AZKEN 10 SARRERAK

2023/10/18

IHABAR, URDEBEZ HEGOALDEA: "MUJER PODEROSA" BIDEA, 100 m, V+. 2023-10-07


Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.

Lanbroa” bidea eskalatzetik gentozela, telefonoa neraman poltsikoak dar-dar egin zuen: “whatsapp mezu bat”, pentsatu nuen. Ez omen da edukazio onekoa hizketaldi baten erdian telefonoa hartu eta mezuak begiratzen hastea, are eta gutxiago hitzketaldia interesgarria denean. Jarrera hau aldatzen ari bada ere, telefonoa poltsikoan geratu zen: “gero etxen irakurriko det”

Bi ordu beranduago, sofan botata nengoela oraindik irakurri gabeko whatsapp mezuarekin gogoratu nintzen. Josema Berrocosok bidalia zela ikusi nuenean jakin-minak gora jo zuen, Eguberri egunean Olentzerok zer ekarri dion jakin nahi duen haur esnatu berriaren moduan. Mezua, koaderno bateko orri batean zirriborratutako eskalada-lerro baten argazki bat besterik ez zen. Orriaren ezkerrean, eskuz idatzita, zirriborroaren azalpenak agertzen ziren: Ihabar, “Mujer poderosa”. IV, V, 6a. 105 metros. Josema Berrocoso y David Martínez (30/09/2023). Oinarrizko datu hauekin eraman beharreko materialaren zerrenda bat zegoen idatzita, baita ohar bat ere: “los puentes de roca están sin cordino”. “Mujer poderosa” lerroaren ezkerrean beste lerro baten zirriborroa ageri zen: “Elektrolitos”.

Josemak bidali zidan argazkia.

Josemarekin hainbat mezu trukatu ondoren Ihabarren irekitako eskalada-bide berri hau eskalatzeko gogoa piztu zitzaidan eta Asierri gauza bera gertatu zitzaiola esango nuke, astebete beranduago, urriaren 7an, buruan darabilgun aukeren artean eskalada hau aukeratu genuelako.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 100 metro.
- Luze kopurua: 3.
- Nork irekia: Josema Berrocoso eta David Martinezek, 2023ko irailaren 29an.
- Zailtasuna: V+. Luzez luze: 1º: IV (30m), 2º luzea: V (30 m) eta 3L: V+ (40 m).
- Orientazioa: Hegoaldea. Udan bero handia pasa daiteke.
- Ura: Ihabar herriko iturrian jaso daiteke.
- Hurbilketa: Ihabartik Madalen Haitzara igotzeko jarraitzen den ohiko bidetik hormetara iritsi arte. Hormen oinetik gertu mantenduz, ekialdeko noranzkoa hartuko dugu eskalada-bidea hasten den hormaren azpiraino. Hurbilketaren azalpen zehatz bat hemen irakurri dezakezue.
- Jaitsiera: Ihabartik Madalen Haitzara igotzeko jarraitzen den ohiko bidetik.
- Eramandako materiala: 50 metroko soka bat, luzera ezberdineko 10 express zinta, Totem sorta eta luzera ezberdinetako zinta-uztaiak harkaitz-zubi eta blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko eta horman bizi diren animali eta hegaztiak ez molestatzeko.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Ordu bete eta berrogei minutu.

BIDEAREN KROKISA

Ibilbidearen nondik norakoak. Argazkian, bideak ondoan dituen "Elektrolitos" eta "Kormoran moñudo" bideak ikusi daitezke.

Krokis zehatza, bertan parabolten, iltzearen eta azken luzearen gakoa duen harkaitz-zubiaren kokalekuak ikusi daitezke.

DESKRIBAPENA

Bero itogarri bat iragarrita zegoen baina kotxea aparkatuta uzten den lekura iritsi ginenean behe-laino itxi, heze eta hotz batek dena estaltzen zuen, belarra urezko perlaz zipriztinduz. Honelako egoeratan ez da erraza izaten behe-lainoa noraino iritsiko den asmatzea eta aurretik bizitako egoeretara jotzen dugu itxaropentsu. Kasu honetan, asteburu bat lehenago bizitakoa gogoan hartuz, behe-lainoa harkaitzetaraino iritsiko ez zenaren itxaropenarekin martxa geldoan hasi ginen.

- Cuidado cazadores – esan zidan Asierrek eraikin baten ondoan jarritako karteltxo bat irakurriz -. Batidan bat egongo da.
- Normalen batidetan ez die oso goiz ibiltzen – erantzun nion -. Deskuidatu ezkero jaisten geraneako hasi berrik die.

A zer nolako poza hartu genuen horman egunsentiko argi epela islatzen zela ikusi genuenean. Hormaren oinarrian dagoen hariztiak, hesi natural baten modura, behe-lainoa bailaran eusten zuen horma lehor eta eguzkitsu mantenduz. Basoaren erdian peto distiratsu bat jantzita zuen ehiztari batek batida nondik nora ibiliko zen azaldu zigun. Trukean guk nondik nora ibiliko ginen azaldu genion. Hiruon lasaitasunerako argi geratu zen gaurkoan batak besteari ez geniola enbarazurik egingo.

- Garai hontan eskalatzek dauken gauzik txarrena da ia beti bidearen oinera hankak bustita iristen zeala - esan nion Asierri bidearen oinera iritsi eta belar hezeak bustitako zapatilla eta galtzerdiak erantzi nituenean.

“0” bilgunea lehen parabolta jarrita dagoen harkaitz-plaka etzanaren oinean muntatu genuen, “Elektrolitos” bidearen “0” bilgunearen altuera beretsuan baina 8-10 metro eskuinerago. Azpian, laupabost metroko plaka txiki bat utzi genuen, Josemak eta Davidek ziurrenik eskalatu zutena, beraiek lehen luzeari guk kalkulatuko geniona baino bost metro gehiago eman diotelako.

- Ni hasiko naiz? – Proposatu nion Asierri – Hola 6a luzeari ere nik emango diot.
- Ondo – erantzun zidan.

- Lehenengo luzea, 30 metro, IV. 8-10 metrora ikusten nuen lehen parabolta (luze osoan dagoen bakarra) begi-bistatik kendu gabe, luzearen lehen metroak osatzen dituen harkaitz-plaka etzana lasaitasun osoz eskalatzen hasi nintzen (III). Itsasgarritasunezko harkaitz-plaka bat da, helduleku leunak dituen arren itsaskorra dena, baina etzana egoteagatik ez zitzaidan zaila iruditu.

- Oraindik paraboltak zuloa egitearen hautse dauke – esan nion Asierri parabolt parean makurtu eta hautsa kentzeko putz egiten hasi aurretik.

Lehenengo aseguruaren parean paraboltari putz egiten hautsa kentzeko.

Paraboltetik gora harkaitz-plakak bere horretan jarraitzen du, etzan samar, zailtasun gehigarririk gabe. Orain parean dauden arte batzuk nituen jomugan, hauen eskuinetik eskalatzen jarraitu beharko nuelako.

Arteetara iritsi (III) eta eskuinetara dagoen artearen enborraren inguruan zinta-uztai bat pasatu nuen.

- Badirudi eskalada hemendik gora hasten dela – esan nion Asierri eskalatzen jarraitu aurretik.

Arteetatik gora harkaitz-plaka tentetuz doa. Lehen metroak zuzen eskalatzen hasi nintzen arren berehala ezkerrerako joerarekin jarraitu nuen, goian ikusi nuen arrail nabarmen baten azpian dagoen bi paraboltez osatutako bilgunera zuzenduz (IV). Zati honetan asko gozatu nuen, nonahi harkaitz-zubiak, harlauzak eta arrailak agertzen direlako, autobabeserako eta ibilbide ezberdinak aukeratzeko aukera handiak emanez.

Bilgunea muntatu aurretik, lehenengo paraboltean egin nuen moduan, paraboltei putz egin nien zulaketak utzitako hauts zuria kentzeko.

- Reuniónnnn!!!!

Lehenengo bilgunea, zuloketak utzitako hauts zuria ikusi daiteke.

Harkaitz-plaka etzanaren amaieran dauden arteetatik bilgunera egindako argazkia.

Asierrek ez zuen zailtasunik izan bilgunera iristeko.

Asier arteen parean.

Bilguneko erlaitz txikian soberan nuen materiala ematen nion bitartean bigarren luzearen lehenengo bi paraboltak identifikatu genituen, bilgunearen eskuinean dagoen harlauzak osatzen duen arrailaren gainean.

- Kintoko pasoa hor egongo dela pentsatzen det – esan nion.
- Bai, hala pentsatzen det nik ere.

Asier lehenengo bilgunera iristen.

- Bigarren luzea, 30 metro, V. Asier bilgunetik zuzen eskalatzen hasi, bilgunearen gainetik dagoen arrail nabarmena zeharkatu eta harkaitz-plaka tentera igo zen (IV+). Ondoren, harkaitz-plaka honetan dauden helduleku txikietan oreka mantenduz, kontu handiz eskuinera diagonalean mugitzen hasi zen lehen paraboltera iristera lortu zuen arte (V-).

Lehen paraboltaren parean.

- Ez al zen errexago reunioaren eskubitik trabesi bat egitea? – esan nion paraboletik aseguratu eta honen eskuinean dagoen arrailan atseden hartu zuenean -. Gañea ematen du harkaitza garbitu dutela.
- Baliteke – erantzun zidan -. Nahibadezu gero probatu eta esango didazu.

Asierrek proposatu zidan bezala, nire txanda iritsi zenean bigarren aukera hartu nuen, bidea ireki zutenek aukeratu zutena ziurrenik, harkaitza garbituta egoteaz gain magnesio hautsak utzitako arrastoak ikusi nituelako. Bilgunetik eskuinera horizontalean pare bat metroko zeharkaldi horizontala egin (IV) eta, harlauza batera iritsitakoan, honek sortzen duen arraila zuzen eskalatzen hasi nintzen luzearen lehen paraboltera zuzenduz (IV+). Bigarren aukera hau errazagoa da.

Lehen eta bigarren parabolten arteko tartean dago luzearen pasagunerik gogorrrena. Heldulekuak txikiak dira eta ezkerreko oina sartu daiteken kanaltxo leun bat hostoz beteta topatu genuen. Asierrek kanaltxotik ahal izan zituen hosto gehienak kendu, bertan ezker oina sartu eta, ezker oin honetan oreka mantenduz, gorputza zuhurtzia handiz altxatu zuen bigarren paraboltaren eskuinean kokatzeko (V).

- Hemen zertxobait estutu det – esan zidan paraboltetik aseguratu zenean.

Bigarren paraboltaren parean. Asierren ezker oinaren azpian hostoz beteta topatu genuen kanaltxoa ikusi daiteke.

Bigarren paraboltetik irtetea ere ez zitzaigun erraza iruditu, eskerrak eroriz gero parabolta gertu dagoen. Oinak berriro ere kanaltxoan sartu eta, zertxobait eskuinerako joerarekin eskalatuz, eskuin eskuarekin alboko helduleku bat heldu zuen, pasagunea eskalatzea lagundu ziona (V-).

Luzeko pasagunerik gogorrena atzean utzita, harkaitz-plaka inklinatu bat ezker joerarekin eskalatzen jarraitu zuen, eskuinera diagonalean datorren arrail nabarmen eta belartsu bat geratuz.

- Oain nundik dijo? – Galdetu zidan arrail nabarmen honetara hurbilduz.
- Bufff, ba ez dakit – erantzun nion -. Krokisen zuzen doala ematen du.
- Zuzen? – Erantzun zidan – Hemendik gora zuzen dijon plakak ez du errexa ematen ta gañea aseguratzeko aukera gutxi ditula esango nuke.

Asierrek batera eta bestera begiratzen zuen bitartean buruan argi bat piztu zitzaidan:

- Plaka horren ezkerreko ertzetik ez dijo “Elektrolitos”-en bigarren luzea?
- Ba orain esaten dezula baliteke –erantzun zidan -. Ordun seguro luzea eskubiago dijola.

Zuzen eskalatzen jarraituz, Asier orain arte eskuinera utzi zuen arrail nabarmenaren goiko zatira hurbildu zen (IV).

- Hemendik da seguro, magnesio markak daudelako!!! – Bota zidan zoriontsu.

Arrail nabarmena zeharkatu, honen gaineko harkaitz-plaka tentera kontu handiz igo eta, metro bat pasatxoko zeharkaldi fin bat eskuinera horizontalean egin ondoren, arrail tente batera iritsi zen (V-).

Arrailaren lehen metroetan, zeharkaldia egin ondoren.

Arraila azpitik ikusita.

Arraila eskalatu (IV), honen gainean dagoen arte txikiaren enborraren inguruan zinta-uztai bat pasatu eta beste arrail zuzen bat duen horma bertikal bat eskalatzen jarraitu zuen kendutako harkaitz handi batek utzi duen erlaitz txiki batera igoz, harkaitz-plaka txiki eta tente baten azpian dagoena.

- Hemen beste parabolt bat dago!!! – Esan zidan zoriontsu, bide egokia jarraitu zuela baieztatuz.

Parabolta duen harkaitz-plaka tentea azpitik ikusita.

Harkaitz-plaka txikiaren gainetik (IV+) horma asko etzaten da, luzeak dituen zailtasunei amaiera emanez.

Harkaitz-plaka txikiaren gainetik lehenengo bilgunera egindako argazkia.

Asier harkaitz-plaka txikiaren gainean.

Azken metro etzan hauek eskuinerako noranzkoan eskalatuz arte batzuetara iritsi zen (III) eta arte hauetatik hormatik gertuen dagoenaren enborraren inguruan zinta-uztai bat pasatuz bilgunea muntatu zuen.

Bigarren bilgunea. Asier hirugarren luzearen nondik norakoak asmatu nahian.

Bigarren luzearen amaieran tristuraz baieztatu genuen Josemak bidalitako krokisak pizten ari zitzaizkigun zalantzak zehaztasunak baino gehiago zirela, krokisaren intentzioa kontrakoa bazen ere. Hau gutxi ez balitz, lehen bi luzeetako parabolt kopurua ez zegoen ondo eta honek azken luzeari begira kezkatzen hasi gintuen.

- Ea azkeneko luzekin asmatzen degun…

- Hirugarren luzea, 40 metro, V+. Azalpenekin jarraitu aurretik esan beharra daukat "Mujer poderosa" urriaren 15ean berriro ere eskalatu genuela. Honegatik, urriak 7ko argazkietan ni agertzen naiz sokaren buruan eta urriak 15eko argazkietan Asier. Bidea zergatik errepikatu genuen hain denbora motzean? Kronikaren amaieran deskubrituko duzue. Argazkiak nahastuta dauden arren, kontaketa urriak 7koa da.

Bilgunea muntatuta dagoen zuhaitzetik bertatik hasten den arrail inklinatu bat eskalatzen hasi nintzen, bertan Totem orlegia sendo trabatuz (III/III+).

- Krokisaren arabera esango nuke horma ebitatuz jarraitzen duela iltze batetik pasatu eta puenterroka batera iritsi arte – esan zidan Asierrek krokisa deszifratu nahian -. Ta puenterrokan eskubira trabesi bat.

Totem-a trabatu nuen arrailetik eskalatzen jarraituz, harkaitz zalantzakorra duen hormatxo batera igo nintzen, honen gaineko erlaitzean geratuz (IV). Bertan, nondik jarraitu baloratzen ari nintzela, gerri parean zerbaitek atentzioa deitu zidan.

- Iltzea hemen dagoooo!!!

Iltzearen parean. Luzearen hasieran eskalatzen den arrail inklinatua ikusi daiteke.

Iltzea hemen dago!!!


Kordel beltz bat duen iltzetik bigarren express-zinta jarri ondoren, metro bat inguru zuzen eskalatu eta berehala pasa nintzen hormak ezkerrean osatzen duen ezproi itxurakora (IV+), bertako harkaitza sendoagoa zela iruditu zitzaidalako. Metro pare bat gehiago eskalatuak nituenean (IV+), beso baten zabalera izan dezaken harkaitz-zubi bertikal batekin topo egin nuen.

- Krokiseko harkaitz-zubie hau izango da? – Galdetu nion Asierri – Hau oso ebidentea delako galdetzen dizut.
- Ez dakit – erantzun zidan -. Hortik eskubira trabesi bat egin dezakezu?
- Buff, ke ba – erantzun nion.

Eskuinera zeharkaldi bat egitea ezinezkoa zela ikusita, goraka beste 4-5 metro eskalatzen jarraitzea erabaki nuen, horma erabat bertikal bihurtzen den lekura arte (V-).

Horma bertikala bihurtzen den lekura iristen.

Harkaitz “mugikor” bat zuen (Asierrek geroago kenduko zuena, jejeje) erlaitz txiki baten gainean oreka ahal nuen moduan mantenduz, friend bat trabatzeko toki baten bila hasi nintzen, azkeneko asegurua hainbat metro beherago zegoen harkaitz-zubi handian jarrita utzi nuelako. Bilaketa honetan ari nintzela harkaitz-zubi horizontal bat ikusi nuen, gutxi gora behera kotxe baten atearen heldulekuaren tamainakoa izan daitekena.

Harkaitz-zubi horizontala muntatzen.

Gorputza luzatuz, zinta motz bat pasatu, express-zinta sartu eta bertatik aseguratu nintzenean, besoetatik tira eginez harkaitz-zubiraino igotzea lortu nuen (V).

- Igual hori izango da trabesia egiten hasi behar den harkaitz-zubie? – Esan zidan Asierrek bilgunetik.

Harkaitz-zubiari helduz, gorputza atzeraka bota eta eskuinean nuen horma goitik behera begiratzen hasi nintzen parabolt baten bila.

- Joer, ba nik hemendik ez det ezer ikusten – erantzun nion urduri xamar.

Nire eskuinean harri aske batzuk harrapatuta dituen sabai txiki bat ikusten nuen arren, zeharkaldia itsuan egiten hasi eta sabai honetan trabatuta geratzearen ideiak ez zidan grazia handirik egiten. Gainera, luzearen irteerarik logikoena zuzen jarraitzea zela iruditzen zitzaidan. Honegatik, eta eskuinera doan zeharkaldia gorago egongo zelakoan, harkaitz-zubitik gora zuzen eskalatuz jarraituko nuela erabaki nuen.

Argazki honetan harkaitz-zubia ikusi daiteke, luze honen gakoa duena. Puntu zuriz nik jarraitutako bidea margotuta dago. Eskuinera egin behar den zeharkaldia horizontala da, ez sokak jarraitzen duen bidea, eskuinean dagoen artearen azpian kokatzeko.

Lehenengo 4-5 metroak izan ziren zailenak, harkaitzaren kalitatea txarra espero nuelako. Hala ere, uste nuena baino harkaitz hobea topatu nuen eta pare bat Totem trabatu ondoren, horma bertikalak dituen helduleku onetatik tiraka, horma eskalatu nuen (V) , zailtasun guztiekin amaituz. Metro batzuk gorago, zinta bat eta hiru friend aprobetxatuz, bilgune sendo bat muntatzea lortu nuen.

Hormatik irteten.

- Ba igual jarrita egongo da baina nik ez det eskubiko horman paraboltik ikusi – esan nion Asierri bilgunetik -. Nahi badezu igotzen zarenen probatu ea zuk ikusten dezun.

Asier harkaitz-zubiaren parera iritsi zenean, hemendik gora jarri nituen bi Totem-etatik azpikoa kendu, harkaitz-zubira berriro ere jaitsi eta eskuin aldera zeharkaldi horizontal bat egiten hasi zen.

Zeharkaldiaren hasieran.

Zeharkaldia ederra da, harkaitz onean egiten dena. Esku nahiz oinentzat heldulekurik ez dagoela badirudi ere, begiratuz gero agertzen dira, eskuentzat batez ere. 3-4 metroko zeharkaldiaren ondoren (V+ hasieran, V gero) Asier bat-batean gelditu zen.

Zeharkaldiaren amaierara iristen.

- Parabolta hemen dago!!!
- No jodas!!!
- Bai, baina bertan ez zauden arte ez dezu ikusten – erantzun zidan.

Paraboltaren kokalekua, zeharkaldia bukatu baino lehen ikusten den moduan.

Paraboltaren argazkia.

Arte bat eskuinera utziz, Asierrek paraboltetik gora dagoen hormatxo bertikala zuzen eskalatzen jarraitu zuen. Baina metro pare bat eskalatuak zituenean bat-batean gelditu zen, arteren adarrek ez ziotelako zuzen eskalatzen jarraitzen uzten. Hau ikusita, ezker aldera horizontalean zeharkaldi motz bat egin behar izan zuen lurrez estalitako helduleku batean zutik jarriz (V). Bidea berriro ere urriak 15an eskalatu genuenean, azkeneko horma hau eskalatzen hasi aurretik artearen eskuinetik jarraitzea errazagoa dela iruditu zitzaigun, baina Josemak urriaren 7an irten ginen leku beretik irten zela esan zigunez, Asierrek jarraitutako irteera bera errepikatu genuen berriro ere.

Bilgunera iritsi baino lehen ezkerrera egin behar den zeharkaldi motzean, lurrez estalitako heldulekura iritsi baino lehen.

Asierrek lurrez estalitako helduleku honetatik zuzen jarraitu zuen bilgunera iritsi zen arte (V).

Bilgunera iristen.

- Harkaitz-zubitik parabolt hori ikustea ezinezkoa da – esan zidan Asierrek bilgunera iritsi zenean.
- Hala izango da baina trabesie itsuan egitea parabolta nun dagoen jakin gabe… - erantzun nion.
- Eta harkaitz-zubi hori krokisekoa dela jakin gabe ere…
- Hori da – erantzun nion -. Gutxiñez harkaitz-zubi hortan kordino bat jarrita egongo balitz identifikatzeko errexago izango zen.

Luzerari dagokionez, 30 metro eskalatu genituela iruditu zitzaigun, Josemak bidalitako krokisean baino hamar metro gutxiago. Bilgunea desmuntatu eta gero ensanblean jarraitu genuen harkaitz ezberdinak igoz, materiala gordetzeko leku eroso baten bila (III-).

- Hemen hiru kordino berrikin montautako reunio bat dau – esan zidan dozena bat metro igoak zituenean.
- Seguro hori dela azkeneko reunio ofiziala – erantzun nion.

Arratsaldean Josemakin izango nuen whatsapp-mezu saioaren ondoren berak baieztatuko zidan bilgune hura bidearen azkenekoa zela. Hortik beraien eta gure arteko azken luzearen hamar metroetako aldea. Honez gain, bidearen gradua 6a baino V+ izatea zer iruditzen zitzaion proposatu nion: “Perfekto!!!” izan zen bere erantzuna.

"Mujer poderosa" bidearen azken bilgune ofiziala.

- Ze iruditu zaizu?
- Bidea polite baina krokisa kaskarra – erantzun zidan Asierrek.
- Bai, onartu behar da krokisak lagundu baño gehiago nahastu egin gaituela – erantzun nion.

Josemakin krokisaren inguruan aritu nintzenean krokisak egiten trebea ez dela aitortu zidan: "desastre bat naiz, jejejeje". Gauza guztietan ezin da ona izan, jejeje.

Basotik haizeak zekarren ehiza-txakurren zaunka itoen artean beherako bidea hartu genuen. Igoeran hitz egin genuen ehiztariak egun kaskarra izaten ari zela onartu zigun, bi basurde ehizatu zituztela esanez. Elkar agurtu ondoren, kotxearen itzala gustura hartu genuen, gogoz jotzen zuen eguzkiaren pisupetik ihesi. Nork esango luke urrian gaudenik!!!

Bidearen amaieran egindako argazkia.

Bideak sentsazio gazi-gozo bat utzi zigula onartu beharra daukat, bioi asko gustatu zitzaigun arren. Paraboltera iristeko egin behar den zeharkaldia ederra bada ere, guk egin genuen irteerak logika gehiago duela iruditu zitzaigun, zuzenagoa delako. Honegatik, kronika hau partekatu aurretik bidea berriro ere errepikatzea bururatu zitzaigun. Bidea nondik nora doan ez jakitearen aitzakiarik gabe eta hirugarren luzeko V+ zailtasuneko zeharkaldi horizontala non hasten den zalantzarik gabe, eskaladaren ikuspegi objetiboagoa izango genuela pentsatu genuen. Bide batez, hirugarren luzean argazki gehiago egiteko aprobetxatuko genuen, bakarren batek bidea errepikatzen badu izan ditzazken zalantzak argazki gehiagorekin argitzeko asmoz.

Gorago azaldu dudan moduan, urriaren 15a izan zen bidea errepikatu genuen eguna eta oraingoan biok irten V+ zeharkalditik irten ginen. Bi eskaladak alderatuta, "gure" irteera gehiago gustatu zitzaigun, zertxobait "errazagoa" baldin bada ere. Baina hau gustuen arabera doa eta, koloreekin gertatzen den moduan, baliteke bidea errepikatzen dutenek gure gustuekin ados ez egotea. Dena den, hirugarren luzeko irteera alde batera utzita, bidea ederra da, “Elektrolitos” bidearen ibilbidean sartu gabe lerroa elegante bilatuta izan dena. Zorionak eta mila esker bihotzez Josema eta David bide eder hau gurekin partekatzeagatik!!!!


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina