AZKEN 10 SARRERAK

2010/08/11

VIGNEMALEREN INGURUAN -Lehenengo zatia-

Uztailak 24 eta 25eko asteburuan Troumouse zirkoari bira eta Milleu eta Tapou mendiak igo eta astean zehar lana egin ondoren, mendi-oporren astea ailegatu zen.

Aurten gure oinarrizko kanpamentua Gavarnie eta bere inguruko aterpeak izango ziren eta herri honen inguruko mendi esanguratsuenak igotzearen helburuarekin bertara hurbildu ginen.

Uztailak 31an (San Inazio eguna -gure patroi handia, Jesusen konpainia…….-) goizeko 5:30tan Ordiziatik abiatu ginen Vignemale inguruko mendi gehienak igotzeko asmoarekin. Hau guztia bi etapetan egingo genuen:

- Uztailak 31: Chausenque bizkarra (3154 m.), Chausenque punta (3204 m.), Pitón Carré (3197 m.) eta Pique Longue (3298 m.).
- Abuztuak 1: Clot de la Hount (3289 m.) eta bere bi orratzak (goikoa 3115 m. eta behekoa 3043 m.), Cerbillona (3247 m.) eta bere orratza (3051 m.), Pico Central (3235 m.) eta Montferrat (3219 m.).

Vignemaleko koroa osatzen duten mendietatik Petit Vignemale-a (3032 m.) utziko genuen egin gabe. Gure asmoa Pique Longue-ren gailurraren azpian dagoen Russell koban (Gruta Paradiso) lo egitea zen, honetarako lo zakuak, esterillak, labexka, eltzeak, etab eraman genituelarik. Nahiz eta hasiera batean asmoa Pique Longue-tik Petit Vignemalera doan arista egitea izan, azkenean soka eta eskalatzeko trasteak etxean uztea erabaki genuen motxilek pisu handia hartzen zuten eta. Gainera paraje zoragarri honetara bueltatzeko aitzakia ere izango genuen mendi hau igotzeko (Pique Longuetik datorren arista eginez, neguan serak-en bidea jarraituz…).

Laugarren aldia zen mendi honetara hurbiltzen nintzela eta hirugarrena Gruta Paradison lo egiten nuela (behi Baysellance aterpean lo egin nuen) eta beti zirrara berezi bat sortzen zait hona hurbiltzen naizen bakoitzean: Vignemale ikusgarria da benetan.

SARRERA

Leku guztietan irakurtzen da eta mendizale gehienak ados daude Vignemale mendia Pirinioetako mendirik alpinoena dela esaterakoan. Vignemale mendikateko Pique Longue-a Frantziako Piriniotako eta ur isurien mendirik altuena da. Eta mendi honetara pertsonaia bat dago lotua: Russell kondea.

Vignemaleren lehen erreferentzia 1290 urtean "Vinhe Male" bezela izendatua. Espainian Comachibosa edo Camachibosa bezela ezaguna zen artzainen artean.

Vignemale mendikatea osatzen duten duten gailur guztien izenak maiz aldatu ondoren, 1907 urtean gaur gaur ezagutzen ditugun bezela izendatuak izan ziren.

1990 urterarte hamar gailurrek osatzen zuten mendikate hau, baina Juan Buyseren taldeak beste 6 gailur gaineratu zizkion: Tapouren bi orratzak, Cerbillonaren orratza, Clot de la Hount-en bi orratzak eta Chausenqueren bizkarra.

Uste da Pique Longuera eginiko lehen igoera 1792 urtean izan zela baina datu hau ez da zehatza. 1822 urteko Ekainak 30ean Vicent Chausenque gerora bere izena eramango zuen mendira igo zen. Igoera Petit Vignemaletik egin zuela kontutan izanda ez da gauza makala.

1837 urtean Henry Cazaux eta Bernard Guillembet gidek Pique Longuera doan bidea topatu zuten Ara aranatik eta urtebete beranduago, Abuztuak 7an Anne Lister Cazaux gidarekin Pique Longueren gailurrera ailegatu zen. Lady Listerren igoeratik lau egunetara Moscowako printzeak gailurra zapaldu zuen.

1861. urtea Henry Russell-entzat urte berezia izan zen urte honetan igo baitzen lehen aldiz mendi honetara. Zortzi urte beranduago Russell-ek lehen negu igoera beteko zuen. 1880 urtean bere lehen gaua pasa zuen Pique Longueren gailurrean eta 1881 urtean "Villa Russell" deituko zen lehen gruta ireki arazi zuen Cerbillonar portutik gertu. 1885 urtean bigarren gruta egin zuen "giden gruta" deiturikoa eta urtebete beranduago hirugarren gruta egin zuen, "emakumeen gruta" deiturikoa.

Laugarren gruta glaziarraren hasieran egin zuen eta "gaixoen gruta" izena eman zion. Honen ondoan beste bi egingo ditu, gaur egun Belleuve grutak izenak dutenak.

Beste behin Pique Longueren gailurrean 3 metroetako harri-dorre bat egitea agindu zuen Pique Longueren gailurrak 3300 metroetatik gora pasatzeko helburuarekin, baina ekaitz batek bota zuen. Hau ikusirik berriro dorrerik ez egitea erabaki zuen "Jainkoaren borondatea gizakienaren gainetik dago eta".

Baina Russell-en maitasun hau oraindik gorago joan zen 1889 urtean. Urte honetan 99 urtetarako mendia "alokatu" zuen, honetarako urtero franko bat ordaintzen zuelarik. Urte bereko Abuztuak 7an Celestin Passet gidak Henri Brulle eta Jean Bazillac-ekin batera Gaube korridorea igo zuten. Honetarako Passet-ek 1300 koska egin zituen izotzean.

1892 urtean azken gruta irekiko zuen, "Gruta Paradiso" deiturikoa 3248 metroetan.

1904 urtea izan zen Russell-ek Vignemalera egin zuen azken igoera. Bost urte beranduago Miarritzen zendu zen.

1989 urteko Irailaren 9an Vignemaleren "jabetza" Gavarnie herrira itzuli zen balio sinbolikodun ekitaldi batean.

DESKRIBAPENA

Ossue presa, goizeko hamarrak, 1834 metro. Kotxean hiru ordu t’erdi pasatxo egin ondoren eta aulkian dagoeneko zein posturatan jarri ez nekiela (ipurdian haragi gutxi dugunok daukagun arazoa izaten da) goizeko 9:00tan Ossueko presara ailegatu ginen kotxea uzteko libre zegoen azken lekua hartu genuela.

Kotxetik traste guztiak atera, eguzkitako krema fundamentuz eman eta Luz Saint Sauveur herrian erositako napolitana bana jan ondoren goizeko hamarretan goiko bidea hartu genuen.

Irteteko prest


Pique Longue mendira doan bideak ez dauka inongo galerarik: hasiera batean Ossue presa bere eskuinetik zeharkatzen du presaren hasierarte.

Bidea ongi dago seinalizatua


Presa eskuinean uzten da bere bukaerarte


Atzera begirada...


Presaren amaieran berritu duten zubi batek erreka zeharkatzen du (zementuzko zubi zaharra hausita dago) eta hemendik aurrera galtzeko inongo arriskurik ez dago maldan gora doan bidea oso ebidentea baita.

Egurrezko zubi "berria" zeharkatzen


Iker leku berean


Harritu gintuen (pasatako asteburuan bezela) oraindik dagoen elur kantitatea eta pare bat elurtegi pasa behar izan genituen Russell kondearen lehenengo grutetara ailegatu baino lehen.

Lehen elurtegia zeharkatzen. Bidea ikusi daiteken ur-jauziaren ezkerretik doa.


Ur-jauzia atzean utzita


Puntu berean, atzean Ossue presa ikusi daiteke


Pasa genuen bigarren elurtegia


Bidea oso ongi dago markatua.


Parajeak izugarriak dira, maldak ere badauka berea


Astazuak Swan korridorearekin eta Marboré mendia.


Bidean gora...


Belleuve grutak, goizeko 11:50ak, 2378 metro. Russel kondearen lehenengo grutak, Belleuve grutak, atzean utzi eta ehun metro ingurura bidea eskuinera hartzen du bihurgune batean. Guk puntu honetan hitoei jarraituz zuzen eta ezkerrera hartu genuen glaziarraren hasieraren bila. Dena den bihurgunetik aurrera jarraituz gero Baysellance aterpera doan bidegurutzera ailegatzen da, bidegurutze honetan ezkerrera hartu behar delarik. Azken finean, bide batetik edo bestetik joan ia Vignemaleren glaziarraren hasiera dagoen puntu berera joango gara.

Belleuve grutetan...


Belleuve grutetako bat barrutik. Azkenekoz hemen izan nintzenean oso zikinak zeuden.


Belleuve grutaren barrutik. Atzean Gabietoak, Taillon, Roland pitzadura, Marbore Cascoa, Dorrea eta bizkarra.


Belleuve grutak atzean utzi ondoren


Glaziarraren hasierara ailegatzen


Bidea denbora osoan ongi dago seinalizatua.


Glaziarraren sarrera, goizeko 12:20ak, 2660 metro inguru. Glaziarraren hasierara ailegatu ginenean hamaiketakoaren ordua bazela gogoratu gintuzten gure urdailek. Honela, Josuri pisua kenduko geniolaren trikimailuekin urdaiazpiko ogitarteko bana egin genuen. Ogitartekoa lasai-lasai jan, genituen kantinplora guztiak (bakoitzak 3 litro) urez bete, eta kranpoiak ipini ondoren, pixkanaka berriro ere martxan jarri ginen oraingo honetan glaziarretik gora.

Glaziarraren sarreran hidratatzen...


...eta hamaiketatxoa egiten...


Glaziarretik gora doan bideak ere ez dauka misterio handirik izugarrizko oin-marka eta bidea egina baitago. Igoera tente xamarra da eta hankei esfortzu pixkat eskatuz gero hauspoa ederki berotzen da. Aspaldi ez nuen horrenbesteko elurrik ikusten glaziar honetan. Oraindik gogoratzen naiz Pique Longuera igo nintzen lehen aldian metro erdiko izotz pitzadura bat topatu genuela glaziarraren erdian, baina oraingo honetan ez genuen pitzadurik topatu.

Glaziarraren lehen metroetan


Bidea oso zapaldua dago


Josu "bidea irekitzen"


Gu igotzen ari ginen orduan mendizale guztiak tontorretik bueltan zetozten eta arraro begiratu gintuenik ere izan zen edota “nora doaz pitzatu hauek?”, pentsatuko luken horietako bat.

Ttirri-ttarra glaziarraren malda gainditzen joan ginen glaziarrak egiten duen lautada antzeko batera ailegatu ginen arte. Honelako lekuetan izugarria da sortzen zaizun txikia izatearen sentsazioa, baina sentsazio guztien gainetik nabarmenena bake sentsazioa da, honelako parajetan arnasten den pakea izugarria baita.

Goian ikusi daiteken lautadatxora ailegatzen.


Malda honetan kontu gutxi...


...beste batzuk argazkietarako posatzen duten bitartean...


Ia-ia lautadatxoan. Eskuinetik ezkerrera: Petit Vignemale, Chausenque bizkarra, Chausenque punta, Pitón Carré eta Pique Longue.


Mendizale asko Petit Vignemalean.


Behin lautadatxo honetan geundela Pitón Carré-runtz desbideratu ginen, motxilak Piton Carré eta Chausenque puntaren arteko lepoan uztea pentsatu genuelarik lehenik Pitón Carré-ra igo eta gero Chausenqueren punta eta honen bizkarra igotzeko.

Josu "lautadatxoan". Eskuinetik ezkerrera: Clot de la Hount, Cerbillona eta Pic Central.


Motxilak utzi genuen lekurarte jarraitu genuen bidea.


Glaziarrak sortzen duen "lautadatxoa" izugarria da. Eskuinetik ezkerrera: Cerbillona, Pic Central eta Montferrat.


Atzera begirada.


Motxilak utzitako lekua, arratsaldeko 14:15ak, 3145 metro. Motxilak utzi genituen lekutik Pitón Carré mendira doan igoerak ez dauka inongo zailtasunik. Zer edo zer esatekotan, duen harriaren kalitate eskasa azpimarratuko nuke. Dena den, Pique Longue-ren ipar aurpegira eta iparralderuntz dituen bistak espektakularrak dira erabat.

Pitón Carré-rako lehen metroetan.


Oulettes de Gauberuntz dauden bistak izugarriak dira.


Behin aristara aterata hau jarraitzea besterik ez da.


Harkaitzak batzuetan dituen formak ikusgarriak dira.


Punta Chausenque atzean...


Pitón Carré, arratsaldeko 14:30ak, 3197 metro. Motxilak utzitako lekutik 15 minututan bere gailurrera igo ginen. “begira hortik doa Gaube korridorea, handik Y-rena, hortik Pique Longueren ipar aurpegiko bia….” hasi nintzaion anaiari. “Ez al dare bi tipo nortea eiten?” galdetu zuen. “Ostras, ba bai, eskistosak deitzen den zatitan dare gainera” erantzun nion.

Pique Longueren ipar aurpegia egiten ari zen eskalatzailetako bat.


Pitón Carré, 3197 metro.


Pique Longueren ipar aurpegia ikusgarria da. Bi eskalatzaileak seinalizatu ditu.


Pitón Carré gailurrean argazkia atera ondoren berriro motxilak utzitako lekura itzuli ginen gaurko bigarren hirumilakoa igotzeo asmoarekin: Chausenque punta. Punta honetarako igoerak ere ez dauka inongo misteriorik. Noizik eta behin eskuaz lagundu behar da, baina beste 10 minutu inguruan bere gailurrera ailegatu ginen (Pitón Carré-tik, 25 minutu).

Pitón Carré-ren gailurra atzean utzita.


Atzera begirada, Pique Longue eta honen ezkerrean Clot de la Hount.


Bi mendi igoko ditugu segidan: Punta Chausenque...


...eta Chausenqueren bizkarra.


Punta Chausenque, arratsaldeko 14:55ak, 3204 metro. Gailur honetan ez genuen denbora askorik pasa eta argazkia atera bezain pronto Chausenqueren bizkarreruntz abiatu ginen kresta zabal eta gozo batetik beste hamar minutu ibili ondoren bere gailurrera ailegatu ginelarik.

Punta Chausenque, 3204 metro.


Chausenqueren bizkarra, arratsaldeko 15:05ak, 3154 metro. Gailurrera ailegatu aurretik Petit Vignemale-ra igotzen ari zela uste zuen mendizale frantses gazte bat topatu genuen. Petit-a non zegoen esan genionean erabat atsekabetuta berriro ere glaziarraruntz abiatu zen.

Chausenqueren bizkarra, 3154 metro.


Eta Chausenque bizkarretik berriro ere motxilak utzitako lekura. Berriro ere motxilak bizkarreratu eta kranpoiak jarri ondoren Pique Longueruntz abiatu ginen, Russell kondearen Gruta Paradisoruntz hain zuzen ere, bertan lo egiteko lekua hartzeko.

Glaziarrean azken metroak egiten. Ezkerrean Russell kondeak egitea agindu zuen lehen hiru grutak ikusi daitezke, parean Clot de la Hount.


Glaziarra bukatzen den lekutik Pique Longue-ra doan igoerak ere ez dauka misterio handirik. Eskuak maiz erabili behar dira batez ere oreka mantentzeko eta kontu handiz igotzeko igoera da, batez ere harriak behera botatzeko duen arriskuagatik. Gainera hito batzuek bidea nondik nora doan markatzen dute.

Glaziarra utzi ondoren hasten den harkaitz igoera.


Gruta Paradiso, arratsaldeko 15:50, 3248 metro. Gorputzari azken esfortzu txiki bat eskatu ondoren, arratsaldeko 15:50tan Gruta Paradisora ailegatu ginen. Gruta honetara ailegatzeko jarraitu beharreko bidea honako hau da: behin Pique Longue-ren gailurrera eramango gaituen krestan eta gailurretik 15-25 metro ingurura gaudenean, gailurrera doan krestatik behera (Vignemaleren glaziarraren norantzan) diagonalean jaisten den bira bat jarraitu behar da. Bira hau jarraituz, 50-75 metroetara Gruta Paradisoaren sarreran dagoen metalezko plaka parez-pare topatuko dugu.

Iker Gruta Paradisoren sarreran


Gruta hau oso ondo dago: Lau metro inguru sakoneran eta bi metro-bi metro t’erdi inguru zabaleran izango ditu. Ez dakit zenbat pertsona sartu daitezke, baina duela hiru urte zortzi mendizalek lo egin genuen bertan. “De puta madre, ez dao inor” esan zuen Ikerrek. “Primeran, ea gaur bakarrik lo eiten deun” esan nion.

Arratsaldeko laurak zirela eta kontutan izanda oraindik ordu batzuk bagenituela eguzkia sartu aurretik Clot de la Hount mendira igotzeko proposamena egin nien: “eta depaso bere orratzak igotzen baditeu?” galdetu nien, “eta ze eramango deu?” esan zidan anaiak. “Nik bi kantinplora eramango nituzke bakarrik, eta badaezpada barritaren bat edo” erantzun nion. “Goazen ba” erabaki zuen Josuk.

Honela, bitan pentsatu gabe, eta biharko etapari mendi batzuk kentzeko asmoarekin Clot de la Hount mendiruntz abiatu ginen, Pique Longue-ra oraindik igo gabe.

Bakarren batek esana zidan Pique Longuetik Clot de la Hount-era doan kresta zatia ez dela makala, honegatik badaezpada kontu handiz joan ginen. Egia esan ez dauka arrisku handirik (guk zati gehienak esku batekin egin genuen beste eskuan kantinplora genuen eta), baina kontu handiarekin ibili beharreko zatia da tarte batzuetan nahiko expuestoa da eta.

Clot de la Hount mendiruntz


Pausu batzuk oso "entretenigarriak" dira. Atzean Pique Longueren gailurra.


Clot de la Hount-era daraman azken zatia. Josuk parez-pare duen tximiniatik igo zen, guk ordea bere ezkerrean dagoenatik gora dagoena hartu genuen.


Clot de la Hount, arratsaldeko 16:20ak, 3289 metro. 20 minutu inguru kresteatu ondoren Clot de la Hount mendiaren gailurrera ailegatu ginen. “Fotografie orratzetatik igotzen garenen aterako deu” esan zuen Ikerrek. Honela, gailurrean apenas gelditu gabe orratzen infernurantz (batzuek esaten duten moduan) abiatu ginen. Aurrera jarraitu baino lehen esan beharra daukat orratza hauetara jaisteko Azkarate eta Mattinen deskribapenak oso baliagarri izan genituela (milesker bioi) nahiz eta GPS-an orratzen track-a eraman (egia esan GPS-aren balioa honelako terrenoetan oso zehatza ez dela ikusi genuen).

Bueno ba, hemen dator gure “infernurako” jaitsiera: Clot de la Hount mendian gaudela mendebalderuntz doan aristaren eskuinetik jaisten hasi ginen gris koloredun harrikara batetik behera.

Orratzen bila joateko lehen metroetan. Argazkian hitoak ikusi daitezke.


Bapatean, behe-behean, deskribapenetan irakurri bezela, harrikararen kolorea gris koloretik marroi ilun kolorera pasatzen da (bertan hito bat dago jarria). Hona ailegatu ginenean, beheruntz begiratu eta azpi-azpian Clot de la Hount-en goiko orratza ikusi genuen. ”Horraino jetsi behar al deu?” esan zuen Josuk, ”horraino ez, beherago, beste orratzaren bila” erantzun nion. ”Ba ni hauntzaino ez nijo, hemen etxoingo dizuet. Zenbat tardauko dezue?”, ”ez dakit, ordu bete edo?” nik, ”oso ondo, geroarte ba” Josuk. Eta harkaitz zabal batean eserita, Josu gure zain gelditu zen bi kantinplorekin.

Harkaitzak kolorea aldatzen duen lekua, Harkaitz marroian hito grisa ikusi daiteke.


Hitoa dagoen lekutik beheraka begirada. Goiko orratza ikusi daiteke.


Harrikara marroi kolorea hartu genuen momentutik behera hasten da infernua. Hemendik harriz jositako ”korridore” batetik behera hasten da jaitsiera. Jaitsiera oso zikina da, ezegonkorra, harriak erabat aske daude eta etengabe botatzen dira behera. Guk zatika jastea erabaki genuen: lehenengo batek metro batzuk egiten zituen harrien erorketetatik babes batera ailegatu arte eta gero bestea atzetik joaten zen babesleku berera (eskaladan luzeka igoko bagina bezela, baina alderantziz). Honela jaitsiera denboraz luze egin genuen, baina behintzat nahiko seguru jaitsi ginen.

Benetako infernuaren lehen metroetan.


Orain Ikerren txanda...


Orain nirea... Behean goiko orratzera igotzeko puntua ikusi daiteke.


Goiko orratzaren igoera hasten den puntura ailegatu ginenean, bapatean harri ”korridoreak” ezkerreruntz desbideratzen da 20-30 metroko malda handiago batean bihurtuz eta goiko orratza eskuinean utziz.

Goiko orratzera igotzeko hartu behar den puntuan. Urdinez, jarraitu behar den bidea.


Iker puntu honetara ailegatzen. Jaitsiera oso kaxkarra da.


Goiko orratzera igotzeko puntutik behera hasten den malda.


Metro hauek destrepatu ondoren, 10-15 metro inguruko soka finko bat topatu genuen iltze batean jarria. Soka hau ikusi genuenean oso kontentu jarri ginen, “behintzat bide onetik goaz” esan nion anaiari. Gainera soka finkoa non zegoela ikusirik beheko orratzara igotzeko egin behar den destrepe desplomatuan beharbada beste bat jarria egongo zela pentsatu genuen.

Soka finkoa dagoen tokia.


Nahiz eta leku oso arriskutsua ez izan badaezpada sokaz lagundurik jaitsi nintzen...


...baita anaia ere...


Soka finkoa utzi eta metro batzuetara harri korridoreak eskuinera hartzen du, lehen aldiz beheko orratzaren gailurra erdi izkutuan ikusten delarik lepo baten atzean. “Benga, lepo horretara igo eta beste aldean dagoen destrepe famatua einda bertan gare” esan nion anaiari.

Iker soka finkoa atzean utzi ondoren.


Orduan lehen aldiz beheko orratza erdi izkutuan ikusi daiteke. Bere ezkerrera ikusi daiteken lepora igo behar da.


lepora igotzen...


Anaia leku berean


Lepora ailegatu eta beheko orratza bere osotasunean ikusi daiteke.


Baina gauzak ez ziren hain erraz izango: lepora ailegatu eta beste aldera pasa ginenean bloke enpotratu famatua dagoen lekura ailegatu ginen. Ez dakit zergatik, beharbada ikusitako pausu honen argazki guztiak mendizale bakartiek aterata zirelako (eta beraz tamainaren erreferentzirik ez nuelako), uste nuen bloke honek metro pare bat izango zituela, baina tamainaz askoz handiagoa da. Ez dakit baina 6-8 metro izango ditu.

Bloke honetik behera, jaisteko norantzan, bere eskuin nahiz ezkerretik jaitsi daiteke (Azkaratek eta Mattinek ezberdin jaitsi zuten). Ni eskuin aldera jo nuen (Mattinek jaisteko erabili zuen pausua) eta anaia ezker aldetik egin zuen saiakera (Azkarate jaitsitako lekua). Nire kasuan, alde batera eta bestera hasi nintzen postura behin eta berriz aldatuz baina ez nuen destrepea batere argi ikusten. Bueltaka nebilela, bapatean anaia behean ikusi nuen: “beste aldea zemuz dao?” galdetu nion, “Buuueeennooo, nahiko kabroia baina kontuz pasatuz geo…” erantzun zidan. “Anaiak pasa badu nik ere pasatuko det” pentsamentuarekin Ikerrek erabilitako jaitsieraruntz abiatu nintzen. Baina pausu honetara ailegatu eta berriro ere postura ezin harturik hasi nintzen “Ezkerretara dezun pitzadura extraplomatura sartu beharren zare, ezkerreko hanka kanpon mantenduta” esan zidan anaiak, “ta eskuk nun jartzen ditut?” galdetu nion, “ba bi eskuekin hortza forma dun alderantzizko presa heldu eta pitzaduran sartu” esan zidan. Bi hiru alditan saiatu ondoren bizkarretik behera izerdi hotz bat jaisten hasi zitzaidan eta 8 metroetako pausua 200 metrotako pareta desplomatua bihurtu zen. Oso momentu txarrak bizi izan nituen eta bihotza ia ahotik atera zitzaidan. Tentsiroik handiena nuen momentuan nire emaztearen irudia eta honekin batera pentsamentu bat etorri zitzaidan burura “ni ez naiz mendi honetan hil behar”.

Bapatean gauzak argi ikusi nituen: gaur ez nuen destrepe hau burutuko. Honela, berriro hasierako puntura bueltatu eta anaiari esan nion: “Gaur ez da nire egune, bildurrez akatzen nao, segi zuk bakarrik”. “Honeaino ailatuta ez zea berriz saiau behar?” galdetu zidan. “Ez, beste batean soka bat ekarri eta rapel bat jarriko det” erantzun nion. ”Konforme, egun horretan ni zurekin hemen izango naiz” esan zidan anaiak. Batzuentzat hitz tontoak izan daitezke, baina anaiak esandako azken esaldi honek erabat unkitu eta lasaitu ninduen. “Bai, hemen izango gea biok punta puta hau igotzeko” pentsatu nuen.

Eskuinetik (jaisteko norantzan) jaisten saiatu ondoren blokearen ezkerretik jaisten saiatzen.


Etsi ondoren. Blokea bere osotasunean ikusi daiteke: argazkiaren ezkerretik Mattin jaitsi zen, eskuinetik aldiz, Azkarate eta Iker.


Clot de la Hount beheko orratza, arratsaldeko 17:25ak, 3043 metro. Tentsio momentu honen ondoren anaia di-da batean igo zen Clot de la Hount-en azpiko orratzera eta nik argazki pare bat atera ondoren beste di-da batean ailegatu zen ni nengoen lekura.

Clot de la Hount beheko orratza, 3043 metro.


Emozioz beteak biok elkar besarkatu ondoren goiko orratzaren bidea hartu genuen jaitsitako leku beretik, goiko orrratzera arratsaldeko 17:50tan ailegatu ginelarik.

Bueltan soka finkoa dagoen lekura ailegatzen.


Clot de la Hount goiko orratza, arratsaldeko 17:50, 3115 metro. Orratz honetara ailegatzeko trepadak ez dauka gauza handirik baina trepada guztiekin pasatzen den bezela, kontuz ibili beharreko lekua da, batez ere harkaitza zenbait puntuetan ez baita oso fidagarria. “Ze ordu deu?” galdetu zidan anaiak. ”ia seiek” esan nion. ”Joer, Josu dagoeneko kezkauta eongo da ordubete baino gehio pasa da eta”. Ostras, horrenbeste tentsioaren ondoren Josurekin ahaztuta nengoen.

Clot de la Hount goiko orratza, 3115 metro.


Iker goiko orratzatik jaisten. Igoerako bidea markatu dut.


Ahal izan genuen azkarren goiko orratzatik jaitsi eta Clot de la Hount gailurreruntz berriro ere abiatu ginen infernutik ihesi. Ordurako egarriz akabatuta geunden eta eztarria harrietatik askatutako hautsez beterik: Txistua irensteak ere min ematen zigun eta barrita bat jateko saiakerarik ere ez genuen egin. Hau gutxi ez bada, Ikerrek igoeran eskuin belaunean urratu galanta egin zuen.

Eta orain jaitsitako guztia igo beharra...


Noizik eta behin paraje paregabean deskantsatuz.


Anaia eskuin belaunean urradura egin ondoren.


Pixkanaka Josu gelditu zen lekura ailegatu ginen bera utzi eta ia bi ordu beranduago eta ikusi gintuenean izugarrizko poza hartu zuen. “Ostia, preokupatzen hasita neon” esan zigun, “hurrengo baten talkik ekartzea ez da txarra izango” esan nion pasatako tentsioaren historia kontatzen hasi nintzelarik.

Clot de la Hount, arratsaldeko 18:25, 3289 metro. Clot de la Hount mendiaren gailurrean argazkia atera ondoren kontu handiz arratsaldeko 18:30tan gure “hoteleruntz” itzuli ginen. Bertan, dagoeneko lasaituta, lehenik Ikerri belauneko urraduraren sendaketa egin eta gero afaria prestatzen hasi ginen Pique Longue-n gailurretik ilunabarra ikusi nahi genuen eta.

Clot de la Hount, 3289 metro.


Grutan bueltan egarria hasetu nahian


Gure hoteleko bistak


Anaiari belaunean paperezko puntuak jartzen...


...afaria prestatzen...


...eta afaltzeko prest.


Merezitako ogitartekoa eta makarroiak afaldu ondoren Josuk zakuan gelditzea erabaki zuen, baina anaia eta biok Pique Longue-runtz abiatu ginen eguneko azken hirumilakoa igo eta hemendik gozatzen den ilunabarraz gozatu asmoz.

Pique Longue, arratsaldeko 20:55ak, 3298 metro. Tontorren ia ordu bete izan ginen argazkiak atera eta atera, berriro ere pakea arnastuz eta erabat unkituta.

Pique Longue, 3298 metro.


Gaube aristaruntz bistak, egunen batean...


Erdiko aristan, Pitón Carré, Punta Chausenque, bere bizkarra eta Petit Vigemale. Ezkerrean Oulettes de Gaube eta eskuinean Ossue glaziarra.


Anaia Clot de la Hount eta bere orratzei agur esaten.


Ossue glaziarruntz argazkia. Eskuinetik ezkerrera: Clot de la Hount, Cerbillona, Pic Central eta Montferrat.


Ikuskizunaren hasieran...


Ezin dira hitzik esan...


Tripodearen faltan...


Midi d'Ossau, Frondellak...


...eta eskuinerago Balaitus...


Izugarria benetan...


Eguzkiak bihar arte esan zigun momentuan ”hotelera” itzuli ginen Josuren zurrungekin borrokatzera. “Ze ordutan jarriko deu alarma?” esan zidan anaiak, “igual dio, seguru goiz esnauko geala” erantzun nion. Honela, belarrietan tapoiak jarri eta lo zakuetan sartu ondoren pixkanaka lo gelditu ginen, zoriontasun osoarekin anaia, sentsazio gazi-gozoarekin ni. Gau horretan ametsetan makina bat aldiz jaisten saiatuko nintzen bloke “madarikatu” hori...

Ondo lo egin...



Bigarren zatiaren erreportaia hemen irakurri daiteke.


4 iruzkin:

  1. Izugarria, izugarria benetan. Bejondeizuela, zelako esperientzia ederra. Aguja ttippi hura Mattinek igo zuen, txarto oroitzen ez badut. Zelako amildegiak inguru horretan... Agian hurrengo urtean igoko dut Vignemale.

    ErantzunEzabatu
  2. Milesker jefoce,
    Esperientzia bai da izugarria, xarma berezi bat dauka Vignemalek. Igotzen duzunean, errepikatuko duzu, ziur.

    ErantzunEzabatu
  3. Un reportaje impresionante smithy, esas cimas tienen algo especial.
    Además es que lo habéis hecho desde abajo, se nota de donde sois... je je je je

    ErantzunEzabatu
  4. Milesker Andua,
    es verdad que estas cimas producen mucha atracción. Seguro que volveremos.

    ErantzunEzabatu