AZKEN 10 SARRERAK

2026/05/04

ATAUN, JENTILBARATZA: "SEAPOTO" BIDEA, 55 m, V. 2026-04-19


"Seapoto" bidearen azken bilgunea.

Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.

80ko hamarkadaren hasieran, duela ia 40 urte, George Meyersen “Yosemite climber” liburua eta Pink Floyden musika inspirazio gisa zituzten Ordiziako eskalatzaile gazte batzuei, “Daltondarrak” bezala ezagutzen zirenak, azaroan Aralarren hego haizeak epeldutako gau bat igaro ondoren, menditik jaistean Jentilbaratzako horma ikusgarriak atentzioa eman zien. Ordura arte, Atxarte, Egino, Biaizpe, Larrunarri, Zazpi iturri edo Etxauri ziren beraien eskaladetarako lekurik ohikoenak, baina faltan botatzen zuten eskalada-eskola bat “etxean bertan” izatea. Itxaropen handirik gabe, horma ikuskatzera joan ziren.

10 metro inguruko plaka batean ireki zituzten lehengo bideak, Pintxok, Marraskillok, Luisik, Karnik eta Zabalak iltze eta burilekin, Lazkaoko Jon, Imanol, Kiosko eta Txatarekin batera, baina hauek berehala txiki geratu zitzaien beraien eskalatzeko gogoa asetzeko. Orduan hasi ziren hainbat luzetako bideak irekitzen: “Aizan” izan zen lehena, mugimendu feministaren omenez, eta haren atzetik iritsi ziren beste guztiak. Bide gehienak azpitik ireki zituzten, garai hartako materiala erabiliz. “Daltondar” belaunaldi berriarekin batera (Manu, Rikar, Ramon, Papildo, Txesti, Mikel, etab.) eskolak iraultza bizi izan zuen: bide berriak irekitzen hasi ziren kirol-eskalada estiloarekin eta zailtasun maila 7c-ra igo zen.

Jenbilbaratzak 118 eskalada-bide ditu gaur egun, III+ zailtasunetik 8a zailtasuneraino, eta azkenaldian bide gehiago irekitzen ari dira. Badirudi duela berrogei urte lehenengo “Daltondarren” familiak izan zuen amets hura egia bihurtu dela goierritarrontzat.

Harkaitzari dagokionez, plakak, ur-tantadun hormak eta arrail estuak dira nagusi, eta eskaladari dagokionez, Jenbilbaratzak ez du ezer oparitzen; zailtasun maila zorrotza du eta aseguru kopurua justua; horregatik, aseguru asko duten bideak eskalatzera ohituta bagaude, gure trebetasun mentala jokoan jarriko da ziurrenik. Goierritarrok esaten dugun bezala, Jenbilbaratzan ondo eskalatzen duenak beste edonon ondo eskalatuko du.

Hainbat luzetako bideei dagokienez, biderik errazena hego-mendebaldeko gandorra da, Pintxok eta Zorionek goiz batean iltze eta arteka-trabagailu batzuekin ireki zutena. Ez zioten izenik jarri, errepikatuko ez zen bide bat izango zelakoan. Zein oker zebiltzan, jejeje. Hego-ekialdeko horman dauden bideen artean “Seapoto” da errazena, kronika honetako protagonista, baina errazena izateagatik ez du esan nahi erraza denik, jejeje. Izena ez dakit nondik datorkion, baina bideak igotzen duen ezproi nabarmenari sega-poto baten itxura hartzen diot. Ez dakizuenentzat, sega-potoa segalariek sega zorrozteko harria (“segarria”) gordetzen duten potoa da, garai batean zurez edo adarrez egiten zena.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 55 metro.
- Luze kopurua: 2.
- Nork irekia: “Daltondarrak” 80garren hamarkadan.
- Zailtasuna: V. Luzez-luze: 1ºL: V (27 m) eta 2ºL: V (28 m).
- Orientazioa: Hego-ekialdea.
- Ura: Ataunen hartu daiteke.
- Hurbilketa: Ataun San Martingo herrigunea zeharkatu eta Urbieta erretegira iritsi aurretik, GI-4151 errepidea hartuko dugu ezkerretara, Arratetara doana. Kilometro bat igarota, Dostollo baserrira doan bidegurutzera iritsiko gara. Bertan, Jentilbaratza eskalada-eskolako informazio-panel bat dago. Kotxea bidegurutze honetara iritsi baino lehen aparkatu behar dugu; badira bi bihurgune non bazterrean aparkatu daiteke. Bidegurutze horretatik, puntu gorriak dituen bide bati jarraituko diogu, eta handik metro gutxira bide hori utziko dugu basoan gora doan bidexka batetik, pista moduko batera iritsi arte. Han, Jenbilbaratzako eskalada-bideak ikusi nahi baditugu, ezkerrera jarraituko dugu, horma aldera, bide nabaritik, soka finkoa duen pasagune batera iritsi arte. Soka finkoan gora egin ondoren, eskalada-bideen oinean egongo gara. Eskuinera hartu eta hormaren amaieraraino igoko gara, Seapoto baita hormaren azken bidea. Bidegurutzetik 15-20 minutu beharko ditugu.
- Jaitsiera: Kotxea bidegurutzetik gertu aparkatu badugu, puntu gorriz ondo markatutako bideari jarraituko diogu, iparraldera doana eta noizean behin soka finkoarekin aseguratutako zatiak dituena. Bide horri jarraituz, 30-40 minutu barru informazio-panela dagoen bidegurutzera iritsiko gara.
- Eramandako materiala: 50 metroko soka bat eta luzera desberdineko 9 express-zinta eta zinta-uztaiak bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko eta horman bizi diren animali eta hegaztiak ez molestatzeko.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Ordubete inguru.

BIDEAREN KROKISA

Bidearen nondik norakoak. Argazkia handituz gero bidean dauden aseguruen kokapena ikus daiteke.

Krokis zehatza. Argazki honetan ere bidean jarritako aseguruen kokapena ikus daiteke.

Jentilbaratzako sektoreetara iristeko ibilbidea (Jentilbaratzako panel informatiboa dagoen bidegurutzetik hasita) deskargatu nahi baduzue. Ibilbidea "Seapoto"-ren oinean amaitzen da:

Powered by Wikiloc

DESKRIBAPENA

Denboraren nozioa aldatzen doa adinarekin. Gazteagoa (edo gaztea, jejeje) nintzenean, uste nuen aurretik nuen denbora amaigabea zela, nahikoa eta soberan buruan nituen ametsak betetzeko eta apaletan nituen liburuak irakurtzeko. Baina urteak aurrera joan ahala konturatzen ari naiz ez dudala denbora nahikorik izan behar ez baterako, ezta besterako ere. Eta hala ere, amesten eta liburuak erosten jarraitzen dut, aurretik dudan denbora amaigabea balitz bezala edo amaigabea izan daitekeen itxaropenez. Bizi izan dudan denboraren nozioaren aldaketa hori dela eta, ametsetako bat betetzeko aukera dudan bakoitzean baietz erantzuten dut, nahiz eta badakidan amets hori betetzeak amets berriak ekarriko dituela berekin.

Kordada bera osatuz, Asierrek eta biok “Seapoto” eskalatu genuen lehen aldiz 2025eko iraileko egun haizetsu batean. Ez zen eskalada atsegina izan, ez zailtasunak estutzera behartu gintuelako, batera eta bestera astindu gintuen hego-haize harroagatik baizik: “Hemen gaudenez, bidea amaitu beharko deu, ezta?” izan zen lehenengo bilgunean hartu genuen erabakia. Ez zen egunik aproposena izan eta bazirudien hormak ez gintuela bertan eduki nahi. Argazki gutxi batzuk baino ez genituen egin, egoera ez zegoelako gehiago egiteko moduan, eta bidea eskalatu genuen arren, arantza bat geratu zitzaigun, nahikoa zuku atera ez genion sentsazioa geratu zitzaigulako. Zenbakiak eta zerrendak nagusi diren gizarte eta garai honetan, agian dotorena bide bat gehiago eskalatu genuela esatea litzateke, gure nahia beste bide batzuetara eramateko, baina bideak kontatzen ditugun horietakoak gara azken tantaraino zukutu ditugunean, edo azken tantaraino zukutu gaituztenean, hori ere gertatzen baita, jejeje.

Apirilak 19an, egun distiratsu bat iragarrita zegoen, baina Ataungo haitzak behe-laino heze batek erdi estaltzen zituen, paisaiari itxura fantasmagorikoa emanez. Ez gintuen hormak berriro han eduki nahi? Harkaitza bustita egongo ote zen beldurrez, eguzkiak behe-lainoa desegiten zuen bitartean, “mendi buelta” txiki bat egitea erabaki genuen, krokisa marrazteko argazki on bat egiteko leku baten bila. Abentura txiki baten ondoren argazkia atera genuenean, kotxea GI-4151 errepideko bazter batean aparkatu eta martxan jarri ginen.

Dostollo baserrira doan bidegurutzera iritsi ginenean, Jentilbaratza eskalada-eskolako informazio-panelari begira geratu ginen:

- Hemen IV eta V ematen die – esan zuen Asierrek irribarre maltzur batekin, bideak dituen bi luzeei erreferentzia eginez -. Nere ustez V eta V die gutxienez, bigarrena igual pixkat gehio.
- Nik ere hala uste det – erantzun nion -, baina bakizu, Ataun is Ataun, jejeje.

Informazio panela dagoen bidegurutzera iristen. Asierren eskuinean puntu gorri bat ikus daiteke.

Bidegurutzetik, puntu gorriak dituen bideari jarraitu genion metro gutxi batzuetan, pinudian gora doan lehen bidexkatik jarraitu behar baita.

Puntu gorrien atzetik. Puntu gorriez adierazitako bide hau berehala uzten da, pinudian gora doan bidexka bati jarraitzeko.

Goierriko udaberriko egun tipikoa zen, astuna hezetasunagatik, maldan gora azkar ibiliz gero blai bukatzen duzun horietakoa. Horregatik, igoera lasai hartu genuen, izerdi-tanten jarioa kontrolatu nahian. Gainera, presarik ez genuen, goiz osoa baikenuen bidearen bi luzeak eskalatuz zukutzeko. Pista horizontal moduko batera iristean, aldapak atseden bat eman zigun.

Aldapan gora.

Pista honetan bi aukera ditugu: maldan gora jarraituz gero, “Seapoto” sektorera zuzen igotzeko aukera ematen digu, soka finko baten laguntzarekin hormara hurbilduz. Bide hori jarraituko genuke beherantz Jentilbaratzaren iparrean dagoen kanaletik jaitsiz gero. Bigarren aukera pistatik jarraitzea da, ezkerretara, altuerarik irabazi gabe, beste soka finko bat duen horma bateraino. Bigarrengo aukera hau da Jenbilbaratzara iristeko ohiko bidea eta bertako ia sektore guztiak ikusi eta bisitatzeko aukera ematen du. Horregatik, hau izan zen guk jarraitu genuen bidea.

Pistan barrena, bidea hemen erosoa da.

Soka finkoa atzean utzi eta hormaren oinera iritsi ginenean, eguzkia behe-lainoa mozten hasi zen, labana epel batek gurina mozten duen bezala.

- Pareta behintzat lehorra dau – esan zidan Asierrek horma hatz-mamiekin ukituz.
- Azkenen eguzkitako krema eman beharko deu, jejeje.

Soka finkoa dagoen pasagunera iristen.

Hodi itxurako pasagune inklinatu batetik igo ondoren, behe-laino artean Intzartzuko haitzak eta Arastortz agertu ziren, garai batean eskalagarriak zirenak baina gaur egun hegaztien babesleku izateagatik eskalada galerazita dutenak.

Hodi itxurako pasagunean.

Hodi itxurako pasagunea igo ondoren, eskuinean Intzartzuko haitzak ikus daitezke.

Ez zen denbora luzea igaro hormaren amaieraino eta, bide batez, “Seapoto”-ren oineraino iritsi ginen arte, informazio panela dagoen bidegurutzetik 15-20 minutu.

"Seapoto"-ren oina.

- Gaur ni hasiko naiz? – Proposatu zidan Asierrek, katu oinak estutzen zituen bitartean -, azkenekon zu hasi zinen eta.
- Primeran!!!!

- Lehenengo luzea, 27 metro, V, 9 seguru. Asier horma tentearen eskuinetik eskalatzen hasi zen lehenengo paraboltera arte (IV-). Handik, hormaren ezkerreko ertzetik gertu eskalatzen jarraitu zuen (IV), handik errazagoa baita, erlaitz txiki batera igo zen arte.

Bidearen hasieran.

- Nola dijo? – Galdetu nion.
- Beran frexko nuen baina hemen bero egiten du – erantzun zidan.

Udaberrian eskalatzeak xarma hori du. Nahikoak dira hiruzpalau eguki-izpi izerditan hasteko eta nahikoak dira hiruzpalau hodei blai amaitzeko. Gomendagarriena datorrenari irribarre batekin ongietorria egitea izaten da, eguraldiak ez baitu ulertzen bakoitzaren kapritxoaz, eta, beraz, hobekien deritzona egiten du, gure kontroletik ihes eginez. Euria ari duela? Motxilatik zira atera eta irribarrez jantzi, ur-tantez gozatzeko. Bero egiten duela? Arropa motxilan gorde eta irribarrez eguzkitako krema eman, eguzki-izpien beroa aurpegian sentitzeko. Alferrik da eguraldiarekin marmar egitea, zeren, gure esku ez dagoenez aldatzea, irabazteko guztiak baititu. Gauza bera gertatzen da askotan eguneroko bizitzan, besteek esaten, pentsatzen edo egiten dutenagatik marmarka hasten garenean.

Erlaitz txiki horren ondoren, horma berriro tentetzen da erlaitz nabarmen eta eroso batera arte, baina helduleku onak ditu (IV).

Erlaitz txikitik gora eskalatzen.

Erlaitz zabal honen gainetik hasten dira luzearen zailtasunik handienak, horregatik Asierrek atseden motz bat hartzeko eta eskuak magnesio hautsetan hautseztatzeko aprobetxatu zuen, zetorrenari aurrea hartu nahiko balio bezala. Horrelakoetan, azterketa bat egin beharko bazenu bezala sentitzen zara, buruan duzun teoria guztia praktikan jartzeko gai izan zaren beldurrez.

Erlaitz zabalean.

Segundo batzuen ondoren, erlaitza zeharkatu eta aurreko horma bertikala eskalatzen hasi zen, ezkerreko ertzera hurbilduz pixkanaka, luzea handik baitoa (IV+). Metroak irabazi ahala, hormak bertikaltasuna hartzen du, eta parabolten arteko tartea orain artekoaren berdina bada ere, Asierren mugimenduak landuagoak bihurtu ziren, mugimendu bakoitzaren aurretik “check-list” bat errepasatzen ariko balitz bezala.

Poliki-poliki, kontzentrazioa galdu gabe, diedro txiki baten itxura duen zati batera iritsi zen, hormako punturik bertikalenera, eta ziurrenik zailenera. Hango helduleku txikiei hatz-mamiekin eutsi, gorputza ezker aldera kulunkatu eta, gainean dagoen helduleku on bat eustera iritsi zenean, gorputza igo zuen pixkanaka, kamera motelean ari balitz bezala, diedroa eskalatuz (V).

Diedro txiki baten itxura duen zatia eskalatu ondoren.

Eskuin aldera zeharkaldi txiki bat egitea falta zitzaion horma bertikaletik erabat irten eta zailtasun handienekin amaitzeko, baina ez zuen zailtasun handirik izan mugimendu hau egiteko (V).

- Onaaaaaaaa!!!! – Oihukatu nion, horma bertikala eskalatu zuenean.

Horma bertikala eskalatu ondoren, Asier bistatik galdu nuen. Bilguneraino luzatzen den horma, tentea bada ere, ez da bertikala eta, gainera, helduleku handi eta ugariak ditu. Tarteka belarra duen eremu bat zeharkatuz, ez zuen arazorik izan uztaidun bi paraboltez osatutako bilgunea dagoen erlaitz zabalera iristeko (IV-).

Horma bertikalaren amaieratik lehenengo bilgunera dagoen zatia.

Lehenengo luze hau ondo dator Jentilbaratzako eskalada ezagutzeko eta hurrengo luzerako burua prestatzen hasteko, zailagoa baita, jejeje.

Lehenengo luzeko zailtasunak amaitzen.

- Largo hau gaur egungo kinto bat da – esan zidan Asierrek konbentzimendu osoz, bilgunera iritsi nintzenean.
- Dudaik ez dauket – erantzun nion – eta hurrengo largoa ondo jarritako kinto bat, edo gehio, jejeje.

Gero ikusiko genuen bezala, Gipuzkoako mendi federazioak egin duen eskolaren fitxa teknikoaren azken eguneraketan, lehenengo luzeari V zailtasuna ematen diote.

Asierrek soberan zituen express-zintak pasatzen zizkidan bitartean, irailean luze honetan pasatako estutasunak etorri zitzaizkidan burura. Soka gainetik banuen ere, haizearen eraginez ez nintzen seguru sentitu eskalatzen ari nintzen bitartean. Eta askotan gertatzen zaidan moduan, burua gogoratzen ari zen segurtasun falta hura gorputzean sentitzen hasi nintzen, argi geratuz buruak gorputzean duen eragina. Pentsatu nuen: “horixe da falta zaidana, eskalatzen hasi aurretik estutzen hastea”. Baina nola dagoen gorputzak ere eragina du buruaren egoeran, horregatik, arnasketara eraman nuen arreta osoa, gorputza lasaitzeko asmoz. Berehala hasi nintzen gorputza lasaitzen eta buruaren pentsamendua baretzen hasten zela sentitzen. Lauzpabost arnasketa sakonen ondoren, eskalatzen hasi nitzen.

- Bigarren luzea, 28 metro, V, 7 seguru. Luzea ezkerrerantz zeharkaldi bat eginez hasten da, oinetan konfiantza (eta fedea, jejeje) izatea eskatzen duena, diedro inklinatu eta erdi ezkutu batera iristeko (V). Ezker besoa ezkerrerantz erabat luzatu eta helduleku on bati eutsi arte, ez nintzen konfiantza osoarekin sentitu, nahiz eta harkaitza itsaskorra den. Luzearen bigarren parabolta ez da bilgunetik ikusten, baina lasai, diedro horretan “ezkutatuta” baitago.

Eskuak magnesio hautsetan sartu nituen, arreta arnasketara eraman nuen berriro eta, harkaitzaren forma desberdinek eskaintzen zizkidaten aukerak aztertu ondoren, diedro txiki hau eskalatu nuen, sabela duen horma baten azpian dagoen erlaitz txiki batera igotzeko (V), zuhaixka baten ondoan dagoena.

- Hor ondo zare? – Galdetu zidan Asierrek.
- Bai – erantzun nion.

Diedro inklinatua eskalatu ondoren, erlaitz txikira igota.

Asierrek argazki pare bat egiten zizkidan bitartean, hurrengo mugimendua aztertzen hasi nintzen. Banekien nora igo behar nuen eta banekien ere zein heldulekuei eutsi beharko nien igo beharreko lekura igotzeko. Non zegoen orduan arazoa? Ez nekiela nola iritsiko nintzen ikusten nituen helduleku eder horietara, ez bainuen helduleku onik ikusten, batez ere oinetarako.

Sabeldun horma erlaitz txikitik ikusita.

Gerriaren parean hirugarren parabolta nuela konturatu nintzenean, saiakera bat egitea erabaki nuen: “total, erortzen banaiz ez naiz metro luze bat baino gehiago eroriko”. Hatz-puntak helduleku txiki batzuetan jarri eta gorputza altxatzen hasi nintzenean, hormako sabelak oinak ikusten uzten ez zidala ikusi nuen. Asierren animoen artean, haurtxoak bezala pare bat aldiz airean ostikoz jo ondoren, eskuin oinarentzat helduleku txiki bat aurkitu nuen eta gorputza altxatu eta gertuen nuen helduleku handira iristea lortu nuen, sabela duen horma eskalatuz (V).

- Hemen berriro ondo nau!!! – esan nion Asierri, argazki berri bat egiteko denbora emanez.

Hemen berriro ondo nau!!!

Zein lasaigarriak diren soka-lagunaren animoak entzutea estutzen ari zarenean. Guk aukeratzen dugu besteak animatzea edo besteei irribarre egitea, horregatik konbentzituta nago pertsonen arteko arazo gehienak jarrera-arazoen ondorio direla. Eta horrek tristura eragiten dit, jarrera guk aukeratzen dugun zerbait delako, batzuetan automatikoki, baina beste batzuetan modu kontzientean. Aukeratu atsegina izatea, inoiz ez dakizu zure keinu bat noiz izango den beste pertsona baten eguneko argi bakarra.

Hurrengo metroak, horma oraindik tentea bada ere, errazak iruditu zitzaizkidan helduleku onak dituztelako. Ezkerrean harlauza nabarmen bat utzita, ez nuen zailtasun handirik izan erlaitz zabal batera iristeko (IV+).

Erlaitz zabalean. Nire ezkerrean harlauza nabarmena ikus daiteke.

Banekien luzearen zailtasunik handiena ondoren zetorrela, horma bertikal bat, arrail fin batek eskuin-ezker diagonalean zatitzen duena. Hori gutxi ez balitz, Asierren bistatik kanpo nengoen. Laguna ikusten ez duzunean, segurtasunik ezaren sentsazioa sortzen hasten da, baina konfiantza edo fede osoa izan behar duzu, edo biak ziurrenik, erortzen bazara lagunak eutsiko dizula. Horregatik da hain garrantzitsua sokaren beste aldean konfiantza ematen dizun pertsona bat duzula sentitzea. Geroz eta fededun gutxiago daudela diotenek ez dute inkestarik egiten eskalatzen dutenen artean, jejeje.

Arraildun horma bertikala, bidearen pasagunerik zailena.

- Kontu orain, bale? – Esan nion Asierri talkie-tik, erlaitza zeharkatu eta hormaren lehen paraboltetik aseguratu nintzenean.
- Baleeee.

Eskaladako dokumentaletan nekez ikusiko den estilo sasi-babariar batekin, arrailetik igotzen hasi nintzen, pasagune hori aseguratzen duen paraboltaren parera iritsi arte. Handik aseguratu nintzenean eskuineko besoa eskuinerantz luzatu nuen eta han aurkitu nuen helduleku on bati eutsiz hormaren eskuinaldetik irten nintzen (V, edo zerbait gehiago, jejeje): “Onaaaaaaaa!!!!!” Animatu nintzen.

Eguneko pasagunerik gogorrena eskalatuta, gorputza “-ina”-n amaitzen diren hormona eta substantzia guztiak askatzen hasi zen, eta euforia sentsazio bat sentitzen hasi nintzen. Zein "-ina" gutxi behar ditugun zoriontsu sentitzeko, jejeje!!! Substantzi horien guztien eraginpean geratu aurretik, aurrean nuen horma tentea eskalatzen jarraitu nuen bilguneraino (IV). Azken metro hauek helduleku ederrekoak dira, baina harkaitz solteren bat ere bazela iruditu zitzaidan.

Bigarren bilgunea.

Bigarren bilgunea lehenengotik ikusita.

- Luze hau ere beste eskola batzuetan V+ izango litzateke – esan nion Asierri erlaitz zabalera iritsi zenean.
- Bai – erantzun zidan eskuak hautseztatuz.

Erlaitz zabalera iristen.

Erlaitz zabalean.

Asierrek arrailetik eskalatu zuen horma bertikala amaiera arte eta zerbait gehiago estutu zuela iruditu zitzaidan, heldulekuak oso txikiak direlako. Luze honi gaur egun V zailtasuna ematen badiote ere, 2002ko Gipuzkoako eskalada gida liburuan 6a zailtasuna eman zioten. Gure uste apalean V+ batetik gertuago dago 6a batetik baino.

Horma bertikaletik irteten.

- Gaur bi luzetan gehio estutu det duela hamabost egun Peña Ruebako zortzi luzetan baino – esan nion Asierri bilgunera iritsi zenean, “Reina de los Mallos” bideari erreferentzia eginez.
- Baita nik ere, jejeje – erantzun zidan.

Taldeko argazkia.

Trasteak jaso eta gailurrean zeuden bi mendizale agurtu ondoren mendian behera hasi ginenean, puntu gorri “margotu berriez” seinalatutako bide bat ikusi genuen, iparralderantz zihoana:

- Hau bidegurutzen utzi degun bidea izango da? – Galdetu zidan Asierrek.
- Ez batere harritu – erantzun nion.

Kotxea bidegurutzetik gertu utzi genuela ikusita, puntu gorriz seinalatutako bideari jarraitzea erabaki genuen, eta bete-betean asmatu genuen. Ez dakigu bide berri bat edo zaharberritutako bide bat den, baina soka finkoekin bi zati aseguratuta dituen bide ederra izateaz gain, kotxera itzultzeko bide laburragoa dela iruditu zitzaigun, kotxea harrobiaren sarreran aparkatu ez bada behintzat.

Jentilbaratza errepidetik ikusita.

Bideari dagokionez, bide ederra da, Jentilbaratzako eskalada ezagutzeko egokia. Hego-mendebaldeko gandorra eskalatu eta oraindik eskalatzeko gogokin geratu bagara, bide ederra izan daiteke eskalada eguna borobiltzeko. Ea Jentilbaratzan eskalatu ditugun beste bide batzuk errepikatzen joaten garen Goierrin dugun altxor eder hau ezagutarazteko.

KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- Obeso G., Arrieta Tx. Gipuzkoako eskalada gida, guía de escalada de Gipuzkoa 143-144. Gráficas Lizarra, 2002.
- Ordiziako Dalton. Jentilbaratza; arbasoak gogoratuz. Pyrenaica, 1985; 140: 322-323.
- Ordiziako mendizaleak web orria. Pintxoren kronika Jentilbaratzari buruz. Eskuragarri: https://ordiziakomendizaleak.eus/ordiziakomendizaleak.eus/mendizale/De%20Juan.pdf
- Gipuzkoako mendi federazioa. Jentilbaratza fitxa teknikoa. Eskuragarri: https://www.dropbox.com/scl/fi/mmpuytsyz8j3tc2gmfonf/WEB-JENTILBARATZA.pdf?rlkey=2lb01s600xyfe2hv8of8wvfps&e=1&dl=0


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina