AZKEN 10 SARRERAK

2019/09/11

CASA DE PIEDRATIK BACHIMAÑAKO AINTZIRETAKO ATERPERAINO ESKALATZEN. 2º ZATIA: "MOWGLI GANDORRA", 200 m, AD+/D-, V (IV+ behartua). 2019-08-25




Casa de Piedra eta Bachimañako aterpeak eskalatzen lotzeko proiektuan murgilduak, lau mailetako eskilararen lehenengo biak eskalatuak genituen: “Vía del Nano” (105 m, V) eta “Espolón del Rebollón” (110 m, V+) bideak. Lanaren erdiak eginak genituen arren, aurretik biderik luzeenak eskalatzeko genituen: “Mowgli gandorra” (200 m, AD+/D-) eta “Espolón del pino” bidea (270 m, D-).

Espolón del Rebollón” bidetik jaitsi eta GR-11 bidera iristearekin batera bat batean mendi-errepide batetik bost erreiko autopista batean sartu izan bagina sentitu nintzen: bakarrik egotetik mendizaleak batetik eta bestetik ekiditen ibiltzera pasa ginen.

Tristuraz hasi nintzen GR-11 bidean gora, ez mendizale kopuruarengatik, hauen jarreragatik baizik, beste gauza batzuen artean guk “epa” esan arte gehienek ez baitzuten agurtzeko keinurik egiten. “Mowgli” gandorrean bakardadeaz gozatzeko aukera berria izango genuenaren itxaropenaz gora jarraitu nuen.

“Mowgli gandorra” Bozueloko horma ekialdetik mendebaldera eta azpitik goraino bizkarrezur baten moduan zeharkatzen duen gandor nabarmena da. Horma berean beste bi bide daude: “Baloo” (125 m, D+/V) eta “El libro de la selva” (120 m, D+/V), hauek ere, nola ez, “Sendero Limitekoek” ekipatutakoak.

Gure proiekturako, hiru bideetatik “Mowgli gandorra” aukeratu genuen, hiruetatik errazena eta, batez ere, luzeena delako. Gure asmoa bidea zapatilekin eskalatzea zen, ahalik eta azkarren ibili eta Bachimañanako ur-jauziaren hormara denboraz iristeko. Modu honetan eguneko azken bidea lasaitasun osoz eskalatuko genuen.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 200 metro.
- Luze kopurua: 7.
- Nork irekia: Luis Royo, Carlos Budría, Carlos Roy eta Julio Benedé 2013an.
- Zailtasuna: V (IV+ behartua). Luzez-luze: 1ºL: V (30 m), 2ºL: IV (30 m), 3ºL: IV (25 m), 4ºL: III (25 m), 5ºL: III+ (30 m), 6ºL: V (40 m) eta 7ºL: IV+ (30 m).
- Orientazioa: Ekialdea. Udan bero handia pasa daiteke.
- Ura: Casa de Piedra aterpearen atzeko iturrian hartu daiteke.
- Hurbilketa: Casa de Piedra aterpearen ondotik gora doan GR-11 bidea jarraituz, ordu erdi eskasean Bozueloko lautada arte jarraituko dugu. Bertan GR-11 bidea utzi eta mendebaldera doan bidexka hartuko dugu. Bidexka eta mugarri ezberdin batzuk jarraitu ondoren, 5 minutu pasatxoan bidearen oinean izango gara.
- Jaitsiera: Bidearen amaieratik eskuinera (iparrera) mugarriz ongi adierazitako bidea jarraituko dugu 10 minutu pasatxoan berriro ere GR-11 bidearekin bat eginez.
- Eramandako materiala: 50 metroetako soka bakarra, luzera ezberdineko 12 express zinta eta luzera ezberdinetako zinta-uztaiak bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Berrogeita hamabost minutu.

BIDEAREN KROKISA

Ibilbidearen nondik norakoak Bozuelo lautadatik ikusita.


Krokisa zehatzago.


Krokis zehatza beste ikuspuntu batetik.


DESKRIBAPENA

Caldarés errekaren ur-jauzien zurrunbiloa ez zen nahikoa gora eta behera zihoazen mendizaleek sortutako zarata isiltzeko. Bai, zahartzen ari naiz, eta bai, zahartzaroarekin batera antisozial ere bihurtzen ari naiz. Ikuskizuna kuriositatez begiratu eta aspaldian buruan darabilkidan ideia gehiago finkatu zen: nahi edo ez hainbeste kritikatzen dugun gizartea hemen da, mendizaleon artean, sekula iritsiko ez zela uste genuen eremuan. Bakoitza berera zihoan, bere ibilbidea, ibiltzeko modua edota jarrera besteengan eta mendiarengan eraginik ez duela pentsatuko balu bezala. Eta beharbada eraginik ez dauka eta ni neurotiko hutsa besterik ez naiz.

Pentsamendu honetan nenbilela Bozueloko lautadara iritsi ginen, pinudiaren erdian irekitzen den lautada ederra. Bertan irribarre maltzur batekin “zibilizazioari” agur esan eta, GR-11 bidea utziz, mendebaldera doan bidexka jarraitu eta pinuen artean ezkutatu ginen arnasa berriro ere sakon hartuz. Eta arnasa sakon hartzearekin batera kaka usain nazkagarria barren barreneraino sartu zitzaidan. Orduan konturatu nintzen “zibilizazioa” atzean utzi gabe genuela. Pinuen artean, txanpinoien moduan, ipurdiak garbitzeko paperezko zapiak non nahi agertzen hasi ziren.

- Ze ostia da hau? – Kexatu nintzen.
- Sikiera papelak lurrazpin edo harrik gañen jarrita tapauko balue – erantzun zidan Asierrek.

Txundituta, GR-11 bidea tristuraz hasi eta haserre utzi nuela konturatu nintzen. Komun bihurtutako zoko hau atzean utzi genuenean, mugarri ezberdinak jarraituz “Mowgli” gandorraren oinera iritsi ginen. Bertan, “Sendero Limitekoen” ohitura den bezala, “Arista Mowgli” izenadun zinta lehen paraboltetik zintzilik topatu genuen.

"Mowgli" gandorraren oina, izena duen zinta ikusi daiteke.


Argazki honetan Bozueloko lautadatik bidearen oinera iristeko jarraitzen den bidea ikusi daiteke. "Komuna" gorriz jantzitako mendizalearen aurreko pinuen artean kokatzen da.


- Ea zapatilekin goraño iristegean.
- Nik ustet errex eskalauko deula – erantzun zidan Asierrek.

Express-zinta guztiak arnesetik zintzilikatu eta Asier prest zegoela esan zidanean eskalatzen hasi nitnzen.

- Lehenengo luzea, 30 metro, V. Lehen metroak ezker eskuin diagonalean doan arrail inklinatu bat eskalatuz betetzen dira. Lehen pausoak eman eta ez aurrera ezta atzera ere gelditu nintzen, oinekin eskalatzeko eskatzen duen pasabidearen hasieran.

- Katutatik zapatileta pasatzea kostatzea.
- Ya lo creo – erantzun nion – ez diot pasoari itxuraik hartzen.

Denbora gehiegi ez galtzeko zentzuzkoena erabaki nuen, hormatik jaitsi eta katu-oinak janztea. Katu oinak jantzita eskalatzen hasi eta sarrerako pasabidea di-da batean eskalatu nuen. Pasabidea berez ez da zaila baina bai arraroa.

Gandorraren hasieran pasabide "arraroa" eskalatu ondoren.


Sarrerako pasabide honen ondoren hormaren eskuin aldera zertxobait jo nuen, ertzetik gertu mantenduz horma ezusteko gehiagorik gabe eskalatzeko (II).

Lehenengo horma eskalatua, 6-8 metro oinez egin nituen pareko hormaren oinean kokatuz. Hasiera batean oinezko tarte honetan ezkerrean uzten den zintadun pinuan express-zinta bat pasatzeko zalantzan izan arren, azkenean pinutik asegururik ez jartzea erabaki nuen, sokaren marruskadura gutxitu asmoz.

Bigarren horman dago luzearen pasabiderik zailena. Itsasgarritasunezko harkaitz-plaka inklinatu bat eskalatzen hasi nintzen. Hasieran ez zitzaidan zaila iruditu eta lehen metroak arin irabazi nituen (IV+), hormako bigarren paraboltera iritsiz. Bigarren eta hirugarren parabolten artean dago luzearen pasabiderik zailena, oinetan fede osoa jarrita egin beharreko itsasgarritasunezko pasabidea (V).

Bigarren horma eskalatu ondoren, horma honetako bigarren eta hirugarren parabolten artean dago luzearen pasabiderik zailena.


Hirugarren paraboltera iritsi express-zinta eta soka pasatu eta, behera begiratu nuenean sokak sortutako kurba ikusteak oreka galarazi zidan instintiboki express-zintari eutsi eta gorputza berriro ere orekatuz. Zein gutxi behar izaten den oreka galtzeko, jejeje.

Gorputza orekatuta eskalatzen jarraitu eta harkaitz-plakaren amaierara iritsi arrail horizontal batera iritsi nintzen bere laguntzarekin harkaitz-plakaren gainera igo (IV+) eta bilgunera iritsiz.

Lehenengo bilgunean.


Lehenengo bilgunetik behera egindako argazkia, bi hormen artean oinez egiten den tartea argi ikusi daiteke.


Asier zapatilak kendu gabe lasai asko iritsi zen bilgunera.

Lehen hormaren amaieran, atzean Bozueloko lautada ikusi daiteke.


- Joer, errex, ez?
- Ez pentsa, plakako paso hortan hankekin estutu behar izan det – erantzun zidan.
- Nik expresai eutsi diot
- Bai?
- Bai. Arraroa izan da. Behera begiratu ta sokan konba ikusietenen atzeaka bezela eroitzen hasi naiz. – esan nion Asierri – zahartzaroko bertigoa izangoa, jejeje.

- Bigarren luzea, 30 metro, IV. Zintzilik nuen materiala eman ondoren eskalatzen jarraitu zuen. Luzeak zuzen jarraitzen du harkaitz-plaka etzan eta hormatxo ezberdinak tartekatuz. Asierrek erraztasun osoz eskalatu zituen (III) pareko hormarekin topo egin arte.

Hormara iritsitakoan ezkerrera jo eta bertan dagoen pinu baten enbor okerrera igo zen pinuaren atzeko harkaitz-plaka inklinatura igotzeko (IV).

"Pinuaren pasabidea" atzean utzi ondoren.


Luzearen pasabiderik zailena atzean utzita pixkanaka etzanez doan harkaitz plaka inklinatua eskalatzen jarraitu zuen (III+) erlaitz eroso batean kokatutako bilgunera iritsiz.

Harkaitz-plakaren gainetik lehen ibilgunera egindako argazkia.


Pinuaren enborretik harkaitz-plakara pasatzeak, nahiz eta erraza izan, bere xarma dauka, airean pausu bat eman behar baita. Luzea erraza izanda ere asko gustatu zitzaidan.

Bigarren bilgunean.


- Hirugarren luzea, 25 metro, IV. Bilgunetik diagonalean eskuin aldera eskalatzen jarraitu nuen hormatxo txiki batzuk eskalatu eta gandorraren ertzera iritsiz (III).

Gandorraren ertzera iritsiz...


Ertzera iritsi eta berehala hormatxo bat eta harkaitz-plaka inklinatu bat eskalatzen hasi nintzen (IV) luzeari ukitu pikantea emanez. Harkaitz-plaka metroak irabazi ahala zertxobait etzaten denez (III+), inongo zailtasunik gabe honen gainean dagoen bilgunera iritsi nintzen, pinu baten eskuinean kokatuta dagoena.

Hirugarren bilgunean.


- Laugarren luzea, 25 metro, III. Luze hau di-da batean pasatu eta konturatu ginenerako biok laugarren bilgunean geunden, jejeje.

Asier bilgunetik atera eta gandorraren ertzetik eskalatzen jarraitu zuen bi harkaitz-plaka etzan eskalatuz (III). Zapatilekin joan arren, edo, nork daki, harkaitz-plaka etzanetan zapatilak izateagatik, luzea ziztu bizian eskalatu zuen. Soka jasotzen hasi zenean ere ni ere bizi-bizi eskalatzen hasi eta berehala iritsi nintzen bigarren harkaitz-plakaren gaineko bilgunera.

Laugarren bilgunean.


Materiala jasotzen ari nitzela “talkie”-ak nonbaiten eskalatzen ari zen sokada baten hitzak ekarri zizkigun: “reunión”, “dame cuerda”, bezalakoak iristen zitzaizkigun behin eta berriz.

- Hok eztie oso urruti ibiliko.
- Eztet uste – erantzun nion.

Halako batean “buen largo preciosa” iritsi eta ezinbestean bioi irribarre maltzur bat piztu zitzaigun. Sokada ezezagunari txantxaren bat egitea izan zen bururatu zitzaigun ideiarik onena.

- Zeoze okurrittuko zait, jejeje – esan nion irribarretsu bilgunetik ateratzearekin batera.

- Bosgarren luzea, 30 metro, III+. Bilgunetik gora harkaitz-plaka inklinatu bat eskalatzen hasi (III+) eta honen amaieratik harkaitz-plaka inklinatu batean ezker aldera zeharkaldi bat egiten hasi nintzen (III) ezker ertzean ikusten den sokadun zuhaitz txiki baino nabarmen batera iritsi arte.

III+ zailtasuneko harkaitz-plakaren gainetik laugarren bilgunera egindako argazkia.


Sokadun zuhaitz txikiaren ondoan.


Zuhaitz txikitik ertzaren bestaldera pasa ondoren harkaitz-plaka etzan bat horizontalki zeharkatu eta erlaitz batera iritsi nintzen (II), bertatik erdi oinez bosgarren bilgunera iritsiz.

- Cuando quieras bonito – bota nion Asierri “talkie”-tik sokak bildu nituenean.
- Ahora voy Juan cariño – erantzun zidan.

Bosgarren bilgunean...


Badakit, txantxak ez du graziarik eta umekeri bat besterik ez da, baina botatako irribarreengatik merezi izan zuten. Ez dakit honengatik edo baina beste sokada ez genuen gehiago entzungo. Espero dut txantxa gaizki hatu ez izana eta ordurako bidea eskalatuta izatea, bestela barkamena eskatzen diet ez baitzen asmo txarreko txantxa izan.

- Bueno ustet luze hontan zapatilak earki probaukoittuzula.
- Bai, hala ustet. – erantzun zidan Asierrek hormari begirada kendu gabe.

- Seigarren luzea, 40 metro, V. Luzea lehenengo metroetan itsasgarritasunezko pasabideak dituen “placa bonita” deituriko harkaitz-plaka inklinatu bat eskalatuz hasten da. Granitoaren zimurdura txikiak aprobetxatuz oinak kontu handiz jartzen zituen, minez estalitako eremu batetik pasatzen ariko balitz bezala. Poliki baino segurtasun handiz parabolt bat bestearen atzetik utzi eta harkaitz-plakaren amaierako hormatxoaren oinera iritsi zen (V).

Hormatxoa eskalatu ondoren. Lehen planoan V zailtasuneko harkaitz-plaka inklinatua.


Hormatxoa zailtasunik gabe eskalatu ondoren bigarren harkaitz-plaka inklinatu bat eskalatzen jarraitu zuen, aurrekoa baino errazagoa eta zimurrez betetakoa, ez da harritzekoa “placa arrugada” bezala izendatua izatea. Bigarren plaka hau eskalatuta (IV), enborrean soka bat duen zuhaitz handi batera iritsi zen, luzearen hasieratik 30 metro ingurura.

- Reunioa zuhaitz baten montatzea?
- Bai, hala jartzeo – erantzun nion krokisa begiratu ondoren.

Seigarren bilgunea muntatu genuen pinua.


Zailtasun berekoa izan arren, hasierako harkaitz-plaka lehen luzekoa baino errazagoa iruditu zitzaidan. Bi harkaitz-plakak eskalatzen gozatu ederra hartu nuen.

- Aiba, reunioa hortxe dauta – bota nion zuhaitzaren parera iritsi nintzenean.
- Eskalatzen hasi zeanen ikusiet, jakinezkeo hauntzaño segiko nuen. - erantzun zidan.

Zuhaitzetik 8-10 metro oinez ibilita, pareko horman bi paraboltez osatutako bilgunea ikusi genuen. Bide hau errepikatuko banu bilgunea ez nuen zuhaitzean muntatuko, nahiz eta soka-laguna ez ikusi, itsasgarritasunezko harkaitz-plaka inklinatuak izanda, soka tente eramatearekin nahikoa izango dela uste baitut.

Seigarren bilgunea (karratu gorriaren barruan) pinutik ikusita eta zazpigarren luzearen lehen metroen nondik norakoak.


- Zazpigarren luzea, 30 metro IV+. Soka bildu eta zuhaitzetik zazpigarren bilgunera aldatu ondoren Asierri express-zintak hartu eta eskalatzen jarraitu nuen.

Bilgunearen zertxobait eskuinetik hasi eta gaineko ezproi txikia zailtasunik gabe eskalatu nuen (IV+) harkaitz-plaka inklinatu batera iritsiz. Hasierako metro hauetan helduleku onak daude eta ez da estutasunik pasatzen.

Ezproi txikia eskalatu ondoren.


Argazki honetan seigarren bilgunea muntatu genuen pinua eta seigarren bilgunearen kokalekua ikusi daitezke.


Ezproitxoaren gainetik harkaitz-plaka inklinatu eta erraz bat eskalatu (III) eta erlaitz leun batera iritsi nintzen, bertatik azken harkaitz-plaka etzan bat zailtasunik gabe eskalatzeko (II).

Azken harkaitz-plakaren amaieran.


Zailtasunak amaitzen diren lekutik seigarren bilgunea honela ikusten da.


- Nahibazu soka askau, hemendio reunioa oinez nijo ta.
- Baleeee.

Azkeneko metroak oinez egin dira bi enbordun pinu batean jarritako sokara iritsiz.

Zazpigarren bilgunea eta honen atzean postontzia.


- Dauneko bakarra falta zaigu!!!!
- Bai, ea zemuzkoaen… - erantzun zidan Asierrek soka jasotzen hastearekin batera.

Bilgunea muntatzen den pinuaren atzean, beste pinu baten enborretik zintzilik, eskaladaren ingurukoak idazteko koadernoa duen postontzia dago. Koadernoari begiradatxo azkar bat eman eta guk ere gure notatxoa utzi genuen.

Bostekoa eman, traste guztiak jaso eta, denbora asko pasa gabe, martxan jarri ginen.

Bidearen amaieratik eskuin aldera (iparraldera) pinu artean mugarriz adierazitako bidea jarraitzen hasi ginen. Bat batean, pinu artean, ezerezetik bezala Bachimañako ur-jauziaren horma azaldu zen.

- Hortxe gaurko azkeneko eskalada.
- Ea ezteun bero haundik pasatzen - erantzun zidan Asierrek.

"Bat batean, pinu artean, ezerezetik bezala Bachimañako ur-jauziaren horma azaldu zen...".


Bidearen amaieratik hamar minutu pasatxora GR-11 ibilbidera iritsi ginen.

GR-11 ibilbidearekin bat egindako lekuan.


Eguzkia gorenera iristen ari zen eta egoera aldatzen ez bazen azken eskaladan bero handia pasako genuen, beroaren pisua geroz eta nabariagoa zen eta. Ezinbestean iaz Arguibellen eskalatutako "Le petit Ramoneur" bidean pasatako sargori eta bero latza gogora etorri zitzaidan: "ea Asierrek arrazoia dauken ta ezteun bero haundik pasatzen" pentsatu nuen.

Azken bide honen ingurukoak datorren kronikan izango duzue...

KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- Valle de Tena mapa. Editorial alpina, 2016.
- Sendero Límite bloga. 2014/09/14. Escalando al refugio a los ibones de Bachimaña. Eskuragarri: https://senderolimite.blogspot.com/2014/09/escalando-al-refugio-de-los-ibones-de.html
- Eskalatzen bloga. Balneario de Panticosa - Arista Mowgli (5a, 200 m, derrigorrez 4c). Eskuragarri: http://eskalatzeneus.blogspot.com/2014/09/balneario-de-panticosa-arista-mogli-5a.html


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina