AZKEN 10 SARRERAK
2021/08/23
PORTALET: "LIBELLIUM" BIDEA, 95 m, 6a. 2021/08/17
Traductor al castellano, English traslator, traducteur française.
Bizi izan ditudan bizipen ederretan pentsatzen hasten naizen bakoitzean, kasualitatearen ondorioz bizitakoak asko izan direla deskubritzen dut behin eta berriz. Buruan planifikatuta dudana apurtzen duten bizipenak izaten dira, sortzen didaten kuriositatea asetzearekin lotuta dauden bizipenak.
Mendiari dagokionez, ez du preziorik izaten kasualitatez aurkitutako ibilbide edo leku erakargarri batek sortarazten didan ezinegona baretu nahi izateak dakarren bizipenak. Eta kronika honetako bidearen bizipena ildo hortatik doa.
Lekurekin Midi D'Ossaun eskalatzeko hitzordua egina nuen. Dena prest eta ikasia genuen: ibilbidearen nondik norakoak, denborak, zailtasuna, eguraldia, baita jana eta edaria ere. Gorputza deskantsatua izateko, bezperan Portalet mendatetik gertu dagoen aparkaleku batean afaldu eta lo egingo genuen. Etxetik atera baino egun batzuk lehenago, internet-en ari nintzela "Sueño Vertical" taldekoen web orrian "Libellium" bidea kasualitatez topatu nuen: ehun metro inguru, hurbilketa eta jaitsiera motza eta erabat ekipatua. Ez nuen gehiago behar izan Lekuri deitzeko:
- Atsalden jun beharren ordubik aldea ateatzen bagaittuk? Hola atsalden Portaleten iriki diaten bide berri bat eskalatzeko denbora izango diau... - proposatu nion.
- Brutal - erantzun zidan.
Honelakoa izan zen bide hau eskalatzearen historia laburra. Eskalada honi emozio pixkat ematearren, interneteko kronikan ongi begiratu genuen gauza bakarra hurbilketa eta jaitsiera izan ziren. Eskaladari dagokionez, "lehen luzea kinto, bigarrena kuarto más, hirugarrena 6a eta laugarrena kuarto más" zirela izango zen genekien gauza bakarra.
BIDEAREN DATU BATZUK
- Luzera: 95 metro.
- Luze kopurua: 4.
- Nork irekia: Sueño Vertical, 2020ko irailan.
- Zailtasuna: 6a. Luzez-luze: 1ºL: V (15 m), 2ºL: IV+ (35 m), 3ºL: 6a (35 m) eta 4ºL: IV+ (20 m).
- Orientazioa: Ekialdean. Goizean eguzkiak ematen dio, arratsaldean ez (udarako kontutan hartu).
- Ura: Portaleten hartu daiteke.
- Hurbilketa: Portaleteko Sancho bentaren iparretik hegoaldera lurrezko pista bat hasten da. Pista hau jarraitu eta malda bat igo ondoren horma parez-pare izango dugu. Pistak parean dugun putzu bat eskuinetik inguratzen du hormara zuzenduz, baina hormara ez gara zuzenean iritsiko, honen eskuinean dauden zelai eta harrikara ezeroso batetik baizik. Honetarako, pistak uzten dugunean, mugarriak jarraitzen hasiko gara bidearen oinera iritsiz. Portaletetik 20 minutu inguru pasako ditugu bidearen oinera iristeko.
- Jaitsiera: Bidearen amaieratik mendiaren gailur aldera zuzenduko gara (ipar-mendebaldera) mugarri batekin topo egin arte. Mugarriak jarraituz ipar-ekialdera joko dugu lehenik eta gero pixkanaka mendia inguratzen joango gara pistara itzuli eta bertatik Portaletera iristeko. Bidearen amaieratik Portaletera ordu erdi inguru izango ditugu.
- Eramandako materiala: 50 metroetako soka bat, luzera ezberdineko 18 express-zinta (guk ez genituen denak erabili), eta zinta-uztaiak bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Ordu eta hogeita bost minutu.
BIDEAREN KROKISA
Bidearen nondik norakoak.
Krokis zehatza.
DESKRIBAPENA
- No jodas Portaleta lañotuta zeokela... - bota nion Lekuri, ikusten nuena erreala ez zela sinesteko begiak igurzten nituen bitartean.
- Pentsatzeiat Frantzin egoteeken belañoa izangoekela, baña eztiat uste Españara pasakoekenik - erantzun zidan.
Arratsaldeko bostak eta erdi ziren Portaletera iritsi ginenean. Gipuzkoako zeru ilun, astun eta euritsua atzean gelditu ziren, oroitzapen txar baten moduan, eta Iruñatik aurrera zeru oskarbia lagun izan genuen aspaldiko partez eguzkiaz gozatzeko aukera emanez. Baina Portaleteko aparkalekura iritsi ginenean, ordura arte lagundu gintuen animo altuak belarrondoko galanta jaso zuen. Iparretik zetorren haize hotz batek frantziar isurialdean finkatutako behe-laino trinkoa mugaz bestalde eramaten saiatzen ari zen, lanbroa behatzen moduan luzatuz, eguzkia estali, tenperatura jaitsi eta bazterrak hezetzen zituzten behatzen moduan. Bien bitartean espainiar isurialdea oskarbi jarraitzen zuen, eguzkitsu eta epel.
- Bazpare forro polarra jantzita eraman behar diat - esan nion Lekuri.
- Baita nik ere - erantzun zidan -, ta forron gañen wind stoperra.
Kotxea utzitako aparkalekuan materiala prestatzen. Aparkaleku hau Portaleteko mendatera iritsi baino 50 metro lehenago dago, A-136 errepidearen ezker ertzean, biribilgune handi bat pasa eta gero. Leku babestua izaten da, lasaia, eta telefono estaldura ere badago. Argazkiaren ezkerrean pistara iristeko gutxi gora behera jarraitu genuen bidea ikusi daiteke.
Materiala prest izan genuenean, aparkalekua zeharkatu eta oso nabaria ez den bidexka bat jarraituz Portaletetik gora doan lurrezko pistara zuzendu ginen.
Aparkalekua zeharkatzen.
Zelai aldapatsu bat igo ondoren, pistara berehala iritsi ginen.
Pistatik aparkalekura egindako argazkia. Behe-lainoaren behatz luzeak mugako mendiak hartzen.
Isilik gindoazen, lurrera baino zerura gehiago begiratuz, mirari baten zain. Pistatik jarraituz, aldapa amaitzen den arte jarraitu genuen, erdi eroritako eraikin txiki bat eta muino baten arteko pasagune bat. Bertan, gaur behintzat miraririk ez zela izango baieztatu genuen:
Erdi eroritako eraikin txikia eta muinoaren arteko pasagunea atzean utzi ondoren. Picos del Infierno mendiak eguzkipean ikusi daitezke.
- Pareko pareta hoi dek, ez? - Galdetu zidan Lekuk hodeien artean atzematen zen horma seinalatuz.
- Baietz esango nikek - erantzun nion -, 20 minutuko aproximazioa badik hoi izan beharra zeukik.
Horma laino artean...
Pista utzi gabe, putzu bat eskuin ertzetik inguratzen hasi ginen. Hurbiltzen ginen metro bakoitzarekin haizeak eta hezetasunak zoriontasun puntu bat lapurtzen ziguten. Bitartean, gure pentsamendu ezkorretatik oso urrun, zelaian sakabanatutako artalde handi bat hezetasunak goxatutako belarra gustura jatzen ari zen, zeruan gertatzen ari zenari jaramonik egin gabe.
Eskuin ertzetik inguratutako putzua atzean utzi genuenean, pista utzi, eta harkaitz-blokez zipriztindutako zelai batean sartuz, hormaren eskuinean dagoen belazera zuzendu gintuzten mugarri batzuk jarraitzen hasi ginen.
Pista utzitako lekuan.
Behe-lainoak hormari itxura ilun eta beldurgarria ematen zion. Momentu batean bidea eskalatuko genuen ere zalantzan jarri nuen, baina behe-lainoa noizik eta behin altxatzen zela ikusteak itxaropenari nolabait eustera bultzatzen ninduen.
- Goitio tipo bat ateatzen ai dek!!! - Bota zidan Lekuk hormaren gainera seinalatuz.
Gora begiratu eta eskalatzaile bat bidearen amaieratik gora oinez zihoala ikusi genuen: "hoik atera badie gu ere ateako gea!!!" animatu nintzen. Egun batzuk beranduago deskubrituko nuen bidea gure aurretik eskalatu zutenetako bat Luis Alfonso "luichy" zela, eskalatzaileen artean oso ezaguna hainbat eskalada-gida eta krokis argitaratu eta partekatu dituelako. Pena berarekin topatu ez izana.
Hormaren eskuinean dagoen belazera iritsitakoan hurbilketa-bideak ezkerrera hartzen du, hormara zuzenduz.
... hormara zuzenduz.
Azken igoera honetako lehen metroak azkar eta eroso irabazten badira ere, belaztiak hartxingadiari lekua utzi zionean bidea ezerosotzen da. Irrist ez egiteko oinak non jarri ongi begiratuz, kotxetik atera ginenetik hogei minutura bidearen hasiera adierazten duten paraboltetara iritsi ginen.
"... bidearen hasiera adierazten duten paraboltetara iritsi ginen".
Eguraldia ikusita ez nuen eskalatzen hasteko gogo eta motibazio handirik. Hala ere, isil-isilik, arnesa jantzi eta bertatik trasteak zintzilikatzen hasi nintzen, nire gogo falta Lekuren motibazioan eraginik izatea nahi ez nuelako. Bidearen oina erosoa bada ere, bertatik ez erortzea komeni da, hainbat metroetako horma harritsu batetik amildu nahi ez bada behintzat. Oina maldatsua eta harri soltez estalia dagoenez, segurtasunaren mesedetan, Leku ni aseguratzeko bidearen lehenenengo paraboltera lotu egin zen:
- Ondo inda - bota nion -, ze lehen expressa txapau aurretio erortzen baneok horman behera jungo gaittuk...
18 express-zintak arnesaren uztai ezberdinetan banatu nituenean, Lekuri keinu eginez eskalatzen hasi nintzen.
- Lehenengo luzea, 15 metro, V. Luzearen lehen metroetan 5-6 metroetako horma bertikal bat eskalatzen dira (V). Ezker eskua lehen metroetan dagoen arrail txikian sartuz gorputza lurretik altxatu eta bidearen bigarren paraboltetik lehen express-zinta pasatzea lortu nuen.
Bideko bigarren parabolta (niretzat lehena) "txapatzen".
Harkaitza hezea eta hotza zegoen eta eskuko behatza pixkanaka hozten zirela sentitzen hasi nintzen. Hau gutxi ez bada, nahiz eta horman garbiketa sakon bat egin dela nabaria izan, hainbat helduleku sendoak ez zirela sentitzen nuen, eskaladari plus sikologiko bat batuz. Gauzarik onena? Parabolten arteko tartea ez dela luzea. Horri esker, dezente baretu zen harkaitzaren egoera eta eguraldi hotza sortzen hasi zitzaidan ezinegona.
- Zemuz hoa Xabi?
- Ba ez nijek oso suelto - erantzun nion -, eskerrak segurok gertu zereken...
Laugarren paraboltaren parean hormak bertikaltasuna galtzen hasten da eta luzeak ezker joerarekin jarraitzen du. Tarte hau zailtasunaren aldetik errazagoa bada ere (IV+) harriaren kalitatea ez zitzaidan oso ona iruditu, beharbada kareharri mota honetara ohitua ez nagoelako. Dena den, lehen metroetako "urduritasunik" ez nuen pasatu, nahiz eta eskuak hoztuta nituen. 5-6 metro eskalatu ondoren, erlaitz txiki batera iritsi nintzenean, Lekuri argazki bat egiteko aprobetxatu nuen.
Erlaitz txikitik Lekuri egindako argazkia.
- Reunioa hortxe zeukeat!!! - Oihukatu nion erlaitzetik.
- Primeran!!!
Erlaitz txikian.
Eraitzetik 3-4 metro gehiago eskalatu ondoren bilgunera iritsi nintzen, kordel batez lotutako bi parabolt.
Lehen bilgunea.
Soka bildu eta Leku aseguratzen ari nintzen bitartean, iparretik behe-lainoa zekarren haize hotzarengatik hankak dardarka nituela sentitzen hasi nintzen. Eskuek hotzak ematen dien kolore gorri berezia hartzen hasita zeuden, behatzen mugimendua oztopatuz.
- Hau da hotza itteikena!!! - bota nion Lekuri bilgunera hurbiltzen ari zen bitartean - Eskuk izoztuta zeuzkeat...
- Ni bazpare guantek ta zapikin nijek!! - erantzun zidan.
Lehen bilgunera iristen, abuztuan negu giroko itxurarekin eskalatzen...
- Bigarrengo luzea, 35 metro, IV+. Soberan nituen express-zintak Lekuri ahalik eta azkarren eman nizkion, haize hotzaren agerian ahalik eta denbora laburrena egon zedin:
- Honi ze emateziek?
- Kuarto mas - erantzun nion -, errex aterakoekela pentsatzeiat.
Parabolt lerroa jarraituz, bilgunetik eskuin aldera zeharkaldi horizontal bat eginez atera zen. Eskuak baino oinak non eta nola jarri ongi begiratuz, Lekuk zeharkaldiaren 10-12 metroak zuhurtzia handiz bete zituen (IV+).
- Errexa dek!!! - esan zidan zeharkaldiaren bestaldean.
- Ondo zeok jakittea!!! - erantzun nion.
Zeharkaldian (IV+).
Zeharkaldia amaituta, honen amaieran dagoen horma inklinatua eskalatzen hasi zen (IV), IV+ baino zailagoa dela dirudien horma bertikal batera zuzenduz. Leku gozatuz zihoan, seguru, parabolten bat ez "txapatzea" iristeraino.
- Hemen haizeik eztik jotzen!!! - bota zidan horma bertikalaren oinera iritsi zenean -, hona iristeaizenen eskertukoek.
Lekuren hitzek zertxobait lasaitu ninduten arren, hotzak eragindako hanketako dardarizoak ez zuen aldegiteko asmorik. Haizegatik babestuta egoteko unea oraindik urrun ikusten banuen ere, berriro eskalatzen hastearekin batera gorputza berriro ere epelduko zenaren itxaropena nuen.
Bilgunera iritsi aurreko horma bertikalak sabai nabarmen bat ezkerretik saihesten du, triangelu itxurako sabai handi batera zuzenduz. Lekuren abiadura moteldu arren seguru ikusten nuen, mugimendu bakoitza ongi neurtuz, mugimendu bakoitzari bere denbora emanez. Azpiko sabaia eskuinean utzi zuenean, zertxobait ezkerrera jarraitu eta hori koloreko harkaitz baten gainean dagoen erlaitzera zuzendu zen:
Hori koloredun harkaitzaren gaineko erlaitzan.
- Xabi, reuniónnn!!!! - Oihukatu zidan denbora gutxian.
Lekuk soka biltzen zuen bitartean bilgunea desmuntatzen hasi nintzen. Bilgunea osatu zuten segurtasunezko mosketoiak eta zinta-uztaiak hezeak zeuden, nire eskuen antzera. Leku prest zegoela esan zidanean, bilgunea utzi aurretik eskuak magnesio poltsan sartu nituen, nolabait lehortzeko asmoz.
Bigarren bilgunea muntatzen. Eskuinean triangelu itxurako sabai handia eta honen azpian bigarren luzeak saihesten duen sabaia ikusi daitezke.
Lekuren moduan, zeharkaldi horizontala oinak jartzeko heldulekuen bila egin nuen, eskuak indarra egiteko baino gehiago oreka mantentzeko utziz. Horma bertikalera iritsi nintzenean, bertikala izan arren helduleku ederrak dituela egiaztatu nuen. Tarte honetan, bidea ireki dutenek egindako garbiketa-lana nabaria izan bada ere, lehen luzean gertatzen den moduan, eskuko heldulekuren batekin kontuz ibili behar izan nuen nirekin ez eramateko. Eskalada-bide ireki berriek duten gauza txarra hau izaten da, baina bidea errepikatzen den heinean hobetzen joaten da.
20-25 metro inguru eskalatuta izanda ere, horma bertikalak haizeagatik ematen zidan babesa ez zen nahikoa izan eskuak epeltzeko. Eskuetako heldulekuak ongi helduta nuenaren zalantza etengabea bazen ere, oinetan arazo hori ez nuen, epel-epelak nituelako.
- Hau dek eskuetan zeukeaten hotza!!! - Bota nion Lekuri bilgunera iritsi nintzenean - ea 6a-ko pasoa nola ateratzeiaten.
- Nahi dek nik ematea? - Proposatu zidan.
- Ez, lasai - erantzun nion - largo hontan estutu behar badiat ziztu bizin berotuko neok, jejeje.
"Hau dek eskuetan zeukeaten hotza!!!!"
- Hirugarren luzea, 35 metro, 6a.
- Pentsatzeiat 18 expressak luze hontako izagoittukela - esan nion Lekuri, soberan zituen express-zinta guztiak ematen zizkidan bitartean.
- Hala emateik bai...
- Largoa oain arte bezela asegurauta bazeok, txarrenen eztiat uste arazo haundirik izango diatenik 6a-ko pasoa azeratzeko - erantzun nion -, baño garbin atera nahiko nikek...
Eskuak iztarren kontra igurtzi nituen galdutako epeltasunaren bila. Ondoren, magnesio poltsan sartu, eta bitan pentsatu gabe, luzea eskalatzen hasi nintzen.
Luzearen lehen metroen eskalada kuriosoa da. Horma osatzen duten estratu edo geruza ezberdinak eskalatuz hasi behar da, eskuin-ezkerreko noranzkoan diagonalean eskalatuz. Harkaitzaren fidagarritasuna zalantzazkoa dirudien arren, helduleku bakoitzak ongi eusten zuela egiaztatu nuen, oinetako heldulekuak batez ere. Hirugihar zati bat zeharka eskalatzen ariko banintz moduan, bata bestearen atzetik geruza ezberdinak eskalatzen joan nintzen (IV+), gris koloreko harkaitz-plaka bat eskalatu eta hori kolorea duen horma bertikal baten oinean dagoen erlaitz txiki batera iritsi nintzen arte (V).
Bigarren bilgunea erlaitzetik ikusita.
- Esango nikek 6a-ko pasoa oain zetorrekela!!! - oihukatu nion Lekuri gainetik nuena miatzen nuen bitartean -, hemen segurok gertugo zerek, jejeje.
- Eskuk zemuz?
- Dauneko epelak!!!
Nire gainean ezker noranzkoa duen arrail diagonal bat nuen, helduleku txikiak dituena. Hala ere, ezker eskuarentzat helduleku on pare bat topatu nituen: "asuntoa eskubiko eskurentzat heldulekuk topatzea izangoa..." pentsatu nuen horma begiratzen nuen bitartean.
6a pasagunea nondik nora eskalatu aztertzen...
Erlaitzetik gehiago ikusten ez nuela ikusita, pasagunea eskalatzen hasteko unea iritsi zela erabaki nuen.
- Kontu oain, eh Leku?
- Lasai, nerea haiz!!!
Ezker eskua arraileko zulo batean sartu, eta bertatik tira eginez gorputza altxatu nuen, eskuin besoa luzatu eta eskuarekin helduleku bat topatzen saiatzen nintzen bitartean. Gorputza jarrera txarrean nuen, pisu guztia ezker esku eta oinean mantenduz. Horma eskuin eskuarekin alde guztietatik haztatu arren, helduleku txiki eta kamuts batzuk besterik ez nituen topatzen, itxura hauskorra zutenak. Ezker besoan azido laktikoa metatzen hasi eta kexatzen hasi zenean, mantra baten moduan "oinak, oinak, oinak" mentalki errepikatzen hasi nintzen, gorputza orekatu eta pisua banatzeko, itsuan, eskuin oinarentzat helduleku baten bila hasiz. Bai eta aurkitu ere!!! Eskuin oinarekin koska txiki bat topatu eta pisua hiru puntuetan banatu nuenean ezker besoko tentsioa baretu eta arnasa lasaitu nuen. Gorputza bere onera itzuli zenean eskuin eskuarekin helduleku kamuts eta txiki horietako bat heldu, eta gorputza pixkanaka altxatuz, ezkerreko joeran doan parabolt lerroa jarraitzen hasi nintzen.
6a pasagunea eskalatu ondoren.
6a pasaguneak dituen 3-4 metro eskasak uste baino errazago eskalatu nituen, nahiz eta arnasestuka, estutzen eta "motoarekin" (hanketan dardarizoa nuela) eskalatu, jejeje. Gakoa, eskaladan ohikoa den moduan, oinentzat helduleku onak topatzean dagoela iruditu zitzaidan, eta ez dirudien arren, badira. Pasagunerik zailena atzean geratu zenean, ezker noranzkoan metro batzuetan eskalatzen jarraitu nuen (V) horman gehiegi igo nintzela konturatu nintzen arte.
- Ostia, hurrengo parabolta ezkerren utzi diat - bota nion Lekuri.
- Pasatzeik baukek?
- Baietz usteiat - eratzun nion - eztik zaile ematen.
Ezker hanka ireki eta hormaren ezkerrean dagoen sakonune txikira sartu nintzen, honen gainean dagoen erlaitz eroso batera iritsiz (IV).
Erlaitz erosoan.
Parean bilgunera iritsi aurretik eskalatu beharko nuen azken oztopoa nuen, 2-3 metro dituen sabel itxurako hormatxoa. Hasieran zuzen eskalatzen saiatu nintzen arren, hormatxoak eskuinean arrail bat osatzen duela ikusi nuen. Bertara zuzendu eta oinak arrailan trabatuz horma arazo handirik gabe eskalatu nuen (IV+), harriz estalitako plaka etzan batera iritsiz. Plaka erdi-oinez zeharkatuz parean nuen horma bertikalean muntatutako bilgunera iritsi nintzen: "Reuniónnnnnn!!!!!".
Ordura arte babestu ninduen hormaren babesik gabe, berriro ere haize hotz eta hezearen menpean nengoela konturatu nintzen. Baina oraingoan gutxienez eskuak beroak nituen, luzean lana biziki egin zutenaren seinale. Luzea modu garbian eskalatu izanagatik pozez gainezka nengoen, haizerako txamarra behin eta berriz astintzen zuen haizeak nigan efekturik izango ez balu bezala. Baina jakina da naturaren indarren aurka ezin dela ezer egin, eta gorputza berriro ere hozten hasiz, haizeak baieztapen hau berehala gogorazi zidan.
Hirugarren bilgunea.
Soka biltzen ari nintzen bitartean bilgunetik behera belaze inklinatu bat zihoala ikusi nuen, bidearen ihesbide moduan erabili daitekeena. Momentu batean traste guztiak jaso eta Lekuri bertatik jaisteko proposamena luzatzea bururatu zitzaidan, baina Lekuren kaskoa hormatik azaldu eta zekarren zoriontasun aurpegia ikusi nuenean eskalada uztearen burutapena haizeak berehala eraman zuen.
Sabel itxurako horma eskalatzen hasi aurretik.
- Oain arte ondo baña azken paso hau kostazaiak!!! - Esan zidan sabel itxurako horma eskalatu zuenean.
- Joer, ba nik nahiko ondo eskalau diat ba...
- Ez al dek ba hau izango 6a pasoa? - Galdetu zidan -, segundo junda hainbeste kostatzeko...
- Ez, pasoa beran zeokela jartzeik, honi kuarto emateie - erantzun nion luze honi buruz idatzitakoa telefono mugikorrean irakurri nuenean -. Halere kuarto mas zeukikela esateare eztiat uste astakerie izangoekenik...
- Laugarren luzea, 20 metro, IV+. Lekuk ia express-zinta guztiak gainean zituenez, arnesetik zintzilik nuen parea hartu gabe eskalatzen hasi zen.
Luzea azpitik dirudiena baino errazagoa den diedro itxurako arrail bertikal bat eskalatuz hasten da, harkaitz-bloke erraldoi batek osatzen duen sabaiaren ezkerrean dagoena. Arrailan eskuentzat dauden helduleku handietatik tira eginez eta ezkerreko harkaitz-plakan oinak jarriz, Lekuk lehen metro bertikal hauek erraztasun osoz eskalatu zituen.
Lehen metro bertikal hauen ondoren horma inklinatu egiten da. Ezkerrera diagonalean doan zeharkaldi bat eginez, hormaren ertzera zuzendu zen.
Zeharkaldi diagonalean.
- Paraboltak bukauittuk!!! - Oihukatu zidan hormaren ertzera iritsi zenean -. Hemen bi parabolt zerek baña hemendio aurrea zelaie besteik etzeok...
- Luzek eztik jarraitzen?
- Ezetz esango nikek - erantzun zidan.
Azken bilgunea da bi parabolt soka batez lotuta ez dituen bakarra, beharbada bi parabolt hauek, beste bilguneetan ez bezala, gertu ez daudelako. Lekuk soka-uztai pare bat aprobetxatuz, laugarren, eta azken, bilgunea muntatu zuen.
Azken bilgunean...
Hirugarren bilgunea laugarrenetik ikusita. Nire atzean bidearen ihesbide izan daiteken belaze inklinatua ikusi daiteke.
Azken luzean egindako garbiketa lana ere agerikoa da, hasierako pasagune bertikalean batez ere. Arrail/diedroaren eskalada ederra iruditu zitzaidan, tarta bat izango balitz moduan, bideari ginga jartzen diona.
Arrail/diedroa eskalatu ondoren.
- Bueno gaurko helburue beteta!!!- esan nion Lekuri bilgunera iritsi nintzenean.
- Izugarri gozau diat.
- Pena harrie ta egualdie baño... - erantzun nion.
Laino artean oraindik ere, bilgunea osaten duen harlauzaren gainean trasteak jaso, eta denbora galdu gabe, jaisten hasi ginen.
- Eh!! Eztiaula bukaerako argazkie atera!!! - Ohartarazi zidan Lekuk bilgunea atzean utzi genuenean.
Bitan pentsatu gabe telefonoa poltsikotik atera eta azkar-azkar argazki bat egin genuen: "Puto fríooooo!!!!".
"Puto fríooooo!!!!"
Behe-lainoak estalita, erreferentziarik gabe, bilgunearen gainean dagoen zelaian gora hasi ginen, bidearen kronikan deskribatutako mugarrietako batekin topo egingo genuenaren itxaropenarekin.
- Han hito bat zeok!!! - Oihukatu nion Lekuri mugarri batera hurbilduz.
Jaitsieran topatu genuen lehen mugarria. Argazkian bidearen amaiera gutxi gora behera non dagoen adierazi dut.
Lehen mugarri honen ondoren lanbro artean mugarri gehiago azaldu ziren. Mugarriek adierazitako bidea jarraituz, mendiaren gailurra eskuinaldetik (bidearen noranzkoan) inguratzen hasi ginen.
Gailurraren inguraketan.
Jaitsiera ongi adierazita dago eta mugarriak jarraituz arin ibili ginen...
... mugarriak galdu genituen arte.
Ez dakigu nola gertatu zen, baina bat batean mugarriak desagertu ziren eta eskalatutako menditik urruntzen ari ginela sentiarazi zigun bidexka bat jarraitzen hasi ginen.
- Hobe diau lehen aukeran beheraka hasi ta eskubita jotzea mendie inguratzeko - esan zidan Lekuk.
- Bai, arrazoie daukek - erantzun nion - txarrenen Portaleten ateako gaittuk.
Ez dut uste bidearen kronikan deskribatutako jaitsiera bidetik jaitsi ginenik, mugarri gehiago ikusi ez genuelako. Ongi zapaldutako bidexka eta bide ezberdinak konbinatuz, iparreko noranzkoan hasieran, mendia mendebaldetik inguratzen hasi genuen errekasto batera iritsi ginen arte. Errekastoaren ondotik metro batzuk egin ondoren, lehen aukera izan genuenean ekialdera zihoan bide bat hartu eta pixkanaka mendiaren ipar aldera zuzendu ginen hurbilketan jarraitu genuen pistarekin bat egin genuen arte.
Errekastoaren ondotik jarraitu genuen bidean. Metro batzuk aurrerago bide hau utzi eta ekialdera zuzentzen den bidexka bat jarraitzen hasiko ginen.
Ordu erdi pasatxoko jaitsieraren ondoren, zapatilak eta galtzetako azpialdea bustita, furgonetaren epeltasunera itzuli ginen:
- Ea bihar Midie lehorra zeoken...
- Ona emanda zeok, ezta? - Galdetu zidan Lekuk.
- Bai, oain zeukeaten beldurre dek harkaitze bustie egotea ta gaueko izotzakin verglasa sortzea... - aitortu nion.
- Eztiat uste bihar izotza botakoekenik - erantzun zidan Lekuk konfiantza osoz -, baña zeñek zekik.
Furgonetan eroso jartzen ginen bitartean egindako eskaladari buruz hizketan hasi ginen. Horman egin den garbiketa lana itzela izan bada ere, harkaitza oraindik erabat fidagarria dela ez zitzaigun iruditu. Beharbada altitude honetan egoten den kareharriaren kalitatea hau izan daiteke, baina iaz Portaleteko orratza eskalatu nuenean ez nuen sentsazio hau izan. Hala ere, bidea errepikatzen den heinean horma asko hobetuko denaren zalantzarik ez daukat. Bitartean, harkaitzak sortu dezaken segurtasun falta parabolten arteko tartea luzea ez izateak arintzen du, ziurrenik eskalatzaile batzuen ustez motzegi izango dena. Esaerak dioen moduan "ez du inoiz euririk egiten mundu guztiak gustuko duen moduan". Nire uste apalean, goiz edo arratsalde bat betetzeko eskalada polita izan daiteke.
Hausnarketak amaituta. etxekoei dena ongi atera zela esateko deitu, afaldu, eta alarma goizeko lauak eta erdietarako programatu ondoren, gaueko bederatziak eta erdietan lo-zakuetan sartu ginen, gauean zehar arropa lehortu, behe-lainoa desegin eta Midi-ko harkaitza lehor egongo zenaren itxaropenarekin. Itxaropen gehiegi beharbada...
Itxaropen hauek egi bihurtuko ziren ala ez biharamunean ikusiko genuen...
KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK
- Sueño Vertical bloga. 2021/04/04. "Libellium" (El Portalet) Eskuragarri: http://suenovertical.blogspot.com/2021/04/libellium-el-portalet.html
- Eskalatzen bloga. Portalet - Libellium (6a, 100 m, derrigorrez 5a). Eskuragarri: http://eskalatzeneus.blogspot.com/2021/07/portalet-libellium-6a-100-m-derrigorrez.html
Harpidetu honetara:
Argitaratu iruzkinak (Atom)
Earra Xabi, hotza pasata baño tira, beti bezela aurrera! Pena itxurazko argazkik ezin izan
ErantzunEzabatugenuala ate!
Milesker Leku!!!
EzabatuArgazkik hain gaizki ere ez zerek, behe-lainoak nolabaiteko misterioa ematen die... jejeje.