AZKEN 10 SARRERAK

2010/07/08

BALERDI (1206 metro) HEGOALDEKO ARISTATIK 2010/07/04

Aspaldian Balerdi mendiko hegoaldeko arista igotzeko asmoarekin genbiltzan Josu eta biok. Josuk duela urte batzuk igota zuen baina errepikatzeko gogokin zegoen, nahiz eta eskalatzeko harkaitz oso ona ez izatearen ospea izan.

Egia esan, harkaitzaren egoerak kezkatuta ninduen arista hau egindakoek behin eta berriz azpimarratzen baitute bere egoera kaskarra.

Honela, Uztailak 4ean Ordizia behe-laino artean utzi genuen Nafarroan eguraldi hobea izango genuelakoan. Hain konfiatuta joan ginen ez genuela ez GPSrik ez eta maparik eraman.

GURE BIDEA

Balerdi mendira igotzeko guk aukeratu genuen bidea bere ekialdeko arista zen. Arista honi III+ edo IV-ko graduazioa ematen diote eta guk lau luzeetan egin genuen. Egia esan ez genuen informazio zehatz gehiegirik topatu interneten, eta Josuren memoria honelakoetan ez da oso fidagarria izaten, je, je, je.

Aristara hurbiltzeko Azkarate nahiz Gaintza herrietatik joan daiteke. Hainbat informazio irakurri ondoren Gaitzatik hurbiltzera pentsatu genuen, hurbilketa errezagoa zirudien eta.

Irakurritako deskribapenetan pausu zailenetan iltzeren bat edo beste sartuta dagoela irakurri genuen, baina guk ez genuen ezertxoere topatu bide osoan. Guk friend eta fisurero joku bat eraman genuen hainbat zintekin batera. Komeni da zintak eramatea harkaitz-zubi asko dago eta.

Balerdi mendia Tuturretik. Karratuaren barruan arits ikusi daiteke eta urdinez jaitsieran jarraitu beharreko bidea.


Ertz-lerroaren krokisa. Krokis hau Pyrenaica aldizkarirako prestatu nuen, honegatik dago espaineraz.


DESKRIBAPENA

Oraingo honetan eguraldia ez zen gure alde izango eta hainbat hankasartze izango genituen.

Lehenengoa kotxea uzteko lekuaren bila ari ginela egin genuen. Irakurritako hainbat informazioetan Gaintza herritik eskuinera abiatzen den porlanezko pista batetik joan behar dela irakurrita genuen Zabaleko borda deritzon bordaraino, honela, Gaintza herrira ailegatu eta eliza pasa ondoren eskuinera abiatzen den porlanezko pista hartu genuen: hankasartze handia. Kilometro inguru kotxean egin ondoren kotxea uzteko lekurik ez zegoen bi baserrien arteko bidegurutze batera ailegatu ginen. Honela kotxea hartu eta berriro Gaintzara bueltatu ginen bide egokiaren bila. Herrian dagoen mapa bat aztertu ondoren pista egokia hartu genuen behingoz. Pista hau herritik gora doa metro 200 metro inguruan eskuinera hartu behar delarik. Kilometro eskas kotxean egin ondoren hiru pista hartu daitezken bidegurutze batera ailegatuko gara. Bidegurutze honetan erdikoa hartu behar da (porlanezkoa ez dena) eta 200 metro ingurura kotxea uzteko "aparkaleku" antzeko zer edo zer topatuko dugu. Guk aparkaleku hau dagoeneko ibiltzen hasi ginenean topatu genuen kotxea moztutako hiru pista hauen bidegurutzean utzi genuen eta.

9:00. Kotxea utzitako lekua. Traste guztiak bizkarreratu ondoren lehen esan bezela bidegurutzean erdiko pista hartu genuen bertako baserritar batek esan bezela.

Josu erdiko pista hartu ondoren.


Pista hau hartu eta 200 metro ingurura dagoen "aparkalekua".


15 minutu ondoren ibili ondoren metalezko langa batera ailegatu ginen eta langa hau pasa ondoren harizti batean sartu ginen beste bidegurutze batera ailegatu ginelarik (langatik hamar minutu inguru).

Metalezko langan.


Bidegurutze honetan, zuzen jarraituz lokatz pista bat antzematen da eta ezkerrera hartuta bi bide daude: ezkerretik pista antzeko bat eta parez-pare garo artean doan bide zabal bat. Nondik jo ez genekiela, artzain bat topatu genuen eta honek garo arteko bidea jarraitzeko gomendatu zigun, bideak inongo galerarik ez zuela esanez. Gainera artzainak behe lainoa tontorreraino izango genuela esan zigun. "Nola egon daiteke mila metroetako behe laino bat?" pentsatu genuen. Baina gerora ikusiko genuen bezela, artzainak arrazoi osoa izan zuen (behin baino gehiagotan gogoratuko ginen artzainarekin bidean zehar).

Garo arteko bidea hasten den lekuan. Bere ezkerrera beste pista bat ikusi daiteke.


Garo artean maldan gora doan bidea hartu genuenean hezetasunaren ondorioak jasaten hasi ginen: mandalbiak non-nahi, izerdia burutik behera eta arnasestua. Gainera, bistak izugarriak, ez baikenuen 50 metroetatik hurrunago ikusten.

Garo arteko bidetik gora.


Malda bukatzearekin batera bide ebidentea ere desagertzen da hainbat bidexka hasten direlarik. Balerdi mendia ikusten ez genuenez (egun osoan ez genuen ikusiko) gure ustez Balerdiruntz abiatzen den eta elorri artean doan bidexka hartu genuen (lehen esan bezela GPS eta maparik ez genuen hartu).

Bidexka honetatik hartu eta 20 minutu ingurura zuhaizti batera sartu ginen eta bapatean hito bat topatu genuen: "hau da zortea, bidea topau deu" esan zidan Josuk, "Bazan garaie" esan nion.

Zuahiztiko hitoa.


Zuhaiztia zeharkatu ondoren belardi batera atera ginen. Belardi honen erditik goruntz metalezko kable lodi bat doa. "Nik kable hau igoeraren deskribapen batetan ikusita dauket" esan nion Josuri.

Belardian gora doan metalezko kablea.


Baina zelai honetatik gora hainbat metroetan ibili ondoren behe-lainoak su-eten txiki bat eman zigun eta bapatean gure helburua urrutira ikusi genuen, Astunaldera doan bidea hartu genuela konturatu ginelarik.

Balerdiren hegoaldeko arista laino artean. Eskuinetik hasita bigarren arista da. Ikusten denez, erabat desbideratuta geunden.


Hainbat juramentu bota ondoren berriro beheruntz abiatu ginen, dagoeneko pixkat nazkatuta hainbeste buelta emateagatik. Bidean mendizale bat topatu eta gutxi gora behera nondik jo behar genuen adierazi zigun aristaren hasiera topatzeko. "Oaingo hontan ez badeu aristarik topatzen buelta hartu ta etxera jungo gea" esan nion Josuri atsekabeak jota, "gutxinez mendi bueltatxo bat einda jungo gea" esan zidan Josuk ni baino animatuago.

Metalezko kablea dagoen zelaian hartu genuen bidea....


...Eta utzi genuena...


Nondik joan ginen jakin gabe harrikara batera ailegatu eta bapatean ezaguna egin zitzaigun puntu batera ailegatu ginen: "Josu ikusi al dezu pareko harkaitz hori? Ba Gaintzako monolitoa da, horrek esanahidu arista bere ezkerretara daula harrikara hontatik gora".

Harrikaratik gora abiatu eta 50-100 metroetara behe-lainotik azaldu zen pareta batekin topo egin genuen. "Hau izango al da?" galdetu nion Josuri. "Ez dakit ba, baina pareta horren erdian dagoen zuhaixka hori ezagune iten zait, ziur hortik pasa nintzela arista egin nuenean" erantzun zidan. "Ziur?" galdetu nion, "ziur" erantzun zidan "eta ez bada gutxienez zeozer eingo deu".

Honela ba, bi ordu baino gehiago bueltaka ibili ondoren, behe-lainoaren artean, blai eginda eta mandalbien koskadaz josita aristaren hasierara ailegatu ginen.

Lehenengo luzea. Irakurritako deskribapenetan arista bere hertzatik hartu behar dela irakurrita genuen, baina guk pareta zuzenean hartzeko aukera hartu genuen aristara ailegatzeko. Beti egiten dugun bezela, lehen luzeari Josuk eman zion. Luzearen sarrerak ez dauka misterio handirik baina heldu leku justuak baina onak dauzka. Luzearen erdian zuahixka bat dago eta hemen zinta bat jarri genuen. Zuhaixkatik gora helduleku onak non nahi aurkitu daitezke eta harkaitz zubi eta bi friend erabiliz aristara atera ginen. Behin aristara irten ondoren bilerarte ez dago aparteko misteriorik. Bilera bi friend jarrita egin genuen. 60 bat metroetako luzea egin genuen. Graduazioa III+ ematen diote.

Josu zuhaixkan...


harkaitz zubi batean zinta bat sartzen.


Alien bat sartzen aristarako irteerari aurre egin aurretik.


Aristara irteten.


Aristara dagoeneko irtenda.


Bigarren luzea. Bigarren luzea transiziozko luze bat da eta gure helbururako, hau da, friends-ak eta horrelako trasteak sartzen ikasteko, aproposa baina eskaladarako ez oso polita belar gune asko baititu. Harkaitz zubi asko dago eta pitzadurak daude leku askotan. Ez dauka zailtasun handirik, II batean utziko genuke. Luze honen bukaeran orratz bat dago, bertan bilera jarri genuelarik. Luze hau 40 bat metroetan egin genuen.

Bigarren luzeko lehen erresaltetxo bat igo ondoren.


Bigarren bilera.


Hirugarren luzea. Hau da luze klabea. Eskalda 15-20 metro izango dituen diedro antzeko batetik gora doa. Diedro honetatik gora edota eskuinetik (errezago) hartu daiteke. Guk diedroan sartuko ginela erabaki genuen. Aurreko luzea motz izan zelakoan, luze honi nik eman nion aurretik. Lehen zatian harkaitza oso konpaktua eta ona da, baina guk katuak blai eginda genituenez, kontu eta beldur handiz hartu genuen. Behin diedroa bukatzerakoan errepisa bat dago eskuinean. Errepisa ailegatzerakoan bihotz taupadak ehundaka zenbatzen nituen pasatako zati honetako tensioaren ondorioz. Errepisa honetatik gora harkaitza hausita dago eta kontu handiz ibili behar da heldulekuak aukeratzekoan. Bilera, harkaitz hauskor hau pasa ondoren ezkerretara dagoen errepisa zabal batean jarri genuen. Deskribapen batzuetan III+ eta beste batzuetan IV ematen diote, nire ustez IV-ko graduazioa ematea ez da soberakoa (batez ere pasa nuen tentsioa kontutan izanda, je, je, je).Hasieran komentatu bezela, luze honetan ere ez genuen inongo iltze nahiz paraboltik topatu.

Hirugarren luzea. Urdinez guk jarraitutako bidea.


Josu zatirik konplikatuena pasa ondoren.


Harkaitz zubi batean jarritako zinta kentzen.


Josu goiko errepisan. Azpian ikusi daiteken "orratzan" jarri genuen bigarren bilera.


Laugarren luzea. Hirugarren luzetik laugarrenera 50-70 bat metro egin behar dira oinez. Guk bustitako belar artean eta txirimiriaren artean egin genituen. Eskerrak luze hau adherentziakoa ez den. Luze honek ere aukera ezberdinak ditu igotzeko eta diedro antzeko bat ere dauka. Josuk diedrotik gora igotzea errez xamarra iruditu zitzaionez, diedrotik ezkerrera igotzea erabaki zuen. Lehenengo metroak oso seguru egin ondoren harkaitz ezegonkorrez josi zegoen pitzadura batean sartu zen. Pitzadura honetan gauzak oso garbi ez zeudela ikusi ondoren, eskuineruntz, diedroruntz, jo zuen eta hemendik gora lasai eta gozatuz igo zen goraino. Egia esan dagoeneko harkaitza oso bustia zegoen eta eskertu genuen luze hau bukatzea. Luze honi III+ gradua ematen diote.

Josu laugarren luzean. Igotzen saiatu zen pitzadura markatu dut. Urdinez diedrotik igotzeko bidea dago markatua, azkenean jarraitu genuena.


Hemendik aurrera eta inguruan inongo paretik ikusten ez genuenez (nahiz eta gure ikusmira 15-20 metroetara mugatua izan) sokak eta traste guztiak jaso eta dagoeneko zapatillekin zuzen jarraitzera erabaki genuen. Ez dakit zenbat metro belar busti artean eta izerdiaz blai egin ondoren (hezetasuna oso handia zen) Balerdi mendiaren hego-ekialdeko aristara atera ginen eta hemendik gora, nahiz eta puntu batzuetan igoezina iruditu, trepada erraz batzuk eginda, tontorrera ailegatu ginen. Uste dut beste aukeraren bat badagoela tontorrera zuzenago ailegatzeko, baina behe lainoaren eraginez ez genuen topatu.

Hego-ekialdeko aristaren bila belar artean.


Balerdiren hego-ekialdeko arista. Pasaezinak diruditen paretak oso errez gainditzen dira...


...gehienetan eskuinetik.


Azken metroetan. Dagoeneko nazkatuta geunden horrenbesteko hezetasunagatik.


Honela, borroka luze eta izerditsu baten ondoren, tontorrera 14:15ak aldera blai eginda eta oso nekatuta ailegatu ginen.

Balerdi mendiaren gailurra. Nekez, baina lortu diagu!!!!!!!!!!!!


Bertan argazki bat eta ura edan ondoren gailurra utzi eta kresterioa kontu handiz pasa ondoren Astunaldeko lepora ailegatu ginen hemendik behera hegoalderuntz ateratzen den bidexka jarraitu genuen goizean metalezko kablea topatu genuen zabalguneraino.

Astunaldeko lepotik behera.


Metalezko kablea zegoen belardira ailegatzen.


Metalezko kablea zegoen belarditik kotxera bidea "ezaguna" genuenez, azkenekoz eta gure lasaitasunerako arratsaldeko 16:00tan kotxera ailegatu ginen berriro ere blai eta oinak hezetasunagatik egosita genituela.