AZKEN 10 SARRERAK
nafarroa etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
nafarroa etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2025/06/17

PORTUPEKOLEZE, SAN ADRIAN BASELIZA ETA LEZAUNDI LIZARRAGAKO MENDATETIK. 2025-05-18.


Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.

Inoiz gertatu al zaizue pertsona batekin produktu bati buruz hitz egiten aritu ondoren, produktu horren publizitatea sare sozial guztietan ikusten hastea? Niri produktuaz pentsatzearekin bakarrik gertatu zait, jejeje. Badirudi “Anaia Nagusi” batek zelatatzen gaituela eta horrek batzuetan beldurra eragiten du. Horixe gertatu zitzaigun Portupekolezekin.

Aspaldi pentsatu genuen Itzik eta biok Portupekolezera joateko ideia, baina horretaz hitz egiten hasi ginenean sare sozioalak Urbasako mendilerroak duen txoko berezi honetako bideoz eta argazkiz betetzen hasi ziren, era guztietako mezu erakargarriekin: “Nafarroako altxorretako bat…”, “ezagutzen ez duzun toki bat ziur…”, “ezin zara Nafarrotik joan hau ikusi gabe…”, “Andiamendi mendilerroko altxor bitxia…”. Asierrekin horretaz hitz egin nuenean ere, esan zidan bera eta bere bikotea han izan zirela duela gutxi: “oso leku politte”, esan zidan, “merezi du”. Bat-batean, kareharrizko zubi erraldoi honen inguruko informazio eta irudiak iristen hasi zitzaizkidan leku guztietatik, “Anaia Nagusiak” leku hori bisitatzea nahiko balu bezala, jejeje.

Ibilbidea prestatzen hasi ginenean, pentsatu genuen Portupekolezera bakarrik joatea “laburregia” izan zitekeela. Ibilbidea luzatzearren, Ollide mendia, San Adriango aterpea eta Lezaundi, Urbasako lezerik handiena, bisitatzea ere pentsatu genuen, ibilbidea 13 kilometroraino luzatuz.

IBILBIDEA

Ibilbidea Lizarragako mendatean hasi genuen, bentaren ondoan dagoen aparkalekuan. Andiamendiko gailurreriartik gertu dagoen bidezidorrari jarraituz, Portupekoleze arkuak eta San Adrian baseliza bisitatu genituen, Sakana aldera dagoen ikuspegi ikusgarriaz gozatuz. San Adriandik Lezaundi haitzulora joan ginen pagadi galkor bat zeharkatuz eta Lezaunditik Lizarragako mendatera beste pagadi galkor bat zeharkatuz iritsi ginen, azken kilometroak hasieran jarraitzen hasten den pista nabarmenari jarraituz.

IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Ibilbidearen luzera: 13 kilometro.
- Punturik baxuena: Lizarragako mendatea, 1025 metro.
- Punturik altuena: Mendebaldeko Ollide, 1.121 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 545 metro inguru.
- Igotako mendiak: 4.
- Zailtasuna: Irteerak ez dauka zailtasun teknikorik.
- Ura: Lizarragako bentan hartu daiteke.
- Eramandako materiala: Ez da material teknikorik behar ibilbide honetarako.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: Hiru ordu eta berrogeita hamar minutu, atsedenak barne.

Ibilbidea deskargatu nahi baduzue:
Powered by Wikiloc

DESKRIBAPENA

Goizeko zortziak eta erdietan iritsi ginen Lizarragako bentaren ondoko aparkaleku erdi-hutsera. Gure ondoan, ile nahasiak zituen bikote altxatu berri bat zegoen. Kafe ketsu bat gosaltzen ari ziren pegatinaz betetako furgoneta baten atetzarraren azpian, pirata baten tatuajeak bezala, bisitatu zituzten tokiak adierazten zituztenak.

Zerua oskarbi zegoen arren, haize fresko batek mugitzen zituen neguak bihurritutako elorriak, sentsazio hotz bat sortuz. Egun hauek aproposenak izaten dira erretzeko, hotza sentitu arren eguzkiak errukirik gabe erretzen baitu; honegatik, erlojuaren GPSa martxan jartzen nuen bitartean, eguzkitako krema emateko aprobetxatu genuen. Ez zidan beldurrik ematen Portupekolezera iristeak, Asierrek esan zidalako mendilerroak osatzen duen gailurreriatik gertu mantentzen bagina parez pare aurkituko genuela. Hala ere, badaezpada “track” bat jaitsi nuen wikiloc webgunetik, Lezaundira nondik iritsi ez nekielako. Erlojuak GPS sateliteak harrapatu zituenean eta pantailan jarraitu behar genuen bidea marraztuta agertu zenean, martxan jarri ginen.

Aparkalekutik mendebalderantz doan pistari jarraitu genion, gizakiak mendilerroari eragindako orbainetako bat, pasabide metaliko bat zeharkatu genuen arte. Orduan, pista utzi eta iparralderantz jo genuen, aldapan gora, gailurreriatik metro batzuk beherago doan bidezidor baten bila, lehen metroetan, hesi metaliko batetik gertu doana eta zer gordetzen duen asmatzeko gai izan ez ginena.

Pasabide metalikoa igaro ondoren.

Bidezidorra lehen metroetan hesi metaliko baten ondotik doa.

Hesi metalikoak inguratzen duen itxitura atzean geratu zenean, bidezidorretik irten eta gailurreriara hurbildu ginen, zer ezkutatzen duen ikustera. Eta harkaitzen bestaldean Sakana agertu zitzaigun, azkeneko urteetan bere harkaizterietan bizipen zoragarriak oparitu dizkidana. Bi surflari bagina bezala, gailurreria osatzen duten olatu berdeak surfeatzen jarraitu genuen, batzuetan beherantz eta besteetan gorantz, haizeak mugitzen zuen belarraren gainetik, olatua lehertu zen arte.

Belarrezko olatuen gainean surfeatzen.

Orduan aho zabalik geratu ginen, parean genuenari begira: ezerezetik agertu zela zirudien kareharrizko zubi erraldoi batek bidea oztopatu zigun bat-batean.

Ezerezetik agertu zen kareharrizko arkua.

Kosta egin zitzaigun Portupekolezen geundela konturatzea, eta hasiera batean ez genuen sinesten bertara iritsi ginenik, urrunago espero genuelako. Gainera, inor ez ikusteak harritu gintuen, baita poztu ere, hau bezalako leku batean bakarrik egotea ez baita erraza izaten.

Portupekolezeko bi arkuak.

Portupekoleze bi arkuz osatutako formazio karstikoa da, uraren indarrak eta denboraren pazientziak sortutakoa. Bi arkuetatik handiena zen bidea oztopatzen gintuena. Arku honek zubi baten itxura du eta gainera igotzeko zailtasunik ez badago ere, kontuz ibili beharko dugu, irrist eginez gero eroriko bakarra izango baitugu. Arku horren ondoko bidezidorrari jarraituz, bigarren arkura jaitsi ginen, mendiari itsatsia dagoena, eta leze baten itxura duena.

Goiko arkua azpitik ikusita.

Beheko arkua.

Leku magikoa iruditu zitzaigun, gordea, babestua, sekretuz eta isiltasunez betea, sabaiatik erortzen ziren ur tantek apurtzen zutena. Gaua bere babesean pasatako animaliek utzitako usain bereziak airea kutxatzen zuen, lezeari aintzinako leku baten itxura emanez; izan ere, begiak itxiz gero denboran atzera egiteko aukera ematen du, teknologiarik gabeko garai batera, non artzainek su baten inguruan elkartzen ziren istorio zaharrak partekatzera.

Goiko arkua behekoaren aterpetik ikusita.

Harritu gintuen lekua zein den adierazten duen kartelik ez topatzea, baina arkuen gainean informazio eskean dagoen egurrezko panel huts bat ikusi genuen, faltan bota genuen informazioa gordeko duena ziurrenik.

Itzi goiko arkura igota.

Leku erakargarri honetaz bakardadean gozatzeko zortea izan genuen, intimitate osoz. Hainbat argazki egin ondoren ibilbidearekin jarraitu genuen, SL markekin adierazitako bide bati jarraituz.

Martxan berriro, SL markak ikusi daitezke.

Bideak ez du zailtasun teknikorik, eta, nahi izanez gero, arin ibiltzeko aukera ematen du. Zailtasun bakarra hego haizea zen, tarteka zakarki jotzen zuena, edozein unetan amildegira bultzatuko gintuela mehatxatuz. Baina haizearen zakarkeria Ollideko haitzen iparraldean zabaltzen den ikuspegi ederrak konpentsatu zigun: udaberri hezeak berdetutako larre eta ibaien artean Sakanako etxeak sakabanatuta ageri dira, mahai-oihal berde batean sakabanatutako ogi-apurrak bailira. Etxe batzuetako tximinietatik irten eta zeru urdinean desegiten zen ke zuria zen norbait bizi zenaren testigu bakarra. Zerumuga Aralar eta Aizkorriko mendilerroek mugatzen dute, ikuskizun eder honen eszenatokiari itxura basati bat emanez. Baina ikuskizun eder honetako protagonista guztien gainetik Beriain nabarmentzen da, etzanda dagoen animalia erraldoi bat balitz bezala, bailarari begira. Zenbat pertsonek gozatuko zuten ikusmira honetaz gure aurretik eta zenbat pertsonek gozatuko dute gure ondoren. Honegatik bakarrik ibilbideak merezi du.

Gandorreriatik gozatu daiteken ikuspegi ederra.

Bata bestearen atzetik Ollideko haitzak igo genituen, errusiar mendi batean egongo bagina bezala; gora eta behera, behera eta gora, Bargattentte mendira iritsi ginen arte, iparraldean orratz fotogeniko eta erakargarri bat duena.

Ollideko haitzetako batera igotzen.

Bergattentte puntara iristen.

San Adrian baseliza Bergattentteko gailurretik.

Datu meteorologikoak hartzeko postu bat dirudiena duen punta batetik pasatzean, Arrangarteko pitzadurak, Lizarragatik datozen bideetako pasabide naturaletako batek, bidea moztu zigun. Aurrean, San Adrian baseliza ikusten genuen, gertu, eskura, baina bertara iristeko gailurreria utzi pitzadura inguratu beharko genuen. Kronika partekatu nuenean Iñaki Lizarragak argituko zidan bezala, punta honetan dagoena ez da datu meteorologikoak neurtzeko postu bat, ganaduaren GPS seinaleak handitzeko irrati transistore bat baizik. Eskerrik asko azalpenengatik!!!

Datu metereologikoak hartzeko postua duen puntan.

San Adrian baseliza Arrangateko pitzaduraren gainetik ikusita.

Pagadian sartzea eskertu genuen, ez bere itzal freskoagatik, haizegatik babestu gintuelako baizik. Aldapa goxo bat igo ondoren, minutu gutxi barru iritsi ginen San Adrian baselizara.

San Adrian aterpera iristen.

San Adriango baseliza talaia ikusgarria da,eta bertatik dagoen ikuspegia bikaina da. Eraikinak bi gela ditu: alde batetik, baseliza bera eta, bestetik aterpe gisa egokitutako gela bat. Azken horretan tximinia bat eta banku pare bat aurkituko ditugu. Itzik ondo ezagutzen zuen aterpe hori, zeren, denbora libreko begiraleak ginenean, han negu-baldintza gogorretan gaua pasatzea egokitu baitzitzaion. Egun hartan, baseliza, orain itxura atsegin eta goxoa zuena, elurrez blai zegoen, eta igaro zuten gaua hotz handikoa izan zen, lo-zaku bustietan ia lorik egin ezinik; hau da, inoiz ahazten ez den mendiko gau tipikoa, jejeje.

Baselizaren ondoan aspaldiko abenturak gogoratzen.

San Adriango postontziak.

Iñaki Lizarragak esango zidan moduan, Urbasako mendilerroa San Adriandik aurrera hasten da, ordura arte ibilitako mendilerroa Andiamendi delarik, nahiz eta askok mendateak zatitzen dituela esaten duten. Geologikoki, bien artean dagoen Zubeltzeko fallak banatzen ditu. Zein ederra den horrelako zuzenketa eta iruzkinak jasotzea!!!!

Mendebaldetik baselizara doan ohiko bidetik jaitsi eta pagadian sartu ginen berriro, Lizarragako mendatetik datorren pistarekin bat eginez. Eta pista horretatik jarraituz, handik minutu gutxira pagadia utzi eta zelaigune zabal batera irten ginen, eta han GPSak ohartarazi zigun pista utzi behar genuela zelaia hegoalderantz zeharkatzeko.

Pistarekin bat egiten den tokian.

Pista utzi ondoren zelaia zeharkatzen.

Ez naiz gai hemendik aurrera nondik nora ibili ginen azaltzeko edo bidearen azalpen zehatzak emateko. Pagadian berriro sartu ginenean, noizean behin bidezidor bat zirudien zerbaiti jarraitu genion, noizean behin basoan zehar ibili ginen eta noizean behin elorri arteko zelaiguneren bat zeharkatu genuen. Gutxienez, noizean behin mugarri bat ikusteak poztu egiten gintuen, gu baino lehen handik norbait pasa zen seinale zelako. Ez galtzeko, denbora gehiago pasa genuen erlojuaren pantailari begira aurrean genuenari begira baino. Halako batean, pago batzuen atzean, behatz itxurako orratz bitxi bat agertu zen.

Topatu genituen mugarrietako baten ondoan.

Aho zabalik geratu ginen. Orratz bitxiaren atzean mendiaren alde batetik bestera sabai ikusgarri bat zabaltzen zen, bertan habia egiten duten txorien kantuez apaindua. Lezaundi, izenak dioen moduan, leze handia da; izan ere Urbasako haitzulorik handiena da. Wikipedia web orrian irakurri dudanaren arabera, dolina handi baten hondorapenaren ondorioz sortu zen. Erlaitzak hirurogeita hamar metroko luzera eta ia hogeita hamar metroko desnibela du. Haitzulorako sarrera zabala da, 450 metro luze da eta desnibela hogeita hamar metro ingurukoa da. Neurri honekin, ez da harritzeko ganaduaren babesleku izatea; izan ere animali ezberdinen gorotzek lezearen zorua tapizatzen dute.

Lezaundi, argazkiaren ezkerrean behatz itxurako orratza ikusi daiteke.

Eguzkia errukirik gabe berotzen berotzen hasita zegoen basoko bazter guztiak, haizeak goizean pasa arazitako freskura gogora eramanez. Ibilbidea amaitzeko kilometro batzuk falta zitzaizkigunez, ez ginen denbora luzez lezean geratu.

Taldeko argazkia.

Lezaundira iritsi ginen bezala, Lezaundik joan ginen, hau da, erlojuaren pantailari gehiago begiratuz inguratzen gintuenari baino. Pantailak bide onetik zoazela esan arren, galduta zaudelako sentsazioarekin ibiltzea ez da atsegina, are gehiago nekea eta sargoria hasten direnean. Pagadian galduta geundela zirudienean, erdi ezabatutako bidezidor bat, mugarri bat edo kareharrizko lauzaz eraikitako artzainen txabolen hondakinak agertzen ziren, sastrakak isildu nahian dabilen iragan oparo baten oroitzapenak.

Pagadian "galduta" berriro ere.

Ez zen itzulera atsegina izan, nahiz eta leku eder batzuetatik igaro ginen. Itzuleran, bidezidor estuak belarrez betetako pista zahar bihurtu ziren, eta belarrak hartutako pistak pista zabalago eta zapalduago bihurtu ziren. Puntu honetan asko poztu gintuen Arabako mendizale talde handi batekin topo egiteak, zibilizaziora itzultzen ari ginen seinale. Amaitzeko, pista zapaldu honek goizen goiz jarraitu genuen pista nagusira eraman gintuen, zirkulua itxiz.

Belarrez estalitako pista zaharrean.

Pista zapalduan.

Zirkulua ixten.

Goizeko aparkaleku erdi hutsak orain inurritegi bat zirudien, batera eta bestera zihoazen autoz betea, libreki mugitzeko leku baten bila. Autoetatik irteten ziren inurriak, motxila txikiz armaturik, Lizarragako bentara edo amaitzen ari ginen pistara zihoazen. Gurutzatzen genituen pertsona guztiak agurtzen tematu ginen arren, tristura handia sortu zidan mendian agurtzeko ohitura galtzen ari delako sentsazioak. Batzuek ohitura falta bezala hartzen dutena jarrera falta bezala ikusten dut nik. Atsegina izateak eta irribarre egiteak gure baitan eta beste pertsonengan duen aldaketa-ahalmenaz jabetuko bagina, ziur nago egunerokoan gehiago praktikatuko genukeela.

Lizarragako mendatera iristen.


KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- Wikiloc. Cueva de Lezaundi. 2023-10-18. Eskuragarri: https://es.wikipedia.org/wiki/Cueva_de_Lezaundi


2021/10/21

ZIORDIA, ARBARA EKIALDEA: "BEGIPEAN" BIDEA, 170 m, 6a. 2021/09/19


Bidearen hasiera adierazten duen plakatxoa.

Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.

Chupa Chups-a edo fregona asmatu zutenek, asmatuta zegoen gauza bati (gozoki bat edo garbitzeko trapu bat), makil bat "besterik" ez zioten gehitu. Zein gauza erraza, ezta? Hala dirudien arren, mendeetan ez zitzaion inorri "gauza erraz" hau bururatu. Adibide sinple honek kronika honetako eskalada-biderako balio dezake. Arbara ekialdeko hormatzarraren ekialdean ertz estu eta nabarmen bat dago, horma honetan eskalatu dugunoi behin baino gehiagotan atentzioa deitu diguna. Baina bertan eskaladaa bide bat ireki zitekeela bururatu eta eskalada bide hau gauzatu zuten lehenengoak Rafa Elorza eta Sergio Martin izan ziren.

2019ko urriaren 19an, CVCE elkarteko bi kide hauek bide hau lehen aldiz eskalatu zuten, egun batzuk lehenago soka batzuetatik jaitsi eta bidea eskalatu zitekeela baieztatu ondoren. Bidea eskalatuta, txukuntze eta garbitze lanak etorri ziren: bilguneak 10 mm-tako paraboltekin muntatu, kolokan zeuden harkaitzak kendu eta bidearen 170 metroetan lau parabolt, iltze bat eta lau harkaitz-zubietatik pasatako hiru soka edo zinta-uztai bat jarriz, horietatik bi aseguru baino bidea nondik doan seinaleztatzeko direnak. Argi dagoen gauza bat da Rafa eta Sergiorekin paraboltak egiten dituzten enpresek jai dutela, jejeje.

Bidearen izena, Rafak "viejas zapatillas" blogean dioen moduan, ertzak alboetan dituen begi itxurako bi zulogune handiei erreferentzia eginez eman zioten, bidearen krokisean marraztutako hontz grisaren begiradan islatzen direnak.

Bidea nondik doan ikusterakoan pentsatu dezakeguna da bistako leku batetik doala edo ibilbide logiko bat jarraitzen duela. Baina bistako lekua bada ere, Chupa Chups eta fregonaren asmatzailearekin gertatu zen moduan, mendeetan ez zitzaion inorri okurritu hortik eskalada-bide bat irekitzea Rafa eta Sergio agertu ziren arte.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 170 metro.
- Luze kopurua: 6.
- Nork irekia: Rafa Elorza eta Sergio Martin, 2019ko urriaren 19an.
- Zailtasuna: 6a. Luzez luze: 1º: IV+ (30 m), 2º luzea: IV (25 m), 3L: 6a (25 m), 4ºL: III (30 m), 5ºL: IV (30 m) eta 6ºL: V+ (30 m).
- Orientazioa: Ekialdea, arratsaldeetan itzalean eskalatzeko aukera izango dugu.
- Ura: Ziordia herriko iturrian hartu daiteke.
- Hurbilketa: Laneguna bada, Ziordiako harrobian lanean ari direnez, egokiena Arbara ekialdeko hormaren oinera hurbiltzea da, hormaren oinetik mendebaldetik ekialdera zeharkaldia eginez bidearen oinera iristeko. Jaiegunetan erosoena pista jarraitzea da eskuinera egiten duen bihurgune itxi bat arte. Bihurgunean pista utzi eta hartxingadi bat zeharkatu ondoren bidearen hasierara iritsiko gara. Kotxetik 20-25 minutu izango ditugu lasai joanda.
- Jaitsiera: 2019tik horma rappelatu daiteke. Rappelen inguruko informazioa hemen irakurri dezakezue. Rappelik egin nahi ez bada, bidea amaitzen den lekutik ekialdera doa jaitsiera, puntu gorri eta mugarriz adierazitako bidea jarraituz. Ziordiako harrobia erditik zeharkatzen denez, bigarren aukera hau harrobia itxita dagoenean bakarrik jarraitzea komeni da, hau da, jaiegunetan, bertako langileei lanean lasai utzi eta egiten diren leherketek duten arriskuagatik. Bidea amaitzen den lekutik kotxera 45-50 minutu inguru pasako ditugu lasai ibiliz gero.
- Eramandako materiala: Luzera ezberdinetako 12 express-zinta, Totem, Alien eta artaka-trabagailu jokoa, luzera ezberdinetako zinta-uztaiak harkaitz-zubi eta harkaitz-blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie batzuk eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Hiru ordu.
- Ohar garrantzitsua: Azken luzean putre batek kabia egiten du urtero. Horman eskalatzea debekatua ez badago ere, gomendagarria da bide hau abuztutik abendura bakarrik eskalatzea.

BIDEAREN KROKISA

Bidearen nondik norakoak.

Krokis zehatza.

DESKRIBAPENA

Euskadi Irratian meza santua amaitzen ari zen Etzegarate mendateko bihurguneak bata bestearen atzetik lotzen ari ginela. Atzetik eguraldi iragarpenaren zalantzak eragindako loaldi ezerosoa, aurretik aldiz eguraldi iragarpenaren zalantzak eragindako kezka. Iragarpenen arabera, euria egiteko ehuneko hogeita hamarrreko probabilitatea zegoen, aurpegia ala gurutzera jokatzea baino gutxiago.

Ziordiako harrobiaren metalezko langaren ondoan kotxe bakar bat aparkatua zegoen. Ehiza-zakurrak eramateko atoi bat zuela ikusi genuenean, horma osoan eskalatzen hasten lehenak izango ginela argi geratu zen:

- Eztakit gaur hemen jende asko ibilikoen - esan zidan Asierrek motxilan soka sartzen zuen bitartean -, atzoko eurik eta gero ea pareta lehorra daun...
- Belarra bustie dau ba - erantzun nion -, txarrenen bidea nundik doan ikusi ta motxilakin buelta bat emango deu.

Bezpera euritsua izan zen, kantauri isurialdean batez ere, bazter horizontalak bustita utziz. Zerura begiratu genuenean euri gehiago egingo zuenaren susmorik ez genion hartu, horregatik horma lehorra egongo zenaren itxaropena grabitate indarrean eta harkaitzak eguzki-izpi batek eragiten dionean botatzen duen berotasunean jarrita genuen.

Hurbilketan, parean Ziordiako ezproia. Zerua oraingoz mehatxagarri itxurarik ez zuen.

Belarra bustia eta igandea izateagatik harrobia itxita zegoenez, hurbilketa pistatik egitea erabaki genuen, "Aranbeltz" bidea eskalatu genueneko hurbilketa bera jarraituz. Kasualitatea, bide hau eskalatu genuenean ere bezperan euria gogoz bota eta kotxetik zalantzaz beteak atera ginen. Gaurkoan egun hura errepikatu eta bidea eskalatzeko aukera bat izatea zen bidean generaman nahia. Baina nahi hau betetzea ez zegoen gure esku...

Pista uzten den bihurgune itxira iritsi ginenean hartxingadi ezerosoa alderik alde kontu handiz zeharkatu eta honen ezkerrean (igoerako noranzkoan) dagoen horma bertikalera zuzendu ginen. Horma honetatik gertu mantenduz eta arantzadun landare eta elorri batzuen artean pasa ondoren, "Begipean" plakatxoa jarrita duen monolitoaren oinera iritsi ginen.

- Pareta lehorra daula emateo!!!! - esan nion Asierri zoriontsu hormari begira.

Lehen monolitoa azpitik ikusita.

Motxilak lur bustiaren gainean utzita, eskalatzailez janzten hasi ginen. Lurra bustia dagoenean ez dakit zergatik ahalegintzen garen katu-oinak lehorrak mantentzen, lehenago edo beranduago oreka galdu eta blai eginda bukatzen dutelako. Gaurkoan ez zen ezberdin izan noski, eta katu-oinen zolek lur bustiz beteak amaitu zuten.

Katu-oinak lehorrak mantentzea ezinezkoa zela konturatu nintzenean...

- Largoa eskalatzezun heiñen garbitzen jungoie... - animatu ninduen Asierrek.

- 1º luzea, 30 metro, IV+. Luzea tximinia/diedro bertikal bat eskalatuz hasi nuen. Lehen asegurua jarri arteko metroak izan ziren psikologikoki zailenak. Diedroaren bi hormak goroldio hezeaz estaliak egoteaz gain, katu-oinetan itsasia nuen lur apurrak zuhurtzia osoz eskalatzea behartu ninduen, artaka-trabagailu bat sendo trabatu eta katu-oinen zolak garbitu eta lehortu nituen arte. Diedro/tximinia bertikala bada ere helduleku onak eta aseguruak jartzeko leku aproposak dituela iruditu zitzaidan. Luzearen bigarren asegurua harkaitzen arteko arrail batean trabatu nuenean diedroaren eskuinean dagoen erlaitz txiki batera iritsi nintzen (IV+).

"...erlaitz txiki batera iritsi nintzen arte".

Erlaitzan eguzkiaren lehen izpi goxoez gozatzeko aukera izan nuen:

- Hemendio gora harrie lehorra dau!!! - Oihukatu nion Asierri.

Eguzki-izpien eraginez, kotxetik atera gineneko itxaropena betetzen ari zen harkaitza lehortuz. Eguzki-izpien eraginez ere, harkaitzaren hezetasunaren moduan, lehen metroetan oinak irristakor eramatearen beldurra uxatu zen.

Erlaitzetik gora bertikaltasuna mantentzeaz gain, diedroa pixkanaka estutuz joan zen arrail estu bat bihurtu arte. Ez dakit lehenengo luzea zelako edo hotz harrapatu ninduelako baina zorrotz jarritako IV+ bat dela iruditu zitzaidan. Hala ere, lehen esan bezala, aseguruak jartzeko aukera ugari eta onak dituela ikusteak segurtasun handia eman zidan denbora osoan, estutasunik pasatu gabe.

Arrailak zuzen-zuzen hormaren amaiera arte eraman ninduen (IV+).

"...hormaren amaiera arte eraman ninduen".

Hormaren gainetik behera egindako argazkia.

Monolitoko horma bertikala eskalatuta, ez nuen inongo zailtasunik izan parean nuen harkaitz-plaka igo eta bi paraboltez osatutako bilgunera iristeko (II+).

Asier eskalatzen ari zen bitartean, noizik eta behin burrunba batek isiltasuna apurtzen zuen, kolokan topatu zituen harkaitz batzuk hormatik kentzen ari zenaren seinale.

Luzearen zatirik bertikaleenaren amaieran.

- Kristoneko garbiketa indue, eh?
- Bai, halere harri suelton bat topau det.
- Ah bai, eh? Jejeje - erantzun nion txantxetan.

Lehen bilgunean.

- 2º luzea, 25 m, IV. Bilgunetik zuzen atera eta parean dagoen artea ezkerretik inguratzen hasi zen, horma bertikal batekin topo egin zuen arte (II+).

Horma bertikalaren oinean.

Asier arrail estu batean trabatu ahal izateko asegururik egokienaren bila ari zen bitartean haize leun bat altxatu zen, harkaitz eta arteak laztanduz. Eskertu nuen haize goxo hau, zeharka jotzen zuten eguzki-izpien eraginez gorputza berotzen hasita zegoelako. Behar zuen asegurua topatu zuenean, arrailan trabatu eta horma eskalatzen hasi zen.

Hormatxoa eskalatzen.

Ez zuen denbora luzerik behar izan hormatxo hau eskalatzeko (IV). Hormatxoa eskalatuta, monolitoak gainean osatzen duen ertzaren ahotik ahalik eta gertuen mantenduz azken metroak lasaitasun osoz bete zituen (III) monolitoak osatzen duen urkuila batera jaitsi zen arte. Bertan, uztaidun bi paraboltez osatutako bilgunean bilgunea muntatu zuen.

- Ostia, fijau zea hurrengo luzea nolakoaen? - Galdetu nion hormatxo bertikala eskalatu, eta ezker aldera luzatuz, bigarren monolitoa behetik gora aztertzen nuen bitartean.

Nire parean bigarren monolitoa, betortz baten moduan, bertikal altxatzen zen. Hormaren hainbat lekutan harkaitza zuria ikusten zen, bertan egindako garbiketa sakonaren orbain moduan. Teorian 6a zailtasuna izanda ere, hemendik ikusita behintzat, gogorragoa zirudien.

- Tentea emateu bai - erantzun zidan nire pentsamenduetatik ateraz - gañea bi parabolt ikusteie.
- Ustet luzeko bakarrak diela - erantzun nion paraboltak horma grisean identifikatu nahian.

Bigarren bilgunea.

Bigarren monolitoaren oinera iristeko, bilgunetik 15 metro inguruko rappel bat egin behar da. Soka bilgunearen bi uztaietatik pasatu, erdiko puntura arte jaso, eta bi muturrei korapilo bana egin ondoren, bi muturrak bota genituen, rappela prest utziz.

Rappelatzen....

Bigarren "bis" bilera osatzen duen uztaidun paraboltetik aseguratu nintzenean soka askatu eta Asier rappelatzen hasi zen.

Bigarren "bis" bilgunean.

Asier rappelean.

Aspaldi rappel-ik egin gabe egoteko dena nahiko ongi eta txukun joan zen. Soka jasotzen hasi eta muturretako batean askatu ez genuen korapiloa goiko bilgunearen uztaian trabatuta geratu zen arte:

- Anda, no me jodas!!! - kexatu nintzen sokari tira eta tira eginez.

Soka sendo trabatuta zegoen, artaka-trabagailu baten moduan. Korapiloak paraboltaren uztaitik pasatzeko inongo intentziorik ez zuela ikusi genuenean rappelatutako 15 metroak eskalatu, korapiloa askatu eta rappel berri bat egin nuen, oraingoan badaezpada muturrean korapilorik egin gabe.

Rappelaren ezustekoak sortutako adrenalina igoera baretu zenean eskuak magnesio poltsaren barruan sartu, behatzak igurtzi, eta Asierri materiala hartu nion.

- 3º luzea, 25 metro, 6a. Materiala arnesaren uztaietan banatzen nuen bitartean ezin nion gainetik nuen hormari begirada kendu:

- Hemendio eztu hain bertikala ematen – esan zidan Asierrek pentsatzen ari nintzena asmatuz.

Bigarren luzetik iruditu zitzaidan horma “beldurgarriak”, azpitik ikusita, ez zuen hain “beldurgarri” ematen:

- Oaintxe ikusiko deu... – erantzun nion eskalatzen hasiz -, baña Rafa eta Sergio ezagututa, pasoa 6a bada seguro 6a dela, jejeje.

Luzearen lehen metroak izan ziren errazenak. Pixkanaka inklinazioa irabazten zihoan horma eskalatuz, ez nuen arazo handirik izan 6a pasagunearen atarian dagoen paraboltera iristeko (IV+). Lehen metro hauetan gainera, aseguruak jartzeko aukera handia dago.

- Hemendio pareta eztu hain etzana ematen… jejeje – bota nion Asierri irribarre behartu batekin.

Express-zinta pasatuta nuen pararbolta eta 2-3 metro gorago nuen beste paraboltaren artean dago bidearen zailtasunik handiena. Horma arakatzen hasi eta parabolten eskuinean harkaitza zuri kolorekoa zela ikusi nuen, Rafa eta Sergiok egindako garbiketa lanaren ondorioz. Bitan pentsatu gabe, lehen parabolta nire ezkerrean utziz garbitutako leku hau eskalatzen hasi nintzen.

Pasagunearen heldulekuak behe aldera orientatuak daudela ikusita, gorputza eskuin aldera baskulatuz zentimetroak poliki-poliki irabazten jarraitu nuen, uste nuena baino errazago. Lasai nindoan eskalatzen, ezertan pentsatu gabe, bigarren paraboltetik gertu nengoela 6a pasagunea eskalatzen ari nintzela pentsatzen hasi nintzen arte. Orduan kezkak, arnasketa azkarra eta hanketako dardarizoa hasi ziren. Dardarizoak oreka galdaraziko ninduenaren beldurrez, ahal nuen azkarren bigarren parabolta “txapatu”, eta ezker aldera zeharkaldi horizontal bat egin nuen bere parera iritsiz (6a). Dardarizoa kontrolatuta baina arnasestuka oraindik ere, paraboltaren gainetik dagoen horma inklinatua eskalatzen jarraitu nuen, horma makurtu batekin topo egin nuen arte (V).

6a zailtasuneko pasagunea eskalatu ondoren.

Beldur eta euforia sentimenduen arteko nahasketa bat nuen hormaren eskuineko ertzera zuzendu eta ertzetik eskalatzen hasi nintzenean. Baina euforia hau berehala desagertu zen nire gainetik irtenbiderik ez nuela ikusi nuenean:

- Enmarronau naiz!!! – Oihukatu nion laguntza ematerik ezin zuen Asierri.

Azkeneko asegurua urrun xamar jarrita nuela ikusi nuenean, ustezko eroriko luze baten itzalak beldurra eragin zidan. Urduri, inguruan ez nuen aseguru sendo bat jartzeko aukerarik ikusten eta behera begiratzen nuen bakoitzean azken asegurua geroz eta urrunago zegoela iruditzen zitzaidan.

Nengoen lekutik metro pare bat ezkerrago kanaltxo bat ikusi nuen. Zuhurtzia handiz, zeharkaldi horizontal bat eginez bertaraino iritsi, eta aseguru bat jarri nuenean, arnasa lasai hartu nuen (V).

- Ostia, larrigo eon naiz hemen 6a-ko pason baño!!! – Oihukatu nion Asierri.

Kanaltxoa, estu ibili ondorengo euforia handituz zihoanaren sentsazioarekin eskalatu nuen (IV).

Kanaltxoaren amaieran.

Hormatxo baten azpian kordel batez lotuak dauden bi parabolteko bilgunera iritsi nintzenerako endorfinen eraginpean euforiko nengoen, zoriontsu, inongo kezkarik gabe, jejeje...

Hirugarren bilgunea.
- AHHHHHGRRRRRJJJ!!!!

Asier aseguratzen ari nintzela identifikatzeko kapaz izan ez nintzen orro bat entzun nuen. Soka segurtagailutik pasatzen jarraitzen zuela ikusita, ez nion garrantzirik eman.

- 6a pason presa bat hautsi zait – esan zidan bilgunera iritsi zenean – ia eroi nintzen…
- Oain ulertzet entzun deten orroa – erantzun nion – ea oain 6a+ ez den, jejeje

Asier izandako ezustekoaren ondoren bilgunera iristen.

- 4º luzea, 30 metro, III. Asierrek hormatxo bertikala di-da batean eskalatu zuen (III), harkaitz-zubi batetik pasatuta duen soka batez aseguratua dagoena.

Eskalatzen hasi aurretik, hasierako hormatxoa ikusi daiteke.

Hormatxoa eskalatuta, metro batzuetan zuzen jarraitu, eta zuhaitzen artean galduz, ezkerrerako joerarekin doan ertzetik jarraitu zuen, harkaitz-zubi pare batek markatzen duten bidetik, horma batekin topo egin zuen arte (II/II+).

Zuhaitzetara iristen.

Zuhaitzen artean. Argazkian ikusten den express-zinta bidea adierazteko jarrita dagoen lehen harkaitz-zubian jarria dago.

Hormatxoaren oinean harkaitz-zubi batetik pasatako soka bat jarrita dago aseguru moduan. Bertatik luzeko laugarren express-zinta pasatu eta hormatxoa patxadaz eskalatzen hasi zen, hormatxoak osatzen duen ertzera iritsi zen arte.

Hormatxoaren oinean dagoen harkaitz-zubian jarritako soka.

Ertzaren ahotik, pixkanaka indartuz zihoan brisarekin jolasean, luzea amaitzear zegoela jakinda, mugimendu bakoitzari zukurik handiena atera nahian jarraitu zuen, eskaladaz gozatzen ari zenaren seinale.

- Reunioonnn!!! - hormatxo batean bi paraboltez osatuta dagoen bilgunera iritsi berria zen.

Laugarren bilgunean.

Laugarren luzea trantsizio-luze bat iruditu zitzaigun, bigarren monolitoa eta azken ertzaren arteko lotura bat, metro baten bi geralekuen artean zeharkatzen diren pasilloen antzekoa. Hala ere ez da luze itsusi bat eta gustura eskalatzen da.

- Oain datoz luzeik espektakularrenak... - esan nion materiala hartu eta arnesean zintzilikatzen nuen bitartean.
- Hala emateu - erantzun zidan Arbara ekialdeko hormaren goienera luzatzen den ertzari begira.

- 5º luzea, 30 m, IV. Bilgunetik ezkerraldera metro gutxi batzuetako zeharkaldi horizontala egin eta parean nuen horma bertikalaren oinera iritsi nintzenean, hemendik aurrera zailtasunak hasiko zirela baieztatu nuen. Banekien luzea non amaitzen zen eta noraino iritsi beharra nuen, baina parean nuen horma nondik nora eskalatu beharra nuen ez nuen batere argi. Hormak duen pitzadura bertikal batean Totem bat trabatu ondoren horma eskalatzen hasi, eta metro pare bat eskalatuak nituenean, ezkerrera jo nuen ezkerrean dagoen ertz estura igo nintzen arte (IV).

Ez naiz batere trebea ertza estuak eskalatzen eta edozein momentuan oreka galduko dudanaren kezkarekin eskalatzen dut, batez ere ertza harkaitz sendorik ez duenean. Honegatik, ertzaren ahotik eskalatzen jarraitu nuenean, eskalada osoko ziurtasun-gabezirik handiena sentitu nuen, ez eskalada bereziki zaila delako (IV), ertza tapizatzen duten harkaitz asko mendiari sendo lotuak ez daudelako baizik. Honelakoetan onena burua hotz mantendu eta aurrera egin aurretik atea jotzea izaten da onena, ustez sendoa dirudien harkaitzari heltzen diogunean ezustekorik ez izateko.

Ertzari metroak zuhurtzia handiaz irabaziz, harkaitz askeak kendu dituzten erlaitz zuri batera iritsi nintzen, bilgunetik 6 metro ingurura dagoena.

Bilgunearen azpiko erlaitzan...

Hemendik bilgunera ertza oraindik eta gehiago estutzen zela ikusita, ertzaren eskuin aldeko arrail batean Totem morea trabatu, soka bertatik aseguratu, eta kontu handiz eskalatuz, bi paraboltez osatutako bilgunera iritsi nintzen, horma bertikal baten azpian kokatutako erlaitz txiki eta estu batean.

Bosgarren bilgunean....

Bosgarren bilgunea gertuago.

Bilgunea muntatu ondoren. Azken luzean, nire ezkerrean ikusten den hutsune zuriaren ondotik eskalatu beharko genuen.

Luzean zeuden harri askeak ikusita, Asier ertza ahal izan zuen gehien garbituz eskalatu zuen, mendiari kendutako harriak nora botatzen zituen ongi begiratuz.

- Ze, totem-ak jarri ta ez dezu soka bertatik pasatzen? Jejeje - Galdetu zidan bilgunearen azpiko erlaitz zurira iritsi zenean.
- Ze ba? - erantzun nion harrituta.

Bilgunearen azpiko erlaitz "zurian". Hemen ertza ongi garbituta dagoela argi dago.

- Totem morea aseguratu gabe utzi dezulako - esan zidan.
- No jodas!!! - Erantzun nion -, eskerrak eroi ez naizen...
- Bai, ze buelo majoa ingo zenun... -, erantzun zidan.

Asierrek egindako argazkian ertzaren eskuinean argi ikusi daiteke soka aseguratu gabeko Totem-a.

Kuriosoak dira buruak tarteka egiten dizkigun azpikeriak. Totem hura trabatu nuen arte ez nintzen erabat seguru sentitzen. Totem-a trabatu eta soka pasatu nuela uste izan nuenean aldiz, bilgunera arteko metroak segurtasun osoz eskalatu nituen, erortzeko beldurrik gabe. Buruak zein ezberdin jokatzen duen seguru dagoela uste duenean...

- 6º luzea, 30 metro, V+. Asier bilgunera iritsi zenean, biok erlaitz estuan gutxi gora behera eroso egoteko ertzaren alde batera zintzilikatu nintzen. Gainetik horma makurtu bat genuen, krokisaren arabera V+ zailtasunekoa dena eta parabolt bat eta zinta gorri batekin aseguratua dagoena. Duen itxuragatik, Rafa eta Sergiok horma honi "harea-erloju" izena jarri zioten. Gure zalantzarik handiena ez zegoen horma honetan, honen azpiko harkaitz-plaka inklinatuan baizik, arrail batek goitik behera zeharkatzen badu ere itsasgarritasunezko eskalada egitea eskatuko zigula ikusi genuelako.

- Igual hobe dezu fisuran Totem bat sartzea - esan nion.
- Bai, hobe izangoa da, bai.

Harkaitz-plaka inklinatura igo eta ahalik eta azkarren Totem berdea arrailan trabatu zuen, bertatik express-zinta eta soka pasatuz. Aseguru sendo batek ematen duen segurtasunagtik kutsatuta, harkaitz-plakaren 3-4 metroak eskalatu, eta koska txiki batean zutik jarriz, "harea-erlojuaren" azpiko paraboltean luzeko bigarren asegurua jarri zuen (V):

Bigarren asegurua jarri ondoren.

- Onaaaaa!!! - animatu nuen bilgunetik.

Pasaguneetako eskalada problema matematiko batekin alderatu daitezke: biek dute soluzio bat eta bietan gakoa soluzio hori topatzean dago. Soluzioa ez dela topatzen? Ariketa ezabatu eta bide ezberdin batetik saiakera egingo dugu soluzioaren bila. Orain arteko kontzentrazioa galdu gabe, Asier "harea-erlojua" nondik eskalatu aztertzen hasi zen, pasagunearen soluzioaren bila. Soluzioa aurkitu zuela uste izan zuenean hormaren eskuinetik eskalatzen hasi zen.

Saiakera pare baten ondoren hormaren oinera itzuli eta pasagunearen soluzioa topatzeko aukera berri bat aztertzen hasi zen.

- Ezkerretio errexago emateu - esan nion -, bateze harrie garbittu duela ikuste delako.
- Konturau naiz, baña presan bat hausteko beldurre dauket - erantzun zidan hirugarren luzean izan zuen ezustekoa gogoan.

Aukera bakarra izango balu bezala, horma garbitutako arrasto zurietatik eskalatzen hasi, eta pare bat arnasesturen ondoren, pasagunea goitik aseguratzen duen harkaitz-zubi batetik pasatako zinta-uztaira iritsi zen (V+), "harea-erlojuaren" zailtasunik handiena atzean utziz.

V+ pasagunea eskalatu ondoren.

- Zemuzkoa iruittu zaizu?
- Buenooo, estutu behar izan det - erantzun zidan -, igual zu atzetio etorrita errexago iruittuko zaizu...
- Gutxiñez zailena eskalauzu...

Zintadun harkaitz-zubitik aseguratua egoteak Asier lasaitu zuen. Eta ez da gutxiagorako, estutu behar izan denean leku eroso bat topatzea itsasoaren erdian irla bat topatzea bezalakoa izaten baita, lasaigarria.

Une labur batez atseden hartu ondoren ertzaren ahotik eskalatzen jarraitu zuen, bat-batean gelditu zen arte. Sokak egiten zituen mugimenduentgatik Asier etengabe gora eta behera zebilea zirudien:

- Hemen plaka liso bat dau – esan zidan -, ta eztakit largoa hemendio zuzen dijon eo.
- Hemen jartzeo “se continua por la arista, escalando un corto diedro a la izquierda…” – erantzun nion Rafaren kronika irakurriz.
- Bale... - erantzun zidan kezkati.

Ertza utzita, mugimendu bakoitzean ahal izan zuen kontzentraziorik handiena jarriz, ezker aldera zeharkaldi horizontal bat egin zuen horma zuri batera hurbilduz (V). Horma zuri honetatik gertu mantenduz, zuzen eskalatzen jarraitu zuen belar eta lurrez estalitako arrail eta tarteak aprobetxatuz (V). Tentsio handiko unea izan zen fundamentuzko aseguru bat jartzeko leku on bat topatu ez zuelako, baina zentimetro bakoitza irabaziz hormara igotzea lortu zuen.

Behin hormaren gainean ertzetik jarraitu zuen, horma makurtu eta nabari batekin topo egin zuen arte.

- Hemen parabolt bat dau!!! – Oihukatu zidan bide zuzenean zegoela baieztatuz.

Hormaren oinetik mantenduz, eskuin aurpegitik zeharkaldia egiten hasi zen, zeharkaldian bigarren parabolt bat eta iltze bat topatu eta hormaren eskuin eta gainean ikusten den zinta gorrira zuzenduz (IV).

Zeharkaldiaren hasieran egindako argazki honetan bidearen azken metroen nondik norakoak ikusi daitezke.

Iltzearen paretik pasa zenean pixka bat igo eta zeharkaldi horizontal bat egin zuen eskuin aldera, zinta gorriaren azpian kokatuz. Azken metro bertikal batzuk eskalatu ondoren (IV) zintara iritsi zen. Azken bilgunea zinta gorritik 2 metro eskas gorago dago.

Asier bidearen azken bilgunean iritsi zen unea.

Seigarren, eta azken, bilgunea.

- Ze esatezu? - galdetu nion.
- Buenooo, estutu behar izan det... - erantzun zidan -. Ea zuri ze iruitzen zaizun...

Asierrek azken luzea eskalatzen zuen heinean haizea pixkanaka bizituz hasi zen: "hoixe behar det oain, arista haizekin eskalatzea", "animatu" nintzen. Ertzetan berez baldar xamar mugitzen banaiz, haizeak "plus" mental bat gehitu zion aurretik nuen eskaladari.

- Hegan ateako naiz!!! Jejejeje - bota nion eskalatzen hasi aurretik.

"Hegan ateako naiz!!!"

V+ pasagunean estutu behar izan banuen ere, honen ondorengo pasagunea (horma makurtua artekoa) ikaragarria iruditu zitzaidan, soka atzetik eramanez gero kontzentrazio handia eta burua hotz eramatea behartzen duena.

- Ostia txabal, muuuuuuuuchoooooo!!! - Oihukatu nion azken zeharkaldira iritsi nintzenean -. Tentsio gehio pasaet luze hontan de segundo 6a-ko luzean de primero baño, jejeje...
- Bestea gogorragoa zela iruittu zait, baña hau sikologikogoa da...

Azken zeharkaldian...

- Eztakit zeatio utzi duen zinta gorri hau reuniotik hain gertu - esan zidan bilgunera iritsi nintzenean.
- Igual azpitio ikusteko ta jakitteko noa jun behar den - erantzun nion.
- Bai, balitteke.

Eskalada-bide bat amaitzeak eragiten duen endorfinen jarioaren eraginpean hormaren gaineko harkaitzetan eseri eta materiala patxada osoz jasotzen hasi ginen. Eguraldiaren aldetik eguna itzela izan zen, euririk bota gabe eta bero handirik bota gabe.

Bidea eskalatu ondoren endorfinen eraginpean, jejeje

Ohikoa den moduan, pasatako tentsio uneen oroitzapena haizeak eraman zituenean, bideak sentiarazi zizkigun sentsazio positiboekin geratu ginen, eta horren fruitua da azken hausnarketa hau. Bidea asko gustatu zitzaigun, ikusgarria eta oso estetikoa, hormaren gainetik argazki itzelak egin daitezken horietakoa. Zailtasun mailari dagokionez, gure uste apalean Rafak eta Sergiok eman dioten zailtasun maila egokia da. Aseguru kopurua ere egokia da, nahiz eta, egun dauden eztabaidak kontutan izanda, baliteke batzuentzat urria eta beste batzuentzat ugaria izatea. 6a eta V+ pasaguneetan paraboltak egotea ezinbestekoa dela esango nuke, bi hormetako harkaitzaren kalitatea eta aseguruak jartzeko aukera eskasa dagoela kontutan izanda. Aitzitik, bidean egin den garbiketa lana itzela izan bada ere, harkaitza oraindik puntu konkretu batzuetan kontu handiz eskalatzera behartuko gaitu, baina bidea errepikatzen den heinean garbitzen joango denez, harkaitzaren kalitatea ez da bide hau ez eskalatzeko aitzakia izango. Laburtuz, bide gomendagarria inongo zalantzarik gabe, milesker Rafa eta Sergio opari honengatik!!!

"Begipean" azpitik ikusita.

KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- Viejas zapatillas bloga. 2019/11/01. Begipean (Ziordia). Eskuragarri: https://viejaszapatillas.com/2019/11/01/begipean-ziordia-2/
- Viejas zapatillas bloga. 2020/08/17. Begipean (Ziordia). Eskuragarri: https://viejaszapatillas.com/2020/08/17/begipean-ziordia/<br />