"Mendi horretara igoko naizen lehen aldian ez da ohiko bidetik izango". Ideia hau aspalditik daukat Pirinioetako hainbat mendiekin eta, ohiko bidetik igotzeko gonbidapenak izan arren, hauetako askotan bete dut: Petit Vignemale, Posets, Petit Pic Midi D'Ossau, Aneto, Monte Perdido, Castillo de Acher... Bisaurin eta Anayet-en, zerrendan zeuden beste bi, ohiko bidearen tentaldian erori ondoren, pena handiz bigarrenean bete nuen.
Canfranc, Aísa eta Aspe bailarekin muga eginez, Aspe edo Aisako mendi-zintzurra zerura altxatzen da piramide handi eta ikusgarri baten moduan.
Hainbat saiakeren ondoren, Jose Antonio Bescós, Juan José Díaz eta Roberto Ligorred ipar-ipar-ekialdeko horma lehen aldiz eskalatu zutenean (1955 urteko neguan) Riosetako kanpamendu militarratik atera ziren. Eskaladarako egurrezko kirtenadun pioleta, aurreko puntarik gabeko uhaldun kranpoiak, kalamuzko soka eta punta karratudun eski-botak eraman zituzten, noizik eta behin eskiak jarriz.
Neguko lehen igoera honen ondoren ipar horman pixkanaka beste bide batzuk ireki ziren:
- "Ipar-ekialdeko horma", 300 m, D. J.M. García, E. Rubio eta J. Sebastian 1957ko abuztuaren 4an.
- "Ipar-ekialdeko korridorea" edo "frantziarren korridorea", 300 m, AD+. P. Agirregomezkorta, J.C. Fernández eta A. Rosen 1960ko urtarrilaren 1an.
- "Edil", 500 m, MD-. E. Navarro eta A. Rabadá 1962ko urtarrilaren 28 eta 29an.
- "Ipar-horma", 400 m, AD-. L.A. Aller, V. Echauri, P. eta M. Feliú, T. Martí eta D. Martínez 1964ko urtarrilak 26.
- "Ipar-ipar-ekialdeko gandorra", 500 m, D-. S.León, C. Santos, M. Serrano 1972ko abuztuak 6. Lehen neguko igoera J.Ascaso eta V. Calve, 1979ko abenduan) egin zuten.
- "Orion", 400 m, MD. E. Emmanuel eta O. Salanova 1976ko apirilak 3an.
- "Iparreko ezproia", 400 m, MD-. F.J. Estaun eta J. Vallés 1977ko irailaren 13an.
- "Balcón", 300 m, D+. C. Trujillo eta J. Ojeda, 1980ko irailaren 13an.
Asperen ipar-hormako bideak. Gurearen ibilbidea gorriz marraztua dago.
Aspe ohiko bidetik lehen aldiz igo nahi ez nuen mendi horietako bat izan da beti. Hau gutxi ez bada, bertara iristeko bi aukera bakarrik nituen gogoan, bata udako bestea negurako: "Saguzarraren gandorra" ("Arista del Murciélago") edo "ipar ipar-ekialdeko horma". Hau dela eta, Asierri ipar horma eskalatzeko proposamena egin eta, nahiz eta berak eskalatua izan, baiezkoa erantzun zidanean, aspaldiko ametsa beteko zuenaren poztasuna sentitu nuen.
IBILBIDEA
Ibilbidea Candanchu eski-estazioko aparkalekuan (1.560 m) hasi genuen, “Regreso", “Fácil”, “Rinconada” eta “Paso de Tortiellas” eski-pistak konbinatuz Tortiellas pasabidera (1.930 m) iritsiz.
Tortiellas pasabidetik "Rey Juan Carlos" pista hartu eta, 2.050 metro inguruan, "Mirador del Aspe" pista utzi genuen Aspek iparrean osatzen duen bailara eta zirkuan sartuz.
Zirkutik ipar ipar-ekialdeko hormara eramaten duen ageriko zeharkaldiaren hasierara zuzendu eta zeharkaldia egin ondoren goraka zuzen jo genuen, horma honetan normalean eskalatzen den korridore nabariaren eskuinetik, gailurrera modu zuzenago batean iritsiz.
Eskalada 50º inguruan dagoen arren (tartean 55º-ko tarteak daude), bi irtengune motz eskalatu genituen: lehenengoa 60-65º inguru eta 4-5 metro ingurukoa eta bigarrena gailurrera iritsi aurretik (8-10 metro eta II+).
Jaitsiera Candanchutik Aspera doan ipar hormaren ohiko bidetik egin genuen. Honetarako gailurretik hego-mendebaldeko noranzkoa hartu eta arrakala batera iritsitakoan iparrera hartu behar da 40-45º inguruko malda elurtsua jaitsi eta, piskanaka eskuinera (jaitsierako noranzkoan) desbideratuz igoerako ibilbidearekin bat egiteko.
Ibilbidearen krokisa.
IBILBIDEAREN DATU BATZUK
- Ibilbidearen luzera: 13 kilometro pasatxo.
- Korridorearen luzera: 500 m.
- Nork irekia: Negu giroan egindako lehen igoera Jose Antonio Bescós, Juan José Díaz eta Roberto Ligorred, 1955 urtean.
- Punturik baxuena: Candanchu eski-estazioa, 1.560 metro.
- Punturik altuena: Aspe, 2.640 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 1.310 metro.
- Igotako mendiak: 1.
- Ura: Candanchun erosi daiteke.
- Zailtasuna: AD. Hasierako 50 metro inguruko ageriko zeharkaldia. 40-45º inguruko zeharkaldi horizontala da. Oso zaila ez bada ere kontu handiz egin beharra dago, ez baitu akatsik barkatzen. Zeharkaldi honetaz aparte bi irtengune topatu genituen: 60-65º/M2 eta 4-5 metro inguruko irtengune tente bat eta, gailurrera iritsi aurretik 8-10 metro eta II+ zailtasuneko bigarren irtengune bat.
- Jaitsiera: Candanchutik datorren ohiko bidetik egin genuen, ipar-hormatik doana (AD- zailtasuna) hain zuzen ere. Ipar hormatik beherako elur-palak arreta eskatzen du, zaila izan gabe erorketa bat gelditzea zaila izan daiteke eta.
- Eramandako materiala: 30 metroetako bi soka, Lincam eta artaka-trabagailu jokoa, hiru iltze, hiru izotz-torloju, bi elur-hesola, dozena erdi bat express-zinta eta zinta-uztai batzuk. Nahiz eta material hau guztia eraman ez genuen ezer erabili.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: Zazpi ordu eta erdi.
Bidea deskargatu nahi baduzue.
Powered by Wikiloc
DESKRIBAPENA
Eskiatzaileen auto-ilaran galduta, Candanchuko aparkalekura uste baino lehenago iritsi ginen. “Hemen aparkatzeko arazoik eztaun bitarten, Formigalen parkiñe itxi itteue” esan zidan Asierrek furgoneta bi autokarabanen artean uzten zuela. Furgonetatik atera ginenean, ipar-haize indartsuak eski-pista mugatzen duten banderek zuzen mantentzen zituen “pla, pla, pla, pla” hots karakteristikoa eginez. “Joñoooo, hotza itteulaaaa!!!” bota nion Asierri kanpoko hotzagatik iheska ziztu bizian berriro ere furgonetara sartu nintzenean.
Biharamunerako hiru eguraldi iragarpen ezberdin genituen: batak euria botako zuela zioen, bigarrenak lainotuta izanda ere euri konturik ez zuen aipatzen eta hirugarrenak, hiruetatik baikorrena zalantzarik gabe, goizetik egun oskarbia iragartzen zuen. Oraingoz hirugarren iragarpena zen arrazoia zuena, ipar-haizearen gainetik zerua oskarbi baitzegoen.
Afaldu, Itziri dena ongi zihoala esateko deitu eta anaiarekin bideokonferentzia bat egiteko denbora ere izan genuen. Iker EEBBetako eski-estazio batera eskiatzera zihoan bitartean guk eski-estazio batetik abiatuz Asperen ipar horma eskalatzen saiatuko ginen. Betebehar gastronomiko eta familiarren ondoren, ohea prestatu eta gaueko hamarrak aldera lozakuetan sartu ginen.
Iratzargailuak jotzen duenetik jaikitzen hasi arteko tartea izaten da gehien kostatzen zaidana. Larunbatean iratzargailuak goizeko lauak eta erdietan lozakuaren goxotasunetik atera gintuen. “Pereza emateola oain jaikitzea, eh?” bota nion Asierri. “Bai, epelen ondo gare”.
Indioilar-bularki ogitartekoaren erdia gosaldu, ura erruz edan eta motxila birritan egin ondoren, arropa guztia jantzi eta furgonetaren hogei gradu goxoetatik eski-pistaren zero graduetara atera ginen. Bueno, zero gradu furgonetak adierazten zituenak ziren, haizearen ondorioz hotz-sentsazioa baxuagoa baitzen.
Eski eta elurretako erraketak prestatzen ari ginela bi argi ziztu bizian pasa ziren: “hoik igual Irizarkok izangoie” esan zidan Asierrek, lankide batzuk “Edil” bidea eskalatzeko asmoa zutela azalduz. Oinak eski eta elurretako erraketetara lotu ondoren, geroz eta gehiago aldentzen ziren bi argien atzetik martxan jarri ginen.
Eski-pistan ibiltzen hasteko prest, haizeak banderak ederki astintzen zituen.
Candanchuko bakea haizeak astindutako banderen hotsak bakarrik hausten zuen, ordu batzuk beranduago jendez gainezka egongo zen lekuari abandonatu itsura emanez. Zerua estalia zegoen arren, tarteka, haizearen eraginez, izarren bat ikusteko aukera genuenez, ibilbidea animatuta hasi genuen.
Lehenengo helburua Tortiellas pasabidera iristea zen. Honetarako hego-mendebaldeko noranzkoa hartu genuen “Regreso” eta “Fácil” pistak jarraituz “Rinconada” pistara arte. Hirugarren pista urdin honetatik gora hasi ginen “Paso de Tortiellas” pista gorriarekin topo egiteko. Tarte gutxian metro asko irabazten dira eta malda handia igo beharra dago. Asier eskiekin oso eroso zihoala ikusita pausu lasaia hartzea erabaki nuen, bihotz taupadak kontrolpean eramanez. Ordubete pasatxoan Tortiellas pasabidera (1.930 m) laino artean iritsi ginen.
Pasabidean hego-mendebaldeko noranzkoan nabarmen doan “Rey Juan Carlos” pista urdina metro batzuetan jarraitu ondoren, “Mirador del Aspe” pista beltzarekin bat egin eta honen ezker ertzeko (igoerako noranzkoan) egurrezko posteak jarraituz, berriro ere maldan gora hasi ginen. Tortiellas pasabidetik ordu erdira, 2.050 metro ingurura, mendebaldera jarraitzen duen “Mirador del Aspe” pista utzi eta elurretan nabaritzen ziren oinezkoen arrastoak jarraituz hego-mendebaldeko noranzkoa hartu genuen.
"Hemendio gertu mendik korte bat itteo ta destrepau behar izatea" esan zidan Asierrek. Metro batzuk egin ondoren, berak esan bezala, orain arte jarraitutako mendi-hegalak hego-mendebaldean osatzen duen hormatxoaren gainera iritsi ginen. Harkaitzen ondoko errimaian arrasto nabaria zegoen arren badaezpada elurretako-erraketa eta eskiak kendu, hormatxoa jaitsi eta Aspek osatzen duen haranera iritsi ginen.
Argazki honetan Candanchu eski-estaziotik pistak utzi genituen arteko bidea eta jarraitu beharreko eski-pistak adierazi ditut.
Iluntasunetik aparte lainoak dena estaltzen zuen ikuspena geroz eta gehiago murriztuz. "Kuriosoa da mendin azpin eon ta ez ikustea" esan zidan Asierrek haizearen babesean zegoen harkaitz handi batera iritsi ginenean. Elur eta lainoaren eraginez dena zuri zegoen, eta hegan izango bagina bezala sentitzen ginen, noizik eta behin gertuago zeuden harkaitzak laino artean sumatuz. "Ni nun naun ere eztakit" esan nion "Alotzan bagarela ere esango bazenit sinistuko nizuke, jejeje". Haizearen eraginez erdi ezabatutako oinen arrastoak jarraitzea kostatzen zitzaigun, izan ere bat-batean oinen arrasto guztiak desagertu ziren. Hau gutxi ez bazen euri fin bat bazterrak bustitzen hasi zen.
Metro batzuetan noraezean ibili ondoren, inongo erreferentziarik gabe, eski batzuek utzitako arrasto batzuk jarraitzen hasi ginen. “Hok seguro Aspea dijoztela” esan zidan Asierrek konfiantza osoz. Muino handi bat ezker hegaletik inguratu eta Asperen ipar hormak osatzen duen bailaratxora iritsi ginen. Bueno, hobe esateko, bailaratxoa izan zitekeena, ez baikenuen ezer ikusten.
Non geunden ziurtasunez jakin gabe eta batera eta bestera begira geundela, euri-tantek kaskoetan jotzerakoan egiten zuten hotsaren gainetik ahots batzuk entzun genituela iruditu zitzaigun. Ahotsak zetozen harkaitzetara begiratu eta laino artean pertsona baten irudia erdi ikusi genuen. “Ea ze esateuen!!” esan zidan Asierrek irudira zuzenduz.
Hurbildu ginenean “Edil” bidea eskalatzeko asmoa zutenak zirela baieztatu genuen, goizean gure aurretik atera zirenak. Eguraldiaren eraginez, gu bezala, horma eskalatzen hasi ala ez pentsatzen ari ziren. Hitz batzuk partekatu eta elkarri zorte ona opa ondore bidean gora metro batzuetan jarraitu genuen kranpoi eta pioletak ateratzeko leku apropos bat topatu genuen arte.
Blai geunden eta makurtzen ginen bakoitzean kaskotik eroritako ur-tantak lurrean utzitako motxilen barrura sartzen ziren, babes bila izango balira bezala. “Nola ikustezu?” galdetu nion Asierri. “Trabesiaño jutea daukeu ta bertan ikusi elurre zemuz daun” erantzun zidan, “txarrenen buelta hartu ta Candanchuko intermission bidea saiau dezakeu”. Arnes, kranpoi eta pioletak atera, elur-hesolak eta sokak eskura utzi eta elurretako erraketa eta eskiak gainean eramatea erabaki genuen: “ea gero belaño honekin ezteun utzitako lekue topatzen...” esan nion Asierri.
Maldan gora ageriko zeharkaldiaren bila.
Goraka ibiltzen hastearekin batera euria gelditu zen. Pausu lasaiarekin metroak pixkanaka irabazten hasi eta arrasto ezberdinez jositako bide batera iritsi ginen. “Hau dudaik gabe jaitsierako bidea da” esan zidan Asierrek. “Ordun momentun baten ezkerreta jo beharko deu, ez?” galdetu nion. “Bai, hala da” erantzun zidan. 40-45 gradu inguruko maldaren ondoren ondo zapaldutako arrasto bat ezkerrera desbideratzen zela ikusi genuen. Bitan pentsatu gabe arrasto hau jarraitzen hasi eta ageriko zeharkaldian sartu ginen.
Zeharkaldiaren lehen metroetan.
“Ostia, elurre oso ona dau!!” bota nion atzetik zetorren Asierri. Elurra gogor-gogorra zegoen, 40-45º inguruko maldako zeharkaldi horizontala erraztuz. Pausuak eman aurretik pioleta elurrean sendo sartuz zeharkaldiari metroak zailtasunik gabe irabazi genizkion. Ohikoa izaten da zeharkaldi hau elur bigunean egitea goizetik eguzkiak ematen diolako: “Dena lañotuta eotek zeoze ona izan beharra zeuken” pentsatu nuen.
Pausuak eman aurretik pioleta elurrean ongi sartzen...
Zeharkaldiaren amaieran elurrean irekitako arraila bat topatu genuen. Normalean puntu honetatik aurrera ezkerreko joerarekin eskalatzen jarraitzen da Aspeko ipar ezproiaren eskuinean dagoen korridore nabari batekin topo egin arte. Korridore hau Asperen gailurraren ekialdeko lepoan amaitzen da.
Zeharkaldiaren amaierara iristen.
Jaitsieran egindako argazki honetan zeharkaldiaren nondik norakoak adierazi ditut.
Arrastoek ezkerrera jo beharrean gora zuzen jarraitzen zuten. Ikuspenik ez eta beste erreferentziarik ez genuenez, bitan pentsatu gabe, kazkabar itsurako euripean goraka jarraitu genuen 50º inguruko horma eskalatuz eta gure eskuinean harkaitz batzuk utziz. “Gogoratzen naiz bide hau eskalau genunen tipo bat punta bertaño eskalatzen iritsi zela” esan zidan Asierrek, “igual marka hauek bide hortakok die”.
Elurrean irekitako arrailaren gaineko lehen metroetan.
Eguraldi txarraren menpean...
Asier zeharkaldiaren amaieran.
Elurra primerako baldintzetan zegoen. Noizik eta behin izotzez estalitako tarte txikiren bat topatu arren oso seguru gindoazen eskaladaz gozatuz.
Metroak pixkanaka irabazten...
Eskalada harkaitz batzuk moztu zigutenean metro batzuetan diagonalean ezkerrera zeharkalditxo bat egin eta berriro ere zuzen jarraitu genuen maldaren inklinazioa 50º inguruan mantenduz.
Goiko harkaitzak inguratuz ezkerrera egin genuen zeharkaldian.
Mugatutako ikuspenean, lainoaren artean hiru pasabide dituzten harkaitz berezi batzuen azpira iritsi ginen, egun argietan bailaratik ikusita nabariak direnak. “Nundio dijo?” galdetu zidan Asierrek. “Ba oso argi eztauket hemen arrastoa borrauta baitau” erantzun nion.
Harkaitzen arteko pasabidera iristen, ezkerrean eta goian ipar ipar-ekialdeko korridorea ikusi daiteke.
Hiru aukerak aztertu eta errazen zirudien pasabidera zuzendu nintzen, hiruetatik erdikoa. Pasabidera iristear nengoela arrastoak berriro ere azaldu ziren. “Hemendio da!!” bota nion Asierri.
Harkaitzen arteko pasabidera zuzentzen.
Asier atzetik...
55º inguru eta 6-7 metro inguruko pasabidea arrasto nabaria aprobetxatuz zailtasunik gabe eskalatu genuen, honen gainetik zuzen jarraituz.
Harkaitzen arteko pasabidean.
Pasabidearen oinera iristen.
Gutxienez ez zuen euri, elur edo kazkabarrik botatzen ari eta, nahiz eta haizeak bazterrak harrotu, metroak irabazten genituen heinean argitasuna nabarituz zihoan, hodeiek ezarritako mugara iristen ari ginen seinale.
Pasabidearen gaineko elur palan...
Ezkerrera diagonalean egin genuen zeharkaldi batean eguzkia lehen aldiz laino artean erdi-ikusteko aukera izan genuen. “Eguzkieeeee!!!” Oihukatu nion goitik zihoan Asierri.
Eguzkia lehen aldiz ikusteko aukera izan genuen unea.
Harkaitz batzuk ezkerretik inguratu eta harkaitzen arteko pasabide zabal bat eskalatuz jarraitu genuen. Ikusten ez bagenuen ere, pixkanaka ipar ipar-ekialdeko korridorea ixten duen eskuin hormaren ertzera hurbiltzen ari ginen.
Ezkerretik inguratuko genituen harkaitzak.
Ezkerretik inguratuko genituen harkaitzetara iristen.
Harkaitzak inguratu ondorengo harkaitzen arteko pasabide zabalean.
Lainoa zertxobait ireki zen lehen aukeran ezkerrean mehartutako korridorea ikusi nuen. “kanala hemen dijooo” bota nion Asierri. “Bai, guk puntara zuzen ateatzean bidetik goaz” erantzun zidan, “korredore hoi puntan ezkerren bukatzea”. Nahiz eta arrastoak jarraituz eskalatzen aritu, ipar ipar-ekialdeko korridorea ikusteak izugarri poztu gintuen, ordura arte erreferentziarik gabe itsas zabalean galduta dagoen txaluparen moduan ipar horman “galduta” geundelako.
Argazki honetan nire ezkerrean ipar ipar-ekialdeko korridorea mehartua non doan atzeman daiteke.
Bat-batean, gure zoriontasunaz kutsatuta egongo balitz bezala, haize bolada batek gainetik genituen hodeiak baztertu eta zeru urdina lehen aldiz ikusteko aukera izan genuen: “bazan garaie” pentsatu nuen.Tamalez, momentu magiko hau agertu bezala desagertu eta berriro ere laino artean gelditu ginen.
Mirarirako une labur bat.
Lainoa berriro ere sartzen...
Asier atzetik laino artean berriro ere.
Eskalatzen ari ginen elur-palaren amaieratik gertu harkaitz batzuen azpira iristearekin batera miraria bigarrenez gertatu zen hodeiak desagertu ziren zerua garbituz. “Hemen emateu resalte hau zuzen eskalau beharko deula” esan nion Asierri ondora iritsi zenean.
Irtengunera arteko bidea. Ezkerrean ipar ipar-ekialdeko korridorea ikusi daiteke.
Irtengunearen azpiko harkaitzetan nondik igo aztertzen.
Azpitik ikusita harkaitzek osatutako hormatxoaren gainera iristeko eskalatu beharreko irtengunea ez zirudien zaila. Bitan pentsatu gabe pioletak kirtenetatik heldu eta xaflak izoztutako harkaitzen arteko pitzaduretan trabatuz 60-65º eta 4-5 metro inguruko irtengunea zuzen eskalatu nuen. Asierri izotz pusketarik gainera ez botatzeko alde batera bota eta atzetik jarraitu zidan.
Irtengunearen oinera iristen...
Irtengunearen zatirik bertikalenean.
Irtengunea eskalatuta metro gutxi batzuk zuzen eskalatzen jarraitu eta pixkanaka eskuinera diagonalean jo genuen gandor batera ateratzeko asmoz.
Bat-batean piolet eta kranpoien hots sendoa desagertu eta soinu huts batean bihurtzearekin batear orain arteko kontzentrazio eta sentsazio onak haizeak eraman zituen. Hotzaren eraginez 3-4 zentimetro eta 50-55º inguruko elur-plaka handi baten erdian geunden. Geruza gogor honen azpitik elurra oso bigun zegoen. “Ostia, plaka baten erdin gare” esan nion Asierri, “jotzezun lekun jotzezula huekoa dau”.
Aurretik pasatakoaren piolet eta oinen arrastoetan oinak eta pioleten puntak kontu handiz jarriz, elurrak eutsiko ote zuenaren beldurrez azken metroak kontu handiz eskalatu genituen gandorrera iritsiz. “Igoera guztitio hemen izanda tentsio haundiña pasaetena” esan nion Asierri ondora iritsi zenean. Asierrek ere tentsio une bat bizi izan zuen inguruko plaka pitzatzen hasi zela ikusi zuenean.
Asier tentsiorik handiena pasa genuen lekutik ateratzen.
Tentsio une pasata, gandorretik jarraitu genuen Asperen gailurra defendazen duen harkaitzezko hormara zuzenduz.
Gandorrean gailurrera arte jarraituko genuen bidea. Ezkerrean ipar ipar-ekialdeko korridorea ikusi daiteke.
Harkaitzetara iritsi ginenean arrastoa bitan banatzen zela ikusi genuen: arrasto bat ezkerrean genuen ipar ipar-ekialdeko korridorera zuzentzen zen bitartean beste bat harkaitzen artean goraka zihoan. “Zein hartuko deu?” galdetu nion Asierri. “Nik goraka dijona hartuko nuke, korredorea puntan ezkerren ateatzen baita” erantzun zidan “txarrenen hemendio puntara ateatzen ez bagea beste puntara nolabait pasako gea”.
Asierren gomendioari jarraituz zuzen eskalatzen jarraitu nuen kranpoi eta pioleten puntak harkaitzaren gainean kontu handiz jarriz. Eskalada ez da zaila , II/II+ inguru, baina harkaitzak izotz geruza fin batez estalia izateak puntu “pikantea” eman zion. Lehenengo metro tenteen ondoren oinez hastearekin batera lainoak berriro ere estali ninduen.
Eskaladaren zatirik teknikoena atzean utzi ondoren.
“Punta hor dau?” galdetu zidan Asierrek irtengunearen azpitik. “Oaindio eztet ezer ikustennn” oihukatu nion haizearen zarataren gainetik. Metro batzuk gorago egin eta laino artean postontzia izan zitekeena ikusi nuen. “Hemen dauuuu!!!” Oihukatu nion, “punta hemen dauu!!!”.
Eskalatzen hasi ginenetik ez genuen aukerarik izan mendia bere osotasunean ikusi eta bere edertasunaz gozatzeko eta tamalez gailurrera ere laino artean iritsi nintzen. Baina postontzia eskuekin ukitu bezain pronto lainoak amore eman eta gure azpira erretiratu zen kotoizko itsaso zabal bat osatuz.
Aspeko gailurrera iristen.
Hodeien gainetik inguruko mendi altuenen puntak bakarrik ikusten ziren, denen artean erdi estalitako Midi D’Ossau berezia nabarmenduz. Haizete bortitz eta hotz batek gailurra erraztua zuen gure artean oihuka hitz egitera behartuz. Sentsazio termikoaren eraginez izotz geruza fin batez estaliak geunden. Haizeagatik ihesi gailurraren hegoaldetik metro batzuk jaitsi eta elkarri bostekoa eman genion.
Telefonoarekin argazki bat egin eta MAT taldeari bidali ondoren, gailurrera itzuli, argazki batzuk egin eta, haizeagatik ihesi, beherako bidea hartu genuen jan eta edateko denborarik hartu gabe.
Gailurraren hegoaldean egindako argazkia. Haizeteak eramandako elurra nabaria da.
Aspe, 2.640 metro.
Hego-ekialdera egindako argazkia.
Haizeak batera eta bestera astintzen gintuen pausuak baldar bihurtuz. Eskuetako behatz mamiak minberatuta, denbora osoan arpa jotzen ariko banintz bezala mugituz nindoan nolabaiteko beroa sortzeko itxaropenaz. Ipar-mendebaldeko noranzkoan doan jaitsierako bidea jarraituz, harkaitz artean doan malda baten ondoren lepo estu batera iritsi eta ipar hormara pasa ginen berriro ere eguzkitik ezkutatuz.
Itzalpean berriro ere, aurretik genuen 40-45º inguruko elur palaren jaitsiera kontu handiz hartu genuen. Kanal zabala estutzen hasten den lekutik 20-25 metro ingurura geundela eskuinaldera (ipar-ekialdera) desbideratzen hasi eta, mendiaren hegala jarraituz, berriro ere eguzkira atera ginen behatzek pixkanaka galdutako tenperatura goxoa berreskuratuz.
Kanaletik eskuinera desbideratzen hasi ondoren.
Atzera begirada. Iparrera sartu ginen lepotik behera jarraitutako bidea ikusi daiteke.
Eguzkitan goxo-goxo ikusmiraz gozatzen. Ezkerrean Midi D'Ossau ikusgarria.
Jaitsieran arrastoa nabaria zen eta eguzkiaren argira irten ginenetik behera ez genuen inongo zailtasunik izan bidea jarraitzeko. Bideak bihurgune zabal bat egiten du lehen metroetan jaisten hasitako elur palak osatzen duen kanalaren azpian berriro ere kokatuz. Parajea ikusgarria da, Llana de la Garganta eta Llana del Bozo mendien ipar horma ikusgarrien begiradapean.
Llana de la Garganta eta Llana del Bozo mendien ipar aurpegiak.
Beherago... Atzean ipar aurpegira pasatzerakoan jaisten den kanal zabala ikusi daiteke.
Bideak ipar-ekialdeko noranzkoan jarraitzen du hasierako ageriko zeharkaldia hasteko hartu behar den bidegurutzera hurbilduz. Altuera galdu eta eguzkiak indarra hartzen zuen heinean gorputza geroz eta gehiago berotuz zihoan.
Jaitsierako bidean...
Ageriko zeharkalditik gertu, maldarik gabeko muino txiki batera iritsi ginenean gelditu ginen, zer edo zer jan eta goizean ikusterik izan ez genuen guztiari argazkiak egiteko. Barratxo bat zintzurretik pasatu eta ura gustura edan ondoren jaitsierarekin jarraitu genuen.
Asperen ipar aurpegia oraindik laino artean...
Atseden hartutako muinotik behera, Aspe dagoeneko garbi-garbi.
Hemendik behera, igoeran jarraitutako bidean dagoeneko, azkartasun handiz biguntzen zihoan elurrean altuera galduz jarraitu genuen Asperen ipar hormaren azpiko bailaratxora iritsiz.
Hiru mendizale ageriko zeharkaldira daraman maldan gora.
Aspeko ipar aurpegi ikusgarria, ageriko zeharkaldira eta bertara daraman malda argi ikusi daitezke.
"Edil" bidearen egoera.
Bertan elurretako erraketa eta eskiak berriro ere jantzi eta jaitsierako bidearekin jarraitu genuen noizik eta behin inguratzen gintuen guztiari argazkiak eginez.
"Badirudi bakarren batek kohetea bota duela gure igoera ospatzeko" esan nion Asierri argazki hau egiterakoan, jejeje.
“Ongi etorri zibilizaziora” esan zidan Asierrek “Mirador del Aspe” pistaren ertzera izuli ginenean. “Hemen fundamentuzko atsedena hartu beharko deu ba” proposatu nion motxila lurrean utziz. Ordu erdiz motxiletan eramandako ur, barratxo eta ogitartekoaz gozatzeko aukera izan genuen, baita eguerdiko eguzkiaren epeltasunaz gozatzeko aukera ere.
Atseden luzea hartuko genuen lekura iristen.
“Oain pisue nik hartukoet” proposatu zidan Asierrek sokak motxilaren barruan sartzen zituen bitartean. Motxilan neramatzan express-zinta, friend, artaka-trabagailu eta iltzeak eman eta konturatu nintzenerako maldan behera esfortzurik gabe eta ziztu bizian abiatu zen. Honelako egoeratan inbidia ematen dit eskiatzen ez jakiteak!!!!
"Mirador del Aspe" pistan behera (edo gora) jarraitu behar den bidea. Borobil gorriaren barruan erreferentzi bezala hartutako bi poste.
Mendiaren handitasunean puntu bat besterik ez naiz.
Asierrek pisten arteko bidegurutzeetan itxaroten zidan bitartean motxila “arinarekin” ahal izan nuen azkarren jaisten saiatu nintzen. Kuriosoa da gauzak nola aldatzen diren eguna argitzen denean. Igoeran paraje ilun eta hotza zirudiena jaitsieran epela eta kolorez bizia bihurtzen da lekuari bizia emanez.
Tortiellas pasabidera arteko bidea.
Tortiellas pasabidetik atzera begirada. Argakzian jaitsiera eta igoeran jarraitutako bidea ikusi daiteke, baita Aspeko punta ere.
Eskiatzaileen artean Tortiellas pasabidearen bestaldera pasa eta Tortiellas hormako “Intermission” (300 m, D+, III, 3+) eta “Carmen Rosique” (280 m, D, III, 3) korridoreei argazkiak egiteko aprobetxatu genuen, etorkizunerako bisita izan daitezken korridore interesgarriak inongo zalantzarik gabe.
Tortiellas hormako korridoreak, erdian (Couloir estua) "Intermission" eta honen ezkerrean "Carmen Rosique".
Aparkalekura zazpi ordu eta erdiren ondoren iritsi ginen, oso zoriontsu eta, harrigarria izan daiteken arren, indartsu, gorputza pixkanaka sasoiko jartzen ari denaren seinale. Eskalada ospatzeko etxetik propio ekarritako garagardo fresko parea edan genuen. Hala ere, arropaz aldatu eta furgoneta txukundu ondoren, etxerako bidean eskalada behar-bezala ospatuko genuen jatetxe batean bapo bazkaltzen. Dena ez baita mendia izaten… jejejeje.
KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA
- Candanchu, mapa de pistas. 2019. Eskuragarri: https://www.candanchu.com/es/mapa-de-pistas/
- Mendikat. Aspe. 2016ko otsailak 8. Eskuragarri: https://www.mendikat.net/com/mount/8437
- Igertu, "intentando tocar el cielo". Aspe (2.645 m), corredor norte-noreste (AD/400 m/55º). 2008ko urtarrilak 21. Eskuragarri: http://igertu.blogspot.com/2008/01/20080119-aspe-2645m-corredor-norte.html
- Garbancito pedricero. Misión en Candanchú. 2010eko urtarrilak 28. Eskuragarri: http://garbancitopedricero.blogspot.com/2010/01/mision-en-candanchu.html
- Mousel F. Pirineos: ascensiones en mixto, nieve y hielo. 2º edizioa. Madrid. Ediciones Desnivel, 2000.
- Zorrilla J.J. El Aspe. Pirineísmo de categoría. Desnivel revista de montaña, 2004; 207: 28-34.
- Zorrilla J.J. Aspe o Pico de la Garganta de Aísa (2.640 m): norte alpina sur andarina. Desnivel revista de montaña, 2004; 207: 36-40.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina