AZKEN 10 SARRERAK

2021/11/08

LECHERINES MALLOAK (2.452 m): IPAR-EKIALDEKO TXIMINIATIK (FAUS TXIMINIA), II+/III-. 2021/09/26


Lecherines Malloak eta hauen eskuinean Rigüelo mendia.

Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.

Hodei geruza zabal eta itxi batek ikusmira estaltzen zigun, inguratzen gintuen edertasuna ezkutatuz. Basamortu zuri baten erdian, lurra eta zeruaren arteko mugarik gabe, kranpoi eta pioletek elur gogorrean egiten zuten hotsagatik izango ez balitz, airean flotatzen ari ginenaren sentsazio berezia genuen. Horma izoztuari metroak irabazi ahala hodeiak pixkanaka desegiten joan ziren, kandela dardarti batek botatako kearen moduan, utzi zuten hutsunea itsaso koloreko zeru urdin bizi batek hartu zuen arte. Hodei-itsasoaren ertzetik mantenduz, Asperen ipar-ekialdeko ertzaren ahotik jarraitu genuen ertza eta gailurra puntu bakarrean urtu ziren arte.

2019ko martxoaren 2ko goiz hotz hartan ikusi nituen lehen aldiz, zeruertzean, oreka ezegonkorrean dagoen kubo erraldoi baten moduan, inguruko ikusmirarekin kontrastatuz.

Lecherines Malloak lehen aldiz ikusten direnean bertara igotzeko gogo bizia pizten duten mendi berezi horien osagaiak dituzte: bakartiak, bertikalak, desafiatzaileak eta eskalatu ezinen itxurakoak. Bost puntek osatzen dituzte. Hauetatik hiru II/II+ zailtasunetik pasa gabe igo daitezke, horien artean iparrekoa, bost puntetatik altuena dena. begiratzen diren lekutik begiratuta ere ikusgarriak dira: hegoaldetik kubo perfektu baten itxura duten bitartean, mendebaldetik Dolomitetako “Tri Cime di Lavaredo” mendi ospetsuen antza dute.

Ohiko bidea “Faus tximinia” bezala ezagutzen bada ere, A. Faus, J. Ponte, A. Moreno eta J. Somozak 1945 urtean igo zutenerako inguruko artzainek dagoeneko igota zutela uste da. Honegatik, hainbat lekuetan “ipar-ekialdeko tximinia” bezala izendatua ere ikusi daiteke, Fausi aipamenik egin gabe. Honez gain, ekialdeko horma bitan banatzen duen tximinia nabarmenean III+ eta IV zailtasuneko bi igoera daude, baina hormaren gainetik ikusita zailtasun maila hauetatik gora izan daitezkeenaren itxura dute. Javi Urrutiak kudeatutako Mendikat web orrian hirugarren igoera bat azalduta dago, ipar-ekialdeko tximiniaren eskuinean dagoena eta iparreko Mallora igotzen dena. Azken igoera honek Urrutiak PD- zailtasuna duela esaten du.

- Nik igo gabe dauzket ta bauket gogoa igotzeko – esan zidan orduan Asierrek -. Egunen baten etorriko gea…

Egun hori 2021ko irailak 26a izango zen.

IBILBIDEA

Aisako La Cleta ingurunetik (1.480 m) atera eta bertatik, GR-11.1 bidea jarraituz, Rigüeloko (edo Madalenako) mendi-lepora igo ginen López Huici aterperaino doan pistarekin elkartuz.

Aterpera iritsi baino lehen pista utzi eta hartxingadi ezberdin batzuk zeharkatuz Malloetara zuzendu ginen, hauen ipar-ekialdean dagoen tximiniara iritsiz.

Tximiniak aparteko zailtasunik ez dauka (II+/III-), baina arreta jarri beharko dugu, tarteren batean harkaitza oso sendoa ez delako. Malloetatik jaisteko uztaidun paraboltez muntatutako 20 metro inguruko hiru rappel daude.

Malloetatik jaitsi ginenean ipar-ekialdeko noranzkoa hartu eta eta Lecherin mendiarekin osatzen duten mendi-lepora iritsi ginen, mendi-lepo honetatik mendebaldera jaitsi ginen Rigüelo sakanean berriro sartu eta igoerako bidearekin bat egiteko.

Ibilbide honen ideia Luisen “un paseo por el Pirineo” blogetik hartu genuen. Honen inguruko informazioa “kronika idazteko kontsultatutako bibliografia eta web orriak” atalean topatuko duzue.

Ibilbidea deskargatu nahi baduzue:
Powered by Wikiloc

IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Ibilbidearen luzera: 13 kilometro.
- Punturik baxuena: La Cleta inguruneko aparkalekua, 1.480 metro.
- Punturik altuena: Iparreko Malloa, 2.452 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 1.100 metro inguru.
- Igotako mendiak: 3 punta.
- Tximiniaren luzera: 80 metro inguru.
- Luze kopurua: Guk sokarik gabe eskalatu genuen baina 25-30 metro inguruko 3 luzeetan eskalatu daiteke.
- Nork irekia: Honen daturik ez dago. Lehen datu dokumentatuaren arabera, A. Faus, J. Ponte, A. Moreno eta J. Somozak 1945 urtean.
- Zailtasuna: II+/III-.
- Orientazioa: Ipar-ekialdea.
- Ura: Igoeran hainbat errekasto pasako ditugu.
- Eramandako materiala: 30 metroetako bi soka rappelatzeko. Mota honetako igoeretan eskarmenturik ez duten mendizaleekin igoz gero friend batzuk eramatea gomendagarria izan daiteke.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: Sei ordu eta berrogei minutu, atsedenak barne.

BIDEAREN KROKISA

Tximiniaren krokis zehatza. Urdinez, mendi-lepora arteko igoera tximiniaren erditik egiten bada.


DESKRIBAPENA

Gau txar eta izerditsu baten ondoren, ondoezik jaiki nintzen. Bezperako afaria zentzu guztietan oparoa izan zen, normaltasunetik urrun, heste eta urdaileko pisutasuna eraginez. Bidaia ez zen hobea izan eta errepideko bihurgune amaigabeek tripak eta burua nahastuta utzi zizkidaten.

Gorputzaldi honekin goizeko zortziak eta hogeita bostean martxan jarri ginen, egunsentiaren lehen argiek mendietako gailurrak koloreztatzearekin batera, gorputzak nola erantzungo zidan zalantzaz betea.

La Cleta inguruneko aparkalekuko langan.

Leku eta biok Aspeko "Saguzarraren" ertzaeskalatu genuenean bezala, oraingoan ere metalezko langatik gora doan porlanezko pista Saleras aterpearen parean utzi genuen, SL-HU 105 bidea jarraitzen hasiz, Aspeko bidearekin bat datorrena. Bide hau GR-11.1 bidearekin gurutzatzen denean aldiz, azkeneko hau ekialdeko noranzkoarekin jarraitzen asi ginen, Rigüeloko sakanera zuzenduz. Mendietako gailurrek hodeiei heltzen zieten, ohetik jaiki nahi ez duen haurrak maindirei eusten dion moduan. Haizea aldiz, esnatzeko ordua iritsi zela gogoraziz, hodeiei tiraka ari zen, gailurretatik urrun eraman eta desegin nahian. Eta gu naturaren indarren arteko borroka amaigabe honen ikusle pribilegiatuak izateko zortea izan genuen, mutu, zeruertzari so.

Porlanezko pista uzten den lekua, ezkerrean Saleras aterpea ikusi daiteke.

Ibilbidearen ia denbora osoan Lecherines Malloak bistan izango ditugu.

GR-11.1 arrastoen atzetik.

Lehen metro hauek arin egin genituen, goizeko hotz sentsazioa gainetik astindu nahiko bagenu bezala. Rigüelo sakanean sartu ginenerako gorputzak bero-bero genituen, izerditan hasteko mugan. Oraingoz gorputza ongi erantzuten zihoan, egarri sentsazio arraro bat izan ezik, bezperako afariaren ondorioetako bat ziurrenik. Berokia kentzeko geldiune motz bat egin genuenean, ur pixkat edan eta egarri sentsazio arraro hori nolabait baretzeko aprobetxatu nuen.

Rigüelo sakanean, dagoeneko berokia kenduta.

Helburua urrun ikusten denean, batzuk ez diote begirik kentzen, pixkanaka nola hurbiltzen ari diren ikusteko. Beste batzuk aldiz, begirada lurrera zuzentzen dute, noizik eta behin helburuari begiratu eta azken aldiz begiratu duten distantziarekin konparatzeko. Ni bigarren taldekoa naiz, helburua hurbildu dela ikusteak motibatuta mantentzen nauelako. Modu honetan igo nuen Rigüeloko mendi-lepoan amaitzen den aldapa, lurra eta zeruaren artean begirada tartekatuz.

Rigüeloko mendi-lepoko (argazkian ezkerrean) igoeraren lehen metroetan.

Rigüeloko mendi-lepoa 2.039 metroetara dagoen mendi-lepo zabala da, Rigüelo eta Madalenako mendien artean zabaltzen dena, hortik mendi-lepo hau Madalenako mendi-lepoa bezala ere ezaguna izatea. Guretzat freskura eta iluntasunetik eguzkiaren epeltasun eta argitasunera pasatzeko atea izan zen, Canfranc bailararen sakontasuna parez-pare agertuz.

Rigüeloko mendi-lepora iristen, itzal eta argitasunaren arteko mugan. Argazkian Rigüelo mendia (ezkerrean) eta Lecherines Malloak ikusi daitezke.

Madalenako mendiaren magalean artalde handi bat eguzkitan bazkatzen ari zen, gure presentzian arretarik jarri gabe, mugimendu bakoitza milaka aldiz entseatu izan balute bezala, koordinaturik batera eta bestera mugituz. Lepoaren ekialdeko isurialdera pasa, eta "Las Blancas" izeneko pista ixten duen ataka metalikoa zeharkatu genuen Lopez Huici aterpera zuzenduz.

"Las Blancas" pistaren ataka metalikoan. Argazkiaren eskuinean, txiki, Lopez Huici aterpea ikusi daiteke.

"Las Blancas" pista mendiko bizikletan ibiltzen direnen artean pista ezaguna da, aldapa gogor baten ondoren 2.000 metroko altueratik gora igotzea ahalbideratzen duelako. Pistak Lopez Huici aterpean du bere amaiera. Aterpeak hiru logela ditu, bakoitzean lau pertsonek lo egin dezaketen literekin eta altzari minimoak eroso sentitu ahal izateko. Interneten irakurri dudanez, aterpe librea da eta oso ongi zainduta dago.

"Las Blancas" pistan.

Oraingoan ez genuen aterpea bisitatuko, aterpera zuzendu aurretik pistak eskuinera hartzen duen bihurgunean pista utzi genuelako, Rigüelo eta La Monja mendietatik amildutako harkaitz-bloke sakabanatuen artean galduz.

- Eguzkitako krema pixkak ematea nijo... - esan zidan Asierrek motxila harkaitz-blokeetako baten gainean utziz.
- Bai, arrazoi - erantzun nion -, garai hontan eguzkik uste deuna baño gehio jotzeo...

Mendebaldeko isurialdean hotza sentiarazten zuen haize bera, ekialdeko isurialdean, eguzkiaren eraginez, brisa atsegin bat besterik ez zen. Hau hitzekin ere gertatu ohi da: hitz berak, kontestuaren edo entzuten duenaren arabera, esanahi ezberdina izan dezake. Eta zenbat eztabaida eta gaizki-ulertuak izaten diren honegatik?

Eguzkitako krema ematearen aitzakiarekin eguneko lehen atsedenaldia egin genuen, barratxo energetiko bat murtxikatu eta ur pixkat edateko aprobetxatuz. Indar aldetik ongi nindoala sentitzen banuen ere, burua eta hesteak oraindik nahastu xamar sentitzen nituen, zorabio arin baten sentsazioarekin. Sentsazio hau ez zen berria, kafeinaz kargatutako kafe "potente" bat hartzen dudan bakoitzean gorputzak modu beretsuan erreakzionatzen didalako, honegatik banekien normaltasunera itzultzea denbora kontua izango zela. Kontua zen jakitea denbora hori zenbat luzatuko zen, kaferik edan gabe nengoelako...

La Monja eta Lecherines Malloen ekialdeko aurpegia hartxingadi batez osatua dago, non higadurak eta muturreko klimak mendietatik mendeetan zehar lapurtu dituzten harri eta harkaitzak pilatu dituzten. Altuera gutxiena galtzeko helbururarekin hartxingadi honetan sartu, eta erosoenak iruditu zitzaizkigun pasaguneak bilatuz, zeharkaldi luzearekin hasi ginen. Tarteka bidexka baten arrasto galdua edo mugarriren bat topatu bagenuen ere, Malloak erreferentzia bezala hartuz jarraitu genuen, inongo bide konkreturik jarraitu gabe, itsasoaren erdian gora eta behera mugitzen ari den buia batera zuzenduz igerian ariko bagina bezala.

Zeharkaldi ezerosoan...

Beharbada behin eta berriz irrist egiten genuelako, beharbada batzuetan pausu bat aurrera egiteko bi pausu atzera egin behar genituelako, hartxingadiaren zeharkaldia oso ezerosoa iruditu zitzaidan. Bizitzan gertatzen den moduan, tarteka gelditu eta atzean utzitako bidea eta aurretik genuenari begiratzen genion, ibilitako bidea zenbatekoa zen baloratu nahian. Hartxingadia aurrera baino atzera gehiago begiratuz igo nuen, Lopez Huici aterpea geroz eta txikiago bihurtzen zela ikusiz.

"... Lopez Huici aterpea geroz eta txikiago bihurtzen zela ikusiz".

Malloen ekialdean kokatu ginenean, hauen ekialdeko horma bitan banatzen duen tximini nabarmena erreferentzia hartuta zuzen igotzen hasi ginen, bastoiak hartxingadian sendo sartuz eta besoekin indarra eginez. Malloen azpian dagoen hormatxoa igotzea ahalbideratuko gintuela uste genuen kanal itxurako batera iristea zen hurrengo helburua.

Kanaltxora zuzentzen. Argazkian ez da ongi nabaritzen.

Igotzeko tarteka eskuak erabili genituen arren, kanaltxoaren igoera ez zitzaigun zaila iruditu. Hala ere kontu handiz igo beharreko lekua da, batez ere aurretik doana, oreka ezegonkorrean dauden harkaitzez betea dagoenez atzetik datorrenari harriak botatzeko arrisku handia dagoelako.

Kanaltxoan... Argazkian ikusi daiteke bertako harriaren kalitatea.

Kanaltxoa igo ondoren ekialdeko hormaren oina tapizatzen duen hartxingadira iritsi ginen:

- La ostia, hau da harri pila - esan nion atzetik zetorren Asierri - ziur mendi honta negun askoz erosogo igokoela oain baño...
- Ez harrittu - erantzun zidan.

Ekialdeko horma bitan banatzen duen tximiniaren eskuinean dagoen malloa eskuineko noranzkoan inguratuz, ipar-ekialdeko tximinia hasten den lekura zuzendu ginen.

Malloa inguratzen. Argazkian eskalada hasten den lekura arte jarraitu genuen bidea marraztuta dago.

Asier kanaltxoa atzean utzi eta gero.

- Zemuzkoa ikustezu?
- Eztu zaile eamten - erantzun zidan Asierrek motxila lurrean utzita.

Une batez zalantzan izan ginen arren, badaezpada ekarritako eskaladako materiala arnesetatik zintzilikatuta eramatea adostu genuen: "hola txarrenen eskura izango deu...".

Materiala prestatzen ari ginela hesteak berriro ere bueltaka hasi ziren. Konturatu nintzenerako harkaitzen gainetik saltoka ziztu bizian aldegin behar izan nuen, harkaitz handi baten atzean makurtu eta hesteekin bakarkako hizketaldi serio bat izan nuen arte. Ez naiz xehetasunetan sartuko baina, zentzu guztietan, a zer nolako lasaitua hartu nuen!!! Goizetik nuen arazoetako bat tamaina ezberdinetako harri batzuen azpian utzita, tximinia eskalatzen hasi ginen.

Tximiniaren eskaladaren hasieran...

Tximiniaren eskalada bitan banatu daiteke. Lehen zatian ipar-ekialdean dagoen mallo bakartia eta beste malloen multzoaren arteko mendi-lepora iritsiko gara. Bigarren zatian aldiz, mendi-lepotik gora doan tximinia nabarmena eskalatzen da, ipar eta hegoaldeko malloen artean amaitzen dena.

Horman dagoen harkaitz-bloke berezi eta nabarmen baten gainera iritsi nintzen arteko metroak azpitik diruditenak baino zailagoak iruditu zitzaizkidan. Heldulekuak onak diren arren harkaitza leunduta dago eta hainbat lekuetan harri askeak daude. Hala ere, zailtasunari begiratzen badiogu, ez dut uste III-tik igotzen denik.

Harkaitz-bloke bereziaren parean.

Harkaitz-blokearen gainera igo nintzenean eskalatzen jarraitzeko bi aukera zeudela ikusi nuen: eskuinean nuen tximinira pasatu eta tximinia eskalatzen jarraitu edo harkaitz-blokearen ezkerretik eskalatzen jarraitu. Tximiniaren aukera hartzeko, pausu luze bat eginez belar eta lurrez estalitako erlaitz txiki batera igo beharra nuen, goizeko hezetasunarekin bustia zegoena. Bigarren aukerarako aldiz, harkaitz-blokearen ezkerretik erdi-oinez jarraitu, eta hormatxo erraz bat eskalatu ondoren (II+), erlaitz estu eta luze bat ezkerretik eskuinera oinez zeharkatu beharko nuen.

Bigarren aukera hartu nuen.

Erlaitz estura iritsi nintzenean Asier eskalatzen hasi zen.

Asier lehen metroetan. Argazkian harkaitz-bloke nabarmena ikusi daiteke.

Asierrek ere harkaitz-blokera iritsi zenean bi aukerak baloratu behar izan zituen: berak ni baino argiago ikusi zuen tximinia eskalatzea.

Tximinia eskalatzen.

- Zemuzkoa?
- Eztakit, segundo mas eo? - erantzun zidan tximiniaren zatirik tenteena igo zuenean - Eztet uste terzero izangounik.
- Nik eskalau detenare hala iruittu zait...

Eskaladaren lehen zatiaren amaierako mendi-lepoan.

Bakoitzak bere bidetik igo ondoren, mendi-lepoan elkartu ginen. Tximiniak mendi-lepoaren hegoaldean jarraitzen badu ere, ipar-ekialdeko mallora igotzea oso tentagarria iruditu zitzaigun, tentagarriegi beharbada:

- Igoko gea? - proposatu zidan Asierrek malloaren oinera zuzenduz.
- Eztakit bat - erantzun nion -, bustie daula emateo ta gañea goien ez da ezer ikusten rappelatzeko.

Asierrek igoera ikertzen zuen bitartean tximiniaren lehen metroak eskalatu nituen, oinak tximinia osatzen duten bi hormetan jarri eta pixkanaka igoz (II+/III-).

Ipar-ekialdeko malloaren igoera ikertzen.

Tximiniaren lehen metroak eskalatu ondoren (nire azpian ikusten den arrail zabala).

Ez dakit argi ikusi ez zuelako edo behin eta berriz esan nizkion "kontuz ibili" hitzek desmotibatu zutelako, baina azkenean Asierrek orratzera ez igotzea erabaki zuen. Mendi-lepora pixkanaka itzultzen zen bitartean tximinia ezkerreko hormaren ertzetik eskalatzen jarraitu nuen, leize sakon eta nabarmen bat eskuinean utziz (II+).

Leizea atzean utzi ondoren, tximiniaren azken zailtasunaren oinera iristen.

Burua oraindik nahastua sentitzen nuen, zorabio arin bat izango banu bezala. Honegatik, eskalada erraza bada ere ez nintzen seguru sentitzen, eta ez dago sokarik gabe eskalatzen denean seguru ez sentitzea baino sentsazio okerragorik. Tximiniaren azken zailtasuna suposatzen duen 5-6 metroko horma tentera iritsi nintzenean segurtasunik gabeko sentsazio hau areagotu zela nabaritu nuen.

Tximinian eskalatzen den hormatxo bertikalaren oinetik behera egindako argazkia.

- Gaur ez nijo oso fin...
- Zeba?
- Eztakit, erdi mareatuta bezela nijo... - esan nion Asierri hormatxoa eskalatzen hastearekin batera.

Hormatxoa tximiniaren ezkerreko horman dagoen erlaitz estu baten laguntzarekin eskalatzen da. Igoera hau ere ez da zaila (II+/III-) baina bai ikusgarria, eta Lekuk esango lukeen bezala, hemen erortzea ez da aukera bat, jejeje..

Hormatxoaren gainean. Argazkian nondik eskalatzen da adierazita dago.

Hormatxoa eskalatu ondoren tximinia etzaten doa harri askeen kopurua handituz. Asierri harririk ez botatzeko, tximiniaren azken metro hauek kontu handiz igo nituen tximiniatik atera nintzen arte (II).

Hormatxo bertikala eskalatzen. Argazkia tximiniaren amaieratik egina dago.

- Midin antzeko zeoze, ez?
- Hau errexagoa iruittu zait - erantzun zidan.
- Ta harri suelto gehiagokin e bai, jejeje.

Tximinia eskalatuta, iparreko mallora zuzendu ginen lehenik. Tximinia atzean utzita, metro batzuetan zuzen jarraitu eta eskuinera jo genuen, iparreko malloak hegoaldean osatzen duen kalezulo nabarmenera jaitsiz (II).

Mendebaldeko mallotik egindako argazki honetan iparreko mallora eta mendebaldeko mallora igotzeko jarraitutako bideak marraztuta daude.

Kalezuloa ilun eta hezea zegoen, oinen gainean pisua jarri aurretik harkaitz bustien gainean sendo jarrita genituela egiaztatzera behartuz.

Iparreko malloak osatzen duen kalezuloan.

Kalezuloaren amaierara iritsi ginenean ezkerrera bota, eta eskalada erraz baten ondoren, iparreko malloaren gailurra osatzen duen mugarrira iritsi ginen. Kalezuloaren amaieran amatzen da Faus tximiniaren eskuinean dagoen beste tximinia, PD- zailtasuna duena.

Iparreko malloaren gailurrean. Asierren eskuinean Lecherin mendia ikusi daiteke, ezkerrean aldiz, hodeiekin borrokan, Aspe.

Eguneko lehen malloaren gailurrean irribarretsu.

Parez-pare Lecherin mendiaren hego horma ikusgarria genuen, itsasontzi erraldoi eta zahar baten brankaren moduan denborari desafio eginez. Begietan ikusmira ikusgarria bagenuen ere gailurrean ez ginen denbora luzean egon, argazki pare bat egiteko denbora besterik ez. Kalezulora itzuliz, bertara jaitsi ginen lekutik igo eta hego-mendebaldeko mallora zuzendu ginen.

- Honi kuarto emateie? - galdetu zidan Asierrek ekialdeko tximinia nabarmenenari begira.
- Tximitik aterazkeo bai, eskubiko paretatik aterazkeo terzero mas - erantzun nion.

Gure oinen azpian tximini zabal eta bertikal bat irekitzen zen. Tximinia bertikalki hegoaldeko mallora zuzentzen da IV zailtasunetik igo gabe. Irteera bertikal hau saihestu nahi bada, ezkerreko hormatik (igoerako noranzkoan) III+ zailtasuneko pasagunea eskalatu beharko dugu. Hori guztiak teoriak dio noski, behin eta berriz begiratu arren ez zitzaigulako ez IV ezta III+ zailtasunik iruditu. Dena den, zailtasuna baloratzeko modurik zuzenena azpitik da, horma eskalatzen saiatuz.

Ekialdeko tximinia goitik ikusita. Argazkiaren eskuinean ikusten den horma da III+ zailtasuna omen duena.

Tximiniari bizkarra emanez, II+ zailtasunaren inguruko hormatxo bat jaitsi, eta II inguruko eskaladatxo baten ondoren, hego-mendebaldeko mallora zuzendu ginen. Mallo honen hegoaldean beste mallo bat badago ere, bertara igotzeko zeharkatu behar zen arrakala zabaleko hezetasunak ez zigun inongo konfiantzarik eman. Hego-mendebaldeko mallora itzuliz, lehen aldiz Aspe bere osotasunean ikusteko aukera izan genuen baita Lekurekin batera udan eskalatutako "saguzarraren ertza" ere, zerura zuzentzen den txirrista erraldoi bat dirudiena.

Aspe eta "saguzarraren ertza" (argazkiaren eskuinean) bere osotasunean.

Hego-mendebaldeko malloaren gailurrean. Argazkian iparreko malloa (perdían) eta ipar-mendebaldekoa (ezkerrean) ikusi daitezke.

Jaisten hasi aurretik ipar-mendebaldeko malloaren igoera begiratzea joan ginen. Igoera posible bat ikusi bagenuen ere, bertatik nola jaitsi edo rappel bat muntatzeko aukera garbia argi ikusi ez genuenez, mallora ez igotzea erabaki genuen, hegoaldeko mallora zuzenduz.

"...Hegoaldeko mallora zuzenduz". Asierren atzean hego-mendebaldeko malloa ikusi daiteke..

Hegoaldeko malloaren gailurrean.

Mallo ezberdinetako gailurrak igotzen genituen bitartean, ekialdeko mendi eta bailarak kotoi itxurako hodei masa batez estaltzen hasita zeuden, poliki-poliki, hotsik atera gabe. Haizea ere, ekialdean muntatzen ari zen festan ere parte hartu nahiko balu bezala, indarra hartuz zihoan, orain arte lagun izan genuen brisa goxoa ufada hotzetara aldatuz.

- Eztau ebiik emanda, ez? - galdetu nion Asierri.
- Nik dakidala ez behintzat...

Eguraldi-iragarpenak asmatuko ez zuenaren kezkarekin lehenengo rappel puntura hurbildu ginen, tximiniaren amaieran dagoena.

Lehenengo rappel-ean.

Bigarren rappel puntua hormatxo bertikalaren oinean dago, lehen rappel puntutik 15-20 metro eskasera.

Bigarren rappel-ean.

Hirugarren rappel puntua bigarrenetik 20-25 metro ingurura dago, mendi-lepora iristeko nik jarraitu nuen erlaitz estuan.

Hirugarren rappel-a prestatzen.

20-25 metroetako azken rappel baten ondoren lurrera iritsi ginen.

Hirugarren rappel-aren amaieran.

Sokak jasotzen genituen bitartean, ekialdetik zetorren hodei masaren lehen hodeiek olatu erraldoi baten moduan estali gintuzten, motxiletatik kanpo genuen materiala hezetzen hasiz. Eguzkia hodeiengatik estalita geratu zen unean tenperatura berehala jaitsi zen, goizean jantzita eraman genituen berokiak berriro ere janztera behartuz. Edozein momentuan euria hasiko zuenaren beldurrez, material guztia motxiletan ahal izan genuen azkarren gorde eta hartxingadian behera hasi ginen.

Jaitsiera Lecherin Malloek eta Lecherin mendiak osatzen duten mendi-lepotik egin nahi genuenez, malloak hego-mendebaletik ipar-mendebaldera inguratu genituen ahalik eta altuera gutxiena galduz.

Inguraketaren lehen metroetan.

Malloen ipar-mendebaldean kokatu ginenean, mendi-lepora arte eskilara luze baten moduan luzatzen den ertz zabalean behera hasi ginen.

Ertza zabalaren lehen metroetan, atzean Malloak hodei artean geratzen dira.

Ertza zabal hau inongo zailtasunik gabe oinez zeharkatu bagenuen ere, zeharkaldia poliki-poliki egin genuen, emandako pausu bakoitza azkenekoa izango balitz bezala, ertz honen edertasunaz gozatuz. Malloak estaltzen ari ziren hodeiek efektu berezi bat sortzen zuten, zerura zuzentzen den ertza baten itxura emanez.

"...ertz honen edertasunaz gozatuz."

Tarteka atzera begiratzen genuen, gure begirada Malloetara zuzenduz. Minutu batzuk lehenago eskalatu genuen tximinia identifikatu genuenean ahozabalik geratu ginen. Harrigarria iruditu zitzaigun parean ikusten genuen tximinia bertikalak III- zailtasuna izatea, mendian zailtasuna ikusten dugun perspektibaren arabera modu ezberdin batera neurtzen dela baieztatuz. Eguneroko arazoak ez dira hain ezberdin izaten, eta hauei ere begiratzen diegun perspektibaren arabera modu batera edo bestera aurre egiten diegu.

Malloak gertuago... Nork esango zuen marraztutako igoera hain "erraza" denik?

Lecherin Malloek eta Lecherin mendiak osatzen duten mendi-lepoan eraikitako mugarri handira iritsi ginenean Lecherin mendira igotzeko ideia burutik pasa zitzaigun, baina asko pentsatu gabeko burutapen azkar bat izan zen, erlojuari begiratu genionean denbora nahi baino azkarrago zihoala ikusi genuelako. Lecherin mendira igotzeko aukera baztertuta, mendi-lepotik behera hasi ginen.

Mendi-lepoan...

Ez dakit noiz eta nola izan zen baina mendi-lepotik behera hasi ginenean burua nahastuta izatearen sentsazioak aldegin zuela sentitu nuen. Eta orduan hasi nintzen ibilbideaz benetan gozatzen, ordura arte ibilitakoa amets bat izan balitz bezala geratuz. Hartxingadian noizik eta behin agertzen eta desagertzen zen bidexkari jarraituz Malloen handitasunaz jabetzen hasi nintzen. Metro batzuk aurrerago zihoan Asier puntu gorri eta txiki bat besterik ez zen harkaitzezko itsasoaren erdian. Honelakoetan konturatzen zara mendiaren handitasunaren itzalpean koloredun puntu ñimiño eta iragankor batzuk besterik ez garela.

"Mendiaren handitasunaren itzalpean koloredun puntu ñimiño eta iragankor batzuk besterik ez gara".

Jaitsierak Malloen ikuspegi berri bat ikusteko aukera eman zigun, mendebaldeko aurpegikoa, beharbada ikuspegirik bertikal eta basatiena. Bioi Dolomitetako Tri Cime di Lavaredo mendia etorri zitzaigun burura.

Harri hauskorrez betetako horma eta tximini bertikaleetan eskalada-bideak irudikatzera jolastu genuen, bata besteari bide berria azalduz, horma eta tximinia hauek ikusten zituzten lehen mendizaleak izango bagina bezala.

Horma eta tximinia berriak...

Kotxera iritsi arte mendi bat igotzat ez dela kontsideratu behar esan izan da beti, izan ere gailurra bidearen erdia dela esaten da. Ados nago esaldi honekin eta gainera mendiaren gailurra eta kotxearen arteko ibilbidea ezinbestekotzat jotzen dut, bestela ezin izango dugulako etxera itzuli. "Hori bistakoa da, a zer tontakeria idatzi duzuna!!!" pentsatuko duzue askok. Baina etxera itzultzearekin ez naiz fisikoki itzultzeaz bakarrik ari, emozionalki eta izpiritualki itzultzeaz ere ari naiz. Mendiko aktibitateak egunerokotasunaren oasi bat dira, non denbora gelditu eta une bakoitzari zukurik handiena ateratzen diogun, burua bizi garen momentura ekarri eta oasi honetatik kanpo dauden arazoak aldenduz. Aldentze honek arazoak beste perspektiba batekin ikusteko aukera ematen badigu ere, ezin dugu ahaztu lehenago edo beranduago oasi honetatik atera eta egunerokotasunera itzuli beharko dugula, berriz ere oasira ihes egingo dugun arte.

Oasitik itzultzen...

Kotxera arteko jaitsierak gailurraren adrenalina igoerak eragindako euforia-egoera baretu eta gorputza bere onera pixkanaka itzultzen du. Honegatik hausnarketa momentua ere bada, igoeran bizitakoak errepasatu, gaizki egindakoetatik ikasi eta ondo egindakoak gogoan sendotzen diren hausnarketa momentua. Zenbat aldiz kontatzen ditugu eskalatutako luze bakoitzean egindako mugimenduak? Eta izandako zailtasunak? Eta pasatako estualdi eta beldurrak?

Rigüeloko bailarara iristen.

Kotxera arteko jaitsiera, igo edo eskalatutako mendiari modu ezberdin batekin begiratuko diogun unea da. batzuetan harrotasunez begiratuko diogu, gure beldurrei edo mugei aurre eginez mendira igotzeko gai izan garelako, nahiz eta gailurra ez zapaldu. Beste batzuetan amorruz begiratuko diogu, mendia gauzak guk nahi genuen moduan ez ateratzearen errudun izango balitz bezala. Baina gehienetan umiltasunez begiratuko diogu, umiltasunez eta esker onez, mendiaz gozatzeko gure esku ez dagoen guztia alde izan dugulako.

Lecherines Malloak eta Rigüelo mendia, biak ala biak zein baino zein ikusgarriagoak.

Eta hausnarketa eta pentsamendu hauetan guztietan murgilduta gauden bitartean irteera puntura iritsiko gara, nekatuta baina bake sentsazio sakon batekin, gailurra eta kotxearen arteko bidean amets gozo bat bizi izan bagenu bezala, Asier eta biok sei ordu eta berrogei minutuko ibilaldiaren ondoren, arratsaldeko hiruak eta hogeita bostean, La Cleta inguruneko aparkalekura itzuli ginen moduan.

La Cleta inguruneko ataka metalikora iristen.

Hausnarketak kotxean jarraitzen du noski, etxerako bidean. Mallo hauetako igoera asko gustatu zitzaigun, entretenigarria, berezia, denetatik duena. Ez dakit Faus eta bere lagunak izango ziren mendi honetara igotzen lehenak, baina uste dut igoera batean hau ez dela daturik garrantzitsuena izan behar, mendia eskalatu zuten lehenengoek ireki zuten bideak gordeta digun bizipena baizik. Negu giroan interesgarria izan daiteken igoera iruditu zitzaigun, ziurrenik igoeran irabaziko dugun denbora tximinia eskalatzen galduko duguna. Hau baieztatzeko elurrari itxaron beharko diogu...

KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- Valle de Canfranc Valle De Aísa mapa. Editorial alpina, 2019.
- Un paseo por el Pirineo bloga. 2019-07-18. Mallos de Lecherín (2452 m) en circular desde el Rigüelo (PD). Eskuragarri: https://pirineodeluis.blogspot.com/2019/07/mallos-de-lecherin-2452-m-en-circular.html
- Mendikat web orria. Mallos de Lecherines (2452 m). Eskuragarri: https://www.mendikat.net/com/mount/3281


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina