Pirinioetako hiru mila metroetako mendiak preziatuak badira ere, bada zer deskubritu hiru mila metroen azpitik. Etxetik gertu altuera magiko honen azpitik mendi ezagunak baditugu, besteak beste Orhi, Hiru Erregen mahaia, Anie, Atxerito, Petretxema, Bisaurin, Castillo de Acher, Anayet, Aspe, Midi D’Ossau… Baina, kotxean hiru orduetatik gorako bidaia aurretik dugunean, normalean hiru milakoetara jotzen dugu. Eta pena da, hiru mila horien azpian altxor ederrak baitaude, horien artean kronika honetako Ronglet mendia.
Aspe bailaran gaude. Ronglet mendia gandor estu eta ikusgarri batez lotutako bi gailurrez osatua dago: mendebaldekoak 2.169 metro dituen bitartean, ekialdekoa, bietatik garaiena, 2.180 metroetara iristen da. Mendi bakartia da, Ronglet lepoaren bidez Pic C’Anchet mendira lotua. Estetikoki ederra, ipar-horma bertikal eta ikusgarriak ziurrenik gure begirada eta bertatik igotzeko nahia erakarriko ditu.
Ronglet eta Pic D'Anchet (eskuinean ikusten den punta elurtua) Accous herritik ikusita, ikusgarriak benetan!!! Ronglet-en ezkerreko horma ipar-horma da.
Gailurrera iristeko aukeratutako bidea dena delakoa izanda ere ez da paseo soil bat eta biderik errazenean ere II zailtasuneko tximinia bat eskalatu beharko dugu. Ipar hormari dagokionez, Fernand Cassou eta F. Carrafancq mendizaleek hiru bide irekiak dituzten arren, biderik ezagun eta errepikatuena “Yellow” da, 650 metro eta 6a (V/V+ behartua) zailtasuneko erdi-ekipatutako bidea, 2016eko abuztuan Nicolas Bardot, Stéphane Ferigo eta Ivan Thomas-ek irekia.
Negua iritsi eta bazterrak zuritzen direnean aldiz bi dira biderik errepikatuenak: ipar-ekialdeko korridorea (300 m, AD+) eta ipar-mendebaldekoa (450 m, AD-), kronika honetan azaltzen dena hain zuzen ere.
Ronglet-i buruz Martin Elorza mendiko gidariari esker izan genuen. Otsailaren hasieran bi bezeroekin eskalatu eta internet-en partekatu ondoren (kronika bibliografian ikusgai duzue) mendi honen estetikak Asierri eta bioi liluratu gintuen: “hau egunen baten eskalau beharren gare”.
Gaixotasun bat medio, Anayeteko “Frantziarren korridorean” pasada ederra hartu nuen. Honen ondorioz astea lasai hartu eta gorputza errekuperatzeari eman nion asteburuko hitzorduari begira. Astean zehar itzalitako alarmak ostiralean berriro ere piztu ziren eztarriko minarekin esnatu nintzenean. Anayetekoa gogoan eta astebururako pentsatuta genuen aktibitatea hamabi orduetatik gora joango zela jakinda, eztarriko minarentzat pastilla bat hartu eta, efektua egin zidanean, Asierri mezu bat bidali nion Ronglet-en ipar-mendebaldeko korridorea eskalatzea proposatuz: “Bale, ta ez bazaude ondo esan” erantzun zidan. “saiau nahi det” erantzun nion botikaren efektupean, “eta oain bezela banau eztet problemaik izango”.
Honela ba, beste behin ere Asierrekin bostak eta erdietarako gelditu nintzen gorputzak nola erantzungo zuen zalantzaz betea. Ibilaldia fundamentuz egiteko kapaz izango ote nintzen ez zekien.
IBILBIDEA
Ibilbidea Accous herritik gora dagoen aparkalekuan hasi genuen (860 m), Torrent D’Araille errekak pista mozten duen lekuan hain zuzen ere. Kotxea utzitako lekutik Lapassa etxolara igo (1.236 m) eta, hemendik gora pagadi bat zeharkatuz, Rongleten ipar hormaren oinean kokatu ginen.
Hego-mendebaldera zeharkaldia eginez ipar horma gure ezkerrean utzi eta korridorearen sarrerara iritsi ginen.
Korridorea eskalatu (zailtasun bakarrak 55 gradu inguruko 8-10 metroetako irtenguenea izan zen) eta, II zailtasuneko gandorraren ertzetik 15 metro inguru egin ondoren, hiru paraboltez osatutako rappel puntura iritsi ginen. 60 metroetako rappel bat eginez Rongleten hego horma jaitsi eta ipar-mendebaldera joz Ronglet lepora (1.839 m) iritsi ginen, bertatik iparraldera pasa eta, ipar-ekialderako noranzkoan, berriro ere igoerako ibilbidearekin bat eginez.
Igoeran ez bezala, jaitsieran Lapassa etxola bisitatzeko aprobetxatu genuen.
Ibilbidearen nondik norakoak, puntu zuriz hurbilketa, gorriz aldiz korridorea.
Krokisa zehatzago.
Korridorea mendebaldetik ikusita.
IBILBIDEAREN DATU BATZUK
- Ibilbidearen luzera: 13,5 kilometro eskas.
- Korridorearen luzera: 450 m.
- Nork irekia: Yves Darcorut 1968ko apirilan.
- Punturik baxuena: Accous herriaren gainean Torrent D’Araille errekaren ondoko aparkalekua, 860 metro.
- Punturik altuena: Ronglet, 2.180 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 1.600 metro inguru.
- Igotako mendiak: 1.
- Ura: Accous herriaren erdiko plazan iturri bat dago. Lapassa etxolara iritsi aurretik errekasto bat ere dugu.
- Zailtasuna: AD-. Zailtasun osoa korridorean dagoen 8-10 metro inguruko irtengunea eskalatzean datza. Irtengunea estalia egonez gero 55 gradu inguru ditu. Elur gutxiagorekin III zailtasunaren baitan egoten da. Irtengune honetaz aparte, korridoreak 45-50 gradu inguruan mantentzen da.
- Jaitsiera: Sokada bakarra bagara eta korridorea egoera onean badago bertatik jaitsi daiteke. Aukerarik ohikoena korridorearen irteeratik eskuinera gandor estu eta ageriko baten ertzetik 15 metro inguru ibili (II) eta hiru paraboltez osatutako bilgunera iritsiko gara. Bertatik, hego horman behera 60 metroetako rappel batekin elurreraino iritsi gaitezke. Elurra beherago badago edo 60 metroetako sokarik ez badugu, tartean soka zahar batekin muntatutako bigarren rappel bat egin daiteke. Hirugarren rappel puntu bat ere badago baina guk ez genuen ikusi. Rappela egiterakoan kontu handiz ibili behar da harri asko botatzen baitira. Hirugarren aukera rappel eginez jaisten den horma eskuak erabiliz jaistea izango litzateke, nahiz eta bertako harri askeekin kontu handiz ibili beharko dugu. Hego-horma jaitsita, Ronglet lepora (1.839 m) jeitsi eta hemendik ipar hormara pasatuz berriro ere igoerako bidearekin bat egingo dugu.
- Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka, Lincam eta artaka-trabagailu jokoa, hiru iltze, hiru izotz-torloju, bi elur-hesola, dozena erdi bat express-zinta eta zinta-uztai batzuk. Nahiz eta material hau guztia eraman rappela egiteko sokak bakarrik erabili genituen.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: Zortzi ordu, lasai joanda eta atseden eta hamaiketarako uneak ere zenbatuz. Denbora orientagarriak atsedenik gabe:
- Aparkalekua (860 m) – Lapassa etxola (1.236 m): ordu eta berrogei minutu.
- Lapassa etxola (1.236 m) – korridorearen hasiera (1.600 m inguru): ordu eta hamar minutu.
- Korridorearen eskalada (500 m+): ordu eta erdi.
- Korridorearen amaieratik (2.100 m inguru) – Ronglet lepora (1.839 m): 40 minutu.
- Ronglet lepoa )1.839 m) – Lapassa etxola (1.236 m): Berrogeita hamabost minutu.
- Lapassa etxola (1.236 m) – aparkalekua (860 m): ordubete eskas.
Bidea "wikiloc" web orritik deskargatu nahi baduzue. Korridorearen barruan GPS estaldura galdu nuela argi dago, baina galtzeko arriskurik ez dauka, jejeje.
Powered by Wikiloc
KOTXEA UZTEN DEN LEKURA IRISTEKO
Lehenik eta behin Accous herrira iritsi beharko dugu. Herriaren erdiko plazan, eliza dagoen lekuan, iturri bat eta Ama Birjin baten estatua dago. Plaza zeharkatuz elizaren eskuinetik doan kalean gora joko dugu (igoeraren norantzan).
Accous herriko plaza, eskuinean iturria eta Ama Birjina, ezkerrean eliza. Puntu zuriz jarraitu beharreko bidea.
Kalearen amaieran, etxe baten kantoian bi argibide-poste ikusiko ditugu. Guk eskuineko bidea hartuko dugu Chapelle Sant Christau kaperara doan GR Chemin D'Aulet bidea hain zuzen ere.
Bi argibide-postedun etxea, hemen eskuinera joko dugu.
Kale berri hau jarraituz kontuz ibili, batez ere furgonetarik baduzue, bi etxeen arteko pasabide oso estua dagoelako. Pasabide estua atzean utzita goraka doan errepidea jarraituko dugu herria beheran utzi eta bidegurutze batera iritsi arte. Bidegurutze honetan eskuineko bidea hartuko dugu, Col d'Iseye eta Aulet-era doana hain zuzen ere errepidearen amaiera arte.
Accous herria utzi ondorengo bidegurutzea. Hemen eskuineko bidea hartuko dugu.
Errepidea ezkerrera doan bihurgune zabal batean amaitzen da, Haut D'Aulet lekuan (762 m), hain zuzen ere. Kotxea hemen utzi badaiteke ere, hobe dugu eskuinera doan pista hartzea (Col d'Iseye lepoa eta Lapassa etxolara doana).
Bihurgune zabalean, hemen ere zuzen doan bidea hartuko dugu, karratu batez adierazitako argibide-poste eta taularen ondotik.
Argibide-taula eta postea.
Pista oso ondo dago eta kilometro pasatxoaren ondoren Torrent D’Araille errekak bidea mozten duen lekuan, kotxea uzteko tokia izango dugu. Pistak bi aldeetan zabalguneak ditu kotxea utzi ahal izateko.
Kotxea utzi genuen lekua, Torrent D'Arraille errekaren ondoan. Atzean Ronglet.
DESKRIBAPENA
Gaueko bederatziak aldera Torrent D’Araille errekak pista zeharkatzen duen lekura iritsi, maniobra batzuen ondoren furgoneta pistaren zabalgune batean aparkatu eta afaltzen hasi ginen: “bihar ze ordutan jaikiko gea?” galdetu zidan Asierrek. “Hemendio kanalaño bi ordu t’erdi pasatxo izangoie” erantzun nion ogitarteko zati bat eztarritik pasatuz, “bostak aldea eo?”. “Bostak laurden gutxi?” proposatu zidan. “OK, ez zutzako ezta netzakore, jejeje” erantzun nion irribarretsu.
Lasaitasun osoz afaldu eta furgonetako ohea prestatu ondoren, gaueko hamarrak eta erdi aldera lo-zakuetan sartu ginen, izarrez jositako mantaren azpian eta errekatik iristen zen zurrumurru lasaigarria hots bakartzat genuela.
Telefonoaren iratzargailuak esnatu eta begiak ireki bezain pronto, arazo fisikorik gabe eta osasuntsu nengoela ziur nengoen. Gaua zoragarri joan zen, loaldi bakarrean, epel-epel, izerdirik bota gabe. “Kriston ondo loindet” esan zidan Asierrek, “baita nik ere” erantzun nion zoriontsu.
Furgonetatik atera eta bakarrik geundela ikusitakoan gosaria eta prestaketa lanak presarik gabe hartu genituen, presiorik gabe, goizeko seiak laurden gutxiak jotzearekin batera martxan jarriz. Zeruak oskarbi jarraitzen bazuen ere, kalean gradu bakarra zegoen: “ea goien elurre zemuzkoa daun”, esan zidan Asierrek kezkatu xamar.
Irteteko prest.
Torrent D’Araille erreka kontu handiz harrien gainetik salto eginez zeharkatu eta 20-25 metro inguru ibili ondoren argibide-poste batera iritsi ginen, “Col d’Iseye” lepora doan bidea hartuz, pagadian sartzen dena hain zuzen ere. Bidea elurrez estalia zegoela ikusita, elurretako erraketak jartzea erabaki genuen. Eguna hotz ez bazegoen ere, lehen metroetan elurra gogorra topatzeak poztu gintuen.
"Col d.'Iseye"-ra doan bidegurutzeko argibide-postean elurretako erraketak jartzen.
Pagadian metroak irabazi ahala elurra pixkanaka gutxituz zihoan. Konturatu ginenerako "krasta-krasta" pagadiko lurra estaltzen duen hostoen gainetik genbiltzan. Bitan pentsatu gabe erraketak kendu eta eskuan hartu genituen, “gorago jarrikoitteu” itxaropenez.
Mugarri eta arrasto horiz adierazitako bide nabarmena da Torrent D’Araille errekaren eskuinetik doana (igoerako noranzkoan) eta, duen maldagatik, metroak zetak eginez irabazten dira. Erreka pixkanaka azpian gelditu eta sortutako zalaparta urruneko xuxurla bihurtuz zihoan kopetako argiek argitzen zuten bidea jarraituz. Bidearen bihurgunetako batean argiak alde batera zuzendu eta bi puntu argitsu ikusi genituen basoan barrena: “Azerin bat eo izangoa” esan zidan Asierrek “begik gertu dauzke”. “Kuriosoa da bason gauen ibiltzekon bakarrik goatzela pentsatzen badeure zenbat animalik bijilatzen gaittuen”, erantzun nion. Adi-adi begira begietatik linternen argiak kendu eta bidearekin jarraitu genuen.
Basotik ateratzear elurretako erraketak berriro ere jantzi eta, pagadia atzean utzita, elurroldeen menpeko mendi-hegal bat zeharkatu genuen, Lapassa etxola dagoeneko begi bistan genuela. Gauaren itzalen artean Ronglet-en ipar-hormaren zuritasuna nabarmentzen zen, ikusgarria den hormari itsura beldurgarria emanez.
Ronglet-eko ipar-horma gauaren erdian.
Orain arteko sentsazioak oso onak ziren eta erlojuaren pultsometroak ez zuen datu arraro edo kezkagarririk adierazten. Hauspoa ere oso ondo neraman, bideaz gozatuz. Elurrak sortutako zubi batetik errekasto bat zeharkatu eta, Lapassa etxola 60-75 metro inguru eskuinean utzita, zelaigunearen azpiko pagadira zuzendu ginen Rongleten ipar horma ikusgarriari begirik kendu gabe.
Pagadira hurbiltzen. Rongleteko ipar horma parez-pare. Ez al da erakargarria?
Lapassa etxola gure azpian.
“Hortxe bi linea eder ikusteie” esan zidan Asierrek. “Nire beida ta beida nijo” erantzun nion. Ipar horma goitik behera izotzezko kanal itsurako batek nabarmenki erdibitzen du. Behetik gora jarraitu eta goian, ipar hormak osatzen duen horman, zabaltzen zela ikusi genuen. Kanal nabarmen honen eskuinean mehartutako goulotte estu bat dago, hau ere ederra. “Pentsatzet bi hauetan asuntoa goien eongoela” esan zidan Asierrek. “Bai, azpiko zatie eztu zaile ematen” erantzun nion. Biak estaltzen zuen izotza sendoa ez zirudiela ikusita, bakarren bat bertatik igota izango den ala ez pentsatuz goraka jarraitu genuen: “harritzen nau hain bide ebidentetik inor igo gabe eotea” esan genion elkarri.
Zelaigunea zeharkatu eta pagadiko lehen pagoetara iritsi aurretik, belarrez estalitako irtengune motz baten oinean erraketak kendu, makuluak gorde eta piolet eta kranpoiekin jarraitzea erabaki genuen, pago baten azpian elurretako erraketak utziz.
Pagadia zeharkatuz ipar horma ezkerrean utzi genuen pixkanaka hego-mendebaldera zeharkaldi bat eginez. Pagaditik gora elurra gogorra zegoen, denbora gutxian Lapassa etxola behean geldituz. Elurra gogorra izan arren eguna ez zen hotza, noizik eta behin aurpegiak aire bero batek astinduz. Lehenengo aukeran arropa kendu eta motxilan sartu genuen polarraren azpitik manga motz soil batekin geldituz.
Pagadiaren amaieratik egindako argazkia. Asier gorago doa.
Egunsentien lehen argiekin batera Lapassa etxola azpian gelditzen da.
Metroak irabazi ahala malda ere gogortuz zihoan, zetak geroz eta gehiago luzatuz.
Maldan gora ttirri-ttarra. Korridorea goien ikusten den harkaitz ilunaren eskuinean hasten da.
"Azpitio beste bi datoz" esan zidan Asierrek bailarara seinalatuz. Buelta hartu eta Lapassa etxolatik gertu, elurraren zuritasunaren gainetik bi puntu beltz nabarmentzen zirela ikusi nuen."Hoik honea iristeako pentsatzet nahiko goien eongo geala", erantzun nion. Martxarekin jarraituz korridorearen azpiko harkaitz handi eta ilunaren azpira hurbildu ginen.
Korridorearen oinera iristen. Asierren gainean ikusten den harkaitz ilun handi horretan atseden hartu genuen.
Korridorearen oina estaltzen zuten amildutako harri eta izotz pusketak ikusita, harkaitz ilunaren babesera zuzendu ginen atseden apur bat hartzera. Motxilen pisua lurrean utzi eta barratxo energetiko pare bat jateko aitzakiarekin hartutako atsedenak emandako plazerra handia izan zen. "Igual arnesik gabe igoko gea, ez?" proposatu zidan Asierrek. "Ez da txarra", erantzun nion, "goiko resalten behar badeu jarrikoitteu". Atsedenaren ondoren motxilak berriro ere sorbaldetatik zintzilikatuz korridorean gora hasi ginen.
Lehen metroetan...
Asier atzetik.
Korridorea leun-leun zegoen, arrastorik gabe, bakarren batek edo zerbaitek erraztu izan balu bezala. Lehen metroetan malda handirik ez duenez (40 gradu inguru), ahal izan genuen denbora gehienean zeharka igotzen genuen, bikiei atsedena emanez. Lehen metroak irabaztearekin batera goitik izotz pusketa pila erortzen hasi ziren. Luzea egin zen minutuan pioleten kontra jarri, burua makurtu eta, izotz pusketak motxila eta kaskoaren kontra jotzen zuten bitartean, behera begira jarri ginen: "hobe deu gaur goraka gutxi beitzea" esan zidan Asierrek. "Eztakit ba, baña goien animalin batek korredorea gurutzau duela esango nuke". Azken izotz pusketak ondotik pasa zirenean korridorea bakean gelditu eta goraka jarraitu genuen.
Bikiei atseden ematen.
Bat-batean lurrera begiratu eta animali baten atzaparraren arrastoa ikusi nuen. Arrastoa ez zen txikia, 8-10 zentimetro luzerakoa gutxi gora behera. "Ze kristo da hau?" bota nion atzetik zetorren Asierri. "Kriston marka dau hemen ta behatzak bezelakok dauzke". "Ez da ba artza batena izango?" galdetu zidan. "No jodas!!" erantzun nion. "Aspeko bailaran artzak darela esateue" bota zidan konfiantza osoz. Nigana hurbildu eta arrastoari argazki bat egin zion.
Arrasto misteriotsua...
Arrastoa atzean utzi ondoren.
"Atzetio datozenak dauneko kanalaren hasierara iritsi die". Esan zidan Asierrek behera begira. "Joer, azkar datoz ba" erantzun nion. "Bueno, bitatio bat behintzet, bestea eztet ikusten". Metroak poliki irabaziz gindoazen, pixkanaka hurbilduz zihoan irtenguneari begirik kendu gabe.
8-10 metro inguruko irtengunea izotz geruza lodi batez estalia zegoen arren, erditik elur geruza lodi batek estaltzen zuen. "Saiau erditio aber" esan zidan Asierrek "hortio errexago emateo".
Irtengunera hurbiltzen.
Bitan pentsatu gabe pioletak erditik heldu eta irtengunea erditik eskalatzen hasi nintzen.
Irtengunearen lehen metroetan.
55 gradu inguruko maldaz osatutako irtengunea pixkanaka eta zailtasunik gabe eskalatu nuen, kranpoien puntak elur gogorrean sendo sartuz.
Irtengunearen azken metroetan.
Motza izan arren, irtengunetik bikiak gori-gori nituela atera nintzen. Alde batera bota, elur gogorrean kranpoiekin erlaitz txiki bat egin eta Asierren zain gelditu nintzen.
Irtengunean, izotzezko geruza nabaria da.
Irtengunetik ateratzen.
"Nahizunen esan ta aurretio pasako naiz" bota zidan Asierrek irtengunea eskalatzerakoan. "Lasai oaingoz ondo nijo" erantzun nion. Irtengunetik gorako metroetan malda 50 gradu inguruan mantendu eta bikiak gehiago kargatuz joan ziren. Maldak behera pixkat egin zuenean Asierrei aurretik pasatzeko eskatu nion. "Hala, zure txanda, jejeje".
Gozatzen.
"Hala, zure txanda, jejeje".
Noizik eta behin arrasto zahar bat izan zitekeena ikusten genuen baina ez zen oso nabaria. Elurra gogorra egonda arrastoa irekitzearen lana maizago aldatzea adostu genuen aldaketen artean atsedenaldi motzak hartuz.
Korridorearen amaiera. Gertu zegoela zirudien arren uste baino luzeagoa egingo zitzaigun.
Irtengunea urrun.
Korridoreari metroak irabazten.
"Atzekok eztatoz" esan zidan Asierrek aurrea hartu zidanetako batean. "Joer, ba zetozen abiadurakin dauneko gure paren eon beharkozien" erantzun nion. "Deskuidauezkeo azkarregi igo ta oain ordaintzen ai die" eranzun zidan, "edo gu igotzeko zai dare izotzik gañea ez botatzeko".
Atzera begirada, atzekoen arrastorik ez.
Asierren txanda.
Tarteka zuzen, tarteka zeharka, oin bat bestearen gainetik modu batera edo bestera jartzen genuen bikien kexen arabera. Ahal genuenean elurra bigun topatzen genuen lekuetara pasatzen ginen oina elurretan ia erabat sartu eta bikiei nolabaiteko atsedena emateko.
Korridorearen irteeratik 25-35 metro ingurura metro batzuetan maldak berriro ere gora egin zuen 50 gradu inguruan kokatuz. Ez dakit hala izango den baina elur gutxiarekin bertan bigarren irtengunetxo motz bat sortuko ez ote zen iruditu zitzaigun.
Korridorea bigarrenez tentetzen den lekura iristen.
"Atzekok oaintxe ateraie" esan zidan Asierrek erreleboa eman zidanean. Behera begiratu eta lehen irtengunetik bi mendizaleak ateratzen ikusi nituen.
Behera begirada, atzetik zetorren sokada ikusi daiteke.
Azken metro tente hauen ondoren maldak berriro 45 gradu ingurura behera egin eta metroak azkarrago irabazi genituen. Zeruak sikologikoki adierazten zigun helmugara hurbildu ahala malda jaisten joan eta 40 gradu inguruko azken metroen ondoren korridoretik eguzkira atera ginen.
Argitara ateratzen ...
Azken metroetan...
"Earra, eh?" bota nion Asierri. Bikien kexetatik aparte igoera ederra izan zen, lasaia, sufritu gabea, arnasketa eta taupadak bere lekuan joan zirenak. Eguzkiak jo arren, ipar-ekialdetik zetorren haize fresko batek bazterrak harrotzen zituen. Gandorrera igo eta juxtu bestaldetik igotzen den ipar-ekialdeko korridoreari argazki bat egin ondoren, haizeagatik babestu ginen hamaiketakoa egin asmoz.
Ipar-ekialdeko korridorea, hurrengo baterako proiektua.
Hamaiketakoa, eguzkiaren berotasunaz kutxatuta, lasaitasun handiz hartu genuen. Telefono estaldura zegoela aproetxatuz etxera deitu eta Itziri dena ongi zihoala esan nion: "jaistea bakarrik falta zaigu". "Kontuz, eh?", "Bakizu baietz".
Hasiera batean korridorea jaistea burutik pasa bazitzaigun ere, azkenean atzetik zetozenei enbarazu besterik egingo ez geniela pentsatuz ideia hau baztertu genuen. "Gañea honaño igotako sokak aprobetxau beharkoitteu, ez? jejeje" bota nion Asierri.
Hamaiketakoa egin, kranpoiak kendu, arnesak jantzi eta, sokak gainean hartuta, rappel egiteko puntura hurbildu ginen. Honetarako, korridorearen irteeratik eskuinera doan gandorraren ertzara igo eta, haizearekin borrokan, 15 metro iguru amildegiaren gainetik orekan ibili behar izan genuen, hiru paraboltez osatutako rappel egiteko puntura iritsiz.
Gandorraren ertzean haizearekin borrokan.
Rappel egiteko puntuan.
Rappel egiten den lekutik korridorearen irteerara egindako argazkia. Eskuinera diagonalean jaisten den korridorea ipar-ekialdekoa da.
Ronglet-en gailurra rappel egiteko lekutik ikusita. Gailurrera iristeko jarraitu beharreko elurrezko gandorra ikusita bertaraino iristea baztertu genuen.
Asierrek rappel egiten zuen bitartean inguruko mendi ezagunei argazkiak egiteari eman nion.
Asier rappel egiten.
Euskaldunen arten preziatuak diren bi milakoen ikusmira zoragarria zen...
Gure bi milako kuttunak...
Atxeritotik Hiru Erregen mailara...
... eta Hiru Erregen mailatik, Billaretik pasatuz, Anie-ra.
Sokan pisurik ez zegoela somatu nuenean "Reversora" lotu eta rappela egiten hasi nintzen. Hego horma jaisten duen rappel-a ez da bertikala eta harri asko botatzen dira. Aukeran beharbada hobe izan daiteke horma eskuak erabiliz jaistea. Guk rappel bakarra egin genuen arren, horman beste bi rappel muntatuak daude, biak harkaitzetatik pasatako zinta zaharrekin.
Rappel-ean.
"Kontuz, sokak juxtu-juxtu elurreaiño iristeie ta" esan zidan Asierrek azpitik. Soken amaierara iritsi, sokak jaso eta, bietako bat biltzen nuen bitartean, Asierrek bestea hartu eta azpitik genuen elur-pala jaitsi zuen.
Asier elur-palaren azpian soka bildu ondoren.
Elur-palaren azken metroetan, atzean rappel-a ikusi daiteke.
Berriro elkartu ginenean, arrasto nabariak jarraituz ipar-mendebaldeko noranzkoa hartu genuen Ronglet lepora zuzenduz.
Ronglet leporako bidean, honen atzean Pic D'Anchet mendia ikusi daiteke.
Beherago... arrastoak nabariak dira. Atzean, zeruertzean, Hiru Erregen mahaia, Billare eta Anie ikusi daitezke.
Eguzkiaren eraginez elurra biguntzen hasita zegoen noizik eta behin oinak orkatilen gainetik sartuz.
Lepora iristen, parean Pic D'Anchet.
Lepora iritsi ginenean atsedenaldi motz bat egin eta, eguzkiak eman gabeko mendi-hegaletik jaitsiko ginela jakinda, kranpoiak berriro ere jarri genituen. Ur pixkat edateko aprobetxatu eta lepoan behera hasi ginen.
Lepoan behera, atzean Pic D'Anchet mendiaren ekialdeko horma ikusgarria. Hemen ere interesgarriak izan daitezken kanalak badira...
Metroak galdu ahala ekialdera jo genuen korridorea bere osotasunean ikusi eta argazki batzuk egiteko asmotan.
Korridorera hurbiltzen... Irtengunearen gainetik sokada bat doa. Uste dugu eguneko laugarrena izan zela.
Azken sokada gertuago... Irtengunea ongi ikusi daiteke.
Argazki batzuk egin ondoren, igoerako bidearekin bat egin genuen metroak arin galduz. Kuriosoa izan daiteke igoeratik jaitsierara arrastoa nola aldatu daiteken. Goizean goiz ia arrastorik ez zegoen bitartean orain bideak arrasto nabarmen batek adierazten zuen, noizik eta behin, zuloak ere topatuz.
Elurretako erraketak berreskuratu ondoren pagadia atzean utzi eta Lapassa etxolari bisita egin genion.
Lapassa etxolara iristen. Eskuinean ikusten den mendiaren kolore iluna sute batek sortua da. Dirudienez bertakoek urtero su ematen diote larren hobe beharrez. Argazkian ez da ongi nabaritzen baina mendi osoa erreta zegoen.
Lapassa etxolan.
Ronglet lepoa eta Lapassa etxolaren arteko bidea (puntu zuriz) eta kanalaren sarrerara iristekoa (puntu gorriz). Rongleten ipar horma ikusgarria ikusi daiteke. Ea egunen batean saiakeraren bat egiten diogun...
Etxolaren alderdi "askea" izugarria iruditu zitzaigun. Beheko solairuan tximinia, mahai bat, harraska eta armairu bat dago, goiko solairuan aldiz, 4-5 pertsonak lo egiteko lekua.
Etxolaren beheko solairua...
... eta goikoa. Leku ederra eta oso ondo zaindua.
Atseden baten ondoren traste guztiak motxilan gorde eta beherako bidea hartu genuen. Eguzkiaren indarrez elurra zopa zegoen eta elurretako erraketekin ere ibiltzea kosta egin zitzaigun, leku batzuetan pausuak ematea nekeza bihurtuz.
Etxolatik behera, aurretik dugun elur-pala zeharkatzea dezente kosta zitzaigun.
Elurraren kantitatea jaisten hasi zenean elurretako erraketak kendu, Ronglet eta Lapassa etxolari azken argazki batzuk egin eta, goizean bezala erraketak eskuan, beherako bidea hartu genuen.
Etxolari azken begirada. Lekua itzela da inongo zalantzarik gabe.
Jaitsiera, igoera moduan, lasai hartu genuen, igoeran ikusi gabeko lekuaz gozatzen. Konturatu ginenerako kotxearen ondoko argibide-postea parean azaldu zitzaigun.
Argibide-postean berriro ere.
Torrent D’Araille erreka gurutzatu eta, zortzi orduetako ibilbide atseginaren ondoren, kotxea utzitako lekura itzili ginen.
Torrent D'Aille erreka eta argibide-postearen kokalekua. Atzean, Ronglet ikusgarria.
Arropa harkaitzetan lehortzen zen bitartean trasteak jaso eta janari hondarrak amaitu genituen. A zer nolako aldea ibilbidea sasoiko amaitzen denean!! Pozaren pozez nengoen, umoretsu, gorputzak transmititutako sentsazio onetaz gozatzen.
Etxera bueltatzeko prest.
Itzulera lasai hartu genuen, leku ezberdinetan gelditu eta Ronglet-i argazkiak eginez. Accous-era itzuli eta, azken argazki batzuen ondoren, etxerako bidea hartu genuen.
Korridorea erraza izan arren, ikusgarria eta ederra iruditu zitzaigun. Ronglet-i buruz zer esan, mendi itzela, inongo zalantzarik gabe bisita bat merezi duena. Hurrengorako ipar-ekialdeko korridorea eskalatu beharko dugu, edo, egoera onean badago, ipar-horma. Nork daki...
Azken argazkia...
KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA
- Martín Elorza guía de montaña, Valle de Aspe: Pico Ronglet / Corredor Noroeste (450m,AD-) / Alpinismo: Corredores y caras norte del Pirineo. 2019ko otsailak 12. Eskuragarri: http://martinelorza.com/es/valle-de-aspe-pico-ronglet-corredor-noroeste-450mad/
- Errances verticales oloronaises. Yellow / Face Nord du Ronglet, Vallée d'Aspe. 2016ko urriak 1, Eskuragarri: http://grimpeursbearnais.blogspot.com/2016/10/yellow-face-nord-du-ronglet-vallee-daspe.html
- Mousel F. Pirineos: ascensiones en mixto, nieve y hielo. 2º edizioa. Madrid. Desnivel ediciones, 2000.
- Sauvard R, Cazaurang-Butel R, Despiau R, Ravier P, Ollivier R, J et P, Vaillant Ph. Guide Ollivier. Pyrénées occidentales I. Vallée d'Aspe et versant espagnol. 9º edizioa. Pau. Cairn éditions, 2007.
A zer txokoa hautatu duzuen oraingoan! Nire bailara kuttuna! Errepidetik ikusita Rongleteko zirkua ikusgarria da...
ErantzunEzabatuAupa Estebe, aspaldiko!!!!!
EzabatuZure txoko kuttuna izugarri gustatu zaigu, ziur naiz itzuliko garela. Negurako behintzat izugarrizko aukera handiak ditu.
Ondo bizi, amesten jarraitu eta eman eurreeeee!!!!