AZKEN 10 SARRERAK

2013/03/05

LARRUNARRI (TXINDOKI) (1341 m.): IPAR EKIALDEKO KANALETATIK 2013-03-02

Otsailaren azken asteak gurera elurte majoak ekarri zizkigun. Asteazkenean anaia eta biok Usurbe mendian izan giren eta bertan 40 zentimetroetatik gorako geruza topatu genuen. Hau ikusita, eta elurra astearen amaieran inguruko elurra joaten ez zela ikusita, asteburuari begira zalantzaz bete ginen.

Hasiera batean bero-bero geunden Aizkorriko kanalen batean sartzeko, baina Usurben ikusitako elurretaz gogoratu eta izugarrizko elur pila eta eraldatu gabea topatuko genuela beldurrez, Ikerri Larrunarriko ipar aurpegira joateko proposamena luzatu nion: "Txindokin elur gutxio topauko deu" esan nion. "Ta noa jungo gea?", "Lekukin hiru kanalak ein nitunean, lehen kanala baño lehen beste kanal bat dau, ta itxuraz errezagoa da, hola, nahizta elurre biguña egon ez deu zailtasun handirik topauko" komentatu nion. Azkenean Ikerrek baiezkoa esan eta Larunbatean goiz gelditu ginen.

GURE BIDEA

Larrunarri ipar eta ipar-ekialde aurpegietan badira kanaltxo batzuk, baina oso gutxitan egoten dira egoera onean, eguzkiak lehen orduan bakarrik jotzen die eta. Duela urte batzuk udan hemendik sartu ginen beraien zailtasuna ikusteko eta duela urte pare bat (2011ko martxoan) Lekurekin lehen aldiz negu giroan sartu nintzen, kristoneko palizaren ondoren hiru kanal egin eta Txindokiko gailurrera leher eginda ailegatu ginelarik. Abentura honen erreporra irakurri nahi baduzue, hemen klik egin.

Hasiera batean Lekurekin egin nuen bezela, Larrunarriko hiru kanal egin nahi genituen, baina lehen kanal ezberdin bat eginez. Azkenean, elurraren egoeragatik behartuta, ipar-ekialdean dauden bi kanal bakarrik egin genuen, Erlabeltzeko puntara doana beste bateralp utziz.

Google Earth-etik lortutako argazki honetan Ikerrek eta biok eginiko bidea (gorriz) eta Lekurekin eginikoa (urdinez) markatu ditut. Berdez, Muitzeko bidea markatu dut.


OHARRA

Ugatzaren presentziagatik eta hegazti hau babesteko asmoz gaur egun Larrunarriko ipar horman urte osoan eskalatzea debekatua dago.

DESKRIBAPENA

07:20, Larraitzeko aparkalekua, 404 metro. Larraitzeko aparkalekura lehengotakoak ailegatu ondoren, goizeko zazpiretako albistegia entzun eta trasteak prestatu ondoren, erdi ilunpean goruntz abiatu ginen. 

Irteteko prest, Larrunarri laino artean ikusi daiteke.


Kanal hauetara ailegatzeko Txindokira doan Muitzeko bidea jarraitzea besterik ez da egin behar. Honetarako Txindokira doan bide normala jarraitzeko pasa behar den langa pasa ondoren, bidea utzi eta zelaian gora abiatu ginen Larrunarriren ipar aurpegian dagoen telebista antenara ailegatzeko.

"Bufff!!!! lokatza kriston biguñe dau" esan zidan Ikerrek. "Ba bai, ea zorte pixkat izan ta goien gogorrago daun" erantzun nion.

Ttirri-ttarra batean 25 minutuetan Muitzeko bidean dagoen telebistaren antenara ailegatu ginen .


Antenatik gora elur gehiago topatu genuen, baita tamaina ezberdinetako elurjausien ondarrak ere.


Kuriosoa elurra biguntzen hasten denean hartzen dituen formak, sumendi bateko labaren antzera.


Aurretik duguna. Nire gusturako bide hau bide normala baino politagoa da, gainera, lokatza dagoenean, hemen bide normalean baino lokatz gutxiago izaten da. Honegatik, eguraldi txarra hasten den garaian bide hontatik gora eta behera aritzen gara bide normala zapaldu gabe.


Bidean zehar elurra oso biguna topatu genuen eta gainera, elurjausien ondorioz, ia denbora osoan arrastoa irekitzen aritu ginen, tarteka belaunetaraino sartu ginelarik.

08:50, lehenengo kanalaren sarrera, 850-900 metro inguru. Uste baino nekatuago kanalaren sarreraruntz hurbildu ginen. "Ze ingo deu?" Ikerrek "Eztakit, metro batzuk ein ta ikusiko deu ea zemuzkoa daun?" Galdetu nion. "Eztet uste elurre oain dauna baño gogorragoa eongo denik" esan zidan "Behintzat kanal hau errexa emateo, nahiz ta elurre biguñe eon atako deu" esan nion. "Goazen ba", erantzun zidan.

Honela, gure gihar eta iztarren kalterako, lehen kanal honetan sartu ginen.

Iker kanalera hurbiltzen. Elurraren egoera nolakoa zegoen ikusi daiteke.


Kanalaresn sarreran. 


Ikusten denez, kanalean zehar zuhaitz asko topatu daitezke. Elurraren egoera biguna dela eta ederki etorri zitzaizkigun beraien adarretatik tiraka metroak irabazteko..


Ikerrek lehen metroetan arrastoa irekitzen aritu ondoren nire txanda ailegatu zen. 


Kanalaren lehen metroen ondoren, bideoan ikusiko duzuen bezela, elurra zertxobait gogorragoa topatuko genuen. Bideoan ere kanalak duen zailtasun "tekniko" bakarra den erresaltea ikusten da.


Iker elurrarekin borrokan.


Kanalaren sarreratik 100-150 metro ingurura erresalte bat topatu genuen. Esan bezela, erresalte hau da kanalak duen zailtasun tekniko bakarra. Erresalteak 2 metroetatik gora izango ditu eta nahiko bertikala da. Gainditzeko bi aukera ditu: Eskuinean duen pitzadura bat, eta bere ezkerrean duen zuhaitz bat. Elurra jarraituz zuhaitzaren enborratik nahiko gertu gelditu nintzela ikusirik, erresaltea gainditzeko bigarren aukera hartu nuen.


Erresaltea gainditu ondoren..


Bideo honetan Iker lehen erresalte hau gainditzen ikusiko duzue.


Eta erresaltearen ondoren elurraren kalitateak (ez kantitatea) behera egin zuen nabarmen. Udan erresalte txikiz beteriko lekua da, baina neguan elur asko pilatzen da erresalte hauetan. Elurra biguna zegoenez, belaunetatik gora sartzen aritu ginen zuhaitzei tiraka eta zuhaitzen adarrak etengabe zapalduz.

Honako bideo hau goian azaldutakoaren adibide nabarmena da.


"Eta buelta hartzen badeu?" Galdetu zidan Ikerrek. "Eta erresaltea nola jatxiko deu?" erantzun nion. "Arrazoie daukezu" esan zidan. "Bueno ein dezakeuna da kanala bukatzen deunen ezkerrera atera ta bide normaletik igo" komentatu nion.

Hau esan ondoren Ikerrek arrastoa irekitzeko txanda hartu zuen.


Momentu batean hodeiak ireki eta Txindokiren gailurreko arkaitz piramidea ikusteko aukera izan genuen.


Kanalaren zati hestutik ateratzen. Nire aurpegiak gozatzen ari garen guztia ederki adierazten du.


Atzera begirada, hau izan zen kanalean topatu genuen elur haustura bakarra.


Kanalarekin 50 minutu borrokan aritu ondoren, gure zoriontasunerako pixkanaka bere amaierara ailegatzen joan ginen.


Kanalaren amaierara nahiko nekatuta ailegatu ginen. "Ta oain zer?" Galdetu zidan Ikerrek. "Oain ezkerrera junda bigarren kanala topauko deu" erantzun nion, "ta zemuzkoa da?", "Lekukin ein nunen ez zitzaiten zalle iruittu, baina elur honekin eztakit ba" erantzun nion.

Ikerrek metro batzuetan aurrea hartu eta kanalaruntz hurbildu zen.

Argazki honetan bigarren kanala ikusi daiteke.


09:50, bigarren kanala, 1000 metro inguru. "Hau zer da Erlabeltzeko puntara ateatzen dena?" Galdetu zidan. "Nahiko nuke" erantzun nion "hau da udan ein genuna, Erlabeltzeko puntakoa hurrengoa da". "Hemen garenez, sikiera igotzen saiau beharko gea" esan zidan.

Honela, bideoan azaltzen den bezela, bigarren kanal honi saiakeratxo bat egitera abiatu ginen.


Iker lehen metroetan. Kanalaren amaieran dagoen erresaltea  ikusi ondoren, badaezpada makulu bat jaso eta piolet bat atera zuen, "hola, belarra daun lekutan hobe heusteko" esan zidan,


Atzera begirada, orain arte irekitako arrasto edo trintxera ederki ikusi daiteke.


Kanalaren erdi partean.


Ni atzetik argazkientzat bakarrik aurpegi ona jartzen.


Iker kanalaren amaierara eramango gaituen erresaltera hurbiltzen.


Kanalaren amaieran 3-4 metroetako errsalte belartsu bat topatuko dugu. Erresalteak zailtasun handirik ez dauka, baina elurraren kalitatea eta azpian belarra zegoela ikusita bi pioletak ateratzea erabaki genuen igoera errazteko asmoarekin.

Ondorengo bideoan Iker erresaltea gainditzen ikusiko duzue.


Erresaltetik atera eta dena bukatuta zegoela uste genuenean elurretan berriro ere ia gerriraino sartzen hasi ginen biok "ostiaputa"-ka hasi ginelarik.

Bigarren kanalaren irteerara hurbiltzen...


... Eta elurrarekin berriro ere borrokan, kanaletik ateratzeko irrikitan.


Bapatean kanalaren amaieran kornisa handi bat topatu genuen. "Elurre daun bezela kornisa hortatio ezkea ateatzen ni de coña" esan nion. Kanalaren eskuineruntz begiratu eta kanalaren eskuinean doan arista nahiko gertu zegoela ikusita, Iker bertara hurbildu eta arkaitzetik arkaitzera helduz kanaletik atera zen.

Kanalaren amaieran zegoen kornisa.


Kanaletik atera eta arkaitz baten gainean motxila eta makuluak bota ondoren elkar besarkatu eta merezitako atsedena hartu genuen. "Bigarren kanala hola badau, hirugarrena ezinezkoa eongoa" esan nion. "Gaurkoz nahiko eindeu, guazen bide normaletik puntara ta listo" erabaki zuen Ikerrek.

Honela ba, berriro ere motxilak hartu eta gailurreruntz abiatu ginen.

Iker atsedena hartu ondoren gailurrerako (erdian urrutian) bidean. Hasiera batean parean dugun elur palaren ezkerrean dagoen kresteriotik igotzea pentsatu genuen baina horraino ireki beharko genuen arrastoa atzera bota gintuen. Elur gutxirekin, biderik motzena kresterio horren ezkerrean dagoen elur palatik igotzea da.


"Hola bai, hau da elurra gogorra topatzea" esan zuen Ikerrek Txindokiko bide normalarekin batu ginenean.

Iker Larrunarrira doan bide normalarekin batu ginen puntuan.Hemendik aurrera orain arte ikusi ez genuen mendizale taldeak ikusten hasi ginen.


Behin bide normalean sartu ondoren, 5 minutuetan Larrunarriko gailurrera ailegatu ginen.

11:05, Larrunarri, 1341 metro. Gailurrean zegoen mendizale batek gailur argazkia atera ondoren, ia atseden hartzeko gelditu gabe, berriro ere beherunzko bidea hartu genuen. Jaisteko bide normala aukeratu genuen.

Larrunarri, 1341 metro.


Jaitsieran "Rayo"-ko bidea eskiekin jaitsi zuen mendizale bat topatu genuen eta berarekin solasalditxoan ia konturatu gabe Larraitzeraino ailegatu ginen.

12:25, Larraitz, 404 metro. Azkenean, ia bost orduetako palizaren ondoren Larraitzeko langa gurutzatu genuen: "Uff, a ze miñe euki behar deun bihar iztarretan" esan nion Ikerri. "Ba bai, ustet, dutxau, bazkaldu ta sofan etzan behar naizela bihar arte" erantzun zidan. Kotxera ailegatu, trasteak jaso eta berriro ere, ia gelditu gabe, etxeranzko bidea hartu genuen.

Larrunarriri gaurko azken begirada.



PROFILA





Bukatzeko Ikerrek eginiko irteeraren bideo-erreporra uzten dizuet.



2 iruzkin:

  1. Ederra pareja!! fitxatuta nuen igoera bat da, laister jausiko da...

    Erreportai itzela, mila esker elkarbanatzeagatik.
    Ondo segi!

    ErantzunEzabatu
  2. Milesker artista!!!

    Gomendio bat onartzen badidazu, nik hemendik igotzeko elur guztia joatea itxarongo nuke. Guk bigarren kanala eta hirugarrena (nahiz eta oraingoan ez egin) elurrik gabe egina ditugu eta ederrak dira benetan.

    Egiteko asmoa duzunean laguntzarik behar ezkero lasai asko abisatu!!!

    ErantzunEzabatu