AZKEN 10 SARRERAK

2009/07/04

BERIAINPUNTA (IHURBAIN), UBEIKO UR JAUZIAK ETA BAZKALAITZEKO ARRAILATIK 2008/01/06

Iruñara doan autobia hartzen dugun bakoitzean, ezinezkoa da Sakana alderik-alde pasatzen ari garela mendi honi eta bere arrailari ez begiratzea.

Guk gure artean beti "San Donatoren muturra" deitu izan diogu eta mutur honen erditik igotzerik bazegoela entzun genuenean erabat txunditurik gelditu ginen, errepidetik ezinezkoa dirudi eta.

Josu eta biok eskalatzen hasi ginenean (katu batzuk jarri nituen lehen aldia 2005ean izango zen) batez ere Uharte Arakileko Aiztondo eskolara joaten ginen eta joan etorri bakoitzarekin pitzadura honi derrigorrezko begirada botatzen genion. Trepatzeari trankilloa hartu genionean (3 urte, motelak baikara), eta batez ere pitzaduraren maila II+tik igotzen ez zela ohartu ginenean, pitzadura hau "ezagutzera" animatu ginen.

SARRERA

Beriainpunta mendia (Ihurbain bezala ere ezaguna) Andia mendilerroan dago kokatua. Mendilerro honen mendirik nagusiena Beriain, edo guk ezagutzen dugun bezela, San Donato da 1494 metroekin. San Donatotik mendebaldera mendilerroak jarraitzen du Ihurbain mendian (1420 metro) amaitzen delarik.

Naparrak ez direnentzat mendi hau ez da oso ezaguna, Unanu-ra hurbiltzen garen gehiengoak beti Beriain mendiruntz jotzen baitudu, Beriainpunta ikusi ere ez dugularik egiten. Guretzat ere, pitzaduraren izena Bazkalaitz zela ikasi eta honen amaieran Beriainpunta izena zuen mendia zegoela ikasi genuenean konturatu ginen mendilerro osoa ez zela Beriain, beste mendi bat ere bazegoela Ihurbain edo Beriainpunta izena duena. Gainera Lezitza goikoa (1360 metro) izena duen hirugarren mendi bat ere badago Beriaindik ekialdera.

Mendi honetara igotzeko bide normala Unanutik abiatuz gero, tarte luze batean Beriaingo bidearekin batera doa, mendilerroko gainara hartzen den maldaren erdialdean gutxi gora behera pixkanaka-pixkanaka ezkerreruntz (igotzeko norantzan) hartu behar delarik diagonal bat eginez tontorrera ailegatzeko.

GURE BIDEA

Guk mendi hau, lehen esan bezela, bere arrailatik igotzea proposatu genuen.

Arraila errepidetik ikusiz gero, izugarria da. Mendikat web orrian aurkitu dudanez, pitzadura honek Bazkalaitz izena ere badu, "San Donatoren muturraren" gainean dagoen zelai zatiak Elketz Belaztia izena duelarik.

Bazkalaitz arraila P.D. inf. bezela dago katalogatua eta hiru erresalte dauzka: Lehenengoa 14 metro ingurukoa (II+), bigarrengoa 2-3 metrotakoa (II) eta hirugarrena (II). Lehenengo eta bigarren pitzaduretan spit-ak daude jarriak eta hirugarrenean rapel-a montatzeko bi spit.

Guk arrailatik igo ginen, baina jaitsiera bide normaletik egin genuen. Ez genuen eskalatzeko materialik eraman.

Guk egin genuen bidea. Deskribapenean zehaztuko dut pasabide bakoitza.


DESKRIBAPENA
 

Ordizia 08:30. Josu nire bila etorri ondoren Unanu herriruntz abiatu ginen. Bidea ezagutzen ez duzuenentzat, Etxegarateko gaina igo behar da Altsasu herrian Iruñako norantza hartu behar delarik. Autobia honetatik jarraitu beharra daukagu Dorrao eta Unanu herrietara joateko irteerara ailegatu arte.

Irteera hau hartu ondoren, bidegurutze batera ailegatu behar da, guk eskuinera hartuko dugularik. Kilometro pare bat egin ondoren, Unanu herrira joateko bidegurutzera ailegatzen gara, oraingo honetan eskuinera hartu behar dugularik.

Behin Unanu herrira ailegatutakoan, herrian sartu eta elizaren parean ezkerrera aldapa bat hasten da. Aldapa hau hartu beharra daukagu, eta honen bukaeran eskuinera herritik ateraz. Hemendik aurrera pista bat hasten da. Pista honetaik kilometro batzuk egin ondoren (tartean itxita mantendu behar den langa bat pasa behar da) Iturtxiki iturrira ailegatzen gara (animalientzat aska bezela ere dago prestatua), kotxea utziko dugun lekura.

Iturtxiki iturria 09:25. Trasteak prestatu ondoren pixkanaka pitzaduraruntz abiatu ginen. Eguna hotza zen eta bidea lokatzaz betea zegoen.

Hasieran bideak 20 metro inguru jarraitzen du Beriain mendira doan bidearekin batera, bidegurutze batera ailegatu arte. Bidegurutze honetan ezkerreko aukera hartu beharra daukagu.

Bidegurutze honetatik aurrera bidea erabat lokaztua topatu genuen. Bidea oso nabaria da ez dauka inongo galerarik, lehenengo harrikara batera ailegatzen den arte.

Harrikara honetan bidearen arrastoa galtzen da, eta guk pasabide honetara atera ginen lekutik zertxobait goruntz somatzen zen bide batera igotzea erabaki genuen harrien artean.

Behin bidezur hau hartu ondoren bigarren harrikara bat pasa genuen pago batzuetara ailegatu arte. Pago hauetatik zertxobait gora doa bidea errekatxo batera jaisteko. Errekatxoak ur dexente zekarren berarekin eta pasatzeko dituen harriak nahiko irristakorrak dira, baina kontu ibiliz gero ez dauka inongo zailtasunik.

Behin errekatxoa gurutzatua "San Donato muturraren" beheko hormatik joan behar da iparralderuntz, tartean Ubeiko ur jauzien azpitik pasatuz (10:50). Parajea, ikusgarria.

Josu Ubeiko ur jauzien azpian


Ur jauziak atzean utzita


Ubeiko ur jauzien "azpitik" pasa ondoren iparraldera zeharkaldi bat egin behar da 100 metro inguru zeharkatu ondoren eskuinera jo eta oteaz betea dagoen zelai batetik gora jo genuen oso argia ez den bidezur batetik.

Bidezur honetatik gora metro batzuetan zehar egin ondoren bidea markatuta azaltzen den argazkiko lehenengo trepadara ailegatu ginen.

Lehenengo trepada 11:00. Lehenengo trepada haonek 3-4 metro inguru izango ditu. Ez da zaila, baina kontuz igo beharrekoa da, oinak nahiz eskuentzat ez baitaude punturik. Hau ikusita "belarring" egitea erabaki genuen, hau da, ahal izan genuen belar guztiei eskuekin eustea. Behin trepadatxo hau egin ondoren, metro gutxietara "muturraren" hormarekin topo egiten dugu, eta hemen hasten da beharbada pitzadura hurbiltzeko pasabiderik politena.

Ubeko ur jauziak trepada bukatzen den lekutik


Kuriosoa ura nondik ateratzen den.


Pasabideak 11:05. Pasabide izenez bezela izendatu dudan zatia izugarri polita da, eta merezi du guk igo genuen lekutik igotzea pasabide hauek ezagutzeko.

Bi pasabide daude jarraian, politak baino politago.

Josu lehenengo pasabidearen sarreran.


Atzean Sakana ikusi daiteke.


Pasabidearen erdi puntuan.


Bigarren pasabidean.


Nahiz eta eskalatzeko toki polita iruditu, harria askea dago erabat.


Bigarren pasabidearen amaieran. Pagadia ikusi daiteke.


Bigarren pasabidearen amaierarekin batera pagadi batera ailegatzen gara.

Pagadia 11:15. Pagadira ailegatu bezain pronto eskuinera hartu behar da maldan gora. Malda nahiko zikina da, lurra askea dago harri txikiz josia baitago eta etengabe zuhaitzei eusten igo behar da oreka ez galtzeko.

Pagadia pasa ondoren Elketz Belaztira ailegatzen gara berriro ere bide bat topatzen dugularik. Hasieran bidea hegoaldera doa, baina metro batzuk egin ondoren ezkerrera hartu behar da (igotzeko norantzan) zig-zag batzuen ondoren beste harkaitz horma batera ailegatzen garelarik.

Horma honek estraplomo bat egiten du babes antzeko bat sortuz, eta puntu hau aukeratu genuen hamaiketakoa egiteko.

"oain arte bidea earra, eh?" esan zidan Josuk. "Bai" erantzun nion, "ea pitzadura zemuz dagoen".

Sakana, hamaiketako egin genuen lekutik.


Josu indarrak berreskuratzen.


Indarrak berreskuratu ondoren, horma hau hegoalderuntz bordeatu genuen arrailaren sarrerara ailegatu arte.

Bazkalaitz arrailaren sarrera 11:35 1175 metro. Sarrera espektakularra da, badirudi mendia bitan irekitzen dela.

Bazkalaitz arrailaren sarrera.


Josu sarrerara hurbiltzen.


"Goazen, goazen"


Hasieran arraila harri soltez beteriko malda bat da. Egokiena ahal den guztietan harrien ezkerretik igotzea da, batzuetan bidexka bat dagoela aprobetsatuz.

Arrailaren lehenengo zatian.


Ahal denetan ezkerreko aldetik igo behar da


Eta azkeneean 100-150 metro egin ondoren, lehenengo erresaltera ailegatu ginen (1 zenbakia krokisean).

Lehenengo erresaltea 11:55. Lehenengo erresalte hau hiruetatik luzeena eta zailena da (II+). Arrail bat dauka, baina guk arrailaren ezkerraldetik iltze bat eta spit bat jarraituz, igo genuen. Harkaitzaren egoera penagarria topatu genuen. Oraindik elur ondarrak zeuden eta hauen eraginez harkaitza erabat bustia eta hezea zegoen.

Josu lehenengo erresaltean


Harkaitza ailegatzen denean, Josu beti aurretik jartzen da. "Kontu ibili Josu" esan nion.

Josu lehenengo erresalteko arrailaren ezkerretik igotzen.


Lehenengo erresaltearen zati "klabean". Harkaitza erabat bustia zegoen.


Lehenego erresaltea eskalatu ondoren (egia esan oinek ez zuten konfidantza handirik ematen harkaitza irristakorra baitzegoen), eta metro batzuk egin ondoren, bigarren erresaltera ailegatu ginen.

Bigarren erresaltea 12:05. Bigarren erresaltea lehenengoa baino motzagoa da eta zertxobait errezagoa paperean behintzat (II gradua). Erresalte honetan arrailean "enkajonatzen" zara. Behin posizio honetan eskuineko hanka eskuin horman jarri eta ezker hanka ezkerrera dagoen harkaitzean dagoen puntu txiki batean jarri behar da ezkerrera pasatzeko. Pausu hau da "konplikatuena", eskuentzako ez baitaude helduleku ebidenterik, baina behin gorputza ezkerrera pasata ez dauka inongo zailtasunik. Baina guri zailagoa egin zitzaigun, zergatik? Hasteko "enkajonatzen" den lekuan elurra zegoen eta ia belaunetaraino sartzen zinen pausua zailagoa bihurtuz. Gainera, ezkerreko oina jartzen da lekua bustia eta oso irristakorra zegoen, eta egia esan behar baino izerdi gehiago bota genituen. Urduritasunak jota, ez nuen pasabide honen argazkirik atera.

Bigarren pasabidea pasa ondoren.


Bigarren pasabidea igaro ondoren eta geroz eta gehiago harkaitzekin irrist egin ondoren, hirugarren erresaltera hurbildu ginen urduri.

Hirugarren erresaltea 12:15. Erresalte hau hiruetatik errazana da, nahiz eta bigarrenaren maila bera izan (II). Ez dauka inongo misteriorik eta pausua oso ebidentea da, ezkerretik igotzen delarik.

Hirugarren erresaltera hurbiltzen.


Kontu eskuarekin!!!!


Erresaltea tanteatzen.


Azkeneko esfortzua


Erresalte honen bukaeratik gora berriro harri malda batean sartzen gara. Hemen dagoeneko eguzkiak jotzen zuen eta harkaitza erdi lehorra zegoen, erraz-erraz arrailatik atera ginelarik.

arrailaren irteeratik 30-50 metroetara Beriainpuntaren tontorrera (1420 metro) ailegatu ginen gozo-gozo (12:30).

Beriainpunta mendiaren gailurra (1420 metro)


Gailurraren argazki espektakularra.


Gailurretik ekialdera San Donato baseliza ikusten da, baina gainean genuen ordua zela eta kotxera bueltatzeko erabakia hartu genuen Ihurbain irabazteko bide normala jarraituz, kotxera 13:30 ingurura ailegatu ginelarik.

Iturtxiki 13:30. Azkenean pitzadura famatu hau igotzeagatik oso kontentu ailegatu ginen kotxera, behin eta berriz besarkatuz, baina Josu ez zen oso zoriontsu, harkaitzaren egoera irristakorra zela eta "ez det batere gozatu" esaten zuelarik. "lasai Josu, bueltatuko gara behar den modun gozatzeko" esan nion.

Honela, bueltatuko ginela esanez, etxera bueltatu ginen berandu bazkaltzera.

Beriainpuntari azken begirada.


BAZKALAITZ ARRAILAREN NIRE BESTE IGOERA BATZUK.

- 2008/02/17, Trujikin.

- 2009/01/10. Josu eta Bixkikin. Igoera elurrekin.


4 iruzkin:

  1. Aupa!
    Pirineotako "trepadetan" nola ibiliko den jakiteko, larunbat hontan ihurbainera joateko asmoa daukagu.
    bi galderatxo ditut:
    1) sarreraraino bidea asmatzea erreza da? nahiko zikina ematen du bideak eta lekuren batean irakurri det baten batek ez dula ondo asmatu bidearekin.

    2) materiala? agian lenoko bera esango diak. 8,2mmko kordinoa eramateko, reverso eta mosketoien batekin. kaskoa? zuek behintzat ezer gabe erraz igaro dezue.

    eskerrik asko guztiagatik. gaurkoz baken utziko diat, merezi dek eta!

    p.d. zer moduz hoa sorbaldarekin?? asteburu hontan zurizan izan nauk, ta hire istripuaren leku ondotik igaro ninduan, hitaz oroituz. espero diat hobe izatea! animo txapeldun!

    ErantzunEzabatu
  2. Ihurbainekoa ez da aukera txarra, bide ederra eta sentsazio onak utziko dizkizuena. Galderei erantzunez:

    1) Guk lehen aldiz egin genuenean ez genuen aparteko zailtasunik izan, etengabe ihurbainen "muturra" erreferentzi bezela dago eta. Dena den, GPS-rik baduzu fidagarria den tipo baten track-a uzten dizut (http://es.wikiloc.com/wikiloc/view.do?id=2917052). Bidea ez doa gu igo ginen lekutik (gu goragotik joan ginen). Berak eginda erreporra lotura honetan duzu: http://www.mendiak.net/foro/viewtopic.php?f=66&t=42236

    2) Hiru erresalte topatu behar dituzue eta hiruen bukaeran bilgune bat dago jarria. Lehenengo erresaltean (hiruetatik luzeena) bilgunearen aurretik iltze bat (edo pare bat) sartuta dago. Soka gerrian jartzearen asuntoa frogatu dezakezue eta zu aurretik bazoaz, bilgunetan mosketoi bat jarri eta laguna korapilo dinamikoarekin errez aseguratuko duzu. Guk ez dugu sekula kaskorik eraman (GAIZKI), baina gomendagarria da eramatea.

    Kontuz ibili bustia badago, arkaitz irristakorra dauka eta.

    Asko disfrutatuko duzue, dudarik ez izan!!!!

    Bakizu, beste zalantzarik izanez gero lasai asko galdetu.

    Ondo ibili!!!!

    PD: Sorbalda, hobetzen ari da (orain pixkanaka mugikortasuna irabazten ari naiz) baina ez nuen uste hain prozesu motela zenik, gainera oraindik azkar nekatzen zait. Ea datorren hilabeterako ez zaidan hainbeste "kargatzen" ta berriz mendin ibiltzen hasten naizen.

    ErantzunEzabatu
  3. Earra bidia!! Polita benetan!! Nahiz eta bidia asmatzen zertxoit kostatu!! Eskerrik asko azalpenengatik!!

    ErantzunEzabatu
  4. Zorionak!!!!! Bidea bilatzen aritzeak ere bere xarma ematen dio ibilbideari. Orain Panticosa inguruko hirumilakoen bila!!!!

    ErantzunEzabatu