AZKEN 10 SARRERAK
donato etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
donato etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2020/02/09

LEZITZA EDO LEZIZAGOA (1.350 m) ETA BERIAIN (1.493 m): GAANDURDIA PAXA ETA LEZITZAKO HEGO-HORMAKO IRTEERA ZUZENETIK, III. 2020/02/02

2014. Lezitza edo Lezizagoa mendiaren gailurrean, atzean Beriain. Hego-horma bertikala ikusgarria da.


Beriaingo hego-horma osatzen duten paxa nagusietatik Gaandurdia zen ibili eta inbestigatzeko falta zitzaidan bakarra. Paxa hau alderik alde zeharkatu nahi nuen Beriaingo lautadan amaitu zitekeen irteera zuzen baten bila. Arrazoi hau gutxi ez bada, Akerregiko paxan gora eta behera ibilitako batean, azpian duen Gaandurdia paxara zuzentzen zen "couloir" itxurako bat ikusi nuen: korridore honek beheraino jarraitutasunik izango du? Izan zen sortu zitzaidan galdera.

Gaandurdira zuzentzeko bi arrazoi nituen dagoeneko: batetik, korridorearen misterioa argitzea, bestetik, paxa alderik alde zeharkatu eta bertatik Beriaingo lautadara irteera zuzenen bat eskalatzeko aukerarik zegoen inbestigatzea. Arrazoi nahikoak ziren bisita bat egiteko. 

Onartu beharra daukat kronika honetan azaldutako ibilbidea kasualitatearen fruitua izan zela, Unanutik irten nintzenean non eta nola ibili eta non eta nola amaituko nuen argi ez nuelako. Eta etxetik idazteak ematen duen distantzia eta epeltasunetik esan beharrada daukat lortutako emaitzarekin oso gustura nagoela: ibilbide luzea, paisaia ederrekoa eta mendi baten gailurretik oso hurbil amaitzen dena. Baina baita ere esan beharra daukat, kronikan irakurriko duzuen bezala, irteera zuzena eskalatzen espero baino estutasun gehiago pasako nuela. Dena den, irteera zuzen hau ez dago halabeharrez eskalatu behar Lezitzara igotzeko; paxaren azken metroetan Ergoiena bailaratik datorren ohiko bidearekin bat egiteko aukera dugu, igoera oinez egiteko aukera emanez.

IBILBIDEA

Ibilbidea Unanuko elizaren ondoan hasi nuen. Beriainera doan ohiko bidea jarraituz, Iturtxiki iturrira iritsi eta, metro batzuk gorago, Beriaingo ohiko bidea utzi nuen, Lezizagoako bidean gora hasteko. Egurrezko langa bat atzean utzi eta 80 metro ingurura, pagadian sartu eta Gaandurdi bidea jarraituta, Lurgorri harritza nabarmena ezkerrean utzi ondoren Gaandurdiko pokala harritzara iritsi nintzen.

Harritza zuzen igotzea badago ere, eskuinean duen pagaditik igo nuen, Gaandurdia paxaren altuerara iritsitakoan eskuinera pasatu eta eta pagadia uzteko. Hemendik aurrera paxa alderik-alde zeharkatu nuen Lezitza mendiaren hego-hormara iritsi arte.

Irteera zuzena Lezitzaren ekialdean gelditzen da. Lehen metroetan harkaitz oneko horma bertikal bat eskalatu (III) eta lur eta harri askez estalitako horma inklinatu bat eskalatzen jarraitu nuen (II+), bigarren horma bertikal batekin topo egin arte. Bertan eskuinera bota eta, ageriko pasabide bat zeharkatuz (II), belar eta harkaitzez estalitako kanal zabal batera iritsi nintzen. Hormatxo etzan bat eskalatu ondoren (II), goiko lautadara ateratzeko bi aukera daude: eskuinetik oinez edo ezkerrean dagoen tximini estu bat eskalatuz. Nik bigarren aukera hartu eta, tximinia eskalatu ondoren (II+), Lezitza edo Lezizagoaren gailurrera iritsi nintzen.

Lezitzatik Beriainera mendiaren alde honetatik doan ohiko bidea jarraituz iritsi nintzen.

Jaitsiera Eguterako bidetik egin nuen. Jaitsiera honen inguruko informazio zehatza kronika honetan irakurri dezakezue.

Ibilbidearen nondik norakoak. Zuriz, igoeran oinez egindako bidea; gorriz, irteera zuzena eta orlegiz jaitsierako bidea.


IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Ibilbidearen luzera: 15,7 kilometro.
- Punturik baxuena: Unanu, 640 metro.
- Punturik altuena: Beriain mendia, 1.493 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 1.230 metro inguru.
- Igotako mendiak: 2.
- Zailtasuna: III zailtasuneko hormatxo bat. Zailtasun handirik ez badu ere, harkaitzaren kalitatea dela eta, kontu handiz ibili beharreko ageriko pasabide bat dauka. Goiko lautadara iristeko eskalatutako tximinia (II+) eskuinetik oinez ekidin daiteke.
- Ura: Unanun eta Iturtxiki iturrian ura hartu daiteke.
- Jaitsiera: Beriaindik Eguterako bidea jarraituz ordubete pasatxoan (arin ibilita) Unanura itzuliko gara.
- Eramandako materiala: Paxaren inguruan eta gainetik ardi eta putre asko ibili eta noizik eta behin harriak botatzen dituztenez, kaskoa eramatea gomendagarria izan daiteke. Honetaz aparte ez nuen material gehiago eraman baina 30 metroetako soka bat eta autobabeserako material pixkat eramatea ez litzateke gaizki etorriko irteeraren zatirik tekniko eta agerikoena nolabait aseguratzeko.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: Bost ordu eta erdi inguru, atsedenak barne.

Ibilbidea deskargatu nahi baduzue:

Powered by Wikiloc

BIDEAREN KROKISA

Lezitza edo Lezizagoako hego-hormako irteera zuzenaren krokisa.


DESKRIBAPENA

"Candelaria hotz, negua motz; Candelaria bero, negua gero" bota zuen irratiak Unanuko bidean nindoala. Eta ez zen gutxiagorako: Etzegarate mendatearen gainan kotxearen termometroak 15 Cº adierazten zituen bitartean, Unanuko elizaren ondoan 8 Cº zeuden. Esaera hitzez-hitz hartzen badugu, negua oraindik iristear dagoela baieztatu genezake, jejeje.

Goizeko zazpirak eta erdi ziren Unanu erdi ilunpean utzi nuenean. Noiz itzuliko nintzen jakin gabe, lehen pausuak itxaropentsu eman nituen, Gaandurdia paxako zirrikituren batean irteera eder bat topatuko nuela ziur nengoelako.

Azkenaldian sarritan ibilitako bidea pilotu automatikoa piztuta igo nuen, inguratzen ninduenari harreta berezirik jarri gabe, Iturtxiki iturrira iritsi nintzen arte. Bertan, hego-haize goxoak eragindako beroaren eraginez, ur freskoa edateko tarte bat hartu, txamarra kendu eta manga motzetan gelditu nintzen. Nork esango zuen otsailaren hasieran mendian manga motzetan ibiliko ginela!!! Irratian Candelaria egunari buruz entzundakoa gogora etorri zitzaidan...

Iturritik gora, pilotu automatikoa berriro ere piztu eta Lezizagoa pistan gora jarraitu nuen, ezertan pentsatu gabe, ezertan arreta jarri gabe, Gaandurdi bidearen amaieran Gaandurdiko pokala kanalarekin topo egin nuen arte (bertara iristeko bidearen azalpen zehatza hemen irakurri dezakezue).

Oraingoan ez nintzen kanala zuzenean igotzen hasi. Bertako harritza alde batera utzita, eskuinera bota eta pagadian gora metroak arin irabazi nituen, basoaren mugara iritsi aurretik, eskuinera jo eta Gaandurdira iritsiz.

Gaandurdira iristeko pagaditik jarraitutako bidea. Pagadiaren atzean, argazkian ez da ikusten, Gaandurdiko pokala kanala dago.


Eguzkiak, zeruertza osatzen duten mendien atzetik ateratzearekin batera, pareko ikusmira itsutu zidan, eguzkitako betaurrekoak jartzera behartuz. Metroak pixkanaka irabaziz, txamarra gorri eta zahar bat arantzen artean harrapatuta duen elorri bakarti batera iritsi nintzen.

Txamarradun elorrira arteko bidea.


Helburuetako bat paxa honetatik gora irteera zuzen bat aurkitzea zenez, Akerregiko paxatik amiltzen den hego-hormatik gertu mantentzea erabaki nuen. Ganga itxurako sakonune bat atzean utzi ondoren, azpian, pagoen artean, Gaandurdipetako kaskailluaundia izeneko harritza azaldu zen.

Gaandurdipetako kaskailluaundia pagadiaren erdian.


Harritzaren gainetik dagoen kanal itsurakoak paxan sakonune zabal bat osatzen du bidea oztopatuz. Batera eta bestera begiratu ondoren, aurrera jarraitu ahal izateko, sakonunearen goiko ertzetik doan pasabide estu bat zeharkatu nuen, kanalak sortutako amildegia eskuinean utzita.

Pasabide estura iristen.


Aitortu beharra daukat hain paxa zabalean honelako pasabide estu bat ez nuela espero. Pasabideak ez dauka zailtasun handirik, baina eskuinera eroriz gero zartako galanta hartu daiteke. Kontu handiz, oreka mantenduz, pasabidea atzean utzi eta argazki bat egin nion.

Pasabide estua atzean utzi ondoren. Zailtasunik ez dauka, baina bertan erortzea ez da komeni.Argazkian Lizarraga herria itzalpean ikusi daiteke.


Hemendik aurrera zailtasunak desagertzen dira. Beraingo hego-hormari egindako argazki bat erreferentzi bakartzat, noizik eta behin begirada bat botatzen nion erreferentzia baten bila. Argazkian paxaren erdian dauden bi pago berezi identifikatuak nituen. Pasabide estua atzean utzi eta metro gutxietara bietako lehenengoa azaldu zen.

Lehenengo pagora iristen, atzean bigarrena ikusi daiteke.


Pagoaren ondora berehala iritsi nintzen. Argazki bat azkar-azkar eginez, ia gelditu gabe, aurrera jarraitu nuen.

Lehenengo pagoa. Uste nuena baino askoz handiagoa zela iruditu zitzaidan.


Nafarroako Gobernuko SITNA web orriko mapa toponimikoaren arabera, bi pagoen arteko tartean paxak Zapargorri izena hartzen du, baina zehazki non den ez nekien. Tarte honetan abiadura moteldu eta, paretik zetorrenari baino, ezkerreko hego-hormari arreta gehiago jarri nion, bila nenbilen "couloir" hura bigarren pagora iritsi aurretik zegoela nekielako, hormaren erdian nabaria den zulo zuri batetik gertu. Hau dela eta, "couloir"-era iristeko giltza izango zutelakoan, paxatik gora ikusten nituen erlaitzetara igotzen hasi nintzen, batetik baino gehiagotik jaisteko eskuak erabiltzera behartuz.

Igotako erlaitzetako batetik atzera egindako argazkia. Urdinez, erlaitzera igo gabe jarraitu daiteken bide erosoa.


Goiko argazkia egindako erlaitzetik jaisteko eskuak erabili behar izan nituen hormatxoa. Urdinez, zailtasunik gabeko bidea.


Hego-horma goitik behera begiratzen banuen ere, bertikaltasunari ez nion inongo ahuldaderik aurkitzen. Horman dagoen zulo zuri nabarmenaren azpira iritsi nintzenean,"Couloir"-era iristeko bide bat topatzearen itxaropena, kafe berora botatako azukre-koxkorra bezala, urtzen hasi zen.

Zulo zuri nabarmena.


Gainean neraman argazkiaren perspektibak engainatu ninduela pentsatuz, "couloir"-aren bila aurrera jarraitu nuen, paxako bigarren pago nabarmena atzean utzi nuen arte.

Bigarren pagoa atzean utzi ondoren. Atzean, laino artean, Aizkorri. Zulo zuri nabarmenaren kokalekua ere ikusi daiteke.


Hormaren bertikaltasunean irteerarik ez topatzea etsipen sentimentua sortu zidan. "Couloir"-a ikusi nuenean, azpitik goraino eskalada eder bat egitearen aukera berehala irudikatu eta amestu banuen ere, zaplazteko bat jaso izan banu bezala sentitzen nintzen, seinale baten zain egongo banintz bezala, iritsiko ez zen seinale baten zain. Begirada lurrera zuzendu eta loratzen hasitako lili horien artean galdu nuen, indargabe, infinituari begira.

Metro gutxietara hegan hasi zen putre baten hegoen zaratak etsipenetik esnatu ninduen. Zain nengoen seinalea ote? Bat batean paxa honetara etortzearen bigarren arrazoiaz gogoratu nintzen: "ea hemendio gora ateatzeko bide zuzenen bat topatzeten". Hormari tristuraz azkenekoz begiratu eta, berriro ere animatuz, martxan jarri nintzen.

"Ea hemendio gora ateatzeko bide zuzenen bat topatzeten". 


Akerregiko paxaren irteera atzean gelditu eta niretzat ezezaguna zen mundu batean sartu nintzen. Paxak osatzen duen muino bakoitza gogotsu igotzen nuen, honen atzean amestutako irteera zuzena topatuko nuela itxaroten nuelako. Baina muino guztien atzean horma bertikala besterik ez nuen topatzen, itxaropena hurrengo muinoan jarriz.

Igotako muinoetako batetik egindako argazkia. Itxaropen osoa hormak osatzen zuen sakonune bakoitzean jartzen nuen.


Hormak osatutako sakonune bakoitza goitik behera arakatuz, metroak irabazten joan nintzen, besteak baino handiagoa zen muino baten gainera igo nintzenean aurretik nuen paxa zatia bere osotasunean ikusi nuen arte.

Zur eta lur gelditu nintzen. Hormaren bukaeran, betortz baten moduan, oso urrun, Lezitza ageri zen.

"Hormaren bukaeran, betortz baten moduan, oso urrun, Lezitza ageri zen".


"Hauntzaño jun beharkoet?" Pentsatu nuen, etsipenaren itzala berriro ere luzatzen hasten zela sentituz. Une batez buelta hartzearen ideia burutik pasa zitzaidan. Batetik, pereza handia ematen zidan paxa alderik alde "alperrik" zeharkatzea, baina bestetik irteera eder bat galtzearen ideiak amorratzen ninduen. Batera eta bestera begiratu ondoren, gogoak buruari irabazi eta aurrera jarraitzea erabaki nuen, aurretik ikusten nituen erreferentzia ezberdinak bata bestearen atzetik utziz: harkaitz handi baten ondoan jaiotako pagoa, eroritako hesi bat, zuhaixka berezi bat... Fuentefria baltsa parean ikusi nuen arte. Paxari dagokionez, eta beti ere Nafarroako Gobernuko SITNA web orriko mapa toponimikoa oinarri hartuta, paxaren zati ezberdin gehiago zeharkatu nituen: Futreko abeta, Otabeltz, Arrondo, Lezizagoko arrondoa...

Harkaitz handi baten ondoan jaiotako pagoa ...


... eroritako hesi bat...


Atzera begirada...


"... Fuentefria baltsa parean ikusi nuen arte".


Fuentefria baltsatik gertu Ikerrekin pasata nengoen, 2014an Lizarragako mendatetik Beriainpunta arte joan etorria egin genuenean. Txarrenean banekien baltsara iritsi gabe Lezizagoko ohiko bidetik, Ergoiena bailaratik datorrena, Beriaingo lautadara zailtasunik pasa gabe igoko nintzela. Ohiko bidera iritsiko nintzenaren ideiak geroz eta pisu handiagoa hartzen zuen bitartean, hormaren oinetik ahalik eta gertuen mantentzea erabaki nuen, bide honetara ahalik eta goienen iristeko asmotan.

Lezitzaren gailurretik paxaraino erortzen den ezproi itsurakoa inguratu ondoren, bat batean buruan nituen asmo eta ideiak desagertu ziren.

Lezitzatik behera doan ezproia inguratu nuen lekua. Argazkian tentea ikusten bada ere, ez dauka inongo zailtasunik eta oinez arazorik gabe pasatzen da.


Hormak lehen aldiz ahuldade bat agertzen zuen. Orratz bertikal baten ezkerrean kanal zabal bat zirudiena irekitzen zen. Bertara iristeko eskalatu beharko nuen horma bertikala ez zela ikusteak animatu egin ninduen. Baina, nondik igo? Hormaren eskuin aldea hagin-zuhaixkek hartua zuten bitartean, ezkerraldean, belar eta harkaitzez estalitako zati tente baten ondoren, eskuin aldera kanala arte iristen zen zeharkaldi nabarmen bat zegoela zirudien.

Kaskoa jantzi nuenean orain arte baloratu gabeko zalantza bat piztu zitzaidan: horma eskalatu ondoren, kanalak goitik irteerarik ez badu? Hotzikara batek gorputza goitik behera zeharkatzearekin batera kaskoa berriro ere kendu nuen.

Une batez zer egin ez nekiela gelditu nintzen. Telefonoa poltsikotik atera eta estaldura nuela ikusi nuenean, "a tomar por sako, txarrenen MATekoi guatxapa bidali ta goitio soka bat botakoiate" pentsatuz, kaskoa berriro ere jarri eta hormara zuzendu nintzen.

Horma, azpitik dirudiena baino bertikalagoa bada ere, nire harridurarako, lehen metro bertikal hauetan harkaitz on eta sendoa topatu nuen. Metro bertikal hauek eskalatu ondoren (III), ezkerrera bota eta belar eta harriz estalitako tartera atera nintzen. Bertako lehen harriari heldu eta eskuan gelditu zitzaidanean alarma guztiak piztu zitzaizkidan. Bat batean orain arteko segurtasun eta konfiantza osoa galtzen hasten nuela sentitzen hasi nintzen. Arnasketa eta bihotz taupadak azkartzen ziren heinean belar zati hau eskalatu (II+) eta bidea mozten zidan horma bertikalaren oinera iritsi nintzen, zeharkaldia hasten den lekuaren ondoan.

Zeharkaldia nolakoa zen ikustera hurbildu nintzenean, gauzak ez ziren hobetu. Parean, harri zalantzakorrez estalitako zeharkaldi estu eta agerikoa nuen, azpitik zirudien zeharkaldi nabarmenetik urrun zegoena. Orduan, paxara nola jaitsi pentsatzen hasi nintzen. Eskalatutako horma zen aukera bakarra, baina belarrez estalitako zatia jaistea arriskutsuegi zela pentsatu nuen.

Behera begiratzeak ez zidan lagundu eta azpiko paxa geroz eta beherago ikusten hasi nintzen. Aurretik nuen pasabidearen zailtasunak baino istripu bat izateak beldurtzen ninduen, bakardade sentsazio desatsegin bat nagusituz, horman geroz eta txikiago sentituz. Bertatik ateratzeko aukera bakarra nuen, aukera honi heltzea zen falta zitzaidan gauza bakarra: "Smithy, aurrea jarraitzea besteik eztau" animatu nintzen, arnasketa kontrolatzen saiatzen nintzen bitartean.

Zeharkaldiaren gaineko horma aztertzen hasi eta eskuentzat sendoak ziruditen pare bat helduleku topatu nituen. Arnasa sakon hartuz, helduleku hauetara eutsi eta, oinak zeharkaldia estaltzen duten harkaitzetan jarri nituenean, gorputzaren pisua eusten zutela ikusi nuen. Eskuentzat pare bat helduleku gehiago aurkitu, oinak arrautzekin estalitako lur gainean mugitzen ariko banintz bezala mugitu eta, arnasari ahal izan nion moduan eusten, zeharkaldiaren 3-4 metro estu eta agerikoenak atzean utzi nituen. Pare bat metro gehiagoren ondoren, hagin-zuhaixken gainetik ibiliz, zeharkaldia atzean utzi nuen (II).

Irteera zuzenaren lehen metroak kanalera iritsi arte. Beharbada hagin-zuhaixkak dauden lekutik eskalada seguruagoa izan daiteke.


Ageriko zeharkaldia bertatik pasatu eta gero.


A zer nolako lasaitua hartu nuen kanal zabala itsuraz lautadaraino iristen zela ikusi nuenean!!!

Adrenalinak uzten duen arnasestua eta garratz zaporea ahoan oraindik nituela, argazki batzuk egin eta kanalean gora jarraitu nuen.

Kanala zeharkaldiaren amaieratik ikusita.


Zeharkaldian pasatako estutasunaren ondoren, kanala eskalatzen jarraitzea luxua iruditu zitzaidan. Belarratik igo beharrean harkaitzaren gainetik eskalatzen jarraitu nuen (II) kanalak horma baten kontra talka egiten duen lekura arte.

Kanala goitik ikusita.


Kanalak, inongo zailtasunik gabe, hormaren eskuinetik Beriaingo lautadaraino jarraitzen badu ere, begirada hormaren ezkerrean dagoen tximinia estu batera joan zitzaidan.

Zuriz, kanalak jarraitzen duen bidea, oinez Beriaingo lautadaraino eramango gaituena. Gorriz, tximiniara zuzentzeko bidea.


"Earra izangozan bidea tximinie eskalatzen bukatzea" pentsatu nuen. Minutu batzuk lehenago pasatako estutasuna gogoan, tximinian berriro ere estutzen hasteko gogo handirik ez nuen. Hala ere, tximinia zer nolakoa zen inbestigatzea ideia ona izan zitekela pentsatu nuen.

Irteerako tximinia.


Tximinia zirudiena baino tente eta estuagoa bazen ere, bertako harkaitza nahiko sendoa zela ikusteak animatu ninduen. Honez gain, eroriz gero istripu larria izateko arriskurik ez zegoela iruditu zitzaidan. Bitan pentsatu gabe eskalatzen hasi nintzen. Azken eskalada hau lasai hartu nuen, eutsi aurretik helduleku bakoitza sendoa zela ziurtatuz. Konturatu nintzenerako, tximiniaren 5-6 metroak eskalatuak nituen, Beriaingo lautadara iritsiz (II+).

Tximiniaren gainetik egindako argazkia.


Lautadan topatu nuen lehen harkaitz zabalean eseri eta, azken minutuetan lehen aldiz arnasa lasai hartu nuen. Kaskoa kendu eta haize goxo batek aurpegia freskatzen zidan bitartean, begiak itxita, eskalada errepasatu nuen. Ez dakit hagin-zuhaixkek estaltzen duten hormaren eskalada seguruagoa izango den, baina kontutan hartzeko aukera izan daiteke. Trago bat ur edan, kaskoa motxilan gorde eta Lezizagoaren gailurrera zuzendu nintzen.

2014an egindako argazki honetan tximinia eta bertatik gailurrera dagoen bidea argi ikusi daiteke.


Gailurrera iritsi nintzenean denbora nahi baino azkarrago zihoala ikusi nuen. Telefonoa poltsikoan gorde eta, gailurrean argazkirik egin gabe, ibilbidearekin arin jarraitu nuen, Beriainera ahalik eta azkarren iristeko asmoz.

Lezitzatik Beriainera gutxi gora behera jarraitutako bidea.


Berrogeita bost minutu beranduago, hankak nekatzen hasita, jendez betetako Beriaingo gailurrera iritsi nintzen. Jendearen artetik pasatu, buzoiari argazki bat egin eta, ia gelditu gabe, gailurra atzean utzi nuen.

Beriaingo buzoia eta Lezitza (Lezizagoa) mendia.


Jaitsieran, gailurrera jendetza zihoan. Honelakoetan, mendizaletasuna mendeetan oinarritu duten balore eta idatzi gabeko arau eta ohiturak ahultzen (edo aldatzen, nork daki) ari direla iruditzen zait. Batzuk ez dakite igotzen ari denak lehentasuna duela; beste batzuk, azpitik jendea igotzen ari dela kontutan hartu gabe, harrikaran behera korrika hasi eta harriak bota ondoren txantxak egiten dituzte; azkeneko batzuk aldiz, zaborra ez dute jasotzen... Zorionez, balore hauei oraindik ere eusten dieten mendizaleekin ere topo egin nuen.

Ia egun osoan bakarrik ibili ondoren, ezeroso sentitu nintzen hainbeste jendearen artean, garai bateko mendizaletasuna bizitzeko modutik bizirik dirauen mendizale bakarti baten moduan. Honegatik, oraingoz hain masifikatua ez dagoen Egutera bidetik jaistea erabaki nuen, baita asmatu ere. Bost ordu eta erdiren ondoren Unanuko kaleetan nengoen berriro ere, nekatuta, baina zoriontsu.

Kotxearen maletategian eserita, mendiko boten zolari lokatza kentzen nion bitartean, burua eskalatutako irteerara joan zitzaidan. Ez da irteera garbi eta elegantena, baina bai Beriaingo hego-hormako paxa baxueneko irteera posibleetatik erraz eta zuzenena. Horma eskalatzen nuen bitartean beldurra pasa nuela ez dut ukatzen, baina beldurrari aurre egin eta onik ateratzearen ikasketa askoz handiagoa izan zen. Eta ikasketa hau izan zen motxilaren barruan etxera eraman nuena. Azken finean, mendiak, ispilu baten moduan, gure beldurren aurrean jartzen gaitu, gure gogo eta ametsen aurrean, gure izatearen aurrean, gure zaurgarritasunaren aurrean. Gure esku dago ispiluan ikusten duguna ukatu, onartu edo, aurre eginez, aldatzea. Baina, beti ere, etxera itzuli beharra dugula ahaztu gabe. 

KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- SITNA: Sistemas de Información Territorial de Navarra. Eskuragarri: http://sitna.navarra.es/geoportal/mapa/mapas.aspx?lg=eu


2020/01/29

BERIAIN (1.493 m), AKERREGIKO HAMABIETAKO BARGAREN IRTEERA ZUZENETIK: 80 m, III+/M4

"- Nola ikustezu? - Galdetu nion Asierri haizearen orroen gainetik oihukatuz.
- Dudak dauzket.
- Goraka hasi ta asuntoa zaile ikusten badet hala nola jaitxiko naiz.
- Baleee - erantzun zidan etsipen puntu batez, behin eskalatzen hasiz gero buelta hartzea zaila izango zela jakingo balu bezala.
"

"Non gogoa, han zangoa", "gustuko lekuan aldaparik ez" eta “ezina, ekinez egina” euskal esaerek ongi laburtzen dute mendira hurbiltzeko dugun filosofiari buruzko ideia. Gure irteera eta ibilbideetan hiru esaera hauek, gozogileek irin, azukre, gurin eta arrautzekin egiten duten moduan, modu ezberdinean nahasten ditugu opil ezberdinak lortzeko asmoarekin.

Eskalada honetarako zehazki, lehen bi esaerak osorik erabili genituen, “ezina” hitzetik aldiz, gutxi, eskalada ekinez egina izan zelako. Eta ez da gutxiagorako, hiru saiakera behar izan baititugu Akerregiko Hamabietako bargaren irteera zuzena eskalatzeko. Lehenengo saiakeran, bide hau piolet eta kranpoiekin erosoago eskalatuko genuela ikasi genuen. Bigarrenean aldiz, kranpoi eta pioletak eraman arren, elurra edo izotza beharko genuela ikasi nuen, harri askez jositako lur bigunean trakzioa egitea zaila eta arriskutsua baita. Honetaz aparte, soka bat eta aseguratzeko materiala eramatea seguruena izango zela ere ikasi nuen, orratzak irteera mehartzen duen lekuan zein zailtasun topatuko genuen ezin izan nuelako ikusi. Honegatik, Asierrek eskalada hau egiteko motibatua zegoela esan zidanean izugarri poztu nintzen, hirugarrenean eskalada hau aurrera aterako zela argi izan nuelako. Beriainen onespenarekin, noski.

Honela ba, opil berri bat egin asmoz, motxilan hiru osagaiak genituela Unanutik goizeko zortziretan atera ginen. Bai eta opil goxoa kozinatu ere!!!

IBILBIDEA

Ibilbidea Unanuko elizaren ondoan hasi genuen. Beriainera doan ohiko bidea jarraituz, Iturtxiki iturrira iritsi eta, metro batzuk gorago, Beriaingo ohiko bidea utzi genuen, Lezizagoako bidea jarraituz. Egurrezko langa bat atzean utzi eta 80 metro ingurura, pagadian sartu eta Gaandurdi bidea jarraituta, Lurgorri harritza nabarmenera iritsi ginen.

Harritza zuzen igotzea badago ere, elurrik ez zegoenez, bere eskuinetik (pagadiaren ertzetik) eroso eta azkarrago igo ginen, Akerregiko paxara oinez, inongo arazorik gabe iritsiz. Bertatik 150 metro inguru ekialdera (eskuinera) ibili ondoren, Akerregiko Hamabietako bargaren ohiko bidearen sarrerara iritsi ginen.

Akerregiko Hamabietako bargaren ohiko bidea horma bertikalaren azpian dagoen paxa estura arte eskalatu genuen. Paxa honetan, Akerregiko Hamabietako bargaren ohiko bidea utzi eta, ezkerrera (mendebaldera) hartuz, parean dagoen belarrez estalitako horma tentera zuzendu ginen.

Hormaren goiko aldean orratz nabarmen bat dago. Irteera zuzena orratzaren ezkerretik doa, III+/M4 zailtasuneko hiru irtengune eskalatuz. Guk bi soka-luzeetan eskalatu genuen.

Hormatik aterata, ipar-mendebaldean, 80-100 metro ingurura, San Donatoko baseliza dago. Bertara iritsi aurretik I zailtasuneko hormatxo txiki bat eskalatu genuen.

Jaitsiera Eguterako bidetik egin genuen. Bide honen inguruko informazio zehatza kronika honetan irakurri dezakezue.

Ibilbidearen nondik norakoak. Urdinez, igoerako bidea; gorriz, eskalatzen igotakoa eta zuriz jaitsiera.


Ibilbidea wikiloc web orritik deskargatu nahi baduzue.

Powered by Wikiloc


BIDEAREN DATU BATZUK

- Ibilbide osoaren luzera: 8,5 kilometro inguru.
- Punturik baxuena: Unanu, 631 metro.
- Punturik altuena: Beriain, 1.493 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 1.000 metro inguru.
- Igotako mendiak: 1.
- Irteera zuzenaren luzera: 80 metro.
- Luze kopurua: 2.
- Nork irekia: Honen inguruko informaziorik ez dut topatu.
- Zailtasuna: III+/M4. Luzez-luze: 1ºL: III+/M4 (30 m), 2ºL: III+/M3 (20 m). Zailtasuna ez gutxietsi, aseguruak jartzeko aukerak eskasak dira eta.
- Orientazioa: Hegoaldea.
- Ura: Unanu herrian eta Iturtxiki iturrian ura hartu daiteke.
- Eraman beharreko materiala: 30 metroetako bi soka, luzera ezberdineko 4-5 express zinta, Lincam eta artaka-trabagailu jokoa, iltze batzuk (lauak badira, hobe) eta luzera ezberdinetako zinta-uztaiak. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke haizea badabil.
- Ibilbide osoa egiteko pasatako denbora: Bost ordu eta erdi, atsedenak barne.

BIDEAREN KROKISA

Ibilbidearen nondik norakoak. Zuriz, Akerregiko Hamabietako bargaren ohiko bidea, gorriz aldiz, irteera zuzena..


Krokisa zehatzago. Orlegiz, Akerregiko Hamabietako bargaren ohiko bidea, zuriz, hasierako tximinia saihesteko jarraitu daiteken bidea eta gorriz irteera zuzena.


DESKRIBAPENA

Unanuko kaleen artean haize ufadak besterik ez zebiltzaten goizeko zortziretan elizatik gora oinez hasi ginenean. Motxilaren barruan, kaskoa, arnesa, pioleta, kranpoiak eta sokak ezkutatuta. Oharkabean pasa nahi genuen, mendizale "normal" bezala, neguko traste guztiak kanpoan eramanez gero atentzio gehiegi emango genuelako. Eta ez zen gutxiagorako, Beriain osoan elurrik ez baitzegoen. Kontrabandista pare baten moduan sentitzen ginen, motxilen barruan debekatutako materiala eramango bagenu bezala mugitzen ginelako. Hala eta guztiz ere, goi mendiko botek edozein mendizaleren aurrean salatuko gintuzkete, jejeje.

Haizeak Gaandurdi bidera arte lagundu zigun. Pagadiaren babesean, pagoetatik eroritako hostoen gainetik arrastoa irekitzen genuen bitartean, adar biluzien artetik zerura begiratzen genuen, haizeak ziztu bizian eramandako hodeien ikuskizunaz gozatuz.

- Goien haizea fuerte dabil.
- Joer baietz - erantzun nion Asierri - ea paretan sikiera babesen garen.

Lurgorri kanala ia bere osotasunean eskuin ertzetik igo genuen, bertako pago eta zuhaixketatik gertu mantenduz. Denbora gutxian hirugarren aldia zen kanal hau igotzen nuela, eta hiruetatik hau izan zen igoerarik eroso eta azkarrena. Metroak irabazi ahala, laino itxi bat Beriaingo hego-horman finkatu eta horma estaltzen hasi zen, harkaitza lainoan desegin eta erreferentzia guztiak galdu genituen arte. Hala ere, konturatu ginenerako Akerregiko paxan geunden.

- Hemendio gora hobe kaskoa jartzen badeu - esan nion Asierri, Akerregiko Hamabietako bargaren ohiko bidearen sarrerara iritsi ginenean.
- Ea harrie oso bustie ez daun... - erantzun zidan.

Kaskoak jarri ondoren, trago bat ur edan eta Akerregiko Hamabietako bargaren ohiko bidean gora hasi ginen. Hasierako kanal/tximinia bustia bazegoen ere, ez genuen zailtasun handirik izan metroak arintasunez irabazten joateko.

Kanal/tximiniaren lehen metroetan.


Oinak harkaitz bustian irrist ez egiteko non jarri ongi begiratuz, gorputzaren pisua batetik bestera zuhurtziaz pasatzen genuen, tximinia osatzen duten bi hormen artean dantzan ariko bagina bezala. Tximiniaren zatirik bertikaleena atzean utzita paxa zintzilikatura atera ginen.

Tximinitik paxa zintzilikatura ateratzen.


- Oain hor paren daun resaltea eskalau ta gero han goien ikustean orratzan ezkerretio igo beharren gare - bota nion Asierri irteera zuzena seinalatuz.

Eguraldi onarekin egindako argazki honetan, paxa zintzilikatutik gora gelditzen den bidea ikusi daiteke. Bertan, zuriz, Akerregiko Hamabietako bargaren ohiko bidea nondik doan marraztu dut. Argazkian bilgune sendo bakarra muntatu daiteken pagoaren kokalekua ere ikusi daiteke.


Paxa zintzilikatua zeharkatzen genuen heinean lur eta belarra geroz eta bustiago zegoela iruditu zitzaigun. Akerregiko Hamabietako bargaren ohiko bidearen bigarren irtengunea eskalatu eta paxa estura iritsi ginenerako galtza eta eskularruak bustiak genituen.

"Akerregiko Hamabietako bargaren ohiko bidearen bigarren irtengunea eskalatu genuenerako galtza eta eskularruak bustiak genituen..."


- Nola ikustezu? - esan nion Asierri mendi osoa bustia zegoela ikusita.
- Bueno, ya ke materiala ekarri deun probau dezakeu - erantzun zidan
- Asuntoa ondo ikusten ez badeu, bide normala hemendio eskubira dijo - esan nion laino artera seinalatuz - guk hemendio gora igotzen jarraitu beharra daukeu.

Hasieran zalantzan izan ginen hormaren azpiko pagoan bilgunea muntatu ala ez. Aldeko eta kontrakoak balioztatu ondoren, bilgunea irteera zuzenaren azpian jaiotako zuhaixken enborren artean muntatuko genuela erabaki genuen. 30 metroetako soka "motzak" genituen eta, bestalde, pagotik gora bigarren eskalatzen hasiko zena lehen metroetan zeharkaldi zikin bat eginez hasi beharko luke.

Baina zuhaixketara iristeko 3 metro inguruko hormatxo bat eskalatu beharra dago.

- Gogoratzen naiz zapatilekin etorri nintzenen hormatxo hau errex eskalau nula, nahizta jaisteko izerditxoren bat edo beste bota. Klaro, ordun paretatxoa sekoa zeon...

Irteera zuzenaren lehen saiakeraren argazki honetan "0" bilgunea muntatuko genuen zuhaixkak ikusi daitezke baita, argazkiaren beheko zatian, bertara iristeko eskalatu behar den hormatxoa ere.


Hormatxoa belar bustietatik tira eginez eskalatzen hasi eta oinek irrist egiten zutela ikusi bezain pronto pioletak ateratzea erabaki genuen.

- Nik uste zati hau pioletekin askoz errexago igoko deula - esan zidan Asierrek motxila berriro ere sorbaldatik zintzilikatu zuenean.

Pioletak belarrak osatutako boletan sartu eta, sendo eusten zutela ikusi ondoren, hormatxoa kontu handiz eskalatu genuen zuhaixketara iritsiz (III).

Merezi zuen eskalatzen jarraitzea? Hori zen une horretan genuen zalantza. Arnesa jantzi egingo genuela zen argi genuen gauza bakarra, eskalatutako hormatxoaren baldintzak kontutan izanda, segurtasun osoz jaisteko rappel bat egin beharko genuelako. Arnesa jartzea ez zen lana erraza izan: leku ezeroso batean egoteaz aparte, amorruz altxatutako haizeak batera eta bestera mugitzen gintuen oreka mantentzea zailduz. Erabaki bat hartu beharra genuen goitik behera blai eginda amaitu aurretik.

- Nola ikustezu? - Galdetu nion Asierri haizearen orroen gainetik oihukatuz.
- Dudak dauzket.
- Goraka hasi ta asuntoa zaile ikusten badet hala nola jaitxiko naiz.
- Baleee - erantzun zidan etsipen puntu batez, behin eskalatzen hasiz gero buelta hartzea zaila izango zela jakingo balu bezala.

Harritu ninduen Asier zalantzekin ikustea, normalean ni izaten naizelako bietatik zalantza gehienak izaten dituena. Materiala prestatzen nuen bitartean, bera ahalik eta bilgune sendoena muntatzen hasi zen.

- Ostia, expressak etxen utzittut!!! - bota nion friend-en poltsa ireki nuenean.
- Bueno, txarrenetio friend-en mosketoietatik sokak pasa edo zintekin apañon bat ingozu.
- Bai, hala beharko.

Ekarritako material eskasa arnesetik zintzilikatu eta sokei korapiloa egiten hasi nintzen.

- Nahi dittuzu iltze batzuk eraman? - esan zidan azkeneko momentuan.
- Bueno, bazpare emaizkiazu, baña eztakit erabiliko dittuten.
- Gañea pare bat tailer baten indakok die. abandonautzen baditteure igual dio.
- Oain Cassin bezela hasi behar al deu gure iltze propiok itten? Jejeje - erantzun nion irribarretsu eskalatzen hastearekin batera.

- Lehengo luzea, 30 metro, III+/M4. Lehenengo metroak eskalatzen hasi nintzenean (III) piolet eta kranpoiak lokatz eta belarretan ongi sartzen baziren ere sendo trabatuta gelditzen ez zirela konturatu nintzen. Belar bustiak honetan guztian laguntza handirik eman ez arren, metroak poliki-poliki irabazten nindoan, lasai, estutu gabe.

Asierren animo eta azalpenak, pagoen hostoak balira bezala, haizeak eramaten zituen, bakarrik eskalatzen ari nintzenaren sentsazioa handituz, haizearen oihuaren gainetik ez bainuen ezer entzuten. Metroak irabazi ahala, horma tximinia baten itsura hartuz eta lurraren azpitik harriak azalduz joan ziren, piolet eta kranpoiak sartzeko aukeratutako leku bakoitza sendoa zela egiaztatzera behartuz. Konturatu nintzenerako, lehen irtengunearen azpira iritsi nintzen.

Lehen irtengunea, 3 metro ingurukoa, bertikala da. Irtengunea babesteko friend bat trabatzeko leku baten bila hasi nintzen. Horma goitik behera begiratu arren ez nuen ezer topatu.

- Aizkorrin hok baño zailegok sokaipe eskalauta dauzkezu – animatu nintzen.

Oinak horma bakoitzean jarrita gorputza pixkanaka altxatzen joan nintzen. Lehen aukera izan nuenean, besoa luzatu eta eskuin pioleta irtengunearen goiko erlaitz txikian sendo sartzea lortu nuen. Hau ikusita, ezker pioleta eskuinekoaren ondoan sartu eta, hauetatik tira eginez, irtengunea eskalatu nuen (III+/M4).

Argazki honetan irteeraren hasierako metroak eta lehen irtengunea ikusi daitezke, baita "0" bilgunea muntatu genuen zuhaixka eta pagoa ere..


- Ufaaa!!!! Igotaaa!!! – oihukatu nion haizearen zaratagatik entzuten ez zidan Asierri.

Lehen irtengunea eskalatuta, metro tente baino errazago batzuk eskalatzen jarraitu nuen, bigarren irtengune batekin topo egin nuen arte.

Bigarren irtengunea lehenengoa baino bertikal eta luzeagoa (4-5 metro) zela iruditu zitzaidan. Irtengunea eskalatzen hasi aurretik aseguru on bat aurkitu nahi nuen, irtengunea aseguratzeko baino, txarrenean bertatik rappel bat egiteko, banekielako buelta hartuz gero lehen irtengunea eskuak erabiliz jaistea oso zaila izango zela.

Harri bakoitza, pitzadura bakoitza, hormaren zirrikitu bakoitza behin eta berriz aztertu arren ez nuen ezer topatu. Bihotz taupaden abiadura azkartzen hasi ziren, urduritasun ezeroso bat sentitzen hastearekin batera. Geroz eta argiago nuen asegururik jarri gabe goitik ateratzen saiatzea besterik ez zegoela. Eta beharbada beste aukerarik ez nuela argi izatea izan zen lasaitu ninduena.

Lehen irtengunean egin bezala, oinak irtengunearen bi hormetan jarriz gorputza pixkanaka altxatuz joan nintzen. Irtengunea zentimetroka eskalatzen nuen heinean, pioletak sendo trabatzeko lekuen bila nenbilen, behin baino gehiagotan altzairua harrien gogortasunarekin topatuz.

Irtengunea horma-hobi bat osatzen duen erlaitz inklinatu batean amaitzen zela ikusi nuen. Erlaitzaren harri askeen artean pioletaren punta hala nola trabatu eta, fede handia eskatu zidan azken mugimendu batekin, irtengunea eskalatu (III+/M4) eta horma-hobian sartu nintzen.

Horma-hobitik gora eskalatzen nola jarraitu begiratzen hasi nintzenean Asierren oihu bat entzun izana iruditu zitzaidan. Irtengunearen ertzera hurbildu eta oihuka hasi nintzen. “Sokaaaa!!!” izan zen entzun nuen gauza bakarra. Soka amaitzear zegoen. Mezua ulertuta, bitan pentsatu gabe, bilgune bat muntatzeko leku baten bila hasi nintzen.

Zer frustrazio sentsazioa bilgune bat muntatzeko lekurik ez zegoela ikusi nuenean!!!!

Horma-hobiaren gainean harri handi batek harkaitz-zubi bat osatzen zuela ikusi arren, ezin izan nuen bertatik zinta bat pasatu. Desesperatzen hasita nengoenean pitzadura txiki bat ikusi eta Asierrek azken momentuan eman zizkidan iltzeekin gogoratu nintzen. Tailerrean egindako iltze fin bat hartu eta erdia baino gehixeago bakarrik sartzea lortu nuen. Bigarren iltze bat ondoan sartzen hasi eta hau ere ezin izan nuen osorik sartu. Ez zen munduko bilgunerik sendoena, baina sokak tenkatuta jasoz gero eutsiko zuela pentsatu nuen.

- Hala beharko do...

Lehen bilgunea.


Bilgunea muntatu nahian nenbilen bitartean Asier izozten hasita zegoen. Hezetasun eta haizeagatik eskuak izoztuak izanda, sokak arnesera lotzeko behar den korapiloa egiteko zailtasun handiak zituen. Sokak lotzea lortu zuenean, hotzaren eraginez, une batez zorabiatzen hasten zela sentitu zuen, tentsio beherakada bat izango balu bezala. Unea ez zen luzea izan, baina bai nahikoa kezkatzeko. "Hemen mareauta gelditzen banaiz?" ideiak indarra hartzen joan zen bere barnean. Honegatik, soka tenkatzen zela sentitu zuenean ziztu bizian hasi zen horman gora eskalatzen, galdutako berotasuna errekuperatu nahiko balu bezala.

Bilgunera di-da batean iritsi zen:

- Joer, hoi da belozidadea.
- Izoztuta neon ta soka goitio daula aprobetxauta ahal izan deten azkarren eskalau det - erantzun zidan bilgunean izandako zorabio hasiera kontatuz - gañea iltzek sartuittuzula entzun detenen reunioa txarra etzela izango pentsau det.

Lehen bilgunera iristen. Horma-hobiaren zorua harri askez estalia dagoela ikusi daiteke.


- Eztittut argazkik egin ere.
- Lasai Asier, inportantena segurtasune da, argazkik gutxiñekok die, ta luze hontan ta egualdi honekin, argazkik itteko aukera haundiik eztau.

Soberan nuen material eskasa Asierri eman eta horma-hobitik gora nola jarraitu aztertzen hasi ginen. Logikoena zuzen jarraitzea bazen ere, bidea ixten duen horma makurtu eta bustiak ez zigun konfiantza handirik eman.

Horma-hobiko pareko horma makurtua.


- Ezkerreko paretatio beittukoet aber...

- Bigarren luzea, 20 metro, III+/M3+. Ezker hormak 3-4 metro izango ditu. Pioleten puntak non trabatu begiratu ondoren oinentzako bi koska txikiren gainean jarri eta, metro bat inguru irabaziz, arrail txiki batean Link cam txikiena trabatzeko aukera izan zuen. Hemendik gora, pioletak kontu handiz lekuz aldatu, gorputza orekatu eta irtengune edo hormatxoaren gaineko belarrean ezker pioleta sendo sartzeko leku eder bat topatu zuen. Honen ondoan eskuin pioleta sartu eta, besoetatik tira eginez, horma eskalatzea lortu zuen (III+/M3+).

- Nahibazu indako iltzea utzi, hola hemendio norbait pasa denaren señalea utziko deu, jejeje - esan zidan hormaren gainetik  umorea berreskuratuta.

Hormatik gora, II+ zailtasunaren inguruan dagoen malda inklinatua eskalatzen jarraitu zuen, maldaren amaieran dagoen hormara iritsi zen arte. Bertan, harkaitz batetik zinta bat pasatuz, bilgunea muntatu zuen.

Asierrek esan bezala, bilgunea desmuntatu nuen "artisau-iltzea" bertan utziz.

Bilgunean utzitako "artisau-iltzea".


Horma uste nuena baino errazago eskalatu nuen arren (sokak gainetik izateak ematen duen konfiantzaren ondorio, noski), Asierren eskalada meritu handiagokoa izan zen, behetik goraino kranpoirik gabe eskalatu zuen eta.

Hormaren gainetik horma-hobira egindako argazkia.


Belarretara pasa nintzenean metroak azkar irabazi nituen, Asierren ondora arin iritsiz.

Bigarren bilgunera iristen. Argazkian hemendik gora jarraitutako bidea margotu dut.


Ez genuen elkarrekin denbora luzerik egin. Bilgunea desmuntatu, sokak motxilan jaso eta, indarra pixkanaka hartuz zihoan euripean, gorako bidearekin jarraitu genuen irteeraren amaierara iritsi ginen arte (II).

Irteeraren azken metroetan.


Irteeratik atera ginenean haizeak ia lurrera bota gintuen.

- Ze ingodeu, ermitaño jarraittu edo gauzak hemen jaso?
- Goazen ermitaño a toda letxe hemen izoztuta bukau baño lehen - erantzun nion kranpoiak kentzen nituen bitartean.

Irteeraren goiko zatia honen gainetik ikusita. Orratzaren goiko zatia ikusi daiteke


Laino artean, intuizioz jarraitu genuen gutxi gora behera ipar-mendebaldeko noranzkoa mantenduz.

A zer nolako lasaitasuna hartu genuen laino artean baselizaren silueta ikusi genuenean!!!

Baselizaren arkupean, barrura sartu gabe, eskaladako material guztia motxiletan gorde eta, mendizale "normalen" itsura berreskuratu genuenean barrura sartu ginen, barruko biztanleak agurtuz.

Baselizaren babes eta epelean gorputza berriro epeldu arte izan ginen. Tenperatura berreskuratu genuenean trago bat ur edan eta beherako bidea hartu genuen.

Metroak galdu ahala laino hezea, haize ufadak eta pasatako hotza atzean geldituz joan ziren. Unanura itzuli ginenerako gorputzak bero-bero genituen berriro ere.

Unanuko kaleetan epel eta zoriontsu.


Eguraldi eta baldintzak ez genituen lagun izan eta onartu beharra daukat ez nuela hasieran pentsatun nuen bezain beste gozatu. Beste baldintza batzuetan igoera hau beharbada errazagoa eta gozagarriagoa izan daiteke, baina, baldintzak baldintza, kontu handiz eskalatzeko bidea dela uste dut, harri aske asko eta aseguratzeko aukera gutxi dagoelako. Izan ere, bota nuen harri handietako bat "0" bilgunearen ondotik pasa zela esan zidan Asierrek. Arantza txiki hau kentzeko baldintza hobeagorekin itzuli beharko dugu, jejeje.

Arantza, zailtasun eta ezerosotasun guztien gainetik, Beriain bezalako mendi ibilian oraindik abenturarako eremua dagoela deskubritzeak sortzen digun asetzea itzela da. Eta oraindik buruan ditugunak!!!!