AZKEN 10 SARRERAK

2019/09/03

PANTICOSAKO BAINUETXEA, HODIAREN HORMA: "PA TI ES LA VÍA" BIDEA, 300 m, V+. 2019/08/24




"Molondroren bidea" (250 m, D-/V-) eskalatu berria genuen, "Sendero Limite" taldekoek 2018ko irailan irekitako bide eder eta zailtasunik gabekoa. Bidearen amaieratik mugarri batzuk jarraituz bidea koroatzen duen muinoaren gailurra adierazten duen mugarrira iritsi ginen. Pinuen artean parez-pare hodiaren horma azaldu zen.

- Ze ordu da? - galdetu zidan Asierrek.
- Bostak hogei gutxi - erantzun nion.
- Ta horko bian bat eskalatzen badeu? - proposatu zidan hodiaren horma seinalatuz.
- Denbora emangoigu?
- Baietz esango nuke.
- Ta zein proposatzezu?
- Pa ti es la vía - erantzun zidan - nere ustez hor daudenetio onena.

Proiektuak lotuak, ongi ikasiak eta zorrotz eramatea gustuko izan eta pertsona metodiko eta saiatua izan arren, mendian pasatako urteek malgutasunari atea irekita utzi behar zaiola erakutsi didate, mendian bi eta bi ez baitira beti lau izaten. Hau dela eta Asierrek “Pa ti es la vía” bidea eskalatzea proposatu zidanean atea ireki eta ez zen asko falta izan ni konbentzitzeko. Mugarriak jarraituz hodiaren hormara (eta Lumiacha urmaeletara) zuzentzen den bidera iritsi eta behera hartu beharrean (Panticosara hain zuzen ere) gora hartu genuen, planifikatu gabeko bideetako bat eskalatzeko asmo eta irrikaz.

Bion kezkarik handiena eguzkiaren argia itzali aurretik Panticosako bainuetxera itzuliko ginen hala ez zen, kopetako argiak kotxean gelditu zirelako.

Kezka orduak pasa ahala argituko zen…

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 300 metro.
- Luze kopurua: 8.
- Nork irekia: Luis Royo, Carlos Budría, Enrique Recio eta Julio Benedek 2017an.
- Zailtasuna: V+. Luzez-luze: 1ºL: V- (45 m), 2ºL: V (35 m), 3ºL: V+ (40 m), 4ºL: V (30 m), 5ºL: V (40 m), 6ºL: V+ (30 m), 7ºL: IV+ (40 m) eta 8ºL: III (35 m). Guk azkeneko bi luzeak bakarrean eskalatu genituen ensanble moduan.
- Orientazioa: Mendebaldea. Udako arratsaldeetan bero handia pasa daiteke.
- Ura: Casa de Piedra aterpearen atzeko horman iturri bat dago. Lumiachako urmaeletara doan bidetik jaisten bagara ura hartu daiteken errekastoak topatuko ditugu.
- Hurbilketa: Casa de Piedra aterpetik gora doan GR-11 bidea jarraitzen hasiko gara. "Mirador de la reina" behatokia atzean utzi eta 20-25 metro gorago dagoen bidegurutzean GR-11 bidea utzi eta eskuineko bidea hartuko dugu. Bide hau jarraitu eta mugarri ezberdinak jarraituz hodiaren hormara iritsiko gara. Bidea hormaren ezkerrean dago, punturik baxuenean. Bertan bidearen izena duen zintadun parabolta topatuko dugu. Casa de Piedratik bidearen oinera 50 minutu eta ordu baten arteanpasako ditugu. Beste aukera interesgarri bat "Molondroren bidea" eskalatzea da, honen amaieratik bidearen oinera joateko.
- Jaitsiera: Bidearen amaieratik bi aukera ditugu: Lehenengoa iparraldera jotzea izango litzateke, Bachimaña aintziretako aterpera doan bidea jarraituz. Momentu batean hegoaldera doan bidexka bat topatuko dugu. Bide hau jarraituz Lumiacha urmaeletara itzuliko gara, hodiaren hormaren oinean daudenak, hain zuzen ere. Bigarren aukera hegoaldera mugarriez adierazitako bidea jarraitzea da. Bide honek mendia alderik alde horizontalean zeharkatzen duen hodira eramango gaitu. Hodiaren gainetik hegoaldera jarraituz bi tunel zeharkatuko ditugu. Bigarrenaren ondoren zementuzko eraikin batera iritsiko gara eta hemendik 25-30 metro ingurura gure eskuinean mendebaldera doan bidexka bat hartuko dugu. Bidexka honek GR-11 bidearekin bat egin ondoren Panticosako bainuetxera itzuliko gara. Bigarren aukera lehena baino motzagoa da eta ordubete eta ordu eta laurden artean Panticosako bainuetxera itzuliko gara. Lehen aukera luzeagoa bada ere, bertan ura topatuko dugu, Lumiachako urmaelen inguruan errekastoak daude eta.
- Eramandako materiala: 50 metroetako soka bakarra, luzera ezberdineko 12 express zinta eta luzera ezberdinetako zinta-uztaiak bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Bi ordu eta laurden.

BIDEAREN KROKISA

Bidearen nondik norakoak. Bidearen amaieratik abiatzen diren jaisteko bi bideak ikusi daitezke.


Krokisa zehatzago.


Bidearen krokisa zehatzago beste ikuspuntu batetik ikusita.


DESKRIBAPENA

Hodiaren horma urrunetik ikusita ere zirrara egiten duen horietakoa da. Metalezko hodi handi batek goitik behera erdibitzen du orbain erraldoi baten moduan, itsura artifizial bat emanez. Horma honetan oraingoz irekitako “Pa ti es la vía” (300 m, V+), “Roca por un tubo” (300 m, 6a) eta “Tirawen” (310m ,V+) bideak hodiaren ezkerrean (parez pare begiratzen badugu) daude. Lehenengo biak "Sendero Limitek" ireki eta erabat ekipatuak dituen bitartean, “Tirawen” Luis Alfonso eta Victor Olayak erdi ekipatutako bidea da.

Hodiaren horma ikusgarria, metalezko orbaina bitan erdibitzen duena.


Hodiaren hormara (baita Lumiacha urmaeletara ere) doan bidea pinu artean galtzen den bide atsegina da, metroak modu goxoan irabazteko aukera ematen duen horietakoa.

Pinu artean galtzen den bide atsegina...


Pinuak amaitzearekin batera, harkaitz-blokeek zelaiari tartea pixkanaka irabazi eta blokeen gainean jarritako mugarri lerroa jarraitu genuen harkaitz-blokeen artean oreka mantendu eta salto eginez. Granitozko horma eta mendiak itsaskorrak eta eskalatzeko ederrak diren bitartean, Jainkoak sortu zituenean, egoera orekatzeko asmotan edo, hauen oinera milaka harkaitz-bloke bota zituen, hondakindegi itsura eman eta hurbilketa deseroso bihurtuz.

Pinuak amaitzearekin batera harkaitz-blokeek zelaiari tartea pixkanaka irabazten diote.


- Hor goien “Roca por un tubo” hastea ta han ezkerren “Pa ti es la via”. - Asierrek bi bideak eskalatuak zituenez, gidari baten moduan bien nondik norakoak azalduz zihoan.

"Pa ti es la vía" bidearen nondik norakoak."Roca por un tubo" bidea argazkiaren erdiko harkaitz-plaka nabarmendaren punturik baxuenean hasten da.


“Roca por un tubo” bidearen oinera iritsi ginenean “Pa ti es la vía” bideari adi-adi begira gelditu zen.

- Ta gañea largo klaben kordada bat dau. – esan zidan horma seinalatuz.

Asierrek seinalatzen zidan lekura begiratu eta hirugarren luzeko diedro famatuan gora koloretako bi puntu zihoazela ikusi nuen. Azpitik ikusita luzea ikusgarri eta ikaragarria zirudien, aldi berean eskalatzeko gogoa piztu eta itzaltzen duen horietakoa.

"Roca por un tubo" bidearen oinean, ezkerrean "Pa ti es la vía" bidearen hirugarren luzea eskalatzen ari den sokada ikusi daiteke.


“Roca por un tubo” bidea beste baterako utzi eta “Pa ti es la vía” bidearen oinera zuzendu ginen. Kolore iluneko marra luze eta zabal batzuk horma goitik behera marrazten zuten, barra-kode baten itsura emanez. Harkaitza bustia izango zenaren beldurrez hirugarren luzea eskalatzen ari zen sokadari galdetu eta horma lehorra zegoela oihukatu ziguten.

Azken harkaitz-blokeen gainetik salto eginez bidearen oinera iritsi ginen, hodiaren horma ikaragarriak ezkerrean duen punturik baxuenera, hain zuzen ere. Hemen ere, “Sendero Limitekoen” ohiturari jarraituz, lehen paraboltak bidearen izena duen zinta jarrita dauka.

Bidearen hasiera.


Bidearen oinetik atzera egindako argazkia. Ikusmira hitzik gabe uzteko modukoa da.


- Azkeneko luzea nik eskalau det, oain zuri tokatzen zaizu.
-Ederki ba – erantzun zidan Asierrek pasa nion sokaren muturra arnesean lotuz.

Beharrezko material guztia arnesetik zintzilik zuela egiaztatu, magnesiodun poltsa ireki eta eskalatzen hasi zen.

- Lehengo luzea, 45 metro, V-. Luzea harkaitz-plaka tente bat eskalatuz hasten da, itsasgarritasunezko pasabideren bat duen arren helduleku onak dituena. Asierrek lehen metro hauek erraztasun osoz eskalatu zituen, mugimendu leunekin, harkaitz-plakaren gainean dantzan ariko balitz bezala.

Erdia baino gehiago eskalatua zuenean sabaitxo bat eskalatu (V-) eta harkaitz-plakaren gainera igo zen.

Harkaitz-plaka inklinatuko sabaitxoa eskalatu ondoren.


Harkaitz-plaka inklinatu hau eskalatuta, kanaltxo bat zeharkatu eta bigarren plaka bat eskalatzen hasi zen, aurrekoa baino etzanagoa baita helduleku txikiagoak dituena ere (IV+).

Bigarren harkaitz-plaka eskalatu ondoren pinuen artean doazen plaka etzan ezberdinen gainetik, eskuin ezkerreko zeharkaldi diagonala eginez (II/III), harkaitz-bloke erraldoi baten ezker horman kokatutako bilgunera iritsi zen.

Pinuen arteko harkaitz-plaka etzanak.


Bilgunea harkaitz-moko batetik pasatako soka eta uztaidun parabolt batez osatua dago.

Lehenengo bilgunean.


Eskalatzen hasi aurretik ohitura zaharrak berreskuratu eta, harkaitza behatzen puntekin laztanduz, arnasa sakon hartzen hasi nintzen gorputz eta burua lasaitu eta kontzentrazioa eskaladara eramanez. Aste pare bat lehenago Ron Kauk eskalatzailearen “el espíritu de la roca” liburuak nigan izugarrizko eragina izan zuen eta eskalada eta harkaitza beste modu batean ikusi eta bizitzeko leiho bat ireki zidan, ohitura hau berreskuratzera "behartuz". Liburuaren ehun orri eskasak irensten nituen bitartean aspaldi liburu batek eragin gabeko bake sentsazioa sentitu nuen.

- Bigarren luzea, 35 metro, V. Bilgunetik atera, harkaitz-blokea erraldoia inguratzen hasi eta eskuinera doan kanala zeharkatu nuen (II) “Charly” izeneko harkaitz-plaka eskalatzen hasi nintzen.

Harkaitz-plaka inklinatua hasi arren (III) metroak irabazi ahala tentetuz doa azken metroak bertikal bihurtu arte(IV+). Hala ere helduleku onak ditu eta batera eta bestera begiratuz metroak nahiko erraz irabazi nituen.

"Charly plaka" bertikal bihurtzen hasten den lekuan.


- Reunioa goiko piñu horren ondon dau – esan zidan Asierrek bilgunetik – ta bertara iristeko dau largoko pasoa.

Gora begiratu eta nire gainean pinua ikusi nuen. Asierrek esan bezala bertara iristean dago luzearen pasabiderik zailena (V), baina helduleku oso onak ditu eta, granitoan gertatzen den moduan, hobe da eskuentzat baino oinentzat heldulekuak topatzea.

Pasabide zailaren azpira iristen. Gainean bigarren bilgunearen ondorko pinua ikusi daiteke. Pasabidea pinuaren azpiko bi harkaitz-blokeak eskalatzean datza.


3-4 metroetako pasabide bertikal hau eskalatuta pinuaren eskuineko erlaitz erosoan muntatutako bilgunera iritsi nintzen, harkaitz-zubi batetik pasatako zinta eta uztaidun bi paraboltez osatutakoa.

Bigarren bilgunean.


Lehenengo bilgunea bigarrenetik ikusita.


Bilgunea erosoa izan arren, soka biltzerakoan kontu handiarekin ibili behar da erlaitza harri askez estalita dagoelako. Harriren bat edo beste bota arren, Asier bilgunera osorik iritsi zen, jejeje.

Bigarren luzearen amaieran.


- Hirugarren luzea, 40 metro, V+. “bost izarretako luzea”, “inguruko luzerik ederrena”, “ikusgarria”… Luze honen inguruan honelakoak irakurri daitezke. Egia esan luzearen diedro nabarmena bilgunetik ikusi nuenean zirrara egin zidan eta, antzekotasunik ez badu ere, Aiztondoko “Egunsentiko lainoen artean” bidearen azken luzeko diedroa burura etorri zitzaidan.

- Emateuna baño errexagoa da – esan zidan Asierrek pentsatzen ari nintzena asmatu izan balu bezala.
- Hemendio behintzat ikusgarria da.

Asier bilgunetik atera eta lehen metroetan diedro itsurako pasabide bertikal eta motza eskalatu zuen (IV), diedro nabarmenaren azpiko harkaitz-plakak osatzen duen hormatxoa eskalatu (IV+) eta diedroaren ezkerrean dagoen arrail nabarmenaren ezkerreko paraboltera iritsiz.

Hemendik aurrera diedroaren azpiko ezker-eskuineko zeharkaldiarekin hasi zen. Zeharkaldia lehen metroetan diedrotik metro pare bat beherago hasi zuen, oinentzat dauden heldulekuak aprobetxatuz.

Diedroaren zeharkaldiaren hasieran.


Diedroaren bigarren paraboltera iritsi zenean eskuak diedroaren azpiko arrailean sartu eta bavariar moduan eskalatzen jarraitu zuen pixkanaka tentetuz zihoan harkaitz-plakari metroak irabaziz (V+). Gakoa diedroaren kontra ez joatea eta oinentzat dauden heldulekuak topatzean dago.

Asier dagoen lekutik aurrera bavariar teknikaren bidez eskalatzen jarraitu genuen.


Diedroaren amaieran harkaitz-plakak inklinazioa pixka bat galdu eta helduleku gehiago azaltzearekin batera erdibideko bilgune batera iritsi zen (V).

- Aurrekon baño errexagoa iruittu zait.
- Joer nik sobrau ikusi zaitut.
- Ze ingoet, reunioa hemen montau edo goraño jarraitu?
- Zuk ikusi baño sokek rozauko duela emateo.

Nahiko express-zinta eta gehienak luzeak zirela ikusita, Asierrek luzea amaitzea erabaki zuen. Hau egin nahi bada komeni da express-zinta luzeak eramatea soken marruskadura ekidin edo gutxienez murrizteko.

Erdibideko bilgunetik gora, lehen metroetan helduleku onak dituen harkaitz-plaka tente bat eskalatu zuen (V) eskailera makurtu baten itsura duen harkaitz iluneko horma baten oinera iritsi zen arte. Hormak zertxobait makurtua izan eta metroak poliki irabazi arren, gorputza batera eta bestera mugituz eta bertako heldulekuak ahal izan zuen modurik egokienean erabiliz eskalatu zuen (V+), bi paraboltez osatutako bilgunera iritsiz.

Hirugarren bilgunean.


Diedroaren eskalada gozamena iruditu zitzaidan, ahazten ez den horietakoa, esku eta besoetatik tiraka ibili beharrean oinekin gehiago eskalatu behar dena. Bilgunearen azpiko horma ilun makurtua eskalatzeko aldiz estutu behar izan nuen, heldulekuak nik nahi nuen lekuan ez zeudelako, jejeje.

- Laugarren luzea, 30 metro, V. Bilgunetik atera eta lehenengo bi paraboltez babestutako horma bertikala eskalatu nuen honen gaineko harkaitz-plaka inklinatura igoz. Horma honetan dago luzearen zailtasunik handiena (V), baina helduleku onak ditu. Hirugarren luzearen amaieran pasatako estutasunak horman irabazitako metro bakoitzarekin desagertu eta hormaren gainera iristerako berriro ere bake sentsazio batek hartu ninduen.

Horma bertikala eskalatu ondoren.


Hormaren gainetik hirugarren bilgunera egindako argazkia.


Horma eskalatuta, helduleku oneko harkaitz-plaka inklinatua eskalatzen jarraitu nuen (IV+) zuhaixka batzuen arteko erlaitzera iritsi arte.

Hormaren gaineko harkaitz-plaka inklinatua, goran aurretik genuen sokada ikusi daiteke.


Zuhaixken arteko erlaitzean, atzean Panticosako bainuetxea.


Erlaitza oinez zeharkatu eta bertatik gora azken harkaitz-plaka motz eta etzana eskalatuz bilgunera iritsi nintzen (III).

Bilgunera iritsi aurreko harkaitz-plaka motz eta etzana.


Gora begiratu eta aurretik genuen sokadaren artean luze bakarra zegoela ikusi nuen:

- Eo oso azkar goaz eo goikok poliki dijoz.
- Lasai goatzela iruitzen zait, goikok azpiko largon ataskau diela esango nuke. – Erantzun zidan Asierrek.
- Bueno, harrapatzen baditteu lasai hartu eta poliki-poliki igoko gea.
- Bai, besteik eztau – erantzun zidan Asierrek soberan nuen materiala hartuz.

- Bosgarren luzea, 40 metro, V. Gainetik “Recio plaka” delakoa genuen, bere osotasunean eskalatu beharko genuena. Goian ikusten den sabai batean hiltzen den harkaitz-plaka inklinatu eta ikusgarria da.

Harkaitz-plaka hasieran inklinatua den bitartean (IV+), metroak irabazi ahala tentetuz doa itsasgarritasunezko pasabideren bat tartekatuz (V).

"Recio plakaren" amaieran, sabaira iristen.


Goiko sabaira iritsitakoan Asierrek eskuinera egin eta sabaiaren eskuinean dagoen harkaitz marroidun diedro txiki bat eskalatuz (V-) ekidin zuen.

Diedro txikiaren oinetik bilgunera egindako argazkia.


Diedroa (eta sabaia) eskalatuta eskuineko hormatik eskalatzen jarraitu (IV+) eta bilgunera zailtasunik gabe iritsi zen.

Bosgarren bilgunean.


Asier bilgunea muntatzen zuen bitartean aurreko sokadaren bigarrena seigarren luzearen lehen metro tenteekin borrokan ari zen: “ea ez ditteun harrapatzen” esan nion nire buruari, jakina baita ez dela atsegina izaten atzetik sokada bat zain duzula eskalatzen aritzea.

Laugarren bilgunea bosgarrenetik ikusita.


“Recio plaka” itzela iruditu zitzaidan, Dent D’Orluko “Pink Floyd” bidean eskalatu genituen bezalakoxea. Granitozko harkaitz-plaketan gertatzen den moduan, indarrak gorde nahi baditugu, gakoa oinentzat heldulekuak topatzean dago, nahiz eta txikiak izan granitoaren itsasgarritasuna handia baita.

- Seigarren luzea, 30 metro, V+. Hasteko bilgunearen eskuinean ikusten den ezproi itsurakora igo beharko dugu. Honetarako bilgunetik atera eta eskuinera 2-3 metro inguruko zeharkaldi horizontala egin nuen (IV) ezproira iritsiz.

Ezproia eskalatzen.


Ezproia zuzen eskalatzen jarraitu nuen (IV+, helduleku oso onak) honen gaineko erlaitz txikira iritsiz.

Ezproiaren gaineko erlaitz txikitik bosgarren bilgunera egindako argazkia.


Erlaitzetik gora helduleku oneko harkaitz-plaka tente bat eskalatzen jarraitu nuen goian dagoen hildako pinu nabarmen batera zuzenduz.

Harkaitz-plaka tentean.


Uztaidun bi paraboltez osatutako bilgunera iritsi aurretik pasabide tekniko bat dago (V+) baina ongi begiratuz gero helduleku txarrik ez duela ikusten da. Hori bai, hemen ere fede osoa oinetan jarri beharra dago, jejeje. Eskalada arin zihoan, lasaia, eta V+ pasabidea konturatu gabe eskalatu nuen. Izan ere krokisa begiratu arte ez nintzen ohartu V+ zailtasuneko pasabidea eskalatua nuenik.

- Oain dela gutxi irakurrieten liburue burun dauket denbora guztin. – Esan nion bilgunera iritsi zenean.
- Ze liburu?
- “El espíritu de la roca”. Kriston pake sentsazioa trasmititzen duen liburue da, ta halaxe nijo, lasai-lasai eskaladaz gozatzen.
- Hoi ondo dau.

- Zazpigarren luzea, 40 metro, IV+ eta zortzigarren luzea, 35 metro, III. Asier bilgunetik gora doan helduleku oneko harkaitz-plaka inklinatua eskalatzen hasi zen hildako pinu nabarmena eskuinean utziz (IV+).

Harkaitz-plaka inklinatuan, hildako pinua oso nabarmena da.


Luzeak pixkanaka eskuinera etzanez doan bigarren harkaitz-plaka bat eskalatuz jarraitzen du (IV hasieran gero III).

Bigarren harkaitz-plakan.


“15 metro inguru ta reunioa” pentsatu nuen sokaren erdibidea adierazten duen arrasto iluna segurtagailutik pasa zenean. Bat batean Asier metroak arin irabazten hasi zen, erdi-oinez igotzen ariko balitz bezala. Hamabost metro, hamar metro, bost metro… sokaren amaiera geroz eta hurbilago eta Asier ez zen gelditzen. Bi metro eskas falta zirenean “Ensanbleeee!!!” oihukatu eta bilgunea desmuntatzen hasi nintzen. Bilguneko materiala jaso eta soka tente jartzearekin batera eskalatzen hasi nintzen.

Luzearen bigarren harkaitz-plaka eskalatzen amaitzearekin batera express-zintarik gabeko bi paraboltez osatutako bilgunea ikusi nuen, zazpigarren luzekoa zalantzarik gabe. Express-zintarik ez zuela ikusita Asierrek ikusi gabe aurrera jarraitu zuela argi gelditu zitzaidan.

Zazpigarren bilgunea, atzean utzi genuena.


Bilgune honetatik gora (zortzigarren luzea izango zena), harkaitz-plaka etzan bat eskalatu (III) eta zailtasun guztiak amaitzen dira (II), azkeneko metroak erdi oinez eginez. Orduan Asier parabolt batetik bilgune bat muntatu zuela ikusi nuen:

- Ehhh!! Aurreko reunioa saltauzulaaa!! – esan nion irribarretsu.
- Esaten non ba – erantzun zidan. – Eztet ikusire egin.

Bilgune "inprobisatuan". Atzean bidea aurretik eskalatu zuen sokada ikusi daiteke.


Aurretik genuen sokada gorago materiala jasotzen ari zela ikusita Asierri soka emateko eskatu eta, 10-15 metro ibili ondoren, luzearen (eta bidearen) azken bilgunera iritsi nintzen, pinu batetik pasatako soka eta zinta batzuetara.

"Ehhhh!!! Hau da benetazko azken reunioaaa!!!"


- Ze ordu die?
- Zazpik eta hogeitabost.
- Ondo, denbora sobran emateigu – erantzun zidan zeruari gelditzen zitzaion argia neurtzen ariko balitz bezala.

Aurreko sokada iparraldera zihoan bitartean (bertatik Bachimañako aintziretako aterpera iristeaz gain Lumiacha urmaeletara doan mugarriz adierazitako bidea ere hartu daiteke), eguzkia mendien atzean ezkutatu aurretik denbora genuela ikusita ura edan eta barratxoren bat jateko aprobetxatu genuen. Material guztia jasotzearekin batera hegoaldera doan bidea hartu genuen, mugarriz adierazitako bidea jarraituz.

Trasteak jasota jaisteko prest. Atzeko muinoan mugarrietako bat ikusi daiteke.


Metro batzuetan hormaren gaineko muino baten gainetik ibili ondoren zelaian bera hasi ginen mendian iparretik hegora zeharkatzen duen hodira iritsiz.

Hodira (azpian) iristen.


Hodira iristearekin batera, hodiaren hormari bizkarra emanez hegoalderako noranzkoa hartu genuen.

Hodiaren gainetik...


Hodiak jarraiten duen ibilbideak ez dauka zailtasun handirik baina tarteka kontu handiz ibili beharra dago eskuinean amildegiak irekitzen baitira. Hala ere hodia bustia egonez gero ez dakit zein puntura arte ibilbidea erosoa izango den.

Makurtu beharreko tunel bat zeharkatu ondoren bigarren tunel bat zeharkatu (aurrekoa baino luzeagoa eta baxuagoa ere) eta zementuzko eraikin batera iritsi ginen.

Lehenengo tunela.


Bigarren tunelera sartzen.


Zementuzko eraikin hau utzi eta 25-30 metroetara gutxi gora behera eskuinera (mendebaldera) doan bidexka bat topatu genuen.

Hodia utzi genuen lekuan.Atzen, pinuen artean, zementuzko eraikina ikusi daiteke.


Bidexkan behera, GR-11 bidearen bila.


Bitan pentsatu gabe bidexkan behera hasi eta hainbat “Z” egin ondoren GR-11 ibilbidearekin bat egin genuen, bidearen amaieratik ordubete pasatxoan Panticosako bainuetxera itzuliz.

Panticosako bainuetxean berriro ere, oraindik eguzkiaren izpiek inguruak argituz.


Zortzirak eta erdi pasatxo zirela ikusita furgonetaren barrura maitasun gutxiarekin motxilak bota eta arin-arin Casa de Piedra aterpera zuzendu ginen afari eske. Bost ordu eta laurden pasatxoan “Molondro” eta “Pa ti es la vía” bideak eskalatuak genituen, guztira 550 metro inguru. “Pa ti es la vía” bidearen hirugarren luzean estutu arren ez nintzen nekatuta sentitzen, aitzitik, energiaz gainezka sentitzen nintzen, gogotsu. Arratsalde pasa ederra izan zen inongo zalantzarik gabe.

Afaltzen genuen bitartean biharamuneko planari bueltak ematen hasi ginen, aspalditik buruan nenbilen proiektu bat, originala izan gabe proiektu erakargarria zalantzarik gabe.


Proiektu erakargarri honen berri hurrengo kronikan emango dut…

KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- Valle de Tena mapa. Editorial alpina, 2016.
- Sendero Límite bloga. 2019/07/08. Pa tí es la vía. Pared del tubo. Balneario de Panticosa. Eskuragarri: http://senderolimite.blogspot.com/2019/07/pa-ti-es-la-via-pared-del-tubo.html
- Bergidak bloga. 2019/07/25. Pa ti es la vía bidea (300 m; V+). Pared del tubo. Panticosa. Eskuragarri: https://bergidak.wordpress.com/2019/07/25/pa-ti-es-la-via-bidea-300m-v-pared-del-tubo-panticosa/ 
- La aventura es mi reino bloga. 2018/10/22. Pa ti es la vía (300 mts/Vº +), pared de la tubería, Panticosa. Eskuragarri: https://laaventuraesmireino.blogspot.com/2018/10/pa-ti-es-la-via-300-mts-v-pared-de-la.html
- Hoy costra, mañana pus bloga. 2018/07/23. Balneario de Panticosa. Pared de la tubería: Pa ti es la vía (300 m, V+). Eskuragarri: http://costraypus.blogspot.com/2018/07/balneario-de-panticosa-pared-de-la.html


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina