AZKEN 10 SARRERAK

2016/07/14

MARIMURUMENDI 2016: "ERREMENTARIAREN ETXEAN ZOTZA BURRUNTZI", 2016/07/10

Uztailaren bigarren asteburuarekin batera, Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren baimenarekin, Goierriko mendi lasterketen festa iristen da. Aurten, Uztailaren 8tik 10era Beasainen ehunmilak, G2H eta Marimurumendi mendi lasterketak ospatu ziren.

Hiru Haundiak ibilaldiari begira prestatuta dudan prestakuntzan G2Han parte hartzea gehiegitxo izango zelakoan Marimurumendi lasterketan izena eman eta Uztailak 10a puntu gorri batekin markatu nuen, etxean korrika egingo nuen eta. Gainera niretzat lasterketa berezia izango zen, lehen mendi-maratoia izango nuen eta.

Marimurumendiren ibilbide osoa ezagutzeko uztailaren 2an Agortatik Agortara doan 33 km-etako ibilbidea egin nuen.

Uztailaren 2an Izaspi honela zegoen, a zer nolako bustia hartu nuen!!!


A zer nolako belarrondokoa hartu nuen!!!!! Eguna bustia esnatu eta langar artean kotxera oso nekatuta iritsi nintzen. Leku askotan lokatzak bidea ederki zaildu eta korrikan aritzeko zati asko eta luzeak dituela ikusi nuen, korrikalari ez garenontzat txarra. Honek guztiak moralki kolpea handia eman zidan.

Uztailaren 2an Kizkitzatik pasa nintzenean.


Marimurumendi maratoiaren ibilbidea deskargatu nahi baduzue...



Uztailak 8an, Itzi eta biok arratsaldean ehunmilak eta gauean G2H lasterketen irteerak eta larunbata goizean G2H-ren helmugak ikusi eta lasterkariak animatzera hurbildu ginen, aurten G2Han bigarrenez Natxo irteten baitzen. Gainera Mujika anaien “lastarik” gabe lasterketa denbora onean betetzeko moduan egongo zela ziur geunden, jejeje. Eta hala izan zen, erlojuak 13 ordu 17 minutu adierazten zituenean Beasaingo helmuga nekatuta bezain zoriontsu zeharkatu zuen. Zorionak Natxooooo, ederki merezitako denbora!!!!!

Bideo honetan Natxoren helmuga ikusi daiteke: Aupa Natxoooooo!!!!


Larunbatean bero handia egin zuen eta iganderako eguna oraindik eta beroago iragarrita zegoenez, lasterketan motxila eramatea erabaki nuen, anoa postuetatik aparte hauen artean ere etengabe hidratatzen joateko.

Maratoirako materiala prest.


Igandean goiz jaiki, “lasai” gosaldu eta San Ferminetako entzierroa ikusi ondoren, Jose Manuel, Iker, Itziar eta laurok Beasaingo bidea hartu genuen. Goierriko mendi lasterketen festaren anai txikian parte hartuko genuenok pixkanaka Udaletxeko plazan elkartzen joan ginen banaka iristen ziren ehunmilak-eko lasterkari ausartei animatzen. Kilian Jornetek Mont Blanc-eko ultra-traila irabazi zuenean esan zuen moduan, “ze kabroiak, hauek bai direla irabazleak!!”.

Irteeran, hamabost egun lehenago Trikutrailean gertatu zen moduan, Iñigokin hitzegiteko aukera izan genuen.

Iñigo eta biok Udaletxeko plazara hurbiltzen.


Irteera baino hamar minutu lehenago Itziri muxu eman eta Iñigo eta biok irteeraren kontrol gunera pasa ginen: “hemen Etxarrin baño polikigo ibili beharkodeu” esan zidan “Bai, gaurko berokin kontuz ibili beharko deu”. Bion helburua 5-6 ordu tartean ibiltzea zen “5 ordu t'erditik gertu bagea oso ondo, 5 orduetatik gertu bagea igual kriston juerga ingodeu, jejeje” esan nion irrifartsu. Bertan geundenen artean inguruko aurpegi ezagun asko ikusi nuen, baita ere azkeneko lasterketetan paretsu ibili naizen Maite ere: “gaur ere, EH mendi erronka eta Trikutrailen bezela lasterketan topatuko al det? Jejeje” pentsatu nuen irrifartsu.

Irteerako kontrol gunean aurpegiak serio. Argazkia festak.com orritik hartua dago.


Hala ere irrifartxo bat ere botatzeko denbora izan genuen, jejeje. Argazkia festak.com orritik hartua dago.


Goizeko bederatzietan, Vangelisen doinu hunkigarrien artean, atzera kontua egin eta korrikan hasi ginen.

San Inazio kalean ziztu bizian, Iñigo eta nire atzean Maite ikusi daiteke. Argazkia festak.com orritik hartua dago..


San Inazio kalea ziztu bizian zeharkatu eta Erauskin kalean gora hasi ginen: “Aupa mitzzzzzz!!!, Aupa Smithyyy” Oihukatu zidaten Iker, Jose Manuel eta Itzik beraien paretik pasa nintzenean.

Itzik grabatutako bideo honetan Erauskin kalean gora nola goazen ikusi daiteke. Nabaria lehenengoak eta gure arteko abiadura aldea, jejejeje.


Jose Manuel, Itzi eta Ikerren paretik pasa nintzenean, nire aurrean Iñigo eta atzean zinta gorria buruan duela ihazko G2Han bidea kilometro batzuetan elkarrekin egin genuen Lierni ikusi daiteke. Lasterketen mundu hau oso txikia da, jejeje..


Iñigo ni baino indartsuago hasi zen, honegatik nire abiadura hartu eta Usurbera doan errepidea uzten den lekura arte korrika txikian egin nuen taupadak kontrolatuz.

Errepidean gora aurpegi onarekin. Argazkia Ordiziako Sasoian dendakoak egina da.


Hemendik gora, entrenamenduetan korrikan igotzen ditudan aldapak oinez igotzea pentsatuta nuen, Agortara 50 minutu inguruan iritsiko nintzela aurreikusita nuen eta. A zer nolako ezusteko ederra hartu nuen Natxo eta Erika igoeraren erdian animatzen ikusi nituenean: “Animo Xabi, egurraaaa!!!” 

Usurbeko igoeran. Argazkia nork egina duen ez dakit, lagun batek facebook-en argazki honetan etiketatu ninduen.


Usurben, nahiz eta langar fin batek eguzkiagatik babestu, izugarrizko hezetasuna zegoen eta gailurrera izerdiaz blai iritsi nintzen: “lasai, Smithy, ondo hidratatu eta lasai jarraitu” animatu nintzen.

Agortara uste baino 7 minutu lehenago iritsi nintzen (43 minutu). Bertan ahal izan nuen guztia hidratatu (beste anoa postuetan egingo nuen moduan) eta botilatxoetan Pagorriagaraino nahiko ur izango nuela ikusita aurrera jarraitu nuen. Murumenditik 10:06etan pasa ondoren (ordu eta laurdenean pasako nintzela aurreikusita nuen) Iñigo ikusi nuen: “Zemuz?” Galdetu nion, “oaingoz oso ondo” erantzun zidan maldan behera ziztu bizian hasi baino lehen. Iñigori jarraitu ezinik nire erritmoan segi nuen. Hasieratik maldan behera errekuperatuz eta zelaian korrika txikian joango nintzela pentsatuta nuen, denbora osoan gehiago ematerik izango nuenaren sentsazioa izanez, eta konturatzerako Pagorriagara 10;28etan iritsi nintzen, uste baino 7 minutu lehenago. Pagorriagan gainean neraman gel bat hartu, ahal izan nuen guztia edan, botilatxoak bete eta aurrera jarraitu nuen.

Hurrengo helburua? Mandubiko mendatea.

Mandubiako jaitsieran egindako argazki honen eskuinean "supporter" taldea nire zain ikusi daiteke: Natxo, Erika, Iker eta Itzi. Atzean gero igoko genuen Izaspi mendia. Argazkia festak.com orritik hartua dago.


Mandubira iritsi baino 200 metro inguru lehenago Ikerri barratxo bat kendu nion: “zemuz?”, “Oaingoz oso ondo” erantzun nion.

Mandubira iristen. Argazkia Natxok egin zuen.


Itziar, Jose Manuel, Natxo eta Erikaren animoen artean aurrera jarraitu eta Mandubiko mendatea atzean utzi nuen: “uste baño 20 minutu leno zoaz!!” Oihukatu zidan Itzik bere paretik pasa nintzenean. Egia esan denboraz nola nindoan konturatu gabe nengoen eta erlojua begiratu nuenean ezusteko ederra hartu nuen.

Mandubin erlojuari begira Itzik denboraz aurretik nindoala esan zidanean. Nire ezkerrean "supporter"-ak, jejeje. Argazkia festak.com orritik hartua dago.


Mandubi eta  Atxurtza arteko tartea lasai hartzea pentsatu nuen. Kizkitza arteko bidea beste bi korrikalariekin bete, eta Ikerri kendutako barratxoa hala nola jaten nuen bitartean, ibilbidearen nondik norakoak kontatzeko aprobetxatu nuen.

Mandubi eta Kizkitza artean. Argazkia mendialdiak-ek egina da.


Kizkitzara (11:04) indartsu iritsi nintzen, uste baino 21 minutu lehenago. Igoeran Oihana lankidearen animoak jaso nituen. Berak ere larunbatean G2H lasterketan izugarrizko denbora egina zuen, 14 ordu eta erdiren bueltan: “zorionak makinaaaa!!!”.

Kizkitzan hidratatu eta botilatxoak bete gabe aurrera jarraitu nuen, oraindik nahikoa ur nuen eta.

Hemendik aurrera Izaspiren igoerarako indarrak gordetzen joan nintzen. Dagoeneko eguzkiak gogor jotzen eta korrikalari batzuen abiadura ere moteltzen hasita zegoen. Atxurtzara iristear nengoela Iñigorekin bat egin nuen: “Zemuz zoaz?” Galdetu nion, “hanketako bikiekin hortxe nabil, mugan. Gatz pastillarik baduzu?”, “Bai, gañea nik ere Atxurtzan bat hartzeko asmoa dauket” erantzun nion.

Atxurtzara (11:22) batera iritsi ginen, aurreikusitakoa baino 28 minutu lehenago. Hidratatu, gatz pastilla eta azukredun barratxo bat hartu eta aurrera jarraitu genuen. Badaezpada Iñigori bigarren gatz pastilla bat eman nion gainean eramateko: “Nahi dezu botilatxok betetzea?” Galdetu zidan anoa postuko boluntarioak, “Ez, lasai, itzultzekon betekoittut” erantzun nion gainean neraman ura nahikoa izango zelakoan (a ze nolako hanka sartzea!!!!), baina erabaki hau gerora ederki ordainduko nuen.

Iñigo eta biok Izaspiko igoera lasai hartu eta lehen metroetan Maialen lankidearen animoak jaso nituen, “Aupa Xabiiii!”. Malda gogorren hasieran pisa egin eta argia zela ikusi nuen: “señale ona” pentsatu nuen. Iñigo ni baino nekatuago zihoan eta pixkanaka atzean gelditzen joan zen: “Jatxieran ziur harrapauko nazula” esan nion. Abiadura bizitu gabe aurrera jarraitu nuen indartsu, lasterkariren bat edo beste aurreratuz. Hauetako bat aurreratzeko metro gutxi batzuk korrikan egin eta ezker hankako bikia igo behar zitzaidanaren keinua egin zidan: “Ostia, no jodasssss!!!!” pentsatu nuen “kriston ondo nijo ta”. Pentsatzen hasi eta Pagorriagatik, nahiz eta anoa postuetan ahal nuen guztia edan, botilatxoak bete gabe nituela ohartu nintzen, nahiz eta Izaspiko igoeran egindako pisaren kolorea argia izan. “Hemendio aurrea gehio edan beharren nau” pentsatu nuen.

Izaspitik 11:43etan pasa eta, orain arte bezala, jaitsiera hankak errekuperatuz egin nuen, badaezpada hankak asko altxatu gabe, oztoporen baten gainetik pasatzeko altxatzen nituen bakoitzean ezker hankako bikiak igotzeko keinua egiten zidan eta.

Pentsatuta nuen moduan Atxurtzara iritsi aurretik Iñigok harrapatu eta anoa postura elkarrekin iritsi ginen (12:04): “igoera kabroia, eh?”, “Ya te digo”. Ahal izan genuen guztia edan, botilatxoak bete eta korrika txikian aurrera jarraitu genuen: “Izaspiko igoeran ta handio behera ezkerreko bola ia igo zait” esan nion, “nire ez nijo askoz hobe”. “Dena den nik uste nuna baño ia ordu erdi leno goaz, paso hontan 5 eta 5 ordu t'erdin arten ibiliko gea” esan nion. Hitzeginez, elkarri animoak ematen, eta oso azkar joan gabe Itxasora jaitsi ginen (12:16). Tartean Miren eta Amaiaren animo eta indarrak ere jaso genituen: “Aupa Smithyyyy!!!!”. Itxasotik gora Iñigo berriro ere sufritzen hasi zen, baina hala ere, hortzak estututa, Kizkitzaraino elkarrekin jarraitu genuen: “Kizkitzan bigarren gatz pastilla hartukoet” esan zidan. Kizkitzara iristear geundela berriro ere Maialenen animoak lehenik, eta Miren eta Amaiaren animoak ondoren, jaso genituen. Milesker bihotzez denoi, ez dakizue zenbateko indarra ematen duten.

Kizkitzarako azkeneko metroetan Ordiziako Sarriren konpainia eta animoak izan genituen: “Iñigo arnasa hartu ta lasaixeago jun, azeleratugi zoazta” esaten zion behin eta berriz, “hobe dezu orain postun minutu bat galdu gero ordu erdi galtzea baño” esan zion. Atzera begiratu eta “egie, hobe oain denbora lasai hartu ondo hidratau ta jateko, gero komeritan ibiltzea baño, gañea oaindio Arriarango aldapa falta da”.

Kizkitzara bigarrenez iristen. Argazkia ez dakit ziur nork egin zuen.


Kizkitzara iritsi (12:35, uste baino 25 minutu lehenago), hidratatu, eta botilatxoetan nuen urarekin Arriaran arte nahiko izango nuelakoan (eguneko bigarren hanka sartzea!!!) aurrera jarraitu nuen. Oraingoan Iñigok lasaiago hartu eta Kizkitzan indarberritzen denbora gehiago hartu zuen.

Kizkitzatik behera ezker oineko bikiaren egoera hobea zelakoan, oso azkar jaitsi gabe, korrikan lasaiago egin nuen. Arriaranera (13:01, uste baino 29 minutu lehenago) indarrez oso ongi iritsi arren, burutik bikiaren egoera ezin nuen kendu eta halaxe jakin arazi nien Itzi eta Ikerri.

Arriaranera iristen.


Arriaranen. Argazkia Natxok egina da, atzen Jose Manuel ikusi daiteke.


“Vamos Xabi, titán!!!” Esan zidan Natxok. “Zemuz?” Galdetu zidaten, “indarrez oso ondo baina hankak pixkat altxatzen baditut ezker bolea igotzeko keñue itteit”. “Edan dezu?” Esan zidaten, “ahal izan deten guztie, ta gañea Izaspin pixe ta dena indet”. Arriaranen botilatxoak bete, ase arte edan, bigarren gatz pastilla hartu eta, magensioaren faltarik ez izateko, platano pusketa pare bat jan ondoren Beasainera arte agurtu nituen.

Arriarandik aurrera nahiz eta indartsu sentitu orain arteko abiadurarekin jarraitu nuen, egurrik eman gabe, bikiarekin kezkatuta nengoen eta. Presaren aurretik Sarasola anai bixkien animoak jaso nituen: “Zemuz zoaz?”, “Oso ondo baño ezkerreko bola hortxe-hortxe” erantzun nien. Metro batzuk elkarrekin egin ondoren atzean gelditu ziren: “Milesker konpañiagatik!!!!!” Oihukatu nien.

Etxean korrika egitea gozatua handia da oso gutxitan sentitzen zara bakarrik. Bixkien ondoren, Arriarandik gora doan errepidea uzten den lekuan, Fran eta Kontxiren animoak ere jaso nituen: milesker zuei ere!!!!! Hemendik aurrera, gatz pastillaren eraginez bikia hobe zihoanez, abiadura puntutxo bat igo nuen.

100-200 metro inguru igota nituenean, bihurgune baten ondoren, neska bat ikusi nuen. Hurbiltzen nintzen heinean Maite zela ikusi nuen: “hirugarren lasterketa jarraian eta hirugarrenez elkarrekin” pentsatu nuen irrifartsu. Aurreratu eta “animoo!!” esan zidan, “Animo zuuu!!!!” Erantzun nion. Maldaren erdian dagoen baserriaren aurretik bi boluntario lasterkariei ura ematen jarri ziren. Ur gutxi zutela ikusita eztarria tragoxka pare batekin freskatu eta aurrera jarraitu nuen: A ze nolako detaileaaaa!!! Milesker pareja bihotzez!!!.

Abiadura eta hauspoaz ongi nindoan, ez bata eta ezta bestea ere behartu gabe, baina malda amaitu eta zelaian korrikan hasi nintzenean ezker bikiaren keinuak itzuli ziren: “No me jodas, gutxi falta da ta!!!!” pentsatu nuen. Agorta aurretik Elena Calvillo lankide eta korrikalari handia boluntariolanetan zegoen: “animo Xabi!!”, “Eskerrikaskooo!!!” erantzun nion “ta portzierto, zorionak atzoko lasterketagatik!!!!” bota nion G2Han lortutako bigarren postua gogoan.

Agortara (13:48) aurreikusita baino 32 minutu lehenago iritsi nintzen. Jaitsierarako botilatxoetan nahiko ur izango nuelakoan (eguneko hirugarren hanka sartzea!!!) bertako anoa postuan hidratatu eta beste bi korrikalariekin batera beherako bidea hartu nuen.

Jaitsieraren lehen metroak lasai hartu genituen beste bi korrikalarietako batek giharretatik juxtu zebilela esan zidan eta: "lasai, nire ez nijo hobe" erantzun nion. Agortatik kilometro eskasera Mitxel korrikalari ordiziarra aurreratu genuen. Giharretako arazoekin poliki zihoan eta paretik pasa nintzenean “Aupa Mitxel!!” besterik esateko kapaz izan nintzen.

Jaitsiera ez zihoan oso gaizki eta bikiaren keinuak gehiagora joan gabe zihoazela ikusita, abiadura pixkar igo eta bi lasterkariak metro batzuetan atzean utzi nituen. 

Baina honek ez zuen asko iraun 150-200 metroetara oraingoan bi bikiak erdi-igotzen hasi zitzaizkidan eta. Bikien keinuei aurre egiteko pausua behartu, eta ahal nuen moduan hankak luzatuz, bi korrikalariek berriro aurrea hartu zuten.

Helmugara iritsi baino 2 kilometro ingurura, zale batzuk zeuden puntu batean koxka bat zegoen. Koxkan salto egiten hasi eta orain arteko keinuak errealitate bihurtu ziren bi hanketako bikiak igoz: “ostia, ostia, bolak igo zaizkit” esan nien lurrean eseriz. Bi zale hurbildu eta luzeak egin zitzaizkidan minutuen ondoren bikiak bere lekuan jartzea lortu zuten. Jeikitzen lagundu, eskerrak eman eta pixkanaka aurrera jarraitu nuen. Milesker bihotzez emandako laguntzagatik, zuengatik izan ez balitz beharbada oraindik han eserita nago eta, jejeje.

Beasaingo kaleetan, Igartza jauregiaren parean bikiak berriro ere luzatu beharrean izan nintzen harrien moduan nituen eta. “Aupa Xabi, matxineeeeee!!!!” Oihukatu zidan Josuk bere paretik pasa nintzenean: “zemuz zoaz?”, “Indarrez oso ondo baña bolengatik eztakit iritsiko naizen ere”.

Beasaingo kaleetan, argazkia Josuk egin zidan.


Beasaindarren animoen artean azken metroak korrika egiteko modua erabat behartuz egin nituen: “ea helmugako aldapa igotzeko kapaz naizen” pentsatu nuen beldurrez. Helmugaren pankartaren azpian Iker ikusi eta azken hogei metroak arraultzak zapaltzen ariko banintz bezala igo nituen, parean animatzen eta oihuka nituen lagunetan baino ardura osoa nire bikietan jarrita: barkatu kasurik ez egiteagatik!!!!!

Helmugara iristen. Bideoa Ikerrek grabatu zuen.


Azkenean helmuga 5 ordu eta 14 minutu pasatxoan zeharkatu nuen, uste baino 36 minutu lehenago, oso zoriontsu amaitu nuen moduan amaitzeagatik baina, hau ere aitortu beharra daukat, amorrazio puntu batekin ere, indarrez %100a emateko aukera ez nuelako izan. Dena den, bizitzan izan zitezkeen gauzekin ezin da gelditu (bestela ezin izango ginen sekula zoriontsu izan) eta guztiaren gainetik izugarrizko ilusioa izan nuen 5 ordu eta erditik jaitsi nintzelako.

Udaletxeko arkupean finisher kamiseta jaso (orain arte "kamiseta" bat irabazteko gehien sufritu dudan lasterketa izan da, dudarik gabe) eta hidratazioarekin jarraitu nuen etengabe edanez. Bitartean Itzi, Iker, Natxo, Erika, Goretti, Intza eta Oihan hurbildu ziren zorionak ematera. Pasatako abenturak kontatuta denei eskerrak eman nien.

Hizketan ari ginela Iñigo 5 ordu eta erdi pasatxoan helmugaratu zen. “Zorinak makinaaa!!” Esan genion elkarri. Asko poztu nintzen lasterketan denbora luzean bidelagun izan zena helmugan ikusteaz, sobra ere Kizkitzan gorputzari buelta ederra eman zion.

Goian esan bezala muskularki gehien estutu nauen lasterketa izan da eta beroak errepaso ederra eman zidan. Bikietan izandako arazoen gakoa? Nahiz eta anoa postuetan ase arte edan, Pagorriaga eta bigarren aldiz Atxurtzatik pasa arte ez nuen nahikoa ur edan (botilatxoetan nuen litro eskasa bakarrik), eta nahiz eta gatz pastilla pare bat hartu, ez ziren nahikoak izan, eta hau ere gogotik ordaindu nuen. Bestalde, Izaspirako igoeran egindako pixa bakarrak nahastu eta benetan nengoena baino askoz hobe nindoanaren pista okerra eman zidan, pixa hau irteera baino lehen edaten hasitako likidoarengatik izan zela ahaztuta. Beste baterako ikasketa ikasia dago: hidratazio eta gatz pastilla gehiago. Ehunmilak baino egun batzuk lehenago hidratazioaren inguruko aholkuak ematen aritu nintzen, baina esaerak dioen bezala: "errementariaren etxean zotza burruntzi", jejeje.

Antolaketaren aldetik kexarik ez daukat, antolaketa espero bezala primerakoa izan zen eta boluntarioen lana, animo eta mimoak eredugarriak. Bidearen seinaleztapena ikusgarria eta bidegurutze “arraroetan” beti zegoen norbait norabide zuzena zein zen esaten. Milesker denagatik!!!!

Milesker bihotzez modu batean edo bestean animatu nauzuen guztioi, nahiz eta topikoa iruditu, ez dakizue zenbateko indarra ematen duen ezagunen animoak jasotzea. Milesker “supporter” taldeari, Itzi (a ze pazientzie dezun!!!! Jejejeje), Iker, Jose Manuel, Natxo eta Erikari, lasterketa hau zuentzat da. Milesker bikiak jaitsi zenidatenoi ere, noizbaiten kalean ikusten banauzue, pintxo-potea nire kontu.

Eta nola ez, milesker Iñigori, plazer handia izan zen zurekin bidearen zati handi bat egin eta elkarri laguntzen joatea, izugarri pozten naiz zuk ere zure helburua gogotik bete izanaz. Ziur naiz beste lasterketaren batean elkar ikusiko dugula, jejeje!!!!

Bazkaldu ondoren etxean deskantsatzen jasotako animo mezu guztiei erantzuten.



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina