AZKEN 10 SARRERAK

2020/07/01

IRAULEKO ORRATZA: 20-25 m, 6a+/6b, V+/A0. OPARIA UNE ERREPIKAEZINA LEKURIK MAGIKOENEAN BIZITZEA DENEAN. 2020/06 20 eta21


2020ko ekainak 21. Oparia une errepikaezina lekurik magikoenean bizitzea denean...Asier, Leku eta hiruok Irauleko orratzaren tontorrean. Argazkia: Jon Garate.


Traductor al castellano, English traslator, traducteur française.

“Aupa Xabi, egunon, beittu nun gauden, ea ezagutzen duzun tokixa…”

Honela hasten zen Josebak ekainaren 1an bidalitako bideoa. Bideoan bera eta Miren orratz baten gainean azaltzen ziren, ezerezetik zintzilik egongo balira bezala. Hasierako segundoetan lekua identifikatu ez nuen arren, irudia biratzearekin batera Irauleko orratza berehala ezagutu nuen. Bideoa bidaltzeaz gain, orratza berriro ere eskalatzeko asmoa zutela azaldu zidan, baita beraiekin igotzeko gonbidapena luzatu ere.

Josebak, Miren eta Jonekin batera prestatutako proiektuaren funtsa azaldu zidan: “Irauleko orratzaren gailurrean egunsentiaren lehen argiekin argazki bat egitea”. Ekintza sinplea dirudien honetarako, larunbata arratsaldean orratza eskalatu, argazki batzuk egin eta bidea soka pare batez ekipatuta utziko zuten, orratza eskalatzen edo jumareatzen igotzeko. Iraulen bibak egin eta egunsentiaren aurretik orratza berriro ere igoko zuten eguzkiaren lehen argiekin argazki sorta egiteko.

“Joerrr!!! Earraaaaaaaa!!!! Malkok eta dena atera zaizkit!!! Joer, ba gonbidapena onartuta, inporta ez bazaizue.” Erantzun nion erabat hunkituta.

Zirrarak jota oraindik ere, ez zen denbora luzea pasa MATeko whatsapp taldea datnzan jarri nuen arte. “Irauleko orratza orain edo iñoiz ez deula igoko uste det…” izan zen Asierren erantzuna. Asierrek arrazoi zuen: Urtero-urtero neguko igoeratan orratz honi zeharka begiratu izan diogu: “imajinatzezue egunen baten hor goien eotea? La ostia izango huan…”. Amets hura betetzeko Joseba, Miren eta Jonek ematen ziguten aukera ezin genuen galdu.

Asteburu perfektura arte itxarotea besterik ez zen gelditzen. Eta egunsentiari argazkia egiteko zein egun hobea udako lehena baino!!!

SARRERA MODUAN

Irauleko orratza zerura altxatzen den kareharrizko betortz bertikal, ikusgarri eta perfektua da. Duen kokapenagatik inguruan dituen harkaitzen artean erdi-ezkutuan gelditzen da, honegatik, bere osotasunean ikusi nahi badugu behintzat, Nardasakon kanalera edo Irauleko gandorrera hurbildu beharko gara.

Irauleko orratza Nardasakonetik ikusita.


1955ko apirilaren 8an C.D. Eibar elkarteko J. San Martin, I. Larreategui eta P. Aguirregomezcortak “tirolina” moduan igo zuten lehen aldiz. Soka bati lazoa egin, orratzaren punta “harrapatu” eta, soka Irauleko gandorrean finkatu ondoren, ausardia handiz gandorretik orratzaren gailurrera pasa ziren, ordura arte eskalatu ezina zirudien orratzera igoz. Lehen igoeratik hilabete eskas pasako zen orratzaren lehen eskalada burutu arte: maiatzaren 22an, C.D. Amaikak-Bat elkarteko F. Lusarreta eta C. Domecq-en eskutik. Honen guztiaren berri Juan San Martinek “Ficha técnica de escalada: Iraule’ko-ortza” izenburupean 1956ko Pyrenaica aldizkarko 1. zenbakian eman zuen, eskalada honi buruzko idatzizko lehen aipamena eginez.

Juan San Martinek Pyrenaican idatzitako artikulua.


Urteak pasa ahala orratzak bisitari gehiago jasoko zituen noski, baina eskalada hauen inguruko aipamenik ez dugu topatu. Datu estatistiko soilak izan arren, ez dugu topatu modu askean lehen aldiz noiz eskalatu zen ezta nork eskalatu zuen ere. Orratza eskalatu zuen lehen emakumea nor izan den ere ez dakigu.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 20-25 metro.
- Luze kopurua: 1.
- Nork irekia: 1955ko apirilaren 8an C.D. Eibar elkarteko J. San Martin, I. Larreategui eta P. Aguirregomezcortak “tirolina” moduan. Urte bereko maiatzaren 22an, C.D. Amaikak-Bat elkarteko F. Lusarreta eta C. Domecq-ek orratzaren lehen eskalada burutuko zuten. Lehen emakumezkoa: Miren Zubeldia, 2020ko maiatzaren 31an?
- Zailtasuna: 6a+/6b (V+/A0). Orratzean iltze zahar batzuk topatuko ditugu. Orratzaren gailurraren inguruan altzairuzko zirga bat jarrita dago bilgunea segurtasunez muntatu ahal izateko. Goikaldeko gandorrera irten arteko harkaitzaren kalitatea nahiko txarra da eta heldulekuak apurtzea benetako aukera da.
- Orientazioa: Orratza ekialdean badago ere, honen ipar hormatik eskalatzen da.
- Ura: Ura Urbiako (hurbilketa Arantzazutik egiten badugu) edo Itzubiagako iturrian (hurbilketa Zegamatik egiten badugu) hartu daiteke.
- Hurbilketa: Elurrik gabe orratzaren oinera iristeko modurik seguruena Irauleko “orratzaren irteera zuzena“ rappelatzea da. 40 metro inguruko rappel bakarrean orratzaren oinean kokatuko gara. Negu giroan orratzaren oinera iristen den edozein bide jarraituz zailtasun handirik gabe bere oinera iritsiko gara.
- Jaitsiera: Rappel eginez orratzaren oinera, eta “Irauleko orratzeko irteera“-tik igotzea da azkar eta seguruena. Elurrik gabe, irteera honetako kanal mehartuan kontu ibili beharko dugu, harri askez estalia dago eta.
- Eramandako materiala: Totem jokua (laranja ez da beharrezkoa) eta 12 express-zinta (batzuk luzeak)..

BIDEAREN KROKISA

Irauleko orratzaren eskaladaren krokisa. Jon Garatek marraztutako krokisetik Juan San Martinek marraztu zuen krokisera moldatua. Gorriz, eskalada bidea, urdinez rappel-a. "X" gorriz bidean dauden iltzeen gutxi gora beherako kokalekua.


DESKRIBAPENA

“Klik, klik, klik…” izan zen giltzari eragindakoan kotxeak egin zuen hots bakarra: “Ostia, bateri gabe dau!!!”. Anaiak berehala erantzun zidan bidali nion mezuari: “kotxe barrun kargadore bat dau motorea arrankatzeko balio duna”. Kargadorea hartu eta kotxearen bateriara lotu nuenean “Error” argia piztu zen: “joderrrr!! Haure bateri gabe dauuu”.

Krisi histeriko bat ematear nengoen Itzi lasai-lasai etxeko kotxearekin etorri eta kotxea martxan jartzeko pintzak pasatu zizkidanean. Pintzak bateriara lotu eta, filmetan bihotzekoak jota dagoena deskarga elektrikoa jasotzerakoan egiten duen moduan, kotxea ziztu bizian martxan jarri zen: “oaiñe negatio izango ez balitz…” erantzun zidan muxu eman eta Leku eta Asierren bila ziztu bizian alde egin nuenean.

- Asteburue earki hasi diau – esan zidan Lekuk kotxean sartu zenean.
- Esperoiat hau izatea pasakoeken gauzik okerrena – erantzun nion.
- Ze ordutan geldittuta gerek?
- Zazpik alden Irauleko puntan.

Ondoan dagoen zelai nabarmenean oinarrizko kanpamentua ezarri ondoren, arratsaldeko seiak pasatxoan Itzubiagatik abiatu ginen, Zegama-Aizkorriko kilometro bertikalak jarraitzen duten puntu gorrietara zuzenduz.

Oinarrizko kanpamendua.


Zegama-Aizkorriko kilometro bertikalaren puntu gorrien atzetik.


Pagadiaren itzal eta hezetasunaren gainetik, lanbroak zeruan irudi ikusgarriak marrazten zituen bitartean, kolorezko hiru puntu Nardasakon kanalean gora zihoazen, motxila astunen azpian makurtuta, izerditan blai.

Behe lainoak egin ditzazken efektuak izugarriak izan daitezke.


Zuhaitz eta amildegiak lanbroaren artean.


Irauleko orratza lotsati zen, lanbroak ehundutako oihalaren atzean tarteka ezkutatuz. Une batez harkaitza bustitzen egongo ez ote zen beldur izan ginen:

- Putada galanta izango huan goraño alperrik igotzea - esan zuen Lekuk.
- Lasai, Elgoibarko ok gogorrak dittuk, oain dela urte batzuk Patagonian eon ittuan eskalatzen... - erantzun nion.

Orratza igoeran ikusteko aukera izan genuen aukeretako batean.


- Aupa gazteakkkk!!! – Iritsi zitzaigun Jonen ahotsa gandorraren ertzetik, orratzari argazkiak egiteko aitzakian gelditu ginen uneetako batean.

Zazpiak jo zuten seiak elkartu ginenean. Aspaldi ikusi gabekoen agur, besarkada eta hitz trukaketaren ondoren, ez ginen denbora luzean geldirik egon.

Seiak elkartu ginen unea.


Joseba, Jon, Miren eta Asierrek orratzaren oineraino rappel egiten zuten bitartean, Leku eta biok argazkilari lanari eman genion, Leku gandorraren inguruan, ni orratzaren azpian.

Miren rappelatzen.


Orratzaren oinean muntatutako bilgune zaharra indartu eta material guztia prestatu ondoren, Jonek aseguratzen zuen bitartean Joseba orratzaren ipar horma metro batzuetan eskuin-ezker zeharkatu eta eskalatzen hasi zen.

Joseba eskaladaren hasieran.


Lehen metroak dira beharbada eskaladaren metrorik “zikinenak”, sendoak ez diruditen belarrez estalitako harkaitzen gainetik eskalatu behar baita, goian ikusten den arrailera zuzenduz (V).

Pasabide belartsua eskalatu ondoren.


Metro belartsu hauen ondoren Josebak hormaren ezkerraldera jo zuen arrailera iristeko bideri errazenaren bila.

Arrail bertikala hasten den lekura iristen...


Metro pare bat eskalatu eta pixkanaka berriro ere eskuinera jo zuen arrailaren hasierara iritsiz (V+). Lehenengo iltzean mosketoi eta express-zinta pasatu ondoren, lehen aldiz arnasa lasai hartzeko aukera izan zuen.

Arrail bertikalean..


Arraila lehen 2-3 metroetan bertikala da. Eskuak magnesio hautsetan zuritu eta Joni keinu egitearekin batera horma lehen metro bertikalak eskalatu zituen arrailak horma eskuinetik ezkerrera zeharkatzen duen lekura arte.

"Friend" egokiaren bila.


Arrail bertikala eskalatuta, ezkerrera doan zeharkaldia hasteko prest.


Hemendik aurrera hasten dira luzearen zailtasunak. Jonen argibideak jarraituz, arrailaren 4-5 metroak zentimetroka irabazten joan zen. Harrigarria iruditu zitzaidan Jonek helduleku eta seguruen kokapenerako oroimena: “eskuin eskua luzatzen badezu helduleku ona dezu, hortxe Totem morea sartzeko lekua dago…”. Hasieran horma bertikala bada ere, arrailean zehar metroak irabazten diren heinean makurtzen da, zailtasun maila ere koska bat igoz: “hankak iriki, hankak iriki!!!” animatu zion Jonek arrailaren pasabiderik zailenean (6a+/6b).

Zeharkaldiaren erdian.


Arnasestuka, Josebak heldulekuak indarrez eusten zituen bitartean, azido laktikoa besaurreetan pilatzen hasi zen, honek eragindako orratzen ziztadak etengabe handituz. Urteetako esperientziak ematen duen jakinduriak atseden hartzea hobe zuela esan zionean, aseguru batetik zintzilikatu eta, orratzak gainetik kendu nahian, besoak astindu zituen.

Atseden honen ondoren, bigarren saiakeran arrailaren amaierara iritsi zenean (6a+/6b), ezker eskua ezker gandorretik gertu ezkutuan gelditzen den helduleku batera bota, bertatik tira egin eta orratzaren gandorrera igo zen, inguruan geunden bost ikusleon animo eta oihuen artean.

Gandorrean.


Hau egina zeok!!!


Zailtasun handienak amaituta, gandorrean metro batzuk eskalatzen jarraitu ondoren (IV), honen mendebaleko aurpegira pasa eta azken metro errazen ondoren (III+) orratzaren gailurrera iritsi zen: “Onaaaaaaaa!!!!!!” oihukatu genion.

- Bufff!! Igual 6c daka, eh? – Oihukatu zuen orratzaren gainetik.

Jonek burutu zuen bigarren eskalada. Bere helburua orratza modu askean eskalatzea zen. Eskuak magnesio hautsetan hautseztatu, eta eskalada oztopa zezaketen ideiak burutik urrundu ondoren, bere saiakerari ekin zion.

Jon arrail bertikalean.


Josebaren teknika garbia iruditu zitzaidan arren, Jonen mugimenduak ikustea plazer hutsa izan zen.

Zeharkaldiaren hasieran...


Helduleku batetik bestera automatikoki mugituz zihoan, batera eta bestera hegan, haizearen erritmoan dantzan ariko balitz bezala.

Josebaren argibideak jarraitzen.


Luzearen pasabiderik gogorrenera iritsi zenean, dantza gelditu, arnasa sakon hartu eta, azken mugimendu fin eta elegante batzuen ondoren orratzaren gandorrera igo zen, aitaren batean Josebaren ondora iritsiz. Ezin dut imajinatu une horretan sentituko zutena baina ez dut uste zoriontasunaren definizio akademikotik urrun egon zenik.

Pasabiderik zailenean...


Gandorrera igotzen.


Zailtasunak amaituta.


Jonek orratzaren tontorrean soka estatikoa finkatu eta orratza jaitsi zuen, jaitsiera express-zintetatik soka berriro ere pasatzeko aprobetxatuz. Joseba, orratza igoko zuen hurrengoaren zain, tontorrean bakarrik gelditu zen.

Joseba orratzaren tontorrean.


Asteburuko lehen momentu hunkigarria bizita, Jonek irribarre gozoa zuen, infinituan izan direnek duten irribarre gozo hori. Soka arnesera lotzen zuen korapiloa askatu, Mireni soka utzi eta muxu goxo batez agurtu ondoren gandorrera igo zen, argazkilari lanari ekiteko.

Joseba Mirenen mugimenduak jarraitzen.


Mirenen eskalada harmoniatsua izan zen, lasaia, ordenatua.

Arrail bertikalaren lehen metroetan.


Bidea kateatu ez bazuen ere, loretik lorera dabilen tximeletaren moduan, heldulekutik heldulekura airean flotatuz mugitzen zen, malgutasun osoz, zaila dirudiena erraza bihurtuz. Pentsatzen dut praktikatutako yogak mugitzeko modu horretan zerikusia izango duela, bata bestearen atzetik mugimenduak naturaltasun osoz kateatu zituelako.

Zeharkaldian "Jimmy Chin" Lekuren objektiboaren begiradapean..



Eskaladaren azken metroetan...


Miren eta Joseba orratzaren tontorrean.


Eguneko azken eskalada Asierrek burutu zuen. Luzea kateatuko zuenaren fede osoa nuen, aurretik eskalatzeak duen presiorik gabe, soka gainetik duela, seigarren mailako zailtasuneko luzeak estutasun larririk gabe eskalatzen dituelako.

Asier pasabide gogorra hasteko prest. Honaino erraztasun osoz eskalatu zuen.


Baina beharbada berak ez zuen nik nuen fede adina eta, luzea ongi borrokatu ondoren, ezin izan zuen modu askean kateatu.

Gandorrera igotzeko azken mugimenduan.


Hala ere A0 moduan itxuraz erraz eskalatu zuen. Berea izan zen MAT-eko lehen igoera burutu zuena eta ilusio handia egin zidan Asier eta Joseba, biak ala biak, orratzaren tontorrean ikustea.

Gandorraren amaieran.


Asier eta Joseba orratzaren gailurrean.


Mendiko otorduak partekatzearen adierazpen gorena dira. Borobil bat egin, etxetik ekarritakoa erdian jarri, eta zurea eta nirea gurea bihurtzen da. Irauleko gailurrean egin genuen afaria ez zen ezberdina izan eta menua ardi-gazta, solomoa piper berdekin, sandwich eta ogitarteko pintxoz eta arroz entsaladaz osatua izan zen, garagardo eta ur freskoaz bustia. Afaria borobiltzeko, kafea. Ezin gehiago eskatu, ezta?

Otordu hauetan janaria ez da partekatzen den gauza bakarra. Sentimenduak partekatzen dira, bizitza begiratzeko moduak, pasioak eta, nola ez, mendia.

Bizipen eta sentimenduak partekatzen diren une magiko hori. Argazkia: Jon Garate.


Zintzurra freskatzen.


Afalostean, egunari amaiera emateko, zinema emanaldia. Arbelaitz, Udalatx eta Anbotok osatzen duten zeruertzera begira, udaberriko azken ilunabarraz gozatzeko aukera izan genuen. Ardien zintzarrien xuxurla lagun, zerua urrez jantzi eta eguzkia bailara galduetatik leunki igotzen ari ziren hodeiek eskainitako ohean etzan zen, lo gelditu aurretik, azken arnasarekin zerua gorriz tindatuz.

Arbelaitz, Udalatx eta Anboto zeruertzean nabarmen.


"... hodeiek eskainitako ohean etzan zen...".


Erabateko iluntasuna iritsi aurretik, Miren, Joseba eta Jon agurtu eta beherako bidea hartu genuen.

Eguneko azken argiak Nardasakon kanalean.


Goizeko laurak zirela adierazten zuen telefonoaren alarmak nahi baino lehenago ekarri ninduen ametsen mundutik. Gaua lasai joan bazen ere, loaldiaren zati handi batean behor baten zintzarritzarrak gauaren isiltasunari protagonismoa kentzen saiatu zen:

- Dendatik ateatzen naizenen behorra zelaien lo badau, esnau inbehar det – esan zuen Asierrek begiak igurtziz, Leku eta bion irribarreen artean.

Bezperan prestatutako motxilak hartu, Itzubiagako iturrian kantinplorak bete eta gorako bidea hartu genuen, bezperan baino arinago, bezperan baino azkarrago.

Jon, Miren eta Josebarekin elkartu eta, gosari azkar baten ondoren, Joseba jumareatzen orratzaren gailurrera igo zen.

Joseba orratzaren tontorrean.


Bere atzetik Miren iritsi zen, orratza azken hilabetean hirugarrenez eskalatuz. Hirugarren eskalada honetarako arinago eskalatzea erabaki eta kopetako linterna eta telefonoa orratzan behera botatzea erabaki zuen. Zorionez Leku ez zebilen urrun eta urduritasunez betetako une sakon baten ondoren biak errekuperatu zituen.

Goizeko seiak laurden gutxi ziren "oraindik".

Goizeko seiak laurden gutxi. Miren eta Joseba egunsenti bezperako hotzari hala nola aurre egiten.


- Oraindik ia ordubete zain egon beharko dezue – esan zien Jonek gandorretik.

Asier eta Jon gandorrean, atzean, zerua moztuz, Aketegiren silueta.


Jonek dena milimetrikoki kalkulatua zuen, naturaren indarrak ere menpean izango balitu bezala: eguzkia noiz aterako zen, nondik aterako zen, argazki perfektua nondik egin, zein angelu eta argiarekin, Joseba eta Miren uneoro non kokatu beharko ziren…

Rappel puntua.


Eta naturaren indarrak Joni kasu egingo ziotela zirudien. Eguna ilun bazegoen ere zerua pixkanaka gorritzen hasita zegoen. Ipar isurialdea behe laino batek estaltzen zuen eta zeruertzean Txindokiren silueta Goierriko bailaren gainetik nabarmentzen zen paisaia edertuz. Jonen argibideei kasu eginez, orratza argitzeko kopetako linternak gandorreko harkaitz batzuetara lotu eta argazkiak egiten hasi ginen.

Egunsentiaren momentu magikoa iristear zegoen. Udako lehen eguzkiaren atarian, bat-batean hodeiak gorri biziz jantzi eta zeruertza urre koloreko txinpartez argitzen hasi zen. Jonen azken argibideak jarraituz, Mirenek orratza metro batzuetan jaitsi eta, bere silueta suak hartzen ari zuen zeruan kontrajarri zuenean, argazki festa hasi zen.

Mirenek orratza jaitsi ondoren.


"... bere silueta suak hartzen ari zuen zeruan kontrajarriz..."


Une ederrak inongo zalantzarik gabe...


“Klik, klik, klik”, Joseba eta Mireni argazkiak alde batetik zein bestetik iristen zitzaizkien, “klik, klik, klik”atsedenik gabe, “klik, klik, klik”, errukirik gabe, “klik, klik, klik”. Photo-call batean pausaturiko bikote ospetsua balira, zein argazki-kamerari begiratu behar zioten jakitea kosta egiten zitzaien. Ez da egunero gertatzen alde batera eta bestera mugitzen ari diren hiru argazki kameren objektibo eta lau telefono mugikorren pantailen atzean egotea.

Argazki-ehiztariak gure aldetik gandorrean batera eta bestera ari ginen momentua errepikaezin hauek pixeletan gelditu nahian.

Argazki-ehiztarien momentua: goitik...


... ezkerretik.


... paretik...Argazkia: Jon Garate.


...eta eskuinetik.


Egunsentia zoragarria izan zen, hunkigarria, magikoa. Momentu hartan, ez ginen jabe egindako argazki horiek egun batzuk beranduago izango zuten oihartzun mediatikoaz.

Momentu magikoa izan zen...


.. adiskidetasun momentua...


... askatasun momentua...


... eta bake momentua. Non hobe lekurik magikoenean, unerik ederrenean, konpainiarik onenean egotea baino?


Eguzkia orratzaren tontorren artean.


Eguzkiak altuera irabazi zuenean Joseba eta Miren gandorrera itzuli ziren:

- Oain zuen txanda, ezta? – esan zigun Josebak.

Gosaritik jan gabe gelditutako azken hondarrei amaiera emanez, Asier, Leku eta hiruok orratzaren oinera rappel egin genuen. Bitan pentsatu gabe, Asierrek jumarra soka estatikora lotu eta orratza igotzen hasi zen.

Asier orratza jumareatzen. Argazkia: Joseba Elustondo.


- Atzo eskalatzen baño gehio nekau naiz!! – oihukatu zigun orratzaren tontorratik – hainbeste nekau behar nintzela jakin izan banu eskalatzen igotzen saiauko nintzen.

Asierrek esandakoa entzun ondoren zalantza piztu zitzaidan: eskalatzen? Jumareatzen? Nola igo? Batetik, etorkizunean beharbada aukera gehiago izango ez dudanaren jakinean, eskalatzen igotzeak ilusio handia sortzen zidan. Bestetik, jumareatzen igotzeak ere erakartzen ninduen, bezperan jumareatzen ikasteko etxeko balkoitik zintzilik egindako saiakera eskasaren ondoren. Pentsamendu hauetatik Lekuk atera zidan:

- Ze inbaek, eskalatzen eo jumareatzen igo? – Galdetu zidan – nik eskalatzen saiakera bat eman nahi zioat…
- Jumareatzen igoko neok – erantzun nion azkenik – hola esperientzia berri bat bizikoiat, jejeje.

Lekuk soka arnesera lotzen zuen bitartean jumareatzen hasi nintzen. Bueno, egiari zor, sokatik gora nola hala igotzen hasi nintzela esatea egokiena izango litzateke.

Leku orratza eskalatzen. Argazkia: Joseba Elustondo.


Lukainka baten moduan sokatik zintzilik, alde batera eta bestera bira egiten nuen jumarretik zintzilik nuen estribuan une berean oina sartu eta gorputza igo nahian:

- Soka gorputzea pegau beharraukek – esaten zidan Lekuk behin eta berriz – hola errexago igokoek.

"Lukainka man" ekinean.... Argazkia: Joseba Elustondo.


A zer nolako astindua hartu nuen orratzaren lehen 10 metro zintzilikatuak jumareatzen!! Asierrek esan zigun bezala, hainbeste nekatuko nintzela jakin izan banu, orratza eskalatzen saiatuko nintzen. Gutxienez Lekuri orratzaren pasabiderik zailenean argazki pare bat egiteko aprobetxatu nuen.

Zatirik gogorrenari egurra ematen hasteko prest.


Orratzaren zati makurtua atzen utzi nuenerako Leku tontorrera iristen ari zen.

Orratzaren tontorrera iristen.


Besoak txikituta nituela, orratzaren tontorrera iristearekin batera, botatako izerdi eta beso eta sorbaldetako minak haizeak eraman zituen.

Hiruok bat egitear. Argazkia: Joseba Elustondo.


Neguan hainbeste alditan botatako “imajinatzezue egunen baten hor goien eotea?” egia bihurtua zen. Hunkituta, Leku eta Asier besarkatu nituen. Sinestezin zirudien arren, gure orratz kutunaren tontorrean nengoen, lagunen artean, zerutik zintzilik. Une hunkigarri hartan gehiago eskatzerik ez dagoela esaterik badago ere, anaia eta Josu faltan bota nituen.

Airean hegan egotearen askatasun eta bake sentsazioa eta Jon, Joseba eta Mirenek egindako argazkietan dudan irribarrea da momentu hartatik oroimenean gelditu zaidana eta, ziurrenik, geldituko zaidana. Beraiei momentu hura esajeratuz oihukatu nien moduan: “Aizkorrismoarentzat gaurkoa egun historikoa da!!!”.

"Aizkorrismoarentzat gaurkoa egun historikoa da!!!" Jejeje. Argazkia: Jon Garate.


Orratza aurkitu bezala utzi genuen: garbia, dituen iltze eta zintak ukitu gabe, bertan izan ginen arrastorik utzi gabe.

Orratza rappelatzen.


Orratzeko kanalean. Aukeran neguan igotzea nahiago dut, jejeje.


Miren, Joseba eta Jonekin elkartu ginenean pozarren geunden, elkarrekin momenturik intimoena bizi izan bagenu bezala. Trasteak jasotzen ari ginela Urbiatik gertu dagoen Lengokoaitz izeneko orratza bati buruz hizketan aritu ginen: eskalatzen bakarrik igo daiteke, ekipatua dago, V zailtasunaren ingurukoa. MAT-en hurrengo helburua? Nork daki.

Motxilak beteak, Joseba, Jon eta Miren besarkatu, agurtu eta, beraiek Arantzazurako bidea hartzen zuten bitartean, guk Zegamako bidea hartu genuen.

Nardasakonetik behera gindoala, atzera ez begiratzeari ezin izan genion eutsi.

- Oain hor goien izan gaittukela esatea bazeukeau – bota zuen Lekuk isiltasuna apurtuz.
- Ya lo creo – erantzun zion Asierrek – ta eztet uste hoi jende askok esatea izango dunik.

Beti eskertuko diet Jon, Joseba eta Mireni momentu hura bizitzeko aukera eta oparia emateagatik.

"Oain hor goien izan gaittukela esatea bazeukeau..."


Egun eskas batzuetan eskalada honek izugarrizko oihartzun mediatikoa izan zuen. Sare sozial eta whatsapp ezberdinetan orratzaren argazkiak zabaltzeaz gain, Euskadi Irratiak eta Euskal Telebistak, azkeneko honek albistegietan, eskalada honi tarte bat eskeini zioten. Egungo gizartean, interneten partekatzen duguna zein nolako oihartzuna izan dezaken jakitea zaila izaten da. Ez dut uste eskalada honek izango zuen oihartzunaz jabe ginenik, baina zur eta lur utzi nauela onartu beharra daukat.

KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- San Martin, J. Ficha técnica de escalada. Iraule'ko-ortza. Pyrenaica, 1956; 1: 18-19. Eskuragarri: http://hemeroteka.pyrenaica.com/uploads/aldizkaria/040/pdf/pyrenaica_040_22.pdf


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina