AZKEN 10 SARRERAK

2010/08/10

PIC DU MILIEU (3130 m.) eta GRAND TAPOU (3150 m.), 2010eko Uztaila

Uztailak 24an Troumouseko zirkoari bira eman ondoren, Grange de Holle aterpean afaldu eta lo egin genuen merezitako deskantsua jasoz.

Uztailak 25erako, eta gure Gavarnieko abenturari bigarren kapitulua emateko asmoz, Milieu, Grand Tapou eta honen bi orratzak igotzeko asmoa genuen, baina izenburuan ageri den bezela azkenean orratzak igo gabe geratuko ziren.

SARRERA

Vignemale mendikatea osatzen duten hamasei hirumilakoetatik hamabi Vignemale koroaren inguruan daude kokatuak. Baina lau hirumilako koro honetatik kanpo gelditzen dira: Milieu (3130 metro), Grand Tapou (3150 metro) eta Tapouren orratzak, behekoa (3124 metro) eta goikoa (3132 metro).

GURE BIDEA

Lau mendi hauek igotzeko Ossue presaren ingurua aukeratu genuen, mendi hauetara igotzeko duen gertutasunagatik. Gure asmoa Milieu mendia lehenik igotzearena zen, gero Grand Tapou eta bertan motxilak utzi ondoren Tapouren bi orratzak, berriro Grand Tapouren tontorrera bueltatzeko.

DESKRIBAPENA

Goizeko seietako ederki gosaldu ondoren aterpea utzi, kotxea hartu eta Ossue presaruntz abiatu ginen. Presa honetatik abiatzen dira Vignemalera doazen bide jendetsuenak. Presa honetara ailegatzeko bideak ez dauka inongo galerarik: Gèdretik Gavarniera joaten bagara, behin Gavarnie herria zeharkatu eta berehala ezkerretarako norantza duen bihurgune itxi bat dator. Puntu honetan bihurgunea hartu beharrean zuzen jarraitu behar da hasiera batean zoru ona duen errepide batetik, baina gerora errrepide hau pista bat bihurtzen da. Milieu eta Tapou mendietara joateko, kotxea presara ailegatu aurretik ezkerrera dagoen zelai zabal batean utzi behar da (kotxeak uzteko leku aproposa da). Guk zelai honen aurretik dagoen beste zelai batean utzi genuen kotxea.

Kotxea utzitako lekua, goizeko 6:50, 1750 m. Motxilak kotxetik hartu eta bizkarreratu ondoren hartu beharreko lehenengo lana Lourdes aterpera doan bidea bilatzearena izan zen: Kotxea uzten den zelaira (guk utzi genuena ez, bestea) sartzeko hartu behar den bidegurutzean, oinezkoen zementuzko zubi batek Ossueko presatik datorren erreka zeharkatzen du. Zubi hau zeharkatu ondoren egurrezko seinale batek bidea argi eta garbi markatzen du.

Abiatzeko prest, egunsentiak eguraldi ona ekarriko zuela zirudien. Markatuta gaurko helburuak.


Lurdesko aterperuntz joateko zeharkatu behar den zubia eta jarraitutako bidea.


Zubia zeharkatu ondoren dagoen egurrezko seinalea.


Lourdes aterpera doan bideak ez dauka inongo galerarik, oso bide zapaldua da eta pixkanaka zelaien artean altuera irabazten joaten da.

Lurdesko aterpera doan bidexkaren lehen metroetan. Eguzkipean gure gaurko helburuak ikusi daitezke. Argazkiaren eskuinean Ossueko presa non dagoen nabaritu daiteke.


Bidea gero zeharkatuko dugun errekatxoaren ezkerretik doa.


Aterpea urrutira bistan dugunean bidegurutze batekin topo egin genuen (gutxi gora behera ibiltzen hasi eta 20-30 minutuetara): bide bat zuzen doa Lourdes aterperuntz eta besteak eskuineko bidea hartzen du (Pic Rond aldera) igotzen eskuinera utzi dugun errekatxoa zeharkatuz. Guk bigarren aukera hau hartu genuen.

Bidegurutzean eskuineko bidea hartu ondoren zeharkatu beharreko errekatxoa.


Baina errekatxoa zeharkatu eta 5-10 metroetara ia ikusten ez den eta ezkerretara abiatzen den bidexka bat hartu beharrean gaude zelaiatik gora. Puntu honetan hito bat dago jarria, baina erreza da bidegurutzea ez ikustea. Bide honek Montferrat lakuetara eramango gaitu xuabe-xuabe eta ez dauka inongo galerarik, hitoak edonon ongi jarriak daude eta.

Ezkerretara hartu behar den bidegurutzea hartzen


Hartu beharreko bidegurutzea eta hitoa


Bidegurutze honetatik gora maldaren gogortasuna igo egiten da.


Tunning moment...


Atzera begirada


Egunsentiaz eta goizeko frexkuraz gozatzen ari ginen etengabe, argazkiak bota eta bota, eta umore onez, baina esaera “optimistak” dioen bezela “gaur egun ederra izan daiteke baina ziur zerbaitek okertuko duela”. Honela, 15 zm-tako errekatxo baten ondoan nengoela, argazki kamera ateratzearekin batera lurrera erori eta zelaian punpa egin ondoren errekatxoaren erdian zegoen putzu bakarrean sartu zen. Bapatean, zeru-lurreko santu guztiak gogoratu nituen (Almodovarrek lehenengo oskarra jaso zuenean bezela baina kontrako zentzuarekin) eta ziztu bizian kamera putzutik atera nuen Ikerrek eman zidan muki-zapi batekin ahal nuena lehortzeko. Ordu laurden baino gehiago kamerari mimoak egiten aritu ondoren galdutzat eman eta motxilan gorde nuen penaz (mala ostiaz hobeki esanda) betea. Harrigarria badirudi ere, egun osorako kriston eragina izan zuen nigan, normalki ohitua bainago “argazkilari ofiziala” izaten. Eguna, ez dakit honegatik edo, hemendik aurrera lainotzen eta pinta txarra hartzen ere hasi zen.

Argazki kamera berpizte ahaleginetan.


Kamerari azken igurtziak ematen. Hemendik aurrera gorde egin nuen. Bidea hitoz ongi markatua dagoela ikusi daiteke.


Kameraren intzidentearen ondoren, Iker eta Leku izendatu nituen argazkilari ofizial bezela eta egia esan behar bada, beraien lana bikain bete zuten.

Atzera begirada eta isladak. Zerua lainotzen hasita zegoen.


Bidea gozo-gozo egiten da hitoen artean. Argazkian nondik doan ikusi daiteke.


Aurreko argazkiko ezkerrerako bihurgunea hartu ondoren malda honekin topo egin genuen.


Leku malda honen amaieran... zerua pixkanaka lainotzen.


Noizik eta behin harrikararen bat pasatzen da...


...Montferrat lakuen aurretik dagoen "laku" hau zeharkatu arte.


Honela, lasai batzuk eta marmarrean ni, Montferrat lakuetara ailegatu ginen.

Montferrat lakuetara ailegatzen . Goian eskuinean gaurko helburuak ikusi daitezke.


Montferrat lakuak, goizeko 8:25, 2440 m. Laku hauek ezkerretara utzi behar ditugu hauetatik datorren errekatxoa zeharkatu eta maldan gora doan bidexka batetik (lehen esan bezela hitoz ongi markatua) eta behin malda bukatu ondoren beste errekatxo baten magalera hurbildu ginen. Errekatxo honetatik aurrera elurtegi bat ikusi genuen eta hemen hasi ziren Josuren kezkak kotxetik elurrik ikusten ez zela ikusirik zapatilekin igo baitzen.

Montferrat lakuak


Lakuak ezkerrera utzi ondoren, errekatxo bat zeharkatu eta berriro malda gogor xamar bat hasten da


Iker bideaz gozatuz...


...eta Montferrat lakuak behean utziz...


Elurtegira ailegatu ginenean hemendik gora bi aukera ditugu: Bat da elurtegiak markatzen duen bidetik gora joatea ezkerretik inguratzen duen mendixka bat zeharkatuz, edota bestea da guk aukeratu genuena: mendixka zuzenean igo elurrik ez zegoen lekutik malda gogor batetik gora (aukera hau ere hitoz markatua dago).

Argazkian elurtegiaren bidea (gorriz) eta guk jarraitutakoa (urdinez) markatu ditut.


Mendixkan gora...


...ahalik eta leku errezenak aukeratuz.


Ossue presaruntz begirada. Dagoeneko Astazuak lainoz estalita daude.


Ordurarte bota ez genituen izerdiak bota ondoren eta harri hauskorrez beteta dagoen bidea jarraituz elurrez betetako beste lautada batetara ailegatu ginen. "Josu oaingo hontan atzetik jun beharko dezu ea guk fundamentuzko oin-markak itten dizkizuegun” esan genion Josuri "nei ez dit bildurrik ematen igotzek, jaistek baino” erantzun zigun. Honela elurtegi honetan sartu ginen oinekin elurretan indar handia eginez eta Josuri bidea erraztuz ahal genuen guztietan harkaitzetara pasatzen ginelarik.

Elurtegia zegoen lautadatxoa


ahal genuen guztietan elurra utzi eta harrietara pasatzen ginen...


...baina elurra zapaltzea ezinbestekoa izan zen...


Aurretik genuena.


Goazen ba. Urdinez jarraitutako bidea.


Igotako elurtegia Lekuren ikuspuntutik


Bitartean gure atzean zerua geroz eta gehiago iluntzen jarraitzen zuen...


Lautadatxo hau atzean utzi ondoren Milieu eta Tapou mendien artean dagoen lepora doan azken lautadatxora ailegatu ginen. Ordurako bai Milieu eta baita Tapou mendiak ere hodeiez inguratuak zeuden eta euririk egingo ote zuenaren beldurra ere izan genuen.

Elurtegia pasa ondoren


Milieu ezkerrean eta Grand Tapou eskuinean


Bi mendien arteko lepora eramango gaituen lautadatxoaren bila


Atzera begirada. Pasatako elurtegia ikusi daiteke.


Milieu eta Grand Tapouren arteko lepora daraman lautadatxoan


Benga azken esfortzua


Lepora doan "maldatxoa" nabaritu daiteke, Aurretik bide osoan ikusi genituen mendizale bakarrak.


Milieu eta Grand Tapouren arteko lepora igotzeko Josu eta Lekuk lautadatxoaren erditik joatea erabaki zuten. Ikerrek eta nik ordea lautadatxoaren ezkerretik hartu genuen Milieu mendiaren tontorrera zuzenean ailegatzeko. Dena den bide batek nahiz besteak ez dauka inongo zailtasunik eta lasai-lasai igo ondoren Milieu mendiaren gailurrera eramango gintuen azkeneko metroetara ailegatu ginen.

Iker eta ni "gure igoeratik"


Josu Milieu mendiaren azken metroetan...


...baita gu ere.


Pic du Milieu, goizeko 10:10, 3130 m. Gailurrera ailegatzeko azken metro hauetara ailegatzearekin batera ia lurrera bota gintuen haize bolada bat altxatu zen. Haizeak gogoz jotzen zuen eta nahiko lan izan genuen haize kontrako txamarrak jantzi eta gailurreko argazkiak ateratzeko. Momentu batean ere Josuren motxilak ia haizeak eraman zuen menditik behera, baina Lekuren erreflexuen azkartasunak motxilaren galera ekidin zuen.

Milieu mendia 3130 metro. Haizearen indarra nabaritu daiteke


Mujika anaiak Milieu mendian


Eguneko lehen hirumilakoa egina genuen eta orain Grand Tapourako bidea hartu genuen. Bide honek ez dauka inongo zailtasunik eta Milieutik Tapoura doan kresta jarraitzea besterik ez da bi mendien arteko lepoa zeharkatuz. Haize boladek zati honetan ere nahiko lan eman ziguten, baina pixkanaka Tapou mendiaren gailurrera ailegatu ginen.

Milieu eta Grand Tapou mendien arteko lepoa


Leku lepotik gorako krestaren lehen metroetan


Gailurrera ailegatzen


Grand Tapou 3150 metro. Josu Lekuren makilen erasotik babesten...


Grand Tapou, goizeko 10:20, 3150 m. ”Eta oain zer?” galdetu nien beste hiruei ”jungo al gea orratzetara?”. “Zuk ze uste dezu?” galdetu zidan Josuk, “ez dakit ba, baina haize honekin orratzetan trepatzen aritzea ez dakit ez ote den arrisku handiegie, deskuidauez gero punta ailatzen geanen haizek goitik behera botako gaitu. Gainera ez da tutik ikusten laino honekin” erantzun nion. Honela ba, zalantza momentu hauek pasa ondoren eta haizearen indarra moteltzen ez zela ikusirik orratzak beste baterako uztea erabaki genuen.

Jaisteko igotzeko bide bera jarraitu beharrean Tapou menditik iparraldera zuzen jo genuen beheruntz, alde batetik elurra ahalik eta gehiena ekiditeko eta bestetik hamaiketako-bazkarirako haizez babesturiko leku baten bila.

Tontorretik beherako lehen metroetan. Milieu mendia eta lepoa ikusi daiteke.


Ederki bazkaldu ondoren (eguneko gauzik ederrena hura izan zen) eta noizik eta behin atzeruntz begiratuz (haizea baretzea gure esku egongo balitz bezela) pixkanaka kotxeruntz “erretiratzen” joan ginen igoerarako jarraitu genuen bide bera jarraituz.

Josu Grand Taputik behera. Eskuinean igotzeko zeharkatu genuen azken lautadatxoa nabaritu daiteke.


Elurra ekidin nahian...


...nahiz eta batzuetan zapaldu beste erremediorik ez izan


Aupa Josu!!!!!


"Elur zailtasunak" pasa ondoren


Zerua nahiz eta ilun mantendu, azkenean ez zigun euririk bota. Argazkian Ossue presa ikusi daiteke eta honen atzean kotxea uzten den zabalgunea.


Nahiz eta orratzak ez lotu, umore onean jaitsi ginen


Milieu eta Grand Tapouri azken begirada


Urdinez beherako bidea markatu dut eta Montferrat lakuetara joateko hartu behar den bidegurutzea markatzen duen hitoaren kokalekua.


Honela ba, 13:00ak aldera berriro ere kotxera ailegatu ginen hanketan kriston sentsazio onak genituelarik.

Josu eta Iker deskantsuan...


...gure zain. Lekuk kriston geologi irakaspena eman zidan jaitsierako bidean. Milesker!!!!


Agur Vignemale, datorren astera arte


Eginiko profila




Eta argazki kamerarekin zer gertatu zen? Ba etxera ailegatu eta interneten zer egin nezaken aritu nintzen begira, azkenean gehien gustatu zitzaidan aukera hartu nuelarik: bi egunetan (egun bakoitzean lau ordu edukita) kamera labean 50 Cºtan bateria eta memoria txartela kenduta eduki ondoren berriro ere berreskuratu nuen nire zoriontasunerako.


4 iruzkin:

  1. Te aseguro que no voy a tardar en hacer vuestro recorrido, me ha parecido muy asequible y entretenido. Muchas felicidades y saludos a todos.

    aguuuurrrr

    ErantzunEzabatu
  2. Milesker Andua,

    Son dos montes sin ninguna dificultad. Cachis no haber hecho las agujas....

    ErantzunEzabatu
  3. Ederra , benetan , hurrengo urtea.... baina eskiz

    ErantzunEzabatu
  4. Milesker ak65, ba egia esan eskiz ederra izango da, baina elurra dagoenean Ossueko bailara hori nahiko arriskutsua omen da elur jausietarako.

    ErantzunEzabatu