AZKEN 10 SARRERAK

2019/08/31

PANTICOSAKO BAINUETXEA: "MOLONDROREN BIDEA", 250 m, D-,V. 2019/08/24




Oporraldia iristearekin batera aske sentitzen gara, katea askatutako zakurraren moduan, goazen lekura goazela, egiten duguna egiten dugula. Beharbada egunerokotasunaren monotonia hausteak sortzen du aske sentitze hau, oporraldia egunerokotasun bihurtuko ez dela jakinik.

Abuztuaren azken asteko oporraldia Asierrekin mendira joateko gordeta nuen. Ez genuen plan, leku ezta aktibitate finkorik ere eta edozertarako prest geunden, uretako aktibitateak izan ezik noski, jejeje. Alpeak, Pirinioak, eskalada, mendi ibilaldiak… aukera guztiak mahai gainean genituen.

Oporraldia iritsi ahala aukera batzuk erortzen hasi ziren: Alpeetan ez genuen eguraldi ona ziurtatuta eta Biarritzen  antolatutako G7-ren goi-bilera dela eta frantziar Pirinioetako atea den Biriatouko muga itxita zegoen. Jomuga espainiar Pirinioetara zuzendu eta aukera ezberdinak mahai gainean jarri ondoren Panticosa bainuetxera joatea erabaki genuen: etxetik gertu, hizkuntzarako arazorik ez eta proiektu asko.  Hauetatik lehentasunezko hiru: 2018an Sendero Limitek irekitako “Molondroren bidea" edo "Vía del Molondro" (250 m, D-), Casa de Piedratik Bachimaña aintziretako aterpera arte eskalatzen igotzea eta Serrato mendiko ipar gandorraren eskalada (250 m, IV+).

Lehentasunezko hiru proiektuak betez gero, beste batzuek ere atea irekita izango zuten. Oporraldiaren amaieran, mendiko legea hala baita, etxera betetako proiektuen gainetik betetzeko proiektu berri gehiagorekin itzuliko ginen, jejeje.

Datozen kroniketan oporraldian eskalatutako bideen berri emango dut. Nahiz eta egun bakoitzean bide bat baino gehiago eskalatu, egokiena bide gehienei kronika bakarra eskeintzea dela erabaki dut kronikak oso luze eta astunak ez bihurtzeko.

"Molondroren bidea" ("Vía del Molondro") izango da kronika hauetako lehena. Hainbat luzeetako bide erraz baten bila zabiltzala? Hau da zure bidea. Bide bat katu oinik gabe eskalatu nahi duzula? Hau da zure bidea. Haurrak eskalatzera eraman nahi dituzula? Hau da zure bidea. Hainbat luzeetako bide bat behetik goraino ensanble moduan edota modu askean eskalatu nahi duzula? Hau da zure bidea. Hodiaren horman dauden eskaladako bideetara modu original batean iritsi nahi duzula? Hau da zure bidea. Denbora gutxi duzula bide bat eskalatzeko? Hau da zure bidea.  

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 250 metro.
- Luze kopurua: 10.
- Nork irekia: Carlos Budría, Jesús Escartín, Luis Royo eta Julio Benedek 2018ko irailean.
- Zailtasuna: D-/V. Luzez-luze: 1ºL: V- (20 m), 2ºL: II (40 m), 3ºL: IV (20 m), 4ºL: III (30 m), 5ºL: V- (30 m), 6ºL: IV+ (25 m), 7ºL: IV+ (20 m), 8ºL: V (20 m), 9ºL: III (20 m) eta 10ºL: II+ (20 m).
- Orientazioa: Hego mendebaldea. Udan, batez ere arratsaldean, bero handia pasa daiteke.
- Ura: Casa de Piedra aterpearen atzean iturria dago.
- Hurbilketa: Casa de Piedra aterpetik gora doan GR-11 bidea jarraitzen hasiko gara. "Mirador de la reina" behatokia atzean utzi eta 20-25 metro gorago dagoen bidegurutzean GR-11 bidea utzi eta eskuineko bidea hartuko dugu. Caldarés errekaren gaineko zubia zehakatu eta berehala bidea utziko dugu, ezkerrera (ibilbidearen noranzkoan) pinu artean galtzen den bidexka bat 15-20 metroetan jarraitu ondoren bidearen oinera iristeko. Bertan bidearen izena duen zintadun parabolta topatuko dugu. Casa de Piedratik bidearen oinera 15 minutu pasako ditugu.
- Jaitsiera: Bidearen amaieratik mugarriez ongi adierazitako bidea jarraituko dugu. 50-75 metroen ondoren hodiaren hormara doan bidearekin bat egingo dugu, hurbilketan zubia zeharkatu ondoren utzi duguna hain zuzen ere. Bide hau jarraituz, 35-40 minutuetan Casa de Piedra aterpera itzuliko gara.
- Eramandako materiala: 50 metroetako soka bakarra, luzera ezberdineko 12 express zinta (parabolt eta aseguru guztietan express-zinta bat jarri nahi bada) eta luzera ezberdinetako zinta-uztaiak bilguneak muntatzeko. Bidea katu-oinik gabe eskalatu genuen.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Ordubete eta hamar minutu.

BIDEAREN KROKISA

"Molondro bidearen" nondik norakoak.


Krokisa zehatzago, hamargarren luzea ezkutuan gelditzen da eta ez da krokisean ikusten.


DESKRIBAPENA

Laupabost egunetarako traste, material, arropa, gogo eta indarrak furgonetan sartu, Itzi muxu goxo batez agurtu eta goizeko hamarrak aldera etxetik atera nintzen. Gaixoaldiaren ondoren eskolara lagun artera itzuli berria den haurraren moduan sentitzen nintzen, eskalatzeko ilusio eta motibazioz gainezka.

Pirinioetara irteera pare bat egin arren, abuztua lasai zihoan, lanetik etxera, etxetik lanera eta, ahal nuenean, Txindoki edo rokodromora hurbilduz. Asierren abuztua bestelakoa izan zen: 12 egunetan Alpeetako bost laumilako, mendiko bizikletan irteera gogor batzuk, ferrata pare bat egun berean eta Midi D'Ossau ipar aurpegiko Embarradère biratik eskalatua zuen. A zer nolako marka!!!! Berak aitortu bezala sasoiko zegoen bai, jejeje.

Panticosako bainuetxera iritsi aurretik mendizaleon bekatu iturri den Jakako mendiko denda ezagun batean sartu, bekatua egin noski, eta jatetxe batean bazkaltzeko tartea hartu genuen. Bekatari eta sabela beteta, hirurak aldera bainuetxearen inguruko leku bakarrenetako batean furgoneta aparkatzeko zortea izan genuen.

- La ostia, hau da jende pila!! - bota nion furgonetatik jaitsi nintzenean.
- Bakizu, asteburua eta abuztua... - erantzun zidan.

Jendea gora eta behera zebilen, zerbaiten edo norbaiten bila ariko balitz bezala. Arrantzale eta arraunzaleak aintziran, dirudunak Hotelaren kanpoko igerilekuen ur zurrusta eta jacuzzietan egosten ari diren pataten moduan "plo-plo-plo" eta mendizaleak non nahi. Motxilak azkar-azkar prestatu eta Casa de Piedra aterpearen atzeko hormako iturrian ura hartu ondoren, arratsaldeko hiruak eta laurdenean "zibilizaziotik" ihes egin genuen.

Ibilbidearen hasieran, GR-11 bidea jarraituz.


Eguzkiak gogor jotzen zuen, zerutik erori eta lurrak islatutako berotasunak bete-betean astinduz. Zeharka bidearen ondoko ur-jauziei begiratzen genien, hauen freskotasun iturriaren egarriz. Hurbilketa motza zela jakinik martxa lasaia hartu genuen, izerdi gutxi botaz, bideaz gozatuz.

Panticosa inguruko ur-jauzien gainetik "Molondroren bideak" eskalatzen duen muinoa berehala ikusiko dugu.


Menditik jaisten ziren mendizaleek arraro begiratzen gintuzten, arratsaldean mendian gora zihoazen mendizale ziztrin horiek buru gutxikoak zirela pentsatuko balute bezala. Ez dakit hainbesteraino pentsatuko zuten baina deigarria iruditu zitzaidan agurrik egiteko keinurik inork ez egitea guk "epa!!" esan arte.

- Konturau zea guk kasu iñarte inorrek eztigula kasuik itten? - esan nion Asierri.
- Mendiko ohitura zaharrak galtzen ai die e erantzun zidan.
- Bai, maldan gora doana dijona preferentzie daukela bezela.
- Bai, hoire galtzen ai da.

Martxan hasi eta hamar minutu ingurura "Mirador de la reina" behatokira iritsi ginen, Panticosako bainuetxera zabaltzen den porlanezko balkoi handia.

"Mirador de la reina" behatokia.


Behatokian gelditu gabe, 20-25 metro gorago, argibide-postea duen bidegurutze batean GR-11 bidea utzi eta eskuinera (igoeraren noranzkoan) doan bidea hartu genuen.

Bidegurutzean, gorriz GR-11 ibilbidea eta zuriz guk jarraitutak bidea. Erdian "Molondroren bideak" eskalatzen duen muinoa ikusi daiteke.


Muinoa gertutago eta "Molondroren bidearen" nondik norakoak.


Bidegurutzea atzean uztearekin batera Panticosara itzuli arte bakarrik ibiliko ginen, jendetzatik urrun, zaratatik urrun, bakardadean, mendiaren sentimendutik gertu.

Metro batzuetan behera egin eta Caldarés erreka gurutzatzeko eraikitako harri eta porlanezko zubi bat topatu genuen. Zubia zeharkatu eta, berehala, ezkerreko pinuen artean ezkutatzen den bidexka jarraitzen hasi ginen metro gutxi batzuen ondoren "Molondroren bidearen" oinera iritsiz. Bidearen hasiera parabolt batetik zintzilikatutako "Molondro SL" izenadun zinta batek adierazten du.

Harrizko zubia eta bidearen oinera arteko bidea.


- Eztakit katuk jarri edo ez, bidek eztu zaie ematen.
- Nik eztittut jarri behar - erantzun zidan - luze zailen bat topau ezkeo jarriko ditteu.

Asierrek esandakoak konbentzitu eta dena prest genuenean eskalatzen hasi nintzen.

- Lehenengo luzea, 20 metro, V-. Eskalatzen hasi aurretik eskuekin batera eta bestera ukitu eta aurretik nuen makurtutako hormak helduleku paregabeak zituela egiaztatu nuen.

- Bagoazzzz!! - bota nion Asierri eskalatzen hastearekin batera.

Bidearen lehen metroak 4-5 metro inguruko horma makurtua eskalatuz hasi arren, oin eta eskuentzat helduleku paregabeak ditu. Hau gutxi ez bada paraboltak oso ongi jarriak daude eta inongo momentuan ez dugu estutasun sentsaziorik pasako. Eskuekin gorputza orekatu eta oinekin eskalatuz, luzearen zailtasunik handiena uste baino errazago eskalatu nuen (V-) hormaren gaineko erlaitzera igoz.

- Ez da zaile - esan nion erlaitzetik - zuk konturaube eskalaukozu, jejeje.

Bidearen lehen metroetan.


Erlaitza zeharkatu ondoren bigarren hormatxo bat topatu nuen, aurrekoaren luzeraren antzekoa, makurtua izan gabe bertikala, eta helduleku ederrak dituenak. Hormatxo bertikal hau zailtasun handirik gabe eskalatu ondoren (IV) bilgunea 6-8 metro ingurura ikusi nuen.

Bigarren hormatxoa eskalatu ondoren.


- Reunioa hortxe dau!!! - oihukatu nion Asierri hormaren gainetik. - 6-8 metrota edo. Trepadatxo bat inda bertan nau.

"Bilera hortxe dau!!!" oihukatu nion Asierri hormaren gainetik.


Pixkanaka etzanez doan harkaitz-plaka amaiera arte eskalatu ondoren (hasieran III, amaieran oinez), bi paraboltez osatutako bilgunera iritsi nintzen.

Lehen bilgunea.


Bilgunea muntatu eta soka bildu ondoren Asier ziztu bizian iritsi zen.

- Zemuz zapatilekin? - galdetu nion.
- Oaingoz oso ondo - erantzun zidan - ea adherentziko zatitan zemuz dijozten.

Lehen bilgunera iristen, azpian Caldarés errekaren gaineko porlanezko zubia ikusi daiteke.


Krokisa begiratu eta hurrengo 40 metroak II zailtasunekoak zirela ikusi genuen.

- Igual hobena soka jaso ta zuzen jarraitzea izangoa - proposatu nion.
- Azkarrena hoi izangoa, bai.

- Bigarren luzea, 40 metro, II. Soka bildu eta bion artean 15 metro inguru utzi ondoren Asierrek aurretik jarraitu zuen. Bigarren luzeak lehen metroetan harkaitz-plaka etzan bat ezker-eskuin diagonalean zeharkatzen du, belarrak osatzen duen bidexka moduko bat jarraituz. Metro hauek guztiak oinez egin genituen.

Bigarren luzearen lehen metroetan, belarrak osatzen duen bidexka modukoa oinez jarraituz.


20 metro inguruko zeharkaldiaren ondoren 4-5 metroetako harkaitz-plaka etzan bat topatu genuen. Asierrek gelditu gabe jarraitu eta harkaitz-plaka ia konturatu gabe eskalatu zuen (II) bigarren harkaitz-plaka baten azpira iritsiz, lehenengoa baino pare bat edo hiru metro luzeagoa. Bigarren hau ere arazorik gabe eskalatu (II) eta berriro ere oinez bigarren bilgunera iritsi ginen.

Bigarren harkaitz-plaka etzana eskalatu ondoren. Argazkian bertako paraboltak eta lehen harkaitz-plakaren amaiera ikusi daitezke.


Lehen harkaitz-plakaren oinean.


Bigarren bilgunea (karratu zuriaren barruan) eta hirugarren luzearen lehen parabolten kokalekua.


- Hirugarren luzea, 20 metro, IV. Bilgunetik gora begiratu eta harkaitz-plaka inklinatu bat ikusi genuen, zalantzarik gabe luzeari zailtasuna ematen diona.

- Leku earra zapatilak probatzeko, jejeje - esan zidan Asierrek bilgunetik atera aurretik irribarre maltzur batekin.

Oinetan fede osoa jarriz harkaitz-plaka inklinatua erraz eskalatu zuen (IV). Itsasgarritasunezko pasabideak izan arren, eskuentzat heldulekuak ere baditu, eskalada erraztuz.

Harkaitz-plaka inklinatuan (IV).


- Nahibazu soka askau - esan zidan harkaitz-plakaren gainetik - hemendio reunioa oinez dijo.

Harkaitz-plaka inklinatuaren ondoren plaka dezente etzaten da (II). Bai Asier baita gero ni ere zailtasunik gabe, erdi oinez, hirugarren bilgunera iritsi ginen.

Hirugarren bilgunean.


- Laugarren luzea, 30 metro, III. Bigarren luzean egin genuen moduan luze honetan ere soka bilduta jarraitzea pentsatu arren, bilgunetik ikusten den hormak ezustekoren bat gordeta izango ote zuenaren zalantzaz soka-luzea eskalatzea erabaki genuen.

Bilgunetik eskuin aldera atera eta harkaitz-plakatxo bat igo nuen.

Hirugarren bilgunea harkaitz-plakatxoaren gainetik.


Aurretik harkaitz-bloke batzuk eta kordel bat zintzilik duen  4-5 metroetako horma bertikal bat nituen. Harkaitz-blokeen gainetik pasatu ondoren hormaren azpira iritsi nintzen.

Hormatxo bertikala eskalatzeko jarraitu beharreko bidea.


Hormatxoa tentea izan arren, eskalatzen erraza da. Eskilara batetik gora igotzen ariko banintz bezala metroak arin irabazten hasi nintzen (III), tartean harkaitz-zubi ezberdinetatik pasatako hiru kordel atzean utziz.

Hormatxo bertikala eskalatzen.


Konturatzerako hormatxoaren gainean nengoen.

- Nahibazu soka askau, hemendio aurrea oinez nijo ta - esan nion Asierri hormatxoaren gainetik.

Hormatxoaren gainetik behera egindako argazkia.


Asierrek soka askatu bezain pronto azken metroak arin bete nituen laugarren bilgunera iritsiz.

- Oain dator kintoko adherentziko plaka, ez? - galdetu zidan Asierrek hormatxotik burua azaldu zuenean.
- Baietz esango nuke.
- Ea zapatilak hemen zemuz dijozten...

Laugarren bilgunean. Atzean bosgarren luzea eta bilgunea bere osotasunean ikusi daiteke.


- Bogarren luzea, 30 m, V-. Asierri gainean nituen express-zinta guztiak eman ondoren (laugarren luzean gutxi erabili nituen) eskalatzen jarraitu zuen.

Bosgarren luzea bi zatitan banatzen da, lehenengoan harkaitz-plaka inklinatu bat (V-) eskalatzen den bitartean bigarrenean pixkanaka etzanez doan harkaitz-plaka etzana (IV hasieran eta III amaieran) eskalatuko dugu, biak hala biak itsasgarritasunezko pasabideak dituztenak.

Asierrek eskalatutako luzearen lehen metroak orain arte eskalatutako motelenak izan arren nahiko azkar eskalatu zituen.

- Zemuz dijo?
- Ondo - erantzun zidan. - Uste nuna baño errexago.

Harkaitz-plaka inklinatuaren amaierara iristen (V-).


Luzearen zailtasunik handiena atzean utzita hurrengo metroak arin eskalatu zituen, konturatu nintzenerako "reuniónnnnnn!!!!" oihua iritsi zelarik. Bilgunea hormatxo bertikal baten oinean kokatua dago.

Bosgarren bilgunea eta harkaitz plaka etzana (IV) harkaitz-plaka inklinatuaren (V-) gainetik ikusita. Argazkian seigarren luzea eta bilgunea ere ikusi daitezke.


- Zapatilekin nahiko ondo, ez?
- Bai - erantzun zidan. - Hok dauneko fiabilidadeko testa pasau due, jejeje.

- Seigarren luzea, 25 metro, IV+. Hainbat luze eskalatuak direnean bilguneko lanak modu automatikoan egiten dira: bilgunera iritsi, bertan aseguratu, lagunari soberako express-zintak hartu, lagunak segurtagailua arnesera lotu, bilgunetik askatu eta eskalatzen jarraitu.

Seigarren luzearen lehen metroak 4-5 metro inguruko harkaitz-plaka edo hormatxo bertikala eskalatuz hasten dira (IV+). Bertikala den arren, helduleku oso onak dituenez arazorik gabe eskalatu nuen.

Hormatxoa eskalatu ondoren (IV+).


Hormatxoaren gainetik bosgarren bilgunera egindako argazkia, Panticosako bainuetxea gure azpian.


Hormatxo bertikala eskalatua, luzeak orain artekoen joera bera du, hau da, harkaitz-plaka pixkanaka etzanez doa urrengo bilgunea kokatutako hormatxora iritsi arte. Kasu honetan ere lehen metroak III zailtasunekoak izan arren, bilgunera erdi oinez iritsi nintzen.

Seigarren bilgunean. Atzean zazpigarren luze eta bilgunea, baita zortzigarrenaren lehen metroak ere.


- Zazpigarren (20 metro, IV+) eta zortzigarren luzea (20 m, V). Zazpigarren luzea hormatxo bertikal bat eskalatuz hasten da, seigarren luzekoaren antzekoa. Niri seigarren luzekoa baino pittin bat zailagoa iruditu arren, Asierrek di-da batean eskalatu eta hemendik gorako harkaitz-plaka inklinatua eskalatuz jarraitu zuen (IV+), bosgarren luzekoarekin batera beharbada jarraitutasun handiena duena.

- Reunioa hementxe dau - esan zidan bat batean.
- Gertu, ez?
- Bai, eztakit jarraitu edo ez.
- Materiala bazu lasai asko jarraitu.
- Hoixe ingoet, aurreko largok nolakok dien kontutan izanda pentsatzet reunioa errex iritsiko naizela.

"Reunioa hementxe dau" esan zidan bat batean.


Zazpigarren bilgunetik seigarrena honela ikusten da.


Zazpigarren bilgunetik gora 5 metro inguruko horma bertikala eskalatzen da, arrail estu eta itsu bat duen horma bertikala. Deskribapen beldurgarria dirudien arren hormak ez ditu helduleku txarrak eta Asierrek erraz eskalatu zuen (V).

Zazpigarren bilgunetik gorako horma bertikala eskalatu ondoren.


Hormatxo bertikala zazpigarren bilgunetik ikusita. Argazkian arrail estua ikusi daiteke.


Hormatxoa eskalatu ondoren harkaitz-inklinatu bat eskalatzen jarraitu zuen (IV+).

- Baleeee!!! Soka askau dezakezu - esan zidan metro batzuen ondoren - reunioa lau metro ingurua dauket.

Luze honetan ere bilgunera iristerakoan hormak inklinazioa galdu eta azken metroak erdi oinez betetzen dira.

Zortzigarren bilgunean.


- Bueno emateo hurrengo luzen goraño iritsiko geala - esan nion bilgunera iritsitakoan
- Bai, hala emateo - erantzun zidan - halere krokisen bi luze faltaiela jartzeo.

Krokisa begiratu eta azken luzea pinu batzuen atzetik hasten zela ikusi genuen. Aurretik genuen luzearekin pinu horietara iritsiko nintzela ondorioztatu genuen. 

- Bederatzigarren luzea, 20 metro, III. Bilgunetik atera eta berehala harkaitz-plaka motz bat eskalatu ondoren (III) hurrengo metroak oinez egiteko modukoak zirela ikusi nuen.

III zailtasuneko plakatxo motza eskalatu ondoren. Atzean, luzearen amaierako pinuak.


- Soka askau nahibazu Asier - esan nion - hemendio gorakoa oinez da ta.

Soka askatu eta oinez jarraitu nuen "Sendero Límite" izena duen zintadun pinu batekin topo egin nuen arte.

Asier berehala iritsi zen. Krokisa atera eta azken luzea pinuen atzetik dagoen harkaitz marroidun beta jarraitzen zuela egiaztatu genuen. Mugarri pare bat jarraituz bertaraino iritsi ginen.

Bederatzigarren luzea amaitzen den zintadun pinua eta hamargarren luzea hasten den lekura arteko bidea. Argazkian harkaitz marroidun beta ere ikusi daiteke.


- Azkeneko honi segundo mas emateie - esan zidan Asierrek krokisa begiratuz.
- Ordun igual sokaik gabe itten badeu hobe, ez? - proposatu nion.
- Ba bai, nahibazu zuk segi ta bitarten nik soka motxilan gordekoet.

- Hamargarren luzea, 20 metro, II+. Luzearen zailtasunik handiena harkaitz marroidun beta eskalatzean dago, eskilara baten moduan oso erraz igotzen dena (II+).

Harkaitz marroidun beta eskalatu ondoren.


Beta eskalatuta oinez jarraitzea besterik ez dago zinta horidun pinu batera iritsi arte.

Zinta horidun pinua.


- Oporretako lehena eskalauta - esan nion Asierri iritsi zenean.
- Bai, errexa iruittu zait, umekin etortzekoa, ta deskuidauezkeore sokaik gabe eskalatzekoare - erantzun zidan.

Bidearen amaieratik mugarri batzuk jarraituz (tartean I zailtasuneko harkaitz-plaka etzana igotzen da) muinoaren gailurra adierazten duen mugarrira iritsi ginen. Pinuen artean parez-pare hodiaren horma azaldu zen.

Mugarriaren gainetik, pinuen artean, hodiaren horma azaldu zen...


- Ze ordu da? - galdetu zidan Asierrek.
- Bostak hogei gutxi - erantzun nion.
- Ta horko bian bat eskalatzen badeu? - proposatu zidan hodiaren horma seinalatuz.
- Denbora emangoigu?
- Baietz esango nuke.
- Ta zein proposatzezu?
- Pa ti es la vía - erantzun zidan - nere ustez hor daudenetio onena.

Ez zen asko falta izan ni konbentzitzeko. Mugarriak jarraituz hodiaren hormara zuzentzen den bidera iritsi eta behera hartu beharrean (Panticosara hain zuzen ere) gora hartu genuen, planifikatu gabeko bideetako bat eskalatzeko asmo eta irrikaz. Oraindik ez nekien arren "Pa ti es la vía" bidean izugarrizko gozatua hartuko nuen.


Baina hori datorren kronikarako utziko dut...




KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- Sendero Límite bloga. 2019/07/28. Vía del Molondro. Balneario de Panticosa. Eskuragarri: http://senderolimite.blogspot.com/2019/07/via-del-molondro-balneario-de-panticosa.html
- Hoy costra, mañana pus bloga. 2019/07/31. Balneario de Panticosa: Vía del Molondro (250 m, D-). Eskuragarri: http://costraypus.blogspot.com/2019/07/balneario-de-panticosa-via-del-molondro.html


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina