin genuela. 2h-2h30'ean erraz egin daiteken ibilbidea da.

DESKRIBAPENA

Ohetik jaiki eta balkoira atera nintzen: "A ze egualdie datorrena" pentsatu nuen Txindoki parez-pare ikusi nuenean. Gosaldu, trasteak kotxean sartu eta Iker eta Natxoren bila joan nintzen.


"A ze egualdie datorrena" pentsatu nuen.



08:20, Larraitz, 404 metro. Kotxea Larraitzen dagoen langatik gertu utzi, motxilak hartu eta langaren ondoan dagoen Trail estazioaren panelari begira jarri ginen. "Hara" esan zuen Ikerrek, "Gazteluko igoera lenengo bidea da". Panelari argazki pare bat egin eta martxan jarri ginen.

"Benga mutilek!!!" Bota nien, "G2h aurreko azkeneko mendi entrenamentueeee!!!!". Hala zen, nahiz eta lasterketaren azken astean bizikleta eta korrika saio motzak programatuak izan hau zen azken mendi irteera.

Larraitzeko langaren ondoan dagoen Trail estazioaren panela, gorriz lehenengo ibilbidea adierazi dut.


Ibilbidea gertuago. Ibilbide hau Gaztelura ohiko bidetik doa baina jaitsiera beste bide batetik egiten du.


Larraitzeko langa zeharkatzen.


Txindokiko bidea ezagutzen duzuenontzat lehen metroetan egiten den bidea asi ezaguna izango duzue eta misterio handirik ez duela badakizue, pista zabal bat jarraitzea besterik ez da eta.


Ibilbidea hasi eta 700 metro inguruan, langa bat atzean utzi ondoren, bidegurutze batera iritsiko gara. Bidegurutze honetan (argazkian Iker dagoen lekuan) ezkerrera hartuta Txindokira doan ohiko bidea hartuko dugu. Gure kasuan, argazkian ikusten den bezala, pista jarraitu genuen.



Pista jarraitu eta 200 metro eskasera, ezkerrera doan bihurgune itxi batean, gure eskuinera doan pista bat hartuko dugu, orain arte jarraitutako pista "nagusia" alde batera utzita. Bidegurutze hau izaten da Gaztelura igo nahi duten mendizale askok nahastu eta hartzen ez dutena.

Bidegurutzean.


Bidegurutze berean dagoen Trail estazioaren indikazio postea.


Hemendik aurrera bideak galtzeko arriskurik ez dauka eta pista hau jarraitzea besterik ez da.



Pista jarraituz, inongo eragozpen eta zailtasunik gabe, langa baten ondoan dagoen Narrastegiko iturrira iritsi ginen.

08:35, Narrastegiko iturria, 525 metro inguru, 1,5 km. Iturrira iritsi, ura edan, botilatxoak bete eta argazki pare bat egin ondoren martxan jarraitu genuen.

Iturrian.


Gazteluren gailurra. Ezkerrean ikusten den malda da igoko duguna.


Bidea, ikusten denez, galtzeko arriskurik ez dauka.


Iturria atzean utzi eta kilometro bat pasatxora errekatxo baten ondoan dagoen langa batera iritsiko gara. Hemendik aurrera pista mendi-bidea bihurtzen da. G2h lasterketako bidea Gaztelutik langa honaino jaisten da, baina hemendik aurrera, guk orain arte jarraitutako bidea jarraitu beharrean, langatik behera doa pagoen artean doan bidexka erdi-izkutu bat jarraituta.

Langa zeharkatu ondoren.


Orain arte ia bide osoan pagoen itzalpean joan ginen, ibilbide hau udan egiteko primerakoa dela baieztatuz.

Gailurra gertuago...


Bidean dagoen pago berezia. Entzunda nuen zuhaitz ar eta emeak daudela, hau zer izango ote da? Jejejeje


Bidean Aitzola deituriko erreka bat zeharkatu (gaurko bigarrena) eta Larraitzetik gutxi gora behera 3 kilometro eta erdi ibili ondoren hirugarren erreka batera iritsiko gara, argazkian ikusten dena.


Hemendik aurrera maldan gora hasiko gara erreka gure ezkerrean utzita.


Errekontako lepora iritsi aurretik langa bat zeharkatuko dugu. Langa honen ondoan eguneko hirugarren eta azken iturria topatuko dugu. Neguan iturri honetatik ur dexente erortzen da, baina uda aurrera doan heinean ur kantitatea gutxitzen joaten da iturria ia lehortu arte.

Langa zeharkatzen, iturri bertan dago. Atzean Errekontako lepoa ikusi daiteke.


Iturrian zertxobait freskatu eta aurrera jarraitu genuen.

Iturria atzean utzi eta metro batzuk egin ondoren, Errekontako lepora iristear gaudela, gure eskuinean gailurrera eramango gaituen azken malda ikusiko dugu. Gorriz, gutxi gora behera nondik igo genuen marraztu dut, baina aukerak anitzak dira.


Azkeneko malda pazientzia handiaz hartu behar den horietakoa da, hauspoa eta hankak nahi baino gehiago berotu ez daitezen.

Natxo lehen metroetan.


Igoeran izango dugun ikusmira zoragarria da.


Metro gutxietan Errekontako lepoa oso behean gelditzen da.


Lehen harkaitzetara iritsi ginenean, beti egiten dudan bezala, duela urte batzuk Karlos lagunari jarritako oroitarriari bisita egin genion.

Oroitarria dagoen harkaitza, lekua paregabea da.


Karlosen oroitarria, Gaztelura igotzen naizen bakoitzean ezinbesteko bisita dut. Ziur naiz dagoen lekuan dagoela ingurukoak irrifarrez izango dituela.


Oroitarria dagoen lekutik gailurrera igotzeko eskuinera doan bidea hartuko dugu eta metro gutxietan, bideak ezkerrera egiten duen bihurgunearen ondoren, azken maldara iritsiko gara.

Azkeneko maldan.


Eskuak pare bat lekuetan jarrita, inongo esfortzurik gabe, gailurrera iritsi ginen.

Gailurrera iristeko badago beste bide errazago bat: Karlosen oroitarria dagoen harkaitza utzi ondoren, eskuinera hartu beharrean ezkerrera hartzen badugu, gailurraren azpitik zeharkalditxo bat egingo dugu bertaraino eramango gaituen bidexka bat jarraituta. Dena den, ohiko bideak ez dauka aparteko zailtasunik.

09:20, Ausa Gaztelu, 904 metro. Gailurrera iritsi eta, nola ez, batera eta bestera argazkiak egiten hasi ginen.

Gazteluko gailurra, 904 metro.


Buzoia eta atzean Txindoki.


Iker eta Natxo atseden hartzen.


Aizkorri eta gailurrean jarritako Nafarroako bandera, baita bertan dagoen bigarren buzoia ere.


Gailurraren ondoan plaka hau topatuko dugu.


A ze parea!!!!!!!!



Gailurrean hamar minutu inguru egon ondoren, bederatzi eta erdietan beherako bidea hartu genuen, egunean lehen aldiz, azkenaldiko ohiturarik ez galtzeko, Larraitz arteko jaitsiera korrika txikian eginez.

Bidean, kasualitatea!!!! Karlosen koadrilakoekin hizketan aritu ginen. Oroitarria jarri zen urteurrena aitzaki hartuz, bisitan zihoazen.

Poliki-poliki, bihotz taupadak eta erritmoa kontrolpean eramanda, goizeko hamarretarako Larraitzera itzuli ginen datorren astean parte hartuko dugun g2h lasterketari begira gure azken mendiko entrenamenduari amaiera emanez. Ibilbide osoan datorren astean zer eraman, zer ez eraman, non jango dugun, non edan, noiz dortsala jaso eta honelakoetaz hizketan aritu ginen eta honetaz aparte ez dakit besterik izan ote genuen hizpide jejejeje.

Etxera itzultzerakoan balkoitik egindako argazkia, bertan Txindoki eta Gaztelu ikusi daitezke.



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina