AZKEN 10 SARRERAK
ihurbain etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
ihurbain etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2018/06/25

BERIAINPUNTA, BAZKALAITZ ARRAKALATIK: HIRU BIDE, HIRU ESPERIENTZIA EZBERDIN, 2018/06/24

Beriain eta Unanu bere magalean. Argazkia 2015ekoa da.


Beriainpuntaren (Ihurbain bezala ere ezaguna) gailurrera iristeko biderik ikusgarriena mendebaldean duen Bazkalaitz arrakala eskalatzea da. II-IIIko eskaladak eta oinez egiten metroak tartekatuz Beriainpuntako postontzira zuzen-zuzen iritsiko gara.

Unanu herritik arrakalaren oinera iristeko, nahiz eta bide eta bariante gehiago izan, gehien jarraitzen diren bideak (edo ohikoenak behintzat) hiru dira: Izozpetako bidea (hiruetatik luzeena, baita teknikoki errazena ere, Uharte Arakiletik ere bide hau jarraitzen da), Elkezbide (motzena eta zaila baino ikusgarria dena) eta Ubeiko ur-jauzien bidea (azkeneko honetan II-III inguruko eskaladatxo motz bat egin beharko duguna).

2017an Izozpeta eta Elkezbide bideak egitearekin batera, Unanuko ohiko bideen trilogia amaitutzat eman nuen. Orduan ideia ero bat bururatu zitzaidan: eta hiru bideak egun berean egiten baditut?

Hainbat aukera ezberdin aztertu ondoren, hiru bideen konbinaketarik logikiena hau izan zitekeela iruditu zitzaidan: lehenik Unanutik atera eta Izozpetako bidetik igo. Iturtxiki iturriraino jaitsi eta bertan atseden hartu eta indarrak berreskuratu ondoren Ubeiko ur-jauzien bidea jarraitu. Bukaerako Elkezbide utzi. Unanura Beriainpuntara doan ohiko bidetik itzuliko nintzen.

Ibilbide osoa egiteko zenbat denbora beharko nuen ez nekien baina gutxi gorabehera lau ordutik lau ordu eta erdira beharko nituela kalkulatu nuen, Bazkalaitz arrakalan inor topatzen ez banuen behintzat. Honetarako arin eta goiz ibili beharko nintzen, honegatik erosoena mendian korrikan egiteko erabiltzen diren motxila/txaleko horietako bat eramatea izango zela pentsatu nuen tarteren bat korrikan betetzeko.

Baina eraman nahi nuen motxila arinak bazuen bere koska: eskaladako kaskoa nola eraman? Etxean froga ezberdinak egin ondoren, azkenean Ikerrek mendiko motxilaren kanpotik kaskoa eramateko duen zorro gomaduna hartu eta motxila/txalekoan nolabait lotu nuen. Etxean gora eta behera korrikan aritu eta kaskoa erortzen ez zela egiaztatu ondoren, nahiz eta Ninja dortoka baten itsura izan, ibilbiderako nuen buruhausterik handiena argitu nuen. Dena prest nuen, orain arrakala lehortzea zen behar nuena.

IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 13,5 kilometro inguru.
- Punturik baxuena: Unanu, 640 metro.
- Punturik altuena: Beriainpunta, 1.420 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 1.600 metro.
- Igotako mendiak: 1 hiru alditan, jejeje.
- Ura: Unanun eta Iturtxiki iturrian hartu daiteke. Bi hauetatik aparte ibilbidean ez nuen iturririk topatu.
- Zailtasuna: Ibilbide osoko zailtasun teknikorik handiena Bazkalaitzeko arrakalan topatuko dugu. Bertako II+ eta III zailtasun mailako eskalada denbora eta mendizaleen joan-etorriek ederki leundutako harkaitzean egin beharko dugu. Kontuz arraila bustia badago, harkaitza oso labainkorra baita. Ubeiko ur-jauzien bidean, ipar hormaren oineko pasabide horizontalera zuzen igoz gero, II-III zailtasuneko hormatxo pare bat eskalatu beharko ditugu. Dena den bi hormatxo hauek iparrean dagoen pagadira pasa eta hemendik igoz saihestu daitezke.
- Eramandako materiala: Kaskoa eramatea ezinbestekoa da. Eskaladatxo errazetan trebetasuna izanez gero kaskoarekin nahikoa izango da baina, goian esan bezala, kontu handia izan arraila bustia badago, harkaitza oso labainkorra baita. Eskalatzen trebetasunik ez duen bakarren batekin joanez gero, 30 metroetako soka bat, hiru express zinta eta zinta pare bat eramatea gomendagarria izan daiteke.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: Hiru ordu eta hiru laurden pasatxo. Kontutan izan zati batean baino gehiagoan korrika txikian aritu nintzela.

Ibilbidea wikiloc web orritik deskargatu nahi baduzue


Powered by Wikiloc


DESKRIBAPENA

Egun eguzkitsu pare baten ondoren (aurten garestia izaten ari da eguzkia ikustea) eta oraindik hainbat herrietan San Juan suaren errautsak beroak zeudela, Unanuko elizatik goizeko zortziak hogeita bost gutxiagotan atera nintzen. Eguna beroa iragarrita zegoen arren, goizeko bederatzi graduek animatu eta herritik ateratzearekin batera korrika txikian hasi nintzen.

Unanuko eliza, goizeko zortziak hogeitabost gutxi.


Luzera eta metatutako desnibel positiboaren datu zehatzik ez nuenez, ibilbidea “lasai” hartzea erabaki nuen, hauspoa berotu gabe eta bihotz taupadak muga batetik behera mantenduz: “muga hortatio igo ezkeo, oinez hasiko naiz” erabaki nuen. Honela, GR-282 ibilbidea uzten den lepora arte fresko iritsi nintzen baina, pagadian gora hastearekin batera, nahiz eta abiadura dezente jaitsi, bertako hezetasunagatik izerdi patsetan hasi nintzen. Igoera lasai hartzea erabaki nuen: ez nuen deshidratatu nahi ezta hauspoa behartu ere. Metroak ttirri-ttarra irabaziz, Izozpetako bi harritzak zeharkatu eta, maldarik gogorrena atzean utzita, azkarrago hasi nintzen.

Bat batean, bihurgunetxo baten atzean ezusteko galanta hartu nuen: bidexkaren erdian, hegoak zabalik, hildako putrea zegoen. Inkontzienteki, putrea ez zapaltzeko gainetik salto egin eta ia basoan behera joan nintzen. Pago bati heldu eta, oraindik izualdia pasa gabe, aurrera jarraitu nuen Bazkalaitz arrakalaren oinera iritsiz.

Aurretik ez zihoan inor eta nahiz eta hasiera batean kaskoa ez jartzeko tentatua izan, arrakalaren hormen gainean ahuntzak ibiltzen direla jakinda, badaezpada kaskoa jantzi nuen: “motxilan eramateko hobe burun eramatea”. Argazki bat egin eta eskalatzen hasi nintzen.

Bazkalaitz arrakala lehen eskalada hasi aurretik.


Lehenengo igoeraren freskotasunez heldulekuak bata bestearen atzetik automatikoki topatuz joan nintzen. Harkaitza lehorra zegoen, eskalatzeko primerakoa. Konturatzerako arrakala eskalatu eta eguzkiaren izpiez gozatzeko aukera izan nuen. Arrakalaren amaieratik harri txiki bat hartu eta, bederatziak laurden gutxiagotan, Beriainputako gailurrera iristearekin batera, bertako postontziaren oinean utzi nuen: “harritxo bat igoera bakoitzeko”.

Gailurrean atsedentxo bat hartu, postontziari argazki bat egin, kaskoa jaso, gainean nuen botilatxoetako ura hustu eta pixkanaka maldan behera hasi nintzen. Hurrengo helburua? Iturtxiki iturria.

Beriainpuntako postontzia lehen igoeraren ondoren.


Jaitsiera lasai hartu nuen Elorriagoako arrasoatik gora doan bidea malkartsua baita. Bueno, bidea malkartsua eta ni baldarra, konbinaketa ederra txorkatilak bihurritzeko. Beriainera zihoazen mendizale goiztiarrekin gurutzatu eta Elkezbidera iristeko biderik zuzenena aztertzeko tarte motza hartu nuen, hirugarren igoeran ahalik eta gutxien jaisteko.

Goizeko bederatziak eta hamar pasatxoan Iturtxiki iturrira iritsi nintzen. Bizkarra freskatzeko motxila kendu, gogoz hidratatu eta ur botilatxoak betetzeko aprobetxatu nuen. Minutu gutxi batzuetako atsedenaren ondoren iturrian zeuden mendizaleak agurtu eta berriro ere maldan gora hasi nintzen. Iturrira itzuli arte Beriainpuntara beste bitan igo beharko nuenez, bigarren igoera lasaiago hartzea erabaki nuen, ahalik eta ur gehien aurrezteko.

Iturtxiki iturria.


Urteak ziren Ubeiko ur-jauzien bidetik igotzen ez nintzela eta bidegurutze pare batean nondik jo zalantzan izan nintzen. Tartean mendi ibilaldi edo mendi lasterketa batek utzitako margo gorrixkadun bidean metro batzuk ere bete nituen.

Ur-jauzien burrunbak beste edozein hotsaren gainetik nabarmentzen zen eta Beriainpuntaren iparrean sortzen den Ubeiko erreka gurutzatzea nahi baino gehiago kosta zitzaidan. Ipar hormaren oineko zeharkaldi horizontalera zuzen igo (tartean II-III zailtasuneko bi hormatxo eskalatu nituen) eta bertara iritsitakoan, erdi-korrika, erdi-oinez, zeharkaldi osoa egin nuen Beriainpuntaren iparreko pagadira iritsiz.

Pagadian gora berriro ere abiadura moteldu eta pago gazteen enborretatik tiraka metroak errazago irabaziz, Elketz zelaigunera lehenik eta Bazkalaitz arrakalaren oinera bigarrenez iritsi nintzen.

“Ze ondo oaindio aurretio ez dijo iñor” pentsatu nuen gora begiratuz. Lehen igoeran bezala, atsedentxo txiki bat hartu, zertxobait hidratatu eta kaskoa jantzi nuen. Oraingoan gel bat ere hartzeko denbora hartu nuen. Arrakalari eguneko bigarren argazkia egin eta eskalatzen hasi nintzen.

Bigarren eskalada hasi aurretik.


Metatzen hasitako nekearen eraginez bigarren eskaladak kontzentrazio handiagoa eskatu zidan. Heldulekuak ez nituen lehen eskaladan bezala automatikoki aurkitzen eta pasabideren batean gorputza nola kokatu ere bitan pentsatu behar izan nuen.

Hala ere eskalada nahiko arin egin eta Beriainputako gailurrera bigarrenez goizeko hamar eta hamar pasatxoan iritsi nintzen. Postontziaren oinean Bazkalaitz arrakalatik hartutako bigarren harria jarri, argazkia egin, kaskoa jaso eta ur pixka bat edan ondoren beherako bidea hartu nuen.

Beriainpuntako postontzia bigarren igoeraren ondoren.


Jaitsieran nuen kezkarik handiena Elkezbidera ahalik eta zuzenen iristea zen. Beriainera doan ohiko bidera iritsi nintzenean nire pentsamendutik maldan gora zihoan emakume batek atera ninduen: “¿Ya estás otra vez bajando?” sobra ere lehen jaitsieran berarekin gurutzatu nintzen. “Bueno, he subido por un atajo que hay por detrás” bota nion irribarretsu. “Ahhh!!! Es que viéndote bajar otra vez me estaba dando un bajón…”. “Bakarrik faltaet hirugarren jaitsieran berrirore gurutzatzea, jejeje” pentsatu nuen mendizalea agurtu nuenean.

Elkezbideren altuera berean nengoela uste izan nuenean bidea utzi eta eskuinera jo nuen. Horma baten gainera iritsi eta metro batzuk ibiliak nituenean Elkezbideren gaineko horman nengolea konturatu nintzen: “kakaaaaa!!!!”. Nengoen lekutik zuzen jaistea arriskutsu izan zitekeela ikusita, metro batzuk atzera egin eta horma inguratu nuen Elkezbidera iritsiz.

Elkezbide korrika txikian zeharkatuz hirugarren eta azkenekoz Bazkalaitz arrakalaren oinera iritsi nintzen.

Oraingoan ere ez nuen inor aurretik. Aurreko igoeretako erritualari jarraituz, kaskoa jantzi, ur pixka bat edan, gel bat hartu eta, argazki bat egin ondoren, eskalatzen hasi nintzen.

Hirugarren eskalada hasteko prest.


Hirugarrren eskalada lasaiago hartu arren, bigarren eskaladarekin alderatuz arin igo nintzen, eskalada osoaz gozatuz. Arrakalaren amaieran hirugarren, eta azken, harria hartu eta goizeko hamaikak hamar gutxiagotan Beriainputako postontziaren oinean utzi nuen.

Beriainpuntako postontzia hirugarren igoeraren ondoren.


Erokeria egi bihurtuta oso zoriontsu sentitzen nintzen. Baina aurretik berriro ere jaitsiera malkartsua nuen. Jaitsi aurretik ura lasai asko edan, postontziari azken argazkia egin eta, kaskoa jasotzen nuen bitartean, begiak itxita, gailurrean eserita, mendiak ematen duen bakeaz gozatzeko aukera izan nuen.

Zoriontsu Beriainpuntako gailurrean.


Une mistiko honen ondoren motxila berriro ere bizkarreratu eta maldan behera hasi nintzen, oraingoan bitan ikusi nuen mendizalea ikusi gabe, jejeje.

Elorriagoako arrasoan behera hasi eta Iturtxiki iturriaren arteko pagadian sartu nintzenean, pagadiaren erdian dagoen ur deposituaren aurretik, eskuinera margo gorrixkaz adierazitako bidea ikusi nuen, Ubeiko ur-jauzien bidean gora nindoala ikusitako bide bera. Bitan pentsatu gabe Iturtxikira doan bidea utzi eta margo gorrixken atzetik hasi nintzen, Unanura eramango nindutelakoan.

Pagadia atzean utzi eta Labetagañeta eta Txingillagor muino edo mendixkak igo ondoren, margo gorrixkek adierazitako bideak Egutera zelaian behera Unanuko irteeran dagoen Babatzeko portalangara eraman ninduen. Jaitsiera hau ez nuen ezagutzen eta izugarri gustatu zitzaidan, pena tartean iturririk ez egotea.

Langa zeharkatu eta bost minutu eskasean Unanun sartu nintzen elizara hamaikak eta hogei pasatxoan iritsiz.

Unanuko eliza goizeko hamaikak eta hogei pasatxoan.


Gelditu nintzenean izerdi patsetan hasi nintzen. Kotxea utzitako lekura iritsi eta arropa aldatzen nuen bitartean eginiko ibilbideaz gozatzen hasi nintzen. Izugarrizko ibilbidea ez bada ere oso zoriontsu sentitzen nintzen, buruan dudan mota honetako beste erokeri baterako entrenamendu ederra izan zelako. Ea erokeri berri hau betetzeko tarterik hartzen dudan.


2017/08/28

BERIAINPUNTA, IZOZPETAKO BIDE ETA BAZKALAITZEKO ARRAILETIK 2017/08/24

Berianpuntaren ipar aurpegiko pagadiak Izozpeta izena jasotzen du. Gotzonek, Mendiak Bat blogaren kudeatzaileak, Pyrenaica aldizkariaren 267 zenbakian Beriaini eskeinitako artikuluan jaso duen moduan, izena beti izotza izaten duelako datorkio: "Izkueta, Izozpeta (beti izotza izaten dalako du izen hori, eta oso leku txarra da, Beriain azpian eta Huarte aldera" (garai bateko Unanuko oiturak eta olgak liburuik (208 orr.) Jose Agustin Garziandia.

Beti izotza, leku txarra... zer gehiago behar nuen Izozpetari bisita egiteko?

Bizitzan gertatzen diren eta gertatuko diren gertakari asko esplikaezinak dira. Beriainpuntaren gailur eta iksumiraz urteetan gozatu gabe izan arren, hamabost egunetan hirutan zapaltzeko zortea izan dut, hirurak Bazkalaitz arraila eskalatuz. Zergatik? Esplikaezina, jejeje.

Unanu herritik Bazkalaitzera iristeko ohiko bideak hiru dira: Ubeiko Ur-jauzietakoa, Elkezbidekoa eta Izozpetakoa. Bitatik igota nintzen, Ubeiko Ur-jauzi eta Elkezbidetik, alegia. Pyrenaicako artikulua irakurri ondoren, Izozpetako bidetik igo eta trilogia ixteko garra piztu zitzaidan. Bidearen nondik norakoak azaldu eta gero ez nuen asko behar izan Iker konbentzitzeko.

IBILBIDEA

Ibilbidea Unanuko elizaren ondoan hasi eta herria zeharkatzen duen GR-282 ibilbidea (artzaintza naturbidea) Uharte-Arakil norabidean hartu genuen, Beriainpuntaren muturra hegotik iparrera inguratuz. Hirugarren kilometro pasatxoan, mendi-lepo batera iristearekin batera, basoak egiten duen argiune batean GR-282 ibilbidea utzi eta hego-ekialdeko norabidean basoan sartzen den bidea hartu genuen, 10-15 metroen ondoren, eskuinera doan bidexka nabaria jarraituz.

Hemendik aurrera maldan gora hasi eta altuera azkar irabazi genuen Izozpetako pagadian sartzeko. Bidexkak galtzeko arrisku handirik ez dauka eta tarteka mugarriak azaltzen dira, altuera irabazi heinean mugarrien kopurua ere handituz.

Beriainpuntaren ipar hormara hurbildu heinean maldak gora jotzen du, batez ere bidean topatu genuen lehen harrikara bat zuzen igotzerakoan. Bigarren harrikara bat diagonalean zeharkatu eta Beriainpuntaren ipar hormaren oinera iritsi ginen. Hemendik aurrera bidea malgutu (zatiren batean maldan behera ere egin genuen) eta, hormaren ondotik, Beriainputaren muturra berriro ere inguratu genuen, oraingoan iparretik mendebaldera, Elketz belaztira lehenik eta Bazkalaitz arrailaren oinera ondoren iristeko.

Arrailaren eskuinean (Arbizutik begiratuta) dagoen lezeari bisita egin eta arraila eskalatu ondoren Beriain eta Beriainpuntara Unanutik doan ohiko bidetik itzuli ginen Iturtxiki iturritik pasa eta ibilbide zirkularrari amaiera emanez.

Ibilbidearen krokisa mendebaldetik ikusita. Unanutik GR-282 ibilbidea uzten den leporaino eta goiko zatian jarraitu beharreko bideak azaltzen dira.


Ibilbidearen krokisa iparretik ikusita, goiko krokisaren osagarria. GR-282 ibilbidea uzten den lepotik gorako bidea azaltzen da, baita bidean zeharkatzen diren bi harrikarak eta Izozpeta ere.


IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 8,6 kilometro.
- Punturik baxuena: Unanu, 640 metro.
- Punturik altuena: Beriainpunta, 1.420 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 765 metro.
- Igotako mendiak: 1.
- Ura: Unanu herrian (igoerarako) eta Iturtxiki iturrian (jaitsieran) ura hartu daiteke. Bi hauetatik aparte ibilbidean ez genuen urik topatu.
- Zailtasuna: Bideak galtzeko zailtasunik ez dauka bidegurutze eta galtzeko arriskua dagoen lekuetan mugarriak jarrita daudelako. Ibilbide osoko zailtasun teknikorik handiena Bazkalaitzeko arrakalan topatuko dugu. Bertako II+ eta III zailtasun mailako eskalada denbora eta mendizaleen joan-etorriek ederki leundutako harkaitzean egin beharko dugu. Kontuz arraila bustia badago, harkaitza oso labainkorra baita. Izozpetako igoera laiotza da, honegatik pentsatzen dut eguraldi txarrarekin, neguan edota bustia dagoenean lokaztu eta igoera ez dela makala izango.
- Eramandako materiala: Kaskoa eramatea ezinbestekoa da. Eskaladatxo errazetan trebetasuna izanez gero kaskoarekin nahikoa izango da baina, goian esan bezala, kontu handia izan arraila bustia badago, harkaitza oso labainkorra baita. Eskalatzen trebetasunik ez duen bakarren batekin joanez gero, 30 metroetako soka bat, hiru express zinta eta zinta pare bat eramatea gomendagarria izan daiteke.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: bi ordu eta hogei minutu atsedenak barne. Kontutan hartu ibilbidea oinez bizi egin genuela, Beriainpuntatik Iturtxikira korrika txikian jaitsiz.

Bidea Wikiloc web orritik deskargatu nahi baduzue.


Powered by Wikiloc


DESKRIBAPENA

10:05. Unanu, 640 metro, 0 km. Mendian goiz ibiltzea gogoko dut. Neguan elurra gogorra dagoelako, udan aldiz, bero orduetatik ihes egiteko. Lehen orduko zeregin batzuen ondoren Iker bederatziak eta erdietan jaso eta Unanurako bidea hartu genuen. Ikerrek eskuin orpoan erdi sendatua zuen anpulua eta nik ezker bikian nuen lesio txikia probatu nahi genituen, babarengatik edo bikiarengatik azkenaldian eskalatzeaz aparte ibilbiderik egin gabe geunden eta.

Kotxea elizaren ondoan utzi, motxilak hartu eta denbora asko galdu gabe martxan jarri ginen.

Ibilbidearen hasieran Unanuko elizaren (ezkerrean) ondotik pasatzen.


Unanu zeharkatu eta herriko sarreran dagoen GR-282 ibilbidearen (artzaintza naturbidea) indikazio postetik iparraldera doan porlanezko pista hartu genuen. Norabidea? Uharte-Arakil eta Eperregainetara.

Unanuko sarreran dagoen indikazio postea eta jarraitutako bidea. Argazkian Beriainpuntaren hego aurpegia, Elkezbidea alderik alde nola zeharkatzen duena.


Porlanezko pista etxe eta eraikin batzuen artean pasa eta lurrezko pista bihurtzen da. GR-282 ibilbideak lurrezko pista jarraitzen du.

Porlanezko pista lurrezko pista bihurtzen den lekuan eta hemendik aurrera jarraitutako bidea.


Unanuko azken eraikinak atzean utzi ondoren dagoen bigarren indikazio postearen ondoan.


Hemendik aurrera lurrezko pista jarraitu besterik ez genuen egin. Pista gozoa eta desnibel handirik igotzen ez denez oinez bizi-bizi hasi nintzen, bikia frogatu asmoz.

Ibilbidean Sakanaren inguruan dagoen indikazio panela.


"Azkarregi ez al goaz?" galdetu zidan Ikerrek. "Bueno, bolean miñik ez deten bitarten ea abiadura hau mantentzeik deun" erantzun nion. "Baba ondo dijo?" galdetu nion. "Oaingoz bai" erantzun zidan.

Kotxetik atera eta 10 minutu pasatxoan, ataka metaliko bat zeharkatu ondoren, maldatxo bat igo eta eraikin txiki eta poste bat dagoen mendi-lepo batera iritsi ginen.

Ataka metalikora iristen, atakan GR marka bat ikusi daiteke.


Ataka zeharkatu ondorengo lepoan, honen eskuinean, zuhaitz artean, eraikin txikia eta postea ikusi daitezke.


Lepotik aurrera bideak behera egin eta lehen aldiz Beriainpuntaren medebaldeko aurpegia ikusi genuen.

Lepoan behera, parez pare Beriainputaren mendebaldeko aurpegi ikusgarria, Bazkalaitzeko arraila erdian duela.


"Erabat desorientauta nau" esan zidan Ikerrek. "Ze ba?" galdetu nion. "Ez dakit, baña ustenun oaindio muturre ezkerretio ikusiko genula" esan zidan. "Zuk pentsa muturrei buelta osoa eman behar diogula eskubitio ikusi arte" erantzun nion.

Zuhaitz artean.


Goian azaldu bezala, mendian berandu ibiltzeari ez diot sekula alde positiborik ikusi, udan batez ere. Metroak irabazi ahala beroa eta izerdia nagusituz joan zen: "kriston gogoa dauket bason sartzeko" esan nion anaiari "han sikiera itzalpen ibiliko gea". "Ya te digo" erantzun zidan.

Tarteka zuhaitzen itzalpean, tarteka argiuneak zeharkatuz, GR-282 ibilbidea utziko genuen mendi-lepora iritsi aurreko zabalunera iritsi ginen.

Mendi-lepora iritsi aurreko zabalunean, parean lepoaren kokalekua.


Zabalunean eguzkiak erruz astindu gintuen: "joer hau da beroa!!" esan zidan Ikerrek ura edatearekin batera.

Eguzkipean mendi-lepora iristen.Erreferentzi bezala, lepoan pinuak daude (argazkian ikusten dira), bide osoan ikusi genituen pinu bakarrak.


Izerditan blai, zabalunearen amaieran dagoen malda igo eta, basoan sartzearekin batera, mendi-lepora iritsi ginen.

Mendi-lepora iritsi aurreko malda igotzen. Zuriz gero jarraituko genuen ibilbidea.


10:40. GR-282 ibilbidea utzitako mendi-lepoa, 790 metro, 3,2 kilometro. Nahiz eta basoan izan, mendi-lepoan argiune bat dago. Bertan, indikazio poste bat ere badago eta GR-282 ibilbideak iparraldera jarraitzen du. Puntu honetan GR-282 ibilbidea utzi eta hego-ekialdeko norabidearekin basoan sartzen den bidea jarraitzen hasi ginen.

Mendi-lepoan, ezkerrera (iparraldera) hartuz gero Uharte-Arakilera goaz, eskuinera (hego-ekialdera) hartuz gero aldiz, Beriainpuntara.Argazkian indikazio postea ere ikusi daiteke.


Basoan sartzen den bidearen lehen metroetan.


Bidea 10-15 metro eskas jarraitu ondoren, lehen bidegurutzean eskuineko bidexka hartu genuen basoan sartuz.

Bidexkaren lehen metroetan.Ikusten denez, bidexka oso nabaria da.


Bidexka estua izan harren nabaria da eta, poliki-poliki, basoa zeharkatuz altuera irabazten joan ginen argiune batera iritsiz.

Argiunean, parean Beriainpuntaren ipar aurpegia eta gero jarraituko genuen bidea. Argazkian, zeharkatzen diren bi harrikarren kokalekuak ere ikusi daitezke.


Argiunetik aurrera maldak pixkanaka tentetzen joan zen hauspoa ederki berotuz: "Buffff!! Ez badeu abiaduraik jaisten arrailera leher inda iritsiko gea" esan nion anaiari. Pultsometroa begiratu eta bihotz taupadak nahi baino gorago zeudela ikusita abiadura dexente jaitsi genuen. Izerditan blai, pagadiaren freskura eta itzala gutxienez eskertzekoa zen esfortzua nolabait leunduz.

Pagadian gora.


Bidexka mugarriz josia dago eta galtzeko arriskurik ez dauka. Bidexkan topatu genituen bidegurutzeetan ere mugarriek bide onetik eraman gintuzten.

Bidegurutzeetako batean, mugarriak (borobil zurien barnean) ikusi daitezke.


Pagadiaren goxotasunera eta maldara ohitzen ari ginela harrikara batera iritsi ginen.

Harriakarara (argitasuna dagoen lekuan) iritsi aurreko mugarriaren parean.


Harrikara, ziurrenik ipar hormatik amildutako harri eta elur-jausien ondorioen orbaina, igotzeko ezerosoa da. Maldak lotsagabe gora jotzen du eta, nahiz eta bidexkak zetak egin, bertako harri txiki eta askeek ez dute igoera errazten behin baino gehiagotan bi pausu gora eta bat behera eginez.

Harrikararen lehen metroetan.


Elurretan igotzen arituko bagina bezala, beste mendizaleen joan-etorriek utzitako oinen arrastotik poliki igoz joan ginen, presarik gabe, arnasketa eta bihotz taupadak ahalik eta lasaien eramanez.

Harrikaran gora.


"Maldan gora babak miñe emateit" esan zidan Ikerrek. "Ni oaingoz ondo nijo miñik gabe" erantzun nion abiadura jaitsiz.

Harrikararen amaieraran eskuinera hartu genuen pagadian sartu eta nabaria ez den bidexka diagonalean, altuera handirik irabazi gabe, jarraituz.

Harrikara atzean utzita, berriro ere pagadiaren babesean.


Oso nabariak ez diren 20-25 metroen ondoren mugarri batek zalantzak uxatu eta bide onean geundela baieztatu zigun.

Mugarri "salbatzailea".


Mugarria atzean utzi ondoren bidexka nabaritzen joan eta bigarren harrikara batera iritsi ginen. Harrikara hau ez da zuzenean igotzen, bere oinetik ezker-eskuin diagonalean zeharkatzen da bide erosoa jarraituz.

Bigarren harrikara zeharkatzen.


Bigarren harrikara zeharkatu ondoren zuhaitz baten enborrean egindako mugarrira iritsi ginen.

Zuhaitzaren enborrean egindako mugarria.


Mugarri honetatik aurrera bideak horizontalean jarraitu eta tarteka ere behera egin genuen Beriainpuntaren ipar hormaren oinera iritsi ginen arte.

Hormaren oinera iristen.


Hemendik aurrera, ipar horma ezkerrean genuela, medebaldera doan zeharkaldi horizontalarekin jarraitu genuen Elketz belaztira eta Bazkalaitz arrailaren oinera iritsi ginen arte.

Zeharkaldi horizontalean, Beriainpuntaren ipar horma gure ezkerrean eta Aratz eta Aizkorri urrun.


Azken igoera Bazkalaitz arrailaren oinera iritsi aurretik.


"Hemen garela aprobetxatuz, nahizu kobea ikusi?" galdetu nion anaiari. "Bale" erantzun zidan "gañea ni sekula izan gabe nau". Kontu handiz Bazkalaitz zeharkatu eta lezean sartu ginen.

Lezera sartzen.


Lezetik mundura egindako argazkia.


11:25. Bazkalaitz arrailaren hasiera, 1.185 metro, 4,9 kilometro. Lezera egindako bisita zintzurra freskatu eta minutu gutxi batzuetako atsedena egiteko aprobetxatu genuen. Kaskoa eta izerditutako motxila gainean jarri eta Bazkalaitzeko arraila igotzen hasi ginen. Arrailaren inguruko zehaztasun teknikoak kronika honetan azalduta ditudanez, ez naiz honen inguruan arituko.

Bazkalaitz arrailaren oinean. Lezera joateko jarraitu beharreko bidea ikusi daiteke, baita hemendik aurrera jarraitu beharrekoa.


Arrailaren lehen metroetan.


Metroak erraz eta arin irabazten joan eta konturatzerako lehen irtengunearen oinera iritsi ginen.

Lehen irtengunera (argazkian goian ikusi daiteke) iristen.


Lehen irtengunera iritsi eta, harkaitza erabat lehorra zegoela ikusita, egoera honetan irtengune hau eskalatzeko jarraitu beharreko eskaladatxoa egin genuen.

Lehen irtengunearen oinean. Gorriz paraboltak eta uztaidun iltzea babesgarri gisa erabiliz gero jarraitu beharreko bidea. Zuriz, harkaitza lehorra dagoenean nire ustez irtengunea eskalatzeko dagoen biderik errazena.


Lehen irtengunea eskalatu eta, bide batez, duela hamabost egun bakarren batek bertan utzitako brida kendu eta eraman genuen: "deskuidau ezkeo bakarren batek hemendio heldu ta kriston ostie hartukou" esan zuen Ikerrek. Hemendik gorako beste irtenguneak arin-arin eskalatu genituen arrailaren irteerara iritsiz.

Bigarren irtengunean.


Hirugarrenean, arrailaren irteera ikusi daiteke.


11:45. Bazkalaitz arrailaren irteera, 1.350 metro, 5,1 kilometro. Arrailatik atera, kaskoak motxiletan jaso eta gailurrerako bidea hartu genuen, denbora gutxian zailtasun handirik gabe gailurrera iritsiz.

Atzera begirada, arrailaren irteera eta Sakanako hainbat herri ikusi daitezke.


Gailurrera iristen.


11:50. Beriainpunta, 1.420 metro, 5,2 kilometro. Gailurrean argazki batzuk egin, bertan zegoen haize goxoaz segundo batzuetan gozatu eta atselden handirik egin gabe beherako bidea hartu genuen.

Beriainpuntaren gailurrean.


Gailurretik Uharte-Arakil aldera egindako argazkia. Bertan Aiztondoko eskalada eskola eta Maddalen Haitza, Artxueta eta Aralarko San Miguel ere ikusi daitezke.


"Ta trote txikin jaixten bagea?" galdetu zidan Ikerrek. "Bueno, ea ezkerreko boleak zemuz erantzuteon" erantzun nion korrika txikian hastearekin batera.

Egurrik eman gabe ttirri-ttarra korrika txikian jaisten hasi ginen oinez zihoazen mendizale talde batzuk aurreratuz. Ezker bikiak oraingoz ongi erantzunez zihoan, molestiarik izan gabe eta Ikerren anpuluak ere korrika egiten uzten zion.

Iturtxikira iristear geundela bikian min arin bat sentitzen hasi nintzen: "hemendio aurrea bazpare oinez nijo" esan nion Ikerri bikiagatik kezkatuta.

Korrika egiteari utzi eta, oinez baina bizi ibiliz, Iturtxikira iritsi ginen.

12:15, Iturtxiki iturria, 825 metro, 7,2 kilometro. Bertako ur freskoaz gozatzeko denbora apur hartu eta beherako bidearekin jarraitu genuen.

Iturtxiki iturrian freskatzen.


Iturtxikitik behera, oinez bizi ibiliz bikiaren mina gehiagora ez zihoala ikusita, abiadura mantendu eta jaitsiera azkarrarekin jarraitu genuen uste baino lehenago Unanuko kaleetara iritsiz.

Unanuko sarreran.


12:25. Unanu, 640 metro, 8,6 kilometro."Zemuz hanka?" galdetu zidan Ikerrek. "Sentsazio arraro bat dauket baña molestie ez da gehiagoa jun" erantzun nion, "zure baba zemuz?". "Bueno, maldan behera ondo baña maldan gora hortxe jun naiz" erantzun zidan Ikerrek.

Unanuko elizara itzultzen.


Kotxera iritsi zapatilak kendu, zapatila lehor batzuk ematen duten plazerraz gozatu eta, motxilak maletategian sartu ondoren, etxerako bidea hartu genuen Beriainpuntaren igoerei amaiera borobila eman genion sentsazioarekin.