AZKEN 10 SARRERAK
marizulo etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
marizulo etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2020/12/26

LARRUNARRI (TXINDOKI) EKIALDEKO ERTZETIK (PD/II-II+), "TXINDOKI" BORDA ETA "MARIZULO" BISITATUZ: MARIREN AZTARNEN ATZETIK. Trilogia baten bigarren zatia. 2020-12-18


Larrunarriko ekialdeko ertza bere osotasunean. "Marizulora" iristeko, ertzaren azpikaldean ikusten den erlaitz belartsu zabala zeharkatuz ipar hormara pasa beharko dugu.

Traductor al castellano, English traslator, traducteur française.

Amezketako sinesmenen arabera, Marik denboraldi bat Larrunarriko leizean ematen du, beste bat Aketegiko leizean eta beste bat Murumendiko leizean. Hiru mendi hauetako leizeak bisitatzea izan zen Asier eta biok azaroaren 28an Murumendiko "Damazulo" eta "Leizezulo" leizeak bisitatuz martxan jarri genuen proiektu txikia.

Proiektu txiki honek osatzen duen trilogiaren bigarren zatirako Larrunarriko "Marizulo" aukeratu genuen. Amezketako istorio zahar baten arabera, Irabi baserrian behi gorri bat desagertu zen. Baserriko amak, alabari behiaren bila joateko eskatu bazion ere, alabak ez zuela nahi erantzun zion. Orduan amak "ez baden ekartzen, deabruak eramango al hau, ba" esanez madarikatu zuen. Hau entzunda alaba behiaren bila joan zen. Landan behi gorri bat agertu zitzaion. Berea zelakoan, harengana hurbilduz isatsetik heldu zion. Eta ustezko behiak, Marizuloko Mari zenak, Larrunarriko haitzean dagoen Larrunarriko leizera eraman zuen.

"Marizulo" non egon zitekeenaren susmoa bagenuen ere, kosta egin zitzaigun kokapen zehatza aurkitzea. Etxean ditudan mendiko liburuetan eta Joxe Miguel Barandianaren liburuetan leize honen inguruko aipamena anitza bada ere, ez nuen kokapen zehatzik aurkitzen, Asierrek whatsapp bidez Larrunarriko ipar-ekialdeko hormaren argazki bat bidali zidan arte. Argazkian "Txindoki" bordaren hondakinen kokapena ikusten zen, baita "Marizulo"-ren kokapena ere. Argazkia eskutan, Lekurekin Larrunarriko ipar-ekialdeko hiru kanalak eskalatu genitueneko kronika berirakurri eta "Marizulo"-ra daraman erlaitz zabala lehen eta bigarren kanalen artean dagoela ikusi nuenean, buruan nituen pieza guztiak bata bestearekin lotu ziren. Bukatzear nuen puzzle baten moduan, bat batean argazkiak zentzua hartu zuen: "bakit nundio jun beharren garen!!!!" erantzun nion garaile.

Leizera nondik eta nola iritsi argituta, egun aproposaren zain gelditu ginen. Mari bere bizilekuan dagoenean mendia hodeiez inguratuta eta ekaitzaren mendean egoten omen denez, badaezpada zerua oskarbi eta eguraldi oneko egun bat aukeratu genuen. Honelakoetan hobe izaten da sinesmenak modu arinean ez hartzea, jejeje.

OHAR GARRANTZITSUA

Mariren leizeetara sartzeko hiru arau bete behar dira:

- Mariri zuka hitz egin behar zaio.
- Leizetik sartu den modu berean atera behar da, hau da, Mariri aurpegia emanez sartu bagara, irteteko garaian ezin diogu bizkarrik eman.
- Mariren leizean gauden bitartean ezin gara eseri nahiz eta berak eseritzeko gonbitea luzatu.

Norberaren ardurapean eta sinesmenaren baitan dago arau hauek betetzea. Barandiaranek pertsonai mitologikoei erreferentzia eginez zioen moduan: "direnik ez sinestu, ez direnik ez esan".

IBILBIDEA

Ibilbidea Larraitzen hasi genuen. Muitzeko bidea jarraituz Larrunarriko ipar aurpegia inguratu eta, ekialdeko ertza atzean gelditu zenean, metalezko langa batera iritsi aurretik Muitzen behera amiltzen den errekatxoa zeharkatu eta zelaian gora hasi ginen Larrunarriko ekialdeko ertzak osatzen duen sorbalda batera zuzenduz. Sorbalda honetan "Txindoki" bordara eta "Marizulo" arte luzatzen den erlaitz zabal eta belartsua hasten da.

Erlaitza zeharkatuz, Larrunarriko ipar-ekialdeko hormara pasatu eta "Txindoki" bordaren hondakinak lehenik eta "Marizulo" ondoren bisitatzeko zortea izan genuen.

Amaitzeko, Larrunarrira igotzeko, ekialdeko ertzaren sorbaldatik gora igotzen jarraitu genuen, ertzaren ahotik ahalik eta gehien mantenduz. Eskalada oso erraza da (II/II+) eta pasagune guztiak bere eskuinetik zailtasunik gabe saihestu daitezke. Izan ere, ertza eskalatu nahi ez badugu, honen eskuinean dagoen belarrezko kanala zailtasunik gabe oinez igo daiteke, Larrunarriko gailurrera modu original eta berezi batean iritsiz. Ertza Larrunarriko hegoaldeko gailurraurrera arte jarraitu genuen, bertatik Larrunarriko gailurrera pasatzeko.

Jaitsiera Larrunarrira iristen den ohiko edozein bidetik egin daiteke. Guk "Tximista" bidetik egin genuen, ibilbide zirkular bat eginez.

Larrunarriko ekialde eta ipar-ekialdeko horma eta ibilbidearen nondik norakoak. Puntu zuriz, "Marizulo" arteko bidea, puntu gorriz aldiz, Larrunarriko ekialdeko ertzaren igoera. Oraingoan ez dut ertzaren krokis zehatzik egin pasagune esanguratsurik ez duelako. Ertza bere osotasunean ez da II/II+ zailtasunetik pasatzen eta eskuinean ikusten den kanal belartsu estutik oinez igo daiteke.

IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Ibilbidearen luzera: 8,4 kilometro.
- Punturik baxuena: Larraitz, 404 metro.
- Punturik altuena: Larrunarri, 1.341 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 1.000 metro inguru.
- Igotako mendiak: 1.
- Zailtasuna: Ekialdeko ertzarako II/II+ zailtasuneko hainbat pasagune motz, denak ertzaren eskuinetik oinez ekidin daitezkenak. "Marizulo"-n kontuz ibili beharko dugu, pasagune errazak baditu ere bakarren bat agerikoa delako. Gainera, hezetasunaren eraginez harkaitza hainbat lekuetan irristakor egond daiteke. Gu ez ginen leizearen amaiera arte iritsi, beraz, zailtasun hau kobaren barruan sartu ginen 25-30 metroetara soilik mugatzen da.
- Ura: Larraitzen hartu daiteke, baita Oria iturrian ere.
- Jaitsiera: Larrunarrira doan ohiko edozein bidetik. Gu "Tximista" bidetik jaitsi ginen.
- Eramandako materiala: Linterna bat.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: lau ordu eta laurden, atsedenak eta "Marizulo"-ren barruan pasa genuen denbora barne.

Ibilbidea deskargatu nahi baduzue:
Powered by Wikiloc

DESKRIBAPENA

- Polainak eraman behar dittuzu? - Galdetu zidan Asierrek Larraitzetik atera aurretik -, atzo anaiek Murumendi alden nahiko lehorra zeola esan ziten.
- Bazpare igual bai - erantzun nion polainen kremailera itxiz -, jun dan asten bota zittun elurren ondoren Larrunarriko bide normalen lokatza eongoela ustet.

Goizeko zortzirak pasatxo ziren Larraitzetik irten ginenean. Hasieran Larrunarrira ohiko bidetik igo eta "Marizulo" jaitsieran bisitatuko genuela pentsatu arren, azkenean Mariren bizilekua bisitatzeari lehentasuna ematea adostu genuen.

- Beanduna hamabi terditako kotxen eon beharrauket - esan nion Asierri -. Ea puntara igotzeko denboraik deun.

Larraitzeko metalezko langa zeharkatu eta, Larrunarrira doan ohiko bidea utzita, zelaian gora hasi ginen. Inozokeria badirudi ere, beti pentsatu izan dut metalezko ate honek zibilizazioa eta mendiaren arteko muga dela. Langa honetatik gora gogoko dudan munduan sartzen naizen sentsazioa izaten dut.

 Zibilizazio eta mendiaren arteko langara iristen. Langatik gora gutxi gora behera jarraitu genuen bidea adierazita dago.

Zerua zuri eta hotz zegoen, margotu gabeko koadro zuri bat balitz bezala, lehen eguzki izpiek noiz koloreztatuko zain. Malda gogorra izan arren, polarra goraino lotuta generaman. Gorputza berotzen hastea kosta egin zitzaigun, sortutako bero apurra hego haize bizi batek maldan behera eramaten baitzuen.

Metro gutxietan altuera azkar irabazten da. Zerua zuri, hotz, espresiorik gabe.

- Zerue elegante jartzen ai da!!!! – esan nion Asierri atzera begiratuz.

Ihintzak bustitako belar gogorrean irrist ez egiteko kontu handia hartuz, lurrari begira, atzean gertatzen ari zen ikuskizunari kasurik egin gabe metroak irabazten gindoazen. Zerua gorri koloretik laranjara pasatzen ari zen, egun berri bat ate joka zegoenaren isla. Bitan pentsatu gabe argazki makina atera eta argazkiak egiten hasi nintzen, momentu magiko hau ahul eta galkorra izaten dela jakinda.

Murumendi zeru gorriaren azpian: Mari hango bizilekuan egongo al zen?

- Momentu hauengatio bakarrik merezio mendia etortzea.
- Bai...

"Momentu hauengatio bakarrik...".

Ordu laurden eskasean, Larrunarriko ipar magalean dagoen antenaraino iristen den pistara iritsi ginen, oin eta hauspoari atsedena emanez.

Antenara daraman pistan.

Antenara iritsi baino lehen, pistaren ezkerrean mugarri batez Muitzera doan bidexkaren hasiera adierazita dago. Bere ondotik pasatu eta antena eskuinean utziz, bidexka estuan gora hasi ginen.

Muitzeko bidearen hasierara iristen. Argazkian mugarria eta antena (azkeneko hau zuhaitzen atzean) ikusi daitezke.

Muitzekoa da, nire ustetan behintzat, Larrunarriko ohiko hiru bideetatik ederrena. Ez du beste bi bideetako “masifikaziorik” eta Larrunarriren aurpegirik ezkutu eta basatiena ikusteko aukera ematen digu. Bide honetatik igota mendi ezezagun bat igotzearen sentsazioa izaten da. Hau guztia gutxi ez bada, ibilbidearen zatirik handiena ipar aurpegiaren itzalpean egiten denez, udan fresko mantentzen den bidea da. Neguan aldiz bide gogorra izan daiteke, horren adibide, duela urte batzuk, bide honetatik igotzen harrapatu gintuen elur-jausi txikia.

- Hara, han goiko paretan dau kobea - esan nion Asierri, bideak Larrunarriko ipar ekialdeko aurpegira biratzen duen lekuan.

Udazkenak biluztutako hurritz eta pagoen gainetik, sabai nabarmen baten azpian, hezetasunak eragindako orbaindun horma bertikal bat ageri zen.

"Marizulo" dagoen horma bertikal.

- Han dau, eh? - galdetu zidan -, pentsatzen nun Murumendin bezela etzeola Larrunarrin bertan.
- Zuk bialdutako argazkin arabera behintzat han daula seguro - erantzun nion -. Ea horrañoko bidea topatzeun.

Hormari begirik kendu gabe bidearekin jarraitu genuen.

"Marizulo"-ra iristeko jarraituko genuen bidea.

Harritu ninduen Asierrek Muitzeko bidetik dozena erdi igoera eginak dituela aitortu zidanean. Haur batekin mendira lehen aldiz doan aitonaren moduan, Larrunarriko ipar-ekialdeko aurpegiko kanal eta gandorren nondik norakoak emozio betez azaltzeko aprobetxatu nuen:

- Pareta hontatik Leku ta anaie igota dare, kanal hontatik behin anaiakin sartu nintzen, arista hoi Josukin eskalau nun, kanal hontatio Lekukin Larrunarriko hiru kanal bata besten atzetik eskalau genituen...

"... arista hau Josukin eskalau nun..."

Hego haizearengatik babestuta, ipar aurpegiaren zeharkaldia giro ederrean egin genuen, epel-epel.

- Pentsatzet goien haizek earki jokoula - esan zidan zidan Asierrek zerura begira.

Muitzeko erreka eta ur-jauziak isuri ahul bat besterik ez ziren. Mendizale eta eskalatzaile beterano batek behin kontatu zidan ur-jauzi hauek izoztuta topatu ondoren eskalatu zituztela. Nork esango zuen errekak egun duen isuria ikusita!! Urteak dira ur-jauzi hauek urez gainezka ikusi ez ditudala.

Ur-jauzietatik arreta kendu eta bailarara begiratu nuen, mendizaleok atzera begiratzeko dugun ohiturari jarraituz. Larrunarriko itzala, sasi guztien gainetik eta hodei guztien azpitik, Murumendira luzatuz zihoan, Mariren bi bizilekuak elkartu nahiko balitu bezala.

Larrunarriko itzala bailaran luzatzen.

Amezketatik datorren bidearekin bat egin ondoren Larrunarriko ipar-ekialdeko horma bere osotasunean ikusteko aukera izan genuen. Berehala identifikatu genuen "Marizulo"-ra iristeko zeharkatu beharko genuen erlaitz belartsua.

- Justu Lekukin eskalatu nun bigarren kanalan azpitio dijo.
- Ea horrea iristeko bide on bat topatzeun...

"Marizulo"-ra iristeko jarraituko genuen bidea. Argazkian "Txindoki" bordaren kokalekua ikusi daiteke.

Larrunarriko ekialdeko ertza inguratzen genuen heinean, honen ezkerrean dagoen malda belartsutik zuzen igotzea azkarrena eta erosoena izango zela hitz egiten joan ginen.

Ekialdeko ertza (argazkiaren eskuinean) inguratzen genuen bitartean bide erosoenaren bila. Puntu zuriz, jarraituko genuen bidea.

- Igual erreka gurutzatzea deun lehen lekun bestaldea pasau ta maldan gora hasi beharko gea - proposatu nion Asierri.
- Bai, bestela igual gehiegi desbiauko gea...

Aurretik genuen bideari baino erreka nondik gurutzatzearen bilaketari arreta jarriz, aukera ezberdinak balioztatzen joan ginen, langa metaliko batera iritsi aurretik errekara zuzentzen den bidexka batekin topo egin genuen arte. Ganaduak zapaldutako bidexka errekaraino iristen zela ikusi genuen. Bidexka amaitzen zen lekuan erreka zeharkatu ahal izateko bi harkaitz handi ikusi genituen eta, errekaren bestaldean, harkaitz handi eta berezi batzuek zelaiaren beheko zatian korridore txiki bat osatzen zuten.

Langara iritsi aurretik jarraitu genuen bidea.

Errekaren ertzera iritsi, harkaitzen gainetik kontu handiz zeharkatu ("hemen eroitzea besteik ezteu behar...") eta, errekaren bestaldeko harkaitz handien artetik pasatu ondoren, zelaian gora hasi ginen.

"... errekaren bestaldeko harkaitz handien artetik zelaian gora hasi ginen".

Oteek osatutako irleen artetik, belar luzeena ekidinez metroak poliki-poliki irabazten joan ginen, hauspoa berotu gabe. Gure atzean, Larraone eta Etitzegi arteko gandor luzea behean geratu eta, zeruak, antzokian erortzen den oihalaren moduan, mendiari tartea irabaziz zihoan.

Zelaian gora. Atzean Larraoneko mendebaldeko ertz ikusgarria (debekatua dago bertan eskalatzea) eta Etitzegi.

- Emateo eguzkie ta itzalen arteko mugarte igo beharren geala!!! - oihukatu nion Asierri indarra hartuz zihoan haizearen hotsaren gainetik.

Argia eta itzalaren arteko mugara iristen.


Eguzkiaren argira iritsi bezain pronto, Larrunarriko ekialdeko ertzak osatzen duen sorbalda itxurako batera zuzentzen den bidexka bater iritsi ginen, "Marizulo" arte luzatzen den erlaitz belartsua hasten den lekura, hain zuzen ere. Ipar-ekialdeko hormaren babesik gabe, hego haize zakarrak belarra batera eta bestera astintzen zuen, menditik eraman nahiko balu bezala.

- Bazpare winstoperra jantzi behar det - esan zidan Asierrek.
- Nik aurreaka seittukoet ea sorbaldan bestalden babesen garen.

Sorbaldara iristen.


Sorbaldaren bestaldera pasa ginenean, erlaitzean metroak irabazten genituen heinean, haizea, amets-gaizto baten moduan, pixkanaka atzean geldituz joan zen. Erlaitzak Larrunarriko ipar-ekialdeko aurpegia besarkatzen du, lepotik pasatako zapi orlegi bat izango balitz moduan. 30-35 metro inguru ibiliak genituenean, harri batzuen artetik borda baten hondakinak nabarmendu ziren:

"... harri batzuen artetik txabola baten hondakinak nabarmendu ziren".

- Hara, Txindokiko borda zanaren honakiñek!!!! - bota nion Asierri emozioz betea -. Txindoki izena hemendio dator!!!
- Pentsatzenun lau harri bakarrik izango ziela... - erantzun zidan.

Sabairik ez izan arren bordaren egoera ez zitzaigun hain txarra iruditu. Tolosaldeako bailarari begira, ikusmira itzeleko lekua da eta, denborak eta klimatologiak zigortu duen arren, oraindik lau hormak eta atea izan zeneko hutsunea ikusi daitezke. Borda honen historiari inguruko informaziorik ez dut inon topatu eta ez dakit nolatan amaitu zuen orain dagoen moduan. Mendizale zahar batek aspaldi kontatu zidan Txindoki izena "tximista toki" hitzetatik omen zetorrela. Ez dakit datu hau ere egia den, baina hala bada beharbada tximista batek eman zion bordaren bizitzari amaiera.

"Txindoki" bordan. Ikusmira itzeleko lekua da.

Bordatik aurrera bidexka batek erlaitzaren erditik jarraitzen du. Kanal nabarmen bat ezkerrean utzita, Lekurekin neguan eskalatu nituen hiru kanaletatik bigarrena, erlaitza zeharkatzen jarraitu genuen.

Bigarren kanala (argazkiaren ezkerrean) eta erlaitzetik jarraitu genuen bidea.

Bideak ez dauka inongo zailtasunik eta metroak azkar irabazi genituen.

Bideak zailtasunik ez dauka...

Larrunarriko ipar-ekialdetik ipar aurpegira pasatzen hasi ginenean, parez-pare sabaidun horma bertikala ikusi genuen:

-Ia iritsi gea!!!

"Ia iritsi gea!!"

Horma bertikalaren oinera iritsi ginenean zur eta lur gelditu ginen. Muitzeko bidetik ikusita dirudiena baino askoz handiagoa zela iruditu zitzaigun, batez ere hormaren gaineko sabaia.

- Harritzen naiz hemen eskaladako biaik irikita ez egotea - esan zidan Asierrek gora begira.

Hormaren itxura berezia da, dagoen hormatzarrari pusketa handi bat kendu ondoren utzitako hutsunea izango balitz bezala. Alderik alde estaltzen duen 3 metro inguruko zabalerako sabai batek nolabait babesten du, ardi eta ganaduaren aterpe bihurtuz.

Leizea kokatutako horma bertikalaren azpian.

- Pentsatzet eskaladako biden bat irikitzeko aukera eongo balitz dauneko zeoze irikita eongo zela... - erantzun nion sabaiari begirik kendu gabe -. Halere oain hemen eskalatzea debekauta dau.

"Marizulo" hormaren eskuin ertzean dago, erdi-ezkutatuta, lotsati, gordetzen duen sekretua gordeta mantendu nahiko balu bezala.

"Marizulo"-ra (argazkiaren erdian) iristen.

Hasiera batean parean genuen zuloa "Marizulo" zen edo ez zalantzan izan ginen, leizearen sarrera txikia zela iruditu zitzaigulako.

- Ba GPSn arabera hau da ba... - esan nion Asierri aparatuari begira.

Motxila lurrean utzi eta lokatzez betetako sarrera hurbildu nintzen: "eskerrak polainak ekarri dittudan!!". Burua barrura sartu nuenean, sarrerako zulo txikiak barnean leize handi bat gordetzen zuela ikusi nuen.

- Joer, barrutio kriston haundie da!!! - esan nion zoriontsu -, seguro hau dela.

"Marizulo"-ren sarreratik egindako argazki panoramikoa.

Motxilak utzitako lekura itzuli eta barrutik linternak atera genituen:

- Oain bakarrik behar deu barrutik animalin bat ateatzea... - bota nion Asierri sarrera itzuliz.
- Holako lekutan horren bildurre izatet bai, jejeje - erantzun zidan Asierrek.

Linterna kopetan jarri eta pizteko botoiari eragin ondoren ezer egiten ez zuela ikusi nuen: "Hoixe bakarrik behar nun...". Botoiari behin eta berriz eragin arren linternak ez zuen lanik egin nahi. Azkenean amore eman nuen:

- Baterik gabe dau - bota nion Asierri etsita.
- Lasai, nerek argie bauke.

Linterna berpiztu nahian.

Telefono mugikorreko argia piztu eta leizearen iluntasunera zuzendu nuen. Emaitzak zur eta lur utzi ninduen:

- Esperoet zure linterna baterik gabe ez gelditzea, ze honekin ez gea oso urruti jungo, jejeje.
- Lasai, aurretio ni jungo naiz.

Asier aurretik pasatuz "Marizulo"-n sartu ginen.

"Marizulo"-ren sarreran.

Leizera sartzeko, metro erditik gorako koska bat jaitsi behar da. Begiak iluntasunera ohitzen ziren bitartean, oinez egindako metro erraz batzuen ondoren zulo zabal batera iritsi ginen, 3 metro inguruko hormatxo bat jaistea eskatzen duena. Asierren linternak emandako argitasuna aprobetxatuz zulora jaitsi nintzen.

Zulo zabalean.

Isiltasuna sabai ilunetik eroritako ur tantek apurtzen zuten. Harritu ninduen zuloan pagoen adar txikiak topatzeak:

- Igual animalin batek ekarritakok izangoie - esan zidan Asierrek sabaian adarrik ez zegoela begiratu ondoren.

Asier zulo handiaren gainean pagoen adarren bila.

Leizearen ezker hormatik gertu mantenduz, zintzilik dauden harkaitz-bloke handi batzuen azpitik belauneko pasatu eta zulo handia atzean utzi genuen.

Azpitik pasatzen diren harkaitz-blokeen gainean.

Aurreko argazkian nagoen lekutik leizearen sarrera aldera egindako argazkia.

Zulo sakon bat eskuinean utzita, harkaitz irristakor batzuen gainetik jarraituz leizea estutzen hasten den leku batera iritsi ginen, sarreratik 30 metro ingurura. Zalantzan izan ginen aurrera jarraitu edo ez baina, non sartuko ginen jakin gabe, linterna bakarrarekin eta bateriak zenbat iraungo zuen jakin gabe, beste baterako uztea erabaki genuen.

- Ez da udako egun pasako plan txarra, sokakin etorri ta barrura sartu ea ze topatzeun...

Azpitik pasatzen diren harkaitz-blokeetara itzultzen. Hau izan daiteke leizearen lehen metroetako punturik agerikoena. Asierren eskuinean, argazkian ikusten ez den zulo bertikal bat dago.

"Marizulo"-n barrena irabazitako metroak kontu handiz galduz, sarrerara itzuli ginen, iluntasunetik argitasunera pixkanaka pasatuz.

- Harritzen naiz estalaktitaik ez eotea - esan zidan Asierrek.
- Egie - erantzun nion - etxeko liburun baten hormak lisok ziela irakurrita nuen...

Mundu mitologikoa eta mundu errealaren arteko atarian...

- Gogorau kobatik sartu behar garen modun atera beharren garela, eh? - ohartarazi nuen irribarretsu - ea Mari haserretu behar deun...

"Marizulo"-tik sartu nintzen bezala ateratzen...

Asier "Marizulo"-ren sarreran, arauei jarraituz, buelta hartu eta atzeraka irteten hasi aurretik.

Motxilak berriro ere sorbaldetatik zintzilikatu genituenean erlojua begiratu nuen:

- Denbora emateigu goraño igotzeko, ez? - Galdetu nion Asierri.
- Juxtu ibiliko gea baña zuk ikusi - erantzun zidan - nik presaik eztauket.

Igoera azkar eta zuzenagoa egiteko, Larrunarriko ekialdeko ertzetik igotzea proposatu nion.

- Errexa da ta txarrenen oñez e igotzeko aukera dau...

Ekialdeko ertzak osatzen duen sorbaldara bueltatzen ari ginela, alboan arkume bat zuen ardi bat ikusi genuen:

- Ardi galduren bat izangoa - esan zidan Asierrek -, halare harritzekoa da ardik garai hontan hain goien eotea.
- Ez da ba Mari izango? - bota nion -, animali ezberdiñetako itxura hartzen omen du.

Asierrek ardiari pentsakor begiratzen zion bitartean argazki pare bat egin nizkion: "zeñek daki,igual Mari ta Irabi baserriko alaba die...". Begirada momentu batez kendu genienean salto pare bat emanez begi-bistatik ihes egin zuten, momentua ahalik eta misteriotsuago bihurtuz.

Ardi eta arkume "misteriotsuak"...

Sorbaldara iritsi ginenean, ertzaren ahotik igotzen hasi ginen. Ekialdeko ertzaren zatirik zail eta teknikoena sorbaldatik behera dago, "Ascensiones y escaladas de Guipuzcoa" liburuak ondo azaltzen duen moduan. Sorbaldatik gora ertzaren eskalada erraza da eta zailtasun guztiak eskuinean duen kanal belartsura jaitsiz ekidin daitezke. Hala ere, Larrunarriko gailurrera iristeko bide bakarti, zuzen eta dibertigarria da.

Ekialdeko ertzatik Larrunarriko gailurrera jarraitu genuen bidearen nondik norakoak.

Ertzaren ahotik hainbat metroetan igo ondoren, ertzak jarraitutasuna galtzen duen lekuan, eskuinean dagoen ertzara oinez pasa ginen.

Eskuinean dagoen ertzara pasatzen.

Bigarren ertz honen ahoan mantenduz metroak modu arinean irabazi genituen, tarteka "azkarregi", arnasketa behartuz. Konturatu ginenerako Larrunarrira doan ohiko bidera iritsi ginen:

- Honaño iritsita goraño kresteatzen jarraittu beharko deu - proposatu nion Asierri.

Ohiko bidea zeharkatu eta Larrunarriko gailurraurreraino doan ertza igotzen jarraitu genuen.

Larrunarriko gailurrera arte jarraitu genuen bidea. Puntu gorriz, gailurrera doan ohiko bidea, jaitsieran jarraituko genuena.

Erlojuak goizeko hamaikak eta hogeitabost adierazten zuenean Larrunarriko gailurrera iritsi ginen.

Larrunarriko gailurrean, atzean Aizkorri.

Gailurrean ez genuen denbora luzea egin. Argazki pare bat azkar-azkar egin ondoren berehala beherako bidea hartu genuen. Jai eguna izan gabe, harritu gintuen gailurrean zegoen mendizale kopurua.

- Gaur hala badau, asteburun eztet imajinau nahi nola eongoen - esan zidan Asierrek.

Erlojuari minutuak irabazi eta azkarrago jaisteko, "Tximista" bidetik jaistea erabaki genuen. Denbora irabazi arren, hurrengo egunetan iztarretako agujetak jaitsieraren testigu mingarri eta isila izango ziren, jejeje.

Ausa Gaztelu eta Aizkorri, Larrunarriko bidean egiten den argazki tipikoa.

Hamabiak eta laurdenean Larraitzen geunden, denboraz justu baina aurreikusitako denboraren barruan.

- Leize bakarra geatzen zaigu - esan nion Aketegiko "Damazulo"-ri errefentzia eginez - Ea uda baño lehen bisitatzen deun.

Etxera iritsi, dutxa azkar bat hartu eta lan kontuengatik nuen bilera batera joan nintzen. Bidean egindako ibilbidea zein ederra den konturatu nintzen: Larrunarriko ohiko biderik ederrena, Larrunarrik izena zor dion bordaren eta "Marizulo"-ren bisita eta, amaitzeko, ekialdeko ertzaren eskalada erraza. Eta hori guztia bide bakarti batean. Gehiago eskatzerik ba al dago?

KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- Goikoetxea I. Aralar mapa, 1/25.000. 1990.
- Rodriguez J.M. Ascensiones y escaladas de Guipuzcoa (Guía), 177-178. Deba. Euskal Herriko Mendizale Elkargoa, 1979.
- Barandiaran JM. Mitologia vasca, 12º edición. Donostia. Editorial Txertoa, 1996.
- Barandiaran JM. Mitologia del Pueblo Vasco, 22-45. Lasarte. Editorial ostoa, 1997.
- Barandiaran JM. Euskal Herriko mitoak / Mitos del Pueblo Vasco, 73-96. Donostia. Gipuzkoako Kutxa, 1988.
- Smithyrenbloga bloga. Larrunarri, ipar ekialdeko aristatik. 2011/01/16. 2011/01/18. Eskuragarri: http://www.smithyrenbloga.com/2011/01/txindoki-ipar-ekialdeko-arista-batetik.html
- Smithyrenbloga bloga. Larrunarri (1.341 m.) Ipar ekialdeko kanaletatik. 2013/03/02. 2013/03/05. Eskuragarri: http://www.smithyrenbloga.com/2013/03/txindoki-1341-m-ipar-ekialdeko.html
- Smithyrenbloga bloga. Larrunarri (1.341 m). Hiru kanal batean: aspaldiko ametsa. 2013/03/05. 2013/03/12. Eskuragarri: http://www.smithyrenbloga.com/2011/03/txindoki-1341-m-hiru-kanal-batean.html


2020/12/03

USURBE ETA MURUMENDI: MARIREN AZTARNEN ATZETIK. Trilogia baten lehen zatia. 2020-11-28


Traductor al castellano, English traslator, traducteur française.

Euskal mitologiak liluratzen nau. Belaunaldiz belaunaldi suaren ondoan kontatutako pertsonai mitologikoen istorioek eta herrietako ohitura zahar eta sinesmenek inguratzen gaituena mendeetan ulertzen lagundu digute. Kuriosoa bada ere, euskal pertsonai mitologikoak modu batera edo bestera beste herrialde batzuen mitologian errepikatzen dira. Denak, bat ezik: Mari.

Euskal Herrian zehar Mari modu ezberdinetan jasota azaltzen bada ere, denek bat datoz Mari emakumezkoa dela esatearekin. Eta hau da beste herrialdeetako mitologiatik bereizten gaituen gaituen gauzetako bat, non pertsonairik nagusiena gizonezkoaren itxura izaten duen. Izan ere, Mari izenaren jatorria azaltzen duten teoria ezberdinen artean gehien gustatzen zaidana da “Amari”-tik etor daitekela esaten duena, “ama” hitzari erreferentzia eginez.

Goierrin Mariren inguruko istorio asko daude. Hauetako batek dioenez, Mari Beasaingo Burugoena baserriko gazte batekin ezkondu eta zazpi seme-alaba izan zituen. Kristaua ez zenez, Marik ez zituen seme-alabak bataiatu. Baina behin bere senarrak bere seme-alabekin batera elizara joatera behartu zuen. Orduan Mari, su garretan bilduta, Murumendiko haitzetara hegan joan zen, hau zioen bitartean: “nê umêk zeruako, ta ni oaiñ Muruako, Burugoena ez da sekulan eri edo maki gabe izango”. Eta Murumendin dagoen leizetik bere bizileku zaharrean sartu zen.

Istorioan azaltzen den moduan, leizeak izaten dira Mariren bizileku. Euskal Herrian zehar leize ezberdinak deskribatzen dira Mariren bizileku bezala. Goierrin bi dira nagusienak, Aketegi eta Murumendin daudenak. Geografikoki Goierri ez bada ere, aipagarria da Txindokin dagoen leizea ere. Leize hauek guztiak Marizulo edo Damazulo izena ere jasotzen dute.

Mari izendatzeko garaian ere, Goierri modu ezberdinak badira, hala nola, Muruko Damea (Ataunen), Aketegiko Dama (Zegaman) eta Mari Mundu edo Muruko (Ataunen). Amezketan, "Txindokiko Mari" edo "Aralarko Damea" bezala ere ezagutzen da.

Asierri Murumendi, Aketegi eta Txindokiko leizeetara ibilbide bana egitea proposatu nionean ez zuen bitan pentsatu ere egin baiezkoa erantzuteko. Covid birusak eragindako konfinamendu perimetrala dela eta, Murumendin hasiko genuen trilogia hau, Txindoki eta Aketegiko kobazuloak egoera lasaiago baterako utziz. Leize hauei bisita egiten diegun heinean kroniken bidez trilogia osatzen joango naiz.

OHAR GARRANTZITSUA

Mariren leizeetara sartzeko hiru arau bete behar dira:

- Mariri zuka hitz egin behar zaio.
- Leizetik sartu den modu berean atera behar da, hau da, Mariri aurpegia emanez sartu bagara, irteteko garaian ezin diogu bizkarrik eman.
- Mariren leizean gauden bitartean ezin gara eseri nahiz eta berak eseritzeko gonbitea luzatu.

Norberaren ardurapean eta sinesmenaren baitan dago arau hauek betetzea. Barandiaranek pertsonai mitologikoei erreferentzia eginez zioen moduan: "direnik ez sinestu, ez direnik ez esan".

IBILBIDEA

Ibilbidea Ordizian hasi genuen, Ordizian eta Beasain arteko muga den Mariaratz errekatik (errekaren izenaren jatorria ere bere xarma dauka) Erauskin auzora doan bide zabala jarraitzeko, egun AHT obretan lanean ari diren kamioiek tuneletan ateratako lurra botatzeko jarraitzen dutena. Bidea amaiera arte jarraituta Usurbera doan errepidera irten, Beasaingo hilerrira igo eta bertatik Usurbera igo ginen.

Usurbetik Agortako lepora jaitsi eta bertatik Murumendira igo ginen. Murumendiko gailurretik Beasaingo Marimurumendi maratoiak jarraitzen duen bidea hartu genuen, gailurretik ipar-mendebaldera doan bidexka erdi-ezkutu bat hartu eta GR-34 ibilbdearekin topo egin bezain laster, GR ibilbidea utzi eta basoan sartzen den bidea hartzeko. Bide honetan 7-8 minutu eskas ibili ondoren, eskuinera doan bihurgune txiki batean bidexka estu bat basoan behera hasten da. Bidexkatik basoan behera 50 metro inguru jarraituz lehen kobara iritsi ginen ("Leizezulo" izena duena), Larrarteko lepotik datorren pista zabaletik gertu dagoena. Pistara jaitsi (bidegurutzean pago handi, luze eta hila dago) eta, ezkerrerako noranzkoa hartuz (Larrarteko lepora aldera), 75-100 metroetara pistaren eskuinean mugarri txiki bat topatuko dugu. Mugarri hau dagoen lekutik behera doan bidexka jarraituz Mariren leizera iritsi ginen ("Damazulo" bezala ezaguna).

Bi leizeak bisitatu ondoren Larrarteko lepora iritsi eta bertatik Murumendira doan bidea hartu genuen aldapa amaitzen den lepoan Ordiziara doan ohiko bidea hartzeko.

Ibilbide hau nahi den moduan luzatu edo moztu daiteke. Helburu bakarra leizeak bisitatzea bada, biderik laburrena Larrarteko lepotik ateratzea da. Ordu erdi eskasean bi leizeak bisitatzeko denbora nahikoa izango dugun arren, duen ikusmiragatik bakarrik Murumendi ez igotzea pena izango litzateke.

IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Ibilbidearen luzera: 17,4 kilometro.
- Punturik baxuena: Ordizia, 150 metro.
- Punturik altuena: Murumendi, 864 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 972 metro inguru.
- Igotako mendiak: 2.
- Zailtasuna: Ibilbideak zailtasunik ez dauka. Mariren goiko leizera jaisteko kontu handiz ibili beharko dugu, jarrita dagoen eskilara bustia badago batez ere.
- Ura: Ordizian, Arantzegi baserrietako iturrian eta Arrapaitz iturrian hartu daiteke.
- Jaitsiera: Ordiziatik Murumendirako ohiko bidetik.
- Eramandako materiala: Linterna txiki bat eramatea ongi etorri daiteke.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: lau ordu eta erdi inguru, atsedenak barne.

Ibilbidea deskargatu nahi baduzue:

Powered by Wikiloc

DESKRIBAPENA

- Gaur egualdi ona dator – esan nion itziri ohetik jaiki eta logelako leihotik begiratu nuenean.

Lanbro itxi batek nekez uzten zidan herrian zehar sakabanatutako etxeak ikusten. Ohikoa den lanbro hau ekialdeko edo hegoekialdeko haizearen eraginez sortzen da eta gehienetan egun eguzkitsu baten atari izaten da.

Goizeko zortziak eta erdietan Ordiziako Urdaneta kalearen amaieran Asierrekin topo egin nuen. Mendizale antisozial onenen moduan, ibilbidearen helburuetako bat zen Covid birusak eragindako konfinamendu perimetrala hasi zenetik Murumendi eta Usurbera igotzen den jendetza ahal zen neurrian ekiditea.

Mariaratz errekatik gora doan bidea hartzen den lekuan.


Mariaratz errekatik gora doan pistan barrena ibiltzen hasi ginen, lurrez betetako obretako kamioien joan-etorriaren artean:

- Azkenaldin kamioi dexente ai die gora ta behera lurre eramaten – esan zidan Asierrek.
- Sobrare AHTko obrak beize martxan ai die.

Usurbe, bere antena eta gurutze bereizgarriekin.

Kamioien motorren zarata Usurbera errepidetik zihoazenen hizketaldiek ordezkatu zuten. Errepidera iritsi bezain pronto, metro batzuk bertatik egin eta berehala Beasaingo hilerrirako bidegurutzea hartu genuen.

Beasaingo hilerrira joateko hartzen den bidegurutzean.

- Aspaldi kanposantura etorri gabe? – Galdetu nion Asierri.
- Lehen etortze nintzen, baña azkenaldin utzitauket.

Hizketaldi esoterikoa dirudien honek zentzua dauka goierritar eskalatzaileen artean, ohikoa izaten baita eskalatzialeren bat magnesiodun poltsa zintzilik duela hilerriko hormatik zintzilik batera eta bestera mugitzen ikustea. Zenbat izango dira horma honetan behatzak gogortu ditzuten eskalatzaile goierritarrak eta zenbat izango dira horma honek emandako eskalatzaile handiak.

Untsarain baserrira iristeko hartu behar den bidegurutzean.

Hilerria atzean utzita Untsarain baserriaren ondotik pasatu eta bertatik hasten den mendiko bidean gora hasi ginen Usurberi metroak lotsagabe irabazten. Iztar eta bikiak gori-gori jartzear zeudela gailurrera iritsi ginen.

Usurbera iristen.

- Ta pentsau oain dela ez hainbeste hau korrika lasai asko igotzenula, jejeje – bota nion Asierri izerdia kopetatik kentzen.

Bailara estaltzen zuen lanbora azpian genuen gure gainean itsaso koloreko zeru oskarbia agerian geldituz. Eguzkiaren izpiek goiz hotzarekin borrokan ari ziren gailurra epeldu nahian. Hau ikusita, polarrak motxiletan gorde eta, gehiago jarriko ez genituenaren itxaropenarekin, maldan behera hasi ginen.

Goierri lanbroaren azpian ezkutuan Usurbeko gailurretik ikusita.

Agortako lepoa kotxez beterik zegoen, berez kotxea uzteko dagoen leku txikia ahalik eta gehiago txikituz. Kotxeen artean pasatuz Agorta atzean utzi eta, maldan gora berriro ere hasiz, Murumendira zuzendu ginen.

Agorta atzean utzi ondoren. Puntu zuriz, Usurbetik jaisteko jarraitu genuen bidea.

Covid birusak eragindako “normaltasun berriaren” ondorioetako bat mendia pertsonez betetzea izan da. Astebururo etxe ondoko mendiak eskarmentu "handi" eta "gutxiko" mendizaleek hartzen dituzte. Egoera berri honek sare sozialetan hainbat eztabaida eta liskar ekarri ditu, eskarmentuko mendizaleen artean batez ere, eskarmenturik gabeko mendizaleen portaera “desegokia” eta mendiarekiko duten errespetu falta behin eta berriz salatu eta epaituz. Azkenaldian sare sozialetan “mendiak tabernak irekitzea behar du” esaldia famatua egin da.

Ordiziara jaisteko hartu behar den pista zabalaren bidegurutzean.

Ulergarria da mendian ibiltzeko ohiturarik ez duenaren portaera kalean edo hirian egongo balitz bezalakoa izatea, ezjakintasunaren ondorio ziurrenik. Nire uste apalean, mendizaleon ardura, egiten diren kritika eta epaiketak alde batera utzita, mendia deskubritzen ari direnei mendiko baloreak erakustea eta bizitzea izan beharko litzateke, mendizale hauen onespenarekin, noski. Eskarmentua ez da jaiotzetik dugun doai bat. Denok izan gara mendizale “berriak” eta, urteen poderioz edota ondoan norbait mendia errespetuz nola bizi irakatsi digulako, mendia bizi eta errespetatzera lortu dugu, behin baino gehiagotan oraindik ere guk ere errespetu hau galdu arren.

Murumendira iristeko igo beharreko azken aldapara iristen.

Honen guztiaren inguruan hausnartzen ari ginela, konturatu gabe Murumendiko gailurrean amaitzen den aldapa belartsuaren oinera iritsi ginen. Arnasketa abiadurara egokitu eta begirada lurrean finkatuz, goizeko hamaikak hogei gutxitan Murumendiko gailurrera iritsi ginen. Goierriko istorio mitologikoekin jarraituz, istorio batek dio gentilek Murumendiko gailurretik Aralarko Alotzan dagoen Saltarria bota zutela.

Usurbe Murumendiko gailurretik ikusita.

Gailurrean ez genuen denbora luzerik egin. Argazki azkar bat egin eta, ezagun batzuekin hizketaldi laburra izan ondoren beherako bidea hartu genuen.

- Oaiñ hastea abentura – esan nion Asierri animoso.

Asierrek Mariren leizeen bila bi irteera eginak zituen, bietan etxera esku hutsik itzuliz. Hirugarren honetarako teknologiaren laguntza izan genuela onartu beharra daukat, GPS-an egun batzuk lehenenago, “Wikiloc” web orrian leizeen kokalekua adierazten duen ibilbidea bat (“kronika idazteko kontsultatutako bibliografía eta web orriak” atalean duzue) sartuta generamalako.

- Oaingon kobak bai edo bai topauko ditteu, jejeje.

Gailurrean piilatzen hasita zegoen jendetzatik ihes, ipar-mendebaldeko noranzkoan jaisten hasi ginen izeidi batean sartzen den erdi-ezkutatutako bidexkaren bila, Marimurumendi maratoiak jarraitzen duena, hain zuzen ere. Aldaparen amaieran, GR-34 bide nabarmenarekin topo egin genuen:

GR-34 bidera iristen (puntu gorriz) eta hemendik aurrera jarraituko genuen bidea (puntu zuriz).

- Hemendio aurrea anaiekin jarraittu nun Zarautzeaño jun giñenen – esan nion Asierri Ikerrekin egin nuen ibilbidea gogora ekarriz.

GR ibilbidea zeharkatu eta, basoan sartzen den bidexkan barrena hasi ginen, oraindik ere Marimurumendi maratoiak jarraitzen duen ibilbidea utzi gabe. Eskuinera doan bihurgune itxi eta nabarmen baten ondoren bideak malda galdu eta lautzen da. Bihurgunetik 100 metro eskasera, eskuinera doan bihurgune ireki baten ondoan, GPS-ak bihurgunean bertan hasi eta pagadi batean sartzen den bidexka “ezkutu” batean behera bidaltzen gintuela ikusi genuen:

- Fijatzen ez bazea, eozeñek topatzeo kruze hau – esan zidan Asierrek.

Mariren leizera iristeko jarraitu behar den bidexka hasten den bidegurutze "ezkutuan".

Bidegurutzea ez dago seinaleztatua eta, Asierrek esan zidan moduan, erraza izan daiteke ikusi gabe paretik pasatzea.

Pagadian pixkanaka nabermenduz doan bidexka jarraituz, 30-40 metro eskas jaitsi ondoren, bi pagoen atzean zulo handi bat agertu zen. Udazkeneko hosto gorriz tapizatutako lurraren erdian, gure oinen azpian Mariren lehen leizea genuen, "Leizezulo" bezala ezaguna dena.

"... bi pagoen atzean zulo handi bat agertu zen".

- Ostia hoi da zuloa!!!

Asier Leizezuloaren ertzera hurbildu zen:

- Hemen behera jaixteko eskilara antzeko bat jarrita dau – esan zidan.
- Guazen ba barrua!!!

 "Leizezulo"-ren ertzean, eskilara finkatuta dagoen lekuaren ondoan.

Leizera jaisten.


Eskilararen funtzioa betetzen duen antenaren laguntzarekin krater itxura duen leizean sartu ginen. Goroldioz estalitako hormetatik zintzilikatutako garoek, bere kolore berde biziarekin leizeari hezetasunez kutsatutako usain berezia ematen dioten bitartean, entzumena leizea alderik alde zeharkatzen duen errekastoaren saltoak eta goroldioaren artean ihes egindako ur tanten jarioak okupatzen du, leizea magikotasun gozo batez estaliz. Gure arbasoek gurtutako leku hauetan nolabaiteko energia berezi bat sentitzea ez da harritzekoa izaten.

Hainbat argazki egin ondoren "Leizezulo"-tik atera eta Mariren aztarnen atzetik jarraitu genuen.

 "Leizezulo"-ren kanpoan, leku eder bezain magikoa.


 "Leizezulo"-tik behera doan bidexka jarraitu eta 30-40 metro eskasera Larrarteko lepotik datorren pista nabarmenera iritsi ginen. Bideak pistarekin elkartzen den lekuan pago handi, bereizi eta nabarmena dago, tximista batek hil duena, Mariren eragina ote?
Pistara iritsi bezain pronto, Larrarteko leporako noranzkoa hartu (ezker aldera, hego-mendebaldera) genuen.

 Larrarteko lepora doan pistan. Argazkian pago berezia eta Mariren leizera iristeko jarraitu behar den bidea adierazita daude.


- Hemendio gutxia eskubira jun beharren gare - esan nion Asierri GPSa begiratuz.
- Hara, hortxe hito txiki bat dau.

Pistan ibiltzen hasi ginenetik 75-100 metro ingurura, pistaren ezkerreko ertzean hiru harriz osatutako mugarri txiki batera iritsi ginen:

- Bai, hemendio behera da - esan nion Asierri berriro ere GPSa kontsultatuz.

Mugarriaren ondoan...


Bitan pentsatu gabe mugarriaren parean jaiotzen den bidexkan behera hasi ginen.

Mugarriti behera.

Basoaren erdian metro batzuetan jaitsi ondoren, bidexkak ezkerrera jo eta, 25-30 metro ondoren, Mariren bigarren leizearekin topo egin genuen.

- Hemen dauuuu!!! - Oihukatu nion Asierri leizearen sarreratik.

"Hemen dauuu!!!" Oihukatu nion Asierri leizearen sarreratik.


Leize honek kobazulo baten itxura dauka, lurrazaletik mundu ezezagun batera daraman ate baten moduan. Barandiaranen idatzietan bigarren leize hau da Mariren bizilekutzat hartzen dena.

- Gogoratu satzen gean bezela atera behar geala – esan nion Asierri.
- Ah bai?
- Bai – erantzun nion – aurreaka sartzen bagea, errespetuz atzeaka atera beharren gare.
- Ondo dau jakittea.

Nire lanean mentalitate zientifikoa dudan arren, aintzinako ohitura eta sinesmenak errespetatzen ditut, nahiz eta oinarri zientifikorik ez izan. Azken finean “izena duen guztia omen da”...

Motxilak kanpoan utzi eta, linterna eskuan, Damazulon sartu ginen.

"Damazulo"-ren sarreran.


Leizea estua bada ere, ez du itomen-sentsaziorik sortzen. 4-5 metro ibili ondoren eskuinera jotzen du eta etzanda pasa behar litzateken zulo txiki batean amaitzen da, ura duena.

Itzal eta argien arteko momentu magikoa.

Kobazuloetan sartu naizenetan Amalurraren leku intimoenean nagoenaren sentimendua izaten dut, bere umetokian sartzen ariko banintz bezala. Linternaren argipean, batera eta bestera hegan ari ziren intsektu txikien artean Asier eta biok isil isilik bizi izan genuen momentu intimo hura.

"Damazulo"-ren amaiera.

Damazuloaren barrenari argazki pare bat egin eta, protokoloari jarraituz, zuloari bizkarrik eman gabe atzeraka irten ginen, iluntasuneik argitasunera itzuliz. Linterna motxilan gorde, motxila sorbaldetatik zintzilikatu eta Larrarteko lepora daraman pistara itzuli ginen.

"Damazulo"-ren sarreran.

- Bueno gaurko helburue beteta!!!
- Bai, azkenen bai – erantzun zidan Asierrek.

Pista jarraituz, 10 minutu eskasean Larrarteko lepora iritsi ginen, tartean "Damazuloa 5'" adierazten duen bide bazterreko informazio-poste batetik pasatuz.

Larrarteko lepora daraman pistan dagoen informazio-postea.

Informazio-posteak Damazuloa bost minutura dagoela adierazi arren, lehen esan bezala, bertara iristeko hartu beharreko bidexka hiru harriz osatutako mugarri txiki batekin besterik ez dago adierazita.

- Gure izateko modue holakoa da – esan nion Asierri – beste kultura batekok izango bagiñe bide osoa ongi señalizatue, bisita gidatuk ta hemen Mariren interpretazio zentrue izango genuke, Mariren inguruko kamiseta, taza ta dena delakok saltzen...

Larrarteko lepora iritsi aurretik egindako argazkia.

Pistaren amaieran dagoen langa metalikoa zeharkatuz Larrarteko lepora iritsi ginen.

Langa metalikoa zeharkatu ondoren.

Larrarteko lepoan dagoen lehen informazio-postea.

Gelditu gabe, lepoaren izen bera duen baserria eskuinean utzita gainean dagoen belardiaren eskuin ertzetik gora doan bide hartu genuen, Murumendi eta Arrapaitz mendiek osatzen duten lepora zuzenduz.

Larrarteko lepotik Murumendira doan bidearen lehen metroetan.

Atzera begirada, metro gutxietan altuera handia irabazten da.

Lepoan ez ginen gelditu eta mendebalde - ekialde noranzkoan zeharkatuz Ordiziatik datorren bidera zuzendu ginen, ehiza postu batzuen artean pasatuz.

Ehiza postuek osatutako lerroa zeharkatzen.

- Bide hau zabalago gogoratzen nun – esan zidan Asierrek bidexkan behera hasi ginenean.

- Baita nik e – erantzun nion -, esango nuke aspalditio hemendio eztela iñor pasau.

Oteen artean nabaria zen bidea belarrak erdi hartua topatu genuen, mendiak galdutako lekua berreskuratu nahiko balu bezala. Basoan sartu ginenean bidea pixkanaka jarraitutasun handiagoarekin agertuz joan zen Idoiagatik datorren pista nabarmenarekin topo egin genuen arte.

Bidexka erdi-ezkutua dagoen zatia atzean utzi ondoren. Atzean dagoeneko jendez gainezka zegoen Murumendiko gailurra.

Goizean igotako Usurbe eta honen atzean Aratz (ezkerrean) eta Aizkorri (eskuinean)

Hemendik behera Ordiziatik Murumendira doan ohiko bidetik jarraitu genuen, jaitsieran Idoiaga eta Arantzegi baserrietatik pasatuz. Lau ordu eta erdiko ibilbidearen ondoren, 13:00etarako Ordiziako Garagartza plazara iritsi ginen, bazkaltzeko ogia erosteko denborarekin.

Txindoki laino guztien azpitik

- Lehenengo etapa bukauta, hurrena Txindoki eo Aketegikoa jun beharko deu...
- Bai, ea konfinamendue bukatzean... – erantzun zidan Asierrek.
“Bai, ea konfinamendua gutxienez mendian askatasunez ibiltzeko bukatzen den“, pentsatu nuen Asier agurtuz.

KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- Barandiaran JM. Mitologia vasca, 12º edición. Donostia. Editorial Txertoa, 1996.
- Barandiaran JM. Mitologia del Pueblo Vasco, 22-45. Lasarte. Editorial ostoa, 1997.
- Barandiaran JM. Euskal Herriko mitoak / Mitos del Pueblo Vasco, 73-96. Donostia. Gipuzkoako Kutxa, 1988.
- Ansa Munduate JM. Itinerarios de montaña entre el Urola y el Bidasoa. Tomo I. Ernio - Murumendi, 180-185. 
- Wikiloc web orria. Sergi Cardona. Murumendi (y cuevas de Mari). 2020/11/20. Eskuragarri: https://es.wikiloc.com/rutas-senderismo/murumendi-y-cuevas-de-mari-60475360