AZKEN 10 SARRERAK

2026/04/15

PEÑA RUEBA, PUNTA VARELLA: "REINA DE LOS MALLOS" BIDEA, 260 m, 6a (V/A0). 2026-04-03


Bidearen bigarren paraboltean jarrita dagoen zinta gorria.

Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.

“Egun on aspaldiko, Aste Santurako plana eginda daukazu?” zioen San Jose egunaren bezperan jaso nuen mezuak.

Mezu hori Asierrek bidali zidala ikusteak izugarri poztu ninduen, batez ere beragatik, bere egunerokotasun berriak asko baldintzatzen baitio motibazioa, gogoa eta denbora izatea gurasoen zaintzaz haratago. Pentsatzen hasi nintzen, eta konturatu nintzen lau hilabete igaro zirela elkarrekin eskalatu genuen azken alditik. Lau hilabete horietan, eskaladako materiala poliki-poliki hautsa pilatzen joan zen etxeko txoko batean, iraganeko oroitzapen gozo bat balitz bezala. Ez erabiltzeagatik gogortutako katu-oin zaharrei begiratu nienean, Asierrekin eskalatzen bizi izan ditudan une gozoak gogoratu nituen, eta pentsatu nuen ondo etorriko zitzaiola une gozo berri bat bizitzea, nik izan nezakeen motibaziotik haratago. Orduan gogoeta bat gogoratu nuen, aspaldi bueltaka izan nuena: "eta gakoa besteak zoriontsuak izaten saiatzean badago, norberaren zoriontasuna bakarrik bilatzen saiatu beharrean?"

“Aupa artistaaa, ba ez daukegu inora joateko asmorik, beraz, zeoze egiteko motibatuta bazaude nere aldetik prest”, erantzun nion.

Bizitzak une gozoak eta garratzak oparitzen dizkigu, askotan guk eskatu gabe, eta uneak garratzak direnean erantzunik ez dugun galderei erantzuten saiatzen gara, gertatzen ari zaigunari zentzua aurkitzeko asmoz, baldin badu. Haserreak eta tristurak biltzen gaituzte, batzuetan batak, besteetan besteak eta askotan biek. Baina ekaitzaren ondoren barealdia dator, tunelaren amaieran argia datorren bezala. Eta denok nahi dugu hara iritsi, baina askotan ahaztu egiten zaigu barealdira edo argira iristeko ekaitza jasan edo tunela zeharkatu behar dela.

Aste Santurako Euskal Herrian iragarritako eguraldi txarra eta ekaitzak zirela eta, egun eta leku egoki bat aukeratzeak ez zigun lan handirik eman, baina bai Peña Ruebara iristeak. Puente la Reina de Jaca eta Murillo de Gallego herrien arteko errepidea itxita dago obrengatik, eta normalean bi ordu baino gehixeago irauten duen bidaia ordubetete gehiago luzatu zitzaigun, Jakaraino joan behar izan baikenuen Murillo de Gallegora iristeko. Eragozpen bat izan zitekeena leku eta herri berriak ezagutzeko aparobetxatu genuen.

Aparkalekura iritsi ginenean, oraindik erabaki gabe genuen zein bide eskalatuko genuen. Eskalatu gabe generaman denbora kontuan hartuta, argi genuen gauza bakarra zen aukeratutako bidea Sueño Vertical taldekoek irekitako bide bat izango zela, irekitzen dituzten bideen zailtasun-mailagatik, baina, batez ere, bide horiek irekitzeko duten estiloagatik, “hegaldirik” jasateko beldurrik gabe estutzeko aukera ematen baitu. Baina aparkalekuan zegoen ibilgailu pila ikusi genuenean, handik urrunen dagoen bidea aukeratu genuen, “Reina de los Mallos”, alegia.

- Urrutina egonda zaile izango da han norbait topatzea – esan zidan Asierrek -. Jendeari ez zaio gustatzen aproximazio luzek egitea.
- Eta bakarren bat badau beharbada gu iristen gareneako luze batzuk eskalatuta izango ditula pentsatzen det – erantzun nion.

Sarrera honekin amaitzeko, Sueño Vertical taldekoen blogean irakurri daiteken bezala, “Reina de los Mallos” bidea Aragoiko Bertaren (edo Saboia eta Akitaniako Berta) omenez ireki zuten, XII. mendearen hasieran, 15 urte inguruz, "Malloen Erresuma" deritzonean (Agüero, Murillo, Riglos, Marcuello, Ayerbe, Sangarrén eta Callén) erreinatu zuen erreginaren omenez.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 260 metro.
- Luze kopurua: 8.
- Nork irekia: Sueño Vertical taldeak, 2021eko udaberrian.
- Zailtasuna: 6a (V/A0). Luzez-luze: 1ºL: V (25 m), 2ºL: 6a edo V/A0 (35 m), 3ºL: IV (35 m), 4º L: V (35 m), 5º L: V+ (25 m), 6ºL: 6a edo V/A0 (25 m), 7ºL: V+ edo V/A0 (35 m) eta 8ºL: IV+ (45 m).
- Orientazioa: Hego-ekialdea.
- Ura: Murillo de Gallego herrian hartu daiteke.
- Hurbilketa: Malloetara doan bidea hartuko dugu ferrata bidearen hasieraraino. Han, orain arte jarraitutako bidea utzi, eta hormatik gertu mantentzen den bidexkari jarraituko diogu. Bidexaka hau, tarteka, mugarriren batekin eta banbu-hagaxka batean jarritako zinta gorri batekin seinalatuta dago. Soka finko batekin aseguratutako zati bat zeharkatu ondoren, sakan baten ertzera iritsiko gara, eta kontuz jaitsiko gara bertara (II), bidea sakanaren barruan hasten baita. Aparkalekutik bidearen oinera 50 minutu inguru pasako ditugu.
- Jaitsiera: Varella puntara igo garen kontrako aldetik jaisten hasterakoan altzairuzko zirga bat aurkituko dugu, Peña Ruebako ferrata bidera doana (honen adar bat da). Bide ferrata jarraituko dugu eta hasten den lekura iritsitakoan igoerako bidearekin topo egingo dugu.
- Eramandako materiala: 50 metroko soka bat eta luzera desberdineko 18 express-zinta aseguru guztietan “txapatu” nahi bada eta zinta-uztaiak bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko eta horman bizi diren animali eta hegaztiak ez molestatzeko.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Hiru ordu eta berrogeita hamar minutu.

BIDEAREN KROKISA

Bidearen nondik norakoak.

Krokis zehatza.

DESKRIBAPENA

Euripean eta erdi-ilunpean hainbeste egun igaro ondoren, kotxetik irten ginenean eguzkiaren argitasunak hotzikara eragin zidan, udako goiz eguzkitsu batean pertsiana irekitzen dugunean eta argitasuna iluntasuna hautsiz logelan bortizki sartzen denean bezala. Iparraldeko haizeak, tarteka zakarra, tenperatura hamar gradutik behera mantentzen zuen, baina hala ere berokiak kotxean uztea erabaki genuen, egunak aurrera egin ahala tenperaturak ere gora egingo zuelakoan.

Aparkalekuan dagoen kartel informatiboa.

- Ba parkinen hainbeste kotxe egoteko ez du ematen paretan kordararik dagonik – esan zidan Asierrek, oinez hasi ginenean.

Hurbilketaren lehen metroetan, pista uzten den lekuan.

Kotxez beteta zegoen aparkalekutik horma garbia zirudien, bizitzarik gabe. Baina Malloetara hurbiltzen hasi ahala, hormako leku ezberdinetan kolore biziko puntuak agertzen hasi ziren, ilunabarrean iluntzen doan zeruan izarrak bezala. “La Calva” eta “La Mora” Malloetako bide errepikatuenetan bizpahiru kordada zeuden, batzuk eskalatzen, besteak eskalatzeko zain. Ikaratu ere egin ginen une batez, berrogeita hamar bat minutuko hurbilketaren ondoren eskalatzen hasi arte itxaron beharko ote genuen beldurrez.

Ferrata bidea hasten den lekua atzean utzi genuenean, isiltasuna itzuli zen, haizeak eta gure pausuek bakarrik hausten zutena. Nahiz eta bidearen hasierara doan bidexka tarteka mugarriren batekin eta banbu-hagaxka batean jarritako plastiko gorri batekin seinalatuta egon, zati batzuetan ez da oso agerikoa, eta horregatik jarraitu genuen estrategia hormatik gertu mantentzea izan zen. Eta estrategia horrek ondo funtzionatu zigun, konturatu ginenerako Sueño Verticalekoek idatzitako bidearen kronikan deskribatzen den soka finkora iritsiak baikinen.

Soka finkoa dagoen lekuan. Ezkerrean, urrun, bi aintziren artean dagoen aparkalekua ikus daiteke.

A zer lasaitasuna sentitu genuen bidea hasten den amildegiaren ertzera iritsi eta inor ez zegoela ikusi genuenean!!!

- Esan dizut ba jendeari ez zaiola gustatzen aproximazio luzek egitea, jejeje... – esan zidan Asierrek irribarre zabal batekin.

Amildegiaren ertzetik egindako argazki honetan lehenengo luzean eskalatzen den horma bere osotasunean ikus daiteke. Argazkian, borobil gorri batean, lehenengo parabolta adierazita dago, bidea guk eskalatu genuenean zinta urdin bat jarrita zuena.

Hurbilketa noraino iristen den ikusteko, argazki honetan puntu zuriz marraztu dut. Eskalada-bidea gorriz marraztuta dago eta, jaitsierako bidea, ferrata bidetik doana, puntu urdinez.

Eskalatzen hasteko prestatzen ari ginela, atentzioa eman zigun bidea hasten den eskuineko hormatik soka finko bat zintzilik ikusteak.

- Bide berri bat irikitzen arituko die? – Galdetu nion Asierri.
- Baliteke – erantzun zidan -. Azkeneko urteotan hemengo paretetan bide asko irikitzen ari die, Sueño Verticalekok batez ere.

Bidearen hasiera aurkitu ondoren, eguneko bigarren erronka parabolt-lerro egokia jarraitzea izango zen, “Vía del Lukas” eta “Reina del Mallo” bideak bata bestetik gertu baitaude lehen metroetan.

- Kronikaren arabera, bi bidek bigarren paraboltetik gora banatzen die – esan zidan Asierrek telefonoaren pantailari begira.
- Bi bidek pertsona ezberdinek ekipatu baditue, zalantza izanez gero parabolt gehienak ditunak jarraitu beharko det, jejejeje – erantzun nion irribarretsu, eskalatzen hasi aurretik.

- Lehen luzea, 25 metro, V, 10 seguru. Diedroak eskalatzeko erabiltzen den teknikarekin parabolt batekin aseguratuko pare bat hormatxo txiki eskalatu ondoren (III+), luzearen bigarren paraboltera iritsi nintzen, “Reina Mallos” izena duen zinta gorri bat duena.

Bigarren parabolta.

Asierrek esan zidan bezala, parabolt honen gainetik bi parabolt-lerro ikusi nituen: eskuineko lerroan paraboltak bata bestearen ondoan zeuden, eta zuzen jarraitzen zuen parabolt-lerroan, berriz, bizpahiru parabolt besterik ez. Hori gutxi ez balitz, eskuinerantz zihoan lerroko paraboltetan zinta urdinak jarrita zeudela ikusi nuen, lehen paraboltean bezala, “Reina del Mallo” bidea handik zihoala adierazteko.

- Argi dago eskubiko lerroa dela – esan nion Asierri.

Gorago kontatu dudan moduan, zuzen jarraitzen duen parabolt-lerroa “Vía del Lukas” (250 m, 6a+, V+/6a behartua) bidea da, 2021ean Luis Rollok (“Sendero Limite” taldeko kideetako batek) eta Ruben Hernanedezek ireki zutena. Parabolt eta harkaitz-zubiekin aseguratutako bidea da, eta, aseguratuta dagoen moduari dagokionez, ez du zerikusirik ondoan duen “Reina del Mallo” bidearekin, bide horrek askoz ere aseguru gutxiago baititu; "nahikoak", eskalatu dutenek kontatzen dutenez. Bide honen inguruko informazio zehatza hemen irakurri dezakezue.

Eskuineko parabolt-lerroari jarraitu nion metro inklinatu batzuetan (III+/IV-), erlaitz zabal batek erdibitzen duen horma bertikal batekin topo egin nuen arte.

Horma bertikalaren oinean.

Goiko argazkian nagoen lekutik bidea hasten den lekura egindako argazkia.

Eskuinerantz mugituz, ez nuen zailtasun handirik izan erlaitz zabalera igotzeko (IV+).

Erlaitz zabalera igota.

Erlaitzaren gaineko hormak atzerantz botatzen du zerbait, baina oso helduleku onak dituela iruditu zitzaidan, batez ere oinetarako. Horma honetan ere eskuinerantz mugituz, uste baino errazago eskalatu nuen (V).

Horma eskalatu ondoren, aurreko zuhaitzetarantz zuzendu nintzen, non, horietako baten enborrean dago lehen bilgunea, soka finko bat hasten den leku berean, hain zuzen ere.

Lehen bilgunea.

Asier horma bertikalaren oinera iristen. Bere atzean zinta urdin bat duen paraboltetako bat ikus daiteke.

- Pasoa kintokoa iruditu zaizu? – Galdetu nion Asierri bilgunera iritsi zenean eta luzearen zailtasuna zein zen esan zidanean.
- Kinto errex bat – erantzun zidan kronikari begira -. Hauen bideen gradue normalen ez da gogorra izaten. Ea hurrrengo luzeko sextoa nolakoa den.

Lehen bilgunera iristen.

Hasieran zalantza izan genuen bilgunea lekuz aldatu eta soka finkoa amaitzen den paraboltean muntatzeko, luzeari zailtasuna ematen dion horma behetik aseguratzeko, baina azkenean bilgunea muntatuta zegoen lekuan uztea erabaki genuen.

- Paretaino ez dago hainbesteko distantziarik – esan zidan Asierrek bilgunetik irten aurretik.

- Bigarren luzea, 35 metro, 6a (V/A0), 14 seguru. Asierrek soka finkoaren laguntzarekin jarraitu zuen parabolt batez aseguratuta dagoen lur askoko eremu batetik igotzen, sokaren amaieraraino (II+).

Lehen bilgunea, soka finkoak (urdinak) aseguratzen duen zatiaren erdibidetik ikusita.

Eskuak magnesio-hautsetan hautseztatzen zituen bitartean, gainetik zeukan horma bertikala aztertzen hasi zen, horma ahalik eta esfortzu txikienarekin eskalatzeko jarraitu beharko lukeen mugimendu-segidarik erosoena zein izan zitekeen asmatu nahiko balu bezala. Eta bete-betean asmatu zuela esango nuke, erraz eskalatu baitzuen hormaren pasagunerik zailena (6a, V/A0). Beharbada gehiago kosta zitzaion hormatik irtetea, 6a pasagune bera baino.

6a pasagunea eskalatzeko prest.

6a pasagunetik irteten. Guri V+ izan zitekeela iruditu zitzaigun.

- Ze iruditu zaizu? – Galdetu nion.
- 6a errex bat – erantzun zidan umiltasunez -. Helduleku oso onak ditu.

6a pasagunearen gainetik egindako argazkia.

Horma bertikala eskalatu ondoren, ezproi zabal eta inklinatu bat eskalatzen jarraitu zuen bilguneraino (IV+).

Bigarren bilgunea.

Asierri gertatu zitzaion bezala, niri ere pasagunea 6a "erraz" bat iruditu zitzaidan, edo, gehiago “bustiz”, Eginon edo Ziordian V/V+ inguruan legokeen pasagune baten modukoa. Kontuan izan behar da lau hilabete neramatzala eskalatu gabe, eta hainbeste denbora eskalatu gabe egon ondoren oso gutxitan eskalatu dudala 6a zailtasuneko luze bat "a vista". Edo, nork daki, beharbada orain indartsuago nago!!! Jejeje.

Ezproi zabalaren lehen metroetan.

Bilgunera iritsi arteko azken metroak.

- Hemendik han daren zuhaitzetaraino 35 metro daude? – Galdetu zidan Asierrek kronika irakurriz.
- Gertuago daudela ematen du, baina eskaladan distantziek asko engainatzen dute – erantzun nion -. Oraintxe ikusiko degu.

- Hirugarren luzea, 35 metro, IV, 9 seguru. Luze honek, a priori, misterio handirik ez zuen, zeren, horma etzan bat zeharkatuz, bilgunetik diagonalean ezkerrerantz irten eta ezkerretara ikusten diren zuhaitz handietara iristea baitzen.

Parabolten arteko tarte “luzea” ikusi nuenean, luze erraz baten aurrean nengoela ondorioztatu nuen. Bilgunetik irten, lurrean marraztuta dagoen gezi zuri batek adieraziako noranzkoari jarraitu, eta, nabarmen ezkerrrerantz eginez, horma etzana alderik alde zeharkatu nuen, ia zuhaitzen bertikalean kokatu arte (III-).

Zeharkaldiaren amaieran. Nire gainean dauden hiru zuhaitz multzoetatik erdikoan dago hirugarren bilgunea. Argazkian luzearen hasieran dagoen gezi zuria ere ikus daiteke.

Zuhaitzetara iristeko, III/III+ ingurukoak iruditu zitzaizkigun bi hormatxo tenteago eskalatu behar dira. Ez zitzaigun iruditu luzeak IV zailtasuna zuenik.

Bilgunea zuhaitz horien enborretan jarritako bi sokaz osatuta dago.

Hirugarren bilgunea.

Bigarren bilgunea hirugarrenetik ikusita.

- Hemendik gora asuntoa bertikal jartzen da – esan nion Asierri materiala pasatzen nion bitartean.
- Bai, hemendik aurrera aseguratzeko goraka begiratu beharko degu – erantzun zidan.

Hirugarren bilgunearen gainetik begiratu eta hurrengo luzeetan eskalatuko genuen horma bertikala ikusi nuenean hotzikara sentitu nuen. Orain arte eskalatutako luzeetan ez genuen bertikaltasun-sentsaziorik sentitu, eta agian horregatik ari ginen lasai eta erraz eskalatzen. Oinen azpian bertikaltasuna sentitzeak eragina du adimenean, eta, ondorioz, garunak sortzen dituen pentsamenduetan; izan ere, arriskua eta beldurra ez da berdin sentitzen lurra lauzpabost edo hogei metrora dagoenean, nahiz eta aseguru finkoetara aseguratutako soka bati lotuta egon.

- Laugarren luzea, 35 metro, V, 15 seguru. Asier bilgunearen ezkerretik irten zen, eta, hosto eta lurrez “zikindutako” horma txiki bat eskalatu ondoren (IV), horma bertikala goitik behera erdibitzen duen arrail nabarmena eskalatzen jarraitu zuen; lehenik ezkerretik, eta, gero, arraila beretik, gainean dagoen zuhaitzez estalitako tximinia nabarmenera zuzenduz (V).

Hosto eta lurrez zikindutako horma txikia eskalatu aurretik.

Arrail nabarmena eskalatzen.

Tximinian dauden zuhaitzek ezkutatzen dutenaren beldur edo errespetuz, Asierrek zuhur eta pazientziaz eskalatu zituen luzearen metro horiek, iritsi zitekeenerako indarra gorde nahiko balu bezala. Tximinian sartu eta zuhaitz adarren artetik igaro zenean, bistatik galdu nuen.

Asier bistatik galdu aurretik.

Hurrengo metroetan, Asier ikusten ez nuen arren, soka nire eskuen artean etenik gabe askatzen zihoala ikustea seinale ona zela iruditu zitzaidan.

- Dagoeneko 25 metro eskalatu dituzu!! – Esan nion talkie-tik, ohi bezala, sokak erdian duen marka iluna segurtagailutik igaro zenean.

Ez zen denbora luzea igaro Asierrek tximinia eskalatu (V) eta leize txiki baten ondoan dagoen bilgunera iritsi zen arte.

- Reunión!!!

Laugarren bilgunea, atzean leize txikia ikus daiteke.

Tximiniaren azpira iritsi eta soka zuhaitz adarren artean zintzilik ikusi nuenean, begiak zabal-zabalik geratu zitzaizkidan. Noizean behin, oinak eta eskuak tximiniaren hormetan jarrita, eta noizean behin, Tarzan afizionatu baten antzera, adarretik adarrera igota, liluratuta iritsi nintzen bilgunera, parke batean jolasean ibili den haur bat bezala.

Zuhaitzez estalitako tximinia, adarretik-adarrera mugitzera gonbidatzen gaituena.

- Ostras, ze kuriosoa adarretatik igotzea – esan nion Asierri bilgunera iritsi nintzenean.
- Barrion ibiltzen ginen bezala, jejeje – erantzun zidan -. Urte batzuk pasa dira ordutik.
- Joe baietz – erantzun nion nolabaiteko nostalgiaz.

Bilgunearen eskuinaldean dagoen leizea oso txikia da, baina atentzioa eman zigun estalaktita txiki batzuk zituela ikusteak. Baina nire arreta hurrengo luzean zegoen. Arnesaren uztaietan express-zintak ordenatzen nituen bitartean, ezin nion begirik kendu gainean nuen tximinia/diedro nabarmen eta bertikalari. Inurri bat bezala sentitzen nintzen liburu ireki baten azpian, txiki, baina liburu gainera igotzeko gogoz.

- 25 metro bakarrik die – esan zidan Asierrek, sentitzen ari nintzena jakingo balu bezala.

- Bosgarren luzea, 25 metro, V+ (V/A0), 12 seguru. Luze hau, diedro bihurtzen den tximinia bertikala eskalatzea besterik ez da. Giza “X” bat banintz bezala, oin bat eta esku bat jarri nituen tximinia osatzen duen horma bakoitzean, eta gorputza lurretik altxatzen hasi nintzen pixkanaka.

- Itxoin pixkat – esan zidan Asierrek, hasi eta berehala -, hemengo argazki tipikoa egingo dizut eta.
- Argazki tipikoa? – Galdetu nion harriduraz, zertaz ari zen jakin gabe.
- Bai, kobazuloaren sarreratik argiaren kontra egiten den argazkie.

Luze honetako argazki tipikoa omen dena.

Asierrek “argazki tipikoa” egiten zidan bitartean, gora begiratu nuen, tximinia aztertu eta aurkituko nuena aurreikusten saiatzeko. Luzearen bertikaltasuna ikusita, parabolten arteko tarteak atentzioa eman zidan, orain arte baino luzeagoa, baina hormetan ikusten ziren heldulekuek onak ziruditenez, tarte luzeago honen arrazoia hori izango zela pentsatu nuen.

Ez nago tximiniak eskalatzera ohituta eta, beraz, tximiniak eskalatzeko dudan “X” teknika ez da oso profesionala. Horregatik ez nintzen lasai eskalatzen hasi, bigarren paraboltera iritsi nintzen arte. Orduan, meditaziotik ikasten ari naizena gogoratu eta praktikan jartzea erabaki nuen. Mindfulness-en oinarritutako estresa murrizteari buruzko ikastaro bat egin ondoren, sei hilabete daramatzat egunero ordubeteko meditazioa egiten jaikitzen naizenean eta, arratsaldean, noizean behin yoga praktikatzen. Ez naiz hasiko meditazioak eta yogak eragiten dituzten onurei buruzko azalpenik ematen, baina arnasketara eta zentzumenetara arreta osoa eramaten hasi nintzenean, alferrikako alarma-sentsazioa eragiten zuten pentsamenduek eragindako zarata mentala itzaltzea lortu nuen.

Zarata mentala itzali ondoren.

Zarata mentala itzali zenean, eskuak eta oinak tximinia/diedroa osatzen duten hormetan zabaldu nituen, heldulekuak nonahi agertzen hasi ziren eta gorputz-mugimenduak jariakorrak bihurtzen hasi ziren, harkaitzak kolore zuria hartu zuen arte.

Heldulekak topatzearen jolasarekin gozatzen.

Berehala konturatu nintzen harkaitzaren kolore eta usain txarra ez zela naturala.

- Hau putren kakaz beteta dau!! – Oihukatu nion Asierri.

Zarataka hasi nintzen, deabrutu baten antzera, gertu ikusten nuen bilgunean putre bat zain ote neukan beldurrez. Harkaitza gorotzez estalita egon arren itsasgarritasun txarrik ez zuela iruditu zitzaidan. Hala ere, eskuak eta katu-oinak zuriak nituela iritsi nintzen bilgunera.

Asier putreen gorotzek zuritutako hormaren zatian.

- Ze usain txarra, ez? – Esan zidan Asierrek bilgunera iritsi zenean.
- Ni dauneko ohitu naiz, jejeje – erantzun nion.
- Ea ez zaigun arropan geratzen.
- Horixe behar genuen, jejeje.

Luzea, lehen metroak izan ezik, V/V+ (V/A0) zailtasunean egonkor mantentzen zela iruditu zitzaigun.

- Seigarren luzea, 25 metro, 6a (V/A0), 17 seguru. Bilgunearen gainetik dagoen ezproian jarrita dauden parabolten arteko tarte laburra ikusi genuenean, berehala ondorioztatu genuen luzearen 6a pasagunea lehen metro horietan zegoela.

Asierrek bilgunetik ezkerrera egin eta, lurrez estalita zegoen koxka batera igo ondoren (IV), ezproi bertikala eskalatzen hasi zen.

Ezproia eskalatzen.

Ezproiaren erditik eskalatzen hasi zen arren, metroak irabazi ahala eskuin aldera apur bat pasatu zen, helduleku onenen bila, motxila eskuineko zuhaixken adarretan ez katigatzen saiatuz. Ez zuen ezproira igotzeko zailtasun handirik izan (6a, V/A0).

- Zertxobait estutu det, baina ez da zaile – esan zidan argazki bat egiten zidan bitartean.

Ezproiaren gainetik egindako argazkia.

Ezproia eskalatu ondoren, horma apur bat etzaten da metro batzuetan eta luzeak eskuineko kanaletik gertu jarraitzen du, horma bertikal batekin topo egin arte (IV). Orduan, Asierrek ordura arte zeraman eskalada jarraitua bat-batean gelditu zen. Soka berriro mugitzen hasteko zain, sokari begira, eskaladaren eta askatasunaren arteko erlazioaz pentsatzen hasi nintzen. Eskalatzen dugun gehienok inoiz esan dugu eskalatzen dugunean aske sentitzen garela edo aske sentitzeko eskalatzen dugula. Hori esatea paradoxikoa dela ondorioztatu nuen, soka batek lurrari lotuta mantentzen gaituen jarduera bati buruz ari garenean.

Asier horma bertikala eskalatzen hasi zenean, soka berriro mugitzen hasi zen, nire pentsamenduak eskaladara itzularaziz. Horma eskalatuta (V), ezkerrerantz zeharkaldi bat egin zuen bilgunea muntatuta dagoen erlaitz erosora igotzeko (IV+).

Ezproiaren gainetik bilgunera arte dagoen zatia.

Kuriositatez, esan bilgune hori dela soka batez lotutako bi paraboltez osatuta dagoen bakarra.

Seigarren bilgunea, soka batez lotutako bi paraboltez osatuta dagoen bakarra.

Ezproia bere osotasunean eskuinaldetik eskalatu nuen, une batean eskuin oina zuhaixketako adar batean jarrita, eta aitortu beharra daukat, gehiago estutu behar izan nuela bilgunera iristeko eskalatu behar den horma bertikalean.

- Bide honek dauken gauza on bat da luze bakoitza modu ezberdinetara eskalatu daitekeela - esan zidan Asierrek bilgunera iritsi nintzenean.

Eskalada enigmak deszifratzera mugatzen den jolas bat da. Agian "enigma nagusia" "hortik igo al daiteke?" galderari erantzuten diona da, eta hau da bide berri bat irekitzen duenak deszifratzen duena. "Enigma nagusia" deszifratu ondoren, eskalada-bide hori ireki duenak enigma berri bat ezkutatzen du luze bakoitzean. Enigma hori bidea errepikatzen dugunok deszifratu beharko dugu, eta, luzearen zailtasunaren eta dugun trebetasunaren arabera, zailagoa edo errazagoa izaten da, ez baitakigu bidea ireki duenak jarraitu duen bide zehatza, utzi dituen aseguruak izan ezik, aseguruak utzi baditu. Asierrek esan zidan bezala, argi zegoen eskalatzen ari ginen luzeetako batzuk modu desberdinetan eskalatu zitezkeela.

- Zazpigarren luzea, 35 metro, V+ (V/A0), 18 seguru. Beste luze bat aurretik, enigma berri bat deszifratzeke. Bilgunetik zuzen irten nintzen, eta, eskalatzen ari nintzen horma bertikal bihurtu zenean, zeharkaldi bat egin nuen eskuinerantz, lur soltez estalitako kanaltxo batera iritsi nintzen arte (IV).

- Luze hau bustia topatuz gero paso honek berea izango dula esango nuke - esan nion Asierri.

Kanaltxoaren lurra ez zapaltzeko kontu handiz, beste aldera pasa nintzen, plataforma txiki baten gainean jartzeko (IV).

Plataforma txikiaren gainean.

Ikusi nituen helduleku onenei jarraituz, eskuineko joerarekin eskalatzen jarraitu nuen, helduleku txikiak dituen horma bertikal batekin topo egin nuen arte (V). Ez nekien luzearen zailtasuna, Asierri eskatu bainion aurretik eskalatu behar nituen luzeen zailtasunak ez esateko, baina hormaren pasagunea aseguratzen duten bi parabolten arteko tarte laburra ikusi nuenean, luzearen pasagunerik zailaren oinean nengoela ondorioztatu nuen: "hemen dau luzearen enigma", esan nion nire buruari.

Arnasketari eta eskuetako hatzek eta oinek transmititzen zidatenari arreta osoa jarriz, hormako helduleku txikiak haztatu eta gorputza altxatzen hasi nintzen poliki. Konturatu nintzenerako, pasabidea aseguratzen duen bigarren paraboltaren parean nengoen. Parabolt hartatik aseguratu nintzen, eta beheko paraboltetik aseguratu gabe pasa nintzela ikusita, parabolt hartatik ere aseguratu nintzen hormatik irten aurretik (V+, V/A0). Ez nuen beheko paraboltetik aseguratzeko beharrik, baina hasieratik adostu genuen aseguru guztietatik aseguratuko ginela, kronika idazterakoan, luze bakoitzean zenbat aseguru dauden zehazteko.

Horma bertikala eskalatu ondoren.

Esango nuke pasagune hura izan zela gehien estutzea eskatu zidana bide osoan, eta, zailtasunagatik, gradu “ofizialetik” hurbilen dagoena. Hormari igota, pasagunean bihotz taupadak oraindik pom-pom-pom-pom azkartuta nituela, Asierri argazki bat egiteko aprobetxatu nuen, eskalatzen jarraitu aurretik.

Horma bertikalaren gainetik Asierri egindako argazkia.

Pasagune bertikalaren gainetik, hormak bertikaltasuna galtzen du. Eskuinerantz eskalatzen jarraitu nuen, eta IV zailtasuneko bi koxka igo ondoren, ez nuen zailtasun handirik izan bilgunera iristeko.

Zazpigarren bilgunera iristeko azken metroak.

Asier luzearen azken metroetan.

- Hau eginda dau – esan nion Asierri bilgunera iritsi zenean.
- Oraindik luze bat falta da – erantzun zidan -, bazpare bukatu arte hobe ez esatea, jejeje.
- Bai, arrazoi dezu – erantzun nion -, erderaz esaten den bezela “no hay que vender la piel del oso antes de cazarlo”, jejeje.

- Zortzigarren luzea, 45 metro, IV+, 18 seguru. Asierrek bilgunearen gainetik dagoen horma tentea eskalatu zuen (IV+), eta, han dagoen zuhaixka nabarmenaren parera iristean, ezkerrera egiten hasi zen. Kronikan irakurrita genuen zuhaixkaren parean zuzen jarraituz gero, beste bide bat eskalatuko genuela, Ignacio Cintok irekitakoa, baina parabolt baten "txurroa" besterik ez genuen ikusi.

Bilgunearen gaineko horma eskalatzen. Asierren ezkerrean zuhaixka nabarmena ikus daiteke.

Hainbat metroren ondoren, Asier gelditu egin zen:

- Hemen beste parabolt linea bat dago - esan zidan.
- Beste bide bat gurutzatzen al du?
- Ez dakit, orain begiratuko det.

Telefonoa atera, kronika irakurri eta parabolt-lerroa "Vía del Lukas" bidearena zela baieztatu zidan.

- Gure bidek ezker aldera jarraitzen du - esan zidan telefonoa poltsikoan sartuz - gañea hemen ere zinta urdin bat dauken parabolt bat dau.

Zinta urdineko paraboltaren parean.

Gertuago....

Zinta urdineko parabolta atzean utzi ondoren, Asierrek zeharkaldiarekin jarraitu eta bistatik galdu nuen, baina bistatik galdu nuen arren arin zihoan, nahiz eta tarteka IV zailtasuneko pasagune motz batzuk eskalatu zituen. Amaitzeko, helduleku onak dituen hormatxo bat eskalatu ondoren (IV), azken bilgunera iritsi zen.

- Reunionnnnnn!!!

Zortzigarren, eta azken, bilgunean.

- Oain bai, hau eginda dau!!!! - Esan nion bilgunera iritsi nintzenean.
- Oain bai - erantzun zidan -, baina kotxera iritsi arte ezin dugu garaipenik ospatu, jejeje.
- Hori da - erantzun nion -, esaten degun moduan "que no te pase bajando lo que no te ha pasado subiendo".

Azken bilgunetik irteteko, harri soltez betetako horma etzan txiki bat igo genuen (II+); ez da zaila, baina lotuta igotzea erabaki genuen, irrist egiteko arriskua egon daitekeelako harri solteen ondorioz. Asierrek beti esaten du eskarmentu handiko eskalatzaileek zailtasun gutxiko lekuetan izaten dituztela istripuak, eta guri falta zitzaigun gauza bakarra zen, eskarmentu gutxiko eskalatzaileak izanda gainera, azken metro erraz horietan istripu bat izatea.

Zortzigarren bilgunea harri soltez estalitako hormatxo etzanaren gainetik.

Zoriontsu sentitzen ginen Punta Varellako punturik altuenera iritsi ginenean, eta irribarre zabal batekin argazki bat atera genuen.

Hemen gaude berriro, lau hilabete ondoren, irribarre zabal batekin!!! Gure artean Riglosko Malloak ikus daitezke.

Riglosko Malloak gertuago. Eskalada gustatu edo ez, leku ikusgarria da, inongo zalantzarik gabe.

Gure inguruan ez zegoen beste inor, ezta inoren arrastorik ere, zenbait putre izan ezik, aire-korronteekin jolasean. Putreen askatasunari begira, ausartuko nintzateke esatera gu ere aske sentitzen ginela, bakardadeak eskeintzen duen une intimo hori dastatuz. Baina zenbat pertsona bizi dira loreontzi batean basoan aske bizi diren zuhaitzak direlakoan? Buruak beste pentsamendu batera eraman ninduen:

- Gaur bezala, duela bi mila urte, juduek Jesus saldu zuten eta erromatarrek atxilotu, torturatu eta exekutatu egin zuten - esan nion Asierri, Ostiral Santua zela gogoratu nuenean -. Mundua nola dagoen ikusita, badirudi historia errepikatu egiten dela, nahiz eta Jesus eta erromatarrak beste pertsona batzuk izan.
- Ez dugu ikasten - erantzun zidan.
- Ez, ez dugu ikasi nahi.

Materiala patxadan jaso genuen, barratxo energetiko bat jaten genuen bitartean. Bederatzi ordu pasatxo ziren gosaldu genuenetik eta urdailek ordura arte ahaztutako gosearen kontrako neurriren bat hartzea aldarrikatzen hasiak ziren. Ordu batzuk geroago, aldarrikapenak asetzeko bazkaria iritsiko zen.

Bideari dagokionez, Sueño Vertica-ek ekipatzen dituen bideen parabolt kopuruak sortarazten dituen eztabaidak alde batera utzita, bidea asko gustatu zitzaigun, eta, bosgarren luzea, denetatik ikusgarriena, ederra, nahiz eta azken metroak putreen gorotzekin estalita dagoen. Bide aproposa izan daiteke neguan zehar gorputzak pilatu duen herdoila kentzen hasteko.

KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- Sueño Vertical bloga. 2021/07/15. "Reina de los Mallos" (Peña Ruaba - Punta Varella). Eskuragarri: https://suenovertical.blogspot.com/2021/07/reina-de-los-mallos-pena-ruaba-punta.html


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina