AZKEN 10 SARRERAK

2011/06/16

CAUARÈRE (2902 m) eta CULFREDA mendiak. CULFREDA-BATOUA edo Ipar Mendebaldeko CULFREDA (3034 m), Erdialdeko CULFREDA (3028 m) eta Ipar Ekialdeko CULFREDA (3032 m), 2011/06/11

Neguko denboraldia ia amaitutzat emanda, neguko materiala gorde eta udako denboraldia prestatzen hasi ginen ekainaren hasieran. Eguraldia dela eta ezin izan genuen ekainaren lehen asteburuan Piriniotara joan, baina bigarren astebururako eguraldi ona iragarrita ikusirik, udari begira lehen testa egitera pentsatu genuen gure indarren eta sentsazioen egoera ikusteko asmoz. Gainera, apiriletik ez genien Pirinioei bisita egiten eta gogotsu geunden.

Lehen test honetarako Culfreda mendiak igotzea erabaki genuen. Giden arabera 9 eta 10 orduetako ibilbidea izango genuen aurretik eta printzipioz, teknikoki ez dira konplikatuak. Dena den, zenbait deskribapenetan beraien arteko aristak elurra duenean konplikatua izan daitekela irakurri genuen.

GURE BIDEA

Culfreda mendiak Bachimala mendien iparraldean gelditzen diren hiru hirumilako dira. Ikusiko genuenez, ez dira mendi oso bisitatuak inguru honetara hurbiltzen diren mendizale gehienak Bachimala mendietara joaten baitira.

Mendi hauetara igotzeko irteera punturako Tabernes aterpea aukeratu genuen. Aterpe honetara ailegatzeko San Juan de Plan herritik Biados aterpera doan pista hartu behar da. Camping-a atzean utzi ondoren eta Biados aterpera ailegatu aurretik eskuinera bihurgune itxi bat dago. Bihurgune honetatik beste pista bat hasten da zuzen jarraituz gero. Bihurgunean ere egurrezko poste bat dago "Refugio de Viadós" markatzen duena zuzen irteten den pista hau ez jarraitzeko. Zuzen irteten den pista hau jarraituz gero, kilometro pare bat egin ondoren Tabernes aterpera ailegatuko gara. Pistak zulo eta koxka asko dauzka, baina mantxo joanez gero aterpera ailegatzeko zailtasun berezirik ez dauka.Guztira, San Juan herritik Tabernes aterpera 11 kilometro inguru egongo dira.

Honaino ailegatzeko guretzat biderik motzena Frantziatik etortzea da Bielsako tunela gurutzatuz.

Frantzia zeharkatzen. Euri eta zaparraden artean joan ginen denbora osoan.


Bielsako tunelaren sarreran semaforoa berdea jartzeko zai. Hemen eguraldia ez zen hobea.


San Juan de Plan herritik Tabernesera doan pistan ere eguraldia kaxkarra topatu genuen.


Azkenean lau ordu t'erditik gora kotxean ibili ondoren, gaueko 22:00etan Tabernes aterpera ailegatu ginen.


Tabernes aterpea, 1740 metro.


Culfreda mendiak Tabernes aterpetik.


Tabernes aterpeak bi gela dauzka: Gela handi batean egurrezko mahai luze bat eta bankuak daude. Bertan hiru koltxoi ere topatu genituen. Gidetan jartzen duenez, bertan 20 pertsona sartu daitezke. Hiru koltxoi daudenez, komeni da badaezpada esterillak eramatea.

Tabernes aterpeko gela handian lo egiteko trasteak ateratzen.


Tabernes aterpeko bigarren gela txikiagoa da. Bertan tximinia handi bat eta mahai baju bat dago. Su egiteko egurra ere bertan topatu genuen eta bitan pentsatu gabe, sua piztu genuen.

Sua pizten. Hasieran sua piztea kosta zitzaigun, baina...


... azkenean su majoa piztu genuen.


Ez dakit suak zer daukan, baina liluragarria da...


... eta bere lilurak suak iraun zuen denboran hartu gintuen.


Afaldu eta suaren epelean egon ondoren, 23:00 aldera zakuetara joan ginen. Esnatzeko ordua? Goizeko 4:30ak.


ERAMANDAKO MATERIALA

Zenbat elur eta aristaren egoera nolakoa izango zen ez genekienez, honako materiala eraman genuen: Piolet eta kranpoiak, arnesak, 30 metroetako soka fin bat, dozena erdi bat baga eta hiru expres luze.

DESKRIBAPENA

5:35, Tabernes aterpea, 1740 metro. Kostata jeiki eta kostata gosaldu ondoren, aterpetik irten ginen kotxean behar ez genituen trasteak uztea.

Goizeko bostak, Tabernes aterpean gosaltzen.


"Joerr hau da izoztea bota duena!!!!" Ikerrek. Kotxea erabat izoztua topatu genuen baita inguruko belar guztia ere.


Dena ilun zegoenez, Ikerrek GPS-a piztu (non gelditu dira mapak eta brujulak) eta pixkanaka "Puerto de la Madera"ra eramango gintuen bidegurutzeruntz abiatu ginen. Bidea PR HU-114 bidea da eta oso ongi dago markatua. Bideak hasiera batean ipar mendebalderuntz doa. Tabernes aterpetik 200 metro ingurura Zinqueta errekaren gainean dagoen zubia zeharkatu ondoren, bidea pinudi batean sartzen da.

Pinudia zeharkatzen, oraindik gauez.


Bidea gozo-gozoa da eta denbora luzean errekaren ondotik doa.


Momentu batean haran zabal batera ailegatuko gara. Aran honetan Puerto de Madera portura igotzeko bidegurutzea topatuko dugu.

Puerto de la Madera portura joateko bidegurutzea dagoen haranean.


6:05, Puerto de la Maderara joateko bidegurutzea, 1800 metro inguru. Ur tragoxka bat edan ondoren, Puerto de Maderaruntz hartu genuen.

Puerto de la Maderara doan bidegurutzean.


Hemendik aurrera, eta oraindik PR HU-114-a jarraituz, bideak mendebalderuntz hartzen du, pinudi batetik gora.

Bidegurutzea atzean utzi ondoren, pinudian sartzen.


Hemendik gora malda handiagotzen da eta hanketan somatu genuen.


Pinudiak eskeintzen duen zabalune batean. Eskuinean Culfreda mendiak ikusi daitezke.


Pinudia amaitzen denean, belardi gozo batekin topo egingo dugu.

Pinuditik ateratzen, atzean Culfreda mendiak.


Bidea oso ongi dago markatua.


Aurrean ditugun arkaitzekin atzean dugun Posets Espadas kresterioa imitatu nahian.


Iker atzean Bachimala kresterioa uzten.


...eta Josu eta Leku aurretik Culfreda mendiak aurretik ditugula. Puerto de la Madera eta honen eskuinean eta gainetik dagoen Puerto de Cavalera edo Cauarère ikusi daitezeke.


Noizik eta behin belarra desagertzen da harriak azaltzen direlarik.


Momentu batean PR HU-114a eskuinean utzi eta arkaitz baten gainean Puerto de la Madera idatzita zegoela eta berak markatzen zuen bidea zuzenagoa zela ikusirik, hemendik jarraitzea erabaki genuen.

PR-a utzi genuen puntuan, arkaitzean Puerto de la Madera irakurri daiteke.


Maldan gora atzean Posets dugula.


Josu atzean Bachimala eta Posets dituela.


Bi anai.


Indarrez ondo geundela ikusirik, zuzenean Cabalera portura jotzea erabaki genuen Puerto de la Maderatik pasa gabe.

Iker Puerto Cabalera-ra ateratzen azpian Puerto de la Madera duela.


8:00, Puerto Cabalera edo Puerto de Cauarère, 2555 metro. Argazkiren bat atera eta zerbait edan ondoren gure hurrengo helbururuntz abiatu ginen: Punta Cabalera edo Pic de Cauarère. Honetarako berriro ere iparralderuntz abiatu ginen arista zabal bat jarraituz.

Frantziaruntz panoa Cauarère portutik.


Cauarère portua atzean utzita. Nahiz eta eguzkia atera, hotz handia topatu genuen. Atzean, Millarioux mendia.


Cauarère mendia, gure hurrengo helburua. Lekuk emandako pausuen azpian izotza ikusi daiteke.


Eskuinetik ezkerrera, Eristek, Forquetak, Espadas, Posets eta Bachimalako mendi guztiak.


Cauarère mendira igotzeko azken maldaren aurretik atseden txiki bat hartu genuen.


Leku eguzkiaren kontra.


Honela, atseden baten ondoren Cauarèreruntz abiatu ginen.


Nahiz eta arista garbi ikusi, bidea arista eskuinera utzita doa, igoera "gozogoa" eginez.


Cauarére mendira igotzeko aristatik egingo ditugun metro gutxietatik gora.


Dagoeneko arista utzita...


Esanda bezela, hotza handia topatu genuen.


Bidea oso ongi dago markatua eta non nahi hitoak ere ikusi daitezke.


Cauarère mendiko gailurra markatzen duen hitora ailegatzen.


9:10, Pic de Cauarére, 2902 metro. Ia gailurrean gelditu gabe, aurreruntz jarraitzea erabaki genuen.

Iker eta Josu Pic de Cauarère mendiaren gailurrean, 2902 metro. Atzean Culfreda mendiak eta hauen aristaren amaieran Lustou mendia ere ikusi daiteke.


Pic de Cauaréretik aurrera arista jarraitzea besterik ez da Culfreda mendietaraino. Aristak hasieran ez dauka inongo misteriorik Culfreden aurretik dagoen bigarren mailako gailur baterarte.

Pic de Cauaréretik behera. Hasiera batean Culfreda mendien (altuena argazkian) aurrean dagoen bigarren mailako gailurrera iritsi behar da arista erraz batetik.


Bigarren mailako gailurrera ailegatu aurretik topatu genuen elur zatira ailegatzen.


Elurretan sartuta. Nahiko gogorra topatu genuen, baina marka sakon bat zuenez ez genituen kranpoirik jarri.


Elur zatiaren azken metroetan. Marka sakona zegoela ikusi daiteke.


Atzera begirada. Pic de Cauarére ikusi daiteke eta honen arista jarraituz, azpian Millarioux mendia.


Bigarren mailako gailurretik aurrera, arista hestutu egiten da interesgarriagoa bihurtzen delarik.


Aristaren zati interesgarri batean. Bukaeran bi Culfreda ikusi daitezke eta hauen aurretik itzalpean bigarren mailako beste gailur bat.


Culfreden aurretik dagoen bigarren mailako gailurra aristatik gora igo daiteke baina pausuak III mailatik gora joan daitezke. Pausu hauek ekiditeko, hegoaldera pasa beharra daukagu hitoak eta bide bat jarraituz.

Josu hegoaldera pasatzen aristaren pausu zailenak ekidinez.


Iker eta Josu hegoaldetik doan pasabidean.


Pasabidea oso nabarmena da, baina kontuz ibili behar da momentu batean ezkerreruntz hartu behar baita trepadatxo erraz batetik bigarren mailako gailurraren bila.

Josu pasabidean. Gutxi gora behera bera dagoen lekuan ezkerrera hartu beharko litzateke.


Konturatu gabe, ezkerrera abiatzen den trepadatxoa utzi eta aurrera jarraitu genuen, maldatsua zen elur zati batekin topo egin genuen arte. "Ta orain zer?" Josuk, "Trackak esaten du hemendio dela", Ikerrek. "Eta ez al da errezago arkaitzetatik gora abitzea? Gainera pausu errezak direla dirudi" nik.

Ikerrek eta biok GPSari begira ea track-a nondik doan ikusten.


Hamar minutu erabaki bat hartu gabe egon eta gero, Josuk eta Ikerrek elurretik aurrera jotzea erabaki zuten eta Leku eta biok arkaitzetik gora egin genuen. Gerora, guk hartutako erabakia errazagoa izan zela konturatuko ginen.

Josuk elur zatia pasa ondoren. Iker prestatzen eta ni arkaitzetara joateko prest. Dagoeneko Leku arkaitzetan gora zen.


Ni arkaitzetan zehar pausu errezenaren bila. Azkenean II mailako plaka batetik gora atera nintzen aristara.


Aristara ateratzen.


Aristara ateratakoan ikusiko genuenez, elurrez garbia zegoen eta metroak erraz egin genituen. Josu eta Ikerrek elurra azpitik ekiditen egin zuten pasabidea eta azkenean trepadatxo nekagarri bat gaindituz irten ziren aristara.

Aristatik atzera begirada. Josu eta Iker pasabidea egiten ikusi daitezke. Jaisterakoan arista jarraitu genuen bukaeraino bukatzen den puntuan hasiera batean hartu beharreko trepadatxo errezatik bera joko genuelarik.


Lehenengo Culfredaren bila. Atzean dagoeneko Josu eta Iker aristan. Atzean Cauarère mendia.


Culfreda-Batoua edo Ipar Mendebaldeko Culfredaren azken metroetan...


...baita Leku ere.


Iker gailurrera eramango duen azken elur zatian...


...eta gailurreko azken metroetan. Ikusmira izugarria da, eskuinean Lustou mendia ikusi daiteke.


10:00, Culfreda-Batoua edo Ipar Mendebaldeko Culfreda mendia, 3034 metro. Iker ailegatu zenean, motxilak kendu eta bertako gailurrean uztea erabaki genuen pisurik gabe beste bi Culfredak igotzeko asmoarekin. "Gero, bueltakon gailur argazkiak aterako ditugu" esan nien. Honela, ia atsedenik hartu gabe, beste bi Culfredatara abiatu ginen zuzen-zuzen.

10:15, Erdialdeko Culfreda, 3028 metro. Gelditu gabe, aurreruntz jarraitu genuen.

Iker Ipar mendebaldeko Culfreda atzean duela.


Bitartean Josu eta biok Erdialdeko Culfredaren bila.


Erdialdeko Culfredaren azken metroetan.


Atzera begirada. Iker Erdialdeko Culfredaren gailurrean. Atzean Ipar mendebaldeko Culfreda.


Josu Ipar Ekialdeko Culfredara eramango duen azken metroetan.


10:20, Ipar Ekialdeko Culfreda, 3032 metro. "Ze ona!!!!!" oihukatu nion Josuri gailurrera ailegatu nintzenean. "Uste baino gehiago kostatu zaizkit" Josuk, "Nei ere bai, batez ere hauspoa" Ikerrek. "Ba nik nahiko ondo igo ditut, ba" Lekuk.

Ipar Ekialdeko Culfreda, 3032 metro.


Emoziak ezin eutsi geundela, argazkiak atera eta atera aritu ginen gailur honetan.

Josu eta biok Ipar Ekialdeko Culfredaren gailurrean. Atzean ezkerrean Lustou mendia ikusi daiteke.


Josu Ipar Ekialdeko Culfredaren gailurrean. Hemendik Lustou mendira doan arista garbi ikusi daiteke.


Iker Ipar Ekialdeko Culfredaren gailurrean. Ikusmira latza da.


Eristeak, Forquetak, Espadas, Posets, Bachimala eta bere hirumilakoak... Ipar Ekialdeko Culfredatik.


Posets handia eta honen eskuinean Jean Arlaud korridorea ikusi daiteke. Beharbada datorren neguan...


Ibilitako guztia desegin ondoren, berriro beste bi Culfredetara itzuli ginen.

Erdialdeko Culfreda, 3028 metro. Atzean Ipar Mendebaldekoa ikusi daiteke.


Erdialdeko Culfredatik behera.


... eta azkenik, Ipar Mendebaldeko Culfreda, 3034 metro.


11:15, Ipar Mendebaldeko Culfreda, 3034 metro. Azken gailur honetan (goizeko lehen hirumilakoa) ordu erdiz atseden hartu, ederki jan eta edan ondoren, batez ere haranetatik gora zihoazen hodeiak ikusirik, itzulerako bideari ekin genion.

Ipar Mendebaldeko Culfredara eraman gintuen elur zatia atzean utzi ondoren.


Lehen esan bezela, arista bere amaierarte jarraitu genuen hemendik behera bere ezkerretik trepatxo erraz batetik behera jaisteko.

Trepatxoaren amaieran.


Trepadatxo hau jaistek ez dauka inongo arazorik eta eskuak noiz behinka jartzen dira.


Josu trepatxoaren ondoren goizean hegoaldera hartu dugun pasabidean.


Aristaren punturik zailenak ekiditen.


Zailtasun guztiak amaituta, berriro Cauarère mendiaren bila.


11:50, Pic de Cauarère, 2902 metro. Gailur argazkia atera ondoren beherako bidea hartu genuen ia gelditu gabe.

Pic de Cauarère, 2902 metro.


Pic de Cauarère menditik behera, gure hurrengo helburua Puerto de la Madera.


Aristaren azken metroetan...


...azken elurrak zapaltzen...


...eta igarotzen.


Dagoeneko zailtasun guztiak atzean utzita arinago jaitsi ginen.


12:25, Puerto de Cauarère, 2555 metro. Hemen argazki pare bat ateratzeko ia denborarik gabe beheruntz abiatu ginen Puerto de la Madera-ren bila.

Posets, Bachimala eta konpainia dagoeneko hodei artean Puerto de Cauarère-tik.


12:30, Puerto de la Madera, 2525 metro. Hemen ere argazki pare bat atera eta ur tragoxka baten ondoren beherunzko bidea hartu genuen.

Puerto de la Madera-ra ailegatzen.


Leku eta biok Puerto de la Maderan


Leku atzean Posets duela.


Harrikara atzean utzi ondoren, berriro ere zelai gozoetan. Atzean Culfredak.


Dagoeneko Zinqueta ibaiaren ondoan...


...goizean ia ikustezin ziren markak agerian ditugula.


Paraje hauek izugarriak dira benetan.


Goizean lehenik pasa dugun pinudira eramango gaituen zubian...


...eta azkenik pinudian, kotxetik eta aterpetik gertu.


14:00, Tabernes aterpea, 1740 metro. Zortzi ordu t'erdiko ibilbidearen ondoren, uste baino lehenago, baita uste baino nekatuago ere, berriro ere Tabernes aterpera ailegatu ginen, oso nekatuta baina era berean oso zoriontsu.

Iker eta Leku Tabernes aterpera itzuliko gaituen azken metroetan.


Tabernes aterpea, atzean Culfredak hodeiak estalirik.


Denbora luzean zelaian etzanda, jan eta edaten izan ondoren, kotxea hartu eta berriro, mantxo-mantxo etxera itzuli ginen.

Puen del Camallon, Zinqueta errekaren indarra nabaritu daiteke.


Eristeak, hodeiak erdi estalita, Tabernes pista hartzen den bidegurutzetik.


Berriro ere Bielsako tunelera ailegatzen. Ezkerrean ur jauzia ikusi daiteke.


Ur jauzia gertuago. Leku hau neguan izugarria izan beharra dauka.


PROFILA




6 iruzkin:

  1. Jooooder kuñao! Kriston ona dana!!!
    Irakurtzekin bakarrik nekau ein naiz. Ah! Argazkik kristonak.

    ErantzunEzabatu
  2. Erreportai zoragarria motel! eta lekuari buruz...uff..

    Bloga politta geratu zaizu azken remodelazioagaz, zorixonak! ta segi gogor!

    ErantzunEzabatu
  3. Milesker Txapis,
    askotan pentsatzen det zu bezelako artista ondon izango banu, ordun bai kristoneko fotografik.

    ErantzunEzabatu
  4. Milesker giroa,

    ea gaur mendiak-en jartzen dudan. Blogaren aldaketarekin, ba, ezkonduta gaudenoi pasatzen zaigun bezela, koloreak emazteak aukeratu ditu, je, je, je.

    ErantzunEzabatu
  5. beste behin haundie!
    Haritz

    ErantzunEzabatu
  6. Milesker artista!!!!

    Haritz, egoten gaitukenean esango diat zeintzuk diren gure udako planak apuntatzeik nahi badek. Ondo izan!!!

    ErantzunEzabatu