AZKEN 10 SARRERAK

2019/08/14

CADIER ORRATZA (3.016 m), EKIALDEKO FRONDELLA (3.053 m), FRONDELLA MENDIA (3.060 m) eta ERDIKO FRONDELLA (3.049 m) LA SARRA URTEGITIK. 2019/08/10

Zalantza: “zerbaiten egiatasun edo ziurtasunaz seguru ez dagoenaren, edo zenbait aukeraren artean norantz makurtu ez dakienaren egoera; egoera hori sortzen duen gauza” (Euskaltzaindia).

Erabakia: “Auzitan edo zalantzan dagoen gauzari buruz erabateko asmoa hartu edo iritzia eman” (Euskaltzaindia).

Zalantzez inguratuta bizi gara, hauen aurrean ia etengabean erabakiak hartuz. Hauetako gehienak azalekoak izan daitezken arren badira sakonak diren zalantza eta erabakiak. Nork erabakitzen du azaleko edo sakonekoa den? Zorionez, edo tamalez nork daki, norberak.

Mendian ere erabakiak hartu beharreko zalantzak izaten dira: eguraldia, arropa, ekipamendu teknikoa, janaria, ibilbidea, zailtasuna… Azaleko edo sakonekoak diren, zorionez, edo tamalez nork daki, norberak erabakitzen du. Zenbat eztabaida izaten dira zalantza bera sakonekoa eta azalekoa ikusten dutenen artean… Eta zer esanik ez zalantzen aurrean hartutako erabakiekin. Sare sozialak “besteek” hartutako erabaki “okerren” inguruko epai eta eztabaida antzuez zipriztinduak daude.

Kronika honetako ibilbidea, irakurriko duzuen moduan, zalantzaz betea izan zen, normalean baino gehiago, eta hauen aurrean ahal izan nuen erabakirik zentzuzkoenak hartzen saiatu nintzen. Azkenik ez duen istorioa da, zalantza eta erabakiak, zalantzak eta erabakiak, zalantzak eta erabakiak...

IBILBIDEA

Ibilbidea La Sarra (1.440 m) urtegian hasten da, GR-11 ibilbidea jarraituz, Respomuso aterpera (2.220 m) iristeko. Bezperan Respomusora lo egitera igoz gero, ibilbidea bi ordu pasatxoan murriztu daiteke.

Respomuso aterpetik Balaitusera Latour arrakalatik doan bidea hartu behar da (marka gorriak hasieran, gero mugarriak), arrakala azpiko morrenak osatzen duen muinora arte. Bertan bidea utzi eta ezkerrera zeharkaldia egingo dugu Cadier orratza goitik behera zeharkatzen duen tximinia nabarmenera zuzenduz. Ohikoa da tximinia honen sarreran elurtegi bat topatzea.

Tximinia hau bere osotasunean eskalatu (II+, harri askeak) eta, Cadier orratza eta Ekialdeko Frondellak osatzen duten lepotik gertu eskuinera jotzen da harkaitz-plaka inklinatu ezberdinetatik (II+) gailurrera (3.016 m) iristeko.

Cadier orratza eta Ekialdeko Frondellaren (3.053 m)arteko lepoan berriro ere, Ekialdeko Frondellara igotzeko bere ekialdeko kontrahorma inguratzen da, kontrahorma atzean utzi ondoren gailurrera zuzen eskalatzeko (II+). Hemendik aurrera gandorraren ertzetik jarraitu behar da (II/II+) Frondella mendian (3.060 m) eguneko zailtasun guztiak amaituz.

Frondella eta Erdiko Frondellaren (3.049 m)artean gandorraren ertzetik jarraitzen da. Tarte honetako zailtasun bakarra 2-3 metro arteko hormatxo bertikal bat jaistean dago (II+).

Erdiko Frondellatik gandorraren ertzetik jarraituko dugu, gailurretik jaitsi eta gure eskuinean zabaltzen den harritza jarraituz Wallon gandorrera hurbiltzeko. Gandorrera iritsi baino lehen mugarriek ezkerrera (jaitsierako noranzkoan) eramango gaituzte Frondellen gandorra iparretik saihesten duen pasabide horizontalera eramanez. Pasabidea zeharkatu ondoren ezkerrerako joerarekin jaisten jarraituko dugu Mendebaldeko Frondiellara doan ohiko bidearekin bat egin arte. Hemendik Azpiko Arriel aintzirara (2.180 m) iritsiko gara.

Amaitzeko, La Sarrara itzultzeko Arriel aintziretatik behera doan ohiko bidea jarraituko dugu.

IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Ibilbidearen luzera: 21 kilometro inguru.
- Lehen igoerak: Aguja Cadier (Édouard eta Georges Cadier anaiak 1911an), Frondella (Wallon, Latour eta Santiago 1879an).
- Punturik baxuena: La Sarra urtegia, 1.440 metro.
- Punturik altuena: Frondella mendia, 3.071 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 1.800 metro inguru.
- Igotako mendiak: 4.
- Ura: La Sarra eta Respomuso aterpeko iturrietan eta Arriel aintziren inguruan hartu daiteke.
- Zailtasuna: PD+/II+. Cadier orratzera igotzeko eskalatzen den tximinia harri soltez estalia dago.
- Jaitsiera: Erdiko Frondellatik Arriel aintziretara jaitsi eta hemendik La Sarrara itzuliko gara.
- Eramandako materiala: Kaskoa ezinbestekoa da.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: Zortzi ordu eta laurden, atseden uneak ere zenbatuz.
 Lekutik-leku:
  • La Sarra – Respomuso aterpea: bi ordu eta hamar minutu.
  • Respomuso aterpea – Cadier orratza: bi ordu eta hogei minutu.
  • Cadier orratza – Ekialdeko Frondella: hogei minutu.
  • Iparreko Frondella – Frondella: Hamar minutu.
  • Frondella – Erdiko Frondella: Hamar minutu.
  • Erdiko Frondella – Arriel aintzirak: Ordu eta berrogei minutu.
  • Arriel aintzirak – La Sarra: Ordu eta hogeita bost minutu.

BIDEAREN KROKISA

Igoerako bidearen nondik norakoak, zuriz oinezko bidea eta gorriz eskalada eta gandorrean jarraitutakoa.


Monolito handitik gorako igoera.


Jaitsierako bidea.


DESKRIBAPENA

- Bakarrik jun behar zea? – Izan zen Itzik egin zidan lehenengo galdera.
- Bai. Igo behar dittuten mendik eztie zailek ta Asierrekin kanpoa jun aurretio hirumilakon bat igo nahi det aklimatatzen juteko – erantzun nion, berak botatako galdera buruan nuen zalantzarik handiena zela esan gabe.

Mendian bakarrik ibiltzeko ohitura daukat. Pirinioei dagokionez, Hiru Erregeen Mahaia eta Anie negu giroan igota izan arren, bakarkako hirumilakorik igo gabe nuen. Buruak Panticosa inguruko hirumilako “masifikatu” eta errazetara bultzatzen zidan bitartean, gogoak Balaitus inguruan igo gabeko hirumilakoetara eramaten ninduen.

Gogoak buruari irabazi zion.

Asmoa ibilbidea etxetik etxera gelditu gabe egitea zen. Honen berri Itziri eman nionean hainbesteko astindua hartu beharrean Jacan asteburua pasatzea proposatu zidan: larunbata goizean mendira eta gainerakoan (euria iragarrita zegoela ikusita) turismoa. Konbinazio eta asteburu ederra, bai jauna!!!!

Goizeko laurak ematear Jacako kaleetan nengoen, aho zabalka, ohearen epeltasunetik urrun. Zerua oskarbi ikusteak alaitu ninduen. Hoteleko logela gauean behin eta berriz argitu zuen ekaitzaren testigu bakarrak espaloi eta errepideetako putzuak ziren. Kotxean nagitasunez sartu, motorra martxan jarri eta, beirei lausoa garbitu ondoren, La Sarra urtegira zuzendu nintzen.

Lehenengo zalantzak: galtza luzeak edo motzak? Polarra bai edo ez? La Sarran 15 gradu izan arren, zero isobara 3.400 metro inguruan eta ipar haizea iragarrita zegoela ikusita, galtza luzeak jantzita eta polarra motxilan eramatea erabaki nuen. Goizeko bostak ziren oinez hasi eta kotxea atzean utzi nuenean.

Kuriosoa da gauaren erdian bakarrik gure buruarekin izan daitezken gogoeta eta solasaldiak, baita mentalki abestu daitezken kantak ere. Hauek guztiak isildu eta barrenean bakea sortzeko kapaz garenean aldiz, zentzumenak zorrozten dira inguratzen gaituena modu berezi batean sentituz. Basoak onddo usainaren moduko heze usain bizia zuen, euri tantez bustitako pagoen hostoen gainetik zerua milioika argi txikiz apaindua zegoen eta uraren joan etorriak iluntasunari melodia goxoa jartzen zion. Urteak ziren mendiaren iluntasuna bakardadean gozatzen ez nuela.

Bart gaueko ekaitzaren ondorioz GR-11 bidea bustia zegoen, arrabioak ezkutalekuetatik atera eta plisti-plasta non nahi baldar murgiltzera animatuz. Lehenengoak kuriositatez begiratu eta argazkiak egin arren, azkenean nahiko lan izan nuen bidean sakabanatutako arrabioak ez zapaltzeko. Ez dakit sekula hainbeste ikusi ditudan.

Ikusitako lehen arrabioa.


Piskanaka arrabioak leku guztietatik ateratzen hasi ziren....


Eguna argitzen hastearekin batera, Respomuso urtegiaren ertzera iritsi nintzen. Haize leun batek olatu txikiak sortzen zituen urtegiari amonaren eskuetako azal zimurtuaren itsura emanez.

Haize leun batek olatu txikiak sortzen zituen...


Bideaz eta egunsentiaz gozatuz goizeko zazpiak eta hamar inguruan Respomuso aterpeko iturrira iritsi nintzen. Argiak piztuak izan arren aterpea isilpean zegoen. Atzera eta aurrera zebilen zakur baten arnasketa zaratatsua zen bizi zeinu bakarra.

Respomuso aterpera iristen.


Iturrian ez nuen denbora luzerik pasa, harrien erorketen beldurrez, Cadier orratzeko tximiniara lehenengoa sartu nahi nuelako: trago pare bat ur edan, kopetako argia motxilan gorde eta, argazki batzuk egin ondoren, martxan jarraitu nuen.

Respomusoko iturria.


Hauspoa kontrolpean mantenduz Respomusotik Balaitusera doan ohiko bidea hartu nuen, igoera patxadaz hartuz, indarrak gordez.

Respomusotik gorako bidearen nondik norakoak. Patxadaz hartu beharreko igoera horietako bat.


Zeruertzeko gailurrak urre kolorez margotzen ziren bitartean Respomuso apurka apurka txikituz joan zen, lehen malda gogorraren ondoren begi bistatik galdu nuen arte.

Respomuso apurka apurka txikituz joan zen...


Metroak irabazten nituen heinean Vuelta Barrada zirkutik zetorren haize hotzak aurpegia astindu eta hotzikara batek gorputza goitik behera zeharkatu zidan. Momentu batean eskularruak eta polarra jantzi hala ez zalantzan izan nintzen, baita haizea gogortzen jarraituz gero ibilbidea aldatu eta Balaitusera zuzentzea ere. Itzalpetik eguzkira atera nintzenean aldiz, gorputza zertxobait berotu eta baretutako haizeak zalantzak eraman zituen.

Latour arrakala azpiko morrenaren azpian dagoen monolito handi eta nabarmena eskuinetik inguratu (ezkerretik ere inguratu daiteke) eta morrenak osatzen duen muinora iritsi nintzenean ezkerrera (igoerako noranzkoan) jo nuen, Latour arrakala eta Cadier orratzaren tximiniaren arteko kontrahormaren ezkerrera zuzenduz.

Monolito handia eta jarraitutako bidea. Monolitoa ezkerretik (itzala duen lekutik) ere inguratu daiteke. Atzean Costerillou Dorrea.


Morrenaren muinotik egindako argazki honetan jarraitutako bidea ikusi daiteke, baita Latour tximinia ere.


Azpiko elurtegia ezkerretik aldapa ezeroso bat igota saihestuz goizeko bederatziak laurden gutxitan tximiniaren oinera iritsi nintzen. Metro batzuetan igo, esertzeko harkaitz zabal ba topatu, kaskoa jarri eta eguneko atsedenik luzeena hartzea erabaki nuen.

Elurtegira hurbiltzen.


Barratxo bat murtxikatzen nuen bitartean Costerillou gandorrera zihoan sokada bati begiratuz ezinbestean duela hamabost egun Lekurekin bizitako abentura gogora etorri zitzaidan. Urruntasunean sokadari guk gozatu genuena gozatzea opa nien.

Morrenaren muinoa azpian eta Ussel Orratza zeruertzaren gainetik.


Deabruaren gandorraren atzetik altxatutako eguzkiaren lehen izpiek bazterrak epeltzen hasi ziren. Iragarrita bezala eguna ederra zetorren, ez oso beroa ezta oso hotza ere, mendirako paregabea. Infinitura begira nengoen bitartean eguzkitako krema eman eta argazki batzuk egiteko aprobetxatu nuen. Ia ordu erdiko atsedenaldiak alfertu aurretik, motxila sorbaldatik zintzilikatu, bizkarreko kantinplorari trago pare bat lapurtu eta martxan jarri nintzen.

Tximiniaren lehen metroak zaitasunagatik baino (II) harriaren egoeragatik nabarmenduko nituzke, harri solteak nagusi baitira. Harririk ez botatzeko, kontu handiz mugituz, metroak pixkanaka irabazten nindoan harkaitz erraldoi batzuk osatutako sabaiak bidea itxi zidan arte.

Harkaitz erraldoi batzuk osatutako sabaiak bide itxi zidan arte. Zuriz, sabaia saihesteko jarraitutako bidea.


Sabaia tximiniatik atera eta ezkerretik saihestu zitekeela irakurri arren, bertaraino hurbildu eta, tximiniaren eskuineko horma harkaitz sendokoa zela egiaztatu ondoren, bertatik eskalatuz saihestu nuen. Heldulekuak ez dira oso handiak eta handiak direnak ur eta elurraren eraginez leunduak dauden arren, 6-8 metroetako eskaladatxo honek II+ baino gehiago ez zuela iruditu zitzaidan. Atentzio osoa harkaitzean neraman, helduleku bakoitza pazientziaz ukitu eta gorputza lasai mugituz.

Horma eskalatu ondoren behera egindako argazkia.


Eskaladatxoaren amaieran kordel pare batez muntatutako rappel puntu bat topatu nuen.

Sabaiaren gaineko rappel puntua.


Tximiniaren lehen zailtasuna, ibilbide osotik gehien kezkatzen ninduena, atzean nuen. Gora begiratu tximinia bitan banatzen zela iruditu zitzaidan: “eskubitio edo ezkerretio?” izan zen sortutako zalantza. Batean eta bestean begiratu ondoren, harkaitz ezegonkorren gainetik erdi-oinez eskuineko adarrean sartu nintzen.

"Eskuinetik edo ezkerretik?" Jarraitu beharreko bidea gorriz markatutakoa da.


Tximinia tentetzearekin batera estutzen zihoan, azken 3 metroak bertikalak bihurtuz. Bertikala bada ere helduleku ederrak aprobetxatuz zailtasun handirik gabe (II+) tximiniaren bigarren zailtasuna atzean utzi nuen.

Zailtasun handirik gabe tximiniaren bigarren zailtasuna atzean utzi nuen. Argazkia hormatxoaren gainetik behera egina dago.


Hemendik gora metro batzuetan erdi oinez jarraitu eta tximinia Ekialdeko Frondella eta Cadier orratzek osatutako lepoaren eskuinean dagoen urkila itsurako arrakalatxo nabarmen batean amaitzen zela ikusi nuen.

Hormatxoaren gainetik erdi oinez egindako tartea.


Bitan pentsatu gabe urkilara zuzendu nintzen, tartean oinez, tartean eskuak erabiliz (II), harri askeengatik tximiniaren barrutik metroak irabaztea ezerosoa zenean honen ezkerreko harkaitz-plaka trinkoetatik eskalatuz (II/II+).

Tximinia urkila itsurako batean amaitzen zela ikusi nuen...


Urkilaren bestaldean, pantaila baten barruan harrapatuta izango balitz bezala, Midi D’Ossau dotore agertu zen.

Atzera begirada. Argazkian Costerillou gandorra eskalatzen hasten denean Ussel Dorretik behera erreferentzi hartu behar den zulodun harkaitza ikusi daiteke.


Urkilatik Ekialdeko Frondellara egindako argazki honetan gero jarraituko nuen bidea margotuta dago.


Eskuinera (igoeraren noranzkoan) begiratu eta, gandorraren ertza 4-5 metro inguru ezkerrean utziz, harkaitz-plaka inklinatu ezberdinak eskalatzen hasi nintzen, pasabiderik errazenak (II+) bilatuz. Tartean bi mugarri topatu nituen, bidea ongi jarraitzen ari nintzenaren seinale. Parean nuen gandorraren ertzera iritsi eta burua azpian zabaltzen zen amildegira atera nuenean Latour arrakala azpian ikusi nuen.

Burua azpian zabaltzen den amildegira atera nuenean Latour arrakala azpian ikusi nuen...


Ezkerrera begiratu eta gandorraren amaieran, 8-10 metroetara, Cadier orratzaren gailurreko mugarriak igoeraren amaiera adierazi zidan.

Ezkerrean Ekialdeko Frondella eta eskuinean Cadier orratzaren gailurreko mugarria.


Eskuak gandorraren ertzean mantenduz, bavariar teknika erabiliz eta ageriko 5-6 metroko zeharkaldi horizontala burutu ondoren (II+), Cadier orratzaren gailur estura iritsi nintzen.

Argazki honetan Cadier orratzaren gailurrera arteko bidearen nondik norakoak ikusi daitezke. Jaitsiera bide beretik egin nuen.


- 09:30. Cadier orratza, 3.016 metro. Iparraldera amildegi ikusgarria irekitzen den bitartean, ekialdean, inguratzen ninduten mendien gainetik, Balaitus nabarmentzen zen, ordu honetan mendizalerik gabe, ordu honetan bakean.

Cadier orratzaren gailurrean, 3.016 metro.


Arriel, Midi D'Ossau, Lurien eta Palas.


Mendebaldera begiratu eta, itsasontziaren brankaren moduan, Ekialdeko Frondellaren horma ikusgarria parez-pare ikusteak zirrara sortu zidan.

Ekialeko Frondellaren branka.


Gailurrean ez nintzen denbora luzean gelditu: argazki batzuk egin ondoren igotako bide beretik kontu handiz jaitsi eta “urkilara” itzuli nintzen. Bertatik, Ekialdeko Frondellaren brankari begiratu eta nondik igoko nintzen begiratzen hasi nintzen. Interneten irakurritako kronikek gailurra ekialdetik inguratuz igotzen zutela irakurri arren, hormaren erdiko harkaitz-plaka tente eta nabari batek atentzioa deitu zidan.

Gandorraren ertzetik gertu mantenduz, urkilatik Ekialdeko Frondella eta Cadier orratzek osatzen duten lepora jaitsi nintzen (II/II+). Hemendik gora Respomusoko isurialdetik igotzen jarraitu nuen, harkaitz-plaka etzan bat eskalatu (II) ondoren atentzioa deitu zidan harkaitz-plaka tentearen oinera iritsiz (II+). Plakaren eskuinean arrail bat goitik behera zihoan, friend-ak trabatzeko primerakoa. Azpitik ikusita zaila ez zirudien baina bakardadearen pisuak eta zentzutasunak igoera hau beste baterako uztea gomendatu zidan.

Lepotik gora jarraitutako bidea..


Harkaitz-plaka inklinatu honen oinetik, erlaitz inklinatu bat jarraituz, ezkerrera zeharkaldi horizontala egiten hasi nintzen, gailurretik behera doan ekialdeko kontrahorma inguratzen hasiz. Kontrahormak osatzen duen ezproi itsurakoaren ertzera iritsi nintzenean mugarri bat topatu nuen.

Ezproi itsurakoan dagoen mugarria atzean utzi ondoren.


Mugarriaren bestaldean metro batzuetan zeharka jaitsi eta bidexka arrasto batzuk metro batzuetan jarraitu ondoren eskuinera (igoeraren noranzkoan) jo nuen harkaitz-bloke ezberdinak eskalatuz (II/II+). Igoera hau nahi adina konplikatu daitekeen arren, pasabide errazenak topatuz, zailtasun handirik gabe Ekialdeko Frondellaren gailurrera iritsi nintzen.

Ekialdeko Frondellaren gailurrean, 3.053 metro..


- 09:50, Ekialdeko Frondella (edo Ipar Frondella), 3.053 metro. Gailur honetan ere ez nuen denbora luzerik pasatu.

Azpian Cadier Orratza, honen atzean aldiz Balaitus, Costerillou Dorrea eta Ussel orratza.


Argazki batzuk egin ondoren martxan jarraitu nuen, gandorra osatzen duten harkaitz-blokeen gainetik ahal izan nuen guztia mantenduz. Gandorrean pasabide zailaren bat topatzerakoan Respomuso isurialdetik saihestuz (II+/III-) pioleta postontzi moduan duen Frondella mendiaren gailurrera iritsi nintzen, ibilbideko punturik altuena.

Gandorra osatzen duten harkaitz-blokeen gainetik ahal izan nuen guztia mantenduz...


- 10:00, Frondella mendia, 3.060 metro. Pozaz zoratzen, gainetik pisu bat kendu izan banu bezala sentitzen nintzen, hemendik aurrera zailtasunak amaitzen zirela jakinda.

Frondella mendiaren gailurrean, 3.060 metro.


Cadier orratzean gora hasi nintzenetik kontzentrazio osoa eskaladan eramana nuen, oin eta eskuentzako helduleku sendoenen bila. Frondellaren gailurrera iristea amets batetik esnatzea bezala izan zen, denbora konturatu gabe pasa zela ohartuz.

Panticosa gaineko hirumilakoak.


Palas ikusgarria eta Ledormeur tximinia.


Argazki batzuk egin ondoren aurretik nuen gandor zabalaren ertzetik oinez arin jarraitu nuen.

Frondella mendiaren gailurreko postontzi berezia.


Inguruko hirumilako sorta, azpian Le Bondidier gandorra ikusi daiteke.


Aurretik dudan bidea.


30-40 metro ibiliak nituenean bat-batean 2-3 metro arteko diedrodun hormatxo bertikal batekin topo egin nuen. Diedroan sartu gabe, honen ezkerretik (ibilbidearen noranzkoan) kontu handiz jaitsi eta diedroan kordel gorri bat jarrita zegoela ikusi nuen.

Hormatxoa jaitsi ondoren egindako argazkia, puntu zuriz jaitsitako lekua.


Diedroan jarritako kordel gorria.


Argazki honetan hormatxoaren kokalekua ikusi daiteke.


Ibilbide osoko azken zailtasuna atzean utzita metro batzuk jarraitu eta Erdiko Frondellaren gailurrera iritsi nintzen.

Atzera begirada, gaur igotako hirumilakoak pixkanaka atzean gelditzen dira.


- 10:10, Erdiko Frondella, 3.049 metro. Aurrera begiratu eta 50 metro ingurura mugarriz adierazitako muino bat ikusi nuen. Beste zalantza bat: “Ez da ba hura izango?”. Gailurretik argazki batzuk egin eta aurrera jarraitu nuen.

Erdiko Frondellaren gailurrean, 3.049 metro.


Mugarriak zituen muinora iritsi aurretik Arriel aintziretan lo egindako mendizale bat topatu nuen:

- ¿Cuál es la punta de la Frondella Central? – Galdetu nion.
- Creo que es todo esto – erantzun zidan besoekin mugarridun bi muinoen arteko tarte zabalari erreferentzia eginez.

Erantzunak ez zidan zalantza argitu. Mendizalearekin solasalditxoa izan eta, batak besteari aurretik zuen ibilbidearen inguruko argibideak eman ondoren, bakoitzak bere bidearekin jarraitu zuen. Badaezpada, zalantzarik ez izateko, bigarren muinora iritsi eta bertako mugarriari argazki batzuk egin nizkion.

Bigarren muinoan.


Bigarren muinoaren ikusmira ere zoragarria da.


“Gailur” honetan argazki batzuk egin ondoren gandorraren ertzetik jarraitu nuen. Gero ikusiko nuen bezala, igo nuen lehenengo punta da Erdiko Frondella kontsideratzen dena.

Ezkerrean mendebaldeko Frondella ikusi daiteke, parean aldiz, Arriel,Midi D'Ossau, Lurien eta Palas. Azpian Arriel aintzirak.


Metroak irabazten nituen heinean gandorra zorrozten zihoan. Momentu batean orratz txiki baten gainera iritsi eta aurretik nuen gandorra, zerra-xaflaren moduan, zorroztuegia zegoela iruditu zitzaidan: “iñun eztet irakurri arista zorrozten denik” pentsatu nuen, “gañea leku guztitan irakurriet hemendio oinez jasteala”.

Gandorraren ertzetik jarraitu ala ez zalantzan, atzera begiratu eta Arriel aintzirak Frondellekin lotzen dituen Wallon gandorra ikusi nuen. Txarrenean gandorraren ingurutik jaistea dagoela banekienez, atzera metro batzuk egin eta harkaitz-blokeen gainetik beherako bidea hartu nuen bertara zuzenduz.

Jaitsierako bidean ez nahasteko erreferentzi bezala hartu beharreko Wallon gandorra.


Argazki honetan puntu zuriz jaitsi beharreko bidea adierazi dut, gorriz aldiz, nik jarraitu nuena.


Wallon gandorrera iritsi aurretik mugarri handi bat topatu nuen. Bertara hurbildu eta honen bestaldean, ezerezetik irtenda bezala, Frondellen gandorra iparretik saihesten duen pasabide horizontala azaldu zen. Arnasa lasai hartu nuen.

Pasabide horizontalaren atea irekiko zidan mugarria. Puntu zuriz jaisteko jarraitu nuen bidea.


Pasabide horizontalaren hasieran...


Bide zuzenean nengoen berriro ere: “Beste bateako bakit” esan nion nire buruari, “Erdiko Frondellatik jaisten hasi ta Wallon arista erreferentzi bezela hartu pasabide horizontalea irixteko”.

Eguzkiaren argi eta berotasunetik Frondellen ipar hormaren itzal eta freskotasunera pasatu eta pasabide horizontala amaiera arte zeharkatu nuen. Mendebaldeko Frondellara igotzea hasieratik baztertua nuen, duela urte batzuk Trujikin igo nuelako. Modu horretan bazkaltzera ordu “normal” batean iritsiko nintzenaren itxaropenak indarra hartzen hasi zuen.

Pasabide horizontalaren amaieran, atzean mugarria ikusi daiteke.


“Eta oain zer?” pentsatu nuen oinen azpian zabaltzen zen harkaitz-blokez osatutako itsasoari begira. Beheko Arriel aintzira erreferentzi bezala hartuz, ordenarik gabe jarritako harkaitz-blokeen gainetik ezkerralderako joerarekin jaisten hasi nintzen.

"Eta orain zer?" pentsatu nuen harkaitz-blokez osasutako itsasoari begira...


Nire asmoa Mendebaldeko Frondellara doan ohiko bidea topatzea zen, hemendik beherako bidea ezagutzen nuelako. Noizik eta behin mugarri bat ikustean poztu arren, bizpahiru mugarri jarraitu ondoren bat-batean desagertu eta berriro ere intuizioz beheraka jarraitzen nuen mugarri berri bat topatzen nuen arte.

Argazki honetan Erdiko Frondellatik pasabide horizontalaren amaiera arte jarraitu behar den bidea adierazi dut.


Itsas-zabalean galdutako txaluparen modura sentitzen nintzen. Arriel aintziretara begiratzen nuen bakoitzean distantzia berara zeudela iruditzen zitzaidan, basamortuko ispilatze baten moduan. Indarrez sasoiko izan arren jaitsiera luze egiten ari zitzaidan. Noizik eta behin gelditu eta Arriel, Lurien eta Palas mendien ikusmiraz gozatuz arnasa sakon hartzen nuen barruan sentitzen hasita nengoen egonezina apalduz.

Mugarriak bata bestearen atzetik azaltzen hasi zirenean Mendebaldeko Frondellaren ohiko bidera iritsi nintzela baieztatu nuen. Gora begiratu eta mendizale bakarti bat mendi honen ageriko pasabidera (igoeraren zailtasunik handiena) hurbiltzen ari zela ikusi nuen.

Gora begiratu eta mendizale bakarti bat mendiaren ageriko pasabidera hurbiltzen ikusi nuen...


Noizik eta behin gelditu eta Arriel, Lurien eta Palas mendien ikusmiraz gozatuz arnasa sakon hartzen nuen barruan sentitzen hasita nengoen egonezina apalduz...


Jaitsieran topatutako mugarrietako bat.


Argazki bat egin eta, oraingoan bai, mugarriak jarraituz, harrizko itsasoa atzean utzi eta belar artean erdi ezkutatutako bidexka jarraitzen hasi nintzen, Beheko Arriel aintziraren ertzera iritsi nintzen arte.

Arriel aintziretarako jaitsiera oso luzea egin zitzaidan. Ezkerreko punta Arriel da.


Azkenean Azpiko Arriel aintziraren ertzera iritsi nintzen...


- 11:50, Beheko Arriel aintzira, 2.180 metro. A zer nolako lasaitua hartu nuen aintziraren ertzera iritsitakoan!!! Cadier orratzeko tximinia eskalatzen hasi aurretik fundamentuzko atsedenik hartu gabe eta ezer jan gabe nengoenez, harri zabal batean eseri eta motxila gustura kendu nuen. Aintziraren olatu txikiek liluratua, barratxo bat jan, kaskoa motxilan gorde eta eguzkitako txapela jartzeko aprobetxatu nuen. Zapatilak kendu eta jaitsieran biratutako galtzerdiak zuzendu ondoren berriro ere martxan jarri nintzen.

Gero arte Balaitus!!!


Arriel aintziretatik Aguas Limpias sakanean zehar pasatuz egiten den jaitsiera bizi egin nuen.

Aguas Limpias sakana goitik ikusita. Atzean, bailarak dominatuz, Foratata.


Atzera begirada Aguas Limpias sakanean sartu aurretik.


Jacara hiruak baino lehen iristea nahi nuen, bazkaldu eta arratsaldea aprobetxatzeko. Hala ere ezin izan nion argazkiak egitearen tentazioari eutsi eta atentzioa deitzen zidan edozeren aurrean gelditu eta argazki pare bat egiten nizkion.

Foratata. Mendi oso interesgarria hainbat eskalada bide irekiak dituena.


Indarrez ongi, bihotzez pozaz zoratzen, arratsaldeko ordu bata eta laurden ematear zegoela kotxea utzitako lekura iritsi nintzen. Izerdia lehortu, oin eta gorputzari garbialdi azkar bat eman eta arropa lehorra jantzi ondoren Jacako bideari ekin nion, hoteleko gelaren dutxaren azpira gelatik irten nintzenetik hamar ordu eta erdira sartuz.

Iragarrita bezala biharamuna hezea esnatu zen, euritsu. Bezperako zirrararen zapore gozoa oraindik ezpainetan nuen, Olentzero egunaren biharamunean estreinatutako opari berria duenaren moduan. Mendi irteeratik errekuperatzeko behar diren proteina, bitamina eta karbohidratoak gosaldu eta Jacako inguruan turismoa egitera animatu ginen. Bi leku izan ziren ikusi genituenak, biak ala biak ederragoak.

Mendi irteeratik errekuperatzeko behar diren proteina, bitamina eta karbohidratoak gosaldu genuen.


Eguna Iguacel Amabirjinaren baselizan hasi genuen, XI mendean baso baten zelaigunearen erdian eraikitako baseliza erromanikoa. Aldare atzeko horman margotutako erretaula zoragarria da. Leku eder eta magikoa iruditu zitzaidan, lasaia, isiltasuna entzun eta sentitu daiteken horietakoa.

Iguacel Amabirjinaren baseliza.


Baselizaren erretaula.


Bigarren geldiunea San Juan de la Peña monasterioan egin genuen, hau ere XI mendean eraikia, nahiz eta lehendik leku berean eraikin zaharragoak izandako arrastoak topatu. Lekua ederra iruditu arren, jendetzak lekuak duen mistizismoa disolbatzen du, azukre koskorra kafean disolbatzen den moduan. Estetikoki polita eta bisita egitea merezi duen arren Iguacel Amabirjinaren baselizan sentitutako bake sentsaziorik ez nuen sentitu.

San Juan de la Peña monasterioa.


Monasterioko klaustroa. Bere zutabeetan bibliaren pasarte ezberdinak kontatzen dira.


KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- Valle de Tena mapa. Editorial alpina, 2016.
- Alejos L. Pirineos guía de los 3000 m, 35. Bilbo, Sua Edizioak, 2007.
- Martínez A. Las Frondellas (3.059 m). Primero o último. Desnivel revista de montaña, 2007; 253: 54-58.
- Hernandez A. Macizo de las Frondellas. 20 vías en la montaña cerrada. Desnivel revista de montaña, 2007; 253: 60-66.
- Intentando tocar el cielo bloga (Igerturen bloga). 2009-08-18, 2009/08/13. Aguja Cadier (3.022 m), Frondella Norte (3.062 m), Pico de la Frondella (3.071) y Frondella Central (3.055 m). Eskuragarri: http://igertu.blogspot.com/2009/08/20090813-aguja-cadier-3022m-frondella.html




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina