AZKEN 10 SARRERAK
2021/11/28
AIZKORRIKO GURUTZEKO HEGO-EKIALDEKO ORRATZA, 20 m, IV/IV+. LEKU BAKARTI BAT JENDETZAREN ITZALPEAN... 2021/10/12
Aizkorriko Gurutzeko hego-ekialdeko orratzaren gailurrean. Leku bakarti bat jendetzaren itzalpean...
Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.
Euskaltzaindiak "begiratu" "begiak nonbaitera zuzentzea" bezala eta "ikusi" "ikusmenaren bidez gauzen irudiak hautematea edo begien bidez sumatzea" bezala definitzen ditu.
Begiratu ala ikusi? Zein da mendira joaten garenean dugun jarrera? Nire ustez, leku edo bide berri bat ezagutzen dugunean inguratzen gaituena ikusteko joera dugu: zuhaitzen bizitza isila, zelaiak estaltzen duten ihintzaren usaina, zerua tapizatzen duten milaka izarren distirak eta mendiak estaltzen dituzten harkaitzen mendeetako higadurak utzitako orbainak ikusteko gai gara. Leku ezagunetan aldiz, aldaketak dauden egoeretan izan ezik (bidean bertan, paisaian, zeruan...) ingurunea begiratzeko joera dugu, beste ezertan erreparatu gabe, pilotu automatiko batekin ibiliko bagina bezala. Honek azalpen logiko bat dauka: energia aurrezte aldera, garunak gastu minimoarekin funtzionatzeko joera du, ikustearen prozesu konplexua begiratzearen prozesu sinpleagora eramanez. Ez zaizue sekula gertatu kotxez lanera iritsi eta ibilbidean zehar zer ikusi duzuen ez gogoratzea?
Honelako zerbait gertatu zitzaigun guri Aizkorriko Gurutzeko hego-ekialdean dagoen orratz honekin. Aizkorriko Gurutzera ehunka aldiz igo arren, eta orratz honi ehunka aldiz begiratu arren, sekula ikusi gabe geunden. Eta honek badu delitua, orratza oso nabarmena delako, Sancti Espirituko bidetik igotzen bagara behintzat, jejeje.
Udazkenaren hasieran orratza ikusteko gai izan nintzenean argazki batzuk egin eta MAT-eko whatsapp taldera bidali nituen: "orratz hau igotzen saiatzen bagea?". Orratza Aizkorriko Gurutzean zegoela esan nienean lasaitu ninduen beraiek ere ikusi gabe zutela erantzun zidatenean: "gutxiñez ez naiz bakarra...".
Urriaren 9an saiakera bat egin genuen. Egunak izugarrizko egunsentia oparitu bazigun ere, harkaitzetara trinko itsatsita zegoen hodeitza ilun eta itxiak eta haize bolada hotzak ez zigun inongo aukerarik eman orratza eskalatzeko. Hau gutxi ez bada, Asier eta Ikerrek orratza bere osotasunean ikusteko aukera ez zuten izan ia bertara iritsi ziren arte.
Lehen saiakeran, orratza lanbro artean...
Egun honetan orratzera igo ahal izateko bi bide aztertu genituen, bat hormaren ezkerrean eta bestea eskuinean. Biak ikusita, eskuineko bidea errazagoa izan zitekeela iruditu zitzaigun, artaka trabagailu edo friend-ak trabatzeko arrail ezberdinak dituelako. Baina bagenuen beste zalantza bat ere: orratza koroatzen duen harkaitz-bloke erraldoiatik rappelatzea egongo da? kolokan egongo da? Zalantza hau uxatu asmoz, okerrenean nonbaiten rappel bat muntatzeko iltze pare bat sartzeko aukera izango genuela pentsatu genuen.
Harritu gintuena izan zen horma osoan iltzerik ikusi ez izana, orratza lehen aldiz iltzerik gabe eskalatu eta orratza eskalatu gabe zegoenaren seinale. Gure irudimena hegan hasi zen:
- Imajinatzezue orratza eskalatu gabe eotea?
- Earra izango zen...
- Hain orratz ebidentea eskalatu gabe eotea zaile izangoa, kontutan izanda Irauleko orratza eskalauta daula... - erantzun nien - baña zeñek daki...
Hiru egun beranduago, urriaren 12an, eguraldi garbi eta eguzkitsua iragarrita zegoen. Ez genuen asko behar izan eguna aprobetxatzeko egingo genuen mendi irteera adosteko: orratza eskalatzen saiatuko ginen goien norbait izana zegoen galderari erantzuna emateko...
BIDEAREN DATU BATZUK
- Luzera: 20 metro.
- Luze kopurua: 1.
- Nork irekia: Ez dugu honen inguruko informaziorik topatu.
- Zailtasuna: IV/IV+.
- Orientazioa: Mendebaldea.
- Ura: Otzaurten hartu daiteke.
- Hurbilketa: Otzaurtetik gora dagoen Aldaolako aparkalekuan kotxea utzi ondoren, Sancti Espiritu baselizatik Aizkorriko Gurutzera doan ohiko bidea hartuko dugu, Zegama-Aizkorriko maratoiak jarraitzen duena. Arabatik datorren ohiko bidearekin topo egin baino 30 metro ingurura aldapa belartsu bat jaitsi eta zeharkaldi bat egingo dugu orratzaren oinera iristeko. Lasai ibilita ordu eta erdian bertan izango gara.
- Jaitsiera: Igoerako bide beretik.
- Eramandako materiala: 30 metroetako bi soka, luzera ezberdineko 8 express zinta, Alien, Totem eta artaka-trabagailu jokoa eta zinta-uztai ezberdinak harkaitz-zubietatik pasatu eta bilgunea muntatzeko. Eramandako materialatik guztiatik artaka-trabagailu ertain bat, Alien gorri, hori eta grisa, Totem more eta berdea, 5 express-zinta eta zinta-uztai luze bat erabili genuen. Gainera, zinta uztai luzea orratza koroatzen duen harkaitz-blokearen inguruan utzi genuen bertan dagoen bilgunea sendotzeko.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: 10-15 minutu.
BIDEAREN KROKISA
Orratzaren krokis zehatza. Puntu zuriz, bertara igo ahal izateko aztertu genuen bigarren aukera, baina ez ginen bertatik igotzen saiatu.
DESKRIBAPENA
- Gaur gutxiñez urrutitio earki ikustea... - bota nien Asier eta Ikerri orratza lehen aldiz ikusi genuenean.
- Ta ni behiñe fijaube.
- Ba hemendio ikusita espektakularra da...
Ordubete pasatxo generaman kotxetik irten ginenetik.
Ibilbidea eguzkiaren lehen izpiek izarrak ezabatzen hasten diren unean hasi genuen, zerua kolorerik ez izatetik urdin kolorea hartzen hasten den unean, paisaiak erliebeak erakusten hasten den unean, egunak tenperatura baxuena duen unean. Berokietako epeltasunean bilduta maldan gora hasi ginen, presarik gabe, Zegama-Aizkorri maratoiaren ibilbidea adierazten duten puntu horiei jarraituz.
Igoeran, Aizkorriko Gurutzea lehen aldi ikusten den lekuan...
Ipar-ekialdeko haize hotzak jotzen duenean ohikoa den moduan, Goierriko bailara gauean estali zuen lanbroa pixkanaka gainetik kentzen hasita zegoen, zelai eta basoak agerian utziz. Urrunean, forma definiturik gabeko lanbro zuriaren gainetik Aralarko mendiek marra ilun eta irregular bat marrazten zuten, zeruertza modelatuz.
Egunsentiko lanbroa bailaratik aldendu nahian.
- Gaur behintzet egualdin aitzakiik ezteu izango... - esan zuen Asierrek.
- Ez, baño eztet uste beroik pasa behar deunik ere, jejeje... - erantzun zion Ikerrek polarraren txanoa jarriz.
Eguzkiak zeruan altuera pixkanaka irabazten zuen arren, ipar-ekialdeko haizeak eguna hotz mantentzen jarraitzen zuen, zerua oskarbi eta hodeirik gabe mantentzeagatik kobratzen duen ordainsaria oraindik kobratu gabe izango balu bezala.
Orratza pixkanaka Aizkorriko Gurutzetik nabarmentzen.
Kotxetik irten ginenetik ordubete pasatxo generamanean orratza bere osotasunean lehen aldiz ikusi genuen:
- Gaur gutxiñez urrutitio earki ikustea...
- Ta ni behiñe fijaube.
- Ba hemendio ikusita espektakularra da...
Orratza Aizkorriko Gurutzetik harro bereizten zen, eskutik hatz lodia bereizten den moduan, nortasun propio bat aldarrikatuz. Orratza parez-pare ikusteak gehiago animatu gintuen, nahiz eta gehiago animatu ezin ginela uste genuen.
- Horrea igotzea la ostia izangoa… - esan zigun anaiak.
- Dudaik eztauket – erantzun nion - ta gañea igotzen zeatenen honaño etorriko naiz argazkik ittea…
Duela urte batzuetatik bideak duen ageriko pasagune bat segurtatzeko harkaitzean iltzatutako kate eta zubia atzean utzita, bideari baino orratzari gehiago begiratuz aurrera jarraitu genuen, orain arteko nekeak ahaztuz.
"Horrea igotzea la ostia izangoa...".
Aizkorriko Gurutzeko Mandobide (“Kalbario”) eta “arabarren bidea” bideekin bat egiten duen lekura iritsi baino 20-25 metro lehenago bidea utzi genuen, ardi eta ahuntzak lasai bizi izaten diren eremura pasatuz.
Bidea utzitako lekuan.
Ardi gorotzekin irrist ez egiteko kontu handia jarriz, malda belartsu tente bat jaisten hasi ginen, maldaren ezkerreko hormak eta orratz txiki batek osatzen duten pasabide estu batera pixkanaka zuzenduz.
Malda belartsua jaisten.
Arretaz ibiltea eskatu zigun zeharkaldi horizontal eta motz baten ondoren bi mundu ezberdinen arteko atea izan zitekeen pasabidea zeharkatu genuen.
"Pasabide bat paradisura..."
Pasabidearen bestaldean paradisua zain genuen, mendizaleez betetako mendian trikuharri itxurako oasi bakarti bat. Belar eta harri askeak tartekatuz zeharkaldi horizontalarekin jarraitu genuen, orratzaren mendebal aurpegian dagoen erdi etzandako harlauza erraldoi baten estalpera iritsi ginen arte.
Estalpera iristen...
Harlauzak osatzen duen sabaia zeharkatuz orratzaren mendebaldeko aurpegiaren oina zipriztintzen duten harrien artean motxilak utzi genituen.
- Hemen frexko itteula!!! - esan zuen Ikerrek eskuak igurzten zituen bitartean.
Ipar-ekialdeko haizea ziztu bizian zeharkatzen ari zen orratzaren mendebaldeko mendi-lepoa, Aizkorriko ertzaren bestaldera pasatzeko irekita zegoen ate bakarra izango balitz bezala. Eta gu atearen erdian geunden, itzalpean, berokiak goraino lotuta, orratza igo arte alde egingo ez genuela haizeari aurpegira oihukatuz.
Arnesa jantzi eta materiala prestatu zuen azkartasunagatik argi geratu zen Asier zela hiruetatik motibaziorik handiena zuena orratza eskalatzeko. Anaia eta bion aldetik eragozpenik ez zen izan, anaiak atzetik eskalatu nahi zuela argi uzteaz gain, nik argazkiak egin nahi nituen, urrutitik batez ere.
Eskuin eskuarentzat dagoen helduleku handi batetik tira eginez, Asierrek gorputza altxatu zuen, artaka-trabagailu eta friend bat trabatu eta bertatik aseguratuz.
Eskaladaren hasieran arraila garbitzen...
Lehenengo metroak izaten dira eskalada batean zailenak, eskalada ezezaguna eta aseguru finkorik gabekoa bada batez ere, eta ez zailtasunagatik bakarrik. Harria hotza egoten da, baita gorputza ere, mundu horizontaletik bertikalerako igarobidea onartzen ariko balitz bezala. Norberak trabatutako aseguruak dira aseguru bakarrak eta heldulekuen sendotasuna behin eta berriz egiaztatzeko joera dago, erorketa baten itzala bueltaka ibiltzen delako etengabe. Beharbada hau guztia izan zen Asierrek sentitu eta bizi izan zuena eskaladaren hasierako hormatxo bertikala eskalatu (III) eta honen gaineko erlaitz txikira igo zenean.
Erlaitz txikian igota, hurrengo metroak nondik nora eskalatu begiratzen.
Horizontal erreinutik zein erraz ikusten den besteen eskalada:
- Eskuntzat hor ez daukezu helduleku on bat? Ta ezkerreko hanka koxka horta igotzen bazu? Ta goiko pitzadura hartan friend bat sartzen bazu?
Horrelakoetan isiltzea izaten omen da onena, baina ahoa itxita ez izateko tentazioa handiegia izaten da. Eskalatzen ari denak kasurik egiten ez duela onartzen duzunean bakarrik isiltzen zara, jejeje.
Erlaitz txikira igota, Asierrek kontzentrazio osoa eskaladari zailtasuna ematen dion horma makurtuaren azterketan jarrita zuen. Ez zegoen ez haizerik ezta anaia eta bion hitzen oihartzunik ere, bera eta harkaitza besterik ez, beste ezer gabe. Horma nondik eskalatuko zuen argitu zuenean, hormaren ezkerreko arrail bat harri txiki eta lurrez garbitu, eta bertan bi Alien trabatu zituen.
Alien-ak trabatzeko arraila garbitzen.
- Materiala eukita bazpare hobe bi jartzea bat baño - bota zigun bi aseguruetatik soka pasatuz.
Aseguruak jarri ondoren hurrengo pausua dator, eskalatzen jarraitzearena alegia. Eta orduan beste kezka batzuk sortzen dira: "heldulekuak sendoak izango dira?", "Gorago aseguru sendoren bat jartzeko aukera izango dut?" Eta kezkarik nagusiena, "erortzen banaiz jarritako aseguruek eutsiko naute?". Beldurra sortzen duten kezka hauek guztiak buruan zituela, Asier gorputza pixkanaka altxatzen hasi zen horma makurtuari zentimetroak irabaziz.
Orratzaren pasagune zailena eskalatzen...
Hiruok arnasari eusten genion bitartean Asierrek pasagunea makurtua zailtasun handirik gabe eskalatu (IV/IV+) eta honen gaineko erlaitz belartsura igo zen.
- Onaaaa!!! - oihukatu genion bi anaiok batera.
Horma makurtua eskalatuta, orratzera igotzeko azken koska eskalatu behar zuen: orbain bertikal baten itxura duen arrail bertikal bat duen horma bertikala. Horma honen ezkerrean harkaitz-bloke eta belarrez tartekatutako kanaltxo bat dago. Bitan pentsatu gabe, Asierrek kanaltxoaren azpian dagoen harkaitz-bloke handira igotzeko erabakia hartu zuen.
Harkaitz-blokera igotzen.
Harkaitz-blokearen gainean, batera eta bestera begiratuz aurretik zituen bi aukerak aztertzen hasi zen: kanaltxotik edo zuzen? Kanaltxoaren aukera itxura batean errazagoa bazen ere, Asierrek zuzen jarraitzea erabaki zuen. Horma beritaleko arrailan Totem orlegia sendo trabatu, bertatik aseguratu eta hormaren azken metroak konfiantza osoz eskalatzen hasi zen.
Orratzaren azken koxka eskalatzen.
Anaia eta biok konturatu ginenerako Asierrek horma eskalatuta zuen (III+).
"Zergatik aukeratu zuen Asierrek aukerarik zailena kanaltxotik jarraitzea errazagoa bazen?" Pentsatu dezake bakarren batek. Mendian eskalatzen denean askotan teknikoki errazenak diren pasaguneak "zikinenak" ere izaten dira baita ezegonkorrenak ere, bertikaltasun handia ez dutenez, bertan belarra, lurra eta harkaitz solteak pilatzen direlako. Horma bertikalaren harkaitza trinkoa zela ikusita, Asierrek hartutako erabakia, nahiz eta zailagoa izan, zuzena izan zen. Gainera, eroriz gero, trabatzea lortu zuen Totem orlegiak asegururik sendoena bezala eutsiko zion, sendo trabatu bait zuen.
Orratzaren gainean.
- Hemen bi iltzekin reunio bat montauta dau... - bota zigun orratza koroatzen duen harkaitz-blokera iritsi zenean.
Asierren ahotsaren tonuak dezepzio arrasto bat islatzen zuen, bakarren batek ustekabean jaso zuen oparia zein zen esan izan balio bezala. Bilgunea, berriak izatearen itxura duten bi iltzeetatik pasatako zinta uztai zahar batez osatuta dago, bertatik mailoi bat pasatuta duena.
- Hain orratz ebidentea izanda zaile zen oaindio iñor igo gabe eotea... - erantzun nion -, ikusi Iraulekoa...
- Bai, baña eztakit... - erantzun zidan tristura puntu batekin.
Aitortu beharra daukat hiruok genuela gordeta orratza eskalatu gabea egongo zenaren itxaropen txiki bat, baina aitortu beharra daukat baita ere litekeena zela hain orratz berezi, nabarmen eta "erraza" eskalatzaileren batek eskalatuta izatea.
Bi iltzeetatik mosketoi bana pasatuz bilgunea muntatu zuen. Iltzeen sendotasuna frogatu nahi ez zuenez, badaezpada harkaitz-bloketik zinta-uztai handi bat pasatu zuen bilgunea sendotzeko.
Bilgunea.
- Zu zoaz? - galdetu zidan anaiak.
- Ez, zuk eskalau, nik bioi puntan argazkik ingoizkizuet eta...
Ez dakit hotzagatik izango zen baina Ikerren ahotsan urduritasun puntu bat nabaritu nuen, eta ez zen gutxiagorako. Aste batzuk lehenago Eginon eskalatzen izan ginen arren hiru urte zeramatzan eskalatu gabe, gehiago eskalada-eskola batetik kanpo. Halere, orratza berak uste zuena baino errazago eskalatu zuela esango nuke, 20 metroak lehendik eskalatuak izango balitu bezala eskalatu zituelako.
Anaia egurrean...
Iker orratzera igo zenean, argazki kamera hartu eta igoerako bidean kateak jarrita dauden pasagunera korrikan iritsi nintzen. Ikusgarria izan zen Asier eta Iker orratzaren punturik altuenean igota ikustea. Mendizaleak Aizkorriko Gurutzera ohiko bidetik iristen ziren bitartean, metro apur batzuetara Asier eta Iker munduaren gailurrean izango balira sentitzen ziren, bakardadean, sekulako abentura bizitzen. Kontraste ederra mendizalez beteta egoten den mendi batean!!!
"Mendizaleak Aizkorriko Gurutzera ohiko bidetik iristen ziren bitartean, metro apur batzuetara Asier eta Iker munduko gailurrean izango balira sentitzen ziren...".
Gertuago...Argazkiaren ezkerrean Aizkorriko Gurutzeko gailurra ikusi daiteke.
Momentu errepikaezin hauek argazki kamerarekin harrapatu eta gorde ondoren, Iker eta Asier haizearen eraginez izoztu aurretik ziztu bizian itzuli nintzen orratzaren itzalera, noizik eta behin momentu errepikaezin gehiago harrapatzeko geldituz.
Momentu errepikaezinak...
Ez zen denbora luzea pasatu arnesa, kaskoa eta katu-oinak jantzi, soka arnesera lotu eta eskalatzen hasi nintzenerako.
Hasteko prest....
Aurretik 20 metro "eskas" nituela jakinda, eskalada lasai hartu nuen. Bueno, lasai-lasai, eskuetako behatzak hozten hasi ziren arte, jejeje.
- Ehhhh!!! Hemengo harrie kolokan dau!!! - oihukatu nien horma makurtuaren irteerara iritsi nintzenean.
- Bai, zeoze moitzen da... - erantzun zidan Asierrek.
Horma makurtuatik ateratzeko helduleku eder bat eskeintzen duen harkaitz bat dago. Ba kasualitatea, harkaitz hau da mugitzen dena. Bertatik indar handirik egin gabe, gorputza pixkanaka altxatuz, horma makurtua uste baino errazago eskalatu nuen.
Horma makurtuan. Eskuen aurrean belarrez erdi estalita dagoen harkaitza da mugitzen dena.
Zein gustura eskalatzen den gustura eskalatzen denean!!! Eskuetako behatz puntak hoztuta izan arren opari bat jaso duen haurraren moduan gozatzen ari nintzen. Harkaitz bertikala amaitu zenean eta zutik jarri nintzenean nolabaiteko tristura sentitu nuen, eskalada amaitu zenaren seinale zelako.
Horma bertikalean...
- Ze iruittu zaizue?
- Motxa, jejeje - erantzun zidan Ikerrek irribarretsu, berak ere gozatu zuenaren seinale.
- Ez hombre, zailtasunegatik ai naiz, jejeje - erantzun nion -, kuarto eo?
- Nik gehixeo daukela esango nuke - erantzun zidan Asierrek- kuarto mas ez legoke gaizki.
- Netzako ebai... - esan zidan Ikerrek.
- Joer ba nei errexago iruittu zait - erantzun nien-. Ordun blogen publikaten detenen bazpare kuarto-kuartomas daukela jarrikoet, odo iruitzen zaizue?
- Primeran!!!
Hizketan ari ginela bilgunean hirugarren iltze bat topatu genuen, denborak eta klima bortitzak urteetan zehar herdoildutako uztaidun iltze zahar bat, berrogeita hamargarren hamarkadan erabiltzen zirenen antzerakoa. Iltze zahar hau erreferentzia bezala hartuta bilaketa lan bat hasi nuen orratza lehen aldiz igo zutenen bila. Baina etxeko liburu zaharretan eta Pyrenaica aldizkariaren hemerotekan asteetan zehar bilatu arren ez dut ezer topatu lehen eskalada honen inguruan, eta pena ematen dit, herdoildutako iltze zahar hori orratzaren lehen eskaladaren testigu isila izaten jarraituko duelako.
Bilgunean dagoen iltze herdoildua (kordel beltza lotuta duena), orratzaren lehen eskaladaren testigu isila...
Hirurok zoriontsu orratzeko puntan...
Orratzaz gozatzen genuen bitartean, ipar-ekialdeko haizeak Goierriko bailarari lapurtutako lanbroari bultza egiten zion, zeruertza kotoizko ikuskizun batean bihurtuz. Antzezlekuaren erdian, ezerezetik irtendako irla baten moduan, Aratzek lanbroaren joanari beldurgabe begiratzen zion, kai-mutur batek itsasoari begiratzen dion moduan.
Kotoi ikuskizuna Aratzen...
Lanbroak noranzkoa aldatu eta orratza estalita gelditu baino lehen orratzetik jaistea erabaki genuen.
- Igual onena deu bloketio pasa deun zinta bertan uztea - proposatu nien -, hola besten batzuk igotzen badie sikiera zinta berri bat izangoue rapelatzeko.
Proposamena onartua izan zen. Harkaitz-bloketik pasatuta genuen zinta-uztaiari korapilo bat egin, eta zinta uztaia eta bilgunea aprobetxatuz, rappelatzen hasi ginen.
Asier orratza rappelatzen...
Iker pozarren zegoen, goiz jaikitzea gustuko ez duen eta umoretsu egoteko ordu batzuk behar izaten dituen arren: "ostia, ze ona!!" zioen behin eta berriz. Anaia hain zoriontsu ikusteak hunkitu ninduen, pertsona bat hain zoriontsu ikustea hunkigarria izaten baita beti.
Mujikatarrak "on the top"!!!.
Irribarrea aurpegitik ezabatu ezinik, Iker orratza rappelatzen hasi zen.
Iker rappelean.
Rappelatzen azkena izateak bere abantailak ditu: sokak ez dira nahasten eta ez dizkizu inorrek goitik harriak botatzen. Baina niretzat garrantzitsuena da mendiarekin une intimo bat izateko aukera ematen dizula, unea oso luzea ez bada ere. Begiratzetik ikustera pasa nuen orratzaren puntan nengoen bakar-bakarrik, Aizkorriko Gurutzeko balkoitik harriduraz begiratzen ninduten mendizale batzuen begiradapean. Begiak itxi eta arnasa sakon hartuz mendiari eskerrak eman nizkion, eskerrak honaino igotzeko aukera emateagatik eta eskerrak bizitza bere sakontasunik handienean bizitzeko aukera emateagatik aparte bizipen hau maite ditudanekin partekatzeko zortea dudalako. Ezin dut gehiago eskatu...
Erreinu horizontalera itzuli nintzenean Asier eta Iker besarkatu nituen.
Orratza rappelatzen...
- Hemendio aurrea orratz hoi ikustezuenen "ni hor goien eonda nau" esateik izangozue... - bota nien orratza harkaitzen atzean ezkutaturik geratu aurretik.
- Ya lo kreo!!! - erantzun zuen anaiak eskaladak begietan sortutako distira oraindik itzaldu gabe.
Jaitsieraren nondik norakoak erdizka gogoratzen ditut, nebulosa batean egongo balira bezala, erdi-ahaztutako amets goxo baten moduan. Efektu hau endorfinen eraginpean egoteagatik izango zen ziurrenik, etengabe hizketan jaitsi ginelako. Arima asetzearen efektua izan zela sinetsi nahiko nuke, irribarrea ez hainbat egunetan ez zitzaigulako joan. Dena den, jakina da mendizaleon gosea asezina dela eta arimaren asetzea irribarreak ezpainetan iraun zuen denbora bera iraun zuen...
Helburu berri bat aurkitu beharko dugu arima asetzen jarraitzeko...
Azken begirada...
KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK
- Zegama udalerriko mapa. Dunba argitalpen lanak S.L., 2016. Eskuragarri: https://www.legazpi.eus/files/LIBURUTEGIA/BURDINOLA/4-Mapak/Zegamako_mapa_2016.pdf
- Goikoetxea I. Aizkorri 1/25.000 eskala mapa. 2. argitalpena, 1988.
Harpidetu honetara:
Argitaratu iruzkinak (Atom)
Earra hirukote, enbidia latza ematen die olako ikusmirak.etxe ondoko altxor txikik.
ErantzunEzabatuMilesker!!!!
EzabatuEgie eaan ez da oso urrun joan behar ikusmira ederraz gozatzeko, eta gu horretarako leku pribilejiatu batean bizi gea gainera...
oxtiaaaaa ze ona
ErantzunEzabatuMilesker Christian!!!!
EzabatuEskalatzen baduzu esango didazu!!!
Eman egurreeeeeeee!!!