AZKEN 10 SARRERAK
2023/10/10
AIXITARTE (BIAIZPE), HAITZ TXIKIA: "LANBROA" BIDEA, 150 m, 6a. 2023-10-01
Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.
“Aupa artista, biharko planik badezu?”.
“Ze asmo dezu zuk?”.
“Ba ez dauket ezer burun”.
“Esaidazu a ber, bestela hau ere egiteko asmoa badaukat”.
Asierrek azken mezuarekin batera bidali zidan “Lanbroa” bidearen nondik norakoak irakurri nituenean ez nuen asko behar izan baiezkoa erantzuteko. Bigarren aldia izango zen Aixitartera (Biazpe) eskalatzera joango nintzela, bigarren aldia Haitz txikian. Lehen aldia aspaldi izan zen, eskaladan lehen urratsak eman nituen garaian. Haritz Zeberiok egin zidan gonbidapenari jarraituz “Txemi” bide mitikoa eskalatzera zuzendu ginen. Orduan ez nekien baina ez nuen “Txemi” bezalako eskalada-bide bat eskalatzeko eskarmenturik ezta mailarik ere, baina ausardia sobra ere bai, jejeje. Friend bat eskuan izan nuen lehen aldia izan zen, oinen azpian amildegi ikaragarria sentitu nuen lehen aldia, aseguruen arteko tartea mugagabea izan daitekela ikusi nuen lehen aldia baita "kuarto mas" zailtasuneko luzeetan erori nintekeela egiaztatu nuen lehen aldia ere. Hau gutxi ez bada, poltsikoan neraman telefono zaharrak ihes egitea eta A-15 autobideraino hegan egitea erabaki zuen. Egun hartan gertatu zitzaidan gauzik ederrena bigarren luzean euria hastea izan zen, eskalada bertan behera uztera behartu eta mundu horizontalera itzularazi gintuena, jejeje.
Hainbat urte beranduago ez nuen euriaren ezta eskarmentu faltaren aitzakiarik izango; mailarena beste kontu bat izango zen, 6a maila A0 moduan eskalatu gabe eskalatzen dudan mugan dagoelako. Gainera, “Lanbroa” ekipatuta dagoenez, friend eta artaka trabagailuen pisua etxean geratuko zen: “aspaldiko partez ekipatutako bide bat eskalatzera goaz…” pentsatu nuen bezperan, motxila prestatzen nuen bitartean.
BIDEAREN DATU BATZUK
- Luzera: 150 metro.
- Luze kopurua: 5.
- Nork irekia: Ez dut honen inguruko daturik topatu.
- Zailtasuna: 6a. Luzez luze: 1º: V (35m), 2º luzea: III+ (20 m), 3L: V+ (30 m), 4ºL: 6a (40 m) eta 5ºL: V (25 m).
- Orientazioa: Lehenengo bi luzeak mendebaldea, azkeneko hiruak aldiz hegoaldea. Udan, arratsaldean batez ere, bero handia pasa daiteke.
- Ura: Irurtzunen hartu daiteke.
- Hurbilketa: 15 minutu inguru. Kotxea uzten den lekutik errepidea gurutzatu eta altua den metalezko pasagune batetik hesia zeharkatuko dugu. Hemendik gora bidexka bat jarraituko dugu harriak eusteko jarrita dauden metalezko sare batzuetara eramango gaituena. Sareak eskuinetik zeharkatu eta soka finkoaz aseguratutako bi pasaguneren ondoren “Plataforma” eskalada-sektorera iritsiko gara. Bidearen hasieran bidexkaren amaieran dago, “Naturaren bihotzean” bidearen eskuinean dagoen parabolt lerroaren azpian.
- Jaitsiera: 20 minutu eskas. Bidearen amaieratik ezker aldera gandorraren ahotik jarraituz Haitz txikiaren gailurrera iritsi aurreko mendi-lepora iritsiko gara. Hemendik ezker aldera jaitsi eta burnizko barra handi batzuk dituen harkaitz-plaka jaitsi ondoren bidexka bat jarraituko dugu laugarren “bis” bilgunera iritsiz. Hemendik aurrera, hormaren oinetik gertu mantenduz bidexka jarraitzen segiko dugu mugarri bat duen bide nabarmen batekin topo egiten dugun arte. Mendiaren behera sigi-sagan jasiten den bide hau jarraituz, harizti batean sartu eta egurrezko poste adierazle batekin topo egingo dugu. Bertan eskuinera joko dugu, SL-NA 138 bidea hartuz, Latasa eta Orazuloko gunera zuzentzen dena. Metalezko ate txiki bat zeharkatu ondoren pista batera iritsiko gara, kotxea utzi dugun lekutik 50 metro eskasera.
- Eramandako materiala: Bidea ekipatuak dagoenez, luzera ezberdinetako 14 express-zinta eta bilguneak muntatzeko zinta-uztaiekin nahikoa izango dugu. Guk 50 metroko soka bakarra eraman genuen. Walkie-talkie batzuk eramatea oso gomendagarria izan daiteke, A-15 errepidetik datorren zaratak bilguneen arteko komunikazioa zailtzen duelako.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Bi ordu pasatxo.
BIDEAREN KROKISA
Ibilbidearen nondik norakoak. Urdinez, jaitsierako bidea.
Krokis zehatza.
DESKRIBAPENA
Autobideko ertzetako landareak leihoetatik ziztu bizian pasatzen ziren bitartean, furgonetaren argiek nekez apurtzen zuten Sakana estaltzen zuen laino itxi eta astuna:
- “Lanbroa” lanbro artean eskalatu behar al dugu? – izan zen goizeko lehen “txistea”, jejeje.
Irurtzunera sartu eta herrigunean pare bat buelta egin ondoren, herria alderik alde zeharkatzen duen etorbidea jaitsi genuen Donostiara doan A-15 errepidera zuzenduz. Baina A-15 errepidera daraman irteeratik irten beharrean, irteera honen eskuinean hasten den NA-1300 errepidea hartu genuen (Lekunberrira doan errepide zaharra). Errepide honetatik 650 metro inguru egin ondoren, lehenengo tunelera iristearekin batera, honen sarreraren eskuinean dagoen zabalunean aparkatu genuen, txirrindularien presentziaz ohartarazten duen kartel handi baten ondoan.
- Ño, hotza egiten dulaaa – esan nion Asierri furgonetatik irten nintzenean.
- Ba bederatzi gradu – erantzun zidan -. Gutxiñez geroako beroa emanda dau.
Ez zen denbora luzea igaro motxilak sorbaldetatik zintzilikatu eta martxan jarri ginen arte. Errepidea gurutzatu eta errepide ertzeko hesia zeharkatzeko dagoen metalezko pasagune altua zeharkatu ondoren, tunelaren ezkerrean hasten den bidexka batetik igotzen hasi ginen.
Kotxea uzten den lekutik jarraitu behar den bidea.
Bidexkaren lehen metroetan, ezkerrean Haitz handia.
Ezpelen artean doan bidexka honi jarraituz berehala ikusi genituen mendian iltzatuta dauden metalezko sare erraldoia, A-15 errepidea hormatik eroritako harkaitzetatik babesten duena. Goizeko hotzean, ezpelen usain freskoak airea gozotzen zuen. Kuriosoa bada ere, Nafarroan eskalatzen dugunean ohikoa da ezpeldi batetik pasatzea; izan ere, ezpelak usaintzen ditudan bakoitzean Nafarroako eskaladaren batekin gogoratzen naiz.
Metalezko sare erraldoira hurbiltzen. Parean ikusten den horman "Plataforma" sektorea dago.
Metalezko sare erraldoia eskuinean duen zirrikitutik zeharkatuz bidexkatik goraka segi genuen, pixkanaka tentetuz zihoana.
Metalezko sarea zeharkatzen.
Bi Haitzen artetik ihes egiten zuen haizeak lainoa txikle baten modura luzatzen zuen, Haitz handia noizik eta behin erdi estali eta itxura beldurgarri bat emanez. Haitzaren ezkerrean eskegita, ilargi beteak oraindik ez zuen zerua utzi nahi.
Haitz handia lainoaz erdi-estalia.
Berehalada iritsi ginen soka finkoez aseguratutako bi zati malkartsuetara, “Plataforma” sektorearen hormaren oinean utzi gintuztenak.
Soka finkoetan.
Tropak ikuskatzen ariko bagina bezala, sektore honetan dauden eskalada-bideak bata bestearen atzetik pasatzen joan ginen: "Yo el antisocial", "Verónica", "Utopía o realidad", "Disfrutando del placer de no hacer nada"... "Naturaren bihotzean" bidera iritsi ginenean (plakatxo bat dauka oinean), bere eskuinetara izenik gabeko parabolt lerro bat zegoela ikusi genuen. Hasieran zalantzan izan ginen arren, Xabier Larretxearen kronika irakurri ondoren "Lanbroa" bidearen oinean geundela baieztatu genuen.
"Lanbroa" bidearen oinera iristen. Argazkian lehen bi paraboltak eta lerroak jarraitzen duen bidea ikusi daitezke.
Motxilak lurrean utzi eta gure bizkar izerdituak haize freskoaren mende geratu zirenean igoeran sortuta beroa berehala desagertu zen, hotza sentitzen hasiz berriro ere.
- Ni hasiko naiz, bale? - Esan nion Asierri arnesa jantzi nuenean.
- Arazorik gabe.
- Ea beize berotzen naizen, hoztuta nago eta.
Errekatik igotzen zen haizeak gorputzaren tenperatura gehiago jaitsi aurretik, ahal izan nuen azkarren prestatu eta eskalatzen hasi nintzen.
- Lehenengo luzea, 35 metro, V. Luzea bi ezpel txiki ezkerrean utzita hasten da, harkaitz-plakak sortutako ezproi itxurako zimur bat eskalatuz. Lehen metro hauek ez zitzaizkidan zailak iruditu (III) eta berehala igo nintzen ezproi itxurako zimur honen gainera.
Ezproitxoaren gainean.
Metro batzuk erdi-oinez ibili ondoren (II), hormatxo tente baten oinera iritsi nintzen.
- Pentsatzen det zailtasune hemen hasiko dela - esan nion Asierri eskuak magnesio-poltsan sartuz.
- Bai - erantzun zidan -, adherentziko bi plaka eskalatu beharra dituzu. Hoi lehenengoa dela esangu nuke.
Oinetan eskuetan baino konfiantza gehiago jarriz, lehenengo hormatxo hau kontu handiz eskalatzen hasi nintzen, metroak eskalatzen nituen heinean pixkanaka eskuin alderako joera hartuz. Ez naiz oso trebea itsasgarritasunezko pasagunetan, baina hormatxo honetan oinentzat helduleku onak zeudela iruditu zitzaidan, nahiz eta txikiak izan. Lehen hormatxo hau uste baino errazago eskalatu nuen.
- Zemuzkoa?
- Ez zait hain gogorra iruditu - esan nion Asierri -. Igual bigarrena zailagoa izango da.
Metro gutxi batzuk berriro ere erdi-oinez ibili ondoren (II+), bigarren hormatxoaren oinera iritsi nintzen, horma garbitzeagatik arrasto zuri eta nabarmen bat duena.
Bigarren hormatxoaren oinean.
Hormatxoa goitik behera aztertu, eskuak berriro ere magnesio-hautsetan zuritu eta, Asierri keinu bat egin ondoren, eskalatzen jarraitu nuen.
Bigarren hormatxoa lehenengoa baino zertxobait tenteagoa dela iruditu zitzaidan eta beharbada honegatik zertxobait zailagoa izan daiteke. Hala ere, ez nuen estutu behar izatearen sentsaziorik izan eta oinentzat heldulekuak bazeudela iruditu zitzaidan. Bi hormatxoetako harkaitzaren itsasgarritasuna ere oso ona iruditu zitzaidan. Orain arte gehien harritu ninduena harkaitzean dauden kolpeak izan ziren, mailu batekin harkaitza garbitzen ari izan balira bezala. Baina badirudi hormatik amildutako harkaitzek utzitako orbainak direla.
- Ez dakit zer esan, baina neri ez zaizkit kinto baino gehiago iruditu - esan nion Asierri bigarren hormatxoaren gainetik.
- Larretxeak estutu behar izan zuela jartzen du - erantzun zidan.
- Izan leike - erantzun nion - baña ni ez naiz adherentzin esperto bat eta ez zait iruditu estutu detenik. Gero esango didazu.
Bigarren hormatxotik gora inklinazioak berriro ere behera egiten du eta metro erraz batzuk eskuinerantz eskalatzen jarraituz (III-) hirugarren horma baten oinera iritsi nintzen, eskuinean sabaitxo bat duena. Hormatxo honetan bi parabolt-lerro zeudela ikusi nuen: orain arte jarraitu nituen parabolt metalikoak eskuin aldera zihoazen bitartean parabolt zuriz osatutako lerro bat zuzen jarraitzen zuen.
- Goraka dijoztenak "Olatua" bidenak die - esan zidan Asierrek bilgunetik.
"Olatua" bidea (40 m, V+) jarraitzen duten parabolt zuriak alde batera utzita, orain arte jarraitutako parabolt metaliko eta distiratsuen lerrotik jarraitu nuen, hormaren eskuinean dagoen sabai txikira zuzenduz, oinean arrail horizontal bat daukana.
Sabaia batetik eta bestetik begiratu ondoren bere eskuinetik eskalatzea erabaki nuen, pasagunea aseguratzen duen parabolta ezkerrean utziz (IV+), bertako heldulekuak hobeak zirela iruditu zitzaidalako.
Sabaitxoa eskalatu ondoren.
Sabaitxoaren gainetik bidearen hasierara egindako argazkia. Bertan, sare metaliko erraldoia ere ikusi daiteke.
Sabai txikia eskalatuta, azken metro etzan batzuen ondoren (III-) lehenengo bilgunera iritsi nintzen, uztaidun bi paraboltez osatuta dagoena.
- Zer iruditu zaizu?
- Neri ondo jarritako kintoak iruditu zaizkit - esan zidan Asierrek bilgunera iritsi zenean -. Baina halere uste nuena baino errexago eskalatu ditut.
Asier lehenengo hormatxotik irteten.
- Bigarren luzea, 20 m, III+. Asier bilgunetik irten eta, harkaitz-plaka inklinatu batean eskuinera goranzko zeharkaldi bat eginez, lehenengo bi paraboltetatik berehala pasa zen (III+).
Harkaitz-inklinatuaren gainetik lehenengo bilgunera egindako argazkia.
Harkaitz-inklinatua eskalatu ondoren, luzearen zailtasunik handiena.
Metro inklinatu hauen ondoren harkaitz-plaka berriro ere etzaten da. Eskuinera goranzko zeharkaldiarekin jarraituz, Asierrek ez zuen denbora luzea behar izan lehen bilgunetik ikusten den zuhaitzera hurbiltzeko.
- Reuniónnnnnn!!!! - Oihukatu zidan uste nuena baino lehenago.
Talkie-ak etxean utzi genituen ahaztuta eta bion arteko komunikazioa ez zen oso eraginkorra, A-15 errepidean gora eta behera zebiltzan ibilgailuen zaratak gure arteko oihuak itzaltzen zituelako. Asierrek soka bildu eta arnesetik tiraka hasi zitzaidanean eskalatzen hasi nintzen.
Harkaitz-plaka inklinatua eskalatu ondoren.
- Luze honi ze ematen diote?
- Terzero edo terzero mas - erantzun zidan Asierrek bilgunetik.
- Ah bale - erantzun nion -. Ahaztuta nengoen bide honetan hain luze erreza egongo zenik.
Bigarren luzearen azken metro etzanak. Bilgunea zuhaitzaren ezkerrean dago, uztaidun bi paraboltez osatuta.
- Hirugarren luzea, 30 metro, V+. Asierri arnesetik zintzilik soberan zuen materiala hartzen nion bitartean parean nuen horma makurtua goitik behera aztertzen hasi nintzen.
- Luze honek zer? - Galdetu nion.
- Kinto mas - erantzun zidan.
- Pentsatzen det pasoa hemen egongo dela, ez?
- Bai.
Horma makurtua dagoen arren, magnesioz zuritutako helduleku oneko arrail bertikal bat zuela iruditu zitzaidan. Zuhaitzaren enborrean oina bat jarri, gorputza altxatu eta lehen paraboltetik aseguratu ondoren berriro ere lurrera itzuli nintzen: "ea zuhaitzaren laguntzarik gabe eskalatzeko gai naizen", pentsatu nuen.
Asierri "Goazen ba!!!" bat esanez, eskalatzen hasi nintzen.
Gauzak diruditen bezalakoak izaten dira batzuetan, ez dago beste misteriori. Hirugarren luzearen lehen metroak azpitik diruditen bezalakoak dira, makurtuak eta besoetatik tira egitea eskatuko digutenak. Grabitate indarraren aurka borrokatuz, arrailean dauden heldulekuetatik tiraka lehen paraboltaren parera iritsi nintzen.
Lehen eta bigarren parabolten artean, edo niri behintzat hala iruditu zitzaidan, pasagunerik zailena dago. Lehen paraboltetik zertxobait eskuinera bota, bertan dagoen helduleku on bati heldu, gorputza berriro ere altxatu, ahal izan nuen azkarren bigarren paraboltetik express-zinta eta soka pasatu eta, besoa nekatu eta erori aurretik, arnasestuka, ezker besoa luzatu nuen paraboltaren gainean dagoen harkaitz-zubi handi bati heltzeko.
- Listo, orain ondo nago!!! - Oihukatu nion Asierri zoriontsu, harkaitz-zubia bi eskuekin heldu eta eroso jarri nintzenean.
Harkaitz-zubi handiari helduta, V+ pasagunea eskalatu ondoren.
Arnasketa bere onera itzuli eta besoetan pilatutako azido laktikoak giharretan eragindako mina desagertu zenean eskalatzen jarraitu nuen, Asier begi-bistatik galduz.
Ez nuen zailtasun handirik izan bigarren paraboltetik gora dagoen harkaitz-plaka inklinatua eskalatzeko (V-), ezta honen ondoren eskuin joerarekin eskalatzen den harkaitz-plaka eskalatzeko ere (III), bietan helduleku asko eta onak daudelako. Bigarren harkaitz-plakaren amaieran espero ez nuen horma bertikal batekin topo egin nuen, beraien erdian arrail bertikal eta nabarmen bat duten bi harkaitz-bloke erraldoiez osatutakoa.
Luzearen inguruko azalpenak irakurri gabe nituenez ez nekien luzea non bukatzen zen, honegatik, horma bertikalarekin topo egin nuenean egin nuen lehenego gauza hirugarren bilgunea bilatzen hastea izan nintzen. Ezer topatzen ez nuenez, metro batzuetan atzera egin eta bilgunearen bila jarraitu nuen. Ez nekien zenbat metro neramatzan eskalatuta eta Asierrekin komunikatzea ezinezkoa zen, entzun izan bazidan ere, ziurrenik ez niolako nik entzungo. Talkie-rik ez izateagatik mutu eta gor, eta Asier ez ikusteagatik itsu, horma bakarka eskalatzen ari nintzen sentsatzioarekin eskalatu beharko nuela sentitu nuen. Arrailaren azpira hurbildu eta bata bestetik oso gertu dauden bi parabolt ikusi nituen gorago: "paraboltetara iristen ez naizen arte ez det estutuko" pentsatu nuen arrailan eskuak sartuz.
Gorputza altxatzearekin batera eskuineko harkaitz-bloke handira pasatu eta lehenengo paraboltetik aseguratuz bere gainera igo nintzen. Bloke honetatik ezker aldera zeharkaldi ezeroso bat eginez bigarren paraboltera iritsi eta ezkerreko harkaitz-blokearen gainean kokatu nintzen, pasagunearen zailtasunekin amaituz (V). Teknikoki errazagoa bada ere, pasagune honetan hasierako horman baino estutasun gehiago pasatu nuen, ziurrenik bakarka eskalatzen ari nintzen sentsazioa izan nuelako denbora osoan.
Ezkerreko harkaitz-bloketik pixkanaka inklinatuz doan horma bat eskalatzen jarraitu nuen (V- hasieran, IV gero) lurrean parabolt bat duen gain batera iritsi nintzen arte. Bertatik, batera eta bestera begiratzen hasi nintzen arren inguruan ezpelak besterik ez nituen ikusi.
- Eta orain? Nun dago reunioa? - Galdetu nion nire buruari batera eta bestera begiratzen jarraituz.
Uztaidun bi paraboltez osatutako bilgune bat aurkitzen ez nuenez, lurrean zegoen paraboltean bilgunea muntatzea erabaki nuen. Eta parabolt honetatik segurtasunezko mosketoi bat pasatzen ari nintzenean, honen eskuinean, ezpelen itzalpean bigarren parabolt bat ikusi nuen: "Joer, reunioa hemen zegoen!!!".
Hirugarren bilgunea, muntatu ondoren.
Asierren burua berehala agertu zen luzearen hasierako horma bertikaletik.
- Ze iruittu zaizu? - Oihukatu nion.
- Netzako kinto mas ondo - erantzun zidan -. Ez zait hain zaila iruditu baina indarra behar den pasotan ondo ibiltzen naiz.
Harkaitz-plaka etzanera iritsi baino lehen egindako argazkia. Desenfokatua badago ere, arrail bertikala non dagoen ikusi daiteke.
Asier hasierako zailtasunak amaitu ondoren.
Pasatu nuen abenturaren nondik norakoak kontatu nizkionean barre egin zuen:
- Tentsio handiena orain eskalatu behar dezun pitzaduran pasa det - ohartarazi nion arrail bertikalaren oinera iritsi zenean.
Asierrek arraila maisutasun osoz eskalatu zuen, ezkerreko harkaitz-bloke erraldoiaren gainera berehala igoz.
- Honek ere berea badauke - esan zidan bilgunera iritsi aurretik -, baina lehenengo pasoa gogorragoa dela iruditu zait.
Zenbateko eragina duen faktore mentalak eskaladan, pasagune berean bi eskalatzailek esperientzia erabat ezberdina bizitzera eramateraino, jejeje.
Asier hirugarren bilgunera iritsi aurretik.
Laugarren luzea parean genuen horman identifikatu genuenean bilgunetik irten nintzen, Asier hirugarren bilgunean utziz. Bilgunetik eskuin aldera hartu eta ezpel handi batzuk eskuinetik inguratu ondoren parean dagoen hormara oinez zuzendu nintzen. Hormaren oinetik metro batzuetara mugarri txiki bat ikusi nuen baina luzea hormaren punturik baxuenetik hastea erabaki genuen, nahiz eta luzearen lehen parabolta urrun geratu.
Laugarren luzea eskalatzen hasiko ginen lekura "jaisten". Argazkian laugarren luzeko nondik norakoak zehaztasunez ikusi daitezke, baita parabolten kokalekuak ere.
- Orain dator 6a-ko luzea - esan zidan Asierrek nire ondora iritsi zenean.
- Ea nolakoa den.
- Aurreko luzek ikusita espero det oso zaila ez izatea.
- Laugarren luzea, 40 metro, 6a. Urrun dagoen arren, Asierrek ez zuen zailtasunik izan lehen parabolta jarrita dagoen harkaitz-plaka etzana eskalatzeko (III). Harkaitz-plaka parabolt hontatik gora tentetuz doa horma bertikal batekin topo egin arte (III+, gero IV+) baina bertan dauden helduleku onak aprobetxatuz Asierrek ez zuen bitan pentsatu behar izan pasagune ezberdinak eskalatzeko.
Horma bertikalaren oinean.
Luzearen lehen zailtasun serioa horma bertikal honetan dago eta 2-3 metro gorago dagoen erlaitz inklinatu batera igotzean datza. Batera eta bestera begiratu ondoren, Asierrek hormaren eskuinean dagoen ipuru txikiaren enborrari heldu eta, itxuraz behintzat, ez zuen zailtasun handirik izan erlaitzera igotzeko (V).
Erlaitzera igota. Zertxobait beherago, eskuinean pasagunearen eskalada errazten duen ipuru txikia ikusi daiteke.
Asier erlaitzaren eskuinetik eta ezkerretik begiratzen hasi zen irtenbide baten bila.
- Logikoena ez da ezkerrera bota eta ezkerren ikusten den fisuratik jarraitzea? - Galdetu nion.
- Izan leike baina hurrengo parabolta goien dago - erantzun zidan urduri xamar.
- Begiratuko det ea Larretxeak zer dion?
- Igual bai.
Telefonoa poltsikotik atera eta interneten Xabierren kronika aurkitu ondoren irakurtzen hasi nintzen.
- Ez du gauza haundirik zehazten - esan nion -, zortzigarren parabolten ezkerrea jo behar dela bakarrik.
- Ordun zuzen jarraituko beharko det - esan zidan -. Kontuz orain, bale?
- Bai, bai, lasai ibili - erantzun nion ozen, segurtasuna transmititu nahian.
Asier erlaitzaren eskuin ertzera hurbildu eta, inguruan zituen helduleku txiki guztiak ukitu ondoren, gorputza zuhurtzia handiz altxatzen hasi zen, poliki, zalantzaz betea. Asierren mugimenduak ikusita berehala konturatu nintzen erlaitzetik gorako 4-5 metroak zirela luzeari zailtasuna ematen ziotenak (6a). Zazpigarren paraboltera iritsi zenean nolabait erlaxatzen zela iruditu zitzaidan baina badaezpada ez nion ezer esan nahi izan, bere kontzentrazioa ez apurtzeko.
- Hemen ondo nau - esan zidan zortzigarren paraboltaren parera iritsi zenean.
- Argazki bat egiteko modun?
- Bai.
Argazki kamera atera eta azkar-azkar argazki pare bat egin nizkion.
Zortzigarren paraboltaren parean.
- Zemuzkoa?
- Ez nuen hain gogorra espero - erantzun zidan -. Beheko luzek nolakoak ziren ikusita behintzat.
Hotzikara batek gorputza alderik alde zeharkatu zidan: "Asierri gogorra iruditu bazaio ea nik nola ateratzen dudan".
- Gogoratu orain ezkerrera bota beharren zarela - ohartarazi nion.
- Bai.
Horma bertikalean dauden helduleku kamutsetan oinak ipiniz, Asierrek metro pare bateko zeharkaldia eginez, hormaren ezkerrean dagoen arrailera iritsi zen (V). Hemendik gora, pasatako estutasunak atzean geratuta, gozatzen zihoala zirudien. Arraila babariar teknikarekin eskalatuz, arrail estu eta tente baten oinean dagoen erlaitz txiki batera igo zen (V).
Ez zuen arraila denbora luzez begiratu behar izan nola eskalatuko zuen jakiteko. Arrail tentea eskalatuta (V), hormak inklinazioa galdu egiten du eta azken metro erraz hauek atzean utzi zituenean (III), Asier berehala iritsi zen bi paraboltez osatutako bilgunera.
Laugarren bilgunean. Bosgarren luzeak atzean ikusten den harkaitzezko "mingainatik" jarraitzen du.
Asierrek esandako "ez nuen hain gogorra espero" hitzak burutik kendu gabe hasi nintzen luzea eskalatzen. Horma bertikalaren oinera iritsi nintzenean burua astindu eta "Smithy ostia!!!! jarrera honekin ezin dezu eskalatzen jarraitu!!!" esanez urduritasuna aldentzea lortu nuen. 6a pasagunera iritsi nintzenean, harkaitzak eskeintzen zizkidan helduleku eta zimur guztiak magnesio hautsez zipriztindu nituen, Asierrek egin zuen moduan. Behatz-mamiak justu-jsutu sartzen zitzaizkidan helduleku batzuetatik tira egin behar nuenean eskuin besoa zabaldu eta alboko helduleku on bat aurkitu nuen. Helduleku honetatik tira eginez pasagunea uste baino errazago eskalatu nuen, ongi estutu nuen arren: "ostia ze onaaa!!!!".
Bilgunera pozarren iritsi nintzen, luzean ez nintzelako erori eta express-zintei heldu ez nielako, baina batez ere nire buruak hasieran esaten zidan mezu negatiboari aurre egin eta egoerari buelta eman niolako. Egoera hauetatik zenbat ikasten den!!!
- Zuk A0 modun eskalatzeko ondo ikusi dezu? - Galdetu zidan Asierrek bilgunera iritsi nintzenean.
- Ba orain esaten dezula ez dakit ba - erantzun nion -. Parabolten arteko tartea ez da motza eta tarte horietan eskalatu behar dela iruditu zait.
- Neri ere horrela iruditu zait - erantzun zidan -. Galdetzen nizun Larretxeak A0-n 5b ematen diolako.
- Buffff, ez dakit ba, nik gehiago emango nioke - erantzun nion -, baina Larretxeak graduatzen duen moduan ikusita, seguro 5b iruditu zitzaiola.
Bilgunea jasotzen nuen bitartean Asier eskuinetik irten eta parean dagoen hormara oinez zuzendu zen. Hormara iritsitakoan ezkerrera bota eta metro batzuk ibili ondoren berehala iritsi zen bosgarren luzearen oinera, horma tapizatzen duten zuhaitzen artean nabarmentzen den kareharrizko pasillo bat.
- Bosgarren luzea, 25 m, V. Oraingoan bai, oraingoan eskalatzen hasi aurretik krokisa begiratu nuen, hirugarren luzean izan nuen ezustekorik ez izateko. Hormatxo batera igo eta metro erraz batzuen ondoren (III+) horma bertikal baten oinera iritsi nintzen, luzearen lehen paraboltak aseguratzen duena.
- Hemen dago luze honetako asuntoa - esan nion Asierri eskuak hautsetan zurituz.
Behatzetara putz egin eta, magnesio hautsa airean galtzen zen bitartean hormaren eskuin aldean dagoen arrail bertikala eskalatzen hasi nintzen, berehala bigarren paraboltera iritsiz. Ezker aldera zertxobait mugituz, azken luzearen zailtasunik handiena atzean utzi nuen (V).
Luzearen zailtasunik handiena eskalatu ondoren.
Luzeak horma bertikal batetik jarraitzen duen arren, helduleku, arrail eta harlauzez jositako horma da, eskalada gozagarri bat eskainiz (V-).
- Eginoko plaka bat ematen du - oihukatu nion Asierri.
Horma bertikalean gozatzen.
Luzea motza egin zitzaidan eta konturatu nintzenerako azken bilgunera iritsi nintzen, gandor baten ertzean jarritako bi parabolt.
Azken bilgunean.
Asier berehala iritsi zen nire ondora.
Azken bilgunera iristen.
- Bueno, Aixitarteko nere lehen bidea eskalatuta - esan nion bostekoa emanez.
- Haitz Txikian nere lehenengoa baita ere - erantzun zidan.
Bilgunetik ezkerrera irten eta, gandorretik 4-5 metro egin ondoren zabalgune batera iritsi ginen, material guztia jasotzeko aprobetxatu genuena.
- Behin honea igota puntan argazki bat egin beharko degu - esan zidan Asierrek zoriontsu.
- Segi zu, oraintxe noa.
Asierrek Haitz Txikiaren gailurrera iritsi arte itxaron nuen, nengoen lekutik argazki bat egiteko. Asierren atzean, letagin erraldoi baten modura, Haitz Handiaren ekialdeko horma ageri zen, bertikaltasunari desafio eginez.
Asier Haitz Txikiaren gailurrean.
Haitz Handiren ekialdeko horma, bertikaltasunari desafio eginez.
Ez nuen denbora asko behar izan Asierren ondora iritsi eta bion argazki bat egiteko. Hainbestetan azpitik ikusiak nituen Aixitarteko Haitzetako baten gailurrean egotearen ametsa betea nuen jada. A-15 errepidean inurriak bezala gora eta behera zebiltzan ibilgailuei begira, mundua menditik zein ezberdin ikusten den gogoratu nuen, hunkidura berezi bat sentituz. Baina begirada Haitz Handira joan zitzaidan: ea egunen batean Haitz Handiaren gailurrera iristeko gai naizen gaurko ametsa borobiltzeko!!!
Haitz Txikiaren gailurrean, amets bat beteta!!!.
Argazki batzuk egin ondoren beherako bidea hartu genuen, azken bilgunea eta Haitz Txikiaren gailurraren artean dagoen mendi-lepotik Irurtzun aldera jaisten hasiz.
Argazki honetan azken bilgunetik jaisteko jarraitu behar den bidea adierazita dago. Argazkia Haitz Txikiaren gailurretik eginda dago.
Burdinezko barra handi batzuk sartuta dituen harkaitz-plaka baten ertzetik jaitsi ondoren (II-II+) mugarriz adierazita dagoen bidexka batera iritsi ginen, bosgarren luzearen oinera eraman gintuena. Altuerarik galdu gabe, hormatik gertu mantenduz, zeharkaldi horizontal luze bat egin genuen bide baten bihurgune batera iritsi ginen arte, mugarri handi bat zuena.
Bidearen bihurgunean. Mugarria ikusi daiteke.
Hemendik aurrera, mendia sigi sagan jaisten duen bidea besterik ez genuen jarraitu, perretxikuz zipriztindua zegoen harizti batean sartu eta, bertatik tarte luze bat ibili ondoren, egurrezko indikazio-poste batekin topo egin genuen arte.
Egurrezko indikazio-postera iristen.
Gelditu gabe, indikazio-postean eskuineko bidea hartu genuen, SL-NA 138 bidea jarraituz, Latasa eta Orazuloko gunera zuzentzen dena.
Indikazio-postea. Eskuinera doan kartela da jarraitu beharra dagoena.
Tarte motz batean jaitsi ondoren metalezko ate txiki batera iritsi ginen, kotxea aparkatuta utzi genuen lekuan hasten den pistara eraman gintuena.
Metalezko ate txikia zeharkatzen.
Pistan mendizale batzuekin gurutzatu ginen. Ez dakit nondik nora zihoazen baina banekien nondik gentozen. Eta banekien gentozen leku horrek sortarazi zigun bake-sedimenduak ez zuela denbora luzean iraungo. Horrelakoa da bizitza, dena ez da betirako eta denak ez du etengabe irauten. Beharbada honegatik eskatu nion Asierri furgoneta gelditzeko. Beharbada honegatik irten nintzen furgonetatik korrika eta Haitz Txikiari argazki batzuk egin nizkion. Bake-sentimendu hau irudi finko batean harrapatuta uzteko asmoz.
Bake-sentimendu hau harrapatuta uzteko asmoz.
KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK
- Velázquez C. Guía de Escalada en Navarra, 158. Bilbo. Sua Edizioak, 2022.
- Eskalatzen bloga. Biaizpe - Lanbroa (6a, 150 m, derrigorrez 5b/A0). Eskuragarri: http://eskalatzeneus.blogspot.com/2023/01/bihaizpe-lanbroa-6a-150-m-derrigorrez.html
Harpidetu honetara:
Argitaratu iruzkinak (Atom)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina