Unanu, Beriainen magalean.
Pyrenaica aldizkariaren 267 atala Nafarroari eskainitako monografikoa da. Bertan, Gotzonek (“Mendiak bat” blog gomendagarri eta landuaren sortzailea) Beriainen inguruko artikulu zabal eta zehatza idatzia dauka. Artikulu hau oinarritzat hartuz Beriainpunta eta Beriainera iristeko bide alternatiboak ezagutzeko aukera izan nuen. Irteera hauetatik Beriainpuntako “Elkezbide" eta “Izozpetako” bideetako kronikak iritsiko ziren.
Bide “ezezagun” hauek ezagutzen nituen garai berean Gotzonek bere blogean “Beriain: 1.493 | Akerregiko paxa. (Hego aurpegia)” izenpean paxa honen inguruko kronika partekatu zuen (lotura "kontsultatutako bibliografia" atalean dago). Kronika goitik behera irakurri ondoren ibilbide hau errepikatzeko irrikan izan nintzen. Tamalez, bertara hurbiltzeko ez nuen egunik hartu.
Bi urte beranduago, ekaineko egun lainotsu eta gris batean, Asierrekin Unanutik atera nintzen Akerregiko paxatik Beriainera igotzeko asmoz. Gotzonen kronikako azalpenak jarraitu arren, behe lainoak estalitako basoaren erdian, erreferentziarik gabe, batera eta bestera ibili ondoren, Aldai belaztian azaldu ginen, Beriaingo ohiko bidetik gertu. Beriainera ohiko bidetik igo ondoren, jaitsieran, igoerako arantza kendu asmoz, Akerregiko paxara iristea lortu genuen. Baina bertatik jaisteko ez genuen bide erosorik topatu. Paxa alderik alde zeharkatu eta hainbat saiakera antzuren ondoren, Artazil eta Labittu atzean utzi eta gero Zuloaunditik gertu harritza bat ikusi genuen. Kontu handiz bertatik hala nola jaistea lortu genuen, zeharkaldi baten ondoren igoeran galdu ginen lekura iritsiz. “Igoera hau ezin da hain konplikatue izan” izan zen egun horretan elkarri gehien esan geniona.
Lau hilabete beranduago, MATeko lagunak beste konpromiso batzuk zituzten. Hodeirik gabeko asteburu ederra iragarrita zegoela ikusita kaskoa motxilan sartu eta ibilbidea bakarrik egitea erabaki nuen. Gotzonen kronikari eta Asierrekin ekainean ikusitakoari mila buelta emanda nizkion, baita egun horretan GPSan grabatutako bideari ere. Azkeneko honetan nondik ibili ginen ongi aztertu ondoren bide “erraz” eta zuzenago bat jarraitzeko aukera ikusi nuen, Gaandurdi bideak jarraitzen duena, hain zuzen ere.
Bide hau topatzea izango zen ibilbidea ongi ateratzearen gakoa…
OHARRA: Adeitasunez, kronikan Asierrekin egindako “esplorazio” eguneko argazkiak ere azaltzen dira, bi egunen arteko lotura nolabait adieraziz. Toponimiari dagokionez, Gotzonen kroniketatik aparte, Nafarroako Gobernuko SITNA web orriko ("kontsultatutako bibliografia" atalean lotura dago) mapan azaldukoa jarraitu dut.
IBILBIDEA
Ibilbidea Unanun hasten da. Beriainera doan ohiko bidea jarraituz Iturtxiki iturrira iritsi nintzen. Beriaingo ohiko bidea utzi eta Lezizagoako bidea jarraitu nuen egurrezko langa bat atzean utzi ondoren pagadian sartu eta Gaandurdi bidea hartuz. Bide hau Gaandurdi paxa zabala arte jarraitu nuen, ezkerrean Lurgorri eta Gaandurdiko pokala harritzak utzita.
Gaandurditik Akerregiko paxara igo (II zailtasuneko hormatxo etzana) eta paxa alderik alde zeharkatu nuen. Paxaren amaieran II+ zailtasuneko hormatxo bat eskalatu nuen paxa txikiago batera iritsiz. Hemen hiru aukera ditugu: zuzen eskalatzen jarraitu (III- zailtasuneko hormatxoa), eskuinera (ekialdera) jo paxa txiki honen amaierara iritsi eta oinez Beriaingo lautadara igotzeko edo mendebaldera jo bertako paxa estua amaiera arte jarraituz. Nik lehenengo aukera hartu nuen.
Behin lautadan Beriainera Lizarragako mendetatik iristen den ohiko bidetik gailurrera iritsi nintzen.
Jaitsiera Unanutik Beriainera doan ohiko bidetik egin nuen.
Ibilbidearen nondik norakoak zuriz. Urdinez, Asierrekin ekainean jaitsieran jarraitu nuen bidea ikusi daiteke.
Krokisa zehatzago, urdinez oinez egin daiteken zatia.
Jaitsierako bidea, Unanutik Beriainera doan ohiko bidea.
IBILBIDEAREN DATU BATZUK
- Ibilbidearen luzera: 10,5 kilometro.
- Punturik baxuena: Unanu, 640 metro.
- Punturik altuena: Beriain mendia, 1.493 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 1.000 metro inguru.
- Igotako mendiak: 1.
- Zailtasuna: II zailtasuneko hormatxo bat. Irteera zuzena jarraitzen bada III- zailtasunaren baitan dago.
- Ura: Unanu herrian eta Iturtxiki iturrian ura hartu daiteke.
- Jaitsiera: Beriaingo ohiko bidetik ordubete pasatxoan (arin ibilita) Unanura iritsiko gara.
- Eramandako materiala: Paxaren inguruan eta gainetik ardi asko dabiltza eta noizik eta behin harriak botatzen dituztenez, kaskoa eramatea gomendagarria izan daiteke.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: Hiru ordu eta erdi eskas, atsedenak barne.
Bidea deskargatu nahi baduzue.
Powered by Wikiloc
DESKRIBAPENA
Unanuko erdigunetik goizeko zortzietan atera nintzen. Iragarri bezala zerua oskarbi eta eguna fresko zegoen, mendian ibiltzeko primerakoa.
Unanu irteeran "apaindutako" postea.
Postea azpitik ikusita.
Ibilbidea luzea izango ez zenaren itxaropenean martxa lasaia hartu nuen, igoeraz gozatuz, argazkiak batera eta bestera eginez. Unanutik Beriainera doan ohiko bidetik hogei minutu eskasean Iturtxiki iturrira iritsi nintzen, bertatik nekez eroritako ur-zurrustaren azpian ahoa zabaldu eta zintzurra nolabait freskatuz.
Iturtxiki iturran.
Iturriko ur-zurrusta.
Hemendik aurrera Beriaingo ohiko bidea utzi eta Lezizagoako bidea jarraitzen hasi nintzen (iturriaren ondotik dauden bi pistetatik gorakoa). Hemendik aurrera Beriaingo gailurrera arte ziurrenik inor ikusiko ez nuela jakiteak izugarrizko lasaitasun eta bake sentsazioa eman zidan.
Iturtxiki iturritik gora jarraitutako bidea (zuriz) eta Beriainera doan ohiko bidea, jaitsieran jarraituko nuena.
Atzera begirada, Iturtxiki eta, zeruertza osatuz, Aizkorri.
Eguneko lehen izerdiak iturritik gora bota nituen. Malda gogor bat igo ondoren egurrezko langa bat zeharkatu eta bideak hauspoa bere tokira itzultzeko atsedena eman zidan.
Egurrezko langara iristen.
Langa zeharkatu eta 70-90 metroen ondoren, pistak ezkerrera egiten duen bihurgune batean, belarrak erdi estalitako mugarri txiki batez adierazitako bidexka bat ezkerreko pagadian gora hasten da. Bitan pentsatu gabe (ekainean bidegurutze hau topatzea kosta zitzaigun eta) Lezizagoako bidea utzi eta bidexkan barrena sartu nintzen. Kronika idazterakoan, toponimiari dagokionez, dudan zalantza Gaandurdi bidea hemendik hasten den ala ez da, SITNA-ko mapa toponimikoan ez baita argi gelditzen.
Lezizagoako bidea uzten den lekuan.
Lehenengo metroetan bidea oso definitua ez dagoen arren galtzeko arriskurik ez dauka eta metroak irabazi ahala bidea nabarmenduz doa, belarrak hartutako pista zahar batera iritsiz.
Bidexkaren lehen metroetan.
Lehen metroen ondoren ezkerrera doan bidegurutzeari kasurik ez egin eta, pagadiaren erditik, zuzen jarraitu nuen.
Bidegurutzean.
Bidegurutzea atzean utzi ondoren atzera begirada.
Maldatxo bat igo ondoren basoa zeharkatzen duen pista nabarmen batera iritsi, zeharkatu eta honen bestaldean argi koloreko harrien artean goraka doan Gaandurdi bidea jarraitzen hasi nintzen, tartean mugarriren bat edo beste utziz.
Pistara iristen, aurrean Gaandurdi bidea.
Gaandurdi bidean gora.
Momentu batean, bidegurutze batean, mugarri handi batez adierazitako bidexka bat dago, ezkerrera zuzen doana. Ekainean bidexka hau jarraituz izan zen Asier eta biok galdu ginen lekua. Oraingoan bidegurutzeari jaramonik egin gabe zuzen jarraitu nuen bide “nagusia” jarraituz.
Hemendik aurrera bide eta eremu ezezagunean murgilduko nintzen. Hasieran okerreko bidetik joango nintzenaren alarma piztu arren, bidegurutzea atzean utzi eta metro batzuetara bidearen ertzean ikusitako mugarri batek zeharo lasaitu ninduen.
Ekainean galtzera eramango gintuen bidegurutzean, oraingoan bidexka hau hartu gabe gora zuzenean jarraitu nuen.
Gaandurdi bideak pagadia mendebaldetik ekialdera lotsagabe zeharkatzen du, izen bereko paxa inklinatu eta nabarmenera zuzenduz. Pagoen adarren artean Beriaingo hego horma ezkerrean ikusteak lasaitu arren, une batez gehiegi desbideratzen ez ote nintzenaren susmoa ere izan nuen. Bat batean Lurgorri izeneko harritza handi eta nabarmenaren oinera iritsi nintzen. Bertan mugarri handi bat zegoela ikusita, orain arteko bidea utzi eta, harritzaren noranzkoan, basoan sartu nintzen metro batzuen ondoren bigarren mugarri nabarmen batekin topo eginez.
Lehenengo mugarria...
... Eta bigarrena. Argazkia erreta dagoen arren, Lurgorri harritzaren kokalekua zein den ikusi daiteke.
Hasieran zalantzan izan nintzen Lurgorrin gora jarraitu ala ez. Bigarren mugarrira iritsi eta ekialdera Gaandurdi bideak hostoek estalia jarraitzen zuela ikusita, bitan pentsatu gabe bertatik jarraitu nuen.
"Kris-kras-kris-kras...". Hostoak zapaltzerakoan ateratako hotsa zen entzuten nuen bakarra. Bakardade sentsazioa erabatekoa zen eta bertatik pasatako lehen gizakia bezala sentitzen nintzen, bidearen ertzean utzitako xafla metaliko okertu bat ikusi nuen arte.
Xafla metalikoa eta hemendik aurrera jarraitutako bidea.
Xafla atzean utzita bideak, zeharka bada ere, metroak irabaziz jarraitzen du ekialdeko noranzkoa galdu gabe. Hamar minutu pasatxoren ondoren bigarren harritza batekin topo egin nuen: "Gaandurdiko pokala".
Oharra: urriaren 27an bide hau berriro ere jarraitu eta mugarri gehiago eraiki nituen Gaandurdiko pokala arteko bidea gutxi gora behera mugarriz adierazita utziz. Pentsatzen dut orain bidea jarraitzeko zailtasunik ez dela izango.
Harritzaren ondoan mugarria izan daitekeen harri multzo txiki bat ikusi eta lehen izandako zalantza bera sortu zitzaidan: "harritzan gora edo aurrera jarraitu?".
Metro batzuetan aurrera jarraitu eta pagadiak zertxobait maldan behera egiten zuela ikusita, Gaandurdiko pokalaren eskuinetik, pagadian gora hasi nintzen 40-50 metro eskasean bertatik atera eta Gaandurdiko paxa zabalera iritsiz. Goizeko bederatziak eta laurden ziren.
Eguneko lehenengo erronka betea nuen, bueltarik eman gabe pagaditik Akerregi paxatik gertu ateratzea. Zoriontsu izan arren Akerregira nondik igo izango zen ebaztu beharreko hurrengo erronka.
Pagadiaren amaieratik gora begiratu eta nengoen lekutik Akerregira igotzea zaila ez zirudiela iruditu zitzaidan. Ekialdeko noranzkoan diagonalean zeharka jarraitu nuen metroak irabaziz eta bi zuhaixken artetik pasatuz.
Gaandurdi zeharkatzen. Argazkian bi zuhaixkak eta handik gora Akerregi paxara iristeko jarraituko nuen bidea ikusi daitezke.
Metroak irabazten nituen heinean Akerregira uste baino errazago iritsiko nintzela argiago nuen, gainetik nuen horma zirudiena baino etzanagoa baitzen.
Zuhaixken artetik pasa ondoren jarraitutako bidea. Akerregira igotzeko eskalatuko nuen hormatxoaren kokalekua adierazi dut.
Terreno ezerosotik (harri solte asko dago eta) Gaandurdi zeharkatu eta parean nuen monolitoaren oinera iritsi nintzenean, ezkerretik inguratzen hasi nintzen, honen ezker hormatik gertu mantendu eta harritza txiki bat oinez igoz.
Harritza txikiaren gainetik behera egindako argazkia.
Harritza igota, bertatik mendebal noranzkoan ardiek zapaldutako bidexka bat ikusi nuen: "ardik hemendio pasa badie nire pasako naiz" pentsatu nuen motxilatik kaskoa atera eta buruan jarriz.
Harritza txikitik gora jarraitutako bidea eta eskalatuko nuen hormatxoa.
Bidexka metro batzuetan jarraitu eta eskuinean belar kanaltxo estu bat duen 6-7 metro inguruko hormatxo etzana ikusi nuen. Begiak parez pare zabaldu zitzaizkidan: "Hemen dau pasoaaa!!!!" bota nion mendiari lotsagabe.
Hormatxo etzana azpitik ikusita.
Beriaingo hego horma izateko harkaitzaren kalitatea txarra ez zela iruditu zitzaidan eta, belarran baino harkaitzan konfiantza gehiago jarriz, hormatxoa zailtasunik gabe eskalatu nuen. Hormatxoa eskalatuta, II zailtasuna baino gehiago izango z duela uste arren, bustia izanez gero igo edo jaisteko ezerosoa izango dela iruditzen zait.
Hormatxoa eskalatuta, goizeko bederatziak eta hogeita bost minutu pasatxoan Akerregi paxara iritsi nintzen. Hemendik aurrerako bidea ezaguna nuenez, banekien zailtasun handirik ez nuela topatuko. Ezkerretik inguratutako monolitoaren gainetik pasatu eta une batez argazki batzuk egiteko belar gainean eseri nintzen.
Akerregira iristeko beste bide bat, beharbada goian azaldutakoa baino errazagoa, Gaandurdi pokala harritza goraino jarraitzea da, goiko zatian hemen azaltzen den hormatxoa baino errazagoa den "hormatxo" bat igotzen baita.
Hormatxoaren irteera eta Akerregi paxan ibilitako lehen metroak. Argazkian ezkerretik inguratutako monolito nabaria ikusi daiteke.
Zoriontsu nengoen, igarkizun zail bat ebatzi izan banu bezala. Ezinbestean tristurakin ekainean Asierrekin batera eta bestera ibili ginenekoa gogoratu nuen: "ze pena jaitsiera hau topau ez izana", pentsatuz. Hala ere irteera hura aurretik nuena ezagutzeko ederki etorri zitzaidan. Inguruari argazki batzuk egin ondoren martxan jarri nintzen.
Akerregiren lehen metroak dira estu eta ikusgarrienak eta, olatuen moduan, muino ezberdinak igo eta jaisten dira. Metro hauek ikusgarriak izan arren, ardien joan etorriek egindako bidexkatik zailtasunik gabe ibiltzen da.
Lehenengo muinora igotzen.
Lehengo bi muinoen arteko bidea.
Bigarren muinotik lehenengora egindako argazkia. Horna tentea dela dirudien arren, ardiek irekitako bidexkatik eroso ibiltzen da.
Muino ezberdinak igo eta jaitsiz metroak arin irabaziz jarraitu nuen. Eguzkia parez pare nuen eta, eguzkitako betaurrekoak jantzita eraman arren, aurretik zetorrena ikusteko zailtasunak nitue": "Pena argazkiengatik" pentsatu nuen. Esperimentu gisa argazki kameraren objektiboa eguzkitako betaurrekoekin estali eta argazki pare bat egin nituen aurreko paisai basatia jasotzeko asmotan.
Lehen metroak oso ikusgarriak dira.
Argazki kamera eguzkitako betaurrekoekin tapatuz egindako argazkia.
Beriaingo hego horma bertikalaren oinetik metro batzuetara joan arren, zeharka begiratzen nion bertatik altxatutako putreek harriren bat botako zutenaren beldurrez. Horma honetako harkaitza orokorrean apurtua dago baina tarteka trinkoagoa dirudiena azaltzen da. Bat batean, horma bertikalki bitan erdibitzen duen arrail sakon eta nabaria ikusi nuen: "hoi etzun iñorrek eskalauko?" pentsatu nuen arraila behetik gora begiradakin jarraituz.
"Hoi etzun iñorrek eskalauko?" pentsatu nuen arraila behetik gora begiradakin goraino jarraituz.
Metroak irabazi ahala amildegiaren gainean zintzilikatutako paxa zabalduz eta inklinazioa galduz doa, ikusgarritasuna galdu gabe. Ardiak ikusten hasteak poztu ninduen. Unanutik atera nintzenetik ikusten nituen lehen "animaliak" ziren. Atalaia honetan bakardadean egotea ohituak, ez dut uste gizakirik espero zutenik. Ardiak ez izutzeko ibilkera motelduz, hauen azpitik pasa nintzen, beraien begirada urdurien zaintzapean.
Ardiak lasai lasai inorren bisita espero gabe.
Asierrekin ekainean egindako argazki honetan paxaren edertasuna hobe ikusi daiteke.
Amildegi eta hodeien gainetik.
Paxa amaituko dela dirudienean ezkerrean harrikara txiki bat dago. Bertatik igo eta Beriaingo lautadara eramaten duen hormatxoaren oinera iritsi nintzen.
Hormatxora doan bidea.
Hormatxoa azpitik ikusita eta nik jarraitu nuen bidea.
Asierrekin hemendik jaitsita nengoenez, banekien zailtasunik gabe igoko nuela. Hormatxoak bi zati dauzka: Lehenengo zatian helduleku oneko 4-5 metroetako arrail tente bat eskalatu nuen (II+) erlaitz batera iritsiz. Arrail hau eskuinetik saihestu daiteke igoera erdi-oinez egineko.
Arraila eskalatu ondoren behera egindako argazkia.
Erlaitzetik gora bigarren arrail bat dago, bertikala eta goiko hagatxo batetik harri bat pisu moduan duen zinta zaharra zintzilik duena.
Arrail bertikala, zinta zaharra ikusi daiteke.
Arrail hau zuzenean eskalatu gabe, ezkerretik oinez ekidin nuen hagatxoa dagoen lekura iritsiz.
Arraila saihestu ondoren, hagatxoa ikusi daiteke (soka urdinak dituena).
Hemendik gora zelai etzan bat igo besterik ez nuen egin paxa txiki batera iritsiz. Paxa honetan bi aukera ditugu: eskuinera hartu eta amaierarte iritsi, bertatik oinez Beriaingo lautadara iristeko edo zuzen jarraitu parean dagoen horma eskalatuz. Asierrekin lehen aukera egina nuenez, oraingoan zuzen jarraitzea erabaki nuen.
Hormatxoaren irteera eta goiko paxa txikian dauden bi aukerak.
Behera begirada...
Paxa zeharkatu eta hormatxoaren oinean kokatu nintzen. Hormatxoa nondik eskalatuko nuen aztertzen hasi nintzen, azpitik dirudiena baino bertikalagoa baita. Aukera ezberdinak begiratu ondoren, hormatxoaren eskuineko harkaitzetatik eskalatzen hasi (II) eta ezkerrera ageriko zeharkaldi motza egin nuen (III-) horma eskuin ezker diagonalean igotzen duen kanal belartsua eskalatuz (II). Kanaltxo honen amaieran eskuinera diagonalean jarraitu, harkaitz trinko batzuk eskalatu (II) eta hormaren gainera iritsi nintzen, goizeko hamarretan Beriaingo lautadara igoz.
Bigarren hormatxoa eskalatzeko jarraitutako bidea.
Hormatik behera egindako argazkia.
Lautadak haize hotz eta bortitz batekin hartu ninduen, geldirik geldituz gero berehala hozten duena. Motxila lurrera bota, trago bat ur edan eta, kaskoa barruan gorde ondoren, oinez zetozen mendizaleen artean kamuflatuta, Beriaingo gailurrera jarraitu nuen.
Uharte Arakilera jaisteko adierazten duen postearen ondoan, eskuinean Beriaingo gailurra ikusi daiteke.
Mugarri bat aspaldiko partez.
San Donato baselizara iristen. Zuriz gailurrerako bidea.
San Donato baseliza ezkerrean utziz gora jarraitu eta Beriaingo postontzi eta gailurrera iritsi nintzen.
Hodeizko itsasoaren gainetik... Argazkia ekainekoa da.
Beriaingo postontzia, atzean gailurra.
Goizeko hamarrak eta hogei ziren eta denboraz oso ongi nindoan. Gailurraren ekialdean, haizeagatik nola hala babestuta, lurrean eseri nintzen. Tximeleta batzuk loretik lorera haizearekin zuten jolasaren testigu, hego hauskorrekin oreka nola mantentzen zuten liluratu ninduen, une batez mundutik aparte mantendu eta inguruko mendizaleen hotsetatik urrunduz.
"Tximeletak haiek hegal egiten..."
Tximeletak alde egin zutenean, burua alde batera mugitu eta begirada iparrera joan zitzaidan. Parez pare San Miguel eta Artxueta, Uharte Arakil eta eskalatutako Ezkuleku Harria, Aiztondoko eskalada eskola eta Madalen Haitza nituen, ikasketa aberasgarri eta momentu ederren iturri.
Iparrerako ikusmira.
Atsedentxoaren ondoren, hozten hasi aurretik, beherako martxa hartu nuen, Unanutik Beriainera doan ohiko bidea jarraituz.
San Donato gibelean...
Mendizale taldea Aldaiko belaztitik gorako aldapan, azpian Unanu.
Jaitsiera arin egin nuen, zoriontsu, igoera ederra eginda izatearen sentsazio gozoarekin. Kontutatzerako, ordu bete pasatxoan Unanuko kaleetan nengoen berriro ere. Traste guztiak kotxean sartu, kantinplorari azken tragoa lapurtu eta motorra martxan jarri nuen herria pixkanaka atzean utziz.
Beriaini azken begirada.
Etxera itzuli aurretik burutazio bat izan nuen. Itziri dena ongi joan zela esateko deitu eta kotxea Lizarragako mendatera zuzendu nuen bertatik Beriain eta Unanuri argazkiak egiteko.
Argazki sortaren ondoren etxerako bidea zoriontsu hartu nuen. Nahiz eta teknikoki zailak ez izan, "esplorazio" kutsua duten irteera hauek maite ditut. Ongi ateratzen direnean izugarrizko poztasuna hartzen dut, ongi ateratzen ez direnean aldiz, hurrengo baterako ikasketa galanta izaten da. Behin mendizale bati entzun nion moduan: "mendian irabazi edo ikasi egiten da".
Unanu eta Beriain, ikusgarriak biak ala biak.
KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK
- Iraola Moreno G. Beriain, Sakanako zaindaria. Pyrenaica, 2017; 267: 24-31.
- SITNA: Sistemas de Información Territorial de Navarra. Eskuragarri: http://sitna.navarra.es/geoportal/mapa/mapas.aspx?lg=eu
- Mendiak bat bloga (Gotzonen bloga). 2017-07-25, Beriain: 1.493 | Akerregiko paxa. (Hego aurpegia). Eskuragarri: https://giroa.blogspot.com/2017/07/beriain-1493-akerregiko-paxa.html
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina