AZKEN 10 SARRERAK
pic du midi d'ossau etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
pic du midi d'ossau etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
2022/07/13
MIDI D'OSSAU (2.884 m): IZARRAK LURRERATU ETA PIRINIOETAKO GAILURRAK ARGITU ZITUZTEN GAU HURA 2022/07/02
Izar bat Midi D'Ossauko gailurrean.
Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.
Ideiak, sinesmenak edo ametsak, txoriak bezala, askeak eta kolore anizdunekoak dira, haizea, hodei eta izarrekin jolasteko jaioak. Ez ditut atsegin txoriak kaioletan sartzen saiatzen diren ehiztariak, ehiztariak pertsona, elkarte edo ideologiak badira ere, kaiola urrezkoa bada ere, atea irekita uzten badute ere.
Nire ideia, sinesmen edo ametsekin bat datorren ekimen edo aldarrikapen batean parte hartzeko eskatzen didatenean edo aukera dudanean ez dut bitan pentsatu ere egiten, txori-ehiztariak gertu ibili daitezkela dakidan arren. Hau izan zen Unaiek luzatutako gonbiteari baiezkoa eman nionaren arrazoi nagusia. Beno, eta bizipena, baita motxilaren pisua ere, Leku, Iker eta Asierrekin partekatuko nuela.
Uztailaren 2an "Gure Esku Dago" plataformak antolatutako "Pirinioetako bidea" ekimenaren barruan argiztatzeko aukeratu genuen mendia ezin zen beste bat izan, frantziar talde baten lapurreta saiakera bat pairatu genuen arren. Pirinioetako mendirik ederrena Vignemale bada ere, Midi D’Ossau da iparrizar titulua duena, ongi irabazitako titulua gainera, mendilerroko mendi guztiek bere inguruan biratzen dutelako. Honegatik edo, Raul kamerari profesionala bidelagun izango genuen, taldea lautik bostera handituz.
Mendi baten gailurrera arteko bidea beti bera da, baita bertaraino iristeko eman behar diren pausuak ere. Ahaztuta genuena zen Midira gailurrera iristeko eman beharreko pausu hauek ez direla modu berean ematen 15 kiloko motxilak sorbaldetan iltzatuta dituzunean, ezta, arrazoi beragatik, tximinien zailtasuna igotzen denik ere.
"16:00, Midi D'Ossau, gorantz"
Igoera espero bezala joan zen: sorbaldak minberatuta, ura aurreztearen mesedetan deshidratazio puntu bat eta ohiko baldarkeriaren eraginez gailurreko harkaitzekin hanketan hartutako kolpeak, Ikerrek hartu zuena batez ere.
Pombie mendilepoan Midiri begira, betiko itxura helezinarekin, beti bezain eder.
Pombie aterpearen parean.
Lehen tximiniaren oinera iristen, parean Ekialdeko kontrahorma ikusi daiteke.
Lehen tximinian, hiruetatik zailtasunik handiena duena.
Bigarren tximinian.
Bigarren eta hirugarren tximinien arteko hormatxo motzean.
Hirugarren tximiniari, igoerari saltsa pixka bat emateko edo, ezkutaketara jolastera bururatu zitzaion, bidea mugarri galgarriez estali eta GPSa erotuz. Rein de Pombie igo genuen azken alditik hartxingadia luzatu egin dela ere iruditu zitzaigun. Hori bai, giro ona ez zen inongo momentuan erori, beheraka zetozen mendizale guztiek gailurra uzten azkenekoak zirela esaten baziguten ere. Eta hau guztia Raulen grabaketen artean, gora eta behera denbora osoan, a zer nolako pasada hartu zuen.
Hirugarren tximinia "aurkitu" genueneko argazkia. Tximiniaren goiko gurutzea ikusi daiteke.
Gailurrera iristen, atzean Midiren gailurraurrea ikusi daiteke.
"20:45, Midi D'Ossau, gailurra"
Gailurrean, arnasestuak, pisua lurrean uztearen lasaitasuna, eta bakardadea, aire korronteekin jolasean batera eta bestera zerua marraztuz zihoan belatxinga talde batek apurtzen zuena. Harri baten azpian “kleenex” batek opari marroi bat ezkutatzen zuen bibak eder bat baztertu ondoren, motxilak gailurrean zehar sakabanatutako beste bibak lekuetan banatu genituen. Ez nuen sekula pentsatuko zerriek 2.884 metroraino igotzeko abilezia izango zutenik.
"Nor dator nirekin gailurraurreko argia muntatzera?" zioen Asierren begirada isilak gure begirada nekatuekin gurutzatzen zen bakoitzean. Nekeak gogoa lapurtzen du baina honaino bihotzari kasu egitera igo ginen eta jakina da bihotzak gogoa berpizteko indar nahikoa duela; honegatik tripodea, bateri bat eta "Gure Esku Dago" plataformaren bandera bat hartuz Asierren pausuak jarraitu nituen.
Gailurraurreko argia muntatzen.
Gailurraurreko argia, atzean gailurrekoa ikusi daiteke.
Midiko gailurreko argia.
Raul, bizipen eta uneen "harrapagailua" eskuetan duela.
Solomo eta tortilla ogitartekoen usainen artean ezerezetik txori batzuk agertu ziren, ogi apurren bila zetozenak. Ba al da mendi baten gailurrean lagun artean etxean egindako ogitarteko goxoa jatea baino plazer handiagorik? Ez, oraingoan lurrera ez zen ogi apurrik erori, eta txoriak etsita, agertu ziren bezala desagertu ziren.
Afaltzeko prestatzen.
Gailurreko ogitartekoak plazer hutsa badira, ilunabar eta egunsentiak ordaindu ezineko ikuskizunak dira, palkoko eserlekua duzunean batez ere. "Eta guk palkoan lekua ongi merezita genuen!!!" Hodeiek osatzen zuten atze-oihalaren bestaldean eguzkia eguneko azken ikuskizuna antzezteko prestatzen zen bitartean, gailurreko eserleku pribilejiatuetan lekua hartzen hasi ginen. Haizeak atze-oihala altxatzearekin batera ikuskizuna hasi zen.
Ikuskizuna hastear...
Raul detaile guztiak harrapatu nahian.
Midiko taldea.
Ilunabarra ikuskizun hunkigarria da, intimoa, egunaren amaiera bada ere, kolore biziz janzten duena. Irudi batek mila hitzek baino gehiago balio badu, ilunabarra horren isla da. Pentsamendu eta hausnarketa sakonenak azaleratzeko ahalmena du, eta beharbada honegatik ikuskizun isila da.
Hausnarketarako unea.
Eguzkia eta lurra besarkatzear.
Eguzkiak hodeiak urrez eta laranjaz tindatzen zituen bitartean, zeruertzera hurbilduz joan zen, denbora geldiezina dela gogoratuz. Honelako uneak izaten dira zorionekoa naizela gogorazten didatenak, nahiz eta tristura puntu bat ere eragiten didaten, ez ditudalako zure ondoan partekatzen.
... ez ditudalako zure ondoan partekatzen.
Zeruertzarekin elkartu eta lurrak besarkatu zuenean, eguzkiak bizitza aldarrikatuz azken oihua bota eta ortzia mendebaldetik ekialdera gorri biziz margotu zuen, utziko zuen hutsunea nolabait bete nahi izango balu bezala. Ikuskizunaren amaieran ez zen txalorik izan, ezta hitzik ere, ezer esateko ez zegoelako. Ehunka ilunabar ikusi baditut ere denak izan dira ezberdinak, bakarrak, errepikaezinak, neguko goiz hotz batean eroritako elur malutak bezala.
Zerua gorri biziz tindatuta.
Une hauengatik bakarrik merezi du mendien gailurretan egotea.
Raulen kamera sutan...
Gorriak indarra galdu eta iluntasuna nagusitzen hasi bitartean bada une bat zerua kolorerik gabe geratzen dena, zerua eguzkia lotaratzearen dolua egiten ariko balitz bezala. Une horren amaieran izarrak, gauaren iragarle, bata bestearen atzetik pixkanaka pizten hasten dira, zerua argi pinportez zipriztinduz.
Izarrak pizteko zain.
Baina gaurkoan izarrek, zerutik jaitsita, Pirinioetako gailurrak piztea erabaki zuten, zeruko amets, desio eta nahiak eskuetako hatzekin ukitu ahal izateraino hurbilduz.
Pirinioetako gailurretako izarrak...
Zeruan iluntasuna nagusituz zihoan heinean gailurretako izarren argiaren distira geroz eta gehiago nabarmentzen joan zen, momenturik ilunenean argiek gehien argitzen duten unea dela gogoraziz. Izar bat, beste izar bat, beste izar bat... gailurretako iluntasunean deskubritzen genuen izar berri bakoitzaren atzean mendizale talde bat zegoela jakiteak hunkitu ninduen. Eta izar guztiak bide berean, argi bera eginez, amets bakarra aldarrikatuz. Nolatan ez dira izarrak jaitsiko herriek zer izan nahi duten askatasunez erabakitzeko duten eskubidea aldarrikatzeko, hauek hartzen duten erabakia edozein bada ere? Ez al dugu amets bera bilatzen norbanakoekin? Orduan, zergatik ez herri batekin?
Midiko izarrak.
Pirinioetako argi-bidearen zati bat.
Gu horrela ikusten gintuzten. Argazkia Iñigo Lazkozena da.
Izarrezko argi-bideak ordu eta erdiz argitu zituen Pirinioetako gailurrak, gailurretan geundenon ametsak. Ekintza xumea egin genuen, hunkigarria, errespetutsua, ideologiarik ulertzen ez duen isiltasunean.
Izarraren azpian denbora pasa.
Izarrek gailurretatik zerura itzuli zirenean lo-zakuetan sartu ginen. Elkarren ondoan pasa genuen gau ikusgarrian anaia eta biok Hartz Handiarekin jolastuz iparrizarra deskubritu genuen, Esne Bidea agurtu genuen eta noizik eta behin zerua marrazten zuten izar iheskorrei desioak eskatu genizkion. Tarteka gogor jo zuen haizeagatik izan ez balitz gau ederra izan zen.
Hoteleko logelako bistak.
Ez dakit zein ordu zen haizeak esnatu ninduenean, baina zerua gau osoan argitu ondoren izarrak itzaltzen hasita zeuden. Lo-zakura nahi baino lehenago eraman zuen ondoeza gaindituta, Raul, kamera eskuetan, batera eta bestera berpiztuta zebilen. Gorputzak sendatzeko izaten duen ahalmena beti izan da misterio bat niretzat.
Raul berpiztua.
Ilunabarra ikuskizun itzela bada, egunsentia zer esanik ez. John Lennon-ek esan omen zuen egunsentia ikuskizun ederra bada ere, ikusle gehienak lo egoten direla oraindik. Lo egoten zaretenontzat, gailur batean egunsentian zerua beltzetik zurira pasatzen da, hutsean geratuz. Eta gau osoan atseden hartu ondoren, eguzkiak pixkanaka, mihise bat izango balitz bezala, zerua suzko kolorez margotzen hasten da mendi eta bailaratan argi eta itzalez osatutako dantza paregabea sortuz. Ez da erraza honelako ikuskizun bat hitzetan jartzea baina sentiarazten zaituena ez dut uste bake eta askatasun sentsaziotik urrun egongo denik.
Lo-zakua jasotzen eguzkia irten baino lehen.
Egunsentiaren miraria badator...
Eguzkiaren lehen izpiak ekialdeko mendien atzetik irten zirenean isiltasuna nagusitu zen. Zerua laranjaz jantzi eta mendietako itzalak infinituraino luzatu ziren argitasunetik ihesi. Inguratzen gintuzten mendi eta bailarak urre eta gorriz koloreztatzen hasi ziren egun berria agurtuz. Egunsentia gogoko dut, aurretik egun berri bat bizitzeko aukera dudala gogorazten didalako.
Egunsentiaren magia.
Raulen kamera sutan.
Mendi eta bailarak kolorez janzten.
Eguzki izpiek mendien itzalei tiraka hasi zirenean motxilak egin genituen, gure inguruan hegan hasi zen putre harro baten begirada axolagabearen azpian. Tristura eragiten du motxila eginda ikustea, gailurra utzi eta bailarara itzuli behar duzula esaten dizulako, baina ez genuen ordu batzuk beranduago igoko zen jendetzarekin borrokan hasteko gogorik. Midiko putrea bezalakoa izan nahiko nuke, gailurretik gailurrera hegan egin eta munduari zerutik begiratzeko, loturarik gabe, aurreiritzirik gabe.
Gidoirik gabeko elkarrizketa motz eta grabatu baten ondoren, putrearekin batera gailurra utzi genuen.
"7:45, bibaka, Midi D'Ossau, beheruntz"
Motxilak egin ondoren.
Midiren egunsentiko itzala.
Petit Midi eta Midiren itzala.
Eguzki izpiak itzalei tiraka.
Elkarrizketa unea.
Jaitsiera Midi-a bezalako mendi batean espero daiteken bezalakoa izan zen: Rein de Pombie-n eta hirugarren tximinian ia bakarrik, eta bigarren eta lehen tximinietan igotzen ari zirenak ez molestatzeko rappela tximiniatik kanpo eginez. Ez genuen ezusteko handirik izan jendetza biltzen den mendi bat izateko; frantses batzuek nahigabe bota eta Raul rappelatzen ari zen lekutik metro gutxi batzura pasa zen harritzarra, eta azken tximinia rappelatzen ari nintzela sokaren azpitik sartu zitzaidan egonarri gutxiko mendizale sinpatiko bat ekiditeko eman nuen saltoak eskuin hankan eragin zidan kolpea. Oraindik ere maitasun osoz gogoratzen dut gertakari hau, hanka minberatuan dudan koskor eta ubelduari begiratzen diodan bakoitzean.
Bigarren tximiniara iristen.
Bigarren tximinia rappelatzen.
Azken rappela prestatzen.
Azken rappelean, Midi bezalako mendi batean seguruena goiz ibiltzea da.
Tximinietako zalaparta eta galdutako mugikorra aurkitu zuen mendizale zoriontsu bat atzean geratu ziren arte ez genituen kaskoak kendu, beharbada oraindik bigarren tximiniako harkaitz itsu eta jauzilaria gogoan genuelako. Hemendik behera eguzkitako krema saioa, umore ona, irribarreak, Raulek Pombie aintziran hartu zuen bainua, eta Peyreget-eko izarraren azpian egon zen mendizale taldea ezagutzeko aukera: aupa neskak!!!
Suzon mendilepora iristen.
Balaitus, Palas, Arriel...
Midi-a Pombie aterpetik ikusita.
Pombie aterpearen itzalpean motxilan soberan zegoen ogitartekoaren pisua sorbaldetatik urdailera pasa arren, kotxera iritsi arte ez ziren hauen kexak isildu.
Irribarreak, besarkadak, etorkizuneko planak, promesak eta agurrak. Honela amaitu izan dira mendiko irteerak, norbait ezagutzen duzunean batez ere. Honela amaitu zen gure irteera ere.
"12:13, Midi D'Ossau, bukatuta"
Taldeko argazkia. Aupa zuek!!!!
Hurrengo egunak tristura handiz gogoratzen ditut, txorien ehiztariak batetik zein bestetik agertu zirelako ekimen hau babestu, kritikatu edo gaitzesteko. Horren isla sare sozialetako eztabaida eta komentarioak, komunikabideek ekimenaren berri emateko modua, politikoen aldeko eta kontrako adierazpenak eta beraien burua politikotzat ez dutenen jarrera politikoak. Midi-ra hurbildu ginenak argi genuen zer aldarrikatu nahi genuen; honegatik tristura eragin zidan ekimen honek izan zitekeen oihartzuna baliatuz beste aldarrikapen mezu eta banderak ikustea, nahiz eta aldarrikapen hauekin ados egon nintekeen. Historian zehar mendia aldarrikapen eta propaganda lekua izan da; gailurretan jarritako ikur erlijioso eta politikoak, banderak, pintadak edo hain modako dauden mendi-lasterketetan adibidez, marka komertzialen publizitatea ikustea besterik ez dago. Maite ditugunei agur esateko lekua ere bihurtu da, gailurretan beraien errautsak astinduz edo plakatxoak jarriz. Ez dut egin genuena justifikatu nahi eta ulertzen dut mendia aldarrikapenetarako lekua ez dela esaten dutenen iritzia, zenbait mendietan gertatzen dena ikusi ondoren ados nagoelako. Baina kronikaren hasieran idatzi dudan moduan, Unairi ekimenean parte hartuko nuela esan nionean banekien txori-ehiztariak gertu ibili zitezkeela.
Ingurumenarekin errespetutsu izan ez ginela esaten dutenak dira min egin didaten argudioak. Beti egiten dugun moduan mendiarekin arduratsuak izan ginen eta sortu genuen zabor guztia etxera eraman genuen. Argiek sortu zezaketen ustezko ingurumen-inpaktuari dagokionez, "Parc National des Pyrénées" parkeko agintarien jarraibideak jarraitu genituen denbora osoan eta lanparak plastiko hori batez estali genituen, Midi-a argi zuriekin argiztatzea debekatuta zegoela esan zigutelako. Argiak piztuta egon ziren denborari begiratuz ere, argiak ordu eta erdiz "soilik" piztuta egon ziren. Hau guztia Midi-ari dagokionez, beste mendietan ekimena zer eta nola eraman zen epaitzeko ez daukat argumenturik, bertan ez nintzelako egon.
Momentu magikoez ondutako bi egun izan ziren; isuritako malkoak gailurrean geratu ziren, isuri gabekoak aldiz izarrek ametsak betetzen diren lekura eraman zituzten. Bizipen itzela izan zen, fisikoki gogorra baina emozionalki oso hunkigarria, arima ukitzeraino. Eta ez dago ehiztaririk bizipen hau kaiola batean sar dezakeenik.
Ordenadorearen tekladuaren atzean begiak ixten baditut gailurreko ogitartekoen usaina iristen zait, eta gure arteko txantxak eta umore ona gogoratuz, aurpegian oraindik ere irribarre bat marrazten zait.
Nork argitaratua:
Xabi "Smithy" Mujika
ordua:
20:22
Etiketak:
gure esku,
gure esku dago,
lights for freedom,
midi,
midi d'ossau,
pic du midi d'ossau,
pirinioetako bidea,
smithy,
smithyrenbloga,
via pirinenca
2021/09/03
MIDI D'OSSAU, GRAND PIC (2.884 m): IPAR HORMA ETA EMBARRADÈRE ERLAITZETIK, 650 m, AD/IV. 2021/08/18
Traductor al castellano, English traslator, traducteur française.
Goizeko ordu bietan behe-laino itxiak aparkalekua estaltzen jarraitzen zuen, kotxeak ezkutatu eta gauaren iluntasuna hotz eta hezea mantenduz. Maskuria arindu ondoren, lo-zakuaren berotasunera itzultzea eskertu nuen.
Goizeko laurak eta erdi ziren alarmak esnatu gintuenean.
- Izarrak ikusteittuk!! – bota zidan Lekuk lo-zakutik salto egitearekin batera.
- Ilea hartzen ai al haiz?
- Ez, ez, zerue oskarbi zeok!!
Furgonetatik burua atera eta lanbroaren artean izar batzuk ikusi nituen: “joder, arrazoiaukek!!!”. Behe-lainoa frantziar bailaretara pixkanaka jaisten ari zela zirudien, bere atzetik izarrak agerian utziz.
Bezperatik erabat lehortu gabeko arropa jantzi, ahal izan genuen azkarren gosaldu, eta behe-lainoarekin batera, Portalet mendatea atzean utzi eta Aneu aparkalekura jaisten hasi ginen, amets zahar bat betetzeko asmotan: Grand Pic du Midi D’Ossau mendiaren gailurra, ipar horma eta Embarradére erlaitza zeharkatuz.
Ez dut uste Midi D’Ossau mendia ezagutzen ez duen pirineistarik dagoenik. Buruz behera jarritako hagin erraldoiaren itxurako mendi honen gailurrera iristeko derrigorrez eskalatu beharko dugu, honegatik, urteetan zehar bere tximinia eta hormetan beraien trebezia frogatu nahi izan duten mendizale eta eskalatzaileak asko izan dira.
Lehen igoera dokumentatua 1796ko urriaren 3koa da, Frantziako Iraultzatik 7 urte eskasera, duela 225 urte!!! Igoera hau Guillaume Delfau eta Matthieu artzainak burutu bazuten ere, igotzen hasi baino lehen Matthieuk Delfauri gailurra aurretik beste artzain batek zapaldua zuela ohartarazi zion. Gailurrera iritsi zirenean harriz osatutako mugarri handi bat topatu zuten, aurretik igotako artzainaren seinale. Delfauk igoera honen kontakizuna "Voyage au Pic du Midi de Páu" kronikan idatziko zuen, lehen aldiz 1796 urtean eta bigarren aldiz 1797an.
Benetako lehen igoera 1790 urtean izan zen. Garai hartan, Junker geografoak horrela eskatuta, Ossué bailarako artzain batek (badirudi artzain honek Matthieu-ri igoeraren nondik norakoak azaldu zizkiola) Delfauk sei urte beranduago gailurrean topatuko zuen mugarri handia eraiki zuen, Junkerrek erpin geodesiko moduan erabili ahal izateko. Junkerrek 1790ko abuztuaren 20an idatzi zuen Midian neurriak hartzen aritu zela mugarria erreferentzia bezala hartuz, horregatik pentsatzen da gailurreko mugarri hau gutxienez abuztuaren 19an eraiki zela.
Midiren ipar-horma ikusgarria, Bious-Artigues lakutik ikusita.
Midiren ipar-hormaren lehen zeharkaldia eta Embarradére erlaitzaren lehen igoera 1896eko uztailan iritsiko zen, Henri Brulle, Célestin Passet, René d’Astorg eta François Bernat Salles-en eskutik. Merezi du Henri Brulle eta Célestin Passet-ek osatu zuten taldeari arreta jartzea, beraien eskutik iritsi zirelako Pirinioetan gaur egun ere eskalatu daitezken eskalada handi batzuk, besteak beste, Gavarnieko ur-jauziko horma (1887), Vignemaleko Gaube korridorea (1889), Petit Vignemaleko ipar-mendebaldeko ertza (1890), Neouvilleko hegoaldeko ertza (1891), Marboreko ipar-mendebaldeko aurpegia (1892), Petit Astazouko ipar-mendebaldeko ertza (1892), Gran Astazouko ipar aurpegia (1893), Tailloneko ipar aurpegia (1895), etab. Ezin dugu ahaztu 1900 urte inguruan gaudela. Oraindik ez dago ez katu-oinik, ez soka sintetikorik, ez kaskorik, ez arnesik, ez egun aseguratzeko dugun materialik, ezta krokisik ere. Harkaitzean gehienetan abarketekin edo oinutsik eskalatzen zuten, espartzuko soka bat gerrian lotuta zutela. Izotzerako aldiz, metro eta erditik gorako piolet luzeak eramaten zituzten izotzan mailak egiteko eta errementariren batek egindako kranpoiak. Gaur egun zailtasunaren aitzindari izan ziren mendizale hauek irekitako bideak eskaladako material modernoarekin errepikatzen ditugunean, zuten adoreaz, zuten ikuspegiaz eta zailtasuna bilatzeari zioten maitasunaz ohartzen gara.
Mendizale hauei guztiei ireki ziguten atearengatik eskertuak egon beharko ginateke.
BIDEAREN DATU BATZUK
- Luzera: 650 metro.
- Nork irekia: Henri Brulle, Célestin Passet, René d’Astorg eta François Bernat Salles, 1896ko uztailan.
- Zailtasuna: AD/IV.
- Orientazioa: Iparraldea batez ere. Udan eskalatzeko ibilbide polita izan daiteke.
- Ura: Pombie aterpearen ondoko iturrian.
- Hurbilketa: Aneu aparkalekutik Midi D'Ossaura doan ohiko bidea hartuko dugu. Suzon lepora iritsitakoan, oraindik bide honetatik jarraitu eta lehen tximiniara iritsi baino 60-75 metro lehenago dagoen harlauz nabarmen batera iritsi aurretik eskuinera doan bidea hartuko dugu (mugarri txiki bat dago), Moundelhseko goiko arrakalara doana. Arrakala hau zeharkatu ondoren, parean dugun hartxingadi zabala zeharkatuko dugu altuerarik ia galdu gabe, austriarren arrakalara zuzenduz. Austriarren arrakalara iristeko 8-10 metrora, ezkerrean dugun harkaitz-plaka inklinatuan eskalada hasiko dugu (mugarri bat egur batekin). Aparkalekutik bidearen oinera bi ordu eta hiru ordu laurden pasako ditugu.
- Jaitsiera: Midi D'Ossauko ohiko bidetik. Gailurretik aparkalekura hiru ordu eta erdi inguru pasako ditugu.
- Eramandako materiala: 50 metroetako soka bat, luzera ezberdineko 8 express-zinta, Totem jokoa eta luzera ezberdinetako zinta-uztaiak harkaitz-zubi eta blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke gure artean oihuka ez aritzeko.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Kotxetik kotxera hamar ordu eta erdi. Bidea eskalatzeko lau ordu inguru.
Bidea deskargatu nahi baduzue. Kontutan izan behin eskalatzen hasten denean ibilbidea ez dela batere fidagarria.
Powered by Wikiloc
BIDEAREN KROKISA
Ibilbidearen nondik norakoak.
Ibilbidearen krokis zehatzagoa.
DESKRIBAPENA
Goizeko bostak joak zirenean D934 errepidea zeharkatu eta Midi D’Ossauko ohiko bidea hartu genuen. Zeruan izarrak ikusteak bezperan behe-lainoak sortutako zalantza eta beldurrak berehala uxatu zituen. Hau gutxi ez bada, tenperatura itzela zen, ez hotza ezta beroa ere, ibiltzeko primerakoa.
Ez zegoen zalantza edota beldurrik sentitzeko inongo arrazoirik…
…hesi baten barruan zegoen artalde bat zaintzen zuten mastinak zaunka egiten hasi zitzaizkigun arte.
- Zer zerek hesin barrun? – Galdetu zidan Lekuk iluntasunean pixkanaka hurbiltzen ari ziren begi distiratsuei begira.
- Ezetz esango nikek – erantzun nion beldurtzen hasita.
Mastinak geroz eta gertuago zeudela ikusita, bidetik atera, eta mugimendu zakarrik egin gabe, pixkanaka itzulinguru zabal bat egiten hasi ginen, begi distiratsu mehatxagarriei begirik kendu gabe. A zer nolako lasaitasuna hartu genuen bidera itzuli eta gure atzetik ez zetozela ikusi genuenean!!!
Mastinen zaunken oihartzuna metro askotan bidelagun izan genuen arren, gertaera desatsegin hau alde batera utzita, Soum de Pombie mendi-lepora arteko igoera ezustekorik gabe egin genuen.
Mila alditan zeharkatu baduzu ere, Soum de Pombie mendi-lepoko ikusmirak ahozabalik uzten duen horietakoa da. Zeru izartsuaren erdian Midiren silueta ilunaren kontrastea nabarmentzen zen, desafiatzaile, mendizale eta eskalatzaileen trebezia probatzeko zain. Ekialdean aldiz, Tena bailarako mendiek osatutako zeruertza definitzen hasita zegoen, arkatz fin batez marraztutako zerra amaigabe bat izango balitz bezala.
Goizeko seiak eta hogei ziren arren, Pombieko aterpearen inguruan sakabanatutako kanpin-denda eta bibak lekuetan mendizaleen mugimendua hasita zegoen, bakoitza bere erritmoan, bakoitza bere ametsa bete nahian. Aterpearen barruan argi bakarti batek ordu batzuk beranduago mendian gora eta behera inurrien moduan ariko zirenen presentzia salatzen zuen.
Pombie aterpera iristen.
Aterpearen ondoko iturrian zintzurra freskatu ondoren martxan jarraitu genuen, mendizaleen joan etorriek sortutako soinuak atzean utzita. Argitasunak gauak itzalitako zelaietako koloreak eta mendietako erliebeak berreskuratzen zituen bitartean Suzon mendi-lepora hurbildu ginen.
- Egune dotorea zetorrek – esan zidan Lekuk.
- Egunsentiere halamuzkoa izangoek – erantzun nion.
Suzon mendi-lepora iristen. Jaitsieran niren eskuinean dagoen zelai sutan topatuko genuen.
Suzon mendi-lepora zazpiak joak zirenean iritsi ginen. Bertan mendizale gazteen talde txiki bat eserita zegoen, gosaltzen, alai, egunsentiaren zain. Gauean gainak hezetu zituen behe-lainoa mendi-lepoaren bestaldeko bailara sakonetan ezkutatuta zegoen, pagadiez inguratutako bailarei kotoizko laku erraldoien itxura emanez. Bailaren gainetik, zeruertza pixkanaka horituz zihoan, egunsentia hastear zegoenaren seinale.
Suzon mendi-lepoko ikusmira.
Suzon mendi-lepotik gora hasi ginenean, Moundelhs arrakala identifikatu eta bertaraino iristen den bidexka non hasten den begiratzen hasi ginen:
- Goien dauneko eguzkie jotzen hasita zeok - esan zidan Lekuk Midia seinalatuz.
Atzera begirada, Suzon mendi-lepoa pixkanaka beheran geratzen da.
"Moundelhs arrakala identifikatu eta bertaraino iristen den bidexka non hasten den begiratzen hasi ginen...".
Abiadura aldapara egokitzen genuen bitartean, eguzkiak Midi-a goitik behera urre kolorez margotuz zihoan, presarik gabe, ekialdeko kontrahorma bete-betean argituz. Ezinbestean burura etorri zitzaidan kontra-horma hau Asierrekin batera iaz eskalatu nueneko eguna, zailtasun tekniko handirik gabe Midira igotzeko aukera paregabea ematen duena.
Eskalada honetan pentsatzen ari nintzen bitartean, Leku Midira doan ohiko bidea uzten den lekura iritsi zen, mugarri txiki batez adierazita dagoen bidegurutze bat. Bidegurutze hau , 25-30 metro gorago dagoen harkaitz-plaka handi eta berezi baten azpian dago.
Leku Midiko ohiko bidea uzten den bidegurutzean, bere gainean harkaitz-plaka handi eta berrai ikusi daiteke.
Moundelhs arrakalara doan bidexkak Midiren ipar-ekialdeko aurpegia horizontalki zeharkatzen du ia altuerarik galdu gabe.
- Atzetio bi mendizale zetozek – esan zidan Lekuk bat-batean.
Suzon mendi-lepotik gorako aldapan bi mendizale ikusi zitezken, atzean zuten paisaia ikusgarriarekin kontrastatuz. Bitan pentsatu gabe argazki-makina atera eta argazki pare bat egin nien.
"Bitan pentsatu gabe argazki-makina atera eta argazki pare bat egin nien".
- Zaile izangoek gu goatzen lekura jutea, normalen iparretik jendea eztek igotzen eta… - erantzun nion.
Zeharkaldiaren amaieratik Moundelhs lepora iristeko aldapa belartsu bat igo behar da. Aldapa igotzen hasi ginenerako eguzkiak bete betean jotzen gintuen, eguneko lehen izerdi tantak botatzera behartuz. Honez gain, gure ezusterako, atzetik zetozen bi mendizaleak guk hartutako bide bera hartu zutela ikusi genuen.
Zeharkaldiaren amaieran.
Moundelhs arrakalara iristeko igo behar den aldapa belartsua.
Goizeko zazpiak eta erdietan Moundelhs arrakalara iritsi ginen:
Moundelhs arrakalan.
- Oain zer? – galdetu zidan Lekuk.
- Ba oain bestalden zeoken harrikarea zeharkatu beharra zeukeau bretxa de los austriakosera iristeko – erantzun nion – hitok omen zerek.
Arrakalaren bestaldera pasatzearekin batera Moundelhs zirkuan sartu ginen. Parean genuen hormaren oinetik ahalik eta gertuen mantenduz, harri txikiez estalitako bidexka batetik kontu handiz jaisten hasi ginen, berehala zeharkatuko genuen hartxingadiaren bila. Gure azpian, eguzkiaren lehen izpiek argituta, Moundelhs ertza ikusgarria ageri zen, kotoi zuriz estalitako bailaraz babestua.
"Gure azpian, eguzkiaren lehen izpiek argituta, Moundelhs ertza ikusgarria ageri zen, kotoi zuriz estalitako bailaraz babestua".
Hartxingadira iritsi ginenean orain arte jarraitutako bidexka harrien artean desagertu zen. Hartxingadia zeharkatzen hasi aurretik austriarren arrakala gutxi gora behera non zegoen identifikatu, eta ahalik eta altuera txikiena galduz, hartxingadia zeharkatzen hasi ginen.
Hartxingadiaren lehen metroetan. Eguzkitan, austriarren arrakalara iristeko igo behar den aldapa belartsua ikusi daiteke.
- Etzaiak bate gustatzen leku hauetatik ibiltzea – kexatu nintzen – batez ere jaitxieran, jejeje.
Ezerosoa ez bada ere, hartxingadia harrien artean irrist ez egiteko oinak non jarri ongi begiratuz zeharkatu genuen. Austriarren arrakalara iristeko igo behar den aldapa belartsua begiradatik kendu gabe jarraitu genuen, bide definiturik jarraitu gabe.
Atzera begirada. Argazkian gutxi gora behera jarraitu genuen bidea marraztuta dago.
Austriarren arrakalara daraman aldapa belartsua harri eta belarraren arteko mugatik igo ondoren eskalada hasten den lekura iritsi ginen:
- Bueno, asuntoa hemendio gora hasteek – esan nion Lekuri eskalada hasten den lekua seinalatuz.
"Asuntoa hemendio gora hasteek". Argazkian eskaladaren lehen metroetako nondik norakoak azalduta daude.
Eskalada ez da arrakalan bertan hasten, bertara iritsi aurretik 8-10 metro beherago baizik (ekialdeko isurialdean), hormak duen ahuldaderik nabarmenean. Harritu ninduen bidearen hasieran makil tente bat zuen mugarri txiki bat topatzea, bidearen hasiera modu honetan adierazita dagoela inon irakurri gabe nuelako.
Bidearen hasiera eta lehen metroen krokisa austriarren lepotik ikusita.
- Atzekok hortxe zetoztek!! - bota zidan Lekuk eskaladako materiala prestatzen ari ginen bitartean - , ta atzetio beste kordada bat ere bazetorrek.
- Joer, ba honea eztek ba jende asko etortzen - erantzun nion - badek marka gaur hiru kordada hemendio igotzea.
Atzetik zetozen sokadak iristen ziren bitartean barratxo energetiko bat jan eta ura edateko aprobetxatu genuen. Eskalada ia bere osotasunean itzalpean egingo genuenez, eguzkitako krema gailurran emango genuela adostu genuen.
- Bonjour!!
- Bonjour!!
Bi sokadak gure parera iritsi zirenean goizeko zortziak joak ziren. Lekuri keinu bat eginez horma eskalatzen hasi nintzen.
Metro pare bateko eskalada tentearen ondoren (III) horma etzaten da. Tarteka belarra duen diedro ireki (edo arrail zabala) itxura duenetik zuzen eskalatzen hasi nintzen. Lehen metro hauetan aseguru bat jartzeko lekurik topatu ez banuen ere, zailtasunaren aldetik ez dira zailak.
10-12 metro inguru eskalatuak nituenean (III), lehen express-zinta pasatzeko spit bat topatu nuen.
Spit-a dagoen lekuan.
Behera begirada. Lekuren atzean austriarren arrakalara iristeko igo behar den aldapa ikusi daiteke.
- Hemendio gora pareta gehiegi tentetzeekela emateik!!! - oihukatu nion Lekuri -, Ezkerretio beidatukoiat ea zer zeoken.
Spitetik gora metro gutxi batzuk igo, eta gainean nuen horma bertikalera iritsi baino lehen, ezkerrera 2-3 metro inguruko zeharkaldi horizontala egin ondoren (II), hormaren ezkerrean dagoen tximinia etzan baten oinera iritsi nintzen. Bertan mugarri bat ikusi nuenean bide zuzenean nengoela baieztatu nuen:
- Hemendio dek!!!
Gelditu gabe tximinia eskalatzen hasi nintzen. Tximiniaren erdialdera iristear nengoela Lekuk eskalatzen hasten zela esan zidan: "Dauneko 25 metro eskalau ditteu", pentsatu nuen. Ensanble moduan eskalatzen hasi aurretik 50 metroetako soka erditik tolestatua eramango genuela adostu genuen; batek bi muturrak eramango zituen, besteak aldiz sokaren erdian egindako "zortziko" korapiloa segurtasun mosketoi batez arnesera lotuta.
Tximinia etzanaren amaieran. Argazkiaren behekaldean mugarri txiki bat ikusi daiteke.
Leku tximiniaren oinean, atzean Moundelhs ertza.
Tximinia eskalatuta (III-), noizik eta behin ikusi daitezken mugarriak jarraituz, pixkanaka eskuin aldera desbideratuz joan ginen, mendiak austriarren arrakalaren gainean osatzen duen terraza zabalaren ertzera hurbilduz.
Terrazaren ertzean. Nire ondoan mugarrietako bat ikusi daiteke, baita geroago iritsiko ginen orratzaren ezker arrakala ere.
Ensanble moduan eskalatzeak harreta handia eskatzen du, bi eskalatzaileak aldi berean eskalatzen ari direnez, soka denbora osoan nolabaiteko tentsioarekin eraman behar delako. Honegatik, eskalatzaile bakoitza sokalagunaren eskalada kontrolatuz joan beharra dauka etengabe, sokak sortzen duen tentsioa gogorregia edo bigunegia ez izateko. Aitzitik, ensanblean eskalatzeak askatasun sentsazio handia ematen du, denbora osoan bakarrik eskalatzen ari zarela sentiarazten duelako.
Terrazaren bestaldera pasa ginenean, eguzkiaren argitasuna atzean geratu eta ipar hormaren itzalpeak irentsi gintuen. Eskuin noranzkoan eskalatzen jarraitu genuen, parean ikusten genuen pinu berezi bat erreferentzi bezala hartuz.
Terraza atzean utzi ondoren. Argazkiaren eskuinean erreferentzi bezala hartu behar den pinua ikusi daiteke.
Leku terrazaren ertzean, atzean Moundelhs ertza.
Pinura iritsi ginenean, honen eskuinetik pasa ginen belar artean erdi-nabaria den bidexka horizontal bat jarraituz eta gure azpian beste pinu bat utziz.
"Pinuaren eskuinetik horizontalean jarraitu genuen..."
Zeharkaldi horizontal honen amaieran, belarra zapaltzen oraindik ere, metro batzuk eskuin noranzkoan diagonalean igo (III-), eta zuzen eskalatzen jarraituz, tximini nabarmen baten oinera iritsi ginen.
Zeharkaldi horizontalaren amaieratik gorako bidea tximiniaren oinera arte.
Leku pinuen artetik egiten den zeharkaldi horizontalaren amaieran.
- Ea tximini hau zemuzkoaeken!! - ohikatu nion Lekuri nire parera iritsi aurretik.
Tximinia kontu handiz eskalatzen hasi nintzen, azpitik dirudiena baino tenteagoa delako. Zati tentera iritsi aurretik, harkaitz batetik zinta-uztai bat pasatuz lehen asegurua jarri nuen.
Zati tentearen lehen metroetan.
Tximinia tentea izan arren helduleku onak zituela ikusteak lasaitu ninduen. Metroak zuhurtziaz eskalatuz zatirik tenteena atzean geratu zen (III). Bigarren aseguru bat jarri ondoren tximinia eskalatu nuen.
Tximiniaren zatirik tenteena atzean utzi ondoren.
Leku tximiniaren oinean eskalatzen hasteko zain. Argazkia tximiniaren gainetik egina dago.
Tximinia eskalatuta, eskuin noranzkoan diagonalean erdi-oinez jarraitu genuen hormak osatzen duen ezproi zabal batera iritsiz. Gure parean Midiren ipar-mendebaldeko hormak osatzen duen zirku ikusgarria agertu zen, basatia, zirraragarria.
- Gantxokin nijek!!! - bota zidan Lekuk arnasestuka nire ondora iritsi zenean -, abiadura hontan ez nijek bate eroso ta gañea bigarren kordada atzetio zeukeau.
- Ba ordun polikigo eskalau beharkoiau, honea disfrutatzea etorri gaittukelako - erantzun nion -. Ta hirugarren kordada?
- Bueltea hartuik - erantzun zidan.
Atzeko sokada gertu zegoela ikusita atseden bat hartzea erabaki genuen, atseden hartzen ari ginen aitzakian aurretik joatera gonbidatzeko.
Tximinia uste genuena baino motelago eskalatu zuten:
- Bonjour!!
- Bonjour!! - erantzun genion aurretik zihoanari.
- Fourche? - Galdetu zigun.
- Oui - erantzun genion - the north face and Fourche.
- OK - erantzun zigun sokalaguna aseguratzen zuen bitartean.
Biak elkartu zirenean gu martxan jartzeko zain geratu ziren, gu aurreratzea edukazio txarrekoa izango balitz bezala.
- Pasa lasai aurrea!!! - bota zien Lekuk keinuak eginez.
Lekuk euskaraz esandakoaz tutik ulertu ez bazuten ere, egin zituen keinuak nabarmenak izan ziren gure aurretik jarraitzea nahi zuela ulertzeko: "merçi" erantzunez eskalatzen jarraitu zuten.
Atzetik sokada gehiago etorriko ez zela jakinda, sokada frantsesa aldendu zenean eskaladarekin jarraitu genuen, polikiago, arnasketa aztoratu gabe.
Eskaladarekin jarraitzeko hartu beharra genuen hurrengo erreferentzi puntua zirkuaren eskuinean dagoen orratz nabarmenaren ezkerreko arrakala zen, bertara igo behar delako. Hasiera batean zirkua mugatzen duen hormaren oinetik aldendu gabe, zeharkaldi horizontal bat eginez zirkua zeharkatzea baloratu genuen, zuzen eskalatzen jarraitzea baino errazagoa zirudielako. Metro batzuk igotzen hasi eta zirkuaren erdialdean eta zertxobait eskuinean dagoen mendi-txiki baten itxurakora zuzentzen zen mugarri pare bat ikusi genuenean aldiz, zalantza guztiak uxatu ziren. Sokada frantsesaren ikusmena (edo krokisa, nork daki) gurea baino hobea zela nabarmen geratu zen, hasieratik bide zuzena jarraitzen hasi zirelako, jejeje.
Atseden hartu genuen ezproi zabaletik orratzaren ezkerreko arrakalara arte jarraitu genuen bidea. Argazkian sokada frantsesa ikusi daiteke.
Pasagunerik errazenak aukeratuz eta mugarriak erreferentzia bezala hartuz, mendi-txiki itxurakora zailtasun handirik gabe igo ginen (III-).
Mendi-txiki itxurakoa eskalatzen.
Punturik garaienera iritsi ginenean, ezkerrean dagoen hormari itsatsita, ezker-eskuineko noranzkoan zeharkaldi horizontal bat egin genuen orratzaren ezkerreko arrakalak osatzen duen hormaren oinean kokatu ginen arte.
Ezker-eskuineko zeharkaldi horizontalean. Argazkian orratzaren ezkerreko arrakalara iristeko eskalatzen den hormaren krokisa marraztu dut (sokada frantsesa ikusi daiteke).
- Ea pareta hau zemuzkoaeken... - bota nion Lekuri eskalatzen jarraituz.
Lehen metro inklinatu batzuen ondoren (III-), hormak ximinia baten itxura hartzen du, zirkuaren aurretik eskalatutako tximinia baino tenteagoa, baina helduleku oso onak dituena.
Hasierako metro inklinatuetan.
Metroak lasaitasun osoz eskalatzen nituen bitartean noizik eta behin aseguru bat jartzeko denbora hartu nuen.
Pasagune errazenen bila...
Arrkalara iristeko 7-8 metro falta direnean tximinia horma bertikal batek ixten du: "tximini hau terzero masekoa bada ez da zuzen eskalatu behar" pentsatu nuen. Horma bertikala zuzenki eta tximiniaren ezkerretik eskalatzen jarraitzea baztertu nuenean, tximiniaren eskuin hormara (eskaladako noranzkoan) pasatu eta helduleku txikiko metro batzuen ondoren arrakalara iritsi nintzen (III/III+).
Orratzaren ezker arrakalatik behera egindako argazkia.
- Hara, hortxe bi iltze zerek eta!!! - esan nion Lekuri arrakalara igo zenean.
Arrakalaren ezker horman bilgune bat muntatu ahal izateko (edo bertatik rappel bat egiteko) aukera ematen duten bi iltze belar eta likenaren artean erdi ezkutatuak zeuden, bertatik pasatako mendizaleen testigantza isila eginez.
Orratzaren ezker arrakalan dauden bi iltzeak.
Leku arrakalara iristen.
Hurrengo erreferentzia arrakalatik gora doan erlaitz inklinatu bat identifikatzea zen. Ez zigun denbora luzerik eraman oso nabarmena baita.
3-4 metroetako zeharkaldi horizontala egin ondoren (III-) erlaitzera igo eta erlaitz inklinatua eskalatzen hasi ginen. Lehen metroak dira tenteenak baina erlaitzan dagoen arrailaren laguntzaz, babariar moduan, zailtasun handirik gabe eskalatu genituen (III+).
Erlaitz inklinatua eskalatzen.
Lehen metro tente hauen ondoren erlaitza bere amaiera arte etzanez doa zailtasuna ere gutxituz (III).
Erlaitzaren amaieratik egindako argazkia, Leku zati tenteenaren amaieran dago.
Erlaitz inklinatua eskalatuta, metro gutxi batzuk jaitsi eta parean dagoen harkaitz-plaka inklinatua bere eskuinetik eskalatzen jarraitu genuen (III-) honen eskuin ertzera hurbilduz.
Harkaitz-plaka inklinatuan, nire gainean frantsesetako bat Midiko ipar-mendebaldeko bizkarrera ateratzen.
Harkaitz-plakaren ertzetik erdi-oinez jarraituz, plaka gris, erraldoi eta etzan baten oinera iritsi ginen.
"Harkaitz-plakaren ertzetik erdi-oinez jarraituz..."
Erdi oinez, plaka gris, nabarmen eta etzan hau igotzen jarraitu genuen, zerumuga mozten zuen hormaren ertzara hurbilduz.
Plaka gris, nabarmen eta etzana igotzen.
Leku plaka etzanean, orratza dagoeneko oso beheran geratzen da.
Parean genuen hormaren gainera zuzen eskalatuz igo beharrean, erdi-oinez jarraituz, eskuinera bota genuen ertzak osatzen duen ezproi zabalera iritsiz: Midiren ipar-mendebaldeko bizkarrean geunden.
Bizkarra zuzen igoz, adar itxurako bi harkaitzek osatzen duten arrakala estu batera iritsi ginen. Sokada frantsesak bizkarran gora jarraitu zuen, Midiren ipar klasikoa eskalatzeko asmoa zutelako. Ipar-mendebaldeko bizkarrean bi bideak banatzen dira: ipar klasikoa eta embarradére erlaitzeko bidea.
- Beidatzea nijek ea bidea hemendioeken - esan nion Lekuri bi harkaitzen arteko arrakala zeharkatu eta bidexka horizontal bat jarraitzerekin batera.
5-6 metro ibiliak nituenean, ezerezetik aterata bezala, parez-parez embarredére erlaitza azaldu zen, nire oinean azpian aldiz bertara iristeko jaitsi beharko genuen hormaren lehen destrepea.
- Hemendio dek!!! - Oihukatu nion zoriontsu.
Leku ipar-mendebaldeko bizarra utzi eta Embarradére erlaitzara zuzendu ginen lekuan.
Lehen destrepea hasten den lekuan, atzean Embarradére erlaitza bere osotasunean.
Leku iristen zen bitartean, 15 metro inguru dituen horma destrepetatzen hasi nintzen. Destrepe honen arriskua ez dago zailtasun teknikoan (III), bota daitezken harrietan baizik. Hau dela eta, destrepea amaitu nuenean alde batera bota nintzen Leku nire ondora iritsi zen arte.
Lehen destrepea amaitu ondoren.
Lehen destrepearen hasierako metroetan.
Lehen destrepe honen ondoren bigarren bat dator, aurrekoa baino errazagoa (II+) baino harri aske gehiago dituena. 6-7 metro inguru destrepatu ondoren ezkerrera bota eta hormaren ertzean dagoen mugarridun harkaitz-plaka berezi eta horizontal batera zuzendu ginen.
Harkaitz-plaka horizontaletik egindako argazkia.
Harkaitz-plaka dagoen ertzaren bestaldera pasatu eta azken metro batzuk jaitsi ondoren (II), Embarradére erlaitzera arte luzatzen den zeharkaldi belartsu eta horizontalera iritsi ginen.
Embarradére erlaitzaren oinera hurbiltzen ginen heinean erlaitza geroz eta tenteagoa zela iruditu zitzaidan. Zoriontasunez betea nengoen bertaraino galdu gabe iristeko gai izan ginelako baina aldi berean kezkati ere nengoela onartu beharra daukat, eskaladaren zailtasunik handienak hurrengo metroetan aurkituko genituelako.
Zeharkaldi horizontalean.
Ebarradére erlaitzaren oinera iritsi nintzenean, geratu gabe igotzen hasi nintzen. Erlaitza harri askez josia dagoenez, sokak Lekuri harriak botako zionaren beldurrez, erlaitzaren eskuin hormatik igotzen hasi nintzen, bertan baitago harkaitzik trinkoena.
Erlaitzaren lehen metroetan, eskuin hormaren ertzetik igotzen.
Leku erlaitzaren linean, atzean Midiko ipar-mendebaldeko bizkarretik egindako jaitsiera.
Erlaitzaren lehen metro hauetako igoera ez da zaila (II/II+) baina arrautzak zapaltzen ari bagina bezala igo genituen, kontzentrazio osoa harriak ez botatzean jarrita. Bat-batean trumoi antzeko zarata handi batek kontzentrazio egoeratik atera ninduen. Hasiera batean goitik amildutako harrien erorketa batek egiten duen zalaparta iruditu zitzaidan. Beldur handiz buelta eman eta gora begira jarri nintzen harriak nondik eroriko zirenaren zain. Baina hegan ziztu bizian pasa zen gauza handi bat besterik ez nuen ikusi:
- Ikusi al dek? - oihukatu zidan Lekuk.
- Ze kristo huan?
- Tipo bat salto base itten - erantzun zidan.
Lehen saltatzailearen atzetik bigarren bat ziztu bizian pasa zen, hegaldun-jantzia gorputzari itsasia zuela.
- Potrok izan behar dittuk hemendio botatzeko...
- Ya lo kreo... - erantzun zidan.
- Ta ni harrien desprendimentu bat zelakon...
Saltatzaileek eragin ziguten urduritasuna pasa zenean erlaitza igotzen jarraitu genuen, harkaitz-bloke handi bat eskuinetik inguratu ondoren, sabai bat osatzen duen harkaitz erraldoi batek bidea moztu zigun arte.
Eskuinetik inguratzen den harkaitz-bloke handia atzean utzi ondoren. Argazkian sabaia saihesteko eskalatuko genuen luzearen nondik norakoak.
- Paso hau eskubiko paretatik saihesteek - esan nion Lekuri iritsi zenean.
- Ze gradu zeukik?
- terzero mas eo... - erantzun nion -. Pentsatzen ai neok igual hobe izangoiula hemen bazpare largo bat eskalatzea, ze esateek?
- Ados - erantzun zidan.
Lekuk harkaitz baten ingurutik zinta-uztai bat pasatuz bilgune inprobisatu bat muntatzen zuen bitartean, sabaiaren eskuineko horma miatzen hasi nintzen. Lekuk soka segurtagailutik pasa eta pres zegoela esan zidanean, eskalatzen hasi nintzen.
Metro pare batean sabaira zuzendu ondoren, errazenen ikusi nuen lekuan, eskuineko hormara pasa nintzen (III).
"... errazenen ikusi nuen lekuan, eskuineko hormara pasa nintzen".
Eskuin horman gorputza ongi kolokatzen.
Eskuin hormaren harkaitz trinkoak lasaitu baninduen ere, hurrengo metro tenteetan aseguruak jartzeko aukera gutxi izango nituela ikusi nuen, baita heldulekuak txikiak izango zirela ere. Arnasa sakon hartuz eta helduleku txiki hauek ongi aukeratuz, pasagunearen lehen metro tente hauek zuhurtzia handiz eskalatu nituen, horma inklinatzen hasi eta Totem bat trabatzeko arrail bat topatu nuen arte (III+).
Hormaren zatirik zailenean (III+) heldulekuak ongi aukeratzen.
Zailtasunak amaitu ondoren, Totem-a trabatzen.
- Zemuz Xabi?
- Oain ondo - erantzun nion - baño lehen metrotan ezer sartzeik ezin izatek zertxobait urduritu zitek.
Totem-a trabatu nuen lekutik gora metroak errazagoak dira hormak inklinazioa galtzen duelako (III). Pixkanaka erlaitzera itzuliz, horma sabaia atzean utzi nuen. Berriro erlaitzean, harkaitz askez estalitako leku horizontal batera zuzendu eta bertako harkaitz handi baten arrailean bi Totem-ekin bilgunea muntatu nuen: "Reunión!!!". Guztira, 15-20 metro inguruko luzea eskalatu genuen.
Leku berehala iritsi zen, pasagunea erraz eskalatu zuenaren seinale.
Pasagunearen amaieran.
- Izugarri gustau zaiak!!! - bota zidan zoriontsu.
- Hurrengo pasorako entrenamentu bezela etzetorrek gaizki, jejeje - erantzun nion bilgunea desmuntatzen nuen bitartean.
"... erantzun Union bilgunea desmuntatzen nuen bitartean".
Traste guztiak jaso ondoren, harri askez estalitako erlaitzan gora kontu handiz oinez jarraitu genuen, erlaitzaren amaieran dagoen horma bertikalarekin topo egin genuen arte.
Erlaitza ixten duen horma bertikalera iritsi ginenean ibilaldi osoko zalantzarik handiena sortu zitzaigun: nondik igo behar gara Fourcheko mendi-lepora?
Hasiera batean erlaitza ixten duen hormaren nondik norakoak aztertzen hasi ginen, baita horma erosotasunez eskalatzeko genituen aukerak baloratzen ere. Etxeko liburuetan IV+ zailtasuna duela irakurrita banuen ere ez genuen eskalada garbi ikusi, eta azpitik begiratuta behintzat, IV+ baino gehiago izan zitekeela iruditu zitzaigun.
Horma zuzenean eskalatzea baztertuta, bigarren aukera begiratzen hasi ginen, erlaitzaren eskuineko hormaren (igoeraren noranzkoan) eskalada, bidearekin asmatzen bada III+ zailtasunaren inguruan dagoena. Eta garkoa hortxe zegoen, bidea asmatzean alegia. Hortarako gainean generaman bi deskribapenek ez ziguten asko laguntzen, eskalada ezberdinei buruz ari zirela zirudielako.
Erlaitzaren amaieran dagoen horma bertikalera zuzentzen. Argazkian eskuin horma eskalatzeko jarraitu genuen bidea marraztuta dago.
Erlaitza ixten duen horma bertikalera iritsi baino 10-12 metro beherago erlaitz nabarmen batek eskuin horma diagonalean zeharkatzen duela ikusi genuen, ia hormaren ertzeraino iristen dena:
- Eskaladan hasiera seguru hortioekela – esan zidan Lekuk.
- Hala emateik bai – erantzun nion – baña etzekiat erlaitze bukaerarte igo beharra zeoken o ze...
Material guztia arnesetik zintzilikatu nuenean, sokaren mutur bat lotu ondoren (eraman genuen soka modu sinplean erabiltzeko homologatua dago) erlaitzera igo nintzen.
Hasiera batean erlaitza alderik-alde zeharkatu nuen (II+) eskalatzen jarraitzeko leku errazenaren bila.
Erlaitzaren amaieran, aukera ezberdinak baloratzen.
Batera eta bestera begiratu ondoren, erlaitzaren hasieratik 4-5 metro ingurura, 3 metro inguru gainetik harkaitz-bloke txiki bat duen erlaitz bat ikusi nuen. Beste aukera batzuk baztertu ondoren, goiko erlaitz honetara zuzenean igo (III+) eta bertan zegoen arrail txiki batean Totem txiki bat trabatzeko aukera izan nuen.
Totem txikia trabatu nuen erlaitzean.
Aukera ezberdinak begiratu ondoren, bigarren erlaitz honetatik eskalatzen jarraitzeko aukera bakarra zuzen eskalatzen jarraitzea zela ikusi nuen, 3 metro inguru gorago ikusten nuen hirugarren erlaitz batera igotzeko. Orain arteko eskalada erraza izan bazen ere, ez nuen burua lasai. Horman 3-4 iltze jarriak daudela irakurrita banuen ere, bakar bat ere ez ikusteak kezkatzen hasita ninduen. Hau gutxi ez bada, ezker alderako noranzkoan eskalatu behar dela irakurrita nuen arren, oraingoz aukerarik errazena zuzen eskalatzen jarraitzea zela ikusten nuen.
Buruari buelta handiak ematen hasi baino lehen, hirugarren erlaitzera iristeko behar nituen 2-3 metroak eskalatu (III+) eta letagin itxura duen harkaitz txiki batetik zinta-uztai bat pasatu nuen luzearen bigarren asegurua jarriz.
Hirugarren erlaitzean.
- Zemuz hoa?
- Ba ez oso lasai – erantzun nion Lekuri express-zinta zinta-uztaitik pasatzen nuen bitartean –, oaindio eztiat iltze puta bate ikusi ta moskeauta neok.
Soka express-zintatik pasatu eta zutitu nintzenean nire begien parean iltze bat ikusi nuen:
- Ostia, iltze bat!!!!!! – oihukatu nuen altxor bat aurkitu izan banuen bezala.
Letagin itxurako harkaitzean jarritako asegurua kendu eta express-zinta iltzetik pasatu nuenean, honen eskuinean, metro pare batera, bigarren iltze bat ikusi nuen:
- Ta hemen beste bat zeok!!!
Iltzea "txapatu" ondoren, zinta-uztaia bere lekura itzultzen.
Iltze hauek ikustea urduritasun eta kezkaren aurkako botika bat hartzea bezala izan zen, arnasketa eta bihotz taupadak bere onera itzuliz.
Iltzeak ematen zidan segurtasunaz kutsatuta, iltzearen gainetik dagoen helduleku txikiak dituen horma tentea zuzen eskalatzen jarraitu nuen (IV) beste iltze batekin topo egin nuen arte.
Bigarren iltzea "txapatu" ondoren.
Leku beretik behera egindako argazkia.
Iltze hau “txapatu”, eta iltzearen parera iritsi gabe, honen azpitik ezkerrera 1,5-2 metro inguruko zeharkaldi horizontal bat egin eta metro pare bat gehiago zuzen eskalatuz horma inklinatzen hasten den lekura iritsi nintzen (IV).
Hemendik gora hormak bertikaltasuna galdu eta inklinatuz doa. Orain bai, ezker joerarekin eskalatzen jarraituz eskalatzen jarraitu nuen hormaren ertzera iritsi nintzen arte (III, zati honetan beste iltze bat dago baina ez nuen "txapatu".
45 metro inguruko luzea eskalatu ondoren, ertzaren ezkerrean dagoen puntatik (kontuz, puntan dagoen harkaitz-blokeren bat mugitzen baita) zinta-uztai handi bat pasatuz bilgunea muntatu nuen: “Reuniónnnnnn!!!!!!!!” oihukatu nuen bost haizeetara.
- Oso ona Xabi!!!! – animatu ninduen Lekuk hormatik burua atera zuenean.
- Momentu baten ahoa seko sekoa eraman diat gañen neukean tentsiokin – aitortu nion – teknikoki errexa baña sikologikoki estutu arazi ziak.
Leku bilgunera iristen.
Bilgunean zorionez betea, atzean, itzalpean, Fourcheko pitoiaren gailurra ikusi daiteke.
Bilgunera bertara iritsi gabe, Lekuk bilgunea dagoen punta eta Fourcheko pitoia lotzen dituen ertza estutik jarraitu eta oinez Fourcheko mendi-lepora iritsi zen. Leku urruntzen zen bitartean duela 125 urte hemendik lehen aldi pasa ziren Passet, Brulle, D'Astorg eta Salles-ekin gogoratu nintzen. Alpargata zaharrekin, soka gerrian lotuta zutela, motxila astunak sorbaldetan iltzatuta, mendia bide egokienetik eskalatzeko izan zuten ausardia eta horma irakurtzeko usaimena itzela izan zen. Gaur egun dugun materiala eskura izan bazuten ez dakit zer egiteko kapaz izango ziren. "La madre que los parió...".
"...Lekuk bilgunea dagoen punta eta Fourcheko pitoia lotzen dituen ertza estutik jarraitu zuen".
Ibilbidearen zailtasun handienak atzean utzita genuela jakiteak lasaitasun handia eman zidan. Lekuk soka jaso zuenean bilgunea desmuntatu eta Fourcheko lepora arin iritsi nintzen.
Bilgunea muntatu genuen lekua uzten.
Hemendik gorako bideak ez ninduen kezkatzen, 2013ko irailean Iker eta Asierrekin bi Midien arteko zeharkaldia egin genuenean eskalatua genuelako. Lekuri aldiz, plaka grisen zeharkaldiak kezka sortzen zion:
- Lasai motel, oain eskalau deuna baño askoz errexagoa dek eta...
Plaka grisetara hurbildu aurretik, Lekuk animatuta, igotzen jarraitu aurretik Fourcheko pitoia igotzeko aprobetxatu nuen (III-).
Fourcheko pitoiko gailurrean.
Plaka grisetara iritsi ginenean soka berriro ere erditik tolestatu eta Leku plaken hasieran dagoen iltzean aseguratu zenean zeharkaldiarekin hasi nintzen.
Plaka grisen zeharkaldian.
Zeharkaldia eta honen ondoren dagoen tximinia bertikalaren nondik norakoak ez ditut azalduko, 2013ko kronika honetan zehaztasun osoz (bideoak eta guzti) azalduta daudelako.
Plaka grisak eta hauen gaineko tximinia bertikala eskalatu ondoren, ipar-ekialdeko noranzkoan egiten den zeharkaldian (mugarriz adierazita dago), eskalatzen den tximini txikian (III).
Leku tximini txikia eskalatu eta ezkerrera horizontalean metro batzuk egin ondoren, iristen den ezproiaren ertzean, Midik ipar aurpegian osatzen duen zirkuaaren sarreran.
Midiak ipar aurpegian osatzen duen zirkura iritsi ginenean, 2013an zirkuaren erditik gora doan tximinia bat eskalatuz jarraitu genuen (III). Oraingoan zirkua alderik-alde zeharkatu eta honen amaieran dagoen erlaitz inklinatu bat eskalatu (III) eta zirkuaren bestaldera pasa ondoren, hormak osatzen duen sakonune batera iritsi ginen.
Puntu zuriz jarraitu genuen bidea, puntu gorriz aldiz 2013an jarraitutakoa.
Zirkuaren ezker ertzean dagoen erlaitz inklinatua eskalatzen (III).
Sakonunea altuera handirik irabazi gabe zeharkatzen hasi ginenean, zeharkaldiaren erdian gutxi gora behera mendiaren ertzera zuzentzen zen kanal/tximinia ireki bat ikusi genuen. Bitan pentsatu gabe kanal hau eskalatzen hasi ginen pasagune errazenak bilatuz (III).
Kanala eskalatzen.
- Joer, hemendio jendea pasaekela zalantzaik etzeok!!!
- Ze ba? - Galdetu zidan atzetik zetorren Lekuk.
- Ikusikoek, kanal osoa kontserba lata zaharrez josita zeok...
Atentzioa deitu zidan kanala honetan zegoen kontserba-lata zahar eta herdoilduen kopurua, pasatako garai baten testigu zaharrak izango balira bezala. Mugarriak izango balira bezala, lata ezberdinak jarraituz, hormaren ertzera hurbildu ginen.
A zer nolako ezusteko gozoa kanalaren amaiera Midiko gailurrean bertan zegoela deskubritu genuenean!!!!
Gailurrean eseri eta Leku aseguratzen nuen bitartean gailurrean zeuden mendizale kurioso batzuk hurbildu zitzaizkigun zertan ari ginenaren jakin-minez. Eguerdiko hamabiak joak ziren gailurrera iritsi ginenean, eskalatzen hasi ginenetik lau orduetara.
Gailurrera iristen.
Diskrezioaren mesedetan, zorionez gailurra okupatzen zuen mendizale kopurua ez zen oso handia eta mendizale gehiago iritsi zenerako soka eta eskaladako materiala motxiletan gordeta genuen, baita eguzkitako krema emanda ere, jejeje. Gailurrean ordu laurden pasatxo egon ondoren, mendizalez "betetzen" hasi zenean beherako bidea hartu genuen.
Gran Pic du Midi D'Ossauko gailurrean. 2.884 metro.
Jaitsiera lasai hartu genuen, egindako eskaladaz gozatu ahal izateko. Ohikoa den moduan eskaladaren nondik norakoak hizpide izan genituen, baita etorkizunerako eskalada berriak ere. Midiren gailurra eta mendizaleen oihuen oihartzuna geroz eta urrunago gelditzen ziren heinean bi gauzek atentzioa deitu ziguten: batetik goraka kaskorik gabe zihoan mendizale kopuru handia, bestetik, mendizaleen joan etorriaren ondorioz, hiru tximinietako harkaitza (lehenengo bietakoa batez ere) nola leuntzen ari den.
Lehen tximinia atzean geratu eta bertatik erori zitezkeen harrietatik salbu ginenean kaskoak kendu, motxiletan gorde, eta makilak eta eguzkitarako txapela jantzi ondoren, beherako bidearekin jarraitu genuen, poliki, lasai, oinetako behatzak zaintzeko helburuarekin.
- Oaintxe konturatu neok - esan nion Lekuri -, gaurko bidea Midira igotzeko jarraitu diaten bosgarren bide ezberdiñe izan dek.
- Bai?
- Bai, ezkerretio hasita, Peyreget ertza eta bi Midien arteko zeharkaldie iñez, La Fourche korridoretio, ekialdeko kontrahormatio, bide normaletio ta gaurkoa.
- Ta zein dek polittena?
- Ez niake esango - erantzun nion - bakoitza bibentzi ezberdiñe izan dekelako...
Hirurak hamar gutxitan Soum de Pombie mendi-lepora iritsi ginen, bertatik pasatu ginenetik bederatzi ordu pasatxora. Midiri azken argazkia egin ondoren beherako bidearekin jarraitu genuen, orain arte bezala poliki, orain arte bezala indarrak gordez.
Soum de Pombie mendi-lepoan. Atzean ikusten dena ez dira hodeiak, beherako bidean zegoen sute txiki batek sortutako kea baizik.
Hamar ordu eta erdiko ibilbidearen ondoren, Laurak hogei gutxi ziren furgonetara iritsi ginenean. Zerua oskarbi bazegoen ere, iparreko haizeak tenperaturari eutsi eta termometroek ez zuten bero handirik adierazten.
Ibilbidearen amaieran, atzean, erdi-ezkutatua Midi D'Ossau.
- Bious-Artigues lakura hurbilduko gaittuk ipar hormaren argazki batzuk ittea? - proposatu nion Lekuri arropa aldatzen nuen bitartean - hola krokisak itteko erabilikoizkiat.
- Ados!!!!
Midiren ipar horma ikusi genuen arte egindako eskaladaz jabetu ez ginela esango nuke. Bious-Artigues lakuaren inguruan batera eta bestera zebilen jendetzaren erdian, bi mendizale goierritarrek, ahozabalik, Midiren ipar-hormari maiteminduek elkarri begiratzen dioten moduan begiratzen zioten. Turista eta mendizaleak batetik eta bestetik inguratzen gintuzten bitartean, eskaladan zehar pasa genituen puntu ezberdinak identifikatzen hasi ginen: hasierako terraza, orratza, erlaitza...
Argazki pila egin ondoren etxerako bidea hartu genuen.
Bious-Artigues lakuaren aparkalekutik egindako argazkia. Lakuak duen ikusmira ikusgarria da.
Bidea izugarri gustatu zitzaigun, bakartia, basatia, itzela, zailtasun aldetik ez oso zaila baina bai mendian eta horma handietan orientazioa izatea eskatzen duena. III+/IV zailtasunean eroso ibiltzen direnentzat ohiko bidearen alternatiba latza da, luzeagoa bada ere. Gainera, Embarradéreko erlaitzaren eskalada argi ikusiko ez balitz beti izango dugu ipar-klasikotik ateratzea, honen eskalada III/III+ zaitasunetik igotzen ez delako. Etorkizuneko ibilbide baterako, ipar-klasikoaren zailtasun maila hau benetazkoa den ala ez ikustera joan beharko dugu, jejeje.
KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK
- 1547 OT mapa: Ossau: Vallée D'Aspe, Parc National des Pyrénées. Paris. Institut Géographique National, 2005.
- Munsch R., Ravier C., Thivel R. Roca, nieve y hielo en Pirineos, 80-81. Madrid. Ediciones Desnivel, 2001.
- De Bellefon P. Los Pirineos: las 100 mejores ascensiones y excursiones, 86-87. Madrid. Ediciones Desnivel, 2006.
- Buxó X., Alfonso L. La Vallée D'Ossau, 340. Supercrack edicions, scp, 2009.
- Sauvard R., Cazaurang-Butel R., Cazanave H., Despiau R., Ravier P. Olliver R. et J., Vaillant Ph. Guide Olliver: Pirénées occidentales II. Vallée D'Ossau, d'Arudy à la frontière espagnole,263-269. Pau. Editions Cairn, 2009.
- Dendaletche C. Cumbres pirenaicas: primeras ascensiones, documentos históricos, 25-49. Bilbo. Sua Edizioak, 2002.
- Feliu M. La conquista del Pirineo, 25-32 eta 105-118. Bilbo. Sua Edizioak, 2000.
- Todoescalada bloga. 2019-12-16. Midi D'Ossau - Vira del Embarradere. Eskuragarri: https://www.todoescalada.net/2019/12/midi-dossau-vira-del-embarradere.html
- Wikiloc web orria. ilargibetea, 2019-08-31. Midi D'Ossau x Norte y vira del Embarradere. Eskuragarri: https://es.wikiloc.com/rutas-alpinismo/midi-dossau-x-la-norte-y-vira-del-embarradere-40705357
Nork argitaratua:
Xabi "Smithy" Mujika
ordua:
19:56
Etiketak:
embarradere,
embarradére,
eskalada,
ipar klasikoa,
midi,
midi d'ossau,
pic du midi d'ossau,
pirinioak,
portalet,
pyrenees,
smithy,
smithyrenbloga
Harpidetu honetara:
Mezuak (Atom)
