Traductor al castellano, English traslator, traducteur française.
Gaur 40 urte betetzen dira euskaldun bat lehen aldiz Everesteko gailurrera iritsi zenetik. Everesteko gailurrera iristea “gutxietsi” dela dirudien garaian, egungo ikuspegitik, 1980an izandako zailtasunak eta igoerak suposatu zuen garrantzia bere neurrian jartzea zaila da. Izan ere, garai hartako filosofia, estiloa eta materiala, gaur egungoarekin alderatuz, zeharo ezberdinak ziren. Ideia bat egiteko, Edmund Hillary eta Tenzing Norgay 1953 urtean lehen aldiz igo zutenetik, Everest mendia oxigenorik gabe (eta estilo alpinoan gainera) 1978an Reinhold Messner eta Peter Habelerrek igo zuten lehen aldiz, ordura arte ezinezkoa zirudiena erdietsiz. Messner bera izango zen 1980an Everest bakarrik (eta oxigenorik gabe, noski) igoko zuen lehen alpinista.
1980ko espedizio hura, “Euskal Espedizioa Everestera“ deiturikoa, 1974 urtean antolatutakoaren jarraipena izan zen. Everestera igotzeko amets hura 1969ko udan Gasteizko Dato kalean sortu zen, beste amets askoren moduan, poteatzen ari ziren lagunen arteko elkarrizketa batean: “Aizue, eta Everest? Zergatik ez Everestera?”
1974 urtean, nazionaltasun usaina zuela argudiatuz, ezin izan zitzaion “Euskal Espedizioa“ izenik jarri. Hainbat izen baloratu ondoren “Tximist“ bezala izendatu zuten, diru laguntza handia eman zuen CEGASA lantegiak sortutako pilen izenaren oroimenez. Izenaren inguruan, Felipe Uriartek hau idatzi zuen: "1974 urrun hartaz geroztik zerbait aldatu zen gure herrian, 1980an. Ez gauza haundirik, egia esan, baina gauza bakoitzari bere izenaz dei zekiokeen behintzat. Beraz, zalantzarik gabe ipini genion izena espedizio berriari: Euskal Espedizioa Everestera. Hain gauza xinple, funtsezko eta arrazoizkoa iruditurik ere - dirua, pertsonak eta abentura sustatu zuen izpiritua euskaldunak zirela ikusi eta -, ez zen 74ean posible izan izen hori ematea".
1974ko "Tximist" espedizioaren logoa. Argazkia ez dakit nondik hartua den, whatsapp bidez jaso nuelako.
Lau saiakeren ondoren, 1974ko "Tximist" espedizioa gailurretik 300 metrora gelditu zen, distantzia motza itsaso mailan baina distantzia infinitua izan daitekeena 8.000 metrotik gora.
"Tximist" espedizioko kideak. Argazkia EMMOA fundazioaren web orritik hartuta dago.
Ez zuten bigarren espedizio baterako baimena eskatzeko luzaroan itxaron eta, Katmandura iritsi bezain pronto, Nepalgo Gobernuari Everestera igotzeko baimen berria eskatu zioten bai eta 1977ko ekainaren 23an 1982 urterako igoera baimena jaso ere. Haatik, Errusiako espedizio batek 1980 udaberrirako zuen baimena euskaldunekin trukatu zuen, garai hartan Olinpiar Jokuak Moskun jokatzekoak zirelako.
Nepalgo Gobernuak emandako baimenaren argazkia. Argazkia EMMOA fundazioaren web orritik hartuta dago.
Everest ez zen izango euskal espedizio batek igoko zuen lehen zortzimilakoa, tartean, 1979ko maiatzaren 12an, nafar eta katalanez osatutako espedizioko Xabier Garaioa, Iñaki Aldaia, Gerardo Plaza, Jordi Pons eta Ang Rita xerpak, Dhaulagiri (8.172 m) mendia oxigenorik gabe eskalatu baitzuten.
1980ko espedizioa baikor hasi bazen ere, 1974an ez igotzearen pisuak nolabaiteko presioa sortarazten zieten: “bai eta denok ulertzen genuen, gure kasoan, zer garrantzi zuen gailurrak, Euskal Herrian geratu ziren haientzat batez ere; kosta ala kosta segurtatu beharrekoa zen, beraz“ zioen Felipe Uriartek hurbilketan.
1980ko espedizioaren logoa. Aurrekoarekin alderatuta, izenaz aparte, ikurrina jartzeko askatasuna izan zuten. Argazkia ez dakit nondik hartua den, whatsapp bidez jaso nuelako.
Oinarrizko kanpamendua martxoaren 22an muntatuta gelditu zen. Euskaldunekin batera beste bi espedizio zeuden: Everest ipar-mendebaldeko ezproia eskalatu nahi zuen poloniar espedizio bat (tartean Jerzy Kukuckzka kide zuena) eta Lhotse-ra igo nahi zuen kataluniar espedizio bat. Beraien arteko harremana ona izan zen, euskaldun eta poloniarren artekoa batez ere, izan ere, espedizioaren ondoren poloniarrak, euskaldunek gonbidatuta, Pirinioetara bisita egingo zuten, bai eta eta euskaldunak, poloniarrek gonbidatuta, Tatra mendietara. Poloniarrek urte berean antolatzen zuten bigarren espedizioa zen, bi espedizioek oinarrizko kanpamendu bera partekatuz. Lehenengo espedizioan, otsailaren 17an Krzysztof Wielicki eta Leszek Cichy Everesteko lehen neguko igoera gauzatu zuten. Oxigenoa erabili bazuten ere, bonbonak amaitu ondoren majo sufritu behar izan zuten oinarrizko kanpamendura onik iristeko. Igoera itzela izan zen, iraultzailea, Everesten historian betirako geldituko zena.
Euskal espedizioko kideek eguraldiaren aldetik zorte handirik izan ez bazuten ere, apirilaren 19an elurte eta haize ufada ikaragarrien artean Hego Lepora (8.000 metro inguru) iristea lortu zuten, non laugarren kanpamendua muntatuta gelditu zen. Tartean, Ang Lakpa xerpa Khumbuko izotz-jauziko arrail batean erori ondoren, bertatik erreskatatu eta Katmanduko ospitale batera helikopteroz eraman behar izan zuten.
Bidea soka finkoez babestuta eta kanpamendu guztiak muntatuta, eguraldi onaren zain gelditu ziren. Lau sokada antolatu ziren egun ezberdinetan gailurrera iristera saiatuko zirenak. Maiatzaren hasieran, lehen bi saiakera "antzuen" ondoren animoak pattal zeuden: “gaur dena uher eta ilhun, dena zikin, heze eta hotz beheko kanpamenduko zulo honetan. Betiko arroza betiko bazkaritan, betiko poto babarrunak eta kafea; dena betiko glaziarreko ur gezaz gozatua. Egunetik egunera gogorrago zaigu guztia“. Animoak baxuak egon arren, bi saiakera hauetan bi helburu betetzea lortu zuten: batetik Hego Gailurrera iristea (Xabier Garaioa eta Nin Temba xerparen eskutik), bestetik, 8.450 metroko altueran larrialdietarako bosgarren kanpamendu bat muntatzea, non hurrengo saiakeretarako janaria eta oxigeno bonbonak utziko zituzten.
Nin Temba Eversteko Hego Gailurreko gailurrean. Atzean Everesteko gailurra. Argazkia "Euskaldunak Everest mendian" liburutik hartuta dago.
Maiatzaren 14ko goizeko 3:30etan, iluntasuna lau argik argitu zuten: Martin Zabaleta, Juan Ignacio Lorente, Pasang Temba, Ang Nima eta Furba Kitar Hego lepoko kanpamendua utzi eta gailurrera abiatu ziren. Nima eta Furbaren zeregina bosgarren kanpamendura iristea zen, bertan, besteak beste, oxigeno bonbona beteak uzteko. Hasi eta ordu pare eskasera Lorente ez zen ongi sentitu. Zabaletaren oxigeno aparatuak galera zuela ikusita, oxigeno aparatua, motxila, zine aparatua, ikurrina eta bestelakoak trukatu zituzten beherako bidea hartu aurretik: "Agurtzerakoan ia indartsu nenbilen galdetu zidan. Nik baietz esan nion. Berriz, ia lortuko al nuen. Saiatuko nintzela erantzun nion. Azkenean kontu handiz ibiltzeko kontseilua eman zidan". Lorentek beherako bidea hartu zuenean Zabaletak pena handia sentitu zuen: “Gorantz goaz. Bizpahiru aldiz atzera begiratu dut: elurretan eserita dago Lorente, goruntz, guri begira. Pena haundia eman dit hura han uzteak”. Botatzen ari zen elurrak arrastoa irekitzea behartu zituen, igoera geroz eta nekezago bihurtuz. Bosgarren kanpamenduan zerbait jan eta edan, oxigeno bonbonak aldatu eta, Nima eta Furba agurtu ondoren, Zabaleta eta Pasang gora jarraitu zuten.
Hego Gailurrera iritsi aurretik, elurraren kantitatea (leku askotan belaunetatik gora sartzen ziren) eta kalitate txarra ikusita, Zabaletak urtebete lehenago bertan hil zen Ray Genet gida amerikarraren gorpuaren ondoan zegoen pioleta hartu zuen “lagungarri izango zaidalakoan”, bi pioletekin errazago igotzeko.
Hego Gailurrera iristen. Argazkia "Euskaldunak Everest mendian" liburutik hartuta dago.
Hego gailurrera iritsi zirenean eta aurretik zuten bidea ikusi zutenean, Pasang-ek ez zuen gailurrera jarraitzera seguru ikusten, bidean haizeak sortutako erlaitz handiek beldurtuta. Zabaletak berarekin hitz egin eta nola hala konbentzitu ondoren gailurrerako bidearekin jarraitu zuten. Hillary ezproian, 8 metro bertikal dituenak, elurra ere bigun topatu zuten eta Pasang berriro ere beherako bidea hartu nahi zuela esan zion Zabaletari. Berriro ere konbentzitu eta ezproia bata besteari aseguratuz eskalatu zuten, soka finkoak elurrak estalirik zeuden eta: "Handik aurrera problemarik ez zegoela banekien, eta horma menperatu nuenean segur nengoen tontorrera iritsiko nintzela".
"- GOR...
- 2. kanpoa, 2. kanpoa, zer izan da hori?
- Hi, Martin, Martin, non zaudete?
- Martin naiz, allitu gea!
- GORA EUSKADI ASKATUTA!
- GORA EUSKADI ANTINUKLEARRA!"
- Cambio.
Arratsaldeko 15:30ak ziren. Martin Zabaleta eta Pasang Temba Everesteko gailurrean zeuden, baita ikurrina eta Nepalgo bandera ere: “Pasang eta biok estu-estu besarkatu dugu elkar. Sekulako gauza piloa esan dit, baina ez diot tutik ere ulertu, xerperaz aritu baita; halere, batzutan, ez da hitz askoren beharrik sentimentuak adierazteko”. Martinek argazki kamera atera eta funtzionatzen ez zuela ikusita, gailurreko irudiak bideokamerarekin hartu zituen. Gerora hain famatua bihurtuko zen gailurreko argazkia bideo grabaketaren fotograma bat besterik ez da.
Pasang Temba Everesteko gailurrean. Argazkia internetetik hartuta dago.
45 minutu gailurrean egon ondoren, ikurrina, Nepalgo bandera eta bandera antinuklearra gailurrean utzi zituzten eta Zabaletak poloniarrek neguko igoeran utzitako termometro bat eta arrosario bat hartu zituen, Juan Pablo II Aita Santuak bedeinkatutakoa, ondoren beherako bidearekin hasteko. Baina hau ez zen izan poloniarrek utzi zuten gauza bakarra: “Tripodean tenperatura minimo eta maximoak adierazten dituen termometro txiki bat, arrosarioa eta gurutze txiki bat utzi genuen, baita Polish winter expedition 80 zioen mezu bat ere” dio Krysztof Wielickik, “Gure asmoa zen gailurra egingo zuen hurrengo taldeak behera eramatea, munduko gailurraren alde termikoa ezagutu ahal izateko. Zoritxarrez, gure ondoren igo ziren euskaldunek ez zekiten zer zen. Termometroa astindu zuten eta neurketak pikutara joan ziren”. Termometroak non bukatu zuen topatu ez dudan arren, Zabaletak arrosarioa Monica Larburu amari oparitu zion. Monicak aldi berean 2019ko udan EMMOA fundazioari (Euskal Mendizaletasunaren Museoa fundazioa) emango zion, Zabaletak gailurrean jantzita izan zuen jakarekin batera.
Poloniarrek Everesteko gailurrean utzitako arrosarioa. Argazkia EMMOA fundazioaren web orritik hartuta dago.
Baina, mendiaren legea, Everestena izango zen azken hitza, eguraldia okerrera egiteaz gain, biak oxigenorik gabe gelditu zirelako. Pasang bi aldietan erori zen: lehenengoaren ondoren elkarren artean lotuta jarraitzea erabaki zuten. Bigarren erorketa Hillary ezproia jaitsi eta berehala izan zen, eta erlaitz bat apurtu ondoren amildegian zintzilik gelditu zen. Zabaletak sokatik tiraka nekez "erreskatatu" ondoren, erorketaren beldurrak jota, Pasangek bertan lo egiteko eskatu zion. Zabaletak Hego Gailurrera iritsi beharra zutela esan eta berriro ere martxan jarri ziren, elur-ekaitzean galduta, eguna iluntzen hastearekin batera.
Ia ikuspenik gabe eta larrialdietarako bosgarren kanpamendutik urrun, Hego Gailurraren azpian igoeran ikusi zuten zulo batean bibak egitea erabaki zuten, 8.760 metrora. Zabaletak oinarrizko kanpamenduari honen berri arratsaldeko zortziak aldera eman zion: “8760 metrotan geratzekotan garela entzun dutenean, ahotsarengatik nabaitu dut, asko beldurtu direla. Ni lasai nago; ez dut ezer txarrik hemen goian gertatuko zaigunik espero”.
Oinarrizko kanpamenduan gaurik luzeena izan zen, baita Zabaletarena ere, besteen artean -35Cº tenperatura espero baitzen: "Hola hasi zan nere bizitzako gaurik luzeena. Denbora oso astiro igarotzen zen. Behin eta berriro begiratzen nuen erlojura, eguna etorri bitartean zenbat ordu falta ziren kontuak eginaz". Hala ere, Zabaleta eta Pasangek gaua uste baino hobe pasako zuten, bata bestearen ondoan ahal zuten moduan beroa emanez eta hankak astintzeko tarteka zutituz. Eguzkiak bazterrak berotzen hasi zenean, kostata zutitzearekin batera oxigeno falta eta deshidratazioak, "20 orduetan ez dugu tantarik ere probatu", gorputzean emandako pasada sentitu zuten:
"- Martin! Martin! Zer moduz zaudete?
- Lehertuta. Ia ez gaituk mugitzeko gauza. Ez zekiat … hain giaudek kemenik gabe …"
Oinarrizko kanpamenduarekin hitz egin eta Xabier Garaioa medikuaren animoen ondoren, ahal izan zuten moduan martxan jarri ziren: “... zortziak aldera lotu gatzaizkio bideari. Batak bestea segurtatu dugu lehendabizi. Oso makalak dira gure lehen pausoak: makalak eta baldarrak. Hamaika mozkor ibili da gu baino zuzenago”.
Zortzi ordu behar izan zituzten 260 metro eskas jaisteko. 8.500 metro inguruan beraiei laguntzera igotako Ang Nima eta Furba Kitar xerpekin topo egin zuten: "Estu-estu besarkatu dugu elkar; hura poza! Zer zoramena, honenbeste denbora pasa ondoren beste norbait ikustea!". Larrialdietarako bosgarren kanpamenduan zerbait jan, te beroa edan eta oxigeno bonbona berriak hartu ondoren nolabait suspertu baziren ere, gainean zuten nekea ikaragarria zen. Pausuak baldarrak ziren, motelak, eta berriro ere oxigenorik gabe gelditu zirenean, indarrek ere behera egin zuten. Pasang aurretik, Zabaleta baino indartsuago zihoan behin eta beriz sokatik tira egin eta ia lurrera botaz. Azkenean Zabaletak soka askatu, eta Pasang-ek bakarrik jarraitu zuen, bion arteko zilbor-hestea arrastaka zeramala. Eta a zer nolako sustoa Lorentek Hego Lepoan hartutakoa Pasang soka atzean herrestan zuela ikusi zuenean!!!! Gorputzean zituen azken indarrekin, eguna amaitzear Zabaleta azaldu zen arte ez zen lasaituko. Orduan malkoak izan ziren bion artean.
Everesten hil ala biziko egoera hau gertatzen ari zen egun berean, Oinarrizko kanpamendutik gailurrera iritsi zirela Katmandun ezagutarazi zuten poloniarren honda motzeko irratiaren bidez. Katmandutik telex bat CEGASAko bulegoetara bidali zen eta bertatik komunikabide guztietara.
Katmandutik CEGASAko bulegoetara bidalitako telexa. Argazkia EMMOA fundazioaren web orritik hartuta dago
Euskal komunikabide eta egunkariek, azken hauek lehen orrian, Zabaleta eta Pasangen igoeraren berri eman zuten, Euskal Herrian festa piztuz. Euskal Mendizale Federazioak argitaratzen duen Pyrenaica aldizkariaren 120 zenbakia ere Everesteri eskeinitako monografikoa izango zen, monografiko itzela eta irakurri beharrekoa, inongo zalantzarik gabe.
Egin egunkariko lehen orria. Internetetik hartutako argazki batetik moldatuta.
El Diario Vasco egunkariko lehen orria. "Historia testimonial del Montañismo Vasco" liburutik hartua.
El Correo Español egunkariko lehen orria. Argazkia "El Correo"-ren web orritik hartua dago.
Hego Lepoko kanpamenduan oxigenoarekin lo egin eta indarrak nolabait berreskuratu ondoren, hurrengo egunean denek beherako bidea hartu zuten. Hirugarren kanpamenduan gailurrerako laugarren saiakera egiteko prest zeuden Felipe Uriarte eta Xabier Errok bigarren kanpamenduraino lagundu zituzten. Azkenean hauen gailurrerako saiakera bertan behera uztea erabakiko zuten, laugarren kanpamendua oxigenorik gabe gelditu, eguraldi txarraren ondorioz bidearen egoera okertu eta, bigarren kanpamendura iristear zeudela, Lhotseko horma goitik behera elur-jausi batek erraztatu eta soka finkoak eraman zituelako. Elur-jausi honek kataluniar espedizioko Pasang Nima xerpa ere 700 metro inguru herrestan eraman zuen. Bizirik atera bazen ere, egun batzuk beranduago bigarren kanpamenduan zendu eta honen ondoko arrail batean ehortziko zuten. Kataluniarrak azkenik ezin izango zuten 8.000 metroetatik gora jarraitu, espedizioa amaitutzat emanez.
Ekainaren 12an, arratsaldeko bostetan espedizioa Sondikako aireportura iritsi zen. Ez dut ezagutu halako ongietorria jaso duen mendi espediziorik. Carlos Garaikoetxea lehendakaria buru, hainbat agintari eta politikariek espedizioko kideei arrera "ofiziala" egin zieten, baita leku guztietatik etorritako komunikabideek ere. Eta nola ez, baita alpinistek jendetzaren artean begiradarekin bilatzen zituzten familia eta lagunek ere. Denek heroi gisa hartu zituzten sei urte lehenago, 1969an Gasteizko Dato kalean sortutako amets horri amaiera emanez.
Everesten gelditu zen poloniarren espedizioari dagokionez, maiatzaren 19an Andrej Gzok eta Jerzy Kukuczkak hego mendebaldeko ezproia eskalatu eta gailurrera iritsi ziren, Martin eta Pasang-ek utzitako ikurrina, bandera antinuklearra eta Nepalgo bandera gailurretik hartuz. Kuriositatez, Kukuczkak, ikurrina britainiar banderarekin nahastu zuen: “Gailurretik britainiar bandera eraman beharra genuen, egun batzuk lehenago Everestera bide klasikotik igo ziren kanpaleku nagusiko gure bizilagunek han utzita zutena. Haiek eraman zituzten Krzysztof Wielicki eta Leszek Cichy-k, neguko igoera garailea burutzen ari ziren bitartean, utzitako maximo eta minimoko termometroa eta Aita Santuaren arrosarioa. Guk bandera poloniarra biribilkatuta utzi genuen”.
Eta poloniarrek jaitsitako ikurrina honek zalaparta galanta sortuko zuen, alde batean ETAren anagrama eta bestean “nuklearrik ez” lemaren irudia zuelako. Dirudienez, gailurrean egindako argazki eta bideo grabaketetan beste ikurrina bat erabili zen.
Poloniarrak oinarrizko kanpamenduan "britainiar" bandera eta bandera antinuklearrarekin zoriontsu. Argazkia ez dakit nondik hartua den, whatsapp bidez jaso nuelako.
Gerora, espedizioko argazki batzuetan ikurrina hau oinarrizko kanpamenduan jarrita egon zela ikusiko zen.
Ikurrina "polemikoa" oinarrizko kanpamenduan. Argazkia ez dakit nondik hartua den, whatsapp bidez jaso nuelako.
Espainiar komunikabideek honen berri izan zutenean iskanbila handia sortu zen, lehendakariari berari eskandalu honetan esku hartzeko eskatuz. Espainian ikurrinatik haratago ikusten ez zen bitartean, Euskal Herrian igoera festa giroan bizi izan zen.
Egunkariek argitaratutako argazkietako bat. Argazkia ez dakit nondik hartua den, whatsapp bidez jaso nuelako.
Zalapartak zalaparta eta “trapuak” alde batera utzita, 1980ko maiatzaren 14an euskal mendizaletasunaren historiako egunik garrantzitsuenetakoa idatzi zen inongo zalantzarik gabe. Zalantzazko egunak izan ziren, non herri oso bat kezkatuta egon zen beren etxeetako berotasunetik milaka kilometrotara bizitza jokoan jartzen ari ziren zoro koadrila batez. Eta zoro koadrila honek euskal mendizaletasuna gorenean jartzea lortu zuten, atzetik etorriko zirenei ateak irekiz.
Zabaleta eta Pasang-en igoerak sei urteetan labean goxatutako tartari ginga jarri zion. Kataluniako “Castellers” famatuen moduan, igoera talde baten fruitua izan zen: gorenera bi pertsona iritsi baziren ere, igoera ez zatekeen gertatuko espedizioan zuzenean edo zeharka parte hartu zutenen talde-lanik gabe. Hala adieraziko Zabaleta berak, Barajasko aireportura iritsi zirenean: "Alpinismoan ez dugu divo izaerarik onartzen. Gurea talde lana izan da, eta gailurra Euskal Espedizioak lortu du. Niregana bakarrik etortzen zarete galdezka, lorpen honen meritua talde oso batena denean"
Euskal Herrian Pasang Tembaren gailurreko argazkia luzaroan Euskal Herriko sinboloa bihurtuko zen. Elkar argitaletxeak “Euskaldunak Everest mendian” liburua argitaratu zuenean ere, honekin batera argitaratu zen egutegia etxe eta zoko askotako paretetan denbora luzean zintzilik egon zen. Izan ere, gure etxean oraindik ere egutegiaren argazkiak horma batean itsatsita ikusi daitezke.
Eta zer gertatu zen euskaldunek Everesteko gailurrean utzitako ikurrina horrekin? Bada egun Poloniako mendiko museo bateko hormatik zintzilik dago, bandera antinuklearra eta Nepalgo banderaren ondoan.
Ikurrina eta bandera antinuklearra zintzilik Poloniako mendiko museo batean. Argazkia, Igone Mariezkurrenarenaren baimenarekin, bere Instagram profiletik hartuta dago. Milesker Igone!!!!!
2024ko urria, zirkulu baten itxiera
Kronika honekin amaitzeko, 2024 urtean, Euskal Mendi Federazioaren mendeurrenari ginga jartzeko egin zen euskal mendizaletasunaren galan Martin Zabaleta eta Pasang Temba elkartu ziren berriro ere, baita sari bat jaso ere. Pasang Tembak Euskal Herrira egindako bisita aprobetxatuz, hainbat herritan hitzaldiak eman zituen, baita komunikabide ezberdinetan elkarrizketak ere. Horietako bat Ramon Olasagastik egin zion Berria egunkariarentzat. Elkarrizketa honetan, Tembak Martinekin pasatako abentura kontatzen dio Olasagastiri eta kronika honetan kontatutako guztia berresten du. Zinez merezi du elkarrizketa hau irakurtzea.
KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK
- Uriarte F. Euskaldunak Everest mendian. Bilbo. Elkar Edizioak, 1981.
- Uriarte F. Vascos en el Everest. Bilbo. Bilbo aurrezki kutxa, 1982.
- Olasagasti R., Llaguno C. Everest, Herri oso bat gailurrean. Bilbo. Sua edizioak, 2018.
- Iturriza A. Historia testimonial del montañismo vasco, Tomo II, 256-262. Bilbo. Pyrenaica eta Euskal Mendizale Federazioa, 2005.
- Kukuczka J. Mi mundo Vertical, 38. Madrid. Ediciones Desnivel, 2001.
- Drózdz P.. Krzysztof Wielicki, Mi elección, 43. Madrid. Ediciones Desnivel, 2019.
- Pyrenaica aldizkaria. 120 eta 121 zenbakiak, Especial Everest. Eskuragarri: http://hemeroteka.pyrenaica.com/eu/aldizkaria/120/#pyrenaica/page1
- EMMOA fundazioa. Eskuragarri: https://emmoa.eus/eu/index
- Wikipedia. Martín Zabaleta. Eskuragarri: https://es.wikipedia.org/wiki/Mart%C3%ADn_Zabaleta
- EITB.eus web orria. 2015/05/15. Martín Zabaleta, primer vasco que pisó el Everest. Eskuragarri: https://www.eitb.eus/es/television/programas/el-mundo-segun-lnd/detalle/3211678/martin-zabaleta-primer-vasco-piso-cima-everest/
- Naiz.eus egunkaria. 7K aldizkaria: “Bi mugarri historiarako”, Andoni Urbistondo. 2020/05/10. Eskuragarri: https://www.naiz.eus/es/hemeroteca/7k/editions/7k_2020-05-10-07-00/hemeroteca_articles/bi-mugarri-historiarako
- Berria egunakria. Pasang Temba: «80ko taldekideak, euskal jendea oro har, nire familia zarete». 2024/10/22. Eskuragarri: https://www.berria.eus/mendia/berriak/80ko-taldekideak-euskal-jendea-oro-har-nire-familia-zarete_2132334_102.html

iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina