AZKEN 10 SARRERAK

2011/01/18

LARRUNARRI (TXINDOKI): IPAR EKIALDEKO GANDORRETIK 2011-01-16

Larrunarrira igotzeko bide ezberdinak daude, baina nagusiki ohiko hiru ditugu bertara igotzeko: Bide "normala", Tximista edo "rayo"-a edo Muitzetik gora doan bidea. Azkeneko bide hau da neguan nahiz asteburuetan niri gehien gustatzen zaidana: arrazoiak? Batez ere bi: Larrunarrira doan jendetza eta eurite baten ondoren topatu daiteken lokaztia modu handi batean ekiditen delako.

Muitzetik gora doan bidea xarma handia dauka batez ere neguan, nire ustez Larrunarriren alderik "basatiena" hemen topatzen baita Larrunarriren beste aurpegietan dauden eskalatzeko bide ekipatuen baimenarekin, noski.

Larrunarrira bere ipar mendebaldeko gandorratik edo mendebaldean dituen eskaladako bideetatik maiz igo ondoren, aurpegi hau "deskubritu" nahi nuen. Honetarako, aurpegi honetako kanalak aspaldian "fitxatuta" nituen, baina egoera onean harrapatzea zaila izaten denez, bertan dauden gandorren aukerak aztertzen hasi nintzen. Hainbat eta hainbat egunetan gandor ezberdinak "katalejuekin" ongi aztertu ondoren, Muitzen dagoen gurutzetik gora doan gandorrara joan ziren nire begiak: "hau guk itteko modokua izango da" pentsatu nuen.

Beti gertatzen den bezela, nire asmoak Josuri esan ondoren, bitan pentsatu gabe baiezkoa eman zidan. Hasiera batean Iker eta Leku ere etortzekoak ziren, baina azkenean gadnorraren egoera "ezegonkorraren" beldurrez ez ziren etorri.

OHARRA

Ugatzaren presentziagatik eta hegazti hau babesteko asmoz gaur egun Larrunarriko ipar horman urte osoan eskalatzea debekatua dago.

DESKRIBAPENA

Eginiko bidea. Arista gurutzetik gora hasten da.


Goizeko 09:30tan kotxea Larraitzen utzi ondoren trasteak prestatu eta gandorrara zuzendu ginen. Zalantzan izan ginen bi soka edo bakarra eraman, baina erresalteak motzak direlaren aitzakiarekin soka bakarra eraman genuen pausu bertikaletan erditik tolestu eta modu bikoitzan eramateko. Honegatik, lotuta eginiko luzeak 30-35 metro ingurukuak izan ziren.

Hasiera batean gure asmoa Muitzen dagoen gurutzetik zuzen hartzea zen, baina bertara ailegatu ginenean: "katuik gabe hortio ez gea sekula igoko" Josuk, "Egie, hala ere katuekin ere ez dakit ba" nik.

Hau ikusita, metro batzuk atzera egin eta gandorra bere hertzetik hartzera erabaki genuen.

Lehen metroak II edo II+ gradukoak izango dira eta ez dute zailtasun handirik. Metro hauek hasieran zuhaixka batzuen artean egiten dira. Gero, zuhaixkak desagertu eta harkaitza besterik ez da ageri, baina harkaitz honetatik gora kontuz igo behar da harri batzuk aske daude eta. 25-30 metro egin ondoren plaka bertikal baten azpian daogen errepisa nabarmen batean O bilera (R0 krokisean) jartzea erabaki genuen. Bilera hau plaka eskuin ezker zeharkatzen duen pitzadura batean jarri genuen.

Josu zuhaixkak dauden zatia pasa ondoren R0-aren bila.


Beharbada lehen zati honek duen lekurik zailenean. Amaieran ikusten den harkaitzaren gainean Ro-a jarri genuen.


R0-a.


- Lehen luzea. Luze osoaren zailtasuna III ingurukoa izango da. Guk gandorra bertatik hartu baino honen eskuinetik igo genuen. Hasieran harri paregabeko plaka batetik gora doa. Lehen plaka hau igo ondoren, gandor aldera hurbildu ginen II edo II+ zailtasun inguruko harri ezegonkorreko leku batetik. Paraje hauetan jendea ez dela ibiltzen argi dago, harkaitza ez baitago batere pulitua. Bide osoa zapatillakin (Josuk) eta mendiko botekin (nik) egin genuen. Josuk R1-a soka amaitzear zegoela montatu zuen dagoeneko gandorran bloke baten atzetik zinta bat pasatuz.

R0-tik behera begirada, Muitzeko bidea ikusi daiteke.


Josu lehen metroetan.


Ezkerrera begira Muitzetik gora Txindokira doan bidea markatu dut.


Josu lehenengo plaka igo ondoren gandorrara eta R1-era hurbiltzen.


Atzera ditugun bistak paregabeak dira.


- Bigarren luzea. Bigarren luzea lehenengoa baino errezagoa da, gehienea II+ izango du, baina harriaren kalitatea ez da hain ona harri solte asko baitago. Lehenengo 20 metroak egin ondoren, aurkikuntza izugarria egin genuen: pareta goitik behera kanala arte zeharkatzen duen 2 metro diametrodun zuloa. R2-a zulo honetatik 10 metro ingurura jarri nuen bi bloketatik bi zinta pasatuz.

Bigarren luzean ateratako argazki bakarra (pena bat zuloari argazkirik atera ez izana). Josu adar tartean ikusi daiteke.


Luze hau egin ondoren, nire "ikerketatik" banekien gandorra etzan egiten zela, beraz, hurrengo metroak ensanblean egin genituen gandorrak egiten duen pitzadura bat arte.

Bigarren bilera atzean utzi eta gero, gandorra etzaten den lekuan. gandorraren zorroztasuna eta R3-a jarriko dugun "pitzadura" nabaritu daitezke.


Atzera begirada...


Behin pitzadura edo gandorraren erdian dagoen "lepora" ailegatu ginenean niretzat "a priori" interesgarriena iruditzen zitzaidan zatira ailegatu ginen, honegatik R3-a jarri genuen Josu aseguratzeko.

R3-a jarri eta gero, Josu gaurko zatirik politenari ekiteko prest.


- Hirugarren luzea. Luze hau egin genituen hiruetatik politena da. III+ edo IV graduko plaka zoragarri batean hasten da. Plaka honen ondoren atseden toki bat dator berriro ere III graduko pareta batetik gora joateko. Bigarren zati honetako harria ere ez da oso sendoa, baina kontuz ongi igotzen da. Josuk azken bilera aristan bertan harkaitz baten ingurutik zinta bat pasatuta jarri zuen.

Josu plakaren lehen metroetan eta beharbada pausurik "arraroenean".


Luzearen bigarren zatian sartzen.


Berriro ere gandorrara atera nahian.


Atzera begirada lehen plakaren ondoren dagoen atseden lekutik...


...eta aurretik dudana.


Luze hau egin ondoren soka bildu eta inongo zailtasunik ez duen gandorraren azken metroak lotu gabe egin genituen bere amaierarte.

Josu azken bilera kentzen.


Bidean zehar ezkerrera begira joan ginen bertan doan kanala ikertzen: "pena hemen elurrek ez dula Aizkorrin bezela aguantatzen, bestela..." Josuk. "Lasai, oaindik itteko aukera izango deu, ziur" esan nion.

Gandorra amaitu eta aurretik dugun kanalatik gora abiatzea pentsatu genuen, "elurra dagoenerako ea nolakoa den" aitzakiarekin. Neguna eginiko gandor honen ezker eta eskuinetik kanal bana sortzen dira. Bi kanal hauek aurretik dugun kanalean (guk erdiko kanala deitu dioguna) elkartzen dira buruz behera dagoen "Y" bat sortuz.

Erdiko kanala gandorraren amaieratik.


Gu geu, Aupa Babatxiki!!!!!!!!!!!!!!!


- Erdiko kanala. Kanal askokin gertatzen den bezela, kanal hau azpitik ikusita dirudiena baino errezagoa da. Ez dut uste punturik maldatsuenean 45-50 graduetatik pasako dela, baino elurrekin nolakoa den ikusteko dago. Josuk azken metroak, belarrarik tiraka kokoteraino, harkaitzetik gora egin zituen.

Josu kanalera hurbiltzen.


Lehen metroak egin ondoren aurretik duguna...


Atzera begirada, arista eta honen ezkerretik datorren kanalaren irteerak markatu ditut.


Josu belarretik nazkatuta emozioaren bila.


Kanalatik ateratzen...


...eta atera ondoren.


Kanalaren irteeratik aukera ezberdinak daude, baina interesgarriak bi dira: Errezena,zuzen jarraituz gero 35 gradu inguruko kanal batetik gora joaten da Larrunarriko gailurrera eramaten duen bide normalaren azken metroekin topo egin arte. Beste aukera bat, kanalaren irteeratik eskuin aldera bordeatu eta Erlabeltzeko puntara ateratzen den kanalean sartzea izan daiteke. Bigarren aukera hau lehenengokoarekin alderatuta zailtasun handiagoa dauka, baina Erlabeltzeko puntara doan kanala ere kontuz igoz gero zailtasun teknikorik ere ez dauka (elurrik gabe behintzat dagoenean). Guk Txindokira igotzeko lehen aukera hartu genuen.

Josu bide normalera eramango gaituen azken metroetan. Erdiko kanalaren irteera markatu dut.


Honela, gailurrean zerbait jan eta edan ondoren, jendetzagatik ihesi berriro Larraitzera jaitsi ginen etorkizunerako plan gehiago eginez.


2 iruzkin:

  1. Edarra! hau apuntatu ein det, soka barik eiteko zelan ikustezu? Zailtasunak.. Erreportaia oso ona eta ondo esplikatua. Segi gogor!

    ErantzunEzabatu
  2. Aupa giroa,

    Sokarik gabe.... ez dakit ba, gradu hau ongi finkatua baduzu ez dut uste arazo handirik izango duzunik, baina kontutan izan leku batzuetan harriaren kalitatea eskasa dela. Dauden bi kanalengatik esango bazenit, baiezko borobila emango nizuke.

    Ondo izan.

    ErantzunEzabatu