Besiberrietatik etorri eta hurrengo bi asteetan lanean aritu ondoren, azkenean hainbeste desiraturiko opor astea ailegatu zen. Urte honetarako bi helburu ezarri genituen: Posets aldetik eta Bachimala aldetik igotzear genituen hirumilakoak igotzea. Bi helburu hauek bete ahal izateko, sei egunetako plangintza egin genuen denbora osoan bi aterpe oinarrizko kanpamentu bezela izango genituelarik: Viadós eta Angel Orús. Azkenean, eta hemendik aurrera idatziko ditudan deskribapenenetan azalduko dudan bezela, gure plan teorikoari aldaketatxo batzuk egin genizkion, bukaerako plana honela gelditu zelarik:
- Lehen eguna: Viadós – Forquetak – Ángel Orús.
- Bigarren eguna: Ángel Orús – Bardamina – Pico de la Paúl – Pico inferior de la Paúl – Ángel Orús.
- Hirugarren eguna: Ángel Orús – Tuca Forau de la Neu - Espadas Posets kresterioa – Diente de Llardana – Ángel Orús.
- Laugarren eguna edo "atseden eguna": Ángel Orús – Viadós.
- Bosgarren eguna: Viadós – Pico Veteranos – Pico Gemelos – Viadós.
- Seigarren eguna: Viadós – Bachimala kresterioa – Viadós edo Tabernés aterpea.
Azkenean seigarren egun hau Ikerren egoskorkeri (nolabait eta ahalik eta egokien esateagatik) bategatik bertan behera gelditu eta bosgarren egunean etxera bueltatu ginen. Esan beharra daukat erabaki hau hartzeak min handia egin zidala, baina bizitzak batzuetan honelako kolpeak ematen ditu. Kolpe honetatik ikasitakoa etorkizunean praktikan jartzea besterik ez daukat, honelako egoera batean berriro ez murgiltzeko.
Ibilitako bost egunetatik (Bachimalako eguna alde batera utzita) egin daiteken irakurketa oso positiboa da: ezagutu gabeko parajetan ibili ginen (nahiz eta Ikerrek ihaz Posets eta Diente de Llardana igota izan eta mendi hauetara Ángel Orús aterpetik doan bide normala ezagutu), tentsio pixkat ere pasa genuen (Bardamina kresterioan batez ere), Posets mendi handiaren gailurrera ailegatzean ere gure emozio momentua izan genuen eta aspaldian ez ginen Piriniotan fisikoki hain fin ibiltzen. Honelako sentsazio onekin ibiltzeak lan erdia egiten du.
Lehen egun honen deskribapenera itzuliz, egun hau gure plan teorikotik aldatu genuen horietako bat izan zela esan beharra daukat. Hasiera batean, egun honetan Veteranos eta Gemelos mendiak igo nahi genituen, Gemelos menditik Carrivé Bretxara jaitsi eta Posets mendira igotzeko. Posets mendiaren ondoren, Diente de Llardana igo eta Ángel Orús aterpean amaituko genuen. Baina plan hau bertan behera gelditu zen ostiralean Biados aterpera ailegatu eta izugarrizko zaparrada bota zuenean. Hau gutxi ez balitz, larunbat goizean zerua erabat estalita topatu genuen, eta kresteatzen eta Carrivé bretxatik behera destrepatzen ibiltzeko egunik egokiena ez zela erabaki ondoren B plan honetara pasa ginen.
GURE BIDEA
Forqueta mendiak bi hirumilako bi mendik osatzen dute: La Forqueta, 3011 metroetakoa eta Hego Ekialdeko Forqueta, 3008 metroetakoa. Ez dakit mendi bisitatutak izango diren hala ez baina Eriste lepotik duten gertutasuna eta beraien gailurretatik dituzten bistak kontutan izanda, merezi du mendi hauetara hurbiltzea.
Bi mendi hauetara igotzeko beraien gailurretara doan bide normala jarraitzea erabaki genuen, hau da, Eriste lepotik gora doan bidea.
DESKRIBAPENA
05:50, Biados aterpea, 1760 metro. Goizean goiz jeiki ondoren, kotxetik lau egunetarako behar genuen guztia (ez baikinen Viadós aterpera itzuliko lau egun barrurarte) hartu eta martxan jarri ginen.
Iker trasteak prestatzen.
Ángel Orús aterpera doan bideak ez dauka inongo galerarik, GR-11.2 bidea jarraitzea besterik ez da. Honetarako, GR-11 bidea jarraitu behar da 15 minutu inguru bidegurutze batera ailegatu arte. Bertan bi indikazio panel topatuko ditugu: Batak, GR-11 bidea jarraituz Chistau portura eta Estós aterpera eramango gaitu besteak beste. Beste indikazio posteak aldiz, Eriste lepora eta Ángel Orús aterpera eramango gaitu beste bideen artean GR-11.2 bidea jarraituz.
Chistau portura eramango gaituen indikazio panela.
Guk jarraitu beharreko indikazio panela.
Eriste lepora eramango gaituen bidea hartu eta berehala Zinqueta d’Anes Cruzes erreka zeharkatzen duen egurrezko zubi bat pasako dugu.
Iker zubia zeharkatzen.
Hemendik aurrera bidea pinu artean doa, baina galtzeko arrisku handirik ez dauka (GR markez josia baitago) egurrezko zubia igaro eta 5 minutu ingurura bigarren indikazio panel bat topatuko dugularik.
Bigarren indikazio panela.
Hemendik aurrera bidea Ribereta amildegian gora doa zelai eta pinu artean, bidea oso atsegina egiten delarik.
Iker pinu eta zelai artean.
Datu kurioso bezela, bidean zehar egurrezko bi banku topatuko ditugu.
Iker pasako dugun lehen egurrezko bankuan.
Kotxetik atera eta ordu t’erdi ingurura, indikazio poste berri batera ailegatu ginen. Indikazio poste honek hasieran zertxobait nahastu gintuen, Ibón de Millas-era doan bidea bakarrik markatzen baitu. "Ibón de Millas aldera jo beharra deu?" galdetu nion anaiari. Ikerrek GPS-a atera eta bidea hau jarraituz ongi gindoazela ikusi ondoren, aurrera jarraitu genuen.
Iker zertxobait moskeatu gintuen indikazio postean.
Poste honen ondoren bideak behera hartzen du erreka bat zeharkatu arte. Erreka zeharkatu ondoren bideak berriro ere maldan gora doa pinudi batean zehar.
Iker erreka gurutzatu ondoren. Nondik etorri garen adierazi dut.
Berriro ere pinudian gora. Harrian jartzen duenez, oraingoz ongi goaz.
Behin pinudia amaitzen denean, zelai batera ailegatuko gara, malda berriro ere lasaitu eta bidea atseginagoa egiten delarik.
Iker pinudiaren amaieran.
Aurretik duguna, hodei artean Eristeak nabaritu daitezke. Argazkiaren erdian Eriste lepora igo aurretik igo beharreko lehen lepoa ikusi daiteke.
Hauek ere, gu bezela, goiztiar dabiltza. Paraje hauetan ibili ginen egun guztietan Sarrioak ikusi genituen.
08:00, Millas ibonera joateko bidegurutzea, 2140 metro inguru. Pinudia amaitu eta 20 minutu ingurura beste indikazio poste batera ailegatuko gara. Indikazio poste hau dagoen bide gurutzean bi aukera ditugu: Millas eta Lenes ibonetara doan bidea hartzea edo Eriste lepora eta Ángel Orús aterpera doan bidea hartzea. Guk, nola ez, bigarren aukera hartu genuen.
Iker indikazio postera ailegatzen.
Indikazio postea
Hemendik aurrera Eriste leporaino malda erabat gogortuko da gure hauspo eta iztarren kalterako. Igoerak bi zatitan banatzen da bi zatien artean lepo bat eta lautadatxo bat dagoelarik.
Lehen zatiko maldaren lehen metroetan, indikazio postea non dagoen eta jarraitutako bidea markatu ditut.
Bi malden arteko lepora ailegatu ginenean bertan atseden hartzea erabaki genuen. Gure oporren lehen eguna zela ikusirik, ez genuen leher eginda ailegatu nahi Ángel Orús aterpera eta eguna oso lasai hartu nahi genuen.
Iker atseden hartzen... eta hotza pasatzen. Haizea fin zebilen altuera honetan.
Atseden hartu ondoren berriro ere gorako bidean, lehen lepoan dagoen lautadatxora ailegatzen.
Lehen lepo honen lautadatxoan beste bidegurutze bat topatuko dugu: ezkerraldera (ekialdera) hartuz gero, Eriste lepora joango gara GR-11.2 markak jarraituz, eskuin aldera (hegoaldera) hartuz gero aldiz, Sahún portuko lepora joango garelarik. Bigarren lepo honetatik pasa ginen Eristeak igo genituenean.
Lautadatxoan Eriste lepora doan bidegurutzea hartu aurretik.
Bigarren malda hau ere ez da xamurra, gainera harrikara batetik gora doa, hala ere bidea ez da hain nazkagarria igotzeko. "Piano, piano" esan nion anaiari, "ez pentsa asuntoa egur handia emateko daunik, gainera tripak ez doaz oso ondo" anaiak.
Iker bigarrengo maldan gora. Lepotik gora jarraitutako bidea markatu dut. Ikusten denez, GR-11.2 ibilbidea jarraitu genuen denbora osoan.
Eriste leporaino duguna…
…eta gutxi gora behera jarraitu genuen bidea.
Esan bezela, nahiz eta harrikara handia izan, bidea “gozoa” egiten da.
09:20, Eriste lepoa, 2864 metro. Azkenean kotxetik atera eta hiru ordu t’erdira, poliki-poliki eta hestuasun handirik gabe Eriste lepora ailegatu ginen, bertan izugarrizko haizeteak hartu gintuelarik.
Eriste lepora ailegatzen.
Iker atzetik.
Eriste lepoa iparralderuntz. Trepada honetatik gora Espadas-Posets kresterioa hasten da kresterio hau hasiera-hasieratik egin nahi bada.
Iker GPSaren datuak jasotzen.
Lepora ailegatu eta guk hegoalderuntz hartu genuen bi Forqueten bila. Bidea metro batzuetan egin ondoren motxilak haizearen babesean zegoen harkaitz zuri baten ondoan utzi genituen. Bertan, ura edan, barritaren bat jan eta haize eta hotzagatik babesteko arropa jantzi ondoren 9:35tan Forqueten gailurreruntz abiatu ginen.
Eriste lepotik gora jarraitutako bidea gutxi gora behera. Argazkia abuztuak 9an aterata da.
Bidea hitoen bidez oso ongi dago markatua, hasieran aristaren eskuinetik, baina batez ere aristaren ezkerretik joaten delarik. Bidea jarraituz bi Forqueten artean dagoen lepora ailegatuko gara. Guk bertaraino makilen laguntzarekin igo ginen aristak ez baitauka zailtasun handirik.
Aristaren ezkerrera pasatzeko lekua atzean utzi ondoren.
Atzera begirada, Eriste lepoa behean gelditzen da. Dirudienez, gaur ez dugu Espadas-Posets kresterio osoa ikusiko.
09:50, bi Forqueten arteko lepoa, 2990 metro inguru. Ia konturatu gabe lepo honetara ailegatu ginen. Bertan makilak utzi eta aurreruntz joatea erabaki genuen. Guk lepoan eskuineruntz jo genuen La Forqueta mendiaren gailurraren bila (bietatik gertuena gelditzen da).
Iker lepotik gora abiatzeko asmoarekin.
09:53, La Forqueta, 3011 metro. Lepotik abiatu eta hiru minutuetan arista erraz batetik gora egin ondoren La Forqueta mendiaren gailurrera ailegatu ginen. "Uste baino lehenago ailegatu gea" Ikerrek, "ba bai, nik ere uste nun denbora gehio pasako genula" nik.
Eristeak La Forqueta mendiaren gailurretik.
La Forqueta, 3011 metro.
Ba ez, gaur ez dugu Posets mendia ikusiko.
Argazki batzuk atera ondoren berriro bi Forqueten arteko lepora ailegatu ginen arista jarraituz Hego Ekialdeko Forquetara igotzeko. Hego Ekialdeko Forqueta honetara doan aristak ere ez dauka zailtasun handirik baina La Forqueta mendira doan aristarekin alderatuz expuesto xamarra da, beraz, nahiz eta erraza izan, kontu handiz ibili beharreko arista.
Iker Hego Ekialdeko Forquetara eramango gaituen aristan zehar lau argazkietan: bat…
…bi…
…hiru…
…eta lau.
10:03, Hego Ekialdeko Forqueta, 3008 metro. Aristaz gozatu ondoren, biok gailurrera ailegatu ginen.
Iker Hego Ekialdeko Forquetaren gailurrean.
Orain nire txanda bost argazkietan: bat…
…bi…
…hiru…
…lau…
…eta bost.
Hego Ekialdeko Forqueta, 3008 metro. Atzean Eristeak.
Argazki batzuk atera ondoren, berriro bi Forqueten arteko lepora itzuli ginen makilak berreskuratu eta Eriste lepora jaisteko.
Makilak hartu ondoren, Eriste leporako bidean.
10:30 Eriste lepoa, 2864 metro. Motxilak berreskuratu, zertxobait jan, edan eta atsedentxo bat hartu ondoren, 10:45tan beherunzko bidea hartu genuen. Oraingo honetan ekialdeko norantza hartu genuen gure hurrengo helburuaren bila: Ibón de Llardaneta.
Eriste lepora ailegatzen.
Atzera begirada Eriste lepoa utzi ondoren.
Eriste lepoan behera. Gutxi gora behera jarraitu genuen bidea markatu dut.
Dagoeneko Ibón de Llardaneta bistan. Hemendik aurrera jarraitu beharreko bidea markatu dut.
11:05, Ibón de Llardaneta, 2670 metro. Inongo eragozpenik gabe vivac-ak egiteko lekuz josia dagoen Llardaneta ibonera ailegatu ginen. GR-11.2 bideak ibón hau bere ezkerretik (iparraldetik) zeharkatzen du Ángel Orús aterpera ailegatzeko.
Iker ibón de Llardanetara ailegatzen.
Llardaneta ibona zeharkatzen, atzean bi Forquetak eta Eriste lepoa ikusi daitezke.
Haizearen eraginez bertan zegoen olatuen mugimentua handia zen, hauen hotsak itsasoaren olatuak gogorazi zigutelarik.
Iker Llardaneta ibona zeharkatu ondoren.
Ibonetik behera bideak ez dauka inongo zailtasunik, oso zapaldua baitago. Hasiera batean, Torrent de Llardaneta errekatxoaren ezkerraldetik jarraituko dugu, elurraren eta beharbada uraren indarrez erabat tolestaturiko zubi baten laguntzarekin errekatxo hau zeharkatuko dugularik.
Ibonetik behera jarraitu beharreko bidea
Hodei formakuntza arraroak (edo OVNIak, zeinek daki) ikusteko aukera ere izan genuen.
Torrent de Llardaneta errekatxoa zeharkatzeko erabiliko dugun metalezko zubi okerrean.
Hasiera batean ez du konfidantza handirik ematen, baina nahiko sendo dagoela dirudi.
Zubia zeharkatu ondoren ere bidea jarraitzea oso erraza da.
11:45, Eriste eta la Pllana lepoetara joateko bidegurutzean dagoen indikazio postea, 2350 metro inguru. Bertan gelditu gabe, beherunzko bidea jarraitu genuen.
Eriste eta la Pllana lepoetara joateko bidegurutzean dagoen indikazio postea.
Indikazio poste hau atzean utzi ondoren, eta beharbada aterpearen usainari jarraituz, ia konturatu gabe Ángel Orús aterpera ailegatu ginen.
12:10, Ángel Orús aterpea, 2115 metro. Bertara ailegatu eta sukaldea 14:00etan irekitzen zutela ikusita, ordurarte itxaron eta fundamentuzko plater konbinatua hartu genuen, proteinak berreskuratu behar diren aitzakiarekin.
Azkenean!!!!! Iker Ángel Orús aterpera ailegatzen.
Ángel Orús aterpea orain arte zapaldu dudan aterperik eder eta erosoena da. Arratsaldeko 14:00etatik 15:30ak arte bazkariak ematen dituztee (beraz, bertan bazkaldu nahi bada komeni da ordu hau baino lehen ailegatzea), gosariak goizeko 6:00tan banatzen hasten dira eta afariak 20:00etatik atzera. 95 mendizaleentzako tokia dauka eta gela bakoitzak bere komun, iturri eta dutxa dauzka ur beroarekin. Sarreran botak eta motxilak utzi behar dira honetarako egokitutako takila batzuetan (ez dute giltzarik) eta sarreran bertan tamaina ezberdinetako sandaliak daude jartzeko. Hemen ere komunak eta iturri bat daude. Logelak ez dituzte arratsaldeko 15:00ak arte irekitzen eta goizeko 8:30tan aterpera ixten dute garbiketa lanak egiteko.
Eguneko bazkaria. Hurrengo egunetan argazki bera errepikatuko genuen.
Ángel Orús aterpea, aterpe izugarria benetan.
PROFILA
AZKEN 10 SARRERAK
Harpidetu honetara:
Argitaratu iruzkinak (Atom)
egunero beidatzen nin ea idatzi huan eo!
ErantzunEzabatueleante berriz ere!
Onena Ikerren flipao aurpegia!
Espadasekoan zain!
Eutsi goiari,
G+H
Aupa artistas!!!!!
ErantzunEzabatuEspadasekoak pixkat itxoin beharko du. Ea gaur Bardaminakoa jartzen dudan.
Ondo izan, pareja!!!!!