AZKEN 10 SARRERAK

2021/12/29

AIZKORRONDOKO UBIDEA. 2021/10/24


Aizkorrondoko ubideak zeharkatzen duen pagadietako bat.

Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.

1925 urtean gaude. 7 urte pasa dira milaka heriotz utzi dituen Lehen Mundu Gerratik, Stanley Kubrick-ek maisuki "Paths of Glory" (loriaren bideak) filmean eder bezain gordin islatu zuena. Europa oraindik gerrak utzitako itzal luzearen itzalpean dago, ilun eta kolorerik gabe, hondamendiari ahal duen moduan aurre egin nahian, Espainia 1923tik Primo de Riveraren diktadurapean bizi den bitartean.

Urtebete lehenago, George Mallory eta Andrew Irvine Everest-en desagertu dira, Himalaiako misterio handienetakoari hasiera emanez: Everesteko gailurrera iritsi ziren? 75 urte beranduago, 1999 urtean, Mallory-ren gorpu erdi-biluztua aurkitu zen, buruz behera etzanda, harri artean erdi-estalita. Mallory-ren objetu pertsonalen artean bi falta ziren: gailurrean uzteko asmoa zuen Ruth emaztearen argazkia eta berarekin zeraman argazki-makina. Aurkikuntza honek gailurrera iritsi ote ziren argitu ez bazuen ere, honen inguruko hipotesi, artikulu eta liburuen argitarapena ugaritu zituen. Gaur egun misterioa oraindik ez da argitu, baina adituen ustez Mallory eta Irvine ziurrenik ez ziren gailurrera iritsi. Egunen batean bakarren batek argazki-makina topatzen badu beharbada misterio hau argituko da...

Himalaian hau guztia gertatzen zen bitartean, etxetik gertuago, 1924ko urteko martxoaren 16an, Club Deportivo Bilbao Elkarteko Angel Sopeña Oruetak Gorobel mendilerroko Frailea Haitza lehen aldiz eskalatu zuen, Euskal Herriko lehen eskalada dokumentatuz. Gertaera hau euskal mendizaleen artean pixkanaka zabaltzen ari zen bitartean, maiatzaren 18an, Elgetako plazan Euskal Mendizale Federazioaren aitzindari izango zen "Federación Vasco Navarra de Alpinismo" federazioa eratu zen.

1925 urtera itzulita, ekainaren 7an Tolosako parrokian gaueko hamabiak hogei gutxi joak zirenean, ia hogei orduko ibilaldi luze eta gogor baten ondoren 14 lagun herrira itzuli ziren, horien artean gerora oso ezagun bihurtuko zen Xebe Peña gaztea. Mendizale hauek oraindik ez zekiten baina ia ehun urte beranduago ibilaldi hau lau urtean behin milaka mendizalek errepikatuko zuten "XIV orduko ibilaldia" izenpean. Gertaera honetatik hilabete pare batera, abuztuaren 27an, Urbiako aterpea eta baseliza inauguratu baino hiru egun lehenago, Angel Sopeñak (urtebete lehenago Frailea Haitza eskalatu zuen berberak) Picu Urriellu-a eskalatuko zuen, gailurra zapaltzen zuen lehen euskaldunean bihurtuz.

Mendizaletasunaren inguruko bitxikeri hauekin amaitzeko, urte bete beranduago, 1926 urteko apirilean hain zuzen ere, Pyrenaica aldizkaria jaioko zen, Henry Russell (Vignemaleko leizeak egin eta bertan bizi izan zen Henry Russell bera) 1902 urtean argitaratu zuen liburuaren izenburua gogoratuz. Bost hilabete beranduago, irailaren 9an, Antxon Bandres, Adolfo Salcedo eta Enrique Uriartek Mont Blanc-eko gailurra zapalduko zuten lehen euskaldunak izango ziren, euskal mendizaleei Alpeetako ateak irekiz.

Mendian gauza hauek guztiak gertatzen ziren bitartean, 1925ean Zegamako paper-fabrikak Aizkorriko mendi-hegaleko urak jasoko zituen ubide bat eraiki zuen: Aizkorrondoko ubidea. Urtebete beranduago "Electra Aitzgorri" enpresa sortu eta bi zentral hidrauliko txikiren bidez (Ezpaleo eta Aldaola zentralak) argindarra sortzen hasi zen. Argindar horri esker paper-fabrikaren funtzionamendua hobetuko zen eta horrez gain, Zegamako eta inguruko herrietako (Gabiria, Legazpi, Mutiloa, Segura eta Zerain) biztanleek ere aprobetxatuko zuten. Esaten denez, Zegamako Olaberri auzoan piztu zen Gipuzkoako lehen bonbilla, probintziako lehen zentral hidraulikoan sortutako energiari esker.

Ubidean ikusiko ditugun uhatetxoetako bat.

Aizkorriko ubideak Aizkorriko ipar horma besarkatzen du menditik erortzen den ura jaso eta Iturbegietako presara eramanez. 700 metroko kotan eraikia, mendiaren erliebeari itsatsia dago, gerriko estu bat gorputzaren zimurretara itsasten den moduan. Bi tartetan banatu daiteke:

Ubidearen lehenengo tarteak Altzania ibaiko urak jasotzen ditu, Aldaolako zentral zaharreraino (gaur egun ez dago). Sandratiko leizearen ekialdean Altzania ibaia iturburu batean jaiotzen da, neguan 300 litro segundoko emaria duen bitartean udan 14 litrokoa duena. Emari horren zati bat Aldaolako zentralera deribatzen da, gutxi gorabehera 300 metroko luzera duen ubide baten bidez, Aldaolako aparkalekutik Sandratira goazenean zeharkatzen den ubide bera. Deribazio hori oraindik egiten da, gizakiaren kapritxoaren ondorioz, Altzania Mediterraneo eta Kantauri itsasoan ura era berean isurtzen duen ibai bakarrean bihurtuz.

Ubidearen bigarren tarteak Iturbeltzerrekea eta Aldaolaerrekea erreken urak jaso, eta Aldaolako zentralean aurrekoarekin bat egin ondoren, bost kilometroko bidea egiten du, mendiari lapurtutako urak Iturbegietako presan utziz. Ubidearen tarte honen beste muturra Zegamako geralekuaren gainean dagoen Lizarrekoerrekea errekaren urak jasotzen ditu, eta handik presaraino hiru kilometro egiten ditu.

Iturbegietako presan ubidearen bi tarteetatik iristen den ura bildu, eta 330 metroko desnibela eta 1.200 metroko luzera duen karga-hodia zeharkatu ondoren, urak Ezpaleo zentralean eta Oria ibaian amaitzen du ibilbidea. Zentral hori martxan dago oraindik.

Urteen poderioz hainbat lekuetan goroldioa ubidea estaliz joan da honen memoria ere ezkutatuz.

Egungo ikuspegitik honelako ingenieritza obra bat Aizkorrin pentsaezina izango litzateke, eta ez ingurumen-inpaktuagatik bakarrik...

IBILBIDEA

Ibilbidea Zegamako geralekuan hasi nuen. GI-3251 errepidean behera 50 metro inguru jaitsi ondoren eskuinera doan pista hartu eta bertatik jarraitu nuen ubidearekin topo egin arte. Ubidea lehenik hego noranzkoarekin jarraitu nuen, Aldaolaerrekea errekara iritsi arte.

Pistara itzuliz, ubidea ipar noranzkoarekin jarraitu nuen, ubidearen beste zatiaren hasiera arte, Lizarrekoerrekea errekara arte hain zuzen ere.

Ibilbidearekin amaitzeko, Lizarrrekoerrekea erreka zeharkatu eta honen iparrean dagoen pistara iritsi ondoren, pistatik jaitsi eta geralekura itzuli nintzen.

IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Ibilbidearen luzera: 16,5 kilometro.
- Punturik baxuena: Zegamako geraleku azpiko bidegurutzea, 515 metro.
- Punturik altuena: Aldaolaerrekea, 700 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 300 metro inguru.
- Zailtasuna: Hegoaldeko tartean bi luizi erraldoiek ubidea apurtu dute. Puntu hauetan kontu handiz ibili beharko dugu arreta handia eskatuko digun zeharkaldia egin eta pasagune isolaturen batean eskuen laguntza beharko dugulako. Iparreko tartean ere luizi baten eraginez pinudi bat ubidearen gainera erori da, zeharkaldia dezente zailduz. Zati hauek guztiak ekidin ahal izateko, gomendagarriena da Zegama - Aizkorriko kilometro bertikalak jarraitzen duen bidea hartu, eta ubidera iristen garenean, ubidearen zeharkaldia bertan hastea. Nire ustez ez da ubidearen edertasunik galtzen, ibilbidea errazagoa izango da eta gainera hainbat kilometroetan murrizten da.
- Ura: Zegaman edo Iturbegieta iturrian hartu daiteke.
- Jaitsiera: Ubidearen ipar muturreraino iritsi nintzenez, honen iparrean dagoen pistatik Zegamako geralekuraino arazorik gabe jaitsi nintzen. Zegama - Aizkorriko kilometro bertikalaren aukera hartuko bagenu, egokiena bertatik jaistea izango litzateke.
- Eramandako materiala: Aparteko materialik eramatea beharrezkoa ez den arren, makuluak lagungarriak izan daitezke.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: laur ordu eta hamar minutu, atsedenak barne.

Ibilbidea deskargatu nahi baduzue:
Powered by Wikiloc

DESKRIBAPENA

Begi bat errepidean eta bestea kotxearen erlojuan neraman. Bazkaltzeko orduak ihes egingo zidanaren beldurrez, kotxe zaharraren kexei erreboluzioak igoz erantzuten nien, bihurguneak kotxeak ahal zuen azkarren hartuz. Denborak ihes egin zidan, distantziak ihes egin zidan bezala eta orain hutsegite hori ordaintzen ari nintzen. Atzean, lau ordu pasatxo eta ia 17 kilometroko ibilaldia geratzen ziren, aurretik aldiz, Itziri elkarrekin bazkalduko genuela emandako hitza. Eta momentu honetan bigarrena zen bietatik garrantzitsuena, kotxearen motorraren zarata nekatuak gogorazten zidan bezala.

Aspaldi nuen Aizkorrondoko ubidea jarraitzeko kuriositatea. Ez nekiena zen joan etorria 16 kilometrora luzatuko zenik. Eta ibilbidea mozteko aukera izan banuen ere, nire burugogorkeriari ohorea eginez, behin hasita ezin izan nuen amaitu gabe utzi, ez duen edertasunagatik, gauzak erdizka ezin ditudalako utzi baizik.

Dena hasi zen Zegama zeharkatu nuenean San Martin elizaren erlojuak goizeko bederatziak markatzen zituela ikusi ondoren. Mendian ibiltzen hasteko berandu bazen ere, Zegamako geralekuan kotxe gutxi batzuk besterik ez zeuden aparkatua. Kotxetik atera, motxila hartu, eta denbora galdu gabe, martxan jarri nintzen.

Zegamako geralekua, ibilbidearen hasiera eta amaiera.

Geralekuraino iristen den GI-3251 errepidean behera 40-50 metro eskas ibiliak nituenean, eskuinera doan pista nabarmena hartu nuen, neguan Iraule-Arbelaitzeko kanaletara iristeko jarraitu izan ohi duguna.

Bidegurutzea...

Bihurgune itxi baten ondoren, pistak pinudi bat zeharkatzen du. Erretxina eta enbor moztu berrien usain goxoak igoera goxatzen zuen bitartean, basoa garbitzeko erabilitako makinek pistan utzitako arrasto sakon eta lokaztuak ekidinez jarraitu nuen, zapatilak ahalik eta garbien mantendu nahian. Presaka nindoala sentitzen nuen, bihotz taupadak arin eta arnasketa azkar, ubidera berehala iritsi nahiko banu bezala.

Pinudian...

Ubidearen presentzia adierazten duen egurrezko hesia eta kartela ikusi nituenean abiadura moteldu nuen. Kotxetik irten nintzenetik ordu laurden bat besterik ez zen igaro egurrezko hesien artetik pasatu nintzen arte.

Ubidearen hasierara iristen.

"Piii, piii, piii, piii". Paisaiarekin bat ez zetorren hots batek geldiarazi ninduen. "Piii, piii, piii, piii". "Ze kristo?" pentsatu nuen batera eta bestera harreta osoz begiratuz. "Piii, piii, piii, piii". Hotsa hiru aldiz entzun behar izan nuen bere jatorria motxilatik zintzilik neraman GPSan zegoela deskubritu ahal izateko. "Piii, piii, piii, piii". Kotxeko keinukarien moduan, pilen energia adierazten duen barratxoa piztu eta itzaldu zebilen, GPSa edozein momentuan itzaliko zela mehatxatuz. Aparatuaren eskaerari erantzunez, pilak aldatu eta berriro ere martxan jarri nuen. 

Pilak aldatzeko pasa nuen denbora motza izan bazen ere, ongi etorri zitzaidan oraindik nuen presa sentsazioa lasaitzeko. Bihotz taupadak moteltzearekin eta arnasketa lasaitzearekin batera, harrizko hormatxo baten gainetik pasatuz ubidea jarraitzen hasi nintzen.

Harrizko hormatxoa.

Altzania errekaren urak jasotzen dituen ubide zabal eta urtsua gogoan nuela (oraindik ez nekien ubide hau Aizkorrondokoa ez zenik), lehen metroetan landarediak hartutako ubide estu eta lehor bat ikusteak harritu ninduen, nahiz eta honen ezkerrean doan bidexka garbituta egon.

Landaredia badoa bere bidea egiten...
05

Landaredia ubidea hartzen hasi bada ere, honen ezkerretik doan bidexka garbia dago, ibilkera erraztuz.

Ordu laurdeneko ibilaldiaren ondoren, basoaren iluntasunak argiune zabal batek apurtzen zuela ikusi nuen. Hain argiune handia ikusteak harreta deitu zidan, mendiaren isurialde honetan basoaren presentzia jaun eta jabe izaten delako. Aurretik zer izango nuen nire buruari galdezka, basoaren ertzera iritsi nintzen.

Argiunea basoaren amaieran...

"Ostia, desprendimendue!!!!". Basoaren ertzetik begira, aurrean 2020 urtean izandako luiziak utzitako orbain ikaragarria nuen, 60-70 metro inguruko zabalera izango duena. Ez zen ez bidezidur ezta ubidearen arrastorik ikusten; harri, lokatz eta apurtutako zuhaitzen enbor okerrez eta bizitzarik gabeko sustraiez estalitako eremu suntsigarri bat baizik.

2020ko luizi izugarriak mendian utzitako orbaina.

Luiziaren bestaldean ubideak non jarraituko zuen gutxi gora behera identifikatu nuenean, Larrunarriren begiradapean luizia kontu handiz zeharkatzen hasi nintzen. Lehen metroak lokatz eta harri artetik ateratzen diren adar eta sustraietatik tiraka irabazi nituen. Aurrerago, luiziaren bestaldera igarotzeko eta berriro ere ubidearekin topo egin ahal izateko makilak lurrean ongi sartuta izatea eskatu zidaten ageriko pasagune pare bat zeharkatu behar izan nituen: "Joer trabesikin!!" oihukatu nuen Larrunarriri begira zeharkaldia amaitu nuenean.

"Joer trabesikin!!", bota nuen lasai Larrunarriri begira.

Luiziaren zeharkaldiak sortutako urduritasuna gorputzean oraindik bueltaka nuela, basoaren iluntasuna bigarrenez bortizki apurtzen zela ikusi nuen.

"No jodas!!" pentsatu nuen parean beste luizi batek utzitako hondamendia ikusi nuenean.

"No jodas!!!"

Bigarren luizia berehala ezagutu nuen, bere ezker ertzetik Zegama-Aizkorriko kilometro bertikala igotzen delako. Lehenago egin nuen moduan, luiziaren bestaldean puntu bat identifikatu, eta harri ezegonkorren gainetik kontu handiz ibiliaz bertara zuzendu nintzen, oraingoan uste baino zailtasun gutxiagorekin. Minutu gutxietan ubidean nengoen berriro ere.

Luiziari argazki bat egiten nion bitartean, atzean hots goxo bat entzun nuen, xuxurla baten modukoa, berehala identifikatu nuena: Uraaa!!!!!

Goroldioak mendi magalatetatik isuritako ura ubidean emeki-emeki uzten zuen bitartean, milaka tantek, ubidean atseden hartu aurreko azken esfortzuan sinfonia lasaigarria osatzen zuten, txalaparta bat izango balitz moduan.

Uraaaa!!!!

Animatu ninduen ubidean ura ikusten hasteak. Metro batzuk aurrerago, klimak eta denborak memoria ezabatzen hasita dion informazio kartel bat topatu nuen; ubidean ikusiko nuen lehena, Aizkorriko eraketa geologikoaren inguruko azalpenak ematen dituena.

Aizkorriko azalpen geologikoak ematen dituen kartelak.

Zegama-Aizkorriko kilometro bertikalaren puntu gorriak ikusi nituenean, ubidearen zeharkaldia hemendik hastea seguruagoa izan daitekeela pentsatu nuen, luiziak saihesten direlako. Lurra bustia dagoenean luiziak zeharkatzea zer izango den pentsatzeak bakarrik hotzikara beldurgarri bat sentiarazi zidan.

Uraren zurrumurru etengabea lagun, hemendik aurrera ubidea garbiagoa zegoela iruditu zitzaidan, landarediarik gabe, landareetatik eroritako haziak urak urrun eramango dituelako ziurrenik.

Uraren zurrumurru etengabea lagun...

Leize baten iluntasunetik datorren Iturbegieta iturriaren parean dagoen informazio kartelera iritsitakoan ubidea bat batean zabaltzen da, orain arte atsedenik gabe zihoan urari atsedena pixkanaka emanez.

Iturbegieta iturria...

...eta informazio katela, oraingo hau ubidearen inguruko informazioa duena.

Ubidea zabalduz doa Iturbegietako presan (argazkian ikusten den eraikinaren parean) amaituz.

Bigarren informazio kartelak Aizkorrondoko ubidearen inguruko informazioa jasotzen du, ia bere osotasunean kronika honen sarreran azaltzen dena. Kartela irakurri nuenean konturatu nintzen ubidearen amaiera arte beste bost kilometro nituela. "Denbora sobran dauket..." pentsatu nuen, bost gehi bost hamar direla ohartu gabe.

Iturbegietako presak ubidearen bi adarretako urak jasotzen ditu, hauen abiadura motelduz. Baina uren pausaldiak ez du luzean irauten, zeren eta jolas-parke bateko errusiar-mendi erraldoi bat izango balitz bezala, Ezpaleo zentraleraino 330 metro desnibeleko jaitsiera bortitz eta azkarra zain dutelako.

Iturbegietako presa.

Eraikin txikiaren ezkerretik pasatuz presaren bestaldean dagoen pista zeharkatu eta ubidearen ezker ertzetik jarraitu nuen.

Presaren bestaldeko pista.

Presatik aurrera ur-korronteak urteetan jarraitutako jarioaren kontra jarraitu nuen, maldan gora beraz, bizitzan korrontearen kontra joaten denean bezala. Mendia alde honetan hezeagoa zela iruditu zitzaidan, ubidea tapizatzen duen goroldioan usaindu daitekeena.

"... basoaren hezetasuna ubidea tapizatzen duen goroldioan usaindu daiteke".

Ubideak mendiari besarkatuta eusteko osatzen duen bihurgune bakoitzera kuriositateaz kutxatuta iristen nintzen, bihurgunearen atzean zer topatuko nuen  misterio bat zelako: larizti bat, pagadi bat, animali iheskor bat, hegan atera zen oilagor bat...

Ubidearen bihurguneak...

Nire buruari egindako argazki bakarra.

Ubidean topatu nuen hirugarren informazio-kartela, denboraren eraginez hiruetatik kaltetuena, Zegama zeharkatzen duen trenbideari buruzko informazioa jasotzen du. Trenbidea 1858 eta 1864 urteen artean eraiki zen eta Zegamako mugen barruan 13 tunel zeharkatzen ditu. Izan ere, trenbideak Zegaman egiten duen ibilbidearen %55a lurrazpian egiten du.

Gertaera batek herri baten bizimodua erabat aldatu dezake, trenbideak Zegamako bizimodua aldatu zuen bezala. Behargin asko erakarri zituen, herritarren kopurua izugarri handituz, Ataunen atzetik herritar gehien zituen Goierriko herria izateraino. Urte batzuk beranduago industria Oria ibaiaren inguruan ezarriko zen eta Ordizia eta Beasain izango ziren gehien haziko ziren herriak.

Trenbideari buruzko informazio-kartela.

Hezetasunaren eraginez basoa aldatuz zihoan pixkanaka, uraren jario motelaren moduan: pagoek hurritzei tartea irabazten hasi zioten bitartean, ubidearen ertzak garoek apaintzen hasi ziren, basoari oihan tropikal baten itxura emanez.

Garoak ubidearen ertzetan pixkanaka nagusituz...

Ubideak tarte batean basoa utzi eta baso txiki batek bitan banatzen duen zelai bat zeharkatzen du. Zuhaitzen babesik gabe, hego-mendebaldeko haizearen zurrunbiloa sentitu nuen lehen aldiz, baita ipar-herrietako hotzetik ihesi Afrikara zihoan uso-talde pare bat ikusteko aukera ere, akordeoi baten moduan elkartu eta banatzen zirenak, hego-haizearen nahieraren arabera. Askotan pentsatzen dut, bidean dituzten oztopoak ezagututa nolatan bide bera jarraitzen duten urtero Afrikara iristeko. Saria hainbestekoa da bizia jokoan jarri ahal izateko? Beharbada bai, alternatiba hotzez hil eta ondorengorik ez izatea bada. Usoei begira, kontrako bidea jarraitzen duten milaka pertsonak burura etorri zitzaizkidan, bidearen oztopoak ezagututa bizia arriskuan jartzen dutenak, itxaropena bizkarra eman dieten kolore ezberdineko kontinente eta "gizateria" batean jarrita.

Zelaira iristen.

Zelaia bitan banatzen duen basora sartu nintzenean atentzioa deitu zidan ubidea altxatua ikustea, ubidearen eraikitze lana sekulako ingenieritza lana izan zela agerian utziz.

Ubidea altxatuta dagoen zatia.

Zelaiaren bigarren zatira iritsi nintzenean Aratzeko ekialdeko orratzak agertu ziren parez-pare: "eziñezkoa da kanal hau San Adrian azpin dauna izatea", pentsatu nuen. Ordura arte konbentzituta nengoen Sandratiko leizearen azpian dagoen ubidea (Altzania errekari ura lapurtzen diona) Aizkorrondoko ubide bera zela, baina Aratzeko orratzak hain altu ikusteak kontrakoaz konbentzitzen hasi ninduen. Ubideak nora iritsiko eramango ninduen argi izan gabe aurrera jarraitzea erabaki nuen: "behin honea iritxita bukaeraño iritsi beharko naiz ba...".

Aratzeko ekialdeko orratzak goian...

Aizkorri-Aratz parke naturalaren mugan barrena doan pista bat zeharkatu eta egurrezko pasabide batera iritsi nintzenean Aratzetik pixkanaka urruntzen ari nintzela ikusi nuen: "Hau ez da San Adriango kanala ni pa Dios" konbentzitu nintzen azkenik. Sandratiko leizearen azpira iritsiko ez nintzela baieztatuta, ubideak nora eramango ninduenaren ideiarik ez nuen. Eta non bukatuko nuen ez jakiteak kuriositatea ahalik eta gehiago piztu zidan, abiadura azkartuz.

Pista.

Egurrezko pasabidea, Aratz urrunduz doa pixkanaka...

Ubidearen amaierara iristen ari nintzela sentitzen hasi nitzen orain arte goroldioaz estalitako lekuetan tamaina ezberdineko hodiak ikusi nituenean, ubide zaharra oraindik ura eramatea kondenatzen dutenak. Orduan ubidearen mantentze lanaz urteetan arduratu ziren langileak gogora etorri zitzaizkidan. Langile hauek ubidean ematen zuten eguna, adarrak, hostoak, belarra lurra eta harriak garbituz, bai eta bertan itota agertzen ziren animaliak ateraz ere. Hainbeste baso dagoen leku batean ez dut uste lan arina izango zenik...

Errekastoetako ura ubidera zuzentzen...

Ubidea apurtua dagoen leku batean jarritako hodi handia.

Goizeko hamaikak eta hogeita bostetan, kotxetik irten eta bi ordu pasatxora, zentral elektriko baten itxura duen eraikin batera iritsi nintzen. "Aldaolako zentral elektrikoa?" pentsatu nuen. Galdera honi oraindik ez diiot erantzunik aurkitu. Ubidearen nondik norakoak azaltzen dituen informazio kartelaren arabera badirudi Aldaolako zentrala Altzania errekaren urak jasotzen dituen ubidearen amaieran zegoela, beharbada Aldaola eta Sancti Espiritu mendien arteko pistaren ondoan, baina ez daukat argi. Zegamako udalerriko mapak ere ez du misterioa argitzen. Ikertzen jarraitu beharko dut...

Zentral elektriko itxura duen eraikiniera iristen. Hau izango al da Aldaolako zentral elektrikoa?

Eraikinaren atzean, garo eta zuhaitzen artean ezkutatuta, Iturbeltzerrekea errekaren jario ahula porlanezko horma batek gelditzen du, gelditutako ura ubidera zuzenduz.

Eraikinaren bestaldea, argazkiaren ezkerrean Iturbeltzerrekea ikusi daiteke.

Argazki batzuk egiten nituen bitartean ubideak eraikinaren atzean dagoen basoan jarraitzen zuela iruditu zitzaidan. Bitan pentsatu gabe eta genetikak eman didan malgutasun eskasa probatuz eroritako zuhaitz batzuen enborren artetik pasatu nintzen. Ezer ikusi ez nuen metro batzuen ondoren, eroritako adarrekin borrokatzea alperrik izan zela pentsatzen hasi nintzenean, pagoek erortzen utzitako hostoen artean ubidea berriro ere agertu zen.

Ubidean berriro ere...

Ubidearen zabalera (30 zentimetro eskas) eta hostoez beteta zegoela ikusita bidearen amaierara iristen ari nintzenaren susmoa hartu nuen. Eta susmoa egi bihurtu zen 50 metro eskas ibili ondoren Aldaolaerrekea errekara iritsi eta bertan hostoek erdi-estalitako uhate txiki bat ikusi nuenean.

Aldaolaerrekea errekaren (argazkian ikusten dena) ondoan dagoen uhate txikia.

Ubidea gehiago luzatuko zela pentsatuz, basoan gora eta behera ibili nintzen arrasto gehiagoren bila baina ez nuen ezer topatu. Uhate txikiari hosto eta lurra gainetik kendu, eta argazki bat egin ondoren, zentral elektriko itxurako eraikinera itzuli nintzen. Nahiz eta Aldaolaerrekeara arte jarraitu, etxean ikusiko nuen bezala, Zegamako udalerriko mapak ubidearen amaiera Iturbeltzerrekean ezartzen du, eraikina dagoen lekuan hain zuzen ere.

"Ostia, hamabik laurden gutxi!!!". Erlojuak adierazten zidana baino, zur eta lur utzi niduena aurretik nuen bidea zen: "bost kilometro gehi hiru, zortzi. Ta kanala bukatzen den lekutio kotxera a saber...". Bote lasterrean hamar kilometro geratzen zitzaizkidala kalkulatu nuen. Etxera bazkaltzeko ordu "normal" batean iritsi nahiko banu azkar ibili beharko nuen. Bitan pentsatu gabe makilak eskuetan hartu eta itzulerako bidea bizi-bizi hasi nuen.

Zegama urrun, bailararen argitasunean iltzatuta...

Joanekoan lasai eta denbora hartuz ikusitako lekuak ziztu bizian pasatzen ziren bitartean Oria ibaiaren iturburuaz pentsatzen hasi nintzen. Askok Oria ibaiaren iturburua Sandratiko galtzadaren ondoan dagoen Eskaratza iturrian kokatzen dute, Aratz mendira joateko hartzen den bidegurutzearen ondoan dagoena. Kokaleku hau ez da zuzena, Eskaratzako ura ez delako Kantauri itsasora isurtzen. Edo bai? Eskaratzako iturria Altzania ibaiaren iturburu bada, honen uraren zati bat ubide baten bidez Oria ibaiara desbideratzen delako.

Euskal Institutu Geografikoaren arabera, Oria ibaiaren sorburutzat Otsaurteko mendatearen inguruan jaiotzen diren Latsaerrekea eta Otsaurteerrekea hartzen dira, zeintzuk Zupitxoetan elkartzen diren hemendik aurrera Oria ibaia izena hartuz. Bi erreka hauek aldi berean beste hainbat erreketako ura jasotzen dute, horien artean Aizkorrondoko ubideak jasotzen dituen erreketako urak, Aldaolaerrekea eta Iturbeltzerrekea horien artean.

Ubidearen ibilbidea hasi nuen lekura iristen.

Arin ibiliz, ordu bete eskasean ubidearen ibilbidea hasi nuen puntura iritsi nintzen. Iturbegietako presatik ubidearen beste muturrera hiru kilometro zeudela jakinda, kalkulu azkar bat eginez, hiru kilometro horietatik erdia baino gehiago eginak nituela kalkulatu nuen. Aurretik kilometro inguruko ibilbidea nuela kalkulatuta, gelditu gabe, pista zeharkatu eta ubidearen beste adarra jarraitzen hasi nintzen, oraingoan eskuin ertzetik. Geroago konturatu nintzen kalkulu azkar hau ez zela zuzena izan, ubidearen amaiera eta geralekuaren arteko distantzia ez nuelako kontutan izan.

Pista zeharkatzerakoan jarraitutako bidea.

Lizarrekoerrekea errekaraino luzatzen den tarte honen lehen metroetan ubidea erdi-estalia topatzea atentzioa deitu zidan. Tarteren batean ubidea argi ikusten bazen ere, orokorrean hostoek eta landarediak ubidea hartuta zutela iruditu zitzaidan.

Tarte honetan ubidea erdi-estalita dago...

... nahiz eta leku batzuetan nabarmenago agertu.

Bihurgune bat atzean utzi ondoren bat batean gelditu behar izan nintzen. Horma zeharkaezin baten moduan bidea luizi batek botatako pinu eta sastrakek ixten zidaten. Batetik eta bestetik saiatu ondoren, ubidetik behera metro batzuk jaitsiz eroritako pinuen adarren artean igarotzea lortu nuen, lasai asko bazkaltzen ari ziren zaldi batzuen harridurazko begiradapean.

Eroritako pinudia atzean utzi ondoren.

Ubidean berriro ere.

Garaipena ospatzen hasita nengoenean bidea eroritako beste pinu batzuk berriro ere itxi zidaten: "Manda huevos!!". Oraingoan ere ubidetik behera metro batzuk jaitsi eta eroritako pinuen artetik pasatzea lortu nuen, adar artean ezkutuan zeuden sasien arantzek eragindako urradurak ordainsari bezala ordainduz. Belar batzuetatik tira eginez ubidera bigarrenez itzuli nintzen.

"...ubidera bigarrenez itzuli nintzen".

Sasiek eragindako urradurak urarekin garbitzen nituen bitartean bi gauza argi geratu zitzaizkidan: lehena, bietatik argiena nuena, "ni pa Dios" ez nintzela bide beretik itzuliko. Bigarrena, bietatik kezkagarriena, basoaren egoera okertzen bazen beharbada bide beretik itzuli beharko nuela. Bigarren kezka pixkana uxatzen joan zen pagoek pinuei lekua hartzen hasten zirela ikusi nuenean, eta erabat uxatu zen bihurgune baten ondoren eguerdiko eguzkiaren argi zuriaren azpian Lizarrekoerrekea ikusi nuenean.

Kezka erabat uxatu zen bihurgune baten ondoren Lizarrekoerrekea ikusi nuenean.

Pistatik Lizarrekoerrekeara arteko hogei minutuak intentsitate handikoak izan ziren, eta ubidearen egoera nolakoa den ikusita, ez dakit merezi duen hogei minutu eta kilometro batera iritsiko ez den tarte honi bisita egitea, nik gutxienez ez dut gomendatzen. Errekari eta bere jarioa desbideratzeko dagoen uhatetxoari argazki batzuk egin ondoren errekaren bestaldera pasatu eta bertaraino iristen den bide nabarmenera irten nintzen.

Uhatetxoa...

... eta Lizarrekoerrekea.

Kasualitatez bide honetatik duela aste pare bat Asierrekin jaitsi nintzenez, banekien ez nuela ordu erdi baino gehiago beharko geralekura itzultzeko. Hala ere, erlojuari begiratu eta ordubatak eta hamar zirela ikusi nuenean arin jarraitzea erabaki nuen, beranduenez ordubietarako etxean egoteko.

Bidean dagoen seinaletako bat.

Bidea Lizarrekoerrekearen ezker ertzaren gertu mantentzen da pista batekin topo egiten duen arte. Hortik aurrera Lizarrekoerrekeatik poliki aldenduz jaisten jarraitzen dugu, errekaren ahotsa zurrumurru bihurtu eta zurrumurrua basoaren isiltasunean desegiten den arte.

Pista hau geralekua eta Oazurtza lotzen dituen pista nabarmenarekin bat egin zuenean banekien kotxera berehala iritsiko nintzela.

Geralekua eta Oazurtza lotzen dituen pistara (argazkiko ezkerrekoa) iritsitakoan jarraitutako bidea.

Hau amaitzear dago...

Ordubata eta erdietan, kotxetik irten nintzenetik lau ordu eta hamar minutura, kotxez hustutzear zegoen geralekura itzuli nintzen.

Geralekuran berriro ere...

Motxilaren zama kotxearen atzeko eserlekura bota arren, ihes egindako denbora eta distantziaren zama sorbaldetatik zintzilik nuen oraindik, bazkaltzera garaiz ez iristeko tiraka nuen lasta bat izango balitz bezala. Kotxearen motor nekatua martxan jarri eta maldan behera zuzendu nuen, geralekua bere bakardadean utzita.

KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- Zegamako udalerriko mapa. Burdinola Elkartea, 2016. Ikusgai: https://www.legazpi.eus/files/LIBURUTEGIA/BURDINOLA/4-Mapak/Zegamako_mapa_2016.pdf
- ingeba (Instituto Geográfico Vasco) web orria. Rio Oria. Ikusgai: https://www.ingeba.org/klasikoa/geografi/mug101/m064079.htm.
- Iturriza A. Historia testimonial del Montañismo Vasco. El descubrimiento de la montaña (1848-1936). 95-143. Bilbo. Pyrenaica. Euskal Mendizale Federazioa, 2004.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina