"Zergatik etzea jende normala ibiltzean lekutik ibiltzen?" esaten dit behin eta berriz Maria Pilarrek mendian egiten ditudan argazkiak ikusten dituenean. "Bide normaletatik igotzeko denbora izangoet" erantzuten diot sakontasunean sartu gabe.
Kronika hau idatzi aurretik galdera honek zer pentsatua eman dit. Zerk eramaten nau mendira? Zer da bertan topatzen dudana? Merezi du?
Mendira kuriositatez hurbiltzen naiz eta abentura eta esplorazioaren arteko nahasketa bezala bizitzen dut. Burua, arima, bihotza eta gorputzaren arteko borroka edota oreka honetan, irteera bakoitzean zer topatuko dudan ez jakiteak sabelean eragindako kilimek bizirik senti arazten naute. Bidea amaitutakoan aldiz iraganarekin bakean sentitzen naiz, nire buruarekin bakean, are eta gehiago bideak ahalmen fisiko edota mentalaren mugara eraman banau, nire burua hobe ezagutzera eraman banau. Osotasun unerik sakonenak mendian bizi izan ditut, azala eta ezpainak urratuta, behatzak odoleztatuak, nekeak jota. Une hauek, nahiz eta laburrak izan, mendizale hobea, pertsona hobea nahi izatera naramate. Mendiak ematen didana ematen diodana baino handi eta sakonagoa izaten denez, gastatutako indarrak, botatako izerdiak, isuritako malkoak eta eragindako zauriek merezi dute? Zalantzarik ez daukat…
Honen harira, duela egun eskas batzuk Reinhold Messner-ren azken liburuan zera irakurri nuen: "Egun, mundu osoak "basati" izan nahi du. [...] Denok nahi dugu inkonformista, ohiz kanpoko eta nahasezinak izan. Etxekotutako bizitzatik ihes egitea posible izango bagenu bezala. Natura basatia luxu bezala baloratzen dugu, idealtzat dugu, desagertu delako. Konfiantza desagertu den bezala, enpatiarik ez baitago". Hausnarketa sakon bezain probokatzailea.
Kronika honetako ibilbidea hasieran komentatutako abentura eta esplorazioaren fruitua da. Ibilbidearen helburua Lurgorri kanala igo eta Akerregiko Hamabietako bargaren irteera (ez nahastu ohiko irteerarekin) esploratzeaz aparte, Akerrregiko paxa pazientziaz zeharkatuz, Beriaingo hego horman irteera posible gehiago bilatzea zen. Proiektu hauetatik teknikoki errazena da jarraian irakurriko duzuena.
Toponimiari dagokionez, Nafarroako Gobernuko SITNA web orriko ("kontsultatutako bibliografia" atalean lotura dago) mapan azaldukoa jarraitu dut.
IBILBIDEA
Ibilbidea Unanun hasten da. Beriainera doan ohiko bidea jarraituz Iturtxiki iturrira iritsiko gara. Beriaingo ohiko bidea utzi eta Lezizagoako bidea jarraituko dugu egurrezko langa bat atzean utzi ondoren pagadian sartu eta Gaandurdi bidea hartuz. Bide hau jarraituta, Lurgorri harritza nabarmenera iritsiko gara.
Harritza zuzen igoko dugu, zatirik erosoenak bilatuz. Harritzaren goiko zatian komeni da honen eskuinetik (pagadiaren ertzetik) igotzen jarraitzea, erosoagoa baita. Akerregiko paxara oinez, inongo arazorik gabe iritsiko gara.
Akerregiko paxa alderik alde zeharkatuko dugu. Paxaren amaieran II+ zailtasuneko hormatxo bat eskalatzen da paxa txikiago batera iritsiz (hormatxo honetan haga batetik zintzilikatutako zinta bat dago). Hemen hiru aukera ditugu: zuzen eskalatzen jarraitu (III- zailtasuneko hormatxoa), eskuinera (ekialdera) jo paxa txiki honen amaierara iritsi eta oinez Beriaingo lautadara igotzeko edo mendebaldera jo. Nik hirugarren aukera hartu nuen.
Mendebaldeko irteerak zailtasun handirik ez dauka eta paxa estu bat amaiera arte jarraitzea besterik ez da. Hori bai, azken metroetan ageriko zeharkalditxo bat egin beharko dugu. Paxa estu hau jarraituz zailtasunik gabe Beriaingo lautadara irtengo gara. Behin lautadan, Beriainera Lizarragako mendetatik datorren ohiko bidetik gailurrera iristea besterik ez dugu.
Jaitsiera Unanutik Beriainera doan ohiko bidetik egingo dugu.
Beriaingo hego horma eta bertako igoera ezberdin batzuk: orlegiz, kronika honetan azaldutakoa, zuriz, Akerregiko paxako irteera zuzena, horiz, ekialdeko irteera, urdinez Akerregiko hamabietako bargaren ohiko irteera eta gorriz Akerregiko hamabietako bargaren ohiko irteeraren bariante zuzena.
IBILBIDEAREN DATU BATZUK
- Ibilbidearen luzera: 10,5 kilometro.
- Punturik baxuena: Unanu, 640 metro.
- Punturik altuena: Beriain mendia, 1.493 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 1.000 metro inguru.
- Igotako mendiak: 1.
- Zailtasuna: II zailtasuneko hormatxo bat. Irteerako paxa estua eta erraza izan arren, azken metroetan ageriko pasabide bat dauka.
- Ura: Unanun eta Iturtxiki iturrian ura hartu daiteke.
- Jaitsiera: Beriaingo ohiko bidetik ordubete pasatxoan (arin ibilita) Unanura itzuliko gara.
- Eramandako materiala: Paxaren inguruan eta gainetik ardi eta putre asko ibili eta noizik eta behin harriak botatzen dituztenez, kaskoa eramatea gomendagarria izan daiteke.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: Hiru ordu eta erdi eskas, atsedenak barne.
DESKRIBAPENA
Gaueko ipar-ekialdeko haize hotz eta lehorrak behe laino astun eta itxia ekarri zuen. Honelakoetan ohikoena Etzegarateko mendatea igotzerakoan Urtsuarandik gora zerua oskarbi topatzea den arren, Iturtxiki iturrira iritsi arte ez nuen Beriain ikusi. Izan ere Unanutik kopeta-argia piztuta atera nintzen.
Zerua oskarbi zegoen. Agertzeko ausardia zuten hodei eskasak goien jotzen zuen hego-haize biziak ziztu bizian ezabatzen zituen, marra zuri baten modura infinitura arte luzatuz. Gaandurdiko bideak zeharkatzen duen pagadiaren babesean haizeak ez ninduen kezkatzen, arreta osoa basoa estaltzen zuten hostoetan jarriz: "kris-kras-kris-kras-kris-kras".
Egunsentiaren lehen izpiek Beriaingo hego horma urre kolorez tintatzen hastearekin batera Lurgorri kanalaren oinera iritsi nintzen. Gelditu gabe Gaandurdi bidea utzi eta, pagoen artetik ateraz, harritza nabarmenean gora hasi nintzen.
Lurgorri kanalaren oinean, gainean, oraindik itzalean, Akerregiko Hamabietako barga.
Kanalaren zati handi bat belarrez estalia ikusteak animatu ninduen, bertatik igota harriak sendo lotuta egongo zirela uste nuelako. Metroak poliki irabazten hasi nintzen, arnasketa lasai eraman eta gorputzaren pisuaren azpian oinek irrist egingo ez zutela ziurtatuz. Hala ere, lehen metroen ondoren igoera ezerosoa izango zela argi gelditu eta kotxean utzitako makuluak faltan bota nituen, ustez belarrek sendo eutsitako harriak erraztasun handiz askatzen baitziren.
Lurgorrin gora, Akerregiko Hamabietako barga oraindik itzalpean. Harriak lurrera sendo itsatsiak daudela iruditu arren igoera ez da batere erosoa. Goiko zuhaixken artean igoko nuen harrizko pasabidea ikusi daiteke.
Iztarretatik tiraka, kanala goitik ixten duten zuhaixken arteko harrizko pasabide estu batera zuzendu nintzen, bertatik igoera erosoagoa izango zenaren itxaropenez. Itxaropena antzua izan zen. Pasabidean metro batzuk igo ondoren eskuinera jo eta kanaletik ihes egin nuen pagadira zuzenduz.
Zuhaixken arteko pasabidetik behera egindako argazkia. Behe lainoa poliki-poliki lautadatik urruntzen.
Pagadian azkenik, kexaka nituen iztarren mesedetan, metroak errazago irabazi nituen. Hildako zuhaitz zahar baten ondoan pasa nintzenean zuhaitzen artetik etorritako zarata batek nire pentsamenduetatik esnatu ninduen. Oraindik mendian nengoela ohartu gabeko orkatz bikote bat pagoen artean saltoka ihes egin zuen, begi bat harritzan bestea atzetik zetorren pertsonai arraroan mantenduz: "hok bai errex harri arten korrika", pentsatu nuen harritza erraztasun osoz gurutzatu zutela ikusi nuenean.
Hildako zuhaitza, ikusmira itzela dauka.
Orkatzen ibileraren erraztasuna ikusita, beraiek jarraitutako bidea erosoagoa izango zela pentsatu nuen. Nire burua engainatuz, pagaditik atera eta, animotsu, berriro ere harritzan gora hasi nintzen. Ez ziren metro asko pasa harrien artean irrist egin eta eskuak lurrean jarri behar izan nituen arte: "si es ke tontoa ematezu!!!", bota nion nire buruari pagadiaren ertzera itzuliz.
Pagadiaren ertzetik Akerregiko paxara arte jarraitu nuen bidea.
Pagadiaren ertzean mantenduz, bidea mozten duen horma bertikala ezkerretik saihestu eta, belarrez estalitako hormatxo etzan bat oinez igo ondoren, Akerregiko paxara iritsi nintzen, Artazil izeneko lekura, hain zuzen ere.
Akerregiko paxara iristeko oinez igo nuen hormatxo etzan eta erraza.
Lurgorri kanala goitik ikusita.
Akerregiko Hamabietako bargaren itzalpean, honen ezkerreko kanal estua behetik gora begiratu eta goian arrail bertikal batek bidea ixten zuela ikusi nuen. Bitan pentsatu gabe kanal estuan metroak irabazten hasi nintzen, hormatik eroritako harri, ur eta elurrek mendeetan leundutako harkaitzean oin eta eskuak kontu handiz jarriz. Arrail bertikaletik 4-5 metro ingurura nengoela, kanala gehiago tentetzen den lekuan gelditzea erabaki nuen: "ea gero jaixteik ezin deten...". Argazki kamera ateraz arrailari argazki batzuk egin nizkion.
Akerregiko Hamabietako bargaren igoera ixten duen arrail bertikala.
Arrail bertikala azpitik makurtua dagoela ere dirudi. Ez ditu 4-5 metro baino gehiago, baina sokarik gabe eskalatzen hasteak arrisku gehiegi hartzea izan zitekeela pentsatu nuen: "ez, arrail hau sokaik gabe eskalatzea ez naiz ausartzen" pentsatu nuen, "hobe beste baten materialakin etorri ta saiatzea". Argazki kamera kontu handiz zorrora itzuli eta kanaltxoa eskuen laguntzaz jaitsiz Akerregiko paxara itzuli nintzen.
"Itsasoa laino dago, Aizkorriko barraraino...".
Ibilbidearen lehen helburua beteta, Akerregiko paxa lasaitasun osoz jarraitu nuen, presarik gabe. Akerregiko Hamabietako bargaren ohiko irteera atzean utzi ondoren Beriaingo hego horma goitik behera arakatuz jarraitu nuen. Igoera posible bat ikusten nuen bakoitzean gelditu, behetik gora jarraitutasunik zuen hala ez begiratu eta, hala bazen, argazkiak egiten nizkion. Aizkorriko kanalak eskalatzen hasi ginenean bezala sentitzen nintzen, haur txikiaren moduan, kuriositatez betea. Modu honetan paxa alderik alde zeharkatuz Akerregiko irteeraren azpiko hormatxora iritsi nintzen.
Akerregiko paxa eta Beriaingo hego horma.
Azpiko hormatxoa eskalatu, zintadun hagatxoa atzean utzi eta Akerregiko paxaren gaineko paxa txikira igo nintzen. Ezkerrera begiratu eta paxa hormak egiten duen moko itsurako batera zuzentzen zela ikusita: "ta hortio jarraitzen badet?" pentsatu nuen.
Akerregiko paxaren irteeraren azpiko hormatxotik gorako hiru irteera posibleak: urdinez, ekialdeko irteera, paxa amaiera arte jarraituz oinez egiten dena; zuriz, irteera zuzena; orlegiz, mendebaldeko irteera.
Bitan pentsatu gabe mokora zuzendu nintzen honen atzean zer topatuko nuenaren jakin-minez.
Akerregiko irteera zuzenaren gainetik behera egindako argazki honetan hiru irteerak ikusi daitezke. Orlegiz, mokora arteko bidea.
Mokora iritsitakoan paxak aurrera jarraitzen zuela ikusi nuen: "earraaaa!!!". 25-30 metro ingururen ondoren paxa bitan banatzen zela ikusi nuen: "goikoa edo behekoa?".
Paxa bitan banatzen den lekura iristen. Bi aukerak baloratu ondoren azkenen goiko erlaitza jarraitzea erabaki nuen. Dena den, behekoa hartuta ere zailtasun handirik gabe gora igo daitekeela iruditu zitzaidan.
Moko itsurakoa atzean. Puntu horiz ekialdeko irteerak jarraitzen duen bidea, hau ere, amaiera arte oinez egiten dena.
Bi aukerak baloratuz goiko erlaitza jarraitzea erabaki nuen, bietatik horman metro gehien jarraitzen zuena hura baitzen. Belar eta harkaitzen artean zailtasunik gabe igoz erlaitz inklinatura iritsi nintzen.
Erlaitzera igo ondoren atzera egindako argazkia, mokoa pixkanaka azpian geldituz doa.
Urrunetik oso tentea dirudien arren, erlaitzan oinez eroso ibili daiteke. Metro batzuk jarraitu ondoren, hormaren sakonune batean, arrail tentagarri bat topatu nuen.
Erlaitzan jarraitutako metroak eta puntu urdinez arrailaren kokalekua, argazkia egindako lekutik ezkutuan gelditzen dena.
Arrailaren tentaldiak helduta, bitan pentsatu gabe bertara zuzendu nintzen. Baina honen azpiko harkaitz hotza ukitu bezain pronto galdera bat sortu zitzaidan: "erlaitzaren amaieran zer daun jakin gabe jarraitu behar dezu?". Erlaitzera jaitsi eta zer egin pentsatzen hasi nintzen, erlaitza edo arraila?
Arrail tentagarria azpitik ikusita.
"Txarrenetio oinez ateatzeik ez badau buelta hartu ta pitzaduratio igoko naiz" pentsatuz erlaitzan aurrera jarraitu nuen. Erlaitzak azken metroetan inklinazioa irabaziz doan arren ez zitzaidan zaila iruditu, oinez arazorik gabe jarraituz. Hori bai, erraza izan arren azken metroetan adi ibili behar da, irrist egin eta Akerregiko paxan zanpatuta amaitu nahi ez bada behintzat. Konturatu nintzenerako hego hormaren gainean nengoen.
Erlaitzaren azken metroetatik atzera egindako argazkia.
Hego hormaren gainera iristearekin batera hego haize gogor batek batera eta bestera astindu ninduen: "kieto parauuuuu!!!".
Haize-kontrako txamarra jantzi, kaskoa motxilan gorde eta, hego hormaren ertzetik gertu mantenduz Beriainera zuzendu nintzen, azpitik ikusitako irteera posibleak goian jarraitutasunik zuten ala ez begiratuz. San Donatoko baselizara iritsi nintzenean tamalez azpitik ikusitako irteeraren bat baztertu behar izan nuen.
San Donatoko baseliza, azkenaldian maiz bisitatua, jejeje.
Argazki pare bat arin-arin egin, Beriaingo gailurrera iritsi eta, gelditu gabe, hego haizetik ihes, beherako bidea ziztu bizian hartu nuen.
Jaitsiera Unanutik Beriainera doan ohiko bidea jarraituz egin nuen. Elorriagoako pagadian sartu nintzenean, Guarreingo iturramara (pagadiaren erdian dagoen ur depositua) iritsi baino 30-40 metro lehenago, mugarri batetik gertu, arrasto orlegiz adierazitako bidegurutzean eskuinera (mendebaldera) hartu nuen pagadian galduz.
Unanutik Beriainera doan ohiko bidea
(puntu urdinez) utzitako lekua. Arrasto berdeak argiak direla
diruditen arren, adi jaitsi behar da bidegurutzea ikusteko. Guarreingo
iturrama ezkerrean, pago artean, geldituko litzateke. Argazkian mugarria ere ikusi daiteke.
Bidegurutzea gertuago...
Bideak Elorriagoako pagadia mendebaldeko noranzkoan zeharkatzen du Egutera zabalunera iritsi arte.
Elorriagoako pagadian.
Bidea tarteka oso nabaria ez den arren jarraitzen ez da zaila.
Egutera zabalunera iritsitakoan, bideak behera jarraitzen du, tartean bi bidegurutze pasatuz. Lehenengoan ezkerreko aukera hartu behar da, bigarrrenean aldiz, eskuinekoa.
Lehenengo bidegurutzea...
... eta bigarrena, atzean jaitsieran igotzen den lehen muinoa.
Bideak Egutera zabalunea goitik behera zeharkatzen du, tartean honen eskuinean (mendebaldean) muino pare bat igoz. Lehen muinoa igotzea nahitaezkoa ez bada ere igotzea gomendagarria da, bertako Beriaingo ikusmira ederra baita.
Egutera zabalunearen jaitsieran igotzen diren bi muinoak Iturtxiki iturriaren ingurutik ikusita.
Eguterako bi muinoak Elorriagoako pagaditik ikusita.
Lehen muinora igo aurretik atzera begirada, puntu zuriz bideak gutxi gora behera jarraitzen duen ibilbidea.
Lehen muinoaren gainetik egindako argazkia.
Bigarren muinora iristeko bi muinoen arteko etzetik jarraitzea besterik ez dago.
Lehen muinotik bigarrenera iristeko jarraitu behar den bidea.
Bigarren muinotik maldan behera hasi nintzen zelaia zeharkatuz Babatzeko portalangara iritsiz (Unanuko herritik Iturtxiki iturrira doan pista ixten duen langa metalikoa).
Bigarren muinotik Babatzeko portalangara arteko bidea.
Langatik aurrera, ohiko bidea jarraituz, Irristagor zabalunea jaitsi eta Unanura itzuli nintzen.
Babatzeko portalangara iristen eta hemendik behera jarraitutako bidea.
Kotxearen maletategian eseri eta botak zapatilengatik aldatzen nituen bitartean zoriontsu nengoela sentitu nuen. Mendebaldeko igoerarekin, Akerregiko ohiko hiru irteeren proiektutxoari amaiera eman nion, ohiko irteera bezala Akerregitik ateratzeko zintaz babestutako hormatxotik gora dauden nabarmenenak kontsideratuz. Irteera hauei guztiei bariante gehiago egiterik badago noski, erlaitzean eskalatu gabe utzi nuen arrail tentagarria adibidez, baina nabarmenenak hiru hauek izan daitezkeela uste dut.
Ea pixkanaka igoera honetan "fitxatutako" bariante ezberdinak igotzen joan eta haurraren kuriositatea pixkanaka asetzen joaten den. Ez dakit ba, jejejeje
KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA
- Messner R. Wild, , 306-307el viaje definitivo. Madrid. Ediciones Desnivel, 2019.
- SITNA: Sistemas de Información Territorial de Navarra. Eskuragarri: http://sitna.navarra.es/geoportal/mapa/mapas.aspx?lg=eu
AZKEN 10 SARRERAK
2019/12/15
BERIAIN (1.493 m), AKERREGIKO PAXAREN MENDEBALDEKO IRTEERATIK, II+. 2019/12/06
Nork argitaratua:
Xabi "Smithy" Mujika
ordua:
19:08
Etiketak:
akerregi,
beriain,
donato,
eskalada,
mendia,
mendiak,
paxa,
sakana,
san donato,
smithy,
smithyrenbloga,
unanu
Harpidetu honetara:
Argitaratu iruzkinak (Atom)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina