AZKEN 10 SARRERAK

2019/09/15

CASA DE PIEDRATIK BACHIMAÑAKO AINTZIRETAKO ATERPERAINO ESKALATZEN. 3º ZATIA. BACHIMAÑAKO UR-JAUZIKO HORMA: "ESPOLON DEL PINO" BIDEA, 250 m, D+/V. 2019-08-25

Bidearen hasierako izena duen zinta.


Denbora konturatu gabe aurrera zihoan, etengabe, atzera begiratu gabe. Goizeko zortziak aldera Panticosako bainuetxean eskalatzen hasiak ginen, Casa de Piedratik Bachimañako aintziretako aterpera arte eskalatzen igotzeko proiektua aurrera atera asmoz. Lau mailez osatutako eskaileran jada “Vía del Nano” (105 m, V), “Espolón del Rebollón” (110 m , V+) eta “Mowgli" gandorra (200 m, V) atzean gelditu ziren, oroitzapen labur baten moduan. Aurretik azken maila genuen, Bachimañanako ur-jauziaren horma.

Gorputzak nekatuak ez sentitu arren, metatutako neke eta berotasunak (orduak pasa ahala termometroa lotsagabe gora zihoan) gugan izango zuten eraginaren zalantzak “Espolón del pino” (260 m, V) bidea aukeratzera eraman gintuen, hormako bideen artean errazenetakoa.

Dena den, neke eta beroak izango zuen eragina eskaileraren azken maila hau eskalatu arte ez genuen jakingo…

SARRERA MODUAN

Bachimañako ur-jauziaren horma Caldarés errekatik zerura altxatutako horma bertikala da, Bachimañako aintzirak mendizalearen begi-bistatik ezkutatzen dituena.

Mendizale ibiltariak, GR-11 ibilbidea jarraituz, “Fraidearen aldapa” gogorrean hainbat “Z” eginez horma hau ezkerretik (parez-pare begiratzen badugu) saihestu beharko du. Aldapan botatako izerdiek hormaren gainean gotorleku moduan eraikitako Bachimañako aintziretako aterpean ordainsaria izango dute, ikusmira, zerbitzu eta abegi oneko aterpea.

Horma saihestu beharrean zuzenean eskalatu nahi bada sei bide topatuko ditugu. Errazena “Vía de los Jardines” bidea da, 300 metro eta PD+ (III+) zailtasuna gainditu gabe horma modu bizkorrean gainditzen duena. Honen zailtasunaren gainetik, V zailtasunaren baitan,beste bi bide daude: “Espolón del pino” (260 m, V behartua) eta “Viaje por el muro” (250 m, V, IV+ behartua). Zailtasunean koska bat igo nahi izanez gero “Vía del diedro” (220 m, V+ behartua) eta “El Dorado” (180 m, 6a behartua) bideak daude. Franko ezagunak diren bost bide hauei bide berri bat batu zaie: “Climbing Girls”. Azkeneko honen inguruko informaziorik (metroak, zailtasuna…) oraindik ez dut inon topatu, baina “Espolón del pino” bidearen eskuineko ezproietako bat eskalatzen duela dirudi. Bide hauek guztiak, nola ez, “Sendero Limitekoek” ireki eta ekipatutakoak dira.

Casa de Piedra aterpeko eskaladako krokisen karpetatik ateratako krokis honetan Panticosa bainuetxearen inguruan eskalatu daitezken bideak azaltzen dira, horien artean oraingoz informazio gehiago ez duen "Climbing Girls" bidea.


Horma honetako granitoa orokorrean trinkoa eta oso itsaskorra da eta, segurtasunari dagokionez, parabolten arteko tartea ez da luzea, eskalada seguru bat bermatuz. Honegatik, dozena bat express-zintekin bide guztiak eskalatzeko aukera izango da. Hori bai, bertara iristeko Panticosako bainuetxetik ordu eta laurdenetik gorako bidea dago pausurik estutu gabe. Nire uste apalean denbora hau ibiltzeak merezi du bertako eskaladak ematen diguna bertara iristeko emango duguna baino askoz handiagoa izango baita. Zer esanik ez, guk egin genuen moduan, Bachimañako aintziretako aterpean patata tortilla ogitartekoa eta garagardo hotz bat hartuz eskalada amaitzen badugu.

Bachimañako ur-jauziko horman ekipatutako eskalada-bideak. "Climbing Girls" bidea "Espolón del Pino" bidearen eskuineko ezproian egon daitekeela uste dugu.


BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 270 metro.
- Luze kopurua: 7.
- Nork irekia: Julio Benede, Carlos Budría eta Luis Royok, 2014ko abuztuan.
- Zailtasuna: V. Luzez-luze: 1ºL: III+ (40 m), 2ºL: IV+ (40 m), 3ºL: V (35 m), 4ºL: IV (30 m), 5ºL: IV (35 m), 6ºL: V (25 m) eta 7ºL: III (35 m).
- Orientazioa: Hego mendebaldea. Udan goizean itzalpean egon arren, arratsaldean bero handia pasa daiteke.
- Ura: Casa de Piedra aterpeko atzeko (iparreko) horman iturri bat dago. Bachimañako aintziretako aterpean ere ura hartzeko aukera izngo dugu.
- Hurbilketa: Panticosako bainuetxetik GR-11 bidea hartuko dugu. "Fraidearen aldapa"-ra iritsitakoan bidea utzi eta, harkaitz-bloke ezberdinen gainetik horma ezker-eskuin zeharkatuko dugu bidearen oinera iritsiz. Hurbilketa ordu eta laurden inguruan egingo dugu lasai joanda.
- Jaitsiera: Bidearen amaieratik mugarriz adierazitako bidea jaraituz eskuinaldera joko dugu 5-10 minutuetan Bachimañako aintziretako aterpera iritsiz. Hemendik, GR-11 bidea jarraituz, ordubete pasatxoan Panticosako bainuetxera itzuliko gara.
- Eramandako materiala: 50 metroetako soka bakarra, luzera ezberdineko 12 express zinta eta luzera ezberdinetako zinta-uztaiak bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Ordu eta berrogei minutu.

BIDEAREN KROKISA

"Espolón del Pino bidearen nondik norakoak.


Krokisa zehatzago.


DESKRIBAPENA

Mowgli” gandorretik jaitsi ondoren, energiaz gainezka sentitzen ginen, fresko, parean jarriko zen edozein hormari aurre egiteko prest. Hau dela eta hurbilketa luzeagoa egitea erabaki eta, nahigabe noski, GR-11 bidean gora hasi beharrean behera hasi ginen. 15-20 metro ibiliak genituenean honetaz konturatu eta gehiegizko energiaren sentsazioa berehala joan zitzaigun, jejeje.

Zorionez hurbilketan ez zen nahaste gehiagorik izan. Eguzkiak bazterrak ederki berotzen hasita zegoen eta txitxarren burrunbak Caldarés errekaren xuxurla isiltzen zuen. Berotasunak atmosferaren pisua biderkatzen zuela zirudien, motxilen azpian uzkurtutako ibiltarien pausua motelduz. Bozueloko lautada arteko jendetza, txirrindularitzako mendiko etapa baten moduan, sakabanatuta zegoen, naturaren ordena nolabait mantenduz.

Energia gorde eta gorputzari beroaldi handia ez emateko asmotan hurbilketa lasai hartu genuen, poliki baina gelditu gabe, tarteka bidearen ertzean atseden hartzen ari ziren ibiltariak aurreratuz. “Fraidearen aldapa” hasten den lekuan GR-11 bidea utzi eta, harkaitz-blokeen gainetik, hormaren oina ezker eskuin zeharkatuz, bidearen oinera iritsi ginen. Bertan, “Sendero Limitekoen” bideetan ohikoa den moduan, lehen paraboltetik bidearen izena duen zinta bat zintzilikatua dago.

Bidearen oina. Karratu gorriaren barruan izena duen zintadun parabolta dago. Argazkian lehen lau luzeetako nondik norakoak ikusi daitezke.


Motxilak lurrean utzi eta atseden hartzen genuen bitartean horma osoan bi sokada bakarrik zeudela ikusi genuen, bat “Viaje por el muro” eta bestea “Espolón del pino” bidean. Goiko sokada hirugarren bilgunera iristen ari zela ikusita ez ginen kezkatu: “hoik ez ditteu harrapauko” esan zidan Asierrek eguzkiak bigundutako barratxo bat murtxikatzen zuen bitartean.

- Oain zuri hastea tokatzen zaizu, ez?
- Bai – erantzun zidan Asierrek – azkenekoa zuk bukauzu.

Ezerezetik altxatutako brisa batek eguzkiaren berotasuna noizik eta behin nolabait malgutu arren, atsedenak ez zuen denbora luzean iraun. Eguzkitako krema agerian genuen azal zati guztietan zabaldu, kantinplorei trago pare bat ur lapurtu eta, eskalatzaileen mozorroak janztearekin batera Asier eskalatzen hasi zen.

- Lehenengo luzea, 40 metro, III+. Luzea 4 metro inguruko horma inklinatu bat eskalatuz hasten da, bere koska, zimur eta helduleku oparoak aprobetxatuz zailtasunik gabe eskalatzen dena (III+). Lehen eta bigarren parabolten arteko tartea murriztu asmoz harkaitz-zubi batetik pasatako soka bat dago, baina Asierrek ez zuen erabili. Horma eskalatuta ezproiaren ertzera igo eta bertatik jarraitu zuen metroak erraztasun osoz irabaziz (III).

...Ezproiaren ertzetik jarraitu zuen...


Soka segurtagailutik arin pasatzen zen, bidean zailtasun gutxi topatzen ari zenaren seinale. Abiadura zertxobait moteltzearekin batera bilgunearen aurreko harkaitz-mokoaren oinean zegoela konturatu nintzen.

Bilgunera iritsi aurretik 2-3 metroetako harkaitz- moko edo “koska” bat eskalatzen da, honek ere helduleku onak dituena. Soka eramatearen abiadura zertxobait moteldu arren Asierrek di-da batean eskalatu (III+) eta, honen atzeko erlaitz zabalean, bi paraboltez osatutako bilgunera iritsi zen.

Harkaitz-mokoaren gainean.


Harkaitz-mokotik behera egindako argazkia.


Luzea eskalatzerakoan beroa izan arren eskuetan ez nuen goizean eskalatutako “Vía del Nano” bidean izandako hezetasun sentsaziorik sentitu eta bilgunera arin eta ezustekorik gabe eskalatuz iritsi nintzen.

Lehen bilgunean.


- Bigarren luzea, 40 metro, IV+. Bilgunearen gaineko harkaitz-plaka inklinatua eskalatuta (III+), berriro ere ezproiaren ertzera igo eta bertatik metro erraz batzuetan jarraitu nuen (II/III), ezproia tentetzen hasi zen arte.

Gora begiratu eta ezproiak IV+ zailtasuna izateko “bertikalegi” zegoela iruditu zitzaidan: “helduleku onak izangoittu” pentsatu nuen eskalatzen hastearekin batera.

Ezproia eskuineko horma eskalatuz igotzen da. Horma hasierako metroetan inklinatua eta helduleku ederrekoa izanda metroak erraz irabazi nituen (III+/IV). Horman gora egin ahala tentetuz doa bertikal bihurtu arte. Hasieran pentsatu bezala, bertikala izanda ere heldulekuak oso onak ditu eta denbora guztian eskalada lasai eta eder batez gozatzeko aukera eman zidan. Hau gutxi ez bada, horma aseguratuta dagoen moduan ez nuen inongo momentuan estutasunik pasatu eta konturatu nintzenerako horma eskalatu (IV+) eta honen gaineko erlaitz erosoan kokatutako bilgunera iritsi nintzen, pinu txiki baten ondoan dagoena.

Bigarren bilgunera iristen.


Gertuago... Argazkian luzearen zati bertikala ikusi daiteke.


- Luze politte… - esan zidan Asierrek bilgunera iritsi zenean.
- Earra iruittu zait – erantzun nion – ta gañea azpitio emateuna baño errexagoa.

Bigarren bilgunean.


- Hirugarren luzea, 35 metro, V. Asierrek materiala hartu eta, bilgunearen ezkerretik eskalatzen jarraituz, gaineko harkaitz-plaka tentea eskalatu zuen (V) erlaitz txiki batera iritsiz. Argazki pare bat egiteko juxtu-juxtu aprobetxatu eta, denborarik galdu gabe, eskalatzen jarraitu zuen.

"harkaitz-plaka tentea eskalatu zuen erlaitz txiki batera iritsiz".


Erlaitz txikiaren jarraian bigarren harkaitz-plaka bat eskalatu zuen (V). Harkaitz-plaka honetan, aurrekoan bezala, txikiak izanda ere helduleku txarrik ez dagoenez, ez zuen estutasunik pasatu.

- Hemendio aurrea lasai nijo – bota zidan harkaitz-plaka eskalatu ondoren.

Hemendik aurrera, berak esan bezala, harkaitz-plaka etzan batean metroak arin irabaziz (III/II), amaieran erdi-oinez, bideari izena ematen dion pinu handiaren enborretik pasatako sokan bilgunea muntatu zuen.

Eskalatzen hasi baino lehen bakarren batek ordura arte brisa moduan piztutako haizagailua itzali eta berriro ere bero egiten hasi zen. Izerditzen hasi arren bigarren luzeaz gozatzeko aukera izan nuen, ahal izan nuen guztia eskuekin baino oinekin eskalatuz. Azken harkaitz-plakatik burua atera nuenean Asier pinuaren itzalpean topatu nuen, lurrean eserita, oinutsik, hotel elegante bateko igerilekuaren itzalkinaren azpian lasai asko egongo balitz bezala.

- Hortxe bai ondo, garagardoa bakarrik falta zaizu, jejeje!!!
- Earki eotea bai – erantzun zidan pinuaren freskurapean.

"Hortxe bai ondo, garagardoa bakarrik falta zaizu, jejeje!!!".


Asierren ondoan etzan eta loalditxo bat egiteko tentaldiari eutsiz, zuzenean soberan zuen materiala hartu nion, alferkeriaren itzala atzean utzi eta eskalatzen jarraitzeko.

- Laugarren luzea, 30 metro, IV. Pinuaren atzeko ezproia eskalatuz jarraitu nuen. Bilgunetik atera eta berehala dago luzearen pasabiderik zailena, ezproira igotzeko eskalatu behar den hormatxo txikia. Hormatxoa eskuin-ezker diagonalean mozten duen arraila aprobetxatuz ezproiaren ertzera igo eta bertatik jarraitu nuen helduleku oneko harkaitz-plaka inklinatu bat eskalatuz (IV).

"ezproiaren ertzera igo eta bertatik jarraitu nuen helduleku oneko harkaitz-plaka inklinatu bat eskalatuz". Argazkian hasierako hormatxo txikia ikusi daiteke.


Asier hirugarren bilgunean, pinua bere osotasunean ikusi daiteke.


Harkaitz-plaka inklinatuaren amaieran ezproia zertxobait etzan eta ertzetik eskalatuz jarraitu nuen (III) tximini ilun nabarmen baten ezkerrean bi paraboltez osatutako bilgunea ikusi nuen arte.

Ezproiaren amaierara iristen.


Bilgunera iristeko eskuin aldera metro pare bateko zeharkaldi horizontala egin behar da (II+/III), zaila baino ikusgarria dena.

Laugarren bilgunean, nire ezkerrean tximini iluna ikusi daiteke, baita bosgarren luzeko lehen metroen nondik norakoak ere.


Asier eskalatzen ari zen bitartean bosgarren luzeak gainean nuen tximinia bertikal eta nabaritik zergatik ez ote zuen jarraituko pentsatzen aritu nintzen.

- Ziurrenik ia urte guztin bustita eongoela. – esan zidan Asierrek bilgunera iritsi zenean.
- Balitteke, kolore ilune ikusita… – erantzun nion.

Laugarren bilgunea iristen.


- Bosgarren luzea, 35 metro, IV. Bilgunera bertara iritsi gabe, Asier honen ezkerretik eskalatzen jarraitu eta lehen metroetan helduleku oneko horma bertikala eskalatu zuen, bilgunearen eskuineko tximini ilunaren gainean kokatuz (IV). Hasierako horma hau bilgunetik dirudiena baino errazagoa da. Hemendik gora Asier begi-bistatik galdu nuen.

"horma bertikala eskalatu zuen, bilgunearen eskuineko tximini ilunaren gainean kokatuz".


Horma bertikala eskalatuta harkaitz-plaka etzan bat eskalatuz jarraitu zuen (II/II+). Bertako zailtasun aipagarri bakarra tartean dagoen koska bat eskalatzean dago. Koska txiki hau eskalatuta (III), harkaitz-plaka etzana amaiera arte jarraitzea besterik ez da (II/II+), lurra estaltzen duen zuhaixka zabal baten oinean bi paraboltez osatutako bilgunera iristeko.

Bilgunera iritsi aurreko harkaitz-plaka etzana. Argazkian bilgunera iritsi aurretik eskalatu behar den koska txikia ikusi daiteke.


Bosgarren bilgunean.


Bilgunera iritsi nintzenean gure aurreko sokada seigarren luzea eskalatzen ari zela ikusi genuen. Sokadaren bigarrena luzearen lehen metroetako hormarekin borrokan eta arnasestuka zebilen pasabidea atera nahian.

- Bitan eroi da. – Esan zidan Asierrek materiala pasatzen zidan bitartean.
- Bazpare hobe deu lasai hartzea bea gehio ez agobiatzeko – erantzun nion.

Bosgarren “bis” bilgunera iristeko 20-25 metro inguru oinez ibili behar dira, zuhaixka zabala ezkerretik inguratu eta parean dugun horma bertikal nabarmenera zuzenduz. Gauzak lasai hartuz, luze bat eskalatzen ariko bagina bezala, Asierrek aurretik jarraitu zuen bilgunera iritsiz. Modu honetan gero soka ematerakoan ez genuen arazorik izango. Bilgunea parabolt bakarrez osatua izan arren ez da beharrezkoa muntatzea, hormaren oina oso zabala eta laua baita.

Asier bosgarren "bis" bilgunean. Aurreko sokadako bigarrenak seigarren luzeko pasabiderik zailena eskalatuta dauka.


- Seigarren luzea, 25 metro, V. Bide osoko luzerik zailenak,zailtasun guztiak hasierako 4-5 metroetako horma bertikalean kontzentratuak ditu. Goiko eskalatzailearen arnasestu eta “kexak” entzuteari utzi eta seigarren bilgunera iritsi zela pentsatu genuenean, lehen paraboltetik express-zinta eta soka pasatu ondoren eskalatzen hasi nintzen.

"lehen paraboltetik express-zinta eta soka pasatu ondoren eskalatzen hasi nintzen".


Horma zertxobait makurtua izan arren helduleku handi eta oparoak ditu. Zuzen eskalatu beharrean, zertxobait eskuin aldera diagonalean murgilduz metroak irabazten joan nintzen pasabidea babesten duen hirugarren paraboltera uste baino errazago iritsiz. Altua izanez gero pasabide hau A0 moduan erraz eskalatu daitekeela esango nuke.

- Ondo, ez?
- Kriston kantoa dauke – erantzun nion hormaren gainetik.

Horma eskalatuta, tartean zailtasunik gabeko bi hormatxo edo koska dituen harkaitz-plaka etzan bat amaiera arte eskalatu nuen (III), bi paraboltez osatutako bilgunera iritsiz.

Seigarren bilgunean.


Aurreko sokadaren lehena azken luzea eskalatzen hasita zegoen.

- Bonito largo este – esan nion bigarrenari bilgunera iritsi nintzenean.
- Si – erantzun zidan aurretik zihoanaren mugimenduei arretarik kendu gabe – de apretar un poco, jejeje.

Asier iristen zen bitartean “Mowgli” gandorra eskalatzetik gentozela esan eta gorago zegoela uste zuela erantzun zidan: “si llego a saber que está de camino la hubiéramos escalado”. Buelta batzuen ondoren aurrekoak azken bilgunea topatu eta bigarrena eskalatzen hastearekin batera Asier bilgunera iritsi zen.

- Gaurko azkeneko metrok – esan nion gora begira.
- Bai – erantzun zidan. – Pentsatzet errex eskalauko ditteula.

- Zazpigarren luzea, 35 metro, III. Bilgunetik ateratzea da luzearen zailtasunik handiena (III). Teknikoki zaila baino oinak ongi kokatzea eskatzen duen 3 metro inguruko pasabide arraroa da. Hormatxo hau eskalatuta, Asierrek harkaitz-plaka etzan bat eskalatuz eskuin aldera jarraitu zuen tartean bi koska edo hormatxo eskas eskalatuz (II/II+).

Lehenengo hormatxoa eskalatu ondoren.


Luzearen amaierako harkaitz-mokoaren gainean. Argazkian bi hormatxoak ikusi daitezke.


Bigarren koska eskalatuta eskuinera diagonalean harkaitz-plaka etzan bat zeharkatuz jarraitu zuen (II) parean dagoen harkaitz-moko nabarmenera zuzenduz.

Diagonalean zeharkatzen den harkaitz-plaka etzana. Asier harkaitz-mokoaren gainean dago.


Bertako paraboltean (bidearen azkenekoa) express-zinta eta soka pasa ondoren, harkaitz-mokoa zuzen eskalatu (III) eta honen gainean lurrean bi paraboltez osatutako bilgunera iritsi zen.

Harkaitz-mokoaren gainetik seigarren bilgunera egindako argazkia. Atzean "Fraidearen aldapa"-ren "zetak" ikusi daitezke.


Azken luzeko metroak egun honetan eskalatuko nituen azkenekoak izango zirela jakinda, luzea lasai hartu nuen, metro bakoitza dastatuz, bazkari goxo bateko azken mokadua dastatzen den moduan. Bigarren hormatxoaren oinean zementuz itsatsitako harkaitz batzuk eta enbor itsurako bat ikusi nuen.

- Zementuzko plataforma hoi etzen beharrezkoa.
- Eztakit ze izangoen – erantzun nion Asierri bilgunera iritsi nintzenean – baña eskalatzeko baño posten bat eo zutik mantentzeko zela emateo.

Zazpigarren bilgunean.


Aurreko sokada trasteak jasotzen ari zen bitartean bilgunera iritsi nintzen. Asierrengana hurbildu eta elkarri bostekoa eman genion: “earraaaaa!!!!”. Azken luzeetan eguzkiak tregoa eman eta brisa goxoak eskalada ederki gozatu zigun bero handirik pasarazi gabe. Beste sokadarekin hitz batzuk trukatu eta bidearen amaieran elkarri argazki batzuk egin ondoren, materiala jasotzen genuen bitartean aterpera zuzendu ziren.

Zoriontsu 680 metro eskalatu ondoren.


Zazpi ordu eta erdi pasatxo eta 680 metro eskalatuak izan arren ez ginen oso nekatuak sentitzen. Materiala lasai jaso genuen, patxadaz, eskalatzeari utzi nahiko ez bagenio bezala. Halere izerditutako katu-oinak gustu handiz kendu nituen oinutsak belar gozoan jarriz.

- Ze ordu deu? – Galdetu nion Asierri.
- Hiruek laurden gutxi – erantzun zidan.
- Deskuidau ezkeo refujioa oaindio bazkaltzeko ordun iritsiko gea.

Bazkaria hitza aipatzearekin batera egunean zehar lokartutako gosea esnatu zitzaigun, sabela kexati hasiz. Trasteak jaso eta mugarriak jarraituz eskuinerako noranzkoan jarraitu genuen Bachimañako aintziretako aterpea begi bistan izan genuen arte. Azken metroak belar artean erdi ezkutatutako bidexka jarraituz, aterpearen itzal eta freskotasunaren babesera sartu ginen.

Bidearen amaieratik jarraitu beharreko lehen metroetan.


Bachimañako aintziretako aterpea dagoeneko bistan. Argazkiaren ezkerrean bidea adierazten duen mugarrietako bat ikusi daiteke.


Patata tortilla ogitarteko eta garagardo pitxar freskoaren luxupean, mahai inguruan egun luze hau ederki ospatu genuen. Plazer txiki hauek ez dira diruarekin ordaintzen. Eskalada amaitua izan arren oraindik Panticosako bainuetxera itzultzea falta zitzaigun eta, nahiz eta ia bide osoa maldan behera izan, bagenekien denbora bat eramango zigula.

Aterpeko zaindariarekin kontuak egin eta motxilak berriro ere bizkarrean, Casa de Piedra arteko jaitsiera arin egin genuen, zoriontsu, ordubete eskasean Panticosako bainuetxean utzitako furgonetara itzuliz.

Panticosak bainuetxetik gertuko ur-jauzi ederretako bat.


Ur-jauzietako beste bat. Kotxetik urrun joan gabe leku eta txoko zoragarriak daude topatu daitezke.


Eguna zailtasunik gabe hasi eta amaitu zen, eta dena ongi atera zitzaigun. Beldurtzen gintuen berotasuna ere azkenean ez zen hainbesterako izan eta orokorrean eskalada atsegin batez gozatzeko aukera izan genuen. Eskalada luze hau biziki gomendatzen dut egun eder bat aprobetxatzeko eta, nire kasuan bezala, konpainia ederrarekin bada zer esanik ez. Eskalada honen lehenengo kronikan idatzi nuen bezala, horma bakoitzeko biderik errazenak aukeratu genituen arren konbinazio ezberdinak egin daitezke zailtasun mailarekin nahi den moduan jolasteko. Paraje hauetan oraindik bada zer eskalatu!!!

Casa de Piedra aterpea arratsaldeko argipean.


Bachimañako aintziretako aterpea utzi aurretik, biharamunean Pico Serratoren iparreko gandorra eskalatzeko asmoa genuenez, Asierrek bertako horma batetik zintzilikatutako mapa handiari argazki bat egin zion. Tena bailarako mapa bat motxilan eraman arren, “bazpare” argazkia egitea bururatu zitzaion: “hola mobilen izango deu”.

Oraindik ez genekien baina argazki horrek biharamunean izango zuen garrantzia izugarria izango zen…

Bachimañako aintziretako aterpean zintzilikatutako mapari egindako argazki "misteriotsua"...



KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- Valle de Tena mapa. Editorial alpina, 2016.
- Sendero Límite bloga. 2014/09/14. Escalando al refugio a los ibones de Bachimaña. Eskuragarri: https://senderolimite.blogspot.com/2014/09/escalando-al-refugio-de-los-ibones-de.html
- Eskalatzen bloga. Ref. Bachimaña - Espolón del pino (5b, 260 m, derrigorrez 5a). Eskuragarri: http://eskalatzeneus.blogspot.com/2015/08/ref-bachimana-espolon-del-pino-5b-260-m.html


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina