Traductor al castellano, English traslator, traducteur française.
Euskal mitologiak liluratzen nau. Belaunaldiz belaunaldi suaren ondoan kontatutako pertsonai mitologikoen istorioek eta herrietako ohitura zahar eta sinesmenek inguratzen gaituena mendeetan ulertzen lagundu digute. Kuriosoa bada ere, euskal pertsonai mitologikoak modu batera edo bestera beste herrialde batzuen mitologian errepikatzen dira. Denak, bat ezik: Mari.
Euskal Herrian zehar Mari modu ezberdinetan jasota azaltzen bada ere, denek bat datoz Mari emakumezkoa dela esatearekin. Eta hau da beste herrialdeetako mitologiatik bereizten gaituen gaituen gauzetako bat, non pertsonairik nagusiena gizonezkoaren itxura izaten duen. Izan ere, Mari izenaren jatorria azaltzen duten teoria ezberdinen artean gehien gustatzen zaidana da “Amari”-tik etor daitekela esaten duena, “ama” hitzari erreferentzia eginez.
Goierrin Mariren inguruko istorio asko daude. Hauetako batek dioenez, Mari Beasaingo Burugoena baserriko gazte batekin ezkondu eta zazpi seme-alaba izan zituen. Kristaua ez zenez, Marik ez zituen seme-alabak bataiatu. Baina behin bere senarrak bere seme-alabekin batera elizara joatera behartu zuen. Orduan Mari, su garretan bilduta, Murumendiko haitzetara hegan joan zen, hau zioen bitartean: “nê umêk zeruako, ta ni oaiñ Muruako, Burugoena ez da sekulan eri edo maki gabe izango”. Eta Murumendin dagoen leizetik bere bizileku zaharrean sartu zen.
Istorioan azaltzen den moduan, leizeak izaten dira Mariren bizileku. Euskal Herrian zehar leize ezberdinak deskribatzen dira Mariren bizileku bezala. Goierrin bi dira nagusienak, Aketegi eta Murumendin daudenak. Geografikoki Goierri ez bada ere, aipagarria da Txindokin dagoen leizea ere. Leize hauek guztiak Marizulo edo Damazulo izena ere jasotzen dute.
Mari izendatzeko garaian ere, Goierri modu ezberdinak badira, hala nola, Muruko Damea (Ataunen), Aketegiko Dama (Zegaman) eta Mari Mundu edo Muruko (Ataunen). Amezketan, "Txindokiko Mari" edo "Aralarko Damea" bezala ere ezagutzen da.
Asierri Murumendi, Aketegi eta Txindokiko leizeetara ibilbide bana egitea proposatu nionean ez zuen bitan pentsatu ere egin baiezkoa erantzuteko. Covid birusak eragindako konfinamendu perimetrala dela eta, Murumendin hasiko genuen trilogia hau, Txindoki eta Aketegiko kobazuloak egoera lasaiago baterako utziz. Leize hauei bisita egiten diegun heinean kroniken bidez trilogia osatzen joango naiz.
OHAR GARRANTZITSUA
Mariren leizeetara sartzeko hiru arau bete behar dira:
- Mariri zuka hitz egin behar zaio.
- Leizetik sartu den modu berean atera behar da, hau da, Mariri aurpegia emanez sartu bagara, irteteko garaian ezin diogu bizkarrik eman.
- Mariren leizean gauden bitartean ezin gara eseri nahiz eta berak eseritzeko gonbitea luzatu.
Norberaren ardurapean eta sinesmenaren baitan dago arau hauek betetzea. Barandiaranek pertsonai mitologikoei erreferentzia eginez zioen moduan: "direnik ez sinestu, ez direnik ez esan".
IBILBIDEA
Ibilbidea Ordizian hasi genuen, Ordizian eta Beasain arteko muga den Mariaratz errekatik (errekaren izenaren jatorria ere bere xarma dauka) Erauskin auzora doan bide zabala jarraitzeko, egun AHT obretan lanean ari diren kamioiek tuneletan ateratako lurra botatzeko jarraitzen dutena. Bidea amaiera arte jarraituta Usurbera doan errepidera irten, Beasaingo hilerrira igo eta bertatik Usurbera igo ginen.
Usurbetik Agortako lepora jaitsi eta bertatik Murumendira igo ginen. Murumendiko gailurretik Beasaingo Marimurumendi maratoiak jarraitzen duen bidea hartu genuen, gailurretik ipar-mendebaldera doan bidexka erdi-ezkutu bat hartu eta GR-34 ibilbdearekin topo egin bezain laster, GR ibilbidea utzi eta basoan sartzen den bidea hartzeko. Bide honetan 7-8 minutu eskas ibili ondoren, eskuinera doan bihurgune txiki batean bidexka estu bat basoan behera hasten da. Bidexkatik basoan behera 50 metro inguru jarraituz lehen kobara iritsi ginen ("Leizezulo" izena duena), Larrarteko lepotik datorren pista zabaletik gertu dagoena. Pistara jaitsi (bidegurutzean pago handi, luze eta hila dago) eta, ezkerrerako noranzkoa hartuz (Larrarteko lepora aldera), 75-100 metroetara pistaren eskuinean mugarri txiki bat topatuko dugu. Mugarri hau dagoen lekutik behera doan bidexka jarraituz Mariren leizera iritsi ginen ("Damazulo" bezala ezaguna).
Bi leizeak bisitatu ondoren Larrarteko lepora iritsi eta bertatik Murumendira doan bidea hartu genuen aldapa amaitzen den lepoan Ordiziara doan ohiko bidea hartzeko.
Ibilbide hau nahi den moduan luzatu edo moztu daiteke. Helburu bakarra leizeak bisitatzea bada, biderik laburrena Larrarteko lepotik ateratzea da. Ordu erdi eskasean bi leizeak bisitatzeko denbora nahikoa izango dugun arren, duen ikusmiragatik bakarrik Murumendi ez igotzea pena izango litzateke.
IBILBIDEAREN DATU BATZUK
- Ibilbidearen luzera: 17,4 kilometro.
- Punturik baxuena: Ordizia, 150 metro.
- Punturik altuena: Murumendi, 864 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 972 metro inguru.
- Igotako mendiak: 2.
- Zailtasuna: Ibilbideak zailtasunik ez dauka. Mariren goiko leizera jaisteko kontu handiz ibili beharko dugu, jarrita dagoen eskilara bustia badago batez ere.
- Ura: Ordizian, Arantzegi baserrietako iturrian eta Arrapaitz iturrian hartu daiteke.
- Jaitsiera: Ordiziatik Murumendirako ohiko bidetik.
- Eramandako materiala: Linterna txiki bat eramatea ongi etorri daiteke.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: lau ordu eta erdi inguru, atsedenak barne.
Ibilbidea deskargatu nahi baduzue:
DESKRIBAPENA
- Gaur egualdi ona dator – esan nion itziri ohetik jaiki eta logelako leihotik begiratu nuenean.
Lanbro itxi batek nekez uzten zidan herrian zehar sakabanatutako etxeak ikusten. Ohikoa den lanbro hau ekialdeko edo hegoekialdeko haizearen eraginez sortzen da eta gehienetan egun eguzkitsu baten atari izaten da.
Goizeko zortziak eta erdietan Ordiziako Urdaneta kalearen amaieran Asierrekin topo egin nuen. Mendizale antisozial onenen moduan, ibilbidearen helburuetako bat zen Covid birusak eragindako konfinamendu perimetrala hasi zenetik Murumendi eta Usurbera igotzen den jendetza ahal zen neurrian ekiditea.
Mariaratz errekatik gora doan bidea hartzen den lekuan.
Mariaratz errekatik gora doan pistan barrena ibiltzen hasi ginen, lurrez betetako obretako kamioien joan-etorriaren artean:
- Azkenaldin kamioi dexente ai die gora ta behera lurre eramaten – esan zidan Asierrek.
- Sobrare AHTko obrak beize martxan ai die.
Usurbe, bere antena eta gurutze bereizgarriekin.
Kamioien motorren zarata Usurbera errepidetik zihoazenen hizketaldiek ordezkatu zuten. Errepidera iritsi bezain pronto, metro batzuk bertatik egin eta berehala Beasaingo hilerrirako bidegurutzea hartu genuen.
Beasaingo hilerrira joateko hartzen den bidegurutzean.
- Aspaldi kanposantura etorri gabe? – Galdetu nion Asierri.
- Lehen etortze nintzen, baña azkenaldin utzitauket.
Hizketaldi esoterikoa dirudien honek zentzua dauka goierritar eskalatzaileen artean, ohikoa izaten baita eskalatzialeren bat magnesiodun poltsa zintzilik duela hilerriko hormatik zintzilik batera eta bestera mugitzen ikustea. Zenbat izango dira horma honetan behatzak gogortu ditzuten eskalatzaile goierritarrak eta zenbat izango dira horma honek emandako eskalatzaile handiak.
Untsarain baserrira iristeko hartu behar den bidegurutzean.
Hilerria atzean utzita Untsarain baserriaren ondotik pasatu eta bertatik hasten den mendiko bidean gora hasi ginen Usurberi metroak lotsagabe irabazten. Iztar eta bikiak gori-gori jartzear zeudela gailurrera iritsi ginen.
Usurbera iristen.
- Ta pentsau oain dela ez hainbeste hau korrika lasai asko igotzenula, jejeje – bota nion Asierri izerdia kopetatik kentzen.
Bailara estaltzen zuen lanbora azpian genuen gure gainean itsaso koloreko zeru oskarbia agerian geldituz. Eguzkiaren izpiek goiz hotzarekin borrokan ari ziren gailurra epeldu nahian. Hau ikusita, polarrak motxiletan gorde eta, gehiago jarriko ez genituenaren itxaropenarekin, maldan behera hasi ginen.
Goierri lanbroaren azpian ezkutuan Usurbeko gailurretik ikusita.
Agortako lepoa kotxez beterik zegoen, berez kotxea uzteko dagoen leku txikia ahalik eta gehiago txikituz. Kotxeen artean pasatuz Agorta atzean utzi eta, maldan gora berriro ere hasiz, Murumendira zuzendu ginen.
Agorta atzean utzi ondoren. Puntu zuriz, Usurbetik jaisteko jarraitu genuen bidea.
Covid birusak eragindako “normaltasun berriaren” ondorioetako bat mendia pertsonez betetzea izan da. Astebururo etxe ondoko mendiak eskarmentu "handi" eta "gutxiko" mendizaleek hartzen dituzte. Egoera berri honek sare sozialetan hainbat eztabaida eta liskar ekarri ditu, eskarmentuko mendizaleen artean batez ere, eskarmenturik gabeko mendizaleen portaera “desegokia” eta mendiarekiko duten errespetu falta behin eta berriz salatu eta epaituz. Azkenaldian sare sozialetan “mendiak tabernak irekitzea behar du” esaldia famatua egin da.
Ordiziara jaisteko hartu behar den pista zabalaren bidegurutzean.
Ulergarria da mendian ibiltzeko ohiturarik ez duenaren portaera kalean edo hirian egongo balitz bezalakoa izatea, ezjakintasunaren ondorio ziurrenik. Nire uste apalean, mendizaleon ardura, egiten diren kritika eta epaiketak alde batera utzita, mendia deskubritzen ari direnei mendiko baloreak erakustea eta bizitzea izan beharko litzateke, mendizale hauen onespenarekin, noski. Eskarmentua ez da jaiotzetik dugun doai bat. Denok izan gara mendizale “berriak” eta, urteen poderioz edota ondoan norbait mendia errespetuz nola bizi irakatsi digulako, mendia bizi eta errespetatzera lortu dugu, behin baino gehiagotan oraindik ere guk ere errespetu hau galdu arren.
Murumendira iristeko igo beharreko azken aldapara iristen.
Honen guztiaren inguruan hausnartzen ari ginela, konturatu gabe Murumendiko gailurrean amaitzen den aldapa belartsuaren oinera iritsi ginen. Arnasketa abiadurara egokitu eta begirada lurrean finkatuz, goizeko hamaikak hogei gutxitan Murumendiko gailurrera iritsi ginen. Goierriko istorio mitologikoekin jarraituz, istorio batek dio gentilek Murumendiko gailurretik Aralarko Alotzan dagoen Saltarria bota zutela.
Usurbe Murumendiko gailurretik ikusita.
Gailurrean ez genuen denbora luzerik egin. Argazki azkar bat egin eta, ezagun batzuekin hizketaldi laburra izan ondoren beherako bidea hartu genuen.
- Oaiñ hastea abentura – esan nion Asierri animoso.
Asierrek Mariren leizeen bila bi irteera eginak zituen, bietan etxera esku hutsik itzuliz. Hirugarren honetarako teknologiaren laguntza izan genuela onartu beharra daukat, GPS-an egun batzuk lehenenago, “Wikiloc” web orrian leizeen kokalekua adierazten duen ibilbidea bat (“kronika idazteko kontsultatutako bibliografía eta web orriak” atalean duzue) sartuta generamalako.
- Oaingon kobak bai edo bai topauko ditteu, jejeje.
Gailurrean piilatzen hasita zegoen jendetzatik ihes, ipar-mendebaldeko noranzkoan jaisten hasi ginen izeidi batean sartzen den erdi-ezkutatutako bidexkaren bila, Marimurumendi maratoiak jarraitzen duena, hain zuzen ere. Aldaparen amaieran, GR-34 bide nabarmenarekin topo egin genuen:
GR-34 bidera iristen (puntu gorriz) eta hemendik aurrera jarraituko genuen bidea (puntu zuriz).
- Hemendio aurrea anaiekin jarraittu nun Zarautzeaño jun giñenen – esan nion Asierri Ikerrekin egin nuen ibilbidea gogora ekarriz.
GR ibilbidea zeharkatu eta, basoan sartzen den bidexkan barrena hasi ginen, oraindik ere Marimurumendi maratoiak jarraitzen duen ibilbidea utzi gabe. Eskuinera doan bihurgune itxi eta nabarmen baten ondoren bideak malda galdu eta lautzen da. Bihurgunetik 100 metro eskasera, eskuinera doan bihurgune ireki baten ondoan, GPS-ak bihurgunean bertan hasi eta pagadi batean sartzen den bidexka “ezkutu” batean behera bidaltzen gintuela ikusi genuen:
- Fijatzen ez bazea, eozeñek topatzeo kruze hau – esan zidan Asierrek.
Mariren leizera iristeko jarraitu behar den bidexka hasten den bidegurutze "ezkutuan".
Bidegurutzea ez dago seinaleztatua eta, Asierrek esan zidan moduan, erraza izan daiteke ikusi gabe paretik pasatzea.
Pagadian pixkanaka nabermenduz doan bidexka jarraituz, 30-40 metro eskas jaitsi ondoren, bi pagoen atzean zulo handi bat agertu zen. Udazkeneko hosto gorriz tapizatutako lurraren erdian, gure oinen azpian Mariren lehen leizea genuen, "Leizezulo" bezala ezaguna dena.
"... bi pagoen atzean zulo handi bat agertu zen".
- Ostia hoi da zuloa!!!
Asier Leizezuloaren ertzera hurbildu zen:
- Hemen behera jaixteko eskilara antzeko bat jarrita dau – esan zidan.
- Guazen ba barrua!!!
"Leizezulo"-ren ertzean, eskilara finkatuta dagoen lekuaren ondoan.
Leizera jaisten.
Eskilararen funtzioa betetzen duen antenaren laguntzarekin krater itxura duen leizean sartu ginen. Goroldioz estalitako hormetatik zintzilikatutako garoek, bere kolore berde biziarekin leizeari hezetasunez kutsatutako usain berezia ematen dioten bitartean, entzumena leizea alderik alde zeharkatzen duen errekastoaren saltoak eta goroldioaren artean ihes egindako ur tanten jarioak okupatzen du, leizea magikotasun gozo batez estaliz. Gure arbasoek gurtutako leku hauetan nolabaiteko energia berezi bat sentitzea ez da harritzekoa izaten.
Hainbat argazki egin ondoren "Leizezulo"-tik atera eta Mariren aztarnen atzetik jarraitu genuen.
"Leizezulo"-ren kanpoan, leku eder bezain magikoa.
"Leizezulo"-tik behera doan bidexka jarraitu eta 30-40 metro eskasera Larrarteko lepotik datorren pista nabarmenera iritsi ginen. Bideak pistarekin elkartzen den lekuan pago handi, bereizi eta nabarmena dago, tximista batek hil duena, Mariren eragina ote?
Pistara iritsi bezain pronto, Larrarteko leporako noranzkoa hartu (ezker aldera, hego-mendebaldera) genuen.
Larrarteko lepora doan pistan. Argazkian pago berezia eta Mariren leizera iristeko jarraitu behar den bidea adierazita daude.
- Hemendio gutxia eskubira jun beharren gare - esan nion Asierri GPSa begiratuz.
- Hara, hortxe hito txiki bat dau.
Pistan ibiltzen hasi ginenetik 75-100 metro ingurura, pistaren ezkerreko ertzean hiru harriz osatutako mugarri txiki batera iritsi ginen:
- Bai, hemendio behera da - esan nion Asierri berriro ere GPSa kontsultatuz.
Mugarriaren ondoan...
Bitan pentsatu gabe mugarriaren parean jaiotzen den bidexkan behera hasi ginen.
Mugarriti behera.
Basoaren erdian metro batzuetan jaitsi ondoren, bidexkak ezkerrera jo eta, 25-30 metro ondoren, Mariren bigarren leizearekin topo egin genuen.
- Hemen dauuuu!!! - Oihukatu nion Asierri leizearen sarreratik.
"Hemen dauuu!!!" Oihukatu nion Asierri leizearen sarreratik.
Leize honek kobazulo baten itxura dauka, lurrazaletik mundu ezezagun batera daraman ate baten moduan. Barandiaranen idatzietan bigarren leize hau da Mariren bizilekutzat hartzen dena.
- Gogoratu satzen gean bezela atera behar geala – esan nion Asierri.
- Ah bai?
- Bai – erantzun nion – aurreaka sartzen bagea, errespetuz atzeaka atera beharren gare.
- Ondo dau jakittea.
Nire lanean mentalitate zientifikoa dudan arren, aintzinako ohitura eta sinesmenak errespetatzen ditut, nahiz eta oinarri zientifikorik ez izan. Azken finean “izena duen guztia omen da”...
Motxilak kanpoan utzi eta, linterna eskuan, Damazulon sartu ginen.
"Damazulo"-ren sarreran.
Leizea estua bada ere, ez du itomen-sentsaziorik sortzen. 4-5 metro ibili ondoren eskuinera jotzen du eta etzanda pasa behar litzateken zulo txiki batean amaitzen da, ura duena.
Itzal eta argien arteko momentu magikoa.
Kobazuloetan sartu naizenetan Amalurraren leku intimoenean nagoenaren sentimendua izaten dut, bere umetokian sartzen ariko banintz bezala. Linternaren argipean, batera eta bestera hegan ari ziren intsektu txikien artean Asier eta biok isil isilik bizi izan genuen momentu intimo hura.
"Damazulo"-ren amaiera.
Damazuloaren barrenari argazki pare bat egin eta, protokoloari jarraituz, zuloari bizkarrik eman gabe atzeraka irten ginen, iluntasuneik argitasunera itzuliz. Linterna motxilan gorde, motxila sorbaldetatik zintzilikatu eta Larrarteko lepora daraman pistara itzuli ginen.
"Damazulo"-ren sarreran.
- Bueno gaurko helburue beteta!!!
- Bai, azkenen bai – erantzun zidan Asierrek.
Pista jarraituz, 10 minutu eskasean Larrarteko lepora iritsi ginen, tartean "Damazuloa 5'" adierazten duen bide bazterreko informazio-poste batetik pasatuz.
Larrarteko lepora daraman pistan dagoen informazio-postea.
Informazio-posteak Damazuloa bost minutura dagoela adierazi arren, lehen esan bezala, bertara iristeko hartu beharreko bidexka hiru harriz osatutako mugarri txiki batekin besterik ez dago adierazita.
- Gure izateko modue holakoa da – esan nion Asierri – beste kultura batekok izango bagiñe bide osoa ongi señalizatue, bisita gidatuk ta hemen Mariren interpretazio zentrue izango genuke, Mariren inguruko kamiseta, taza ta dena delakok saltzen...
Larrarteko lepora iritsi aurretik egindako argazkia.
Pistaren amaieran dagoen langa metalikoa zeharkatuz Larrarteko lepora iritsi ginen.
Langa metalikoa zeharkatu ondoren.
Larrarteko lepoan dagoen lehen informazio-postea.
Gelditu gabe, lepoaren izen bera duen baserria eskuinean utzita gainean dagoen belardiaren eskuin ertzetik gora doan bide hartu genuen, Murumendi eta Arrapaitz mendiek osatzen duten lepora zuzenduz.
Larrarteko lepotik Murumendira doan bidearen lehen metroetan.
Atzera begirada, metro gutxietan altuera handia irabazten da.
Lepoan ez ginen gelditu eta mendebalde - ekialde noranzkoan zeharkatuz Ordiziatik datorren bidera zuzendu ginen, ehiza postu batzuen artean pasatuz.
Ehiza postuek osatutako lerroa zeharkatzen.
- Bide hau zabalago gogoratzen nun – esan zidan Asierrek bidexkan behera hasi ginenean.
- Baita nik e – erantzun nion -, esango nuke aspalditio hemendio eztela iñor pasau.
Oteen artean nabaria zen bidea belarrak erdi hartua topatu genuen, mendiak galdutako lekua berreskuratu nahiko balu bezala. Basoan sartu ginenean bidea pixkanaka jarraitutasun handiagoarekin agertuz joan zen Idoiagatik datorren pista nabarmenarekin topo egin genuen arte.
Bidexka erdi-ezkutua dagoen zatia atzean utzi ondoren. Atzean dagoeneko jendez gainezka zegoen Murumendiko gailurra.
Goizean igotako Usurbe eta honen atzean Aratz (ezkerrean) eta Aizkorri (eskuinean)
Hemendik behera Ordiziatik Murumendira doan ohiko bidetik jarraitu genuen, jaitsieran Idoiaga eta Arantzegi baserrietatik pasatuz. Lau ordu eta erdiko ibilbidearen ondoren, 13:00etarako Ordiziako Garagartza plazara iritsi ginen, bazkaltzeko ogia erosteko denborarekin.
Txindoki laino guztien azpitik
- Lehenengo etapa bukauta, hurrena Txindoki eo Aketegikoa jun beharko deu...
- Bai, ea konfinamendue bukatzean... – erantzun zidan Asierrek.
“Bai, ea konfinamendua gutxienez mendian askatasunez ibiltzeko bukatzen den“, pentsatu nuen Asier agurtuz.
KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK
- Barandiaran JM. Mitologia vasca, 12º edición. Donostia. Editorial Txertoa, 1996.
- Barandiaran JM. Mitologia del Pueblo Vasco, 22-45. Lasarte. Editorial ostoa, 1997.
- Barandiaran JM. Euskal Herriko mitoak / Mitos del Pueblo Vasco, 73-96. Donostia. Gipuzkoako Kutxa, 1988.
- Ansa Munduate JM. Itinerarios de montaña entre el Urola y el Bidasoa. Tomo I. Ernio - Murumendi, 180-185.
- Wikiloc web orria. Sergi Cardona. Murumendi (y cuevas de Mari). 2020/11/20. Eskuragarri: https://es.wikiloc.com/rutas-senderismo/murumendi-y-cuevas-de-mari-60475360
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina