AZKEN 10 SARRERAK

2015/07/31

BERIAIN (1493 metro) UNANUTIK, 2015/07/19

Iruñeako bidean garen bakoitzean, ezinbestean begiradak Beriain edo San Donato mendira joaten zaizkigu. Sakana zeharkatzerakoan izugarrizko mendi puska bezala agertzen da, baina gezurra badirudi ere, Arbizu aldean  ikusten duguna ez da Beriain mendia, Ihurbain (Beriainpunta bezala ere ezaguna) mendia baizik, bere pitzadura goitik behera duela. Beriain mendia ikusteko ia Uharte Arakil herriraino iritsi beharrean gaude eta bertatik pasatzerakoan, erdi izkutuan, gure eskuinean azalduko da.

Andia mendi lerroko mendi hau ikusgarria da eta bere gailurrean San Donato eta San Kaietano santuei eskeinitako baseliza dauka. Honetaz aparte, badago jende askok ezagutzen ez duen datu bitxi bat: 900 metroekin, Nafarroako mendirik garaiena (espaineraz "prominente") da, Hiru Erregen Mahaia berberaren aurretik.

Beriain mendiaren gailurrean dagoen buzoia.


Beriain mendira leku ezberdinetatik igo daiteke: Ihurbain mendiko pitzaduratik, Lizarragako mendatetik, ipar aurpegian dagoen Moteaundiko kanaletik baita Uhartetik doan ohiko bidetik ere (guk hau jaitsita dugu, baina igota ez). Igotzen garen lekutik igotzen garela, Beriainek ez digu ia atsedenik emango eta gailurra izerdiz irabaziko dugu. Lizarragako mendatetik igotzen bagara ere, nahiz eta desnibel eskasa izan, ibilbide luzea egin beharko dugu. Neguan igotzeko mendi gogor eta haizetsua da, hotz handia pasatzen den horietakoa.

Artikulu honetan hegoaldetik jarraituena den ibilbidea deskribatuko dizuet, hau da, Unanu herritik doana.

JARRAITUTAKO IBILBDEA

Sarreran azaldu bezala, artikulu honetan Unanutik abiatzen den ibilbidea deskribatuko dut. Ibilbidea Unanu herri bertatik hasi daiteke, baina guk normalean herritik gora doan pista bat jarraituz dagoen aparkaleku batetik hai izan dugu.

Aparkaleku honetatik gora ibilbideak galtzeko arriskurik ez dauka, batez ere lanbrorik badago, eta eguraldi oneko asteburu batean joan ezkero mendizaleak aurretik nahiz atzetik izango ditugu. Lanbroa dagoenean kontuz izan behar da mendiaren bizkarretik gailurrera doan tartean hemen galtzeko arriskua handitu egiten da eta.

Igoera lau zatitan banatu daiteke: lehen zatian pagadi bat zeharkatuko dugu. Zati hau kontuz hartu beharko dugu aldapa handia dago eta. Normalean zati honek hotz harrapatzen gaitu, honegatik komeni da indarrak gordetzen joatea. Bigarren zatia pagadia amaitzearekin batera hasten da eta bertan bideak atsedentxo bat emango digu metro batzuetan hirugarren zatiraino. Hirugarren zatian maldak gora jotzen du berriro ere eta Beriain mendiaren "bizkarrera" arte doa. Azken zatia bizkarrera igotzerakoan hastean da, hemen maldak berriro ere behera egiten du eta lasai-lasai, egindako esfortzuagatik errekuperatzen, Beriain mendiaren gailurrera iritsiko gara.

Ibilbidea deskargatu nahi baduzue. Kontuz jaitsierako bidearekin, baselizari argazki bat egiteko ohiko ibilbidetik desbideratu eta harkaitz batzuetara igo nintzen eta.


Powered by Wikiloc


IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 6 kilometro eta erdi.
- Punturik baxuena: Unanu herritik gora dagoen aparkalekua, 815 metro.
- Punturik altuena: Beriain, 1493 metro.
- Desnibel positiboa osora: 685 metro.
- Igotako mendiak: Beriain. Ibilbidea aprobetsatuz, igoeran nahiz jaitsieran Ihurbain mendia ere igo daiteke.
- Ura: Unanu herrian eta aparkalekuan bertan dagoen iturrian ura topatuko dugu.
- Zailtasuna: Zailtasunik gabeko ibilbidea da baina kontuz izan behar da lanbrorik badago. Ia urte osoan lokatza izaten da, batez ere neguan. Leku haizetsua da, kontutan izan batez ere neguan igotzen bazarete, hotz handia egiten du eta.

DESKRIBAPENA

Aparkalekura nola iritsi. Aparkalekura iristeko, lehenik Unanu herrira iritsi beharko dugu. Etxegarateko mendatetik bagoaz, A-1 errepidea Altsasu herriraino jarraitu beharko dugu. Altsasu herrian A-10 Iruña errepidea hartu beharko duzue. Behin A-10 errepidean, zuzen jarraitu eta 18garren irteeran utziko dugu (Arbizu, Unanu, Dorrao). Irteera hartu ondoren NA-7100 errepidera iritsiko gara. Kanping eta ITV-ko seinalea adierazten duen irteera jarraituko dugu biribilgune batera arte. Hemen bigarren irteera hartuko dugu. Arbizuko kanpina gure eskuinean utzi ondoren Unanu herrira eramango gaituen bidegurutzera ikusiko dugu (NA-7102, Unanu). Kilometro eta erdiren ondoren Unanu herrira iritsiko gara.

Donostiatik bagatoz A-1 errepidea jarraitu beharko dugu 445 irteera arte. Bertan, Iruñara doan A-15 autobia hartuko dugu. Irurtzun parean 113A irteera eta A-10 autobidea hartu beharko dugu Gasteizko norantzarekin. Autobidea jarraituz, 17garren irteera hartu beharko dugu Arbizu, Unanu eta Dorrao seinalea jarraituz. Behin bidegurutzean ezkerrera hartu eta NA-7100 errepidean izango gara Unanuko bidean.

Aparkalekura iristeko biderik errazena herriaren sarreran, autobus geltoki baten ondoan ezkerrera doan bihurgunea hartzea da, argazkian ikusten den bezala. Bertan, Beriain adierazten duen poste bat ikusiko dugu (argazkian borobilduta).


Seinalea gertuago.


Bidegurutzea hartu ondoren aldapa bat igo eta berehala eskuinera doan bihurgunea hartuko dugu. Metro batzuk egin eta zementuzko errepideak berriro ere ezkerrera hartzen du beste metro batzuren ondoren lrrezko pista bihurtuz. Pista hau da jarraitu beharko duguna.

Pistak hasieran zulo batzuk ditu baina kotxearekin poliki joaten bagara erraz pasako ditugu. Pistaren une batean metalezko langa bat zeharkatuko dugu (zeharkatu ondoren, itxi mesedez) eta hemendik aurrera jarraituz aparkalekura iritsiko gara. Bertan iturri bat topatuko dugu. Unanu herritik aparkalekura kotxez 10 minutu eskas izango ditugu.

Aparkalekuan dagoen iturria. Bertan dagoen kartelean irakurri daiteken bezala "ez Unanuko kontzejua ez eta azienden jabea ere ez dira lur-sail honetan aparkatzen dituzten autoek jasan ditzaketen kalteen erantzuleak".


 08:30, apakalekua, 815 metro inguru. A-10 errepidean nindoala mendia estalita zegoela ikusi nuen. Aparkalekura iritsi nintzenean zalantzak izan nituen gora jo edo ez, baina azkenean, goian garbi egongo zenaren esperantzan, kotxetik ateratzea erabaki nuen, mendiaren bizkarrean lanbro itxia egotekotan buelta hartzeko asmoarekin.

Aparkalekutik gora doan pista jarraitu nuen, argazkian margotu dudan bezala.


Pistan metro gutxi batzuk egin ondoren, ezkerrera doan bidexka hartu nuen. Bidegurutze honetan harri batean Beriain izena idatzita ikusiko dugu (borobil gorrian).


Harri honetan  hain zuzen ere, jeje.


Hemendik gora igoera pazientziaz hartzea gomendagarria da eta nik hala egin nuen, aspaldiko partez lasai-lasai, korrikarik egin gabe, lanbroak uzten zizkidan iksumiraz gozatuz.

Denbora gutxian aparkalekua beheran utziko dugu, baita Lizarraga mendatea eta Beriain artean dauden herriak ere.


Bideak galtzeko arriskurik ez dauka.


Aparkalekutik atera eta ordu laurden eskasera, 935 metro inguruan dagoen ur depositu batera iritsi nintzen. Hemen bi aukera ditugu: aurrera zuzen jarraitzea edota, argazkian ikusten den bezala, ezkerrera jarraitzea. Bigarren aukera garbiagoa dela iruditzen zait. Dena den, hartzen dugun aukera hartzen dugula, bi bideek metro batzuen ondoren bat egiten duten berriro ere.


Lanbroak basoari ukitu misterioso edota majikoa ematen dio eta parean nituen zuhaitzei argazkiak eginez pixkanaka metroak irabazten joan nintzen.


Hala ere, nahiz eta ukitu majikoa eman, basoko lanbroa eta giro epela ez dira konbinazio onak izaten eta nahiz eta poliki igo izerdi batean joan nintzen denbora osoan, giroan zegoen hezetasun maila altuaren eraginez.

Pagadiaren amaierara iristen.


Pagadiaren amaierara kotxetik irten eta 25 minutuetara iritsi nintzen. Azken pagoak uztearekin batera (1075 metro inguru) bidea ere argitu egin zen, nahiz eta lanbro artean izan, eta bakardadean dauden pago taldetxo batera iritsi aurretik bideak ezkerrera (igoerako norantzan) eraman ninduen. Pago bakarti hauek erreferentzi ederra dira bidea ez galtzeko, bai igoeran baita jaitsieran ere. Jaitsieran puntu honetan mendizale talde bat galdu egin zen.

Bideak ezkerrera hartzen duen lekuan. Argazkian, lanbro artean, pago bakartiak ikusi daitezke.


Pago bakartiak atzean utzi eta gero ibilbideak atsedentxo bat ematen du. Maldak behera egiten du eta bideak zelai bat jarraitzen du. 

 Nire kasuan, argazkian ikusten den bezala, zelaiaz gozatzeko aukera handirik ez nuen izan jejeje.


Zelaia 50 metro eskasean zeharkatu eta ibilbideak duen bigarren aldapa igotzen hasi nintzen (1100 metro inguru). Hemendik gora pixkanaka sakabanatuta zihoan mendizale talde bat pasatzen joan nintzen. Taldea Beriainera igotzen zen lehen aldia zen eta beharbada lehenengo zaitan azkarregi igo ziren, gelditzen zena kontutan izanda nahiko nekatu itsura zuten eta.

Gora begiratu eta lanbroaren gainetik zerua eta Beriain mendiaren bizkarra ikusten hasi nintzen. "Earra!!!" Pentsatu nuen "goien zerue garbie dau".

Lanbroaren amaierara iristen.


Lanbroa atzean utzi ondoren eta ibilbidearen hirugarren zatia: Berian mendiaren bizkarreraino doan bigarren malda gogorra. Igoera gutxi gora behera nondik doan marraztu du.


Bigarren aldapa hau, lehenengoa bezala, pazientziaz hartu nuen, lasai-lasai igoz. Honelakoetan nahiago izaten dut abiadura lasai bat hartu eta gelditu gabe igo, abiadura azkarragoa hartu eta gelditzen joatea baino.

Hemen ere, hasieran bezala, denbora gutxian metro asko irabazten dira. Argazkian bi aldapen arteko atsedena ematen digun zelaia ikusi daiteke.


Aldapak hasiera batean ezkerrerako joera dauka (ipar mendebaldera) eta pixkanaka gure helburutik urruntzen gaituela pentsatu genezake. Baina 1300 metro inguruan bideak eskuinera jotzen du (ipar ekialdera), malda ere dexente jaitsiz.

Eskuinera hartu ondoren eta hemendik mendiaren bizkarrera jarraitu beharreko bidea.


Bideak eskuinera hartzen duen lekutik erdi izkutuan dagoen bidexka batek ipar mendebaldeko norantzarekin jarraitzen du. Bide hau jarraitzen badugu Ihurbain mendiaren gailurrera iritsiko gara. Bide hau Ihurbain pitzaduratik eskalatu eta gero jaisteko jarraitzen dena izaten da (beti ere kotxea Unanun utzi bada), Beriainen gailurrera igo nahi ez bada behintzat.

Ibilbidearekin jarraituz, esan bezala, eskuinera hartzen dugunean malda jaisten da. Azken aldapatxo bat igo ondoren hito batera iritsi nintzen (goizeko 9:20ak, kotxetik irten eta 50 minutuetara).

Argazki hau hitoa dagoen lekutik egina dago. Bertan igoerako bidea (gorriz) eta Ihurbain mendira doan bidea (urdinez) margotu ditut.


Hitoa dagoen lekutik zeharkalditxo horizontal bat egingo dugu amaieran ikusten diren bi hito handi arte.

Argazkian zeharkaldi horizontala eta bi hitoak (borobil gorriaren barruan) ikusi daitezke.


Bi hitoetara iritsitakoan mendiaren bizkarrea iritsi nintzen (1375 metro inguru, goizeko 9:21ak). Bi hito hauetan dirudiena baino gertuago dagoen beste hito  bat erreferentzi bezala hartu nuen biderik ez galtzeko. Lanbroa badago leku honetan galtzeko arrisku handia izaten da. Egun garbi batean ere komeni da hito hau ondo identifikatzea.

Bi hitoak eta borobil gorrian erreferentzi bezala hartu beharko dugun hitoa. Argazkian dirudiena baino gertuago dago.


Eta amaitzeko, azken hito honetatik dagoeneko San Donato baseliza bistan izan nuen, argazkiaren erdian ikusten den urruneko puntutxoa.


Hasiera batean harri artean ibili nintzen baina metro batzuren ondoren zelaiaren erdian doan bidexka bat jarraitu nuen San Donatoko baselizara iristeko.

Baselizara jarraitu nuen bidea.


Atzera begirada, bizkarrera ateratzen den lekutik aurrera jarraitutako bidea.


Baselizara iristen.


09:40, Beriain, 1493 metro. Baziren hilabete batzuk ez nintzela gailur batera korrikarik egin gabe igotzen. Lasai-lasai, argazkiak eginez eta igoeraz disfrutatzen, gailurrera izugarrizko pozarekin iritsi nintzen. Gainera bazen denbora ere Beriain mendia ez nuela Unanutik igotzen eta honek ere asko poztu ninduen.

Gailurrean argazki batzuk egin eta  baselizara joan nintzen argazki batzuk egin eta atsedentxo bat hartzera.

Gailurrean dagoen zementuzko puntu geodesikoa.


Beriaingo buzoia, puntu geodesiko eta baselizaren artean dago. Ekialdera egindako argazki honetan Lezizagoa mendia ikusi daiteke.


San Donato eta San Kaietano santuei eskeinitako baseliza, atzean, lanbro artean, Ihurbain mendia.


Baseliza benetako aterpetzat hartu daiteke, batez ere neguan. Sarrera hegoaldeko horman dago eta barruan harrizko banku eta mahaiak eta aldarearen ondoan banku batzuk daude.

Baselizaren sarrera.


Sartu eta ezkerrean topatuko ditugun harrizko banku eta mahaiak. Bertan sua egiteko ere leku bat dago.


Aldarea, baseliza eta elizetan gertatzen den bezala, ekialdeari begira dago eta aldarearen aurrean banku batzuk jarrita daude, pentsatzen dut meza ematen denerako izango dela.


Baselizan atsedentxo bat hartu, zertxobait jan eta argazki batzuk egin ondoren, beherako bidea hartu nuen.

Jaitsieran, Gotzonekin Moteaundiko kanala egin genueneko irteerara hurbildu nintzen bertatik baselizari argazki bat egiteko. Ibilbidea deskargatzen baduzue, hau kontutan izan, ibilbidea argazkia egin nuen lekuraino doa eta, eta leku hau arriskutsua izan daiteke.

Baseliza eta Moteaundiko kanalaren irteera. Hemendik baseliza nola ikusten den beti ikusgarria iruditu zait.


Argazki batzuk egin ondoren berriro ere igoerako bidearekin bat egin eta 10:40tarako berriro ere kotxera iritsi nintzen, batere korrikarik egin gabe eta zapatilen azpian 3-4 zentimetroetako lokatz geruza bat nuela. Noizko zapatiletan itsasten uzten ez duen "anti-snow" modukoak? Jejejejejeje

Azken begirada, mendiazleak non-nahi.



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina